Ahal dela, libre eta alai

Bego Montorio Uribarren

Kaka putza, sarerako konexioa ez dabil!

Lanari ekin behar, eta konexiorik ez; kontu larria itzultzaile batentzat, inola ere.

Enegarrenez egin du proba: ordenagailua amatatu, entxufe guztiak atera, minutu bat itxaron, atzera ere entxufeak sartu, trastea piztu berriro eta… ezer ere ez. Kaka zaharra! Internet zerbitzuko enpresakoekin hitz egin beharko du.

‑ Ederra kalbarioa! ‑entzungailu automatiko bati hitz egin, itxaron, gauza bera behin eta berriro errepikatu makinari, eta, halako batean, lortuko du ulertu-edo egingo dion pertsona batekin zuzenean berba egitea‑. Horixe bakarrik behar zuen orain. Pentsatze hutsak atzerakada ematen dio, alabaina, behar-beharrezkoa du konexioa. Arnasa hartu, eta matxuren saileko telefono zenbakia markatu du.

Kontsulta euskaraz egin nahi baduzu, sakatu bat, esan dio ahots grabatu batek, eta hala egin du gure itzultzaile txintxoak; suerte apur batekin, operadore guztiak ez dira okupatuta egongo, bestela, berriro deitu beharko du, ea “bi” sakatuta kasu egiten dioten. Deformazio profesionala zer den, mezutxoa normal esanda dagoela ohartu da, euskaraz eta euskarazko doinuaz. Gero eta ohikoagoa, ala oraindik ere salbuespena? bere buruari galdetzeko denborarik gabe sakatu behar izan ditu beste hiruzpalau tekla, eta, azkenean, grabatu gabeko ahots batek hitz egin dio.

Gaztea da, eta buruz ikasitako agur esaldi kalko-oker-ortopediko batzuk esan dizkio; grabatutako mezua baino mila aldiz artifizialagoa da Dabid, Mikel edo dena delako hori. Berriro hartu du arnasa sakon gure itzultzaile sufrituak, eta Iban Zalduari noizbait irakurritakoa etorri zaio gogora. “…uste dut hasi behar genukeela alaitasun osoz literatura egiten”.

‑ Literatura bakarrik?, ekar dezagun alaitasuna konexio-matxuraren inguruko elkarrizketetara ere ‑pentsatu du, eta alaitasun osoz euskaraz hitz egiteko deliberoa hartuta, buru barneko “zuzenketa” modua desaktibatu du.

Erraz joan da handik aurrerakoa; halako menura sartu, hango pestaña hura klikatu, aldatu beste laukitxo hartakoa… Hizkuntza kontu guztiak ahaztuak ditu ordurako gure itzultzaileak, enpresak buruz ikasarazitako lelokeriak bazter utzita berez ari baita orain teknikaria, normal, alaitasunez ez bada, askatasunez; eta goizeko bigarren esaldi lapurtua gogoratu du orduan tradutoreak, Le Canard enchainé aldizkariko izenburuaren azpian agertzen den hori: La liberté de la presse ne s’use que si l’on ne s’en sert pas.

La liberté ne s’use que si l’on ne s’en sert pas, laburtu du buruan, eta otu zaio hizkuntzak ere askatasunaren antzekoak direla, erabili ezean baino ez direla higatzen.

Konponduta dago arazoa, berreskuratu du konexioa, heldu da lanean hasteko unea. Frantsesezko l’on ne s’en sert pas hots segida horrek sortzen dion oihartzun bitxia belarrian eta user aditzaren ordezko egokiena hondatu ote den (gastatu? alferrik galdu?…) buruan bueltaka, postan itzulgai berriren bat sartu ote zaion begiratzen hasi da.

___________________________

P.S.: Bolada baterako, hau duzue nire azken artikulua, bada-eta sasoia lekukoa beste bati pasatzeko. Mila esker txoko hau posible egiten duzuen guztioi, eta hamaika mila esker gehiago egunero-egunero lan isil bezain ezinbestekoan ari zareten kudeatzaileoi. Adiorik ez.

2 Replies to “Ahal dela, libre eta alai”

  1. Eskerrik asko, Bego, zure hitz guziengatik!
    Gaurko eder hauengatik ere bai. Niri gogora ekarri didazu Atxagak gure artean noizbait ere famatu zuen hura: “hizkuntza, xaboia ez bezala…”. Bilatu dut aipamen hori Interneten, eta idazlearen blogeraino ailegatu naiz. Irakurri dudanez, aipua ez omen da berea (aitzinxeago ikusiko duzue); idazle marokoar batengandik jaso omen zuen. Gogoan nituen hitzak txertaturik daude, ezin hobeki, hain zuzen ere euskal itzultzaileez eta itzulpenaren (itzulpen onaren) alde eginiko sarrera batean; merezi du irakurtzea (http://www.atxaga.org/es/testuak-textos/andimaren-liburu-bat-eskuan): “…Ez baitago beste sekreturik hizkuntza hazi eta lanabes on bihurtu dadin: praktika, erabilpena. Abdetfattah Kilitok dioena kontuan hartuta diot hori. ‘Hizkuntza -dio Casablancako unibertsitate irakasleak- xaboiaren kontrakoa da: zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta xahutuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago’.
    Marokoarrari frantsesez aditu/irakurri ote zion esaldia? “S’user” ote zegoen Atxagak “urrituago eta xahutuago” euskaratu digunaren azpian? Hori izan ote liteke bilatzen ari zaren ordaina?

    Atsegin dut

    1. Mila esker zuri, Bego, bi urte luze hauetan blogeratu dituzun gogoeta, proposamen eta ikuspuntu mamitsu guztiengatik!

      Atsegin dut

Utzi iruzkina