Itzultzaileak testu elebidunen (edo eleaniztunen) parean (I)

Inma Errea Cleix

Euskaldunok beti jakin izan dugu zer-nolakoa den gure jokalekua hizkuntzez bezainbatean, oharturik bizi izan gara aspaldidanik geure egoera linguistikoaz, hala historikoki nola orain.

Arean ere, Euskal Herriko baldintza soziolinguistikoak saihetsezinak dira, eta historian barna euskaraz idatzi dutenen ororen kezka etengabea izan da frogatzea euskara badela inguruko hizkuntza nagusiak beste, eta, halatan, maila berean erabiltzen ahal dela. Idazle eta itzultzaile klasikoen ahaleginetatik hasi eta gaurdaino.

Euskal itzultzaileok ere parte izan gara beti euskararen gaineko ardura horretan. Edozein itzultzaileren balizko lanaz โ€•hots, sorburu-hizkuntzan dagoen zerbait (esaldi, esamolde, testuโ€ฆ) xede-hizkuntzan emateazโ€• harago, ohartuki jokatzen dugu: badakigu euskaratik edo, batik bat, euskarara itzultzerakoan inguruko hizkuntzek ez dituzten berezitasun batzuk hartu behar ditugula kontuan.

Kontzientzia eta arta horien adibide da SENEZ aldizkaria, non hasiera-hasieratik jorratu baitira hizkuntza-normalizazioaren eta elebitasunaren inplikazioa eta eragina itzultzaileen lantegian. Artetik erran dezadan gomendatzeko modukoa iruditzen zaidala begiratu bat egitea artikulu โ€œzaharreneiโ€, Josu Zabaletaren โ€œItzulpena eta hizkuntz normalkuntzaโ€ izenekoari kasu (SENEZ 3, 1985), azken berrogei urteetan zer aldatu den eta zer ez jakiteko bada ere.

Aldaketak aldaketa, eta behin ageriko bilakaera aitortuta, euskara normalizatzeko ahaleginek eta eleaniztasunak hor diraute, euskal itzultzaileen lana baldintzatzen (ez beti txarrerakoโ€ฆ).

Testuinguru horretan, inportantea iruditzen zait arreta pitin bat ematea maiz bigarren mailan gelditzen den gai bati: eduki bat itzultzean (arruntean, euskaratzean), eduki hori euskarri berean bi (edo hiru) hizkuntzetan eman beharrak nola eragiten duen edukia itzultzeko maneran.

Alde batera utzita baldintza eta muga legalak, ondorio soziolinguistikoak eta haien guztien inguruko gorabeherak eta eztabaidak, nire asmoa da ohartaraztea eduki elebidunek ukan beharreko baldintza komunikatibo egokiez, eta horrek itzultzaileei eskatzen dien gainetiko ahaleginaz.

Hasteko, dela formulario batean, dela kartel batean, edo beste edozein euskarritan, hartzaile batek ez du berdin prozesatzen informazioa hizkuntza bakar batean ematen zaionean edo hizkuntza batean baino gehiagotan jasotzen duenean.

Are, hartzaileek ez dute berdin prozesatuko, elebidun, eleaniztun edo elebakarrak diren.

Areago: hartzaile elebakar batzuengan nahasmendua agertuko da eduki elebidun bat ikusi ahala, ideologiak edo aurreiritziek bultzatuta batzuetan (ikusi izan ditut hartzaile elebakar batzuk tematurik ziurtatzen bi hizkuntzatan emandako edukiak โ€œeuskaraz baino ez zeudela!โ€). Eta, aldi berean, bi hizkuntzak ezagutzen dituzten hartzaileek astun jo dezakete, neketsu, eduki bera bietan ikusi beharra.

Halako eduki elebidunak osatzen aritu behar duten euskal itzultzaileei komeniko zaie jakitun izatea halako โ€œzailtasunezโ€: ahalik eta errazen eta hobekien aritzeko, eta, posible badute (uzten badiete), jatorrizko edukian ere eragiten jakiteko.

Blog honek emandako aukera baliatu nahi dut gai hauetaz ikasitakoaren zerbait azaltzen saiatzeko, komunikazioaren eta estilistikaren ausazko ur gorabeheratsuetan murgilduta… Esan gabe doa, esperientzia pertsonalean oinarriturik eta bistatik galdu gabe Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa askotarikoa dela, eta toki batean balekoa denak kale egin dezakeela beste batean.

Hizkuntza korrespondentziak

Beรฑat Sarasola Santamarรญa

Baudelaireren poesia lantzen hasiak ginen klasean eta Les Fleurs du Maleko โ€œCorrespondancesโ€ poema irakurtzea proposatu nien ikasleei. Espainierazko taldea izaki, Alain Verjat eta Luis Martรญnez de Merloren itzulpena jarri nien, Cรกtedra argitaletxeak argitaratua. Frantsesezko jatorrizkoa ere eskura paratu nielarik, lehen bertso-lerroarekin hasi ziren komeriak. Halaxe idatzi zuen Charles zaharrak: โ€œLa Nature est un temple oรน de vivants piliers / Laissent parfois sortir de confuses parolesโ€. Aipatu itzultzaileek, berriz, horrela ekarri zuten espainierara: โ€œLa Creaciรณn es un templo de pilares vivientes / que a veces salir dejan sus palabras confusasโ€. Lehen bertso-lerroarekin esan dut, baina lehen izenarekin hasi ziren komeriak: Nola arraio itzuli zuten โ€œCreaciรณnโ€ moduan frantsesez โ€œNatureโ€ zena? galdetu zidaten ikasle asaldatuek.

Eskolan halako auziak agertzen direnean itzultzailearen defentsa da boteprontoan ateratzen zaidan lehen keinua; hots, aukerak aukera, hitz eta erabaki bakoitzaren atzean jokabide motibatu bat egoten dela, ezer ez dela ausazkoa itzulpenaren kasuan. Ados egon zaitezke edo desados, itzulpena egokiagoa edo desegokiagoa izan daiteke, baina ez da komeni begiratu azkar batez itzultzailearen lana epaitzea. Ezagutzen ditudan itzultzaileengatik diot, jende-modu saiatu, diziplinatu eta burutsua izaten baita. Ez dute idazlearen askatasuna, onerako eta txarretako, eta horrek askoz ere zorrotzagoak izatera eramaten ditu, oro har eta salbuespenak salbuespen, noski (ez dakizkidan orain idazleak haserretu!). Hori esanda, auzia aztertzeari ekin genion.

Ez da erraza itzultzailearen larrutan jartzea, baina esango nuke itzultzaileak โ€œCreaciรณnโ€ aukeratu zuela poema osorik eta artez irakurriz gero argi dagoelako hitzaren zentzua hori dela. Hau da, DRAEren arabera โ€œNaturalezaโ€ren bigarren adiera dena: โ€œConjunto de todo lo que existe y que estรก determinado y armonizado en sus propias leyesโ€. Eta ez hirugarrena, egun burura lehena etortzen zaiguna (ziur aski): โ€œMedio fรญsico en el que coexisten los seres vivos y los inertes al margen de la vida urbanaโ€. Hau da, poema horretan (eta beste batzuetan, โ€œLa gรฉantโ€en, adibidez) Baudelaire ez da naturaz ari zentzu ekologikoan, zentzu metafisikoan baizik; hots, existentziaz ari da, ez arbola, txori, belaze eta ur gardeneko errekastoez. Izan ere, hurrengo lerroetan โ€œbatasun sakon eta ilunโ€ batez ariko zaigu, edota โ€œzera infinituen hedapenazโ€. Horregatik, itzultzaileak, seguru asko, nahasmendua ekiditeko erabili zuen โ€œCreaciรณnโ€ hitza, den guztiaz, unibertsoaz, ari delako poema. Erabakia indartzera dator gainera kontu klabe bat: naturak tradizio luze eta oso markatua du poesian, are gehiago erromantizismoan, eta Baudelaire hain justu erromantizismotik sinbolismorako jauzia egiten ari delarik, ondo egon daiteke zehaztea hor Baudelaireren natura ez dela erromantikoena (itzulpen horren kritiko asaldatu bati blog batean irakurri diodan kontrara, bide batez), are gutxiago poesia klasikoko natura locus amoenus zentzuan. Poesia pixka bat irakurri duen edonork poema batean natura irakurri eta automatikoki pentsatuko du adiera horietan, tradizio poetikoak duen pisuagatik. Aitzitik, hemen, esan bezala, Baudelaire beste bide batzuetatik doa. Imajinatzen dut hori guztia buruan zutelarik egin zutela itzultzaileek โ€œCreaciรณnโ€ hitzaren alde.

Alabaina, egia da, bestetik, aldaketa ez dela nolanahikoa, are gehiago frantsesaren eta espainieraren arteko gertutasuna aintzat harturik. Ez da frantses askorik jakin behar โ€œNatureโ€tik โ€œCreaciรณnโ€erako jauzian, lehen begiratuan behintzat, traizioa ikusteko eta ez tradukzioa, eta halaxe ikusi zuten nire ikasle asaldatu maiteek. Izan ere, โ€œNaturalezaโ€ hitzaren aldekoek argudio on bat dute, eta niretzat ere, dena esaten hasita, horixe dateke argudiorik indartsuena: frantsesezko irakurleak hitzaren anbiguetatearekin borrokatu behar du eta berdin-berdin egin adiera baten edo beste baten alde. Edo, beste modu batera esateko, eta hemen idatzi nuen lehenengo artikuluan aipatutako kontu bat berreskuratuz, Baudelairek frantsesez ere aukera izan zuen โ€œNatureโ€ren ordez โ€œCrรฉationโ€ erabiltzeko, eta lehenengoaren alde egin zuen. Orduan, egoki ote da, originalaren anbiguotasuna erauztearen izenean, espainierazko irakurleari lana โ€œerraztuโ€ eta hitzaren balizko zentzu zuzena ematea?

Aukera horrek ere baditu beste albo-kalte ez txikiak gainera. โ€œCreaciรณnโ€ek oihartzun erlijioso nabariak baititu, โ€œnaturalezaโ€k ez dituena, eta hori ere kontuan hartu beharko litzateke. Hau da, espainierazko bertsio horretan poemak kutsu erlijioso eta are kristaua har lezake, originalean ez dagoena eta, bide batez, Baudelaireren mundu poetikoan oso arazotsua izan daitekeena. Esan dezadan honek guztiak erakusten digula beste kontu garrantzitsu bat, batzuetan ahaztu egiten dena: itzulpen literarioan, jatorrizko hizkuntza eta helburu hizkuntzak dominatzea bezain garrantzitsua dela literatura (literaturaren historia, literaturaren teoriaโ€ฆ) dominatzea.

Ez alferrik, espainierazko bertsio gehienek (eta ez daude gutxi) โ€œnaturalezaโ€ren alde egiten dute. Kontsultatu ditudan ingelesezkoek ere โ€œNatureโ€ erabiltzen dute eta ez โ€œCreationโ€, eta euskaraz ere, Patxi Apalategi zenak โ€œNaturaโ€ hautatu zuen, eta berdin Xabier Bovedak. Kurioski, baina, espainieraz, ez dira Verjat eta Martรญnez de Merlo izan bakarrak โ€œCreaciรณnโ€ hautatzen. Zergatik?

1957an Josรฉ Marรญa Valverdek itzuli zuen poema eta โ€œCreaciรณnโ€ hitza hautatu. Nire hipotesia da oso posible dela geroko itzultzaile batzuek, Valverderen sona eta itzalak markaturik, aukera horren alde egin izana halaber. Sarritan, hizkuntza baterako lehenengo itzulpenak asko markatu baititzake geroko itzulpenak ere, batez ere itzulpen hori izen โ€œhandiโ€ batek egina bada. Argumentum ad verecundiam delakoa existitzen den bezala existitzen dela Translatium ad verecundiam, alegia.

Menos calienteโ€ฆ

Aitor Ugarte Arruebarrena

Dakizuenez, euskaraz ez daukagu gutxiagotasuneko konparazioak egiteko morfemarik, gaztelaniazko menos-en antzekorik, ez eta โ€˜menos + adjektiboโ€™ moduko egiturarik ereโ€ฆ Hori dela-eta, teorian, ezin dugu hitzez hitz itzuli honelako esaldi bat:

– Este clima es menos caliente que el nuestro (gutxiago beroa?).

Hala ere, bilatzen hasita, tradizioan aurkitu ditzakegu horrelakoak ematen saiatu diren zenbait idazlariren adibide batzuk; esaterako, hor daukagu Espiritua izanen duzu irekiago, gutxiago nahasia eta freskoago (Pouvreau), bai eta berriagoak ere: Ez da horregatik gutxiago bitxia, hala ere, lerro zuzena ia batere ez agertzea animalien arkitekturan eta izadiarenean oro har (Juan Garzia).

Gehienetan, dena dela, gutxiagotasun hori adierazteko berdintasuna ukatzera jotzen dugu, edo antonimoaren areagotasuna seinalatzen dugu beste batzuetan. Hala, etxe bat beste bat baino โ€˜gutxiago garestiaโ€™ dela adierazteko, etxe hau ez da bestea bezain garestia edo etxe hau bestea baino merkeagoa da esan daiteke. Bigarren aukera hori ez da, ordea, beti egokia: guztiz pobreak diren pertsona biri buruz ez du zentzurik bata โ€˜bestea baino aberatsagoaโ€™ dela esateak.

Beste irtenbide bat ondoriozko egituraren bat erabiltzea da, ezezkoa hain zuzen: ez hainโ€ฆ

– Klima hau ez da hain beroa, gurearen aldean.

Baina, horrek ere ez du beti arazoa konpontzen, eta, beraz, ez da irtenbide guztiz egokia kasu guztietan. Adibidez, zientzia-arloan, klimatologiari buruzko testu tekniko batean, segur aski un clima menos cรกlido ez da izango klima ez hain beroa edo ez hura bezain beroa.

Bestalde, itzulpena are gehiago zailtzen da tartean beste elementuren bat sartzen bada. Adibidez, nola itzuli honelako esaldi bat:

– Espaรฑa es un paรญs cada vez menos democrรกtico.

Ez nekien nondik heldu esaldi horri, eta, proba bat egite aldera, itzultzaile neuronalean sartzea bururatu zitzaidan, eta emaitza hau eman zidan:

– Espainia gero eta herrialde demokratikoagoa da.

Ez, ez da hori noski emaitza zuzenaโ€ฆ, guztiz kontrakoa baizik.

Irtenbide bat bilatzen hasita, eta buruari buelta batzuk eman ondoren, niri hau otu zitzaidan (agian aukera erradikalegia da; ez dakit, zuek esango duzueโ€ฆ):

– Espainia gero eta herrialde ez-demokratikoagoa da.

Asegarria? Ez dakit, zuek ikusiโ€ฆ

Probatzeko, berriro ere, neuronalean sartu nuen sasiitzulpen hori, eta emaitza hau eman zidan:

– Espaรฑa es un paรญs cada vez mรกs no democrรกtico.

Ez, ez da bete-betekoa, jakina. Ez du gainditu nik โ€˜urrezko probaโ€™ deitzen dudana; alegia, itzulpena kontrako norabidean sartu neuronalean (eu-es bada, es-eu) eta jatorrizkoa ematen badu, itzulpen hori balekoa da niretzat.

Arazoa aztertzen hasita, konturatu naiz ezezkotasun horretan dagoela koska; izan ere, ez– horrek beste zentzu bat ematen dio esaldiari, hau da, kontrako muturrerantz doan joera bat zabaltzen du eta gainera tonu gogorregia ematen dio esaldiari. Izan ere, kasu horretan, jatorrizkoaren esanahia ez da Espainia ez dela herrialde ez-demokratiko bat, baizik eta, nolabait demokratikoa izaten jarraitzen duen arren, ez dakit, โ€˜demokraziatasunโ€™-maila apalagoa duela orain. Beste hitz batzuetan, demokratikoa da oraindik herrialde hori, baina ez lehen bezain demokratikoa.

Balizko itzulpen hori salbatzekotan, hor ulertu beharko genuke zerbait abstraktuagoa dela โ€˜ez-demokratikoโ€™ hori, โ€˜desdemokratikoโ€™(?) edo esango bagenu bezala (herrialde desdemokratikoak edo indemokratikoak, horrelakorik balego; ez dut uste oraingoz dagoenik), baina ez dakit horretarako prest gauden. Izan ere, zenbat eta modu abstraktuagoan ulertu, orduan eta baliagarriagoa izango litzateke nire proposamen hori: โ€˜ebakuntza ez-urgenteakโ€™โ€ฆ Ebakuntza horiek ez-urgenteagoak dira, beste batzuen aldean.

Bukatzeko, beste proba bat egin dut neuronalean, esapide ihartu batekin (ezezagun hitzarekin hain zuzen ere):

Baina, marratxoa eransten badiogu (ez-ezagun), hau da emaitza:

Bingo! ร‰l (no ella) es menos conocido que yo.

Eta, azkenik, urrezko proba eginda, hau da lortu dudan emaitza:

Tira, probatzen jarraitu beharko duguโ€ฆ

Helburua izanikโ€ฆ

Aitor Ugarte Arruebarrena

Beti sumatu dugu faltan euskaraz honelako helburu-lokuzio bat: con el fin de, al objeto de, con el propรณsito de; azken batean, para queโ€ฆ

Garai batean, 80ko urteetan, โ€œzertarako etaโ€ bezalako formulak hasi ziren erabiltzen lokuzio horiek itzultzeko. Hona hemen adibide bat, 2/1989 Lege Organikotik aterea:

โ€œโ€ฆ Adierazpenotan esku hartzen dutenetako baten batek alegatzen badu ez dakiela autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza, aldez aurretik ohartaraziko du hori, zertarako eta organo judizialak interprete gisa gaitu dezan erabilitako hizkuntza dakien edonor, honek zin edo hitz egin ondorenโ€.

Asko zabaldu ziren horrelakoak, baina berehala hasi ziren zapuztaile batzuk egitura hori gaitzesten eta ohartarazi zuten horrelako galdetzaileek balio enfatikoa izan dutela gure traizioan: โ€œnor eta zu?โ€, โ€œnori eta berari?โ€, โ€œzertarako eta horretarako?โ€.

Arrazoi zuten, eta albo batean utzi ziren โ€œzertarako etaโ€ horiek; baina, ez zen horregatik desagertu horrelako egituren premia, โ€œ-tzekoโ€ eta kideak oso atzean geratzen zirelako eta elementu iragarle bat behar genuelako, โ€œzeren etaโ€ edo โ€œnon etaโ€ eta gisakoen tankerakoa, batez ere esaldiak luzatzen hasten zirenean.

Legebiltzarrera iritsi nintzenean, konturatu nintzen talde parlamentario baten ekimenetan honela itzultzen zirela helburu-menderagailu horiek:

โ€œEusko Legebiltzarrak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari halako eta halako egin behar dela, helburua da…โ€.

Jakina, hori ez zen zuzena eta okerzuzendu beharra zegoen: โ€œeta helburua daโ€โ€ฆ etab. Eta orduan otu zitzaidan mendeko perpaus gisa antolatzea, eta egitura berri bat asmatu nuen (โ€œhelburua izanikโ€ฆโ€ edo โ€œizandaโ€ฆโ€):

โ€œEusko Legebiltzarrak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari halako eta halako egin behar dela, helburua izanik (โ€ฆ)t(z)ea…โ€.

Geroago, 2023an, Hezkuntza Legearen proiektua iritsi zitzaigunean, ikusi nuen egitura hori erabiltzen zela lege horretako artikulu batean:

โ€œ68. artikulua.- Hizkuntzen tratamendu integrala eta integratua. Metodologiak.

1.- Curriculumak hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala jasoko du, eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuan txertatuta egon behar du, helburua izanik bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, konpetentzia eleaniztuna lortzea, lege honen 66. artikuluan azaldutakoaren araberaโ€.

Horretaz baliatuz, legearen idazlariok erabaki genuen โ€œhelburua izanikโ€ hori gehiagotan erabiltzea lege osoan zehar helburuzko lokuzio horiek emateko eta, azkenean, 9 aldiz dago erabilia onartu den legean.

Hori da, besteak beste, ditxosozko lege horri egin nion ekarpentxoaโ€ฆ

Ikusizko itzulpena, ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin

Claudia Torralba Rubinos

Izenburuko hiru terminoak nahasian erabili izan dira interpretazioaren arloko ikasketetan, oso ondo zehaztu gabe non dauden batzuen eta besteen arteko mugak. Kontua ez dago ebatzita, inondik inora ere, auzia ez baita bakarrik terminologikoa, kontzeptuala ere bada. Sarrera honetan hiru planteamendu ezberdin azalduko ditut, abiapuntua jarri eta elkarrekin gogoetatzen hasteko. Gogoeta bikoitza proposatzen dizuet: esanahiaren eta izendapenaren gainekoa.

Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirrek (2003) hiru kontzeptuak biltzen dituen hiperonimo gisa darabilte ikusizko itzulpena terminoa. Haientzat, idatzizko testu bat ahoz birformulatzea da ikusizko itzulpena egitea. Hau da, kanal-aldaketa baino ez dute kontuan hartzen. Funtzioen eta modalitateen arabera sailkatzea proposatzen dute.

Azpisailkapena egiteko abiapuntua da ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala. Funtzio komunikatiboa duenean, interpretazioarekin lotuta dago beti, helburua hartzaileei idatziz dagoen informazioa ahoz ematea delako. Kasu horretan, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatea da, eta azpimodalitateak ditu, besteak beste, artikulu honetan hizpide ditugun ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin (edo testuarekiko aldibereko interpretazioa).

Dena den, beste azpimodalitate batzuk ere aipatzen dituzte Jimรฉnez-Ivarsek eta Hurtado-Albirrek (2003) beren artikuluan โ€•zuen baimenarekin, jatorrizko izendapenak jarriko ditut, itzuli gabe, anabasa terminologikoari ekarpenik ez egitekoโ€•: traducciรณn a ojo edo traducciรณn a primera vista, traducciรณn a la vista preparada, traducciรณn a la vista consecutiva eta traducciรณn a la vista en interpretaciรณn consecutiva.

Funtzio instrumentala duenean, aldiz, beste helburu bat lortzeko bitarteko bihurtzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori idatzizko itzulpena egitea izan daiteke, edo, adibidez, atzerriko hizkuntza batean lortutako ezagutza egiaztatzea. Beraz, funtzio instrumentala duenean, ikusizko itzulpenaren helburua produktu bat lortzea edo zerbitzu pedagogiko bat ematea da, eta, ondorioz, itzulpen-estrategiatzat eta pedagogia-estrategiatzat har daiteke. Hona hemen Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) proposamena, laburtuta:

1. irudia: Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirretik (2003) hartua.

Pรถchhacker-ek (2004), aldiz, honela bereizten ditu hiru terminoak eta izendatzen dituzten kontzeptuak:

Harentzat, ikusizko itzulpena idatzizko testu bat ahoz itzultzea da, baina interpretazioaren testuingurutik kanpo. Hau da, bat dator Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren funtzio instrumentalarekin: interpretaziotik kanpoko edozein testuingurutan idatzizko testu bat ahoz itzultzea litzateke ikusizko itzulpena egitea, eta hainbat helburu betetzeko balio dezake.

Ikusizko interpretazioa, aldiz, interpretazioa egiten den testuinguruei lotuta dago hertsi-hertsian. Esan osteko interpretazioa egiten den testuinguruetan egin ohi da, eta ez dago hizlariaren diskurtsoari jarraitu beharrik, ez delako aldi berean egiten. Are gehiago, interpreteak xede-hizkuntzan irakurtzen ari delako inpresioa eman behar du (Angelelli, 1999). Beraz, Pรถchhackerrek (2004) Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) funtzio komunikatiboko azpimodalitate batzuetara mugatzen du ikusizko interpretazioa terminoa.

Eta โ€œbatzuetaraโ€ diot, hain zuzen, aldibereko interpretazioa testuarekin aldibereko interpretazio mota berezitzat hartzen duelako. Ikusizko interpretazioa neurri handi edo txikiagoan eskatzen duen aldibereko interpretazio mota konplexua dela dio, baina ez du ikusizko itzulpenaren azpimotatzat hartzen.

Azkenik, Lambert-entzat (2004) erabat sinonimoak dira ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin terminoak. Ikusizko itzulpenarekiko duten ezberdintasuna da hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar direla, eta, beraz, bi input kudeatzea eskatzen dutela: ikusizkoa eta entzunezkoa.

Ikuspegi horrek Cammoun et al.-en (2009) kritika jaso zuen, termino biak sinonimotzat jotzeak maila berean jartzen dituelako ikusizko itzulpena eta testuarekiko aldibereko interpretazioa, itzulpena hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar den ala ez โ€•eta horrek dakartzan zailtasunak eta erronkakโ€• kontuan hartu gabe.

Argi dago gutxi ikertutako esparruetan ohikoa den terminoen eta kontzeptuen gainjartzea dagoela arlo honetan ere. Horregatik, garrantzitsua da gaiari buruzko ikerketetan argi eta garbi adieraztea zeri egiten zaion erreferentzia termino bakoitzarekin, anbiguotasunak saiheste aldera. Gainera, ez dugu bistatik galdu behar euskarazko ordainak sortu, erabili eta finkatu egin beharko direla momenturen batean, eta ziurrenik itzulpenaren eskutik etorriko direnez, litekeena dela aukera bat baino egotea. Horregatik, arloko adituen esku dago termino horiek euskaraz nola, noiz eta zer izendatzeko erabiltzen ditugun erabakitzea.

Oraingoan nire espezializazio-alorreko adibide bat ekarri dizuet, baina uste dut estrapolagarria dela beste alor batzuetara ere. Izan ere, lan akademikoetan, edukian zentratzen gara askotan โ€•izanean, eta ez izeneanโ€•, eta ez diogu behar besteko denbora eskaintzen gogoeta terminologikoa egiteari. Ondorioz, aurretik erabilitako terminoak beste kontzeptu batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu, edo ordain berriak proposatu, aurrekoak ezagutu gabe. Eta, kontziente ez garen arren, gure jardunak eragin zuzena du hizkuntza txikituen normalizazioan eta hizkera espezializatuen garapenean eta finkapenean. Gutako bakoitzak egiten dituen hautu txikiek eragin handia dute sarritan gure espezializazio-arloetan, eta funtsezkoa da horretaz kontziente izatea.

Dena den, ikasiz ibiltzen da oinez, ez pentsa. Gogoan dut nire Gradu Amaierako Lanaren defentsako epaimahaikide batek galdetu zidala โ€œzergatik ikusizko itzulpena eta ez ikusizko interpretazioa? Ez nuen jakin erantzuten.

Erreferentzia bibliografikoak:

Angelelli, C.V. (1999). The role of reading in sight translation, The ATA Chronicle (Translation Journal of the American Association of Translators), 28(5), 27-30.

Cammoun, R., Davies, C., Ivanov, K. & Naimushin, B. (2009). Simultaneous Interpretation with Text. Is the text โ€˜friendโ€™ or โ€˜foeโ€™? Laying foundations for a Teaching Module. Master of Advanced Studies in Interpreter Training. Seminar paper. Geneva: Genevako Unibertsitatea. https://www.academia.edu/3172232/Simultaneous_Interpretation_with_Text_Is_the_Text_Friend_or_Foe_Laying_Foundations_for_a_Teaching_Module

Jimรฉnez, A. & Hurtado, A. (2003). Variedades de traducciรณn a la vista. Definiciรณn y clasificaciรณn, Trans. Revista de Traducciรณn, 7, 47-58. https://revistas.uma.es/index.php/trans/article/view/2946/2739

Lambert, S. (2004). Shared Attention during Sight Translation, Sight Interpretation and Simultaneous Interpretation, Meta, 49(2), 294- 306. https://www.erudit.org/en/journals/meta/2004-v49-n2-meta770/009352ar/

Pรถchhacker, F. (2004) Introducing Interpreting Studies, Londres: Routledge.

Azpidazketak gordetzen duena

Josu Barambones Zubiria

Zazpigarren artearen defendatzailerik sutsuenek bikoizketa gaitzesten dute, besteak beste, edozein antzezpenen zati handi bat ahotsean datzalako. Haien ustez, jatorrizkoa ulertzen laguntzeko, egokiagoa da azpidazketaz baliatzea, nahiz eta azpidatziek pantaila โ€œzikintzenโ€ duten eta ikuslegoaren atentzioa desbideratzen duten. Itzulpen mota bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu, eta horregatik kontua ez da bata ala bestea aukeratzea, biak aukeran erabili ahal izatea baizik.

Azpidatziak ez dira filmeko elkarrizketak, eta ez dira filmaren barruan existitzen. Ikus-entzunezko testua ulertzen laguntzeko tresna bat baino ez dira. Guztiarekin ere, azpidatziei esker, ikusleek jatorrizko filma uler dezakete, azpidatziek eta filmaren ikus-entzunezko adierazpen-kodeek elkarri eragiten baitiote, eta horregatik ez da beharrezkoa itzulpen oso bat.

Nire ekarpen honekin, azpidazketa zer den hobeto ulertzeko adibide batzuk jarri nahi ditut, kasu errealak ikusita jakingo baitugu zertaz ari garen azpidazketaz hitz egiten dugunean. Eta azpidazketak berekin dakartzan murrizketa guztien artean, bakarrik informazioa hautatu beharraz jardungo dut.

Zinema ilusio bat bada, bikoizketa ilusio baten beste ilusio bat da. Baina bikoizketak ez bezala, azpidazketak ez du ikuslegoa konbentzitu nahi pertsonaiek norberaren hizkuntzan hitz egiten dutela. Azpidazketak ez du jokatzen inoren ilusioarekin, ikusleek jatorrizko produktua entzun-ikusten baitute. Baina aldi berean jakin beharra dago (ez dakit oso kontzienteak garen) azpidatziek ezin dutela jatorrizko testuan dagoen informazio guztia eman denbora- eta espazio-murrizketak daudelako. Izan ere, batez beste, jatorrizko ikus-entzunezko testuak % 20ko murrizketa jasaten du elkarrizketei dagokienez. Eta batzuetan, Woody Allenen filmetan kasu, Jorge Dรญaz Cintasek egindako ikerketaren arabera, ikusleok jatorrizko testuan dagoen informazioaren % 40 galtzen dugu azpidazketarekin, jatorrizkoak duen ahozko jardunaren dentsitatearen handiagatik.

Hortaz, jatorrizko ahozko testuaren laburpen moduko bat dira azpidatziak. Jorge Dรญaz Cintas eta Aline Remaelen arabera[1],testua laburtzeko dauden arrazoiak hauek dira:

  • Ikus-entzuleek ahozko jarduna irakurketa baino azkarrago xurgatzen dute. Hori dela eta, azpidatziek aski denbora utzi behar dute pantailaren behealdean idatzita dagoena irakurri eta ulertzeko. (Helduen begiak minutuko 250etik 300 hitzera bitartean irakurtzeko gai dira. Horrek esan nahi du segundo batean lauzpabost hitz irakur dezakegula, hau da, 15 eta 20 karaktere bitartean โ€•puntuazioa eta espazioak ere karakteretzat hartzen diraโ€•.)
  • Aldi berean, ikusleek aukera izan behar dute pantailan gertatzen denari so egin eta soinu-banda entzuteko. Beraz, denbora nahikoa izan behar dute azpidatziak irakurtzen ari direnarekin batera pantailan gertatzen dena entzun eta ikusteko.
  • Azpidatzi arruntak bi lerrotara mugatuak daude. Lerro bakoitzak zenbat testu izango duen faktore hauen menpe dago: lerroko zenbat karaktere onartzen diren (Netflixek, esaterako, 42 karaktere onartzen ditu gehienez), zenbat denbora dagoen testu hori emateko, ikuslegoaren batez besteko irakurtzeko abiadura (normalean, 17 karaktere segundoko, helduentzako programetan, eta 15 haurrentzakoetan), eta jatorrizko testua ahoskatzen den abiadura.

Faktore horiek guztiak hartu behar ditu aintzat edozein azpititulatzailek (โ€œazpidazleโ€ ez dut uste onargarria denik, hitzak dituen รฑabardura txarrengatik). Eta horregatik, hain zuzen ere, nahitaez murriztu behar du jatorrizko testuan dagoen informazioa. Murrizketa bi eratara egin daiteke: batetik, zer kendu eta zer utzi erabaki behar da; eta, bestetik, askotan jatorrizko mezua birformulatu beharko da informazio garrantzitsua ahalik eta laburren eta zehatzen transmititzeko. Eta nola egiten da hori? Informazioa laburtzeko edo trinkotzeko estrategiak asko dira, baina hemen horretaz arituko ez banaiz ere, esan dezadan lehenik esan gabe uzten diren edo desagertzen diren osagaiak izen propioak, bokatiboak eta interjekzioak izaten direla.

Orain teoriatik praktikara pasatuko naiz, eta esan dudan guztia hobeto ilustratzeko, adibide banaka batzuk paratuko ditut denbora- eta espazio-murrizketek azpititulatzailea zein atakan jartzen duten ilustratzearren. Gehiegi ez luzatzearren, karaktere-kopuruek informazioa hautatu behar izatera behartzen gaituzten adibide batzuk besterik ez dut jarriko.

INFORMAZIOA HAUTATU BEHARRA

โ€• Lehen azpidatzian, pertsonaietako batek beste bati esaten dio bere emaztea ezagutu behar duela institutuko irakaslea delako, bera bezala. Bigarrenean, emaztearen izen-abizenak esaten dizkio eta zer irakasten duen. Baina euskaraz ez da informazio hori guztia kabitzen, eta erabaki behar da zer den inportanteagoa, emaztearen izen-abizenak ala zer irakasten duen. Adibidean bi aukerak utzi ditut. (Onartzen den gehienezko karaktere-kopuruaren arabera, parentesi karratuen artean jarri dut zenbat karaktere sobratzen diren euskarazko bertsioan.)

You must know my wife.  
Nancy Vandergroot. Life Management.  

Euskaraz bi aukera hauek daude bigarren azpidatzirako (lehen azpidatzian โ€œnireโ€ ez da kabitzen, baina testuinguruak argi uzten du noren emaztea den):

Emaztea ezagutuko duzu.  
Bizitza-kudeaketako irakaslea. [+5]  
Nancy Vandergroot. Kudeaketakoa. [+3] ย 

โ€• Bigarren adibide honetan pertsonaia baten izen-abizenak agertzen dira, baina osorik ez da kabitzen karaktere bat sobratzen delako. Orduan, aukera bat izan daiteke izen osoa idatzi beharrean, bakarrik lehen letra idaztea, kasu horretan bi karaktere sobratzen zaizkigulako.

Linda McLanden?  
Linda McLanden? [-1]
L. McLanden? [+2]

โ€• Azken adibide honetan pertsonaia batek beste bati galdetzen dio ea non dagoen Sammy, eta erantzuten dio Lavashen gorpuarekin dagoela (Lavash bere lagun mina zen). Taulan ikusten denez, euskarazko azpidatzietan ez dago tokirik datu horiek guztiak azpidazteko eta horietako bati eman behar zaio lehentasuna. Testuinguruagatik ikusleek badakite Lavash hilda dagoela. Eta karaktere-murrizketa dela eta, โ€œgorpuโ€ ez erabiltzea erabaki nuen. Beraz, pantailan agertzen den bertsioa azkena da.

โ€•Whereโ€™s Sammy?
โ€•Heโ€™s with Lavashโ€™s corpse. ย 
โ€•Non dago Sammy?
โ€•Lavashen gorpuarekin. [-6] ย 
โ€•Non dago Sammy?
โ€•Lavashekin. ย 

Dagoeneko esan dezaket badudala eskarmenturik azpidazten eta aitortu behar dut testu bakoitza erronka berria dela. Batzuetan, hartu beharreko erabakiak ez dira errazak eta buruhauste dezente sortzen dizkidate: zirt edo zart egin behar da, baina ulermenari albait kalterik txikiena eginez eta ikuslegoari ahalik eta informazio gehiena eskainiz.

Bukatu aurretik, itzultzearen eta, bereziki, azpidazketaren alderdi kognitiboa ere aipatu nahi nuke. Itzultzen dugunean gure burmuineko bi hemisferioak aktibatzen ditugu, nahiz eta ezkerreko hemisferioa nagusia den hizkuntza prozesatzeko orduan (zein hizkuntza egitura erabili, zein hitz, jatorrizko hizkuntza ulertzeko mekanismoakโ€ฆ). Eskuineko hemisferioak, berriz, testuinguru soziala eta kulturala ulertzen laguntzeko ez ezik, azpidatziak doitu eta egokitzeko kalkulu matematikoak egiteko ere balio du. Ez dugu ahaztu behar azpidazten dugunean etengabe neurtu behar dugula azpidatzien karaktere-kopurua egokia den ala ez, hau da, azpidazteko dugun denbora eta espazio horren barruan sartzen diren ala ez. Horiek horrela, gure burmuina pozarren ei dago azpidatziak jo eta su sortzen, bi hemisferioak dena emanda eta elkarri eraginez, harik eta pozaren pozez lehertu baino lehen, hemisferioei behar duten atsedena ematea erabakitzen duzun arte. Eta hori normalean gertatzen zait filmeko 10 minutu azpidatzi ondoren, hau da, 100-125 azpititulu egin ondoren (batez beste eta ikus-entzunezko testuaren zer-nolakoaren arabera, orduko 60 bat azpidatzi sor daitezke). Beraz, bi ordu nahikoak dira nire buruak atsedena behar izan dezan eta eskatzen didan kafeina dosia oparitu diezaiodan.

Gaur egun, ordainpeko plataformei esker euskarazko azpidazketak halako boom bat bizi du. Dena den, azpidazketaren alderdi gehienak ezezagunak dira jende gehienarentzat (normala den legez). Horregatik, nire ekarpen honekin nahi izan dut azpidazketaren zirrikitu ezkutua apur bat zabaldu eta azpidazketa ikusgarriago egiteko urrats bat ematea.


[1] Jorge Dรญaz Cintas and Aline Remael, Subtitling. Concepts and Practices. Routledge, 2021.

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz II

Irati Bakaikoa Garcรญa

Aurrekoan arartekoaz, generoaz eta itzulpenaz ibili ginen gora eta behera. Baita itzulpenaren estrategikotasunaren inguruan. Adibide zehatzak agindu nizkizuen, eta agindutakoa bete behar da:

Azken boladan, lana dela-eta, justizia kontuekin zerikusia duten telesailak ingelesez ikusten ibili naiz. Lincoln Lawyer izan zen azkena, adibidea jartzeko aitortu behar nuen. Telesailean, bada bollera bat, Izzy (she/her). Bikotea behin baino gehiagotan aipatzen du, Ray (she/her). Hau ez da gomendio bat, baina nahi duenak egin dezala proba:

Jatorrizko bertsioan ikusten baduzue, ingelesez, Izzyren bikotea, Ray, emakumea da. Horraino ondo. Baina, sorpresa, gaztelaniazko azpidatziekin ikusten baduzue, Izzyk noviOa du askotan. NoviA ere badu tarteka. NoviEa ere izan zezakeen, baina horrainoko saltorik ez dago.

Spoilerra: ziur nago pertsonaia hetero guztiek hetero izaten jarraitzen dutela aukeran dauden azpidatzien hizkuntza guztietan; izan ere, baten batek eskuak burura eramango lituzke gizon protagonista heteroak noviOa izango balu kapitulu batetik bestera. Kasu horretan, ordea, ez dago akatsetarako tarterik. Besteren bati galera ez zaio hainbesterako irudituko. Izzy bollera, beltza, drogazale ohia eta protagonistaren txoferra da, hau da, aniztasunaren kupo guztiak nolabait ordezkatzen dituen pertsonaia. Bakarra dago seriean, eta itzulpenean, kale…

Arazoa ez da bakarrik itzultzaileak erabaki bat edo beste hartu izana, ezta horrek dakarren galera ere. Arazoa ez da hizkuntzarena. Itzultzaile horrek hartu dituen erabaki horiek behin ere pentsatu gabe hartzera bultzatzen duen makineria bat dago martxan, eta ez da itzulpenak eta itzultzaileok soilik dugun gaitza. Heterosexualitatea erabaki bat da, bizitzeko modu bat da eta inguruan duguna ulertzeko modu bat da.

Eskerrak badirela gure luparekin arretaz begiratzea merezi duten adibide hobeak, eta horretarako Feinbergengana itzuliko naiz. Mari-mutil handi baten bluesan, jatorrizko bertsioko bollera guztiak bollerak dira itzulpenean ere bai. Dena den, euskarazko itzulpenean, zerbaitek aldatu egiten du pertsonaia horien errepresentazioa: oraingoan, ingelesez irakurriz gero, mari-mutilek beti dute she/her genero marka inguruan, edo marka horrek ordezkatzen ditu. Euskaraz, ordea, genero marka horren arrastorik ez dago gehienetan, emakumeak esplizituki aipatzean izan ezik.

Oraingoan galera irabazia da, hain zuzen ere, emakumetasuna bera delako nobelak kolokan jartzen duen hori: mari-mutilek emakumetasunaren mugetan sartzen ez diren identitateak ordezkatzen dituzte, eta Feinbergek genero-gatazka horrek eragindako talka indibidualak zein historikoak kontatzen ditu. Izan ere, identitate disidenteon errepresentazioak aztertzerakoan soilik orientazio sexualaren mailari erreparatzen badiogu, generoan duen eragina kontuan hartu gabe, potentzialtasuna galtzen ari gara. Genero eta sexu disidentzia erabaki bat, bizitzeko modu bat eta inguruan duguna ulertzeko modu bat da ere bai.

Ildo beretik, baina beste plano batean, errepresentazio horien itzulpenak egiten duen ekarpena adibide konkretuetatik baino askoz harago doa. Mariokerrak: nola esan/izan bollera euskaraz (2023) liburuan egindako azterketan, Alvarezek eta Fernandezek oso esanguratsua den joera bat mahaigaineratu zuten: bollera identitateaz euskaraz hitz egiterako orduan, neurri handi batean, ingelesetik edo gaztelaniatik ekarritako maileguak edo itzulpen literalak erabiltzen ditugu. Hitzak sortu baino, gure hizkuntzaren kodeetara egokitzen ditugu beste hizkuntzetan sortzen diren horiek.

Hortaz, queer gurean kuir izango da, ezta? Dena den, ezinezkoa da testuinguru zehatz batean sortutako hitzek eta kontzeptuek dimentsio bera hartzea beti xede hizkuntzan. Bataren eta bestearen arteko tarteek eta jauziek luzerako ematen dutela argi dago… eta aurrekoan eman nuen hitza betetzeko saiakera zen gaurkoa.

Nork nori zor

Manu Lรณpez Gaseni

Aurreko batean euskal hizkera literarioaz idatzi nuen testuaren jarraipena izan nahi du gaurko honek. Jarraipena edo, akaso, hizkera literarioaren beste ikuspegi bat, estilo deritzogun haren azpimultzo bati erreparatzeko.

Euskal itzultzaileok harro-harro darabilgu Anjel Lertxundi totem moduan, gutaz eta gure lanaz ez gutxi idatzi duelako, belarria goxatu digulako, gure jardueratik zenbat ikasi duen xehe-xehe azaldu duelako, idazleek itzultzaileoi zenbat zor diguten behin eta berriz esan duelako.

Idazleek asko ikasi omen dute itzultzaileengandik. Oso ondo. Galtzerdiari buelta eman diezaiogun orain, galdera moduan: Eta itzultzaileek zer/zenbat ikasi dute idazleengandik? (Onar dezagun gaurkoz idazle deitura autore adieran, amaigabeko zehaztasun metalinguistikotan ez galtzeko).

Sarritan iradoki da itzultzaile literarioa, neurri batean behintzat, idazle edo sortzaile ere izan beharra, segur aski adierazi nahian, hizkuntzaren mekanismoak ondo ezaguturik, ohiko errutina denotatibotik ateratzen gaituzten diskurtso gogo-altxagarriak sortzeko gai izan beharko lukeela, baita bere itzulpenetan ere. Anbiguoa, badakit. Eta, horretarako, ezinbestekoa da literatura-tradizioa ezagutzea. Tradizio klasikoa eta tradizio garaikidea, eta haietan dauden hizkuntza-perlak barkatu, eta hizkuntza-bitxiak, urriagoak, gogoan hartzea.

Eta hemen dago, azkenean, estiloaren kontua. Ez baitira asko estilo edo ahots propio nabarmen bat garatzea lortu duten idazleak. Gutxi batzuk belaunaldi bakoitzean, eta batzuetan ez dira belaunaldi-burutzat hartu ohi direnak, nire iritzian (eta horrek esan nahi du estiloaren aurretik beste ezaugarri asko diratekeela kanonak ezartzeko orduan; baina gai hori, kanonarena, beste baterako utziko dut). Bestalde, estilo baten jabe izatea ez da ona berez, gerta baitaiteke, iritziak iritzi, urliaren estiloa zoragarria izatea, eta sandiarena, berriz, pairaezina.

Zertara datorren hau? Bateko eta besteko hari-muturrak lotuta, irudikatu nahi nuke itzulgaia irakurri eta bere baitan, adibidez, zera esango lukeen itzultzaile bat: Testu honen tankera ikusita, euskaraz primeran geratuko litzateke Koldo Izagirreren estiloan emanda, eta halaxe euskaratuko dut.

Oraindik orain argitaratutako Anjel Lertxundi: idazlea eta obra izeneko azterketa/omenaldi liburuan, zera dio Idoia Santamarรญak: โ€œNik, berriz, itzultzaile gisa, behar-beharrezkoa dut berrogeita hamar urtez estiloa lantzen aritu den idazle baten begirada eta ekarria. Kanpoko ahotsak euskarara ekartzeko, beharrezkoa dut sortzaile horren lana, ikusi eta ikasi behar dut nola erabiltzen duen hizkuntza (โ€ฆ) adierazi nahi duena adierazteko, nik ere tresna hori bera erabili behar baitut aldiro kanpoko ahots eta paisaia berri bat gurera ekartzekoโ€ (Zabalondo & Gurrutxaga, ed., 2024: 130).

Estilo-ereduaren aukera ezin da egin jatorrizko testua kontuan hartu gabe. Ez alferrik, idazle-lanbidetik bereizteko, itzultzailea sarea babes lan egiten duen orekari bat dela dio metafora maiztuak. Idazlea eta itzultzailea, biak sortzaile. Hala ere, estiloari dagokionez, รฑabardura garrantzitsu bat egin behar da: Idazleak estilo propio bat bilatu beharko luke, baina itzultzaileak debekatua du estilo propiorik izatea.

Metaforako sarea baldin bada jatorrizko testuaren egitura, pasarte-banaketa, esaldien antolaera, esamoldeak eta hitzak, haiek guztiak euskal estilo baliokide batera aldatu beharko lituzke itzultzaileak, eta horretarako euskal idazleen estiloen katalogoa du eskura. Itzultzaileak eta idazleak, biek dute jauzi bereziki zail batean trapeziotik erortzeko arriskua, baina askoz handiagoa da, noski, idazlearen erorikoa (eta hobe luke estiloz eramatea).

Magialaria ere balia liteke itzultzailearen jarduna irudikatzeko. Hizkuntza bateko berbak erakutsi, zapiaren azpian ostendu, hagaxka magikoaz jo, eta beste hizkuntza batekoak agerrarazi, ikusleen pozerako. Eta magorik arrakastatsuena, trukea nabaritu gabe eta era estilotsuan jokatzen dakiena. Emankorra, zirkuko jarduera-saila; literaturaren inguruko eragile guztiak ere bertan irudika litezke (esleipena, nahieran): lehoi-hezleak, clown jakintsua eta clown memeloak, indartsu bibotedunak, sabeliztuna, su-irensleaโ€ฆ Artearen komedia, zahar ahaltsu, pierrot eta arlekin guztiekin.

Idazlea eta itzultzailea, eta bien artean, estiloa. Hauxe idatzi zuen Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak saiakeran (190. or.): โ€œEdozein hizkuntzatako idazle-belaunaldi bat, baita hizkuntzarik hegemonikoenean ere, ezin da erregistro, gai eta giro guztietara heldu. Are gutxiago euskaraz. Baina idazleok uste duguna baino bide luzeagoa egin dezakegu estiloaren aldetik euskarara ekarritako ispiluetan begiratutaโ€.

Itzultzaileok balakatuta sentitzen gara Lertxundiren diskurtsoarekin, baina, funtsean, ondo dakigu laudamen horiek, neurri handi batean, estiloaren maisu batek, etorkor, guraso batek bere umeari nola, bigarren graduko testugileei emandako adorea direla.

Eta hau guztia, Bรถll eta Azpirozen hitzetan esateko, pailazo baten aburuak.

Azken mohikanoa ote?

Josu Barambones Zubiria

Antxon Itzulgarriaga du izena. Lanbidez itzultzailea da. Norbaitek galdetzen dionean ea zertan ematen dituen egunak akaso apur bat apaindu beharko lukeen bulego horretan, asko gustatzen zaio erantzutea Anjel Lertxundiri irakurri zion aipu batekin eta esaten die bera hitz eta adieren pisatzailea dela, eta hitzak eta adierak pisatzen igaro duela bizitza erdia baino gehiago.

Gure Antxon eskola zaharrekoa da, eta, idazten edo itzultzen ari delarik musaren batek bisita egiten dionean, oraingo honetan bezala, ordenagailuko pantailatik aldaratzeko bulkada sentitzen du, eta orduan papera eta bolaluma hartu, eta itzulpenen zirriborroak egiten hasten da. Itzulpena sorkuntza dela sinetsita dago, are garai batean hain erakargarriak ez ziren testu juridiko-administratiboak itzuli behar izaten zituenean ere. Orobat pentsatzen du itzulpenetan sormenak funtsezko papera jokatzen duela itzultzaileak konponbideak bilatu behar dituelako oraindik bere hizkuntzan inork osatu ez dituen ideiak eta erabili ez dituen moldeetan aditzera emateko. Antxonek aitortzen du itzulpengintzari buruz duen ikuspegia ikuspegi hagitz erromantikoa eta gaur egungo garaiekin batere ez errealista dela irudituko zaiela batzuei, baina Antxon bere zoroak bizi du.

Antxon Itzulgarriagak badu lagun bat (gehiago ere baditu, baina oraingo honetarako batekin nahikoa da) Itzulpengintzako irakaslea dena. Honetaz eta hartaz aritzen dira kafe baten arrimuan edo artisau garagardo on bat (edo gehiago) dastatzen dutenean. Eta ez da harritzekoa gaien artean hizpidera ekartzea itzultzaileak izateko ikasten duten askok itzulpen eskoletan hartzen duten jarrera. Harri eta zur gelditzen da lagun horrek kontatzen dionean azken urteotan etorkizunean itzultzaile gisa aritu nahi duten askok nola egiten dieten aurre itzuli behar dituzten orotariko testuei, batez ere konparatzen duenean berak ikasle garaian (bai, Antxon garai batean ikaslea izan zen) itzulgaien aurrean jarraitzen zuen jokabidearekin.

Lehenengo eta behin atentzioa ematen diona da itzultzaile izan nahi duten askok, hizkuntza konbinazio batzuetan beste batzuetan baino gehiago, sormenaren hasierako faseari uko egiten omen diotela, hau da, normalean ez direla murgiltzen testuaren edukiaren azterketan, ez eta testuaren analisi estilistikoan ere. Muturreko kasuren batean ere baliteke jatorrizko testua irakurri gabe ere itzultzea, badakitelako beren eskura duten makina batek klik batekin eta segundo batean egingo diela lan guztia, edo gutxienez hori uste dute. Nabokovek zioen irakurtzen dugunean xehetasunei erreparatu behar diegula eta detaileak ferekatu. Baina presak agintzen duen garai honetan, zertarako beharko du itzultzaile izan nahi duen batek testu bat taxuz eta tentuz irakurri? Bego goian, bada, Nabokoven aipua.

Baina pena handiena ematen diona da ikustea itzultzaile izan nahi duten askok nola egiten dioten uko itzultzeak duen alderdirik artistikoenari eta, bere ustez, ludikoenari: sorburu testu batean ageri diren ideiak eta ideia horiek emateko baliaturiko estiloa xede hizkuntzara ekartzeko prozesuari. Fase horretan sorkuntzak goia jotzen du, eta itzultzailea bere hizkuntzak duen errepertorioarekin hasten da jolasean: hitz-adierak pisatu eta hautatu, esaldiak josteko pintzelkadak eman, harik eta egitura gramatikalen kolorerik apainenak margotu arte. Eta orduan, bere obra bukatuta ikusten duenean, betegintzarrera heldu dela ohartzean, itzultzaileak, edozein artistak bezala, gogobetetze halako bat sentitzen du. Antxonek horrelako โ€œasebetetzeakโ€ sentitu izan dituen arren, orobat aitortu behar du batzuetan, nahi baino gehiagotan, frustrazioa ere sentitu duela. Jakitun da, nolanahi ere, itzultzearen aurkia eta ifrentzua direla. Nolanahi ere, biak balantza batean jartzera, uste du gehienetan aurkia irteten dela garaile, eta horregatik merezi duela lanbidearen gazi-gozoak dastatzen jarraitzea.

Aurrekoa irakurrita batek pentsa dezake gure Antxon aurrerapenen aurka dagoela, baina ez da horrela, berak ere sarritan erabiltzen duelako (ez dio inori aitortu nahi, baina egiten ari zen itzulpen batean trabatu zitzaion esaldi batekin egin zuen topo eta ChatGPTk esku-eskura jarri zion bere buruak eman nahi ez zion erantzuna). Bakarrik aldarrikatu nahi luke teknologia tresna gisa erabili behar dela, ez artefaktu moduan, baina gaur egun arrisku handia dagoela teknologia soilik artefaktu moduan erabiltzeko, eta dagoeneko ikusten hasi da itzultzaile izan nahi duten askok artefaktu moduan erabiltzen dutela, itzulgaia lehenbailehen gainetik kendu nahi balute bezala. Halaber, sumatzen hasi da erabilera horren ondorioz itzultzaile izan nahi duten asko autoestimua galtzen hasi direla, ikusten baitute makinak azkarrago eta, zenbaitetan, haiek baino hobeto itzultzen duela. Baina guztiarekin ere Antxonek pentsatzen du, aurrerapen teknologikoak gorabehera, pertsonen itzulpena baitezpadakoa dela kulturen arteko desberdintasunak eta รฑabardurak aintzat hartu behar diren testuinguruetan eta horietan sorkuntza-lana garrantzi handikoa izango dela beti.

Hurrengoan bere lagunarekin elkartzen denean, Antxonek esango dio itzultzaile izan nahi dutenei sinetsarazi behar diela itzulpengintza ikastea merezi duen lanbide bat dela; gure lanbideak sormenetik eta inspiraziotik asko duela, sormena norberarena bakarrik dela eta norberari soilik dagokiola errepikaezina delako, eta makina batek ez diela hori inoiz kenduko haiek kentzen uzten ez badiote. Eta hori lagungarria gerta dakieke ikasketekiko eta lanbidearekiko sentitu dezaketen deserrotze emozionalari aurre egiteko.

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz I

Irati Bakaikoa Garcรญa

Aurrekoan, txioerria zen sare sozial horretan, honako hau irakurri genion @Arartekoa kontuari:

ยซMayoritariamente las personas jรณvenes reconocen que la violencia machista contra las mujeres es un problema social de primera magnitud. [โ€ฆ] las jรณvenes (74%) lo tienen mucho mรกs claro que los jรณvenes (50%).ยป

Euskaraz, zuzendu zuten arte, hala zioen:

ยซGazte gehienek onartzen dute emakumeen aurkako indarkeria lehen mailako gizarte-arazoa dela. […], eta gazteek (%74) gazteek (%50) baino askoz argiago dute.ยป

Horra hor ustez generoa markatzen ez duen gure hizkuntza maitea, horra hor generoa abolitu duen itzultzaile automatikoa. Hurrengo egunean argitu zioten misterioa euskal txio-irakurleari: kontua da emakume gazteak direla gizon gazteek baino argiago dutenak.

Zuzenketak zuzenketa, argi gera dadila gazteok oso argi genuela. Generoa ez adierazte hori hautu transfeminista izan zitekeen, baina itzulpen horren atzean utzikeria besterik ez dagoelakoan nago, eta ez erabaki politiko bat. Izan ere, utzikeria erabaki politikoa da behar baino gehiagotan. Hamaika izan daitezke adibide absurdo horretatik ateratako ondorioak, eztabaidak eta hausnarketak, baina komeni zaidan moduan buelta emango diot nik. Eta, oraingoan bai, hautu transfeminista eta politikotik.

Batzuetan, generoa ez adieraztea estrategikoa da, eta itzultzaileak potentzialtasun handia du zentzu horretan eragiteko; izan ere, generoak, funtzio gramatikala izateaz gain, badu gizartea antolatzeko moduko estatusa. Baita indarkeria batzuei eusteko ahalmena ere. Halaber, hizkuntzak dira heteroarautik at gaudenon errealitateak izendatzeko eta zabaltzeko bide, eta hortaz, itzulpenak jokatzen duen paperari erreparatzea ezinbestekoa da. Bitartekoa baino, tresna bat delako.

Aurreko ideiak garatzeko, ezin dut Leslie Feinberg aipatu gabe utzi, berriz, komeni zaidalako eta erreferente transfeminista handi-handia delako. Feinbergek zein itzulpenak eman didate gauzak idatzita dauden moduaz harago ulertzeko nahia (batzuetan beharra), muinera heltzeko aukera eta galbidea, eta erantzunik ez duten galderei aurre egiteko aukera.

Aurten, Mari-mutil handi baten bluesa (2018) liburutik abiatuta, Feinbergek egiten dituen errepresentazio disidenteetan eta horien itzulpena aztertzen ibili naiz buru-belarri โ€“master amaierako lanerako eta bizioagatikโ€“, eta hementxe idatziko dizkizuet prozesu horretan jasotakoak, hausnartutakoak eta ikasitakoak, hiru ataletan. Behintzat, hori da asmoa. Hauxe da lehen saiakera (I) eta, lehendabizi, kokapen txiki bat egingo dut. Datozen hilabeteetan, beste bi saiakera eginen ditut (II eta III).

Jatorrizko liburuak Stone Butch Blues (1993) izenburua du, eta horixe bera da ardatza: 60ko hamarkadatik 90eko hamarkadara bitarteko langile klaseko butch baten istorioa. Ez dakienarentzat, butch hitza oso maskulinoa den bollera bat izendatzeko erabiltzen dugula esango dut, baina, ongi ulertzeko, liburua irakurri beharko duzue; izan ere, butchak ordezkatzen duen maskulinitate ereduak etengabe egiten du talka genero bitartasunaren gainean eraikitako errealitatearekin. Feinbergek, protagonista den Jess Golbergen bidez, generoaren, klasearen eta arrazaren arteko intersekzioari heldu zion, eta gaur egun heteroarautik at dagoen komunitate disidentearentzat kanonikoa den nobela idatzi zuen. Zapalkuntzen kontrako nobela da batik bat.

Hogeita bost urte geroago izan genuen aukera gurean eta gure hizkuntzan irakurtzeko, Fermintxo Zabaltzaren itzulpenari esker. Ekarpen literarioa egiteaz gain, Feinbergen itzulpenarekin batera autorearen pentsamendu-markoa eta hura eraikitzeko ezinbesteko hitzak ere ekarri zituen itzultzaileak. Aurretik aipatu bezala, hitzak ez dira bakarrik hitzak, errealitateak baizik. Horrela, stone butchak ยซmari-mutil handiakยป, he-sheak ยซemazte-gizonakยป eta femmeak ยซfemmeakยป izan ziren gurean.

Itzulpen horren aurretik mari-mutilak, emazte-gizonak eta femmeak hementxe geunden, eta itzultzaile baten erabakien ondorio dira baliokide horiek. Ez da ardura txikia, kontuan hartuta baliokideak hamaika izan zitezkeela eta, aldi berean, bete-betean asmatu beharra dagoela, hitzek ordezkatzen dituzten errealitate horiek gordetzeko.

Imajina itzultzaileak ยซmari-mutilยป aukeratu beharrean ยซemakume*ยป erabili izan balu. Edo ยซlesbianaยป, ยซbolleraยป, ยซez bitarยป, ยซkuirยป… edo ยซgazteยป. Istorioa beste bat litzateke, eta historia ere bai. Nire ustez, bete-betean asmatu zuen Zabaltzak, bai identitatea euskaraz ekartzen, eta baita jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko denbora-jauzi hori gordetzen ere.

Laburbilduz, itzulpenak paper estrategikoa jokatzen du identitate disidenteen eraikuntzan eta errepresentazioetan, eta gaiari eskatzen duen arretaz eta kontzientziaz heldu behar diogu. Hauxe izan da hurbilketa bat egiteko lehen saiakera, eta datozenetan sakonago landuko dugu, adibide zehatzekin.