Lehengoan burura etorri zitzaidan berriz Juan Pedro Etxegarai lankide zenak behin erakutsitako eta idatzarazitako perla horietako bat. โApunta ezak, Fernando, lehengoan Lesakan aditutakoa. Gelditu dadila nonbait idatziaโ.
Orduko hartan โelkarโ zen gaia, eta gaur egun neurri batean, gaztelaniaren aldean, harrigarri gertatzen diren รฑabardura batzuk.
El otro dรญa fuimos al monte un grupo de amigos, pero al final nos perdimos.
Lehengoan mendira joan ginen lagun batzuk, baina azkenean galdu egin ginen.
Lehengoan mendira joan ginen lagun batzuk, baina azkenean elkar galdu genuen.
Gaur egun, gutxik esanen genuke azkeneko esaldi hori, baina, Juan Pedrok esan zidanez, berarekin solasean ari zen xahar hark oso ongi bereizten omen zituen bi egoerak.
Lehengoan mendira joan ginen lagun batzuk, nonbait okerreko bidea hartu, eta, azkenean, galdu egin ginen.
Lehengoan mendira joan ginen lagun batzuk, solasean hasi, bi talde egin, bata bestearengatik urrundu, eta, azkenean, elkar galdu genuen.
Eta, horrekin loturik, beste esaldi bat ere esan zidan nire koadernotxoan apuntatu nezan.
Etxera ailegatu, eta berehala ohartu ginen haserre zeudela.
Etxera ailegatu, eta berehala ohartu ginen haserre zeudela elkarrekin.
Testuinguruak argi uzten du normalean, baina, Jon Etxegaraik nabarmentzen zuenez, euskarak baliabide bat du garbi uzteko haserre zeuden horiek bat bestearekin ote zeuden haserre, edo biak beste norbaitekin.
Esan dezadan, bidenabar, hauxe gehitu zidala Jonek:
โBitxikeria da segur aski, baina nik bati baino gehiagori aditzen diot โelkarrentzatโ erraten: Haserre daude elkarrentzatโ.
Gure aitaren sortetxean iaz izan ginen azkenekoz, saldu aurretik. Ganbarara sartzean, teilatuari eusten dioten habeen izenak esan zizkigun aitak: โErdiko zutabeen gainean, zabaleran jarritako habe horiei astazaldia deitzen zaie; goiko horri, teilatuaren gailurrean luzetara dagoenari, goiera esaten zaio; eta aldeetan, bi isurien erdian daudenei, gezur-goieraโ.
Inondik ere, euskara bizi-bizirik zegoenean sortutako izenak dira. Astaritzagako pareta zahar maiteei agur esatearen malenkoniaren erdian, ezin izan nion deformazio profesionalari eutsi, eta galdera bat etorri zitzaidan: nola izendatuko genituzke habe nagusi horiek gaur egun?
Segur aski honelatsu: โErdiko zutabeen gainean tiranteak daude; teilatuaren gailurrean, kunbrera; eta bi isurien erdian, korreakโ.
Askotan esaten da maileguak aberastasunerako bide direla. Eta hala izan daitezke, zalantzarik gabe. Baina bi adibideak alderatuta, esanen nuke bigarrenean nabarmenagoa dela hizkuntzaren ahuldadea. Eta ez hitzen jatorriagatik bakarrik: gezur-goiera hitzak berak esaten du zer den (goieraren antzekoa, baina ez hura bera), eta euskarazko beste hitz batzuekin lotzen da; korrea hitzak, berriz, ez du euskararen barrenean ezerekin loturarik.
Ganbarako adibide hura ez da nostalgia hutsa, soziolinguistikak askotan aztertu duen prozesu baten argazkia baizik. Hitz batzuk mailegatzea bere horretan ez da kezkatzekoa, baina hizkuntza gutxituen kasuan, hitz berriak sortzeko bide nagusia mailegatzea denean โeta horri kalko semantikoak zein sintaktikoak gehitzen zaizkioneanโ, mendekotasun lexikalaren zantzua izan liteke.
Auzi horrek kezkatuta, euskaltzaleek hitz berriak sortzeari ekin zioten XX. mendearen hasieran, sutsuki, eta zenbaitetan muturreraino eraman zuten garbizaletasuna; neologismo haietako asko baztertu egin dira egun, eta agian hitz berriak sortzeko erreparo pixka bat gelditu zaigu. Ondoren, 60ko hamarkadatik aurrera euskara normalizatzeko ahaleginean, lexikoari dagokionez lan itzela egin da, euskararen berezko egiturak eta esapideak zaintzeko borondatearekin.
Gerora, ordea, kritika batzuk egin dira, bide hori ere zurrunegia izan litekeela eta euskararen adierazkortasuna mugatu lezakeela. Esaterako, Kepa Altonagak, Back to Leizarraga liburuan, garbizaletasunaren mugak kritikatu eta prosa naturalago baten alde egin zuen. Xabier Amurizak, bestalde, euskarak adjektibo erreferentzialak falta dituela esan izan du, eta horiek lagungarri izan litezkeela. Egia da, batzuetan, gizarte zerbitzuak esan beharrean zerbitzu sozialak erabiltzeak esaldiaren sintaxia arintzen duela. Baina ez dakit azken boladan sozialak eta antzekoak ez ote diren udazkeneko onddoak bezala hedatzen ari.
Horrekin batera, globalizazioak teknologia eta kontzeptu berrien hedapen azkarra ekarri du, batez ere ingelesaren bidez; hala, euskarazko termino berri bat erabakitzerakoan, antzeko formak erabiltzen badira gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, euskarara zuzenean mailegatu egiten da askotan.
Ondorioz, azken urteotan kezka piztu zait, ez ote garen beste muturrera hurbiltzen hasi: adibidez, gaur egun sortu behar bagenu errenta aitorpena kontzeptua, aitortu aditzaren bidetik saiatuko ginateke, edo errenta deklarazioa izanen litzateke?
Ez dezagun ahaztu, ordea, gure inguruko erdarak hizkuntza indartsuak badira ere, oso erne dabiltzala ingelesetik mailegatzen dituzten hitz eta kalko kopuruarekin, kezkatzekoa iruditzen zaielako. Gaztelaniaren hiztegi ofizialean, Diccionario de la lengua espaรฑola delakoan, nabarmena da arreta berezia jartzen diotela auzi horri, eta frantsesaren kasuan, berriz, hor ditugu Toubon Legea eta Frantses Akademiaren lana, frantsesaren erabilera sustatzeko eta zenbait anglizismoren hedapenari aurre egiteko.
Haiek kezkatuak, eta gu, dena likidoa omen den garai hauetan, lasai samar, exilioa erbestea bezain euskara delako?
Baserriko atea tarteka ireki egin behar da, jakina. Baina beti parez pare zabalik badago, nork asmatuko du hurrengo gezur-goiera?
Itzultzea erretxin eta puntalakurlo bihurtzea da, benetako bizitzan guztiz kontrakoa zaren arren. Laura Wittner
Ez nuen inoiz pentsatuko nik, lehorrekoa izanik, baleei buruz idatziko nuenik. Baina Ikus-entzunezko itzulpen praktiketako eskolan erabiltzen dudan dokumental batean agertzen den termino baten egokitasunaz zalantza egiteak bultzatu nau artikulu hau idatzi eta nire duda-mudak zuekin partekatzera.
Itzultzaileok, badakizue, hitzak maite ditugu eta hitz egokiaren bila gure bizitzako ordu (egun) asko pasatzen ditugu. Eta hitz hori hitzik txikiena edota mikroskopikoena bada ere, hortxe egoten gara kieto ordenagailu edo kaier baten aurrean zorioneko hitz horri gure denbora eta arreta guztia eskaintzen munduak aurrera egiten jarraitzen duen bitartean.
Ikus-entzunezko itzulpengintzako eskolan dokumentalen itzulpen-egokitzapena lantzen dut. Eta hasierako eskoletan narrazioaz baliatzen den dokumental bat erabiltzen dut: Planeta urdina (BBCk 2001ean ekoitzitako dokumentala). Dokumentalak izaera dibulgatzailea du eta gure planetako itsasoen historia naturala kontatzen du era didaktiko batean. Lehen ataleko hasierako irudietan, plano pikatu batean, balea bat ageri da ozeano zabalaren handitasunean. Lehen irudiak pantailaratu eta segundo batzuk igaro ondoren, David Attenboroughen offeko ahotsa entzuten dugu:
Dwarfed by the vast expanse of the open ocean โ the biggest animal that has ever lived on our planet. A blue whale, 30 metres long and weighing over 200 tones. Itโs far bigger than even the biggest dinosaur.
Euskarazko bertsiora jo eta hau da entzuten duguna Jesus Eguzkitzaren ahots zoragarrian:
Itsaso zabal amaigabean, gure planetan inoiz bizi izan den animaliarik handiena txiki ageri zaigu. Zere urdina da, hogeita hamar metro luze eta berrehun tonatik gorako izakia. Dinosaurorik handiena baina askoz handiagoa.
Bai, ยซzere urdinaยป eta ez ยซbalea urdinaยป. Azken hamar urteotan klasean dokumentala ikusi duten guztiek (200 bat ikaslek) ยซbaleaยป entzutea espero zuten, baina ezagutzen duten hitz baten ordez, ordura arte inoiz entzun ez duten beste termino bat entzuten dute: ยซzereยป. Eta erabaki hori ez da erabaki merkea, izan ere ikusleak harrituta eta nahastuta geratzen dira, irudiek argi uzten badute ere zer den ยซzereยป, pantailan bakarrik balea bat eta bere kumea agertzen direlako. Nik ere aitortu behar dut ez nekiela zer zen ยซzereยป estreinako aldiz entzun nuenean, eta itzultzaile jakin-gose orok bezala, hiztegietara jo nuen hitz horren esanahiaren xerka. Eta esanahiak esanahi, funtsean jakin nahi nuen ea zer arrazoi egon zitekeen terminorik naturalena eta semantikoki zabalena ez hautatzeko, hau da, ยซbalea urdinaยป.
Hau ez da leku egokia nire bilaketa guztien berri emateko eta horregatik hiztegietan jasotakoa laburbilduko dizuet. Biologikoki, ยซzereยป Balaenoptera generoko zenbait balea izendatzeko erabiltzen da eta, taxonomikoki, ยซzere urdinaยป Balaenoptera musculus generokoa da, ยซbalea urdinaยป bezala, bakoitzaren erabilera eta erregistroa desberdinak badira ere. Eta hortxe dago gakoa, nik uste. Idatzizko tradizioari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu Orotarikoak adibide bakarra baino ez duela jasotzen; Egungo Testuen Corpusean ยซzere arruntยป izen sintagma 47 aldiz azaltzen da: gehienak Berria egunkarian eta Wikipedian; ยซbaleaยป, berriz, 8.929 aldiz.
Horiek horrela, tradizioari eta gaurko erabilerari kasu eginez, uste dut testuinguru horretan ยซbaleaยป erabiltzea egokiagoa izango zela, ยซzereยป nahiko artifiziala gertatzen baita dokumentalen izaera dibulgatzailea eta informatiboa aintzat hartuta. Egia esan, ikusleek irudietan balea bat ikusten dutenean ez dute espero ยซzereยป hitza entzutea, eta ikusten dutenaren eta entzuten dutenaren artean nahasketa halako bat sortzen da, hau da, entzutea espero duzunaren eta offeko ahotsak esaten duenaren arteko talka bat. ยซZereยป terminoak ere badu bere tokia, jakina, baina nik testuinguru espezializatuagoetan erabiliko nuke, hala nola Biologiako liburu batean edo balea-espezieen sailkapen batean.
Itzultzea hitzak hautatzea da, edo, zehatzago esanda, hitzak egoki hautatzen jakitea. Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak liburuan diosku itzultzailea hitzen eta adieren pisatzailea dela. Sarritan, halere, nago euskal itzultzaileok nolabaiteko didaktismo batean erortzeko joera gehiegizkoa dugula eta ez dugula pisuarekin asmatzen. Hain zuzen ere, batzuetan iduri du ahateari igerian irakatsi nahi diogula eta didaktismo faltsu batek eroaten gaituela erabaki okerrak edo gutxienez ez hain egokiak hartzera. Azken batean, ez du zentzu handirik jatorrizko testuan arrunta den termino baten ordez xede kulturan hain arrunta ez den beste termino bat erabiltzeak.
POSTDATA: Juan Garziaren Moby Dicken alimaleko itzulpena irakurtzen ari nintzela ikasi nuen Moby Dick ยซzeroi zuri izugarriaยป dela, eta liburuaren osagai nagusia ยซzeroi-ehizaยป dela. Baina Melvillerena beste historia bat da.
Udaberria lehertu da. Duela aste batzuetatik hona teknikolorrean dago dena. Atzean utzi ditugu negu luzearen kolore hitsak, eta orain dena da berde, urdin, nabar. Pantailak eta egunkariak itxiz gero, munduak ez dirudi hautsita.
Ikusten ditudan paisaiak deskribatzen hasten naizenean, berehala agortzen zaizkit baliabideak. Hiztegia falta zait kolore-paleta aberats hori izendatzeko. Baliabideen zakua apur bat hornitu nahian, han eta hemen bilatzen eta irakurtzen hasi naiz.
Oinarrizko laburpen batekin hasteko, EHULKUren aholkuen artean badira bi koloreei eskainiak. Lehenengotik, gutxi erabiltzen ditudan aukera batzuk aktibatu ditut: beilegi edo laru, horiarentzat, eskarlata edo karmin, gorriarentzat, edo pikart, โkolore aniztunโ, โnabarโ adierazteko.
Kolore-joerak aipatzeko: horail, morantz, gorrasta, urdinkara, berdats… Interesgarriak iruditu zaizkit, orobat, beltzurdin, adibidez enarek pasaeran egiten duten distira metalikoarentzat, edo gorri-ubel, ardoaren jitearentzat.
Kolore baten bizitasun-maila zehazteko, distirant, min edo samin, edo, kontrako muturrean, hil, margul, beluri. Pentsa norbait deskribatzen duzula esanez ezpain gorri saminak dituela, eta begi urdin hilakโฆ
Bigarrenean aski eredu ederrak aurkitu ditut, moldatu eta neureak sortzeko: urre zaharraren koloreko iragana, absentaren igel-berdea, errepideko putzu altzairu-urdina... Gainera, ikasi dut badela Markina-beltz bat, eta Bilbo-urdin bat, RGB kode eta guzti.
Bibliografian aipatzen dituzten liburuetara jo dut, batez ere Patziku Perurenaren Koloreak euskal usarioan eta Txema Preciadoren Euskarak irakatsi koloreak ikusten lanetara, eta harrapatuta geratu naiz berdearen eta urdinaren misterioetan. Jakingo duzue; gauza da euskal tradizioan ez dagoela hitzik, esate baterako, Arabako itsasoen kolorea deskribatzeko. Berde, ferde, perde maileguak dira, eta orlegi, berriz, neologismoa.
El nombre de verde es alienรญgena: ferde. No puede menos que ser vocablo muy moderno, tomado de algรบn idioma romรกnico. ยฟPor quรฉ se ha perdido en absoluto el vocablo indรญgena, siendo asรญ que lo retienen los otros colores principales y que en el actual paรญs basko es color dominante? (A. Campion).
Kontu horrek Jean Etxepare ere kezkatzen zuen:
Badira xuri, beltz, gorri, urdin, hori, nabar, ubela; bainan zoin hitzek erran dezaguke belharraren itxura? Eskualdun gehienek diote belharra pherde dela, edo ferde, ohartu gabetarik hitz hori frantsesari kendua diotela, hunek latinari beihala egin zion bezala. Zenbeiti aldiz adituko deiezu eskuarak ez daukala, ez duela egundaino ukan, hitz berezi belharraren itxurari doakonik. Gure iduriko (โฆ) bada hortako hitz bat, asko lekutan oraino derabilatena: hura da ยซmuskerraยป. (โฆ) ยซMuskerraยป eratxikitzen da beraz udare gordinak daukan itxurari. Belharrarena berdin izanez, zendako ez ginuke hitz beraz adiarazi behar?
Euskaltzaindiaren hiztegian egun ere ageri da musker adiera horretan, jasoa markarekin:
musker 1ย iz.ย Narrasti ezkataduna, hatz azazkaldunak dituzten lau hanka, betazal mugikorrak eta buztan luzea dituena, kolorez berde biziaย (Lacertidae fam.).ย Muskerra bezain berdea. 2ย adj.ย jas.ย Berdea.ย Belar muskerra.
Mailegu eta neologismoak bezala, ordea, azaleko eragiketa baten ondoriotzat jotzen dute aipatu egileek irtenbide hori. Ez dirudi fruitu umotu gabeez haratago iritsi denik gure muskerra.
Misterioari erantzuna eman beharrez, Perurenak eta Preciadok beste bi aukera aztertzen dituzte. Batean, heze/ihar aurkariak erabiliko lirateke โberdetasunโ-maila adierazteko:
La palabra eze, heze, designa hoy lo hรบmedo y acuoso; significa verde cuando se aplica a los รกrboles que aรบn conservan savia. Yo sospecho que eze fue el nombre de lo verde, por lo menos como color del reino vegetal (A. Campion).
Bestetik, euskararen koloreen sailkapen zaharrean beltzak bereganatzen omen zuen berdearen geroko รฑabardura. Beltzak, eta urdinak. Izan ere, ez dirudi kolore horiek hain aparte daudenik gure xaharren begietara, ziurrenik gutako askok egiaztatu dugunez.
Ni ez naiz hemengoan, Joseba Sarrionandiak dio gipuzkeraz urdin erdaretako azul edo bleu hitzen itzulpena dela, baina bizkaieraz horri azula esaten zaiola. Urdina, euskal tradizioan, omen da โzuri nahastu batโ. Hortik ile urdindua, edo fruta urdindua (lizundua).
Lehen aipatu ditudan egileek beste esplikazio bat ere badarabilte euskararen kolore- urritasuna azaltzeko: hizkuntza eta kultura gehienetan oinarrizkoak diren zuri, beltz eta gorriz haraindi, kolorerik ez zela behar. Bestela deskribatzen zirela gauzak. Cira Crespok oso adibide esanguratsua darabil Alean idatzitako artikulu interesgarri batean:
Landa horretan koltza loretu da, mitxoletekin batera. Kardantxilo batzuk gelditu dira janarien bila. Telefono-kableetan erle-txoriak daude pausatuta.
Ez du kolorerik erabili eszena deskribatzeko. โHitzak ezagutzen badituzueโ, dio, โtonu zehatzak ulertuko dituzue, eta jakingo duzue udaberri betea delaโ. Deskribatzeko beste modu honekin kontrajartzen du aurrekoa:
Landa hura lore txiki horiz bete da. Lore gorri bizi hauskorrek tintatzen dituzte ertzak, tantaka. Iritsi dira txori txiki batzuk ere, txirula-soinua eginez. Maskara gorri bat daramate eta hegaletan beltza eta horia dituzte. Zer esan telefono-kableetan daudenez…multikolore harrigarriak dira!
โHiztegia pobretu ahalaโ, argudiatzen du Cira Crespok, โgero eta kolore gehiago erabiltzen ditugu deskribapenak egiteko. Irakurtzen baduzue duela urte askoko literatura, ikusiko duzue koloreak ez zirela hainbeste erabiltzen, gauzak deskribatzeko izen zehatzak zeuzkatelako. (โฆ). Abstrazkio hutsa eta konbentzioak baino ez zaizkigu geratzen ari, eta gure ingurua deskribatzeko ahalmena galtzen ari gara. Honekin batera, mundua ulertzeko gaitasunaโ.
Aitortu behar dizuet: eztanda txiki bat eragin dit kontu honek guztiak. Bete nahi nuen zakuan eztanda egin didate koloreek, eta koloreak emateko moduek. Gero, ordea, etxean daukadan liburu batekin akordatu naiz. Liburu txiki bat da, zahar-ukitua duena. British Museum of Natural History museoaren zigilua dakar bigarren orrian. Euskaraz balego, honelako zerbait litzateke izenburua:
WERNER-EN KOLORE-NOMENKLATURA arteetan eta zientzietan erabiltzeko egokitua; batez ere, zoologian, botanikan, kimikan, mineralogian eta anatomian
Izenburuan Werner aipatzen den arren, Patrick Syme da egilea. GG argitaletxeak atera du, 1825eko edizio bat berrargitaratuta. Jatorrizkoa hemen dago ikusgai.
Wernerrek mineralogia deskriptiborako eskuliburu bat idatzi zuen 1774an, gisa horretako lehena, alemanez, itzulpen merkean Fosilen kanpo-ezaugarriei buruz litzatekeena. 1810ean, berriz, koloreen nomenklatura bat eman zuen argitara, zientzian eta artean erabiltzeko โdiotenez, Darwinek gida moduan erabili zuen nomenklatura hori Beagle ontzian, bere espedizioetan aurkitutakoak hobeto deskribatzekoโ. Patrick Syme margolariak Wernerren nomenklatura aldatu eta zabaldu egin zuen, hasierako 77 koloreei beste 33 gehituta, bai eta bakoitzari animalia- eta landare-adibide bat ere.
Asko gustatzen zait liburu hori, koloreak eta natura lotzen dituelako, eta poetikoa delako zientifikoa bezainbeste. Urdina โbereziki gustukoa dudan kolore batโ, 42. orrian ageri da. Euskarara ekartzen saiatu naiz han ageri diren hamaika urdinak, lehen hurbilpen modura:
Eskoziar urdina, adibidez, Berlin urdina omen da, baina belus beltz nahikotxo, gris apur bat eta gorrimin ukitu bat gehituta. Animalien erreinuan, amilotx urdinak ageri omen du urdin hori, lepoaldean. Landareetan, anemona moreen lorezilek, eta, mineraletan, kobre urdinaren meak.
Lehen hurbilpen hori hobetu liteke, bai eta moldatu ere, koloreen izenak eta adibideak euskararen testuingurura egokituta, ahal den heinean. Lan polita litzateke, baina ez dakit mereziko lukeenโฆ Egun pantone kodifikatuetan estandarizatzen dira koloreak, mundu osoan berdin.
Sarrera hau idazterakoan ikasi dudan beste gauza bat da Pantone Institutuak, urtero, kolore bat esleitzen diola urte berriari. Ezetz asmatu zein den 2026ko kolorea: bada, cloud dancer; hau da, zuri nahastu bat; hau da, urdina.
Bada hitz bat euskaraz asko gustatzen zaidana nahiz eta ez dagoen inon jasoa (oraindik): ez Euskaltzaindiaren Hiztegian, ez Orotarikoan, ez inon (nik dakidala). Igantziko lagun bati aditu nion, eta, berehala, ttak, buruko disko gogorrean sartu nuen, aspaldi bainenbilen bila. Harrezkeroztik erabiltzen dut, lagun igantziar hori gogoan.
โOndorioโ da, baina adiera espezifiko batean: gaztelaniazko agujeta edo frantsesezko courbature adierazteko.
Agujeta edo courbature giharretako min berezi bat da, ziztada modura sentitzen dena, teknikoki DOMS deitua (Delayed Onset Muscle Soroness), hots, โberandu hasitako edo agertutako gihar-minaโ. Ohi ez bezalako ariketa edo ohi baino gogorragoko ariketa egin eta handik 12-48 ordura agertzen da, muskulu-zuntzen mikrohausturek sortua. Hori da, behinik behin, gaur egungo teoria. Nik medikuntza ikasi nuen garaian, beste azalpen bat ematen zitzaion: azido laktikozko mikrokristalak sortzen omen ziren, orratz ttiki batzuk, eta horregatik sentitzen omen genituen ziztadak. Mikrolesio horiek egokitzapen prozesu natural baten ondorio dira. Arrazoia edozein dela ere, ederki dakigu ez dela batere larria: berez desagertzen dira 3-7 egunean. Azukre-urak ez ditu sendatzen. Hidratazioa eta atseden aktiboa dira sendabide hoberena.
Nire lagun igantziarraren etxean honela erabiltzen dute: โAspaldiko partez atzo mendira joan nintzen, eta gaur ondorioa izterretanโ. โBaratzean makurtua denbora luzean ibili, eta gaur ondorioak gerrianโ.
โOndorioโ hitza, berez, inespezifiko samarra izaten ahal da, bai, baina ez dute modu inespezifikoan erabiltzen. Beste adiera bat da, berariaz horretarako erabilia. Horregatik iruditzen zait hiztegian agertzeko modukoa dela. Agertuko ahal da inoiz! Nolanahi ere, adiera horrekin ere, sekula aditu ez duenak ongi ulertuko du testuinguruak lagundurik.
Xabier Olarrak gogorarazi dit gure lankide Juan Pedro Etxegarai lesakarrak โorratzakโ esaten zuela, baina, han eta hemen bilaketa eginik, ez dut inon halakorik aurkitu, eta, beraz, duda gelditzen zait jende gehiagok erabiltzen ote duen horrela edo berak egindako itzulpena zen.
Jakina, egin dut nire ikerketatxoa ere. Eta ikusi dut zer dioten gure hiztegiek. Hau da panorama:
Elhuyar agujeta 2ย ย s.f.ย (pl.)ย (gihar-)min anteayer anduve corriendo y todavรญa tengo agujetas: herenegun korrika egin nuen eta oraindik ere hanketan mina daukat
Zehazki agujetasย fplย gogordura(k).
Labayru agujeta 2 s.f.pl.ย Dolor muscular giharretako min,ย giharra-/gihar-min. Ayer hice demasiados ejercicios abdominales y hoy tengo agujetas por todo el cuerpo:ย Atzo ariketa abdominal lar egin nebazan eta gaur giharretako mina daukat gorputz osoan.ย (bizk)
Nola erran courbature nom fรฉminin gogorduraย โย gogordรผraย (ZU)ย โย gihar min plein de courbaturesย gogorduraz estaliaโย gogordรผraz beterik (ZU)ย
Galdetu diot nire fisioterapeutari, Ihitz Iriart zuberotar iruรฑeartuari, on-ona eta arduratsua baita fisioterapian zein euskaran, eta garbi esan dit โkurbaturakโ erabiltzen dutela bere etxean (eta Zuberoan), frantsesetik hartutako mailegua, alegia. Gogordรผra eta gihar-min ere hor daudela, baina berak, gaur egun, โabusetakโ esaten duela.
Bergarako Udalak plazaratutako testu bat ere aurkitu dut, gaia aipatzen duena:
2005-2006 ikasturtia. 1. unidade didaktikuaren eranskin berezixa: heziketa fisikuaren eta kirolaren inguruko lexikua, esamoldiak, hiztegixak…
Giharmina/ gihar ziztadak: abuxetak, gogordurak.
Orotariko Euskal Hiztegian, โondorioโ sarreran ez dago bildua adiera hori. โGogorduraโ hitzean, berriz, hauxe dago:
gogordura (L,ย R-uzt;ย Urtย IV 476,ย Dv)ย Ref.:ย A;ย Lh. Entumecimiento.ย “Endurecimiento, entorpecimiento de miembros”ย A.ย “Courbature”ย Lh. Oi, harrigarrizko gogordura! Oi, sepharen gaixtoa!ย Dvย LEdย 232.ย Hunat misionest heldu denak ez du zeren zangoetan gogordurarik ukhan.ย Propย 1888, 142.ย Azken horiek beraz holaย [lurrean berean]ย moxten zuten ardia, ez baitzuten gerruntze gogordurez axolatzerik.ย Larreย Artzain Eย 58.
Hori da, bada, panorama.
Besterik gabe, burura etorri zait ongi dagoela mailegu horiek onartzea (ez daude jasota Euskaltzaindiaren Hiztegian), baina hori bezain garrantzitsua dela euskaldunen ahotan bizirik dauden beste adiera horiek ere jasotzea. Hiztunak, gero, hantxe izanen ditu aukera horiek guztiak, egokiena iruditzen zaiona erabiltzeko, testuingurua zein den.
Begi-bistakoa da, bestalde, aberastasun lexikal handia dagoela oraindik biltzeko. Nik nire koadernotxoarekin jarraitzen dut hitz-ehizan, eta, ahal dudan neurrian, konpartitzen saiatzen naiz. Hemen idatzirik gelditzeak atea irekitzen du, segur aski, halako hitzek noizbait ere hiztegietara egin dezaten salto.
Itzultzaile lanean ibiltzen garen edo inoiz ibili garen hiru lagunek topo egin genuen nolabaiteko adiskideen bilera zabalago batean. Sexu kontuez mintzatzen hasteko atariko galdera molde hau atera zen noizbait: โEta zein izanen litzateke, orduan, itzultzaileon bekatu kapital nagusia?โ. Zazpiak atera genituen hizpide, izen-abizenak emanez kasu batzuetan, eta adibideren bat ere bai, taldeko besteak aspertu arte. Beranduago, etxerako bidean, eta agian hemengorako artikulu posible baten asmo lausoa buruan, hausnarrean hasi nintzen guztietan zein izan zitekeen gurean larriena: bekaizkeria, abarizia, hantustea, nagia, asekeriaโฆ Ez dut gogoan ondorio argi batera iritsi izana.
Orain, denbora dezente igaro dela, eta entrega eguna gainean dudala, argixeago daukat zein joko nukeen nik itzultzaileen bekatu nagusitzat, ez hainbeste hari zer izen eman. Buruirizkeria? Alferkeria? Duela gutxi ikusi dut halako kasu bat. Argentinako egile batek idatzitako โsalida de baรฑoโ hartu eta โbainutik irteteaโ eman duenarena. Eta, horrek testuinguruan zentzu handirik ez zuen arren, hala utzi zuzentzaileak eta editoreak. Nik ez nuen inoiz espresioa entzunda, baina atzera-bilaketa bat eta Google Images aski izan ziren idazle argentinarrak euskaraz โtxabusinaโ esan nahi zuela asmatzeko.
Natalia Ginzburgek bi tokitan kontatzen du โpoetak dioenez, muntako gauza batzuk bitan esan beharra dagoelakoโ aurrenekoz liburu bat itzultzen hasi zenean Leone senarrak emandako aholkua, nire iritziz inoiz itzultzaile bati eman zaion zorrotzena, ia sadikoa, baina emazteak hitzez hitz bete omen zuena: hitz guzti-guztiak bilatzeko hiztegian, are ezagunak zituenak ere, are etxe ere[1].
Hiztegi mendekotasun gehiegizkoa ere bekatu larria izan daiteke โhortaz ez bide zion ohartarazi Leone Ginzburgek Nataliari, bere kasa ikasiko zuen berakโ, baina argi dago ezen hobekien dakizula uste duzun hizkuntzan ere ez dakizkizunen eremua potentzialki infinitua dela susmatzea bertute handia dela, hain zuzen, hiztegian bilatuta ere, izendatzen asmatzen ez dudan bekatu kapitalaren ifrentzuzkoa.
[1] โLeone mi aveva detto che dovevo cercare tutte le parole nel vocabolario: anche quelle di cui sapevo il significato. Era sempre possibile trovare un termine piรน preciso e migliore. Questa frase la presi alla lettera e cercavo proprio ogni parola, anche maison. (Postfazione, in Marcel Proust, La strada di Swann, 560. or. (Einaudi, 1990). โQuando ebbi finito di tradurre le prime quattro pagine, le diedi da vedere a mio marito, Leone Ginzburg, il quale mi disse che erano tradotte assai male. Allora, lentamente, ricominciai. Mio marito mโaveva spiegato che dovevo cercare ogni parola nel vocabolario, ogni parola, anche quelle di cui sapevo benissimo il significato, perchรฉ poteva, il vocabolario, suggerire una parola piรน precisa e miglioreโ. (Come ho tradotto Proust, in ยซLa Stampaยป, Torino, 1963ko abenduaren 11, 7. or.).
Ez nuen Edorta Matauko ezagutu, baina, haren Gizadiaren oren gorenak itzulpena irakurri nuenetik, noizbait ezagutu nahiko nituzkeen pertsonen nire zerrenda imajinarioan zegoen. Haren heriotzaren berri izan, eta itzulpen hura gainbegiratzen aritu naiz egunotan; miraz, lehen aldiz irakurri nuenean bezala, eta arretatsu, Matauko nire begietan eredugarri zerk bilakatu zuen zehaztu nahian.
Mataukok berak gauza gutxi azaldu zuen Stefan Zweigen liburuaren itzulpen-prozesuaz, edo gutxi dira behintzat komunikabideetan jaso zirenak; aurkezpen-egunean aipatutako hiruzpalau zertzelada baino ez, baina garrantzia zeri ematen zion antzemateko lain. Lehenengo eta behin, asmo-adierazpen orokor bat, Ortzadar gehigarriko elkarrizketa batean Andoni Lopez kazetariari kontatua:
Nik hasieratik neukan garbi. Liburu hau liburu jasoa zen, hizkera jasoa zeukan, eta horri ezin zaio iskin egin itzulpen batean, hizkera jaso hori, prosa kultua itzuli egin behar da. Hori ez dago errazterikโฆ Euskal itzulpengintzak ere badu maila bat edozein hizkuntzaren prosa, prosa jasoa ere, itzultzeko, zalantzarik gabe. Azken mende erdian izugarrizko aurrerapenak eman dira.
Eta Zweigen hizkera kultua itzultzeko bide horretan, bi makulu baliatu zituen Mataukok: lexiko hautaketa oso zaindua eta era berean askea, batetik, eta hitzen soinuarekin jolasteko gustua, bestetik. Lehenengoari dagokionez, honela jaso zuen Xalba Ramirezek Irutxuloko Hitza agerkarian Mataukok liburuaren aurkezpenean esandakoa: โModu โeklektikoanโ aritu dela onartu du itzultzaileak, eta euskara batuak onartzen dituen sinonimo kopuruetan libreki mugitu dela, bere estilo propioa garatuzโ. Hitzen soinuari ematen zion garrantziaren erakusgarri, Berria egunkarian Amaia Jimenez Larrea kazetariak jasotako Mataukoren hitz hauek: โBegiez gain, belarriak ere erabili behar dira itzultzeko orduan, hitzak hotsak baitiraโ.
Modu eklektikoan eta euskara batuaren sinonimoetan libre mugituz aritu zela zioen Mataukok. Bada, haren liburua edozein orrialdetan ireki, eta erraz topatuko ditugu jokamolde horren erakusgarriak. Kontzeptu bat izendatzeko gehienoi burura etorriko litzaigukeen lehen proposamenarekin konformatu ez, eta euskararen ondarean arakatuta bestelako aukerak berreskuratzen eta proposatzen ditu maiz: iturri edo iturburu adierazteko, iturbegi (17. or.); gorroto edo ezinikusi adierazteko, gibelmin (17. or.); pisu edo zama adierazteko, hazta (42. or.); talde adierazteko, aralde (45. or.); olatu adierazteko, baga (102. or.); oturuntza adierazteko, tripa-festa (102. or.); maitasun adierazteko, maitazarre (103. or.); askatzaile adierazteko, jaregile (144. or.)…
โEuskara batuak onartzen dituen sinonimoakโ zioenean, gainera, euskara batu orohartzaile bat bide zuen buruan. Ekialdean orain, mendebaldean gero, Mataukok handik eta hemendik aukeratzen ditu hitzak, dena da batua premisapean. Hiztegietan iparraldeko marka duten utzietsi (16. or.), erroteria (19. or.), oraino (20. or.), nehoiz (102. or.), lotseria (103. or.), kausitu (144. or.) eta beste hainbat baliatzen ditu, esate baterako, baina baita bizkaiera markadun maraztasun (16. or.), gura (19. or.) eta beilegi (140. or.) ere, adibidez. Dotore, oparo, orekatu.
Lexiko hautaketa aberats hori, dena den, ez da apeta berekoi eta bakarzale batek bultzatua. Mataukok oso gogoan du irakurlea, eta ondo neurtzen du zer non sartu, ulermenari traba ez egiteko moduan. Titakatu eta guda-oin hitzak, adibidez, ezezagun samarrak izango zaizkigu askori bakarturik irakurriz gero, baina ez dira batere eragozpen pasarte honetan:
Baso ilunezko olatu eztietan, muinoek titakatzen dute landa zabala. Iturbegiei pol-polka darien oihartzun zilarra hedatzen da gelditasun bakartuan. Pentsalari sortzaileari, urte horietan guztietan azokan, foroan, guda-oineko kanpadenda barruan edo hainbat bidaiatan ibili eta gero, azkenik arima zabal-zabal egin zaio hemen. (17. or.)
Batzuetan irudimen handiz zukutzen du hizkuntza, mezua oso modu bisualean helarazteko. Zer da hots-tutua? Eta zer eskuak uztaitzea? Bada, begira zeinen erraz irudikatzen dugun hemen nola ari den sultana eskuak jartzen bere gudariei oihu egiten dien bitartean:
[Sultana], bere paxaek inguratua, zaldi gainean ur sakonean sartu, tunika busti egin, eta, hots-tutu moduan eskuak uztaiturik, ahots suminean oihuka agindu die beretarrei kristauen itsasontziak kosta ahala kosta hartzeko. (45. or.)
Hiztegi joria ez ezik, hitzen soinua ere garrantzi handikotzat jotzen zuela adierazi zuen Mataukok, gorago ikusi dugun bezala. Itzulpenaren aurkezpen-egunean kontatu zuen ezen, liburuaren izenburua hitzez hitz itzuli izan balu, Gizadiaren izar uneak aterako zitzaiola. Jatorrizko alemanezkoak hoskidetasun bat gordetzen omen du, ordea, eta berak ere gauza bera bilatu nahi izan omen zuen euskarazkoan: Gizadiaren oren gorenak. Izenburuan bakarrik ez; liburuan barna askotan igartzen zaio hitzen soinuarekin jolasteko asmoa. Hemen zerrendatzen ditudan bikote hauek kasualitatearen ondorio izan litezke, noski, baina Mataukoren iritzia ezagututa, litekeena da berariaz bilatutakoak izatea:
Beraz, kanoi sendoagoak lortu behar! Luzeagoak, helmen eta ahalmen handiagokoak, orain arte gerra-lanetan ezaguturikoak baino. (41. or.)
Astiro, temaz, baina eutsi ezinekoak, alimaleko kanoiek birrin eta irin egiten dituzte รฑirรฑirazko hozkadekin Bizantzioko harresiak. (42. or.)
Egia da gauean setiatuek zulo horiek adabatzen dituztela gero eta beharrezkoagoak diren oholesiz eta mihise-kanaz, baina, hala ere, ez da gehiago lehengo harresi sendo, ukigabea. (42.-43. or.)
Pasarte honetan, bestalde, nabarmena da r-aren aliterazioa, zer eta kanoi baten probaldia deskribatzen duenean:
Izugarrizko burrunba-hotsez su-orratzak gorrituriko ahoak tu egin duenean harrizko bola ahaltsua eta murrua porrokatu tiro-proba bakar batez, Mehmedek manua eman du laster artilleria oso bat egiteko neurri erraldoi horietan. (41. or.)
Ortzadar gehigarriko elkarrizketan, Mataukok esan zuen euskal itzulpengintzak bazuela edozein hizkuntzaren prosa jasoa emateko maila. Ados nago. Eta horren adibide ezin hobea Matauko bera da. Imajina ezazue itsas borroka indartsu bat, film bateko eszena zirraragarri bat, euskara bizi, zehatz eta adierazkorrean deskribatua. Orain, irakurri eta gozatu:
Orduan zerbait ikaragarria gertatu da. Haizea behingoan gelditu da. Iman batek atxikiak iduri, lau belaontziak guztiz hilik geratu dira itsasoaren erdian, salbabide duketen kaitik harrikada pare batera, eta, bozkariozko basa-garrasi batean, etsaien arraunontzi aldra guztiak erasoari ekin dio lau galeoi herbalduen gainera, lau dorreren antzera higige baitaude uraren gainean iltzatuta. Orein batekin ankerrak izaten diren artzain-txakurrak nola, ontzi txikiak abordatze-kakoez zintzilikatu dira handien alboetan, zurerian aizkora-ukaldi zorrotzak emanez hondorarazteko, talde beti berrituekin katuka igoz aingura-kateetatik, haize-oihalen aurka zuziak eta ilintiak jaurtikiz, irazekitzeko asmoz. Armada turkoaren kapitainak, bipil, beraren bandera-ontzia aurrerarazi du garraio-ontziaren kontra, erasoan hartzeko; dagoeneko bi itsasontziak bata bestearen barruan ahokaturik daude eraztunen gisan. Genoar marinelak, euren karelaren garaiak eta kota-mailek babestuta, hasieran oraindik atzera botatzen ahal dituzte gorantz igotzen direnak, oraindik oldartzaileak uxatzen dituzte kako eta harriekin eta su grekoaz. Baina laster hesialdiari amaiera eman behar zaio. Gehiegi dira gutxi-gutxi batzuen aurka. Genoar itsasontziak galduta daude. (44. or.)
Berandu bada ere, bihoakio hemendik Edorta Mataukori nire miresmenaren aitortza.
Nire azken liburuan, bada kontzeptu bat euskaraz izendatzeko ikerketa interesgarri batera eraman ninduena. Kontzeptu horri, teknikoki, desinformazioa esaten zaio, eta, modu arruntagoan, bulo (esp.) / infox (fr.) / fake news (ing.). Liburuan azaltzen dudanez, desinformazioa informazio faltsua eta asmo makurrekoa da, gauza biak aldi berean.
Euskaraz, desinformazio terminoaren ondoan, hitz arrunt bat nahi nuen, baina gezur baino modulatuagoa. Hiztegietan arakatuz, egiez aurkitu nuen, Larramendik asmatu bide zuen berba bat, eta hor hasi zen nire esplorazioa.
Larramendiri beti aitortu zaio euskararen sustapenean izan zuen garrantzia, eta beraren gramatika ere goraipatua izan da. Larramendiren hiztegi hirukoitza, ostera, ez da lar serio hartu, zeinda kanpokoen kritikak isilarazteko eta euskaraz ere hiztegi potolo bat bazegoela erakusteko asmoz osatu izan balu bezala. Nik ideia hori nerabilen buruan egiez hitza โebaluatzenโ ari nintzenean, harik eta, nirea baino iritzi hobeen bila nenbilela, Blanca Urgellen testu bat aurkitu nuen arte.
Euskararen historia (2018) obra handian, 7. kapituluan, Urgell lehen euskara modernoaz ari da, eta atal luze bat (573-582. or.) Larramendiren itzalari eskaintzen dio. Irakurri, eta ez nuen zalantzarik izan. Egiez egokia iruditu zitzaidan nire libururako, eta, harrezkero, ETBn ere erabilgarri izan zaigu Larramendik eraturiko hitz hau.
Hasteko, โexโ terminoa bera nabarmendu genezake: aurrizki batetik abiatuta substantibo bihurtzen dena, jadanik ez den baina noizbait izan zen zera hori (bikotekide ohi, maitale ohi, lagun ohiโฆ ohi-ohi?) definitzen duena. Nabarmenki falta den zera hori. Nire ex-a zarela diodanean, ez nabil izan zinenari buruz; are, saihestu egiten dut hori. Baina adierazten dut nire afektuetan leku garrantzitsua izandako norbait zarela, lotura indartsu eta (neurri batean behintzat) aldebikoa. Elkarbanatutako harreman bat, bion artean eutsi genuena, eta gaur egunera arte eraldaketan jarraitzen duena.
Hitzok Valentina Berrek koordinatutako (h)amorยนยนex liburu kolektiboaren hitzaurretik atera eta (askatasun handiz) itzuli ditut. Liburuak hausnarketarako hamaika gai proposatzen baditu ere, irakurri bitartean bat gailendu zitzaidan beste denen artetik: nola izendatu harreman (edo hutsune) hori euskaraz?
Badaude moduak, noski. Baliteke nire kezka poetikoagoa izatea linguistikoa baino. Baina bi hitzek piztu zidaten azaltzera noan obsesio txikia: jada aipatutako ex eta gaztelerazko ausencia hitzek. Biak ala biak hasierako paragrafoaren jatorrizko bertsioan agertzen dira.
Ex hitza euskaraz ere badarabilgu, kaleko hizkeran bederen, baina beti bakarrik (izan ohi zen hura zer zen esan gabe, alegia) eta gehienetan bikotekide ohi bati erreferentzia egiteko. Ez dugu esaten โhori nire ex-laguna daโ, arraroa litzatekeelako. Horren ordez, โhori nire lagun ohia daโ diogu. Ohi hitza, ordea, ez dugu bere horretan erabiltzen; hots, ohi-k ez du egin partikula izatetik substantibo bihurtzerainoko bidea. Eta aitortuko dizuet pena iruditzen zaidala: โhori nire ohia daโ, โai, begira, zure ohia datorโโฆ nire iritziz oso balekoak lirateke. Ahots goran esanda, ohe eta lohi hitzekin nahasteko aukera ere apropos xamarra ez al da ba?
Ausencia hitzak bestelako buruhausteak sortu dizkit. Blog honetan askotan ikusi gisan, Itzultzaile neuronalari galdetu diot lehenbizi, berak nola euskaratuko lukeen jakin nahian. Ez egote/izate, kanpoan izate/egote, absentzia, urruntze, aldentze, urrunaldiโฆ proposatu dizkit. Baita falta eta gabezia ere. Batek ere ez nau guztiz konbentzitu, itzulitako paragrafoan โnabarmenki falta den zera horiโ jartzea erabaki dudan arren (jatorrizkoan: โun aquello significativamente ausenteโ). Iruditzen zait karga fisiko handia dutela denek, jada ondoan ez dagoen zerbaiti erreferentzia egiten diotela. Baina zer gertatzen da ez dagoen hori lotura bat denean? Eta oso presente dagoenean? Ustez falta den horri aurrez aurre begira ari bagara, zein hitz erabili behar genuke?
Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox liburuaren sinopsian ausentzia hitza erabiltzen da: โTxema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentziaโ. Ausentzia. Hau zen ia. Hutsuneari forma eta egotea ematen dizkiola iruditzen zait. Baina hara nire harridura, Euskaltzaindiak ausentzia txartzat jo eta absentzia hobetsi duela jakitean. Ohitura kontua izanen da ziurrenik, baina absentzia-k gauza teknikoegietara eramaten nau: laneko absentismora, medikuaren kontsultaraโฆ
Atzera Interneten sartu, eta Pablo Nerudaren poemen itzulpenera jo dut orduan. โMe gusta cuando callas porque estรกs como ausenteโ, zioen bere bertso famatuenetako batek. Olerkian aurrera jarraituz gero, โme gusta cuando callas y estรกs como distanteโ irakurriko dugu. Topatu dudan lehenengo itzulpena Annie Etxeberrirena da, eta hala dio: โixiltzen zirelarik maite zaitut, urrun bazine bezala zirelakotzโ. Distante hitza ere berdintsu itzuli du: โurrun bazine bezala ziraโ. Itzulpen ederra da, inondik inora; baina ez dit lehengo zalantza argitu.
Aurreko kolaborazioan euskararen kosmobisioaz aritu nintzen. Zer dio gutaz ausentzia izendatzeko hitzik ez izateak?
Egia esan, ez dut uste hala denik. Euskaldunok nahiko nostalgikoak garela esanen nuke, eta nahi beste modu topatzen ditugu horri bide emateko. Azkenik, beraz, nostalgiaren Erreginarengana jo dut: Anarirengana. Autodefinitua kantaren lerro honetara, zehazki:
โZenbat gauza kabitzen den zu bezalako hutsune bateanโฆโ
Oinez ibiltzea gauza sinplea da, arrunta, oharkabean egin ohi dugun zerbait, baina harrigarria da zenbat liburu idatzi diren โeta idazten direnโ ibiltzeaz. โIbiltzearen inguruko literatura azpigenero bat da kasikโ, irakurri dut Euskal Idazleen Elkartearen Hegats aldizkarian. 60. zenbakia oso-osorik gai horri eskainia da, Oier Gillanen zuzendaritzapean. Zerrenda luzea egin liteke ibiltzearen gaiari zuzenean edo zeharka heltzen dioten liburuak biltzen hasita. Nire gustukoenen artean, Frรฉdรฉric Gross-en Marcher: une philosophie, eta Rebeca Solnit-en Wanderlust: A History of Walking. Bietan ere, ibiltzearen eta idaztearen artean dagoen harremana aztertzen da, eta ibiltari handi izandako filosofo eta idazle ugari aipatzen dira, gizonezkoak gehienak. Baudelaire izan omen zen aitzindari, ibiltzeko modu berri bat abiarazi baitzuen, industrializazio garaian zabaldutako hiri handietan barrena alderrai, eskuak poltsikoetan, inguruari beha. Harekin sortu zen flรขneur ibiltaria. Gero etorriko ziren surrealistak, dadaistak, situazionistak, deribaren teoria eta abar. Eta, beranduago, flรขneuse hitza, Lauren Elkin-ek bultzatuta, baina ez aurreko kontzeptuaren femenino simetriko gisa, beste zerbait bezala baizik, Irati Majuelok Hiria gure oinetan liburuan azaltzen duen bezala. Generoak hori ere baldintzatzen baitu, nola, zergatik eta zertarako korritzen ditugun kaleak, eta bideak.
Euskaraz genero femeninoa adierazteko erabiltzen diren hitzen artean, badago mari(-) osagaiaren bidez eraikitako sail bat. Duela gutxi Isabel Etxebarriak blog honetan aipatu zituen, Galletagileak, kondesak eta mari-lotsagabeak artikuluan, eta zehaztu zuen sail horretako hitzek emakumea kalifikatzea dutela helburu.
mari Zenbait izenen edo izenondoren aurrean ezarririk, emakumezkoak erdeinuz izendatzeko erabiltzen den hitza.ย Saila.
Hitz horietako bat hartu nahi nuke hizpide sarrera honetan: mari(-)bideetako, eta, analogiaz, mari(-)kaleetako. Euskaltzaindiaren hiztegian ez da jasotzen, baina bai beste batzuetan, gaur egun erabilera bizirik dagoen seinale, nahiz eta ez egon oso hedatuta.
Orotarikoan:
mari-bideetako, maria bideetako iz. “Mujer pรบblica, ramera (FSeg)”
Orain dela urte batzuk, bai Euskaldunon Egunkaria-n eta bai Berria-ren aurreneko hilabeteetan, sarriago irakur zitekeen, lepazuri,ย maribideetako, neska txiki eta antzeko samur-xanoak baztertuta, puta eta prostituta maileguen aldean euskaldun zitzaigun emagaldu.ย Iรฑigo Aranbarri
Mari, erabilera gaiztoetarako bide da ia beti: mari-zikin, mari-mutil, mari-maistra, mari-ttarttala,ย maria-bideetako… eta baita mari-matraka ere. Iรฑigo Aranbarri
Jijau hiztegian:
iz. prostituta (errepide bazterrean dabilena). Mari-bideetakoa auto batean sartu ta, geroztik inork ez du ikusi. enย streetwalker.
Beatriz Fernandezek Ariadnaren haria liburuan azaltzen du prostituta tabu hitza saihesteko eufemismo gisa erabiltzen dela mari(-)bideetako.
Mari bideetako Arratiako Berbategian ere jasotzen da, baina beste adiera batekin:
iz. Batera eta bestera, bueltaka, sarritan ibilten dan andrazkoa. (J. Undagoitiak jasoa)
Ez du loturarik egiten prostituta hitzarekin, nahiz bai emakumearen โibilerarekinโ, hitzaren bi adieretan, eta irudi luke apur bat hurbilago dagoela hasieran hizpide hartu dugun flรขneuse kontzeptutik.
Flรขneur zein flรขneuse kontzeptuetan bada funtsezkoa den alderdi bat: begiradarena. Flรขneur-a begiratzen duen norbait da, behatzen duen horren kronista, eta, beraz, subjektu. Hain zuzen, hortxe dago koxka, begiradaren subjektu izate horretan, eta ez objektu. Hegats aldizkarian Fiona Songel-en Leer las calles liburuko aipu esanguratsu bat jasotzen da:
Flaneria praktikatzeko betekizunetako bat โikusezinaโ izatea da, eta emakumea, bidegabeki bada ere, jendaurrean โikusi egiten daโ kronista gisa diharduen gizon behatzailearen begietan. Ez da emakumea bere burua erakusten duena, baina jendaurrean bakarrik ez da oharkabean pasatzen. Are, esan liteke flรขneura bera dela flรขneusearen existentzia eragozten duena, emakumeari bere praktikan sartzea eragozten baitio behaketa objektutzat hartzean eta bere burua subjektu behatzaile gisa eraikitzean.
Behatzaile izan ahal izateko, emakumea oharkabean pasatu behar da; adibidez, โkoartadaren batโ duelako. Street Haunting: A London Adventure testuan, kasu, Londreseko kaleetan barrena dabilela ikusitakoa kontatzen du Virginia Woolf-ek, arkatzarentzako minarik gabe geratu izanaren aitzakiaz etxetik atera eta Strandeko saltoki batera doala. Beste aukera bat da begirada hegemoniko kalifikatzaile horretatik at egotea, hark โbazterrekotzatโ irizten diolako, edo, bestela, interesik gabea, Olga Tokarczuk-en Kairรณs ipuineko emakumezko protagonista bezala, zeinak ikusezintasuna eskuratzen baitu adin-ertaineko-emakume bihurtzean.
Karmele Jaiok bere Harrizko Bihotza taupaden alfabetoan sarrera bat eskaini dio flรขneur hitzari. โAzkenaldian asko begiratzen dut zeruraโ, dio; baina nahi baino gutxiago, ez dezaten zorotzat hartu: โBatzuentzat zoroen kontua da espaloiaren erdian zeruari begira geratzea, baina agian erresistentzia modu bat da zoraturik dagoen mundu honi aurre egitekoโ.
Nik ere erresistentzia modu bat proposatu nahi dut, hitz eder bati esanahi zatar bat erauzi eta adiera berri batez janzteko, alfabeto eta hiztegietan sar dadin:
mari(-)bideetako, maria bideetako iz. Inoren begiradatik aske bideak eta kaleak nahieran korritzen dituen emakume beregaina, inguruan duenari so. Sarrera erlazionatuak: mari(-)kaleetako, mari(-)munduko