Tudelatik Zarautzera

Ane Eslava Serrano

Azken urteotan editore lanetan nabil. Gurean baditugu estilo-liburua eta hizkuntza-irizpideak, eta argitaratzen ditugun liburuetan horiek aplikatzen ditugu. Baina, arauak arau, ezin uka egunerokoan zalantzak eta buruhausteak sortzen zaizkigula. Ez dira gutxi irizpideei bueltak ematen, egileen proposamenak aztertzen eta erabakiak berriro mahai gainean jartzen ematen ditugun tarteak. Eta bada kontu bat, ongi zehaztuta eta finkatuta izan beharko genukeen arren, noizean behin dilema beraren aurrean jartzen gaituena: toponimia.

Gurean euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen ditugu liburuak, nazio ikuspegia duen proiektu euskaltzale baten barruan. (Erabaki horrek berak berekin dakartzan kontraesanak eta eztabaidak asko izan daitezke, baina beste baterako utziko ditugu, gaurkoan ez baitzaizkigu lerrootan kabitzen). Jardun horretan, guztiz irmoki definitzea lortzen ez dugun zerbait dago: erdarazko liburuetan Euskal Herriko leku-izenekin zer egin.

Gaztelaniaz argitaratzen ditugun liburuei dagokienez, zentzuzkoa izan liteke toponimo guztiak gaztelaniaz ematea, testua hizkuntza horretan idatzita dagoenez gero. Baina, gure proiektuaren izaera aintzat hartuta, deserosoa zaigu Euskal Herriko mapa erdal izenez betetzea. Hortaz, beste irizpide batzuk bilatzen ditugu, eta hor hasten dira buruhausteak.

Testu honen irakurleok ongi jakinen duzuen bezala, Euskaltzaindiak bere izendegietan euskal izen arautuak eta izen ofizialak bereizten ditu. Askotan horiek bat datoz, baina beste batzuetan ez, eta zenbait herrik izendapen ofizial bikoitza dute. Izenen ofizialtasuna, ordea, administrazioen eskumena da, lurralde bakoitzeko legediaren araberakoa. Nafarroan, gainera, Euskararen Foru Legeak ezarritako zonifikazioak ere badu eragina toponimoen araubidean. Horrela, esaterako, Faltzes eta Artaxoa euskal izen arautuak dira, baina Falces eta Artajona dituzte izen ofizialak. Zangoza, aldiz, Sangรผesa-rekin batera ageri da izendapen ofizialean, zehar-marraz banatuta, eta Lizarra, Estella-rekin, marratxoz lotuta. Eta abar.

Pluraltasun horrekin, ezinbestekoak zaizkigu irizpideak eta arauak, baita gure erreferentziazko hedabideen estilo-liburuak ere. Askotan jotzen dut nik ere Berria egunkariarenera. Horrek euskal izena, izen ofiziala eta erdal erak bereizten ditu, eta guztien artean zein hobesten duen zehazten du. Horraino, dena nahiko argi.

Baina itzul gaitezen gure buruhaustera. Demagun erdarazko testuetan izen ofizialak erabiltzea erabakitzen dugula, eta bi izendapen ofizial dauden kasuetan euskarazkoa lehenestea, esaterako. Ados, aurrera. Esan dugu eskura ditugula hainbat tresna, kasu bakoitzean zein erabili behar dugun egiaztatzeko. Zein da arazoa, orduan? Liburu bateko paragrafo edo esaldi berean nahasten ahal zaizkigula: Cambo-les-Bains, Mutriku eta Villafranca; Larrabetzu, Aussurucq eta Elciego; Bilbao, Donostia eta Maulรฉon-Licharre. Herrialde bereko herri eta hirien izenak, batzuk euskaraz, beste batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk frantsesez, bata bestearen ondoan. Edozein irakurlerentzat arraro samarra izan daiteke hori. (Eta ez ote den gure kalterako: ez al geundeke apurtu nahi ditugun muga zentzugabeak gu geu are gehiago seinalatzen? Ala horixe da egin behar duguna, hain zuzen ere?).

Halakoetan, egileren batek proposatu izan digu: โ€œEta denak euskaraz jartzen baditugu?โ€. Ados, denak euskaraz, beraz. Baina orduan ere sortzen dira errezeloak, eta batek baino gehiagok esan izan digu โ€œarraroโ€ egiten zaiola berak sinatutako gaztelania hutseko testuan Dulantzi, Ibiltzieta edo Donibane Lohizune irakurtzea. โ€œEz zaio irakurleari arrotz eginen? Ez du testuaren naturaltasuna hautsiko?โ€. โ€œTira, bada, testua gaztelaniaz denez, jar ditzagun den-denak gaztelaniazโ€, izaten da orduan proposamena. Baina hor azalduko zaizkigu Echarri-Aranaz, Yanci, Lequeitio, Oyarzun… Eta, horiek bai, horiek begietako mina eragiten digute. Horiek bai iruditzen zaizkigula โ€œantinaturalakโ€.

Jakina, toki-izen bakoitzak bere historia du, eta ez dira kasu guztiak parekagarriak. Arauetan eta izendegietan aurkitzen dugun aniztasuna ez da kapritxo hutsa. Eta gure herriak eta hizkuntzak bizi izan duten zapalkuntzaren, hizkuntza-politiken eta administrazio-zatiketaren arrastoak ere badira hor. Debekuek eta bazterketak eragina izan dute gure bazterrak izendatzeko moduetan. (Eta, hala ere, gogoan izan: toponimia aztertzen hasiko bagina, euskararen aztarnak askok uste dutena baino eremu dezentez zabalagoan aurkituko genituzke. Baina hori ere beste egun baterako kontua da).

Arauak behar ditugu, noski; izendegiak eta estilo-liburuak. Hizkuntza bizirik dago, toponimia ere bai, eta eskerrak irizpideak berrikusi eta egokitzeko aukera dugun. Ez dut horien beharra zalantzan jartzen, ezta argitalpen bakoitzak bere irizpideak finkatzeko duen eskubidea ere. Eta ez nuke esanen erdarazko toponimo bat erabiltzea kontzientzia nazional faltaren erakusgarri denik, bere horretan; ezta kontrakoa egitea ere.

Baina niri beste zerbaitek ematen dit hemen zer pentsatua. Arauak arau eta irizpideak irizpide, zer erraz esaten dugun Zarrakaztelu edo Galipentzu ez direla โ€œnaturalakโ€ irakurlearentzat, eta zer irmotasunez baztertzen ditugun, aldiz, Guetaria edo Guernica. Zer erraz markatzen ditugun mugak geure buruan, arauei begiratu beharrik gabe. Zer den naturala eta normala, eta zer ez.

Seguruenik, naturaltzat eta normaltzat jotzen dugun hori urteetan entzun, irakurri eta barneratu dugunaren emaitza da. Administrazioaren mugek eta hizkuntza-politikek ez dute mapetan eta karteldegietan soilik uzten arrastoa: pertzepzioetan eta intuizioetan ere errotzen dira. Eta, ohartu gabe, euskarari zilegitasun handiagoa aitortzen diogu lurralde batzuetan beste batzuetan baino.

Frantz Fanon[1] pentsalari martinikarrak ederki azaltzen zuen kolonizatzaileak ez duela soilik lurralde bat menderatzen: kolonizatuaren subjektibotasuna ere moldatzen du; hark bere burua eta mundua ulertzeko eta izendatzeko moduan eragiten du. Linda Tuhiwai Smith[2] ikertzaile maoriak, berriz, zuzenean lotzen du kolonizazioaren auzia toponimiarekin: lurrari izen berriak jartzea, ideologikoki, lurra bera eraldatzea bezain indartsua izan zitekeela idatzi zuen. Izan ere, belaunaldi berriei irakasten zitzaizkien izen berriak mapetan eta komunikazio ofizialetan agertzen ziren, eta lurralde horien eta herri indigenen memoria historikoaren arteko loturak ahultzen laguntzen zuten.

Horregatik, bai: irizpideak finkatzea eta horiek betetzea garrantzitsua da. Baina, horietatik harago, herri bat baldin bagara, geure barruan marraztutako mugak ere aztertu beharko ditugu. Gure iruditeria berrikusi, eta geure buruari galdetu zer (eta zergatik) dugun naturaltzat eta zer (eta zergatik) arroztzat, eta zenbateraino dagoen kolonizatua gure inkontzientea. Tudelatik Zarautzeraino.


[1] Fanon, Frantz (1961). Les damnรฉs de la terre. Paris: Franรงois Maspero. [Gaztelaniazko edizioa: Los condenados de la tierra. Tafalla: Txalaparta, 1999. Bego Montorioren itzulpena].

[2] Smith, Linda Tuhiwai (1999). Decolonizing Methodologies: Research and Indigenous Peoples. Londres: Zed Books. [Gaztelaniazko edizioa: A descolonizar las metodologรญas. Investigaciรณn y pueblos indรญgenas. Tafalla: Txalaparta, 2017. Kathryn Lehman-en itzulpena].

Zure oinetara

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Lehenengo atala: Irakurlea ohartu zenerako, han zeuden.

Izan zen garai bat ez nintzena oin-oharren sobera zale. Uste dut bat gatozela esaten badut ez dagoela oso argi noiz irakurri behar diren oharrok: agertu eta berehala, perpausaren elementuen artean; esaldia amaitutakoan, orriaren amaierara heltzeanโ€ฆ

Lehen molestatzen ninduten: irakurketaren erritmoa galarazten zidaten, eta, batzuetan, luzeekin bereziki, haria galtzera iritsi izan naiz inoiz. Nori ez zaio pasatu? Baina jolas baten moduko zerbait bihurtu dira orain: ea zer dieon honek honi buruz; ui, hau zergatik… Eta, bereziki, narratibako itzulpenetan (poesia itzulpen gutxi, eta saiakerak are gutxiago irakurtzen ditut beste hauen aldean).

Egile batek erabaki lezake idazten ari denaren gainean zerbait eranstea: estetikoki gustatzen zaiolako, azalpen pertinentea iruditzen zaiolako, edo dena delakoagatik. Testua berea du (Danele Sarriugarteren Erraiak-en amaierako oharrez betetako eranskina, edo Garazi Arrularen Dakigun hori liburuko esku-oharrak, adibidez). Editoreek ere jarri izan dituzte oharrak, ez hain sarri beharbada. Baina haiek ere badira testuaren jabe, nolabait, eta iruditu zaienean oharra jarri behar zela, hara, salto bat orriaren beheko marjinetara. Aipatu jolasa dator itzultzaileen oharrak agertzen direnean.

Itzultzaileek, borondate onenarekin, liburua eusten dutenei zuzentzen zaizkie irakurketaren gatazka txikien berri emateko: testuinguru sozial, politiko, historiko, kulturala dela; erreferentzia intertestualak direla; gorputzean ageri den aipu baten itzulpena delaโ€ฆ

Eten txiki bat bitxikeria modura. Gogoan dut, aurtengo udaberrian, aspaldi argitaratutako liburu baten berredizioa prestatzen ari ginela zalantza sortu zitzaigula zer egin oin-oharrekin. Japoniako eleberri bat zen (gazteleraz), eta ez ziren gutxi orriaren azpiko aldera egindako erreferentziak: ramen, shashimi, geishaโ€ฆ Gisa horretakoak ziren. Tira, gaur egun, globalizazioaren eraginez-edo, gehienak ezagun genituen. Baina, hala ere, hor uztea erabaki genuen.

Ea, jolasa aipatzen nuen gorago, iruditzen baitzait batzuetan irakurlearen jakin-nahiari gailentzen zaizkiola itzultzaileen apetak edo zenbait erabakiren inguruko justifikatu-nahi bat. Ez diot gaizki daudenik xede horiekin egindako oharrak. Besterik gabe, ez ote dugun behar baino gehiago pentsatzen irakurleengan, irakurleek guregan pentsatzen dutenaren aldean (gure komunitatetik kanpo ari naiz; irakurle arruntaz alegia).

Eta hain justu, horixe izango da nire aurtengo aletxoaren norabidea. Gaur gaia aurkeztu dizuet. Mamia abenduan helduko da. Asmoa da bospasei titulu aukeratzea, euskarara egindako itzulpenak denak ere, eta bertan agertzen diren oin-oharren inguruko azterketa tipologiko xume bat egitea, oharrok duten xedearen arabera sailkatuta. Hori guztia amaitzeko, martxoan emango ditugu ondorio batzuk. Ea zer ateratzen dugun hemendik.

Bitartean, oin-oharrengatik interesgarria izan daitekeen erreferentziarik okurrituz gero, pozik entzungo ditut ekarpenak[1].


[1] Zuek ere jausi zarete.

Portaera fisikoa egoera solidoan

Beรฑat Sarasola Santamarรญa

Filosofia Fakultateko Hemiziklora sartu naiz, irten nintzen azken alditik bi hamarkada igaro direla. Han zegoen orduan Fakultateko liburutegia eta hara joaten ginen ikastera. โ€œEserleku horretan jartzen nintzen niโ€, esan dit kideak, โ€œni hemen, eskuinaldeanโ€, seinalatu diot. Carlos Santamaria liburutegia eraiki zutenean, bertan zentralizatu zituzten fakultateetako liburutegi guztiak eta, ordutik, Hemizikloa soilik ekitaldi berezietarako irekitzen dute. Hogei urte, beraz, behialako garaien usaina duen aretora sartzen ez nintzela, eta oroipen proustiar moduko batek erasan nau kolpetik. Berdin-berdin dago, hain berdin ezen ez dugun gaur egun ezinbestekoak omen ditugun entxufeetako bakar bat ere aurkitzen. Apalategiak, ordea, ezberdin daude. Liburuak Santamariara eraman zituztenean, haien ordez Pentsamenduaren Klasikoak bildumako alez bete zuten apalategia. Antza, bere garaian liburuon erosketa zabal bat egin zuten (nork erosiko zituen liburu horiek, ez bazen Filosofia Fakultateak?), eta liburu bakoitzeko ale mordoa dago, inoiz agertzen ez den balizko irakurle koitadu baten esperoan.

1991n jarri zen martxan bilduma eta 2010ean argitaratu azkeneko alea, Jean Piaget eta Noam Chomskyren Hizkuntzaren irakaskuntza. Denera, 130 liburu. Errepaso azkar bat eginez, bildumatik irakurri genuen institutuan Platonen haitzuloaren mitoa, handik, jada karreran, Bertrand Russellen Filosofiaren arazoak, Descartesen Metodoari buruzko diskurtsoa eta Humeren Giza ezagutzari buruzko ikerketa. Gehiago ere egongo ziren, orain gogoan ez ditudanak.

Liburuak eskutan hartzen dituzunean, lehen begi kolpean da deigarria zeinen edizio zainduak egin zituzten; zentzu materialean ez ezik itzulpenari zegokionez ere. Berrikusle kualifikatu batek hartzen zuen parte ale bakoitzean, terminologia eta edukia zaintzeko, eta hitzaurregilea tentuz hautatzen zen. Garai bateko egiteko moduaren erakusle da nolabait, gauzak patxada handiagoaz egiten zirenekoa.

Garaiko ahalekin, hori bai. Izan ere, batez ere bildumako hastapeneko itzulpen ugari iraganak jota baitaude, eta zaila da irakurketari ondo eustea. Zorionez, asko garatu da euskal prosa azken hogeita hamar urtean eta bilduma hori da horren testigu pribilegiatu. Horratx euskal itzulpengintzaren eboluzioaren azterketa baterako ikergaia, 130 liburu horien garapenari erreparatzea. Zaila da zehazten euskal itzulpengintzak noiz eman zuen jauzi kualitatiboa eta atzean utzi aspaldiko mantra hori, hots, euskal itzulpenak ez zegoela ulertzerik (eta, beraz, erdarazko bertsioetara jotzen genuen). Baina 1990eko hamarkadaren erditik aurrera gertatu zela esango nuke.

Behin baino gehiagotan aipatu izan du Anjel Lertxundik 1991n Carla nobela argitaratu berritan Juan Garziak honakoa jaulki ziola: โ€œHas dado en la lรญnea de flotaciรณnโ€. Flotazio-marran eman zuela, alegia. Zergatik? Seber Altuberen dogma nagusia, galdegaia beti aditzaren ezkerretara joan behar omen delakoa, muturreraino eraman zuen Lertxundik liburu hartan eta, Garziaren arabera, ez zegoen idazkera hori ulertuko zuen Altuberen seme-alabarik. Esaldi luze eta korapilatsuetan, Altuberen lege gotorra izugarrizko oztopoa gertatzen zen, eta testugintza literariorako muga nabaria. Esango nuke 90eko hamarkadan zehar joan zela euskal sintaxia altubismotik pixkanaka libratzen eta geroz eta testu sintaktikoki malgu eta ulerkorragoak ontzen, konplexutasuna gorabehera. Lertxundiren beraren 1994ko Otto Pette da, zentzu horretan, mugarri bat.

Duela gutxi irakurri dut puntako euskal itzultzaile baten 1990. urteko itzulpen bat. Berehala sumatzen diozu testuari behar ez duen karga, hain justu arrazoi sintaktikoak medio. Itzultzaileari berari aipatu nionean, berehala esan zidan: zerotik itzuli beharko nuke berriro liburu hori. Testu baten auzi lexikoak eguneratzea ez da hain kontu arazotsua; aitzitik, auzi sintaktikoak eguneratzeko testua itzulikatu behar duzu maiz eta, horretarako, ia hobe zerotik hastea. Egin kontu Lertxundik Carla eta Otto Pette artean argitaratu zuela Kapitain frakasa eta 2021ean bertsio berridatzia argitaratu zuela, besteak beste auzi sintaktiko horiek konpondu nahian.

Horregatik, Pentsamenduaren Klasikoak bildumako liburu askok berridazketa baten premia dute, ez itzultzaileen gaitasun gabeziagatik, baizik eta egungo euskal prosa askoz ere gihartsuagoa delako 90eko hamarkadaren hasierakoa baino. Zer esanik ez mota horretako testuetarako, hots, ideia artikulatu eta argudiozkoetan; hil ala bizikoa baita hor sintaktikoki txukun itzultzea. Garaiak eman zezakeen onena eman zuen bildumak eta horregatik da ulergaitza zergatik amaitu zen proiektua. Zerrendari begiratzen diozu eta, noski, falta direnek ematen dizute arreta lehenik (esate batera, ia ez da emakumerik zerrendan), baina baita zerrendako zenbatek mereziko luketen itzulpen eguneratu bat. Garai batean argi genuen Michel Montaigne, Platon, Sigmund Freud, Madame Staรซl, Mary Wollstonecraft (azken bi horiek ez daude bilduman) euskaraz eduki arte ezingo genuela taxuzko hizkuntzarik eduki. Gaur egun, ez dakit; esango nuke lehentasun handiagoa ematen diogula sareko azken modako zeratxoak euskaraz egon daitezen. Eta, era berean, akaso ahaztu egin zitzaigun gehitzea autore horiek behin itzulita ez zela aski, behin eta berriro itzuli behar direla euskaraz irakurriko badira, taxuzko hizkuntza bat izango badugu.

Deigarria da proiektua finantziatu zutenen zerrenda: BBV Fundazioa, BBK, Kutxa, Vital Kutxa, EHU eta Deustuko Unibertsitatea. Topikoari jarraitzeko, AHTaren kilometro baten kostuarekin Pentsamenduaren Klasikoko zenbat ale argitaratu liratekeen kalkulatzera nindoala despistatu nau telebistako irudi batek: 1994an ingeniaritzako tesia euskaraz idatzi zuen (atzerakargak zamaturik suposatzen dut) gizon zuria ikusi dut Donald Trumpen graziei barrezka. Portaera fisikoa egoera solidoan, izan ere. Zuri kontuez ari garela, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma berpiztea Repsolentzat zuribide aproposa izan zitekeela bururatu zait, 2025ean 1.899 milioi euroko irabaziak izan dituela argitaratu berri den honetan.

Itzulpena eta irabaziak

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Duela gutxi irakurri ahal izan genion Berrian Danele Sarriugarteri โ€œItzulpena eta galeraโ€ iritzi artikulua. Honela zioen amaierako parrafoan:

Itzultzailea naizela esaten dudanean maiz aipatzen didate galera. Zehazki, zera galdetzen didate: itzulpenetan โ€•itzulpenekinโ€• zer galtzen den. Niri, egia esan, irakur dezakedan hizkuntzaren batera itzulita ez daudelako sekula ezagutu ezingo ditudanak, horiexek iruditzen zaizkit gabezia nagusia.

Lerrook aski esanguratsuak dira, artikulu osoa bera bezain. Baina hain hitz gutxitan laburbiltzen du gure jardunaren egoera. Euskarara zer, zenbat eta zergatik ekartzen dugun pentsatzeko aski.

Zer esango dizuet zuei, itzultzaile lagunok, ongi jakinen baituzue gurean itzulpenak oraindik ere baduela halako mamu bat bere gainean. Zailak direla, ez direla fidelak, edo fidelegiak direla, ez dutela jatorrizkoek* duten zera horiโ€ฆ Eta, akaso, poesiarekin bezalaxe gertatzen da: jende batek esaten du ez zaiola gustatzen poesia ez duelako ulertzen. Bada, galdera horiei: egin al duzu benetako ahaleginik gustatzen zaizun eta ulertzen duzun poesia bilatzeko? Alda poesia itzulpena hitzarengatik: egin al duzu benetako ahaleginik gustatzen zaizun eta ulertzen duzun itzulpenik bilatzeko?

Aurrekoan, irakurle taldean, irakurketa proposamenik bazuten galdetu nien kideei, eta batek honela erantzun โ€•erantzun esan badakioke, izan, berez, beste galdera bat izan baitzenโ€•: Itzulpenak irakurriko ditugu beti? Bada, bai, momentuz, bederen, bai. Izan ere, Iruรฑean badira beste irakurle talde batzuk, eta gehien-gehienetan itzulpenak ere irakurtzen dituzten arren, hori dira beti: ere bat; kupo bat (eta ez gaizki hartu talde horietako kide eta gidariok!). Asmo jakin batzuekin sortu genuen taldetxoa: irakurketan zaletzea, elkarrekin irakurtzen ikastea eta kanpoko ideiak gurera ekartzea. Zeren euskarazko sorkuntza lanek (nobedadeek bereziki) badituzte oraindik ere plaza gutxi batzuk rodatzeko. Baina ez dakit ni neu ere inoiz iritsiko nintzatekeen beste garai bateko eta beste herrialde bateko idazleen lanak (euskaraz) irakurtzera, ez balitz talde honengatik. Beraz, horra irabazi txiki bat: ni bezalako beste irakurle batzuk ere, aurretik euskaraz irakurtzen zutenak, edo ez, kanpoko pentsamenduei lekutxo bat egiten beren agendetan.

Aurrekoan ere bai, gure itzultzaile batekin aritu nintzen orain arte lanean tokatu zaizkidan itzulpenez: lan gutxi eman didatela, eta zoragarri etorri direla. Bada, egin apustu itzulpen gehiago kaleratzeko!, erantzun zidan berak baikor. Baina hemen irabazietarako tarte gutxi. Ez naiz luzatuko eta ez dizuet jada badakizuen hori esplikatzen hasiko: zaila dela laguntza ekonomikorik gabe itzulpenak publikatzea, eta laguntzarekin denean ere, errentagarritasuna bera ez dagoela bermatuta. Kasurako: Durangon izan berri gara eta ikusi ditugu poltsak nobedadez gainezka, baina esanen nuke itzulpenik ez dela agertu inongo salduenen zerrendetan, eta, inpresio pertsonal bat, oihartzun gutxi izan dutela aurtengo itzulpenekโ€ฆ Bada sintoma, ezta?

Tira, hauek guztiak badakizkizue, eta, agian, ez dizuet ezer berririk ekarri gaurkoan.

Itzulpengintzan ere egoera irabazien eta galeren parametroetan irakurtzeko joera (eta beharra) dugu, baina bistan da itzulpenak irakurtzeko joeran dena dugula irabazteko: itzulgaiak, irakurleak, laguntzak eta salmentak.

Gizonak, gizakiak, pertsonak

Beรฑat Sarasola Santamarรญa

Sarritan esaten da, zentzuz, itzultzea dela idazten ikasteko biderik taxuzkoenetako bat. Ez da hainbeste esaten baina editatzetik ere irakaspen ugari jaso ditzake idazle edo itzultzaile gaiak. Munduko Poesia Kaierak bildumako aleak editatzen jardun nuen denboran kontziente naizena baino gehiago ikasi nuen ziur aski, halako ikaste prozesuak isil-gordekoak izaten dira eta. Haatik, gogoan dut itzultzaileekin lanean sortutako zalantza bat baino gehiago, eta haietako bikain batekin gertatuaz idatzi nahiko nuke oraingoan.

Poeta baten kaiera ari ginen editatzen, bada, eta poema batean, zeina espetxeen kontrako eta giza duintasunaren aldeko aldarria baita, poetak erruz erabiltzen zuen, espainieraz, hombre hitza.

Las cรกrceles se arrastran por la humedad del mundo,
van por la tenebrosa vรญa de los juzgados:
buscan a un hombre, buscan a un pueblo, lo persiguen,
lo absorben, se lo tragan.

Horrela hasten da poema eta lerro indartsu bat baino gehiago du hombre-rekin bilbatua, adibidez: Ser libre es una cosa que sรณlo un hombre sabe. Espainieraz dakitenek badute hitzaren polisemiaren berri. DRAEren arabera, hona adierak:

1: Ser animado racional, varรณn o mujer. El hombre prehistรณrico.
2: Varรณn (โ€– persona del sexo masculino).
3: Varรณn que ha llegado a la edad adulta.
4: Varรณn que tiene las cualidades consideradas masculinas por excelencia. ยกEse sรญ que es un hombre!
5: Marido o pareja masculina habitual, con relaciรณn al otro miembro de la pareja.
6: Antiguo juego de naipes semejante al tresillo, de origen espaรฑol, que se extendiรณ por Europa en el siglo XVI.
7: En algunos juegos de naipes, persona que dice que entra y juega contra las demรกs.
8: U. para indicar sorpresa o asombro, o con un matiz conciliador. ยกHombre, no te enfades! Hombre, no hay que ponerse asรญ, Marรญa.

Adiera sorta osoak du, segurki, nondik aztertua, baina guri, kasu honetan, lehenengo biak interesatzen zaizkigu. Hombre genero maskulinoari erreferentzia egiteko erabiltzen da baina erabili izan da, hedaduraz (horratx genero nagusikeria), giza espezieko banakako guztiei erreferentzia egiteko. Pentsa, lehenengo adiera da oraindik ere!

Poema irakurrita bistakoa da poetak adiera horretan erabili zuela hitza, hots, gizakiari erreferentzia egiteko, izan gizonezko, emakumezko edo beste genero identitateko. Lehenengo ahapaldiari begiratuz gero argi agertzen da, pertsonifikazioa erabiliz, entitate orokorrez ari dela: gizakia, aberria. Ez, beraz, gizon bati edo gizonei buruz. Itzultzaileak, horregatik, โ€œpertsonaโ€ kontzeptua erabiltzea deliberatua zuen. Arestiko beste adibidea erabiltzearren: โ€œPertsonak soilik daki libre izatea zer denโ€.

Honaino zentzuzkoa dirudi denak, baina editatzen ari nintzela zerbaitek tarrat egin zidan belarrian. Izan ere, garbi dago poetak ser humano zuela buruan poema idaztean baina hitzera ekartzean hombre kontzeptuaren alde egin zuen, beste alternatiba batzuk eskura zituenean. Persona bera, urrutira joan gabe. Orduan, galdera da, autoreak ez bazuen persona erabili, egoki ari ote da itzultzailea termino hori baliatuta? Pertsona jarri nahi izan balu ez zukeen, bada, persona idatziko?

Hermeneutika klasikoan intentio auctoris (autorearen intentzioa) eta intentio operis (obraren intentzioa) bereizi izan da, eta argi dago literatur lanak aztertzerakoan kontuan izan beharrekoak direla. Gure kasuan, galdera honakoa litzateke: itzultzaileak zer itzuli behar du? Autorearen intentzioa? Obraren intentzioa? Biak (posible al da beti)? Hau da, ontzat ematen badugu poetak hombre hitzaren lehenengo adiera zuela buruan eta bere intentzioa gizaki guztiei erreferentzia egitea zela, logikoa dirudi โ€œpertsonaโ€ hitza erabiltzea. Alabaina, poetak buruan zuenaz harago, argudia liteke hombre erabiltzeak (eta beraz, ez beste bat, persona, adibidez) bestelako oihartzun batzuk (generozkoak, besteak beste) ere ekartzen dituela eta obrak hori ere esaten duela. Alegia, itzultzailearen egitekoa ere badela, ahal dela, oihartzun horiek jasotzea.

Beste kontu batekin ere erlazioa du auziak: itzultzaileak zer egin behar du, hizkuntza itzuli edo itzulpen kulturala ere egin behar du? Alderdi kulturala kasu guztietan itzuli behar da? Izan ere, kasu honetan beste kontu eratorri bat da zein tarte utzi behar zaion irakurleari interpretazio kulturala egin dezan, edo zein puntutaraino egin behar duen hori itzultzaileak, jatorrizkoa egungo testuinguru kultural-historikora ekarriz. Hau da, hombre hitzaren erabilera generikoa mantendu behar du itzultzaileak, bere genero karga guztiarekin, eta irakurlearen esku utzi ohartzea garai eta kultura jakin bateko testua dela eta horregatik agertzen dela termino hori horrela (nahiz eta egun, akaso, hozkia eragin)? Edo poetari lagundu behar dio itzultzaileak eta poeta horrek gaur egun hautatuko lukeen hitza imajinatu?

Oihartzunez hitz egin dugu eta ez dute soilik jatorrizko hitzek oihartzun egiten, itzulpenetakoek ere bai, jakina. Gizonkeria ekidin aldera โ€œpertsonaโ€ erabilita ere hitz horrek ere baditu beste konnotazio batzuk, genero kontuaz harago, jatorrizkoak ez dituenak. Filosofiaren esparruan, esaterako, ez dira baliokideak pertsona, gizakia, indibiduoaโ€ฆ Beraz, alde horretatik ere galera izango genuke. Jakina da, itzulpena ur jauzi bat kortxo batekin estaltzen saiatzea da; horregatik du halako meritua!

Itzultzaileari planteatu niona izan zen jatorrizko genero karga mantentzen saiatuko nintzatekeela ni eta irakurlearen esku uzten, nahi izanez gero, irakurketa kritikoa. Euskaraz, โ€œgizonโ€ litzateke, berez, ordain argiena. Ez hori bakarrik, Euskaltzaindiaren Hiztegiak bigarren adiera modura dakar terminoaren ulerkera generikoa. Hori bai, kurioski, Euskara Batuaren Eskuliburuak baztertu egiten du erabilera hori: โ€œGizon, berriz, gizaki arra da, ez generikoa; hitz markatua, beraz.โ€

Edozein kasutan, tradizioan terminoaren erabilera generikoaren kasu enblematikoa dugu, poesian gainera: Gabriel Aresti. Beti dabil gizona gora, gizona behera: โ€œEz ezazue tapa / gizonaren ahoaโ€. Eta abar luze bat. Eta itzulgai zen poeta (Miguel Hernandez, dagoeneko esan dezakegu) primeran kokatzen da Arestiren tradizioan, bion karga soziala aintzat hartuta besteak beste, eta hori ere kontuan hartzekoa iruditzen zitzaidan, poesia itzultzen ari garelarik. โ€œGizonโ€ hitza gogorregia iruditzera, โ€œgizakiโ€ ere hor zegoen, โ€œgiza-โ€œ horrek gordetzen duen jatorri etimologikoarekin: jakina denez, โ€œgizonโ€etik dator. Bistan da, ez da hain erraza gizonongandik libratzea.

Azkenean, nire gomendioak alferrikakoak izan ziren eta itzultzaile maiteak (Josu Landak, dagoeneko esan dezakegu) bereari eutsi zion. โ€œPertsonaโ€ erabili zuen eta, neurri batean, egungo irakurleari bidea erraztu eta, ziur aski, autoreari laguntzatxoa eman. Zer nahiago, orduan: gizonak, gizakiak, pertsonak? Esana dugu, itzultzea ur jauzi bat kortxo batekin estali nahi izatea daโ€ฆ

Erdaraturiko literaturari begira

Elizabeteย Manterola Agirrezabalaga

Aste honetan hamahiru urte bete dira doktore-tesia aurkeztu nuenetik. Erdaraturiko euskal literatura izan nuen aztergai lan hartan, eta euskal literatur liburuak zer hizkuntzatara eta zer bidetatik itzuli izan diren ikertzen jardun nuen. 2010 arteko datuak bildu nituen harako hartan. Duela gutxi datu eguneratuak bildu eta aztertzen ibili naiz, eta azken hamabost urte hauetan izan den garapenari buruzko gogoeta batzuk ekarri nahiko nituzke gaurkoan.

NorDaNor datu basean euskaratik beste hizkuntzetarako 839 itzulpen zenba daitezke 2010-2024 artean. 1980-2010 bitartean, aldiz, 863 itzulpen. Alegia, azken hamabost urteetan aurreko hogeita hamar urteetan adina ekoitzi da. Euskaratik eta euskarara itzuli dena alderatuz gero, bestalde, ikus liteke bi norabideetako itzulpenen proportzioa desorekatua dela: 2010-2024 bitartean, 3.862 itzulpen egin dira euskarara, hortaz, bost itzulpenetik bat besterik ez da euskaratik beste hizkuntzetara egin. Beste azterketa batzuek erakutsi dutenez, ohiko proportzioa dugu hori hizkuntza gutxituen kasuan.

Batez beste urtean 54,6 erdaratutako liburu argitaratu ziren 2000ko hamarkadan, 47,6 2010eko hamarkadan, eta abian dugun 2020ko hamarkadan, aldiz, 52,3. Badirudi jaitsieraren ostean goranzko joera hartua dela berriz. Dena den, azterturiko epealdian eboluzio kronologikoa ez da jarraitua izan; 2010eko hamarkadan krisi ekonomikoak eragin nabarmena izan zuen, bai eta 2020ko pandemiak ere.

2010 arteko datuetan ikusi genuen haur eta gazteei zuzenduriko lanak zirela nagusi erdaratutako liburuen artean. Joera hori bat zetorren euskaraz sorturiko lanekin eta euskararako itzulpenarekin, haietan ere haurrei eta gazteei zuzenduriko lanak baitira nagusi. Alabaina, joera aldaketa bat ikusi dugu azken urteetan; 2010-2024 epean helduentzako literatur lan gehiago itzuli dira haur eta gazteei zuzenduriko lanak baino. Hain zuzen, azken urteetan helduentzako literatur lanek erdaratutako lanen lautik hiru hartzen dituzte. Joera zeharo aldatu da, hortaz. Euskaratutako lanen proportzioarekin alderatuta, bestalde, kontrako joera ikusiko dugu, lautik hiru baitira haur eta gazteentzako liburuak euskaratutako lanen artean.

Generoei dagokienez, berriz, narratiba lanak dira nabarmen nagusi 2010-2024 epealdian ere, eta askoz urriagoak ditugu poesia liburuak, komikiak, saiakera lanak zein antzezlanak. Autore itzulienen artean Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Joseba Sarrionandia aipa litezke helduentzako lanei dagokionez, eta Juan Kruz Igerabide eta Mariasun Landa, bai eta Alaine Agirre eta Leire Bilbao haurrentzako lanetan. Emakume idazleen lanen itzulpen kopurua handitzen joan da azken urteetan, gaztelaniarako itzulpenean batik bat. Itzulgaiei dagokienez, literatura garaikidea itzuli da gehien: XXI. mendeko liburuak izan dira itzulitako lanen erdiak baino gehiago.

Gaztelaniak jarraitzen du xede hizkuntza nagusi izaten, eta itzulpenen ia erdiak hizkuntza horretara egin dira, eta oso urrunetik jarraitzen diote katalanak, ingelesak, galegoak, frantsesak, italierak zein eslovenierak. Esanguratsua iruditu zaigu eslovenieraren igoera aurreko urteetako datuekin alderatuta. Izan ere, xede hizkuntza nagusien artean kokatu da. Horrekin batera, nabarmendu behar da espainiar estatuko hizkuntzetarako itzulpenak esportazio osoaren ia bi heren hartzen duela. Aurreko aldian baino apur bat baxuagoa da proportzioa, dena den. Jaitsiera, batez ere, katalanerako eta galegorako HGL lanetan izan da.

Xede hizkuntza kopuruak gorantz jarraitzen du, eta horrekin batera itzultzaile kopuruak ere bai. Gero eta gehiago dira euskaratik zuzenean beste hizkuntza batzuetara itzultzeko gai diren itzultzaileak, izan ama hizkuntza euskara dutenak, izan helduaroan euskara ikasi dutenak. Aurreko azterketetan baino liburu gehiago topatu dugu zuzenean itzuli izana aitortu dutenak. Dena den, zeharkako itzulpenak ere egin egiten dira eta zenbait kasutan xede hizkuntza jakin batzuetara itzultzeko aukera bakarra izaten da. Zeharkako zenbat itzulpen izan den jakitea oso zaila suertatzen da, aurreko azterketetan ikusi izan dugunez, liburuek gutxitan aitortzen baitute zeharbidez eginak direnik. Dena den, gaur-gaurkoz jarduera onargarria da gurean. Horren erakusgarri, Etxepare-Laboral Kutxa saria bi ediziotan zeharka eginiko itzulpen batek irabazi izana. Edota, euskararako itzulpen norabidean, Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen-lehiaketaren oinarrietan aipatzea zeharbidezko itzulpenik izatera, itzultzaileak kasu horretan testu bat baino gehiago kontsultatu beharko lituzkeela.

Itzulpenak non argitaratu diren begiratuta, honakoak izan dira herrialde hartzaile nagusiak, hurrenez hurren: Euskal Herria, Espainia, Katalunia, Galizia, Eslovenia, Italia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua. Inondik ere pisu esanguratsua dute Euskal Herrian argitaraturiko itzulpenek, hain zuzen itzulpenen % 30etik gora bertan argitaratu baita. Datuok aztertuta azpimarratzekoa iruditzen zait euskal literatura erdaratzeko lanean diharduten argitaletxeen lana. Izan ere, argitaletxeen zerrenda osatuta euskal argitaletxeak dira euskaratik erdaretara itzuliriko liburu gehien merkaturatzen dituzten argitaletxeak.

Azpimarratzeko azken datua euskal kultura atzerrian ezagutarazteko erakundearen sorrera dugu. Etxepare Euskal Institutua azterturiko epean jarri zen abian eta berebiziko eragina izan du euskal literaturaren atzerriko sustapenean. Etxeparek kudeatzen ditu itzulpenerako dirulaguntzak, laginak itzultzeko laguntzak ere ematen ditu, bidaia-poltsak esleitu, bai eta euskaratik eginiko itzulpen onenari saria eman urtero. Itzultzaileak trebatzeko hainbat ekimen ere lagundu ditu, Itzultzaile berriak programa abian jarrita konparazio batera. Programa horretan parte harturiko itzultzaileei esker hainbat hizkuntzatarako itzulpen kopuruak gora egin du azken urteetan, gorago aipaturiko eslovenierarakoak, esaterako, edo bulgarierarakoak.

Itzulpen trukeen eboluzioari erreparatzeak laguntzen digu ikusten zer harreman dituen euskal literaturak beste hizkuntza batzuekin, zer aldaketa sortzen diren denboran zehar eta zer leku betetzen duen euskal literaturak mundu literaturan. Gertutik aztertzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.

Tren batera igotzeko aukerarik gabe

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Gure irakurle taldean, momentuz behintzat, itzulpenak irakurtzeko apustua egin dugu aurten. Baditugu irakurzale porrokatuak, euskaraz irakurtzen ohituta ez daudenak, edo, are, ohiko irakurleak ez direnak ere. Gutxika, baina ari gara. Orain arte itzulpen berriekin (edo berrituekin) ibili gara eskuartean: Koaderno handia, Emakume izoztua, Familiako lexikoa eta Ene herri txikia. Hasi gara otsailetik aurrerako liburuak aukeratzen eta jo dut, nola ez, Nor da Norrera, baita irakurri nahiko nituzkeenen zerrenda luze horretara. Azkenik badut aukera, edo aitzakia, nondik begiratzen dugun, nire kabuz irakurriko ez nituzkeen liburu batzuei heltzeko. Zeren irakurketara ere iritsi baitzaigu FOMOa (Fear of missing out, zerbait galtzeko beldurra, alegia). Irakurri nahi ditugu nobedadeak, opera primak, euskal literaturako lanak, klasikoak, gomendioak, itzulpenak, kanpoko literaturetako lanak, jatorrizkoak, itzulpenak, poesia, eleberriak, saiakera, hibridoak, esperimentalak, direnak eta ez direnak. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Agian gaztea naizelako, berandu irakurzaletu naizelako, edo baliabideak ez direlako egokienak, baina iaz iritsi nintzen Carverrera. Bai, 2024an. Ez dakit zenbatetan jo dudan Susaren webgunera Harkaitz Canok itzulitako poema haietako batzuk errepasatzera. Kontua da badaramadala denboraldi bat Carverren ipuinak irakurtzeko gogoz, eta orain, aukera/aitzakia dudanean, ezin momentu egokiagoa nire zerrendatik haren lanetako bat tatxatzeko.

Katedrala eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean. Halaxe txibatu dit NdNk. 1993 eta 2003, hurrenez hurren. Uff izan da lehenengo pentsamendua. Susmoa izan dut hasieratik. Baina joan naiz Nafarroako liburutegien sareko katalogora, eta orduan bai, uff egin dut bigarrenez, etsi moduan. Katedrala: 3 ale; liburutegi nagusia, Tafalla eta Leitza. Zertaz ari garenโ€ฆ: 4 ale; Euskarabidea, Noain, Lesaka eta Doneztebe. Klubean gutxi garen arren, ez dira nahiko. Beste bide bat probatzera joan naiz orduan, Katakraken, Elkarren eta Txalapartaren webguneetan: zero patatero. Agortuta, edo agertu ere ez. Azken bala bat baino ez zait okurritu, eta EIZIEko telefonoa markatuta, Aranek erantzun dit. Laguntza eske nabilela, eta ea haiek badakiten alerik geratzen ote den stockean, ea kasualitatez haiek baduten zerbait. Baina keba. Aspaldiko lanak direla, saldu zirela denak eta argitaletxeek ez dutela berritu stocka. ยซUrrezko Bildumarako apuntatuko dut, badelako falta den horietako batยป, Aranek. Eskertuta, baina zapuztuta erantzunarekin.

Egiaz, nahi banu, irakur nezake. Eskatuko nuke auzoko liburutegian Tafallatik edo Doneztebetik ekar diezadaten haren liburuetako bat. Eta, gogoei eutsi ezin badiet, hala egiten bukatu beharko dut. Baina ez da hori kontua. Irakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelak. Eta, dirudienez, Carverren mundura heltzeko trena orain dela hamarkada batzuk pasa zen. Ni artean jaio gabe nintzenean, edo 6 urte nituenean. Gure irakurle taldeko batzuk euskaldunak ez zirenean. Militantzia politikoa edo porroak nahiago zituztenean.

Jakina, baditugu orain 30 urte ez zituzten beste ehunka aukera. Baliozkoak eta onak gainera. Baina, jo. Bada esanguratsua. Asko dio adibide sinple honek (honekin topo egin baitut, baina jarriko banintz, beste batzuk ere topatuko nituzke) gure hizkuntzaren normalizazio ezaz eta literatur sistemaren egoeraz. Ez naiz jarriko eskatzen argitaletxeei berritu ditzaten Carverren tituluak. Eskatu ez, baina iradoki bai. Ba hori, hamarkada batzuk pasatu direla, bere garaian saldu omen zela, eta agian apustu txiki bat eginda, portada txukun batekin (ejemโ€ฆ guk ez dugu epaitzen liburu bat haren azalarengatik, baina irakurle askok bai)… Ez dakit zer gehiago esan. Horixe ba.

Bonus track edo datu esanguratsu batzuk.

  • Nafarroako liburutegi publikoen sarean 99 liburutegi daude. Carverren narratibako lanak zazpitan baino ez daude.
  • Nafarroan, Katedrala 9 lagunek hartu dute liburutegitik 31 urtean. Zertaz ari garenโ€ฆ, 4 lagunek 21 urtean.
  • EAEko liburutegi publikoen sarean 286 liburutegi daude. Katedrala 145 liburutegitan dago. Zertaz ari garenโ€ฆ, 164 liburutegitan.
  • EAEn, Katedrala 138 lagunek hartu dute 31 urtean. Zertaz ari garenโ€ฆ, 404 lagunek 21 urtean.
  • La casa del libro-ko webgunean, bigarren eskuko liburuak erosteko aukera dago. Katedralaren ale batek 20 โ‚ฌ balio du, Zertaz ari garenโ€ฆ liburuaren ale batek 190 โ‚ฌ.

Agian datuok ere badira berritu ez izanaren arrazoi.

Best seller-ak (ere) euskaraz?

Uxue Rey Gorraiz

Ukaezina da Twitter guztiz mikaztua dagoela azkenaldian โ€”bueno, barka diezadala Elon Muskek; X dago mikaztuaโ€”. Edonola ere, oraindik ere bada eztabaida interesgarriak izateko edo, behintzat, kezkak plazaratzeko eta haiei erantzuten dioten ideiak bistara uzteko tokia. Eta bada, orobat, inspirazio iturri; esaterako, kazetariontzat.

Beรฑat Sarasolak bota zuen amua, irailaren 27an idatzitako argitalpen batean. Besteak beste, zera zioen: ยซSally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jadaยป. Kasualitatez-edo, ni neu Sally Rooney idazle irlandarrari buruzko erreportaje batean murgildua nintzen ordurako, hark kaleratu berri-berria zuen nobela horren aitzakian โ€”hilaren 24an eman zuenโ€”, eta, beraz, astia hartu nuen Sarasolak zioen horretan arakatzeko. Bilaketa laster bat aski izan zitzaidan ikusteko Rooneyren jatorrizko lana kaleratu zen aste berean eman zituztela, adibidez, frantsesezko itzulpena, gaztelaniazkoa eta baita katalanezkoa ere. Eta, egiari zor, une horretan ez nion gaiari denbora gehiagorik eskaini, baina kaskoan gorde nuen ideia, horri buruz galdetzeko beste inori beste inoiz. Horra deformazio profesionala.

Eta ailegatu zen ยซbeste inoizยป zelako momentu hori: urriaren 17an. Nafarroako Editore Independenteen Elkartearen ekimenez, Datorren itzulpengintza izeneko mahai ingurua izan genuen Iruรฑeko Laban, eta askotariko gaiez mintzatu zitzaizkigun Aitor Blanco, Eider Beobide eta Ainhoa Mendiluze itzultzaileak. Solasaldiaren hondarrean, galdera honi erantzun behar izan zieten hirurek: ยซZer nahi zenukete itzuli? Edo, behintzat, zer nahi zenukete ikusi euskarara itzulita?ยป. Aitortuko dugu: galderak bazuen tranpa puntu bat, jendaurreko solasaldia hasi baino lehenago ere aterea baitzen gai hori solasera, eta esanak baitziren Rooneyren eta besteren zenbait kontu. Edonola ere, euskarara zer itzuli beharko litzatekeen galdetuta, Blancok dudarik egin gabe heldu zion idazle irlandarraren, eta, horrenbestez, best seller-en korapiloari.

Galderari erantzuteko, Blancok gogora ekarri zuen Bartzelonan izana zela berriki, eta kontatu zuen bertan ikusi zituela zenbait erakusleiho best seller-ez josiak. ยซGehien-gehienetan, katalanezko edizioak ziren nagusi, eta ondoan izaten zuten, gehienez ere, gaztelaniazko aleren batยป. Irudi hark harritu egin zuen Blanco, zioenez. ยซHarritu ninduen hizkuntza gutxitu โ€”nahiz eta ez den horren gutxituaโ€” batera egindako itzulpenak nolako presentzia zuen liburu dendan. Uste dut denok sumatzen dugula horren falta euskarazยป. Erakusleiho hark piztutako hausnarketaren ondorioz, Blancok bilaketa egin du Nor da Nor atariko bilatzailean, eta hona datu batzuk: Ken Follet, Camila Lรคckberg, Isabel Allende eta Dan Brown idazleek ez dute lanik euskarara ekarrita. ยซMendebaldeko kulturan, jendeak batez ere horiek irakurtzen ditu, eta euskaraz ez dute aukerarikยป, zehaztu zuen itzultzaileak.

Bistan da best seller-en gaia ertz ugariko dela, eta zalantzak pizten ditu sarri, askotarikoak. Besteak beste, Ainhoa Mendiluzek adierazi zuen ez duela argi halako lanak diren euskarara ekarri beharko liratekeenak: ยซEz dakit horren helburua zein den. Gure kasuan, gaztelaniazkoei irakurleak kentzea? Gehiago saltzea? Gainera, kontzientziarik ezean, uste dut best seller-ak aterata ere kostatuko litzatekeela irakurleak irabaztea, euskaldun guztiak baitira elebidunakยป.

Irakurketarako hizkuntza hautuari lotuta, askok eta askotan aditu dugu norbait zera esaten: ยซEuskarazkoa baino, nik nahiago dut jatorrizkoa irakurriยป. Baina, sarri, ยซjatorrizkoยป deitzen dioten hori ez da jatorrizkoa egiaz, ezpada gaztelaniazko itzulpena.

Solasaldia aditzera joan ziren entzuleen artean ere piztu ziren dudak. Esaterako, aipatu zenean jendeak nekez irakurtzen dituela mundu mailako best seller-ak euskaraz โ€”baita horiek euskaratuak direnetan ereโ€”, baten batek iradoki zuen ea hori ez ote den izanen itzulpen batzuk ยซberanduยป ailegatzen direlako. Kontua da, solasaldian bertan ere nabarmendu zenez, euskal argitaletxeek nekez egin ditzaketela zenbait kontu ยซgaraizยป. Blancok berak ere esplikatu zuen hori: ยซBeste gauza bat baita argitaletxe batek noiz duen posible itzulpena ematea, zer indar duen horretarako; horregatik dut duda hau ez ote den utopikoaยป. Pentsatzekoa baita argitaletxeak nekez ordaintzen ahalko diola nahi bezain ongi itzultzaileari, baldin eta, gainera, hari eskatuko badio denbora epe estu batean egiteko lana. ยซEta are zailagoa da jakinik nekez lortuko dutela diru hori merkatuan errekuperatzeaยป.

Euskal literaturaren arazoak euskararen arazoak direla aditu nion Pamielako editore Lander Majuelori, argitaletxearen 40. urteurrenaren karietara. Eta, diot nik, horiei aurre egiteko soluzio sakonagoak beharko ditugula hortaz, mugatzen ez direnak norbanakoari eskatzera irakur dezala, faborez, euskarazko itzulpena. Ordura arte, baina, โ€”nire ezjakintasun totaletik diot hauโ€” zaila behar du zer bide urratu jakiteak. Best seller-en argitalpenak bultzatzeko behar da egin ahalegina? Piszinako literatura delakoa ere beharko da sustatu? Aireportuko literatura? Autolaguntza liburuak? Dudak ditut.

Hasierara itzulita: Beรฑat Sarasolaren txioa aipatu dut hasieran, eta akaso komeni da osorik bistaratzea argitalpen hori. Izatez, zera baitzioen Sarasolak: ยซSally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada. Zenbat diru da, demagun, urtero 10 literatura nobedade euskaraz espainolerako itzulpenarekin batera argitaratzea? Ez bilduma instituzional batean, ohiko argitaletxeetan Jaurlaritzak gastuak ordaindutaยป. Alegia, galdera bat ere bazekarren Sarasolaren mezuak. Hedoi Etxartek erantzun zion, besteak beste, eta, Eusko Jaurlaritzak best seller-ak itzultzeko argitaratutako laguntza aipatu zuen erantzunean. Komeniko da, beraz, laguntza hori xehe leitzea; ikusteko zein argi eta zein itzal dituen.

P.D.: Bide batez, aukera hau baliatuko dut esateko arestian aipatutako Sally Rooney idazlearen bi lan badirela euskaraz: Alberdaniak Jende normala eman zuen 2020an, Irene Aldasorok itzulita, eta idazle beraren Soldata jauna narrazioa ere badago euskaraz, Leire Vargasek itzulia. Irakurgai dago armiarma.eus atarian.

Gaitzaket

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Haundi/handi, urdinskara/urdinkara, atzorako/atzoko, gaurgeroz/gaurgero, ordurarte/ordura arte, sentimentu/sentimendu… Horietan guztietan, lehen aukera ez da hiztegietan jasotzen, edo idazkera okertzat jotzen da; bigarren aukera da, denetan, euskara estandarrerako gomendatzen dena. Bada, lehen idazkera ez gomendatu horiek ugariago ageri dira euskal idazleen liburuetan euskarara egindako itzulpenetan baino. Blog honetan behin baino gehiagotan azaldu dudanez, nire doktorego-tesian euskarara itzulitako literatur testuetako eta euskal idazleek zuzenean euskaraz sortutako literatur testuetako hiztegia konparatzen aritu naiz, eta dela koloreak aztertzen jardun dudanean, dela denbora-adberbioez edo emozioak adierazteko kolokazioez aritu naizenean, idazkera okerreko aldaerak euskal idazleen testuetan euskal itzultzaileenetan baino ugariagoak zirela ikusi dut.

Doktorego-tesi bat ez da elukubrazioetarako lekua. Datuetan behatutakoa jaso ohi da tesietan; egiaztatu ahal izan den hori, alegia. Intuizioak belarrira xuxurlatzen digunak ez du kabidarik izaten zorroztasun zientifikoa gidalerro duten testu generoetan. Eta beraz, lortutako datuak esplika litzaketen arrazoiez hipotesi gisa baino ez ohi da hitz egiten, eta etorkizunean urratu litekeen ikerlerro gisa gehienetan. Ni hanka-puntetan pasatu nintzen arrazoien gainetik nire doktorego-tesian, eta ez nuen ia hipotesirik aurreratu idazleengan antzemandako zabarkeria handiagoa edo itzultzaileen zuzentasunerako joera nabarmenagoa esplikatzeko, nire intuizio horiek tesia ebaluatuko zuen epaimahaiaren aurrean behar bezala defendatu ezin izango nituela iritzita. Baina hemen, lagunarteko foro informalago honetan, gustura egingo dut gogoeta ozenki zuekin.

Harira, beraz. Zergatik ageri dira haundi, ordurarte eta sentimentu gehiagotan idazleen testuetan eta gutxiagotan itzultzaileen testuetan? Lehen kolpean ezagutzarekin lot genezake auzia: idazle gutxiagok dakite, itzultzaileen aldean, sentimentu ez baizik eta sentimendu dela idazkera zuzena. Baina uste dut bat etorriko garela denok onartzean jakin gauza gutxi dakizkigula berez idazleok eta itzultzaileok, eta zer non kontsultatu jakitea dela, oro har, menderatzen dugun artea. Hau da, itzultzaileek ez dute sentimentu gutxiagotan idazten idazkera okerra dela badakitelako, ezpada idazkera zuzena ote den egiaztatzeko ardura idazleek baino gehiagotan hartzen dutelako. Jarrera kontu bat ikusten dut nik hemen, eta ez ezagutza kontu bat. Sinplifikazioak arriskutsuak dira, baina lagun artean gaude-eta jo dezagun parodiara: itzultzaileak โ€”#ezitzultzaileguztiakโ€” txintxo eta arauaren aurrean esanekoago jokatzen ahalegintzen dira, eta idazleak โ€”#ezidazleguztiakโ€” arautik askeago sentitzen dira.

Zer dela eta lotuago vs askeago sentitze hori? Zenbait ideia bururatzen zaizkit niri, denak elkarri lotuak eta elkarren kausa edo ondorio gisa uler daitezkeenak. Hona hemen:

  • Itzultzaileak beste baten testua du esku artean, eta berea balitz baino ardura handiagoz tratatzen du horregatik. โ€œNorberarenean tira, baina besterenean ez dadila nire erruz akatsik egonโ€. Parkean umeekin gaudela, beste guraso batek enkargu bat egitera doala-eta bere haurrari begiratzeko eskatzen digunean bezala: haur hori non zertan ari den zaintzen dugu une oro, geurearekin baino arretatsuago. Itzultzailea subsidiarioa da, eta gehiago eskatzen dio bere buruari: ezin du titularrarenean zuzena zena akastun bihurtu.
  • Sorkuntzak badu jainko izatetik zeozer. Egile garenean aurrez existitzen ez zen zerbait sortzen dugu ezerezetik. Esango nuke โ€”barkatuko ahal didazue psikoanalisia egiteko ahalegin txatxar hauโ€” ahalmen horrek berezi sentiarazten gaituela, mugen eta arauen gainetik gaudela sinestarazten digula. Eta beraz, idazten ari garenean sueltoago-edo jokatzen dugu, erlaxatuago, itzultzen ari garenean ez bezala. Goragoko kezkak izaten ditugu idaztean, eta ez gara huskeriez arduratzen.
  • Idazleak badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela, berak axolagabe lotu gabe utzitakoak lotzera. Eta erlaxatu egiten da berriro.
  • Itzultzaileak ere badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela. Baina itzultzaileari maiz zuzentzailea izatea tokatzen zaionez, ondo daki zer non zaindu, eta lanak eginda edo oso aurreratuta entregatzen du testua.

Sormen edo itzulpen lan batean egileak eta itzultzaileak ez ezik beste esku batzuek ere parte hartzen dute. Hain zuzen ere, tesiaren defentsan epaimahaikideetako batek argitaletxeek honetan guztian duten funtzioaz galdetu zidan. Esango nuke aurretik aipatu ditudan ideiekin lotura estua duela euskal editoreen jokamoldeak:

  • Editoreek erreparo gutxiago izaten dute ziurrenik idazkera okerrak itzultzaileari zuzentzeko idazleari zuzentzeko baino. Azken batean, itzultzailea ez da egile-egilea, testua ez da bere-berea, eta errazago onartuko ditu iradokizunak.
  • Horrek berekin dakar itzultzaileak, zuzenketa gehiago eta gehiagotan egiten zaizkionez, autoexijentzia handiagoz jokatzen ikasten duela, testuak hasieratik txukunago entregatzeko.

Idazkera zuzenak gora eta behera aritu naiz hamar bat paragrafotan, itzultzaileak subsidiarioak eta arauari lotuak direla esan dut, idazleak jainko txiki eta apetatsuen pare jarri ditut… Baina aizue, itzulpenean dena ez da itzalean geratzea eta xuxen jokatzea. Itzulpenak ere badu sortzetik, asmatzetik, haustetik, jolastetik… Tesiaren defentsan beste epaimahaikideetako bat kexu agertu zitzaidan pasarteren batean itzultzaileak otzan edo esanekotzat jo nituelako. Eta arrazoia eman behar diot. Itzultzaileak esanekoak izan ohi dira estandarraren idazkerari dagokionez, baina ederki dakite araua hausten eta sorkari zoragarriak proposatzen egokiera dutenean. Testu honi jarri diodan izenburua da horren adibide. Warsan Shire kenyar poetaren โ€œBackwardsโ€ poema euskaratzean[1] Maialen Berasategik egindako proposamena da gaitzaket. Hementxe, zehazki:

I can make us lovedย ย ย ย ย ย ย  โ†’ย ย ย ย ย ย ย  Egin gaitzaket maitatuak

Ez al da zoragarria?


[1]Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete dituela-eta kaier berezia argitaratuko du aurki Susa argitaletxeak. Kaier horretan, MPK bilduman orain arte aritu diren itzultzaileek beren gustuko poema bana euskaratu dute. Maialen Berasategik Warsan Shire kenyarraren โ€œBackwardsโ€ (โ€œAtzerakaโ€) aukeratu eta itzuli du.

Zubiak eta borroka

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Itzulpengintza zubiekin alderatzen dugu maiz. Zubiak bi aldeetan daudenak harremanetan jartzeko dira eraikitzen, onuragarritzat hartzen ditugu, eta gustuko dugu itzultzaileak zubigileak garela esatea, eta sinestea. Eta izan, hala da, baina zubiak ez dira beti asmo onez eraikitzen, edo ez behintzat zubiaren bi aldeetan daudenen mesede.

Zubiak, adibidez, oso lagungarriak izan daitezke ibaiaren beste aldekoak mendean hartu nahi dituzten erasotzaileendako. Administrazio kolonial britaniarrean, itzulpenak berebiziko zeregina bete zuen, erruz baliatu baitzen tokian tokiko biztanleei buruzko datuak biltzeko eta agintari kolonialen eta mendean hartutakoen arteko komunikazioa errazteko.

Kolonizatuen mitologia, literatur lanak eta ahozko kontakizunak ez dira soilik jakin-minaren, ezagutzaren eta bakezko asmoen amoreagatik itzuli, azpiratuak hobeki ezagutzeko eta modu eraginkorrago batean menderatzeko baizik.  

Itzulpenek orobat balio izan dute besteak eta besteen hizkuntzak exotizatzeko (batzuetan, itzultzaileek, nahita edo nahi gabe, besteen kultur sistemak oker ulertu dituztelako); edo, aitzitik, desberdintasunak txikitzeko edota hutsaltzeko.

Eta, horrez gain, itzulpena oso garrantzitsua izan da metropoliaren ohiturak, balioak eta erlijioa hedatzeko, eta, hortaz, administrazio koloniala errazago ezartzeko.

Itzulpena boteretsuenen alde erabiltzen den baliabide bat izan daiteke edo, aitzitik, botere gutxiago dutenen ahotsak entzunarazteko eta zabaltzeko tresna.

Palestinar literaturako sei liburu[1] itzuli dira aurten euskarara, eta haietako bi ยซItzulpena borroka daยป izenburuko saio batean aurkeztu zituzten joan den astean. Zubi horiek igarotzeko irrikaz nago.


[1] Hauek dira: Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz, Rifqa, Detaile xume bat, Ehun urteko gerra Palestinaren aurka, Gazako egunerokoa eta Herri-gerra Palestinan: Okupazioaren arkitektura eta estrategia militarra.