Ondorio, gihar-min eta kurbatura

Fernando Rey Escalera

Bada hitz bat euskaraz asko gustatzen zaidana nahiz eta ez dagoen inon jasoa (oraindik): ez Euskaltzaindiaren Hiztegian, ez Orotarikoan, ez inon (nik dakidala). Igantziko lagun bati aditu nion, eta, berehala, ttak, buruko disko gogorrean sartu nuen, aspaldi bainenbilen bila. Harrezkeroztik erabiltzen dut, lagun igantziar hori gogoan.

“Ondorio” da, baina adiera espezifiko batean: gaztelaniazko agujeta edo frantsesezko courbature adierazteko.

Agujeta edo courbature giharretako min berezi bat da, ziztada modura sentitzen dena, teknikoki DOMS deitua (Delayed Onset Muscle Soroness), hots, “berandu hasitako edo agertutako gihar-mina”. Ohi ez bezalako ariketa edo ohi baino gogorragoko ariketa egin eta handik 12-48 ordura agertzen da, muskulu-zuntzen mikrohausturek sortua. Hori da, behinik behin, gaur egungo teoria. Nik medikuntza ikasi nuen garaian, beste azalpen bat ematen zitzaion: azido laktikozko mikrokristalak sortzen omen ziren, orratz ttiki batzuk, eta horregatik sentitzen omen genituen ziztadak. Mikrolesio horiek egokitzapen prozesu natural baten ondorio dira. Arrazoia edozein dela ere, ederki dakigu ez dela batere larria: berez desagertzen dira 3-7 egunean. Azukre-urak ez ditu sendatzen. Hidratazioa eta atseden aktiboa dira sendabide hoberena.

Nire lagun igantziarraren etxean honela erabiltzen dute: “Aspaldiko partez atzo mendira joan nintzen, eta gaur ondorioa izterretan”. “Baratzean makurtua denbora luzean ibili, eta gaur ondorioak gerrian”.

“Ondorio” hitza, berez, inespezifiko samarra izaten ahal da, bai, baina ez dute modu inespezifikoan erabiltzen. Beste adiera bat da, berariaz horretarako erabilia. Horregatik iruditzen zait hiztegian agertzeko modukoa dela. Agertuko ahal da inoiz! Nolanahi ere, adiera horrekin ere, sekula aditu ez duenak ongi ulertuko du testuinguruak lagundurik.

Xabier Olarrak gogorarazi dit gure lankide Juan Pedro Etxegarai lesakarrak “orratzak” esaten zuela, baina, han eta hemen bilaketa eginik, ez dut inon halakorik aurkitu, eta, beraz, duda gelditzen zait jende gehiagok erabiltzen ote duen horrela edo berak egindako itzulpena zen.

Jakina, egin dut nire ikerketatxoa ere. Eta ikusi dut zer dioten gure hiztegiek. Hau da panorama:

Elhuyar
agujeta
2  s.f. (pl.) (gihar-)min
anteayer anduve corriendo y todavía tengo agujetas: herenegun korrika egin nuen eta oraindik ere hanketan mina daukat
Zehazki
agujetas fpl gogordura(k).
Labayru
agujeta
2 s.f.pl. Dolor muscular
giharretako min, giharra-/gihar-min.
Ayer hice demasiados ejercicios abdominales y hoy tengo agujetas por todo el cuerpo: Atzo ariketa abdominal lar egin nebazan eta gaur giharretako mina daukat gorputz osoan. (bizk)
Nola erran
courbature
nom féminin
gogordura – gogordüra (ZU) – gihar min
plein de courbatures 
gogorduraz estalia– gogordüraz beterik (ZU

Galdetu diot nire fisioterapeutari, Ihitz Iriart zuberotar iruñeartuari, on-ona eta arduratsua baita fisioterapian zein euskaran, eta garbi esan dit “kurbaturak” erabiltzen dutela bere etxean (eta Zuberoan), frantsesetik hartutako mailegua, alegia. Gogordüra eta gihar-min ere hor daudela, baina berak, gaur egun, “abusetak” esaten duela.

Bergarako Udalak plazaratutako testu bat ere aurkitu dut, gaia aipatzen duena:

2005-2006 ikasturtia. 1. unidade didaktikuaren eranskin berezixa: heziketa fisikuaren eta kirolaren inguruko lexikua, esamoldiak, hiztegixak…

Giharmina/ gihar ziztadak: abuxetak, gogordurak.

Orotariko Euskal Hiztegian, “ondorio” sarreran ez dago bildua adiera hori. “Gogordura” hitzean, berriz, hauxe dago:

gogordura (L, R-uzt; Urt IV 476, Dv) Ref.: A; Lh.
Entumecimiento. “Endurecimiento, entorpecimiento de miembros” A. “Courbature” Lh.
Oi, harrigarrizko gogordura! Oi, sepharen gaixtoa! Dv LEd 232. Hunat misionest heldu denak ez du zeren zangoetan gogordurarik ukhan. Prop 1888, 142. Azken horiek beraz hola [lurrean berean] moxten zuten ardia, ez baitzuten gerruntze gogordurez axolatzerik. Larre Artzain E 58.

Hori da, bada, panorama.

Besterik gabe, burura etorri zait ongi dagoela mailegu horiek onartzea (ez daude jasota Euskaltzaindiaren Hiztegian), baina hori bezain garrantzitsua dela euskaldunen ahotan bizirik dauden beste adiera horiek ere jasotzea. Hiztunak, gero, hantxe izanen ditu aukera horiek guztiak, egokiena iruditzen zaiona erabiltzeko, testuingurua zein den.

Begi-bistakoa da, bestalde, aberastasun lexikal handia dagoela oraindik biltzeko. Nik nire koadernotxoarekin jarraitzen dut hitz-ehizan, eta, ahal dudan neurrian, konpartitzen saiatzen naiz. Hemen idatzirik gelditzeak atea irekitzen du, segur aski, halako hitzek noizbait ere hiztegietara egin dezaten salto.

Juan Pedrorenak (II): eskaini

Fernando Rey Escalera

Blog honetan egin nuen azken artikuluari “Juan Pedrorenak” izenburuari jarri nion, Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaren ohoretan, hark erakutsitakoetatik tiraka sailtxo bat egiteko asmotan.

Aurrekoan esan nuenez, Juan Pedrok gauza asko erakutsi zizkidan, eta oso gogoan ditut berak niri eta beste batzuei esandakoak. Azken bi hilabeteotan, gainera, buruan bueltaka dabilzkit kalko okerrak, horri buruzko ikastarotxo bat eskatu baitidate. Nahi gabe ere, oharkabean, kalko okerrei buruzko gogoeta etengabean ari naiz egun hauetan, adibide-ehizan, eta horrekin batera etorri zait blog honetarako enkargua.

Horregatik erabaki dut “eskaini” aditzaren kalko okerra hartzea hizpide.

Kalko oker horren kontrako borrokan, oroimenak huts egiten ez badit, Mikel Taberna lankidea ere aritzen zen. Uste dut Mikeli ere aditu niola noizbait ere horri buruzko zerbait.

Esaten zidan Jonek: Zergatik erraten ditek “hitzaldi bat eskaini zuela”? Galdetu zian hasieran hizlariak jendeak aditu nahi ote zuen? Ez. Ez zian deus eskaini. Eman egin zian hitzaldia.

Joan zen mendean Joni hori aditu nion arte behin ere erreparatu gabe nengoen. Baina arrazoi zuen, jakina. Eta begi-bistakoa da gaztelaniatik hartutako kalko okerra dela, gaztelania ustez dotorean aski normala baita esatea norbaitek “ofreció una charla”.

Kalkoak arrakasta izan du, eta berehalaxe aurkitu ditut halako adibideak:

Rich Bakerrek Master Industrialekolehen mailako ikasleentzat ponentzia bat eskaini zuen, “Makinen Diseinu, Kalkulu eta Egiaztapena” enbor ikasgaiaren barne. (Mondragon Unibertsitatea)

Tumaker enpresak hitzaldi bat eskaini zien Industriako Fabrikazio Gehigarriko Masterreko ikasleei. (Mondragon Unibertsitatea)

Larrazabalgo hitzaldia, baita Larrazabalgo otordua izenez ere ezaguna, 1893ko ekainaren 3an Sabin Arana Goirik garai hartan Bilbotik hurbil zegoen Begoñako Larrazabal baserri-txakolindegian eskaini zuen hitzaldi bat izan zen. (Wikipedia)

Biziolak lehen aldiz hitzaldi bat eskaini zuen atzo Aiora Zabalaren “Natura Gure Esku” liburuaren aurkezpenarekin. (Goierri irrati telebista)

Maiatzaren 10ean Silvia Federicik hitzaldi bat eskaini zuen museoan. (erran.eus)

Motorrak berotzen joateko, gaur goizean adineko pertsonei zuzenduriko hitzaldi bat eskaini dute osasun zentroko kideek zinean. (Alegiako Udala)

Uribarri guneko Magala espazio pedagogikoak hitzaldi berri bat eskaini zuen aurreko ostegun arratsaldean. (Modraberri)

Irailaren 26an, Zumarragan, adinkeriari buruzko hitzaldi bat eskaini zen, Zumarragako Adineko Pertsonen Astearen egitarauaren barruan (irailaren 25etik urriaren 1era ospatuko da). (euskadi.eus)

James Randi magoak, eszeptizismoaren eta zabalkundearen arloko aditu ospetsuetako batek, Labpsico bisitatu eta hitzaldi bat eskaini du Deustun. (Deustuko Unibertsitatea)

Hernaniko alkateak Hernani Burujabe proiektuaren inguruko hitzaldi bat eskaini du EHUko udako ikastaroetan. (Hernaniko Udala)

Orkestrako zuzendari orokorra den Iñigo Alberdik hitzaldi bat eskaini du “Fórum Europa. Tribuna Euskadi”. (Euskadiko Orkestra. Basque National Orchestra)

Eskarne Lopetegi Zalakain filologoak INGURA euskara on line ikas-plataformari buruzko hitzaldi bat eskaini du euskara irakasteko 2025-2026 ikastaroaren irekieran. (Euskarabidea. Nafarroako Gobernua)

Patricia Viscarret mendizaleak hitzaldi bat eskaini du Karakorum mendiari buruz. (NUP)

…Carmen Muñoz Regueras Ramon Bajo ikastetxe publikoko maistra, hitzaldi bat eskaini zuena. Parte hartu zuten ere Haizea Domingo Bilbao eta Rakel Gamito Gómez ikasleek… (Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkaria)

Itzultzaile neuronalak ere kalko oker hori zabaltzen laguntzen ari dira, Adimen Artifizialak dituen arriskuen erakusgarri. Begiratu besterik ez dago “El profesor universitario ofreció una charla a 30 alumnos de ingeniería” esaldia nola ematen duten.

Itzultzaile neuronala:
Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri

Elia:
Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri

Traslator (Google):
Unibertsitateko irakasleak 30 ingeniaritza ikasleri hitzaldia eman zien

Corpusetan begiratuz gero ere, asko dira halako adibideak. Txikikeria da, jakina, baina halako ale asko sartzen ari zaizkigu euskaran, eta, obsesiorik gabe ere, aurre egin beharko diegu. Ederki dakigu kalko batzuk egokiak direla eta tokia izanen dutela noizbait ere gure hizkuntzan. Beste batzuk, aldiz, ez dira ez egokiak ez beharrezkoak. Euskara kalko okerrez betetzen ari zaigu egoera diglosikoaren ondorioz. Oreka zailean egin beharko dugu aurrera: auzo-erdaren ekarpenak onartu eta integratu, baina haien mendeko bihurtu gabe.

EIMAren Kalko Okerrak liburuan ez dut aurkitu kalko honi buruzko aipamenik. Eta artikulu hau bukatzen ari nintzela, azken bilaketa egin, eta hara, ustekabea, EBEk bai, jaso du. Ez dakit noiz sartu zuten, baina honela dio Euskara Batuaren Eskuliburuak:

eskaini
Erdararen kalkoz —es: ofrecer, fr: offrir—, ez dagokion adiera ematen zaio batzuetan. Egoki da esatea ardoa eskaini, bertso bat eskaini, laguntza eskaini…; baina prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eskaini eta gisakoak ez dira egokiak (> prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eman, egin, jo…).

Juan Pedrorenak: zeharkatu

Fernando Rey Escalera

Azkenaldi honetan maiz oroitzen ari naiz Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaz, afektuz oroitu ere, ezin ahantzizko arrastoa utzi baitzidan zenbait gauzatan. Juan Pedro, beste lankide batzuekin batera, sekulako eskola izan zen niretzat, behin eta berriz hurbiltzen baininduen euskara bizira, gaur egun arnasgune deitzen diren herrietako euskarara. Deus ere eta inor ere jainkotzeko tentaziotik urrun, iruditzen zait horrek baduela bere garrantzia, erdararen presentzia estugarriak gure euskara pobretzeko arriskua baitakarkigu askotan.

Tira, Juan Pedrok ―Jonek― beste gauza batzuk ere eman zizkidan, baina horiek gure arteko historia pertsonalaren altxortxoan gordeko ditut. Juan Pedroren ekarpenei dagokienez, gure blog honek muin duen gaiari lotuko natzaio. Gauza (bitxi) asko ditut gordeak, idatziak ―han-hemenka aditutako gauzak apuntatu zalea izan naiz beti―, eta hura, hori jakinda, dexentetan niregana hurbildu, eta esaten zidan: “Fernando, apuntazak, aittu zer aditu nion Lesakan lehengoan xahar bati”. Halaxe, ba, koaderno batean hark esandako gauza franko ditut bilduak: lexikoa, esamolde bat edo beste… Egunen batean, beharbada, haiek bildu, eta fundamentu pixka bat eginen dut bilduma gisara nonbait uzteko.

Haietako bati buruz hitz eginen dut gaur, eta, segur aski, halako beste batzuk argitaratuko ditut blog honetan pixkanaka.

Zeharkatu aditzaren erabilera da horietako bat. Ohartua zen Juan Pedro zein bitxia egiten zitzaien berari eta bere herriko zahar batzuei aditz horren erabilera.

“Errepideak zeharkatu? Zergatik diote zeharkatu gurutzatu esan nahi badute?” Gure lagunaren buruan zeharka joatea edo zeharkatzea ez zen inola ere zuzen joatea beste aldera pasatzeko. Zeharka definitzean, garbi uzten du hori Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere.

Ohartua zen, besterik gabe, automatismo bat zabaltzen ari zela, kalko moduko zerbait, gaztelaniaren eraginez. “Tienes que cruzar la carretera” esateko, “Errepidea gurutzatu behar duzu” da normalena, eta halaxe esaten du jende gehienak, baina aski da “Tienes que atravesar la carretera” esan edo itzuli beharra “Errepidea zeharkatu behar duzu” aditzeko edo ikusteko, nahiz eta gauza bera esan nahi dugun.

Eta automatismoa zenbateraino dagoen sartua ikusteko, aski da Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoan proba egitea, bereizketa hori egiten baitu.

Arrazoi pixka bat bazuen Juan Pedrok, noski. Egia da biak ala biak direla zilegi, nola ez, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian zeharkatu aditzak badakarrela beste adiera hori ere, gurutzatu aditzarena, baina esanguratsua iruditzen zait ohartzeko zeinen erraz jotzen dugun gaztelaniak markatutako bidetik.

Zuzentzaile lanean ari naizenetan, behin baino gehiagotan erreparatu diot horri, baina ez naiz ausartzen hori zuzentzera, zorrozkeria izanen bailitzateke. Gehienez ere, batzuetan, konfiantza handia badut, gure lagunaren iritzia kontatzen diot testuaren egileari, iradokizun gisa.

Nik bai, aintzat hartzen dut gomendioa, haren ohorez edo, ongi jakinik ere ezin dela handik inongo araurik atera.

Musika euskal-nafarra eta postedizioa

Fernando Rey Escalera

Otsailaren 9an, igandearekin, Iruñeko Gayarre antzokira joan nintzen La Pamplonesak eman behar zuen kontzertu batera.

Sarreran orri bana eman ziguten, kontzertuaren programa zehazten zuena beste zenbait daturekin batera. Orria elebidun, behar den bezala. Kasu honetan, alde batetik gaztelaniaz eta bestetik euskaraz: duin, letra tamaina berarekin, espazio berdina emanez bi hizkuntzei. Eta, nire ohiturari jarraikiz, euskarazkoa irakurri nuen lehenbizi, nahiz eta jakin nire deformazio profesionalak zuzentzaile-lana egitera naramala maiz.

Testua euskara on samarrean egonagatik, begi-kolpea sentitu nuen berehalaxe, lehenbiziko paragrafoan hauxe irakurri bainuen:

La Pamplonesaren helburuetako bat egungo musika hedatzea da. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak musika euskal-nafarra sustatzen du.

Harri eta zur gelditu nintzen, ezin sinetsiz, eta, askotan bezala, pentsatu nuen berriz: “beharrik badakidan gaztelaniaz; bestela…”. Eta buelta eman nion orriari, nire susmoa betetzen ote zen jakin nahian.

Eta asmatu. Bai, “música vasco-navarra”. Honela zioen testuak:

Entre los objetivos de La Pamplonesa está la divulgación de la música actual. Por su parte, la Asociación de Compositores Musikagileak promociona la música vasco-navarra.

Harrigarria. Ederki dakit “vasco-navarro” adjektibo konposatua egon badagoela eta zenbait elkartek halako izena eman diotela beren buruari. Oso ongi. Baina, halakoetan, errealitate kulturalari kasu eginez, eta irakurketa politiko oro bazter utzirik, “Euskal Herriko” erabili izan da. Horren erakusgarri argia da COAVN: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro / Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala. Iruditzen zait itzultzaileok hala jokatu izan dugula, “vasco-navarro” horren gaineko iritzia edozein delarik ere.

Euskal-nafarra hori munstro txiki bat iruditzen zait, ikuspuntu askotatik gaizki sortua.

Baina nolatan agertu zen ditxosozko adjektibo hori txukun antzean zegoen itzulpen horretan?

Etxera ailegatu, eta intuizioak itzultzaile automatikoetara eraman ninduen.

Honela egiten dute esaldia gaur egungo itzultzaile automatiko neuronal erabilienetako batzuek:

Itzuli itzultzaile neuronala:
La Pamplonesaren helburuen artean, gaur egungo musikaren dibulgazioa dago. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak euskal-nafar musika sustatzen du.
Elia:
La Pamplonesaren helburuen artean dago gaur egungo musika zabaltzea. Bestalde, Musikagileak Musikagileen Elkarteak Euskal Herriko musika sustatzen du.
Googleren traslator:
La Pamplonesaren helburuen artean musika garaikidearen zabalkundea dago. Musikagileak Konpositoreen Elkarteak bere aldetik euskal-nafar musika sustatzen du.

Hiru horietatik bik “euskal-nafarra”. Adierazgarria.

Berretsi zen, bada, nire errezeloa. Itzultzaile automatiko batek egin zuen itzulpena, eta itzultzaileak edo testuaz arduratu zenak, segur aski, ez zion behar bezalako errepasoa egin itzulpenari, ez zuen behar bezain zorrotz zuzendu testua. Postedizio lana esaten diogu gaur egun, ezta?

Luze hitz egin genezake orain itzultzaile neuronalez, haien alde on eta txarrez. Nik orain, ur sakonetan sartu gabe, lau hitz esanen ditut: iruditzen zait zilegi dela erabiltzea, errazten ahal digutela lana, gero eta hobeki funtzionatzen dutela, eta ez dugula zertan lotsatu haietaz baliatzeagatik, baina, jakina, halakoren bat erabiliz gero, zorrotz, oso zorrotz, zuzendu behar dugu gero. Ez da aski axaleko zuzenketa bat, oso ongi zaindu behar dugu ez dadila egon kalko desegokiz tantotua. Haiek erabili ondoko presakako zuzenketa arrisku handikoa izan daiteke baldin eta euskarazko testu ona egitea baldin bada helburua. Euskarazko hitzez mozorrotutako erdal testu bat sortzen ahal dugu, euskarazko senik gabeko lexikoa, sintaxia edo bestelako alderdiak dituena.

Egiteko nahia?

Fernando Rey Escalera

Aspaldi ohartu nintzen ikaragarri zabaltzen ari dela “egiteko nahia” egitura, eta susmoa izan dut beti itzulpen akats bat dela funtsean, kalko oker bat, baina, egiari men, ez nengoen eta ez nago erabat ziur.

Lehengo egunean Berria egunkariaren bertsio digitalean “Muinari heltzeko nahirik ez” izenburuko artikulu eder bat irakurrita, duda beste behin piztu, eta kontua ikertzea bururatu zitzaidan.

Nik dakidala, “nahi izan” aditz modalak partizipioarekin eratzen ditu esaldiak.

Joan nahi dut, egin nahi nuke…

Eta aditz laguntzailerik gabeko esaldietan ere halaxe egiten dela ikusi dut beti, eta halaxe erabiltzen da nire inguru hurbilean.

Ulertzekoa da nork bere etxea eduki nahia.
Lehenbailehen bukatu nahi horrek hondatu zuen lana.
Zerbait aportatu nahian esan zuen esan zuena.
Xentimorik eman nahi eza da problemaren muina.

Euskaltzaindiaren Hiztegiak aski garbi uzten du kontua, honelaxe baitio:

Nahi
2. iz.
(Partizipio burutuaren eskuinean).
Ik. bizinahiesanahigaizkinahi…
Mundu hau utzi nahia sartu zitzaion buruan. / Gurasoei agertu zien neskatxa harekin ezkondu nahia. / Bake itxurak gorde nahia, bakerik ez zen lekuan.

Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, berretsi egin zait iritzia, adibide guztiak horrelakoak baitira.

Nahi
 (Precedido de part.). v. EGIN-NAHI, bizinahi, gozanahi, ikasnahi, ikusnahi, hil-nahi, ITO-NAHI, jakin-nahi… Cf. las construcciones del tipo -tu nahia ‘deseoso de (…)’:
Bekaturako bidea utzi nahiak. / Gurasoei agertu zien neskatxa harekin ezkondu nahia. / Mundu hau utzi nahia sartu zitzaion gogoan. / Bakarka hitz egin nahi agertu zion. / Baina nik ere zerbait egin nahia neukan.

Aspaldi honetan, ordea, gero eta gehiagotan ikusten dira bestelako adibideak. Sarean bilaketa eginda, mordoxka bat aurkitzen ahal dugu, baina irudipena dut itzulpenak direla gehienak, gure auzo-erdaretatik egindako itzulpenak izan edo buru-prozesuan behintzat erdaratik abiatutako egitura. Izan ere, uste dut “el deseo de…”, “la voluntad de…” dagoela hor atzean.

Esan bezala, adibideak ez dira hain gutxi, baina denak berri-berriak, hau da, azkeneko bi hamarkadetakoak.

Hona hemen haietako batzuk:

Jakin aldizkaria
Toki egokia topatzeko nahia eta egunak emango duenaren urduritasuna gorpuztuta, inurrien joan eta etorriak azkartu dira.
Ederra da Nerea Ibarzabal eta Mariñe Arbeorekin batera osatzen duten sormen talde horren dinamismo eta ekiteko nahia.
Noticias de Gipuzkoa
Pasaian euskaraz bizitzeko nahia duen jendea edota euskaraz bizitzeko bide horretan ahalegina egiten ari den jendea biltzeko ekitaldia prestatu dute herriko hainbat eragilek datorren iganderako Donibanen.
Tolosaldeko Ataria
Atez atekoa kentzeko nahia berretsi du Itziar Jauregik.
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
Partzelen konfigurazioa aldatzeko nahia dute.
Berria egunkaria
Gauza asko kontatzeko nahia dago, baina, azkenean, ez egoeretan ez pertsonaietan sakontzeko astirik hartu gabe.
NOAUA astekaria
Proiektuak formatu klasikoetatik urruntzeko nahia.
Gasteizko Udala
Funtsezkoa da gorputza eta mugak lantzea, baita maitasun-adierazpenak emateko eta jasotzeko nahia ere.
Naiz egunkari digitala
Ia daturik ez zeukan istorio bitxi hark piztu zuen gehiago ikertzeko nahia.
Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala
Nafarroan, toki-ogasunen erosotasuna eta zerga biltzea bermatzeko nahia dela-eta, justiziaren printzipio hura desagertu egiten da, eta erosleak ordaintzen du zerga.
Deia
Guraso askok herrian gelditzeko nahia adierazi ziguten eta horretarako eraikin berria beharrezkoa genuen.
Ereduzko Prosan eta Egungo Testuen Corpusean ere begiratu dut, eta “partizipioa + nahia” da egitura erabiliena, baina azken urteetan badira bestelako adibideak ere, gehienak Berriako artikuluak eta, lehenago esan bezala, azken bi hamarkadetakoak.
Literaturakoak oso gutxi dira: Felipe Juaristiren adibide pare bat (Airezko emakumeak). Adibide bana dute Josu Zabaletak (Irudia), Esteban Antxustegik (Herritarra) eta Julen Gabiriak (Peter Pan).

Agerikoa den bezala, mota guztietako argitalpenetan hedatzen ari da egitura ustez berri hori. Euskaraz ederki moldatzen diren eskuek idatziak dira testu horiek. Hizkuntzak aldatuz doaz, jakina. Ez naiz ni inor joera berriak kondenatzeko. Besterik gabe, errezeloa piztu zait horren atzean ez ote dagoen beharrezkoa ez den kalko bat.

Eskertuko nituzke iritziak, baita, jakina, nire ustea kolokan jartzen ahal dutenak ere.

Arrainen hexurrak eta arantza bifidoa

Fernando Rey Escalera

Oso gogoan dut noiz ikasi nuen, lankide bati adituta, arrainek hezurrak dituztela (hexurrak), eta ez arantzak, eta arantza esatea erdaratik heldu zaigun kalko oker bat dela, gaztelaniak espina baitu horretarako. Bihoakio besarkada bat hainbeste erakutsi zidan lankide horri, nahiz eta segur aski ez duen hau irakurriko, osasunez aski pattal baitabil orain. Berriki gogoratu nuen hark kontatutako beste kalko bat, beste alderakoa, bioi grazia handia egiten ziguna: bere semeari, gaztelaniaz, “hoy para comer tenemos pez” aditu zion noizbait, mutikoak ez baitzekien euskaraz arraina erabiltzen badugu ere gaztelaniaz hitz bikotea dugula, adiera zein den: pez edo pescado. Esan dezadan, bidenabar, arrainki (arraiki) hitza bizirik dugula euskaraz jatekoaz ari garela, platerekoaz ari garela. Halaxe aditu diet nik zenbait nafarri.

Bai, arrainek, gainerako ornodunek bezala, hezurdura dute, hau da, hezurrak, eta halaxe azaltzen digu Euskaltzaindiak bere hiztegian, eta garbi uzten du arantza beste zerbait dela:

hezur
1 iz. Ornodunen hezurdura osatzen duten atal gogor eta zurrunetako bakoitza. Ugaztunen, hegaztien, arrainen eta narrastien hezurrak.
3 iz. Arrainen bizkarrezurra. Bisigu baten hezurrean irristatu eta erori da.
arantza
1 iz. Landare batzuetan sortzen diren ziri zorrotzetako bakoitza. Arrosaren arantzak. Arantzaz beteriko sasiak.
2 iz. Zenbait animaliak beren burua babesteko gorputzean dituzten ziri zorrotzetako bakoitza. Itsas trikuen arantzen osagai nagusia kaltzita da.

Kalko oker horri loturik, hots, espina hitzarekin loturik, badago termino bat nire ustez modu desegokian zabaldu dena. Oso aspaldi ohartu nintzen UZEIk hainbeste eta hainbeste aportazio onen artean (zer eginen genuen denok UZEIren lan terminologikoaren laguntza izan ez bagenu? Zer eginen genuke orain ere Euskalterm faltako balitzaigu?) irristada ttiki bat egin zuela Medikuntzako termino bat finkatzerakoan. Barka diezadatela oker baldin banago.

Espina bífida esateko, “arantza bifidoa” dago proposatua, 4 eta guzti. Nik men egiten diet beti, ongi merezitako autoritatea baitu UZEIk, baina, kasu honetan, intsumisioa egitera ausartu naiz gaixotasun larri hori aipatu beharra izan dudanetan, ustez eta desegokia dela.

Espina bífida hodi neuralaren akats bat da, burmuinaren, bizkarrezurraren edo bizkar muinaren sortzetiko malformazioa. Fetuaren bizkarrezurra, garapen enbrionarioan, ez da erabat ixten, normalean haurdunaldiaren lehenbiziko hilabetean, eta gerrialdeko orno batzuk itxi gabe gelditzen dira, eta ornoek bizkarraldean bi mutur dituzte mutur bat izan beharrean. Horregatik da bifidoa.

Gaixotasunari espina bífida esaten zaio gaztelaniaz, eta spina bifida ingelesez, frantsesez eta gure inguruko hizkuntza gehienetan, latinetik hartuta. Izan ere, espina hitz polisemikoa da, eta gaztelaniaz “arantza” ez ezik, bizkarrezurra ere bada. Horregatik esaten da espinazo, medula espinal

Horregatik uste dut nik espina, kasu honetan ere, bizkarrezurra dela. Horri egiten dio erreferentzia, eta, horregatik, bizkarrezur bifidoa esan beharko genuke.

Eta, dudarik gabe, jende gehiagori iruditu zaio hala dela. Googlen begiratuz gero, arantza bifidoa 600 bat aldiz ageri da (Wikipediak eta Elhyarrek ere hala diote), baina, harekin batera, bizkarrezur bifidoa ere ikusten ahal dugu, eta ez gutxitan, 394 aldiz (ETBk, Berriak, Zehazki hiztegiak eta beste zenbaitek erabilita).

Unique in the world, euskal herritarrak la hostia gara (II)

Fernando Rey Escalera

Lehengoan sail honetako lehenbiziko artikulutxoa idatzita, lasaixeago gelditu nintzen neure buruarekin, iruditu baitzitzaidan ez naizela ni bakarra hizkuntzarekin hala jostatzeko moduak inkomodatzen duena.

Beraz, bihotzerrea pixka bat apaldurik, azal dezadan bigarrena: nolako deserosotasuna sortzen zaidan ikustean nolako tokia hartzen duten euskarak eta gaztelaniak Hegoaldeko giro batzuetan.

Berriz ere errezeloa pizten zait ni ote naizen arraroa edo purista, edo aiseegi erretxintzen ote naizen hizkuntzaren trataerarekin zerikusia duten kontuetan.

Amorru pixka bat jartzen zait ETBn ez-dakit-zer enpresak iragartzen dituenean “los productos de nuestros baserris”. Ez al da normalagoa “los productos de nuestros caseríos”? Eta berdin gertatzen zait erdara ederrean euskarazko ginga gisa euskarazko hitz solte batzuk aditzen ditudanean: “hemos hecho plan para ir a la sagardotegi” aditzen dut, baina nahiago nuke aditu “hemos hecho plan para ir a la sidrería”. Aukeran nahiago nuke aditu “sagardotegira joateko plana egin dugu”, ez baitzait euskarari duintasuna emateko bide egokia iruditzen gaztelaniaz mintzatzea euskarari egindako axaleko begi-keinu gisara euskaraz hitz solteren bat sartuz.

Ondoko hizkuntzen hitzak hartzea –mailegu linguistikoak– oso gauza logikoa eta sanoa da, batik bat hitzak berezitasunen bat duenean terminologikoki, hitzaren eboluzioa berezia izan denean. Hori dela-eta, “mantuvieron durante 2 meses a aquel hombre en un zulo de 6 metros cuadrados” esatea normala iruditzen zait. Zulo hitza mailegu bihurtu da gaztelaniarentzat, eta ulertzekoa da. Ezin hasiko dira esaten “en un habitáculo preparado para secuestrados”. Tira, ñabardura hori hartu du hitzak gaztelaniaz. Aurrera. Ohartzen naiz “txoko” hitza zabaldu dela gaztelaniaz, eta, kasu horretan, ulergarria egiten zait. “Hemos adaptado la bajera para hacer un txoko” aditzen dudanean, ulertzen dut “txoko” hitzak berezitasuna hartu duela, eta, beharbada, ez dela erraza gaztelaniaz hori beste modu batean azaltzea. Konforme. Familia-bazkariak edo lagunak elkartzeko toki berezi bat da txokoa hor, eta erosoa da hura erabiltzea. Ongi etorria izan dadila mailegua.

Baina inolako beharrik eta justifikaziorik gabe, gaztelaniak bere hitz normala duenean, euskarazko hitza sartzea harrigarria egiten zait, ez dakit zeren, edo badakit zeren adierazgarri.

Adibideak hamaika dira: “Tenemos bilera de la gela”. “Ponte el beroki, que hace frío”. “Los nekazaris de Araba tienen intención de bloquear las carreteras”. “Nuestro proyecto se está fortaleciendo en Nafarroa”…

Ez dakit, ba. Sentitzen dut. Iruditzen zait erdara ederrean ari garenean horrela jokatzea berniz euskaltzale edo abertzale bat ematea besterik ez dela maiz. Euskararen aldeko apustua egitekotan, mintza gaitezen euskaraz. Edo, bestela, egin dezagun gaztelaniaz. Igual ni arraroa naiz, baina “yo no voy a Bilbo, me voy a Bilbao”. “A las fiestas de Tutera no suelo ir, en todo caso voy a Tudela”. Bestalde, “de vez en cuando hablo con los compañeros de clase, no con los de la gela”. “Si tengo frío, me pongo un abrigo, el beroki me deja frío”.

Batzuek, segur aski, erdaldunak izanda, euskarazko hitzen bat sartuz nahi dute adierazi euskararen aldeko mezua. Ongi da. Baina horretan geldituz gero ez dakit mesederik egiten ote zaion euskarari. Beste kasu askotan, aldiz, ez da hori sakoneko arrazoia. Euskarari bultzada emateko modu hoberena, eraginkorrena, euskaraz egitea da, eta ez euskarazko lau hitzez apainduriko gaztelania.

Rarico deituko didazue, baina ni, gaztelaniaz ari naizenean, gaztelaniaz hitz egiten saiatzen naiz, eta euskaraz ari naizenean, euskaraz.

Unique in the world, euskal herritarrak la hostia gara (I)

Fernando Rey Escalera

Itzultzaileok arreta bereziz ikusten dugu, deformazio profesional izateraino, nola jokatzen duten jendeek, talde eta erakundeek hizkuntzekin. Nola tratatzen dituzten hizkuntza pareak komunikazioan.

Egia esan, Euskal Herrian, denok garenez itzultzaile, edo ezinezkoa denez bi hizkuntzen arteko zubirik gabe bizitzea (buru-ariketa gisa bederen), askok erreparatzen diogu. Eta berehalaxe ohartzen gara duintasunez idatzi duten, itzulpena kaxkarra egin ote den, tekleatze akatsik badagoen, letra tamaina bera erabili ote den bi hizkuntzetan… Doktoretza-tesi bat egin liteke horren gainean.

Azkenaldi honetan, badira bi joera deserosotasuna pizten didatenak. Mintza nadin garbiago: amorrua ere pizten didate. Ni ote naiz bakarra? Esan diet nire inguruko batzuei, baina, nonbait, gehienak ez dira erretxintzen ni bezala.

Joera horiek, nire ustez, argi adierazten dute euskara zer den jendearentzat, nolako tokia duen hizkuntzak (egiazko bizitzan), zer den guretzat euskara edo gaztelania edo ingelesa.

Badira azken urteetan zabaldu diren bi ohitura, bai, sua pizten didatenak barrenean. Obsesio bihurtzen hasia zait, eta idatziz jarriko dut. Ea balio didan kaskotik kentzeko. Edo, beste batzuen iritzia entzunda, ez dela hainbesterako pentsatzeko. Gaur haietako batez mintzatuko naiz. Beste egun batean besteaz.

Zuetako askok ulertuko didazue noski. Eta gauza naizen inor mindu gabe adierazteko.

Txikia nintzela “Vuelta al País Vasco” zegoen, eta halaxe iragartzen zuten kartelek. Gero euskara, zorionez, merezi zuen tokia hartzen joan zen komunikazioan-eta, eta kartela elebiduna izatera pasatu zen. “Vuelta al País Vasco-Euskal Herriko itzulia”. Bi hizkuntza, gaztelania eta euskara, “Euskal Herriko” deituta ere, Euskal Autonomia Erkidegoaz ari baitziren, Gipuzkoaz, Bizkaiaz eta Arabaz. Konforme. Aurrera egin genuen zerbaitetan.

Ez dakit justu noiztik eta zer gogoeta soziolinguistikoren ondorioz, orain oso bestelakoa da jokaera. Euskara hor da: Euskal Herriko itzulia da edo Itzulia da. Eta elebitasunari ere eutsi nahi izan diogu, baina zer eta “Basque Country” jartzen dute. Azkeneko kartelak ikusi ditut, eta orain “Itzulia Basque Country” idazten dute.

Eta galdetzen diot nik neure buruari: zer dago gaztelania kendu eta ingelesa sartzearen atzean? Irrigarria iruditzen zait. Nik dakidala, gaztelania bizi-bizirik dago Hegoaldean. Eta ingelesa zer dela-eta?

“La Itxulia” aipatu dut; orain horrela aditzen dut, ez “la Vuelta al País Vasco”, baizik eta erdara ederrean, baina hori bai, keinu negargarri bat eginez euskarari. Zeren seinale? Baskoagoak gara itxulia esanez? Tira, utz dezadan hori. Euskararen hitz bakar batzuk sartuz gaztelania hutsean egitearen beste fenomeno hori beste egun baterako utziko dut.

Beste hamaika adibide eman nitzake:

Itzulia Women, Euskotren Women Winter Series, Basque Team Saria, Itzulia Basque Challenge, Euskadiko Orkestra-Basque National Orchestra, Bilbao Basque Fest, Emakume Master Cup, Pilota Legends Cup…

Ez dut segituko, bihotzerrea jartzen zait-eta. Bai, Unique in the word gara euskaldunak (edo euskal herritarrak esan beharko nuke). “Athletic Club. Munduan bakarrak. Unique in the word”.

Magia bitxi baten eraginez, Euskal Herriko ez dakit zer txoko, ibar edo herritan zabaldu den euskalki edo ingeleski batez idatziak ikusten ditugu kartelak.

Baina itxurakeria da. Edo ez? Oso guai dago besterik gabe ingeles tanto batzuk jartzea? Dottorea da, ezinbestekoa, inperioaren hizkuntza jartzea? Gaztelania desagertu da karteletatik. Sekulako iraultza gertatu da gure egoera diglosikoan? Orain euskaraz barra-barra egiten al du jendeak eta ingelesa da kanporako atea?

Ez. Sinetsia nago ekitaldi, txapelketa eta emanaldi horiek gehienak gaztelaniaz antolatu direla. Ekitaldi horien antolatzaile diren erakundeek gaztelaniaz funtzionatzen dute. Euskarak ez du aurrerapauso handirik egin haietan, baina euskara eta ingelesa ageri dira. Susmoa dut tarta batzuen gaineko ginga puska gisa jartzen dutela euskara hor, apaingarri.

Gaztelania desagertu da. Nire ustez hemengo hizkuntzetan idatzi behar dira gauzak komunikazioa baldin bada helburua. Ulertuko nuke hizkuntza ahulenaren aldeko diskriminazio positiboz euskarak toki gailena izatea. Baina gaztelania kendu eta ingelesa jartzea harrigarria iruditzen zait.

Kaierik ez duten bi ale

Fernando Rey Escalera

Estimatzekoa, eskertzekoa eta goraipatzekoa da Munduko Poesia Kaierak proiektua, eta, nola ez, haren bultzatzaileak.

Proiektuak, gutxienez, balio handiko bi osagai ditu: hari esker, batetik, munduko poeta handien obra irakurtzeko aukera ematen zaigu, pixkana-pixkana kanoneko poeta aunitzen poema sorta ederrak itzultzen ari baitira euskarara; bestetik, itzultzaile eskarmentudun zein hasiberri askori atea ireki zaie errekonozimendua duen idazle baten obra ekartzeko euskarara.

Niri ere egin zidaten eskaintza, eta, une hartan, baiezkoa esanik ere, itxoiteko esan nion Maialen Berasategiri, bestelako lanak bainituen esku artean, eta burua kezkaz aski betea.

Dena dela, Maialenek asmatu egin zuen eskaintza eginez, aspaldikoa baitut gustuko poemak euskarara ekartzeko zaletasuna.

Berriki, EIZIEk eskaini eta Maialenek berak martxoaren 12an gidatutako ikastaro batean, poemen itzulpen prozesuaz aritu ginen, gakoez, zailtasunez, erronkez. Eta gogoa piztu zitzaidan berriz. Ez diot heldu inongo lani, baina ohartua naiz aleka-aleka poema asko ditudala euskaratuak, noizbait neure barreneko zerbait ukitzen duten poemak itzultzeko bulkada sentitzen baitut tarteka.

Hemen dira haietako bi. Jatorrizkoa ere hemen da, inork konparaziorik (edo kritikarik edo hobetzeko proposamenik) egin nahi badu ere. Lehenbizikoa Bertalicia Peralta panamarrarena da, “La única mujer” izenekoa. Bigarrena, Eduardo Galeanorena da, eta “Nosotros” du izena.

LA ÚNICA MUJER
Bertalicia Peralta
 
La única mujer que puede ser
es la que sabe que el sol para su vida empieza ahora
la que no derrama lágrimas sino dardos para
sembrar la alambrada de su territorio
la que no comete ruegos
la que opina y levanta su cabeza y agita su cuerpo
y es tierna sin vergüenza y dura sin odios
la que desaprende el alfabeto de la sumisión
y camina erguida
la que no le teme a la soledad porque siempre ha estado sola
la que deja pasar los alaridos grotescos de la violencia
y la ejecuta con gracia
la que se libera en el amor pleno
la que ama
la única mujer que puede ser la única
es la que dolorida y limpia decide por sí misma
salir de su prehistoria.
 
 
EMAKUME GUZTIZKOA
 
Emakume honek baizik ez du iristen izana:
ongi dakiena orain ateratzen ari dela bere bizitzarako eguzkia;
malkorik isurtzen ez duena,
baizik eta bere lurraldearen hesia ereiteko azkonak;
erreguka ari ez dena;
bere iritzia esan eta, burua tentetuz eta bere gorputza inarrosiz,
lotsarik gabe goxoa dena eta, aldi berean, gogorra gorrotorik gabe;
mendekotasunaren alfabetoa desikasi
eta tente dabilena;
bakardadeari beldurrik ez diona beti egon delako bakarrik;
indarkeriaren uhuriei iskintxo egin
eta xarmaz bortizkeria suntsitzen duena;
maitasun bete-betekoan askatasuna erdiesten duena;
maite duena.
Emakume bat baizik ez daiteke izan emakume guztizkoa:
minberaturik ere, aratz, aske erabakitzen duena
bere historiaurretik ateratzea.

___

NOSOTROS
Eduardo Galeano
 
Nosotros
tenemos la alegría de nuestras alegrías.
Y también tenemos
la alegría de nuestros dolores.
Porque no nos interesa la vida indolora
que la civilización del consumo
vende en los supermercados.
Y estamos orgullosos
del precio de tanto dolor
que por tanto amor pagamos.
Nosotros
tenemos la alegría de nuestros errores,
tropezones que muestran la pasión
de andar y el amor al camino,
tenemos la alegría de nuestras derrotas.
Porque la lucha
por la justicia y la belleza
valen la pena también cuando se pierde.
Y sobre todo tenemos
la alegría de nuestras esperanzas
en plena moda del desencanto,
cuando el desencanto se ha convertido
en artículo de consumo masivo y universal.
Nosotros
seguimos creyendo
en los asombrosos poderes
del abrazo humano.
 
 
GUK
 
Guk
geure pozen poza daukagu.
Bai eta gure minen poza ere.
Ez zaigulako interesatzen
kontsumoaren zibilizazioak
supermerkatuetan saltzen duen
bizitza oinazegabea.
Eta harro gaude
hainbesteko maitasunagatik
ordaintzen dugun
min handiaren prezioaz.
Guk
gure okerren poza dugu,
estropezu horiek
ibiltzeko grinaren eta
bideari diogun maitasunaren
adierazgarri direlako.
Gure porroten poza dugu,
justiziaren eta edertasunaren
aldeko borrokak
merezi duelako frakasatuta ere.
Eta, desilusioa puri-purian dagoen garaian,
desilusioa jende guztiaren
kontsumo-gai bihurtu den honetan,
gure esperantzen poza dugu batez ere.
Guk
gizon-emakumeen besarkadaren
ahalmen harrigarrietan
jarraitzen dugu sinesten.

Hiru esaldi: euskararen barrenetik edo kanpotik?

Fernando Rey Escalera

Ezin ukatuzkoa da itzultzaileok deformazio profesionala dugula. Gehienetan, begiak eta belarriak erne ibiltzen gara, baita nahi ez dugunean ere, eta berehalaxe erreparatzen diegu euskaraz irakurtzen eta entzuten ditugun mila konturi. Eta zuzentzaile-senari esker, edo haren erruz, gure buru-prozesadoreak segituan esaten digu zerbaitek kirrinka egiten ote duen, modu egokiagorik izan ote litekeen zerbait adierazteko, kalko desegokirik ba ote dagoen itzuli den horretan, norberak nola egin izanen zuen… Tekleatze-akatsak berehala ikusten ditugu, edo gramatikalak ez diren gauzak, edo ohartzen gara nola zabaltzen ari diren gurean hain ohikoak diren moda ustez dotore batzuk.

Tentuz ibili behar izaten dugu zuzenketazaletasun/keria bizitzaren arlo guztietara ez eramateko, batez ere harreman pertsonaletara, lagunik gabe geldituko baikinateke bestela. Etxean eta lagun artean ere, geure burua bridatu behar izaten dugu deus ere ez esateko, nahiz eta aditu dugunak kirrinka egin.

Diglosiaren ajeak izaten dira maiz. Gaur egun euskaldun askok eta askok bigarren hizkuntza dute euskara, hau da, maila hobea dute gaztelaniaz edo frantsesez euskaraz baino, eta horrek, ezinbestean, gure euskara higatzen du.

Halako problematika sakon eta larriari ez diot nik konponbide errazik aurkituko, jakina.

Gaur, besterik gabe, azkenaldi honetan entzundako/irakurritako hiru esaldi aipatuko ditut, zer pentsatua eman baitidate.

Hirurak akastunak dira, nik uste, baina galdera bat piztu zait haien ondorioz.

Pankarta baten testua dira hiru horietako bi. Bestea, Nafarroako herri batean pertsona batek natural eta oharkabean esandako zerbait.

Pankarten testuak hauek ziren:

“Hiltzen jarraitzen gaituzte”

Errealitate ezin gordinagoaren adierazgarri: emakumeen kontrako indarkeria. Euskararen erabilerari erreparatuz gero ere aski tristea. Mezua erdaraz sortu, itzulpen kaskarra egin, eta aurrera. Bilatu dut sarean, eta horren antzeko bat aurkitu dut gaur: “Matxismoak hiltzen jarraitzen gaitu”. Hori bai, kartela euskara hutsean. Baina, jakina, dena gaztelaniaz pentsatua.

Tristea da, baina maiz oroitzen naiz behin pertsona batek esandakoaz: “Eskerrak badakidan erdaraz, bestela ez nuke zure euskara ulertuko”.

“Sasoiko langileen lan osasuna bermatu”

Kasu honen atzean ere egoera latz bat. Emakume bat hila lan istripu batean.

Honetan bestelakoa da problema. Gramatikala da, baina egokia? “Sasoikako langilea” da temporero/temporera, eta sasoiko langilea adituta irribarrea piztuko litzaiguke egoera hain gogorra ez balitz. Eta beste zenbait kontu ere aipatu litezke: dena da “bermatu” orain, ongi dago, baina… Susmoa dut berriz ere itzulpen problema dagoela atzean.

Horregatik datorkit galdera. Nola eta nondik egiten ditugu itzulpenak, euskararen barrenetik edo kanpotik?

Tira, bai, egin dugu itzulpena, baina orain, istant batez, gaztelaniazko testua ahaztuta, izan gaitezen irakurle. Euskara da? Euskaraz horrela esanen genuke?

Bi esaldi horien ifrentzuan dago aipatu nahi dudan hirugarren esaldia. Sakanako herritar batek esan zuen, honelako solasaldi batean:

―Zerbait esan beharko zenieke anai-arrebei?
―Bai, bai, baina ez dakiet zer esan.

“Ez dakiet zer esan”. Bai, esaldi hau ez da ortodoxoa, ez da existitzen halako adizkirik, baina honek bai, irribarrea piztu dit. Akastuna da, baina euskararen barrenetik sortua.