Urte berri zahar…

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Ez dakit zuei inoiz gertatu zaizuen itzultzeko testuren bat jaso eta itzultzera jarri baino lehen, segur izanik inork ez duela sekula santan irakurriko, zernahi idazteko tentazioa, zernahi itzulpen ere ez den zernahi, benetako eta egiazko zernahi, zernahi bete-betean, idazten hasitakoan zer izanen den ere ez dakizuen zernahi.

Zernahitaz ari natzaizue, baina egiazki, nornahitaz ere beharko nuke aritu, «zuei» diodalarik ez baitakit inori ari ote natzaion edo, zehazkiago erranik, inori ez natzaiola ari uste baitut eta, hartara, halako testu irakurlerik gabeko horiek etorri zaizkit gogora, gaurko egun honetan, nire pantaila isil honen beste aldean inor ez dudan sentsazio betean ari bainaiz idazten, hau da, itzulpen ero edo ez itzulpen edo ezerezean galtzeko besterik ez diren testu horien aitzinean bizitu izan dudan sentsazioaren antzeko zerbait datorkidala, oraingoan ere, gogora. Galdetu beharko nuke, akaso, hor ote zareten, pantailaren bestaldeko biztanleak, ala, unetxo batez, hatzak giltzadiaren giltzapetik askatuz, zoriontsuak izatera joanak ote zareten.

Arraposturik ez, ordea; arratsalde eurijasa honetan lagun egiten zidan diskoa ere isildu zait; kanpoa zaparradaka eta ni ere bai; beste inor ez munduan, itxuraz, zaparrada besterik ez.

Hemen ere, segur, zernahi idatz nezake, dezaket, inor ez baita, segurki, idatzi dudanaz edo ez dudanaz ohartuko, inork ez baitu, segurki, idazten ari naizen hau irakurriko; pantailaz beste aldeko biztanleak lekutu dira eta bakarsaio batean ari naiz, urte hondar honetan, azken uneak aletzen.

Ez dakit zuek halako tentalditan izan zareten inoiz, halako lanaren hutsalaz ohartu eta hitzak dantza arinean jartzeko gogoa sortu ote zaizuen inoiz; niri halako ideiak etorri zaizkidanean, duda izpi bakarra geure koadrila honek zidan sortzen, hau da, pantailaren beste aldean izanik ere, pantailaren nire alde berdinean orenak ematen dituzuen zuek, alegia, inork irakurriko ez dituen euskarazko testu alperrik ondu horien irakurle izan daitekeen bakarra gutako norbait baita, segur.

Baina berriz ere zueka! (k+k>k ?); haizeari ari zaion eta! Irakurle sutsuenak izanagatik, «zuek» horiek ere, dagoeneko, egunero mundua bi aldetan banatzen digun pantaila itzali eta mundua banatzeko beste bikote bati lotu dira, segurki, urte zaharrarekin kantuz eta berriarekin dantzan ari. Itzal ezan hik ere banaketa txatxu hori eta munduaren biribilean jira hadi!

…nik atorra zahar.