Hitanoa harridurazkoetan?

Xabier Olarra

Aurreko artikuluan aipatu nuen agian heldua izan zitekeela alokutiboa galderetan ez erabiltzeko debeku zorrotza pixka bat lasaitzeko garaia, eta arauak ematen dituztenek aukeran uztekoa. Edo bestela, tradiziozkoa lehenetsi arren, joera “berria” ere ontzat ematekoa.

Dena dela, orduan esan bezala, Euskaltzaindiak ezer gutxi arautu du hitanoaren erabilerari dagokionez. Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan, bada zerbait arautua:

e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).

Eskuliburu horretan beste debeku batzuk ere aipatzen dira, aurreko artikuluan aipatu nituenak. Baina ez dut uste ezer esaten denik harridurazko perpausei buruz. Dena dela, erabileraren kontua finkatzeko irizpideak ematen saiatu direnetan Ritxi Lizartza da aipagarriena, eta hark egindako lana beste eskuliburu batean bildua zen lehenagotik: Hitanoa. Mintza hadi lagun[1].

Ritxi Lizartzak hainbat debeku aipatzen ditu hitanoaren “muga morfosintaktikoak” atalean. Ia denak oso zentzuzkoak, nire ustez, baina bada “mandamentu” bat, gaur eztabaidagai jarri nahiko nukeena.

Honela dio Muga morfosintaktikoak izenburua duen 7. atalean:

2. Galderazko eta harridurazko perpausetan ezin da erabili.
Itauna ez da sekula izan hitanoaren esparrua. Bide horretatik, badirudi ipar-ekialdeko euskalkietan sekula ez dela galderetan hitanoa erabili.

Eta gero hainbat adibide ematen ditu erabilera “okerraren” lekuko.

Gaur, harridurazko perpausetan erabili ezinari buruzko iruzkin bat edo beste egingo dut artikulu honetan. Honela dio eskuliburuak:

Harridurazkoetan ere ez dago alokutiboa erabiltzerik. Harridura perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (zer dakit nik!) edota harridurazkoen berezko egitura fosilizatuetan (izango ahal gara zoriotsuak!) eutsi egingo diogu debeku horri. Gainera, askotan mendeko perpausen egiturapean daude osaturik.

Eta adibide hauek ematen ditu gero:

Dabilena badabil! (Ba- hori aditzaren baiezkotasuna adierazteko da)
Bazen gauzak ondo ateratzeko garaia!
Eskerrak garaiz samar iritsi nintzen bart!
Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!
Nik ahal dakit ba!
Horixe behar genuen!
Zer izango da luzea, gizona!
Ezagutuko ez dut ba!

(azpimarrak nireak dira)

Ez dut dudarik egiten harridurazko perpausetan alokutiboa erabiltzea debeku dela perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (adizki neutroa erabili behar da, beraz).

Zer ederra den!
Zeinen ederra den!
Zenbat denbora alferrik galtzen dugun!

Baina ez nuke esango gaitzestekoa denik harridurazko berezko esaldi fosilizatuak deitzen dituen batzuetan alokutiboa erabiltzea. Esate baterako, har dezagun hor goiko adibideetatik honako hau:

Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!

Horren parean, niri, eta uste dut ez naizela bakarra, erabat onartzekoak iruditzen zaizkit, esate baterako, beste hauek:

Hau dek, hau dek, hau dek umoria! ♩♩ ♩♩ ♩♫♫♩♩
Hau dek sasoia, hau! Hau den mauka, hau!
Hau dun astapotroa, hau!
Marka duk gero!

Hala ere, eskuliburu benetan gomendagarri horren egileak berak, trapuan pupua jarriz edo, honela dio hasierako zorroztasuna leunduta:

Hala eta guztiz ere, oso eremu zehatzetan erabiltzearen alde egin dugu, ez baita erraza jakitea adierazpen-perpaus arruntaren —baiezkoa /ezezkoa/ zalantzazkoa— eta harridurazkoaren arteko aldea, hizketan ari garenean, intonazioaz eta beste ahozko hizkeraren ezaugarri batzuetaz aparte.

Nire ustez, hor egon daiteke gakoa, hain zuzen ere harridurazko perpausak ez direla denak berdinak, eta horietako batzuk “adierazpen perpaus arruntak” direla, enfasi pixka bat edo asko gehituta: Ederra zegok! Benetan ederra zegon! Mundiala zegoan! Eta kasu horietan, nire ustez, hitanoa erabiltzea (oso arrunta izateaz aparte) zilegi da.

Espero dut, “muga morfosintaktikoak” direla medio, inor ez saiatzea “zuzentzen” goian aipatutako kanta.


[1] Hitanoa. Mintza hadi lagun. Mara-mara taldearen hitzkuntza zerbitzuak, Donostia, 2009.

Hitanoa galderetan?

Xabier Olarra

“Hitanoa non eta nork erabiltzen duen”[1] artikuluan, Xabier Alberdi irakasleak hitanoaren gaur egungo erabilerari buruz bere tesirako egindako ikerketaren nolabaiteko laburpen bat egiten du. Nork-norekin eta zein testuingurutan erabiltzen den hitanoa aztertzen du, funtsean. Horrez gain, bere ikerketan erabilerari buruzko alderdi orokorragoak ere azaltzen ditu, esate baterako zein testuinguru gramatikaletan erabiltzen den hitanoa. Honela dio:

Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, soilik menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietan (enuntziatiboetan) erabiltzen da literatur tradizio landuan. Orokorrean gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behenafarreran eta zuberoeran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, menpeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipatu legea, gazteen artean batik-bat (45 urtez beherakoetan).

Beraz, laburbilduz hau genuke:

1.- Hitanoa perpaus enuntziatiboetan bakarrik erabiltzen da
2.- Ez da erabili behar menpekoetan
3.- Ez da erabili behar ez galderetan ez baldintzazkoetan

Holaxe dago jasoa, besteak beste, Euskaltzaindiaren 14. arauan[2], non espresuki agertzen baita “Alokutiboa” atalean honako adierazpen hau:

“e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?)”.

Baina argi eta garbi azaltzen du Alberdik lege hori literatur tradizio landuan hala den arren, galderazkoetan ere erabiltzeko joera aski zabaldua dela gaurko erabileran. Eta berdin baldintzazkoetan gazteen artean. (Alde batera utziko dugu esaldien artean inolako bereizketarik egin gabe beti hitanoa erabiltzeko joera, non agertzen baitzaizkigu *Hura etorri dekelako (delako +hi) eta gisakoak).

Alberdik aipatzen duen salbuespena (galderazkoetan ez erabiltzea) ez errespetatzearena aspaldi samarrekoa da. Hala ere, J.B. Elizanburu (1828-1891) saratarraren Piarres Adame irakurtzen badugu, ohartuko gara ia inoiz ez duela erabiltzen galderetan (ezta menpekoetan ere, noski). Hona adibide batzuk:

—Beha nezak ongi, eta orhoit hadi!… zer! ez duk ezagutzen Piarres Adame?… Eta Saratarra haizela diok? Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bertzetan, famaz bedere?… Behin ikhusi nauenak ez naik ahanzten!…

Bainan, nola haur on bat baitzen, eta uste izan baitzuen, nik erran nion bezala, axaleko xoriaren ikhusteko galdetzen niola bere liburua, Mattinek onhexi zian beraz, lagun on gisa, axegin horren egitea.

Jean Etxepare Landerretxe (1937-1961) jatsuarraren Mendekoste gereziak (1962) hartzen badugu, honako hau aurkituko dugu ipuin-bildumako Kurutze gorriak narrazioan:

—Zer tenore da? Hamarrak abantxu. Ez gintuztela sarraraziko? Hozten ari nuk.
—Menturaz eguerditan hemen izanen gituk. Hago gustuan; ez dik balio kexatzea;

Beraz, bistan da zorrotz gordetzen duela lege “zaharra”.

Argi zirrinta izenburua duen narrazioan, berriz, honako hau:

Frangotan buruan ibiltzen diat nola gure haurreko adixkidetasun goxo hura amodio baten hastapen eta erroa gertatu den. Ez nian holakorik uste. Alta haurdanik gure artean zerbait izan duk. Eskolarako bidean zonbat aldiz ez gira elgarrekin gertatu? Zonbat aldiz ez gira bidean gelditurik egon xori txar bati beha, ezdeus bati beha? Egia duk. Betidanik ukan diat hiretako, ez dakiat nola erran, halako goxotasun bat. Elgarrekin ginelarik, beti hiri zerbitzu egiterat ekarria nintian, ez hintudan kolpatu nahi, azkar nintian hirekin.

Otto Pettanen astoa izenburukoan, berriz,

—Ba araiz, zertako nahi duk preso egon dadin?
—Edo bere kafira hemen dik? (du+hika)
—Ez die urtxoek kafirarik egiten hemen. Galdua duk. Eta joan den eguneko elur hura!

Hor ikusten dugu galdera batean hitanoa erabilia.

Gauza bera aurkitzen dugu, baina askoz ugariago, Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1888-1961) orexarraren Quito’n arrebarekin (1950) liburuan, irakurtzeko pazientzia hartzen badugu (adizkiak, besteak beste, Areso-Huitzi aldekoak-edo dira, eta horrek ez ditu gauzak errazten). Arrebarekin elkarrizketan aurkitzen dugu Orixe liburu osoan zehar, eta aukera bikaina da hitanoaren erabilera aztertzeko.

D.— Arkitu ote litezke une berean guregan Aingeru ona ta gaiztoa?
N.— Ez uke arrigarri; baña naiago diñat txandaka iduritaratzea, batak edo besteak eragiten gaitunean. Alaxe Yesus Bera ere txandaka artu ziñatenan: aingeru gaiztoak zirika, ta, arek aldegin zunean, Aingeru askok agurka. Egon ere batean zeuden guregan, anima ta Yainkoa nastu gabe. Zergatik ez litezken egon bi aingeru oiek ere?
Testuan ageri denaLege orokorraren arabera behar lukeenaNeutroa (batua)
litezkelitezkelitezke
uke (lukek)uke (lukek)litzateke
diñat (dinat)diñat (dinat)dut
ziñatenan (zitenan)ziñatenan (zitenan)zuten
zeudenzeuden (zeuden)daude
litezkenlitezkelitezke
N- Illobia bedeikatzen dutenean, ango Aingeru Bergiralea aipatzen yunate. Ez al yunat arrazoirik aski, zerua emen ere ba dagola, aldez aldez beñipein esateko?
Testuan ageri denaLege orokorraren arabera behar lukeenaNeutroa (batua)
yunateyunate (dinate)dute
yunatdutdut

Adibideak nahi adina aurki daitezke, baina bistan da joera hori aski nabarmena dela Orixeren idazkietan. Tormesko itsu-mutila itzulpenean ere (bizkaieraz) joera horri atxikitzen zaio. Gauza bera aurkituko dugu Mireio irakurtzen badugu.

Eta zer gertatzen da gaur egungo itzultzaileen artean? Bi joera nagusi aurkituko ditugu: lege zaharrari zorrotz atxikitzen zaizkionak eta joera “berriari” jarraikiz, galderazkoetan ere erabiltzen dutenak. Lehenbizikoen artean (hurbilen zaizkidan itzultzaileen lanei gainbegirada bat emanez) Juan Garzia, Fernando Rey, Amaia Apalauza, Idoia Santamaría, Aroa Uharte eta nerau dauzkagu. Galderetan ere sistematikoki erabiltzen dutenen artean bi baizik ez ditut aipatuko, baina askoz gehiago izango dira: Miel Elustondo eta Joxe Mari Berasategi.

Xehetasun gehiago nahi duenak, irakur ditzala, esate baterako, honako hauek: Hamlet, Kale gorriko umeak, Puskak, Aldibereko, Erle langileen amodioak, edo Ulises. Eta beste joerakoak zer egiten duten jabetzeko, eman diezaiela begirada bat, esate baterako Hiltzailea nire baitan edo Paradisuari.

Horiek horrela, uste dut agian garaia dela hizkuntza gaietan agintaritza eta autoritatea dutenek hainbatetan hartzen dituzten erabaki salomoniko horietako bat har dezaten. Zuzentzaile edo editore lanetan aritzen direnei zama arinduko liekete pixka bat, baldin eta aukerakotzat utziko balute. Halabiz.


[1] Hitanoa non eta nork erabiltzen duen, EUSKERA – XXXIX (2. aldia), 983-993

[2] https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1715&task=bilaketa&lang=eu&id=100&highlight=hika

Zarata handiegia, mami mehatzegia

Asier Larrinaga Larrazabal

Euskara orain deritzon liburutxo mediatikoak “eraginkortasuna helburu” goiburua du azpititulutzat. Nik komunikazioaren eraginkortasunaren kezka partekatzen dut egileekin, baina askoz gehiago ez. Erabiltzen dituzten argudioak, behintzat, ez. Labur-labur azalduta, Jesús Rubiok euskararen SOV ordena dauka arazo guztien sorburutzat: «Estruktura burulehena ez da soilik efizienteagoa ze bere kide buruazkena, baizik ere, eta are inportanteagoa dena, efektiboagoa» (58. or.). Mendizabalek, Lamarcak eta Amurizak gogoeta lauso asko egiten dituzte, baina nik ez dut aurkitu mamizko argudiorik. Orobat, hiruron ataletan ez dut aurkitu euskararen eraginkortasun komunikatiboa emendatzeko proposamen esplizitu askorik. Bakan batzuk badira, inoperatibo samarrak ia denak. Beharbada, Amurizak lexikoaz dioena aipatuko nuke, nahiz ezin esan Amerika deskubritu duenik: «Gure inguruko hizkuntza nagusien ondare kultural komuna asko gehiago (baina asko gehiago!) baliatu beharko litzateke» (129. or.). Rubiok, bere aldetik, euskara iruntzitara jartzea proposatzen du, alegia, SVO hizkuntza bihurtzea: «Garabidean, lehen pausua litzateké normaltasunez ahalbidetzea aukerako SVO ordena» (88. or.). Perpaus-osagaien ordena iraultzea aldeztearekin batera, Rubiok euskara preposizioz hornitzeko bide bat jorratzen du.

Halako abentura linguistiko batez ez dago ezer esan beharrik, begi bistakoa baita erabateko haustura lekarkeela euskara biziarekin. Merezi du, baina, iruzkin batzuk egitea liburutxoan jasotzen diren beste zenbait ideiaz, eraginkortasunari buruzko balizko debate batek oinarri hobeak izan litzan.

 «Euskararen arazo nagusietako bat aditza da. Garbi esanda, galga nagusietako bat. […] Gure aditza sinplifikatu ezik, euskarak etorkizun zaila dauka». (127. or.) Amurizak ez dio zelan sinplifikatu. Datiboko komunztadura kenduz? Pluraleko komunztadura ere bai? Laguntzaileak eurak? Mendizabalek ahalera osoa ezabatuko luke. Blog honetan bertan, zalantza egin da zatzaizkit adizkiaz. Nik, ikuspegien erlatibotasuna ilustratzeko, “Goenkale”ko esaldi batzuk aldatuko ditut hona, hizkera naturalaren eredutzat eduki izan baita: «Hi, aizan, nik nahi dudana eginzezakeanat. Ni adinez heldua naun». «Nik ez zaituztet zuek utzi, Alazne. Ez zintuzketet sekula abandonatuko, hori ezinezkoa da». «Barkamena eskatzen ari gatzaizkik. Pertsonak barkatzen jakin behar dik».

 «Askotan ofizialki zuzenak ez diren formak errazenak edo praktikoenak izan ohi dira» (17. or.) «Zergatik ez ditu barneratzen euskara normatiboak […] gazteen euskara-aldaera berriak, sinpleagoak eta ez oso “zuzenak” badira ere?» (137. or.) Ez dut ulertzen zein adieratan erabiltzen duen Lamarcak ‘zuzen’ adjektiboa. Zuzentasuna gramatika-arauak betetzea da, baina esango nuke beste zerbaitetaz ari dela, ez baitut uste honelakoak barneratzeaz ari denik: «Ni ez daukat inprimagailua». «Baina eske da guztia oso teorikoa». «Joaten naiz, andereño?». «Zertarako kontatu, si ez da inoiz agertzen». «Kontuz, min egingo zarela!». [Esaldiok Orreaga Ibarraren Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa (2011) liburutik atera ditut.] Halakoei igaro-baimena emateaz ez, baina Lamarca egokitasunaz, euskararen errepertorioa aberasteaz eta, zehazkiago, euskara kolokiala sustatzeaz ari bada, eskertzekoa litzateke ildo horretan zer landu den ezagutuko balu.

 «H. Bichakjianen arabera, hizkuntzek eboluzionatzeko joera naturala dute, berez lortzen dute apurka-apurka hitz orden eraginkorrago bat, morfologia xinpleago bat edota lehenesten dituzte aiseago ahoskatzen diren fonemak» (14. or). Mendizabalen eta Rubioren atalak Bichkjianen ideiez blaituta daude. Berari irakurri diote hizkuntzen bilakabide naturalean SOV primitiboagoa dela, eta SVO, eraginkorragoa, eboluzionatuagoa. Nik ez dakit eboluzioa noranzko horretan doan, baina garbi daukadana da sinpleagorako joerarena ez dela egia. Hizkuntzek ezaugarri batzuetan sinpleagora jotzen dute, eta beste batzuetan, konplexuagora.

 «Sintaxi buruazkenetan gure entendimenduak (gure prozesatzaile linguistikoak) itxaron beharko du artio ezagutu (azken) buru sintaktiko relevanteak arrén ongi uztártu sintaktikoki buru horien aurreko elementu dependenteak» (59. or.). Ideia honek –berau ere Bichkjiani ikasia– hizkuntza prozesatzea broxeta bat jatea bezala irudikatzen du. Mokadu bakoitzean, zapore berri bat ahoan. Euskaran eta hizkuntza buruazkenetan, baina, badirudi zati zaporetsu bakoitzaren aurretik patata asko aurkitzen dugula, eta hainbat haginkada behar ditugula dastamen-papilak alaitzeko. Errealitatea da, ordea, burmuinak ez duela halako modu linealean prozesatzen hizkuntza. Mintza-katea, bai, linealki sartzen zaigu belarritik, baina orduan burmuinak hainbat prozesu paralelo aktibatzen ditu, batzuk kate (perpaus) osoa urkuldu arte irauten dutenak. Hizkuntza-tipologia edozein dela ere, burumuinak ez dio hartzen zentzu osoa esaldiari amaiera arte. Egia da badirela estrategiak burmuinaren lana arin dezaketenak, eta, horretan, euskara ez da atzean geratu. SOV hizkuntza izateari utzi beharrik gabe, perpaus hasierako menderagailuak ez dira gutxi, esate baterako.

 «Egitura sintaktikoki koherentea geldituko dá sistematikoki irekia ki jarraitu zehazten gure osagarriak aiseki, sortuz egitura bat funtzionalki rekursiboa, erraztuz espresio aberatsa eta matizatua, eta, finean, zabalduz ateak i fluitate eroso, potente eta efektiboa» (61. or.) Ideia horren “alderdi mekanikoa” egia da, hizkuntza burulehenetan infinituraino katea baitaitezke perpausak, baina –testu administratiboen itzultzaileek esperientziaz dakiten bezala– ez da egia emaitza beti denik espresio eroso, potente eta efektiboa, eta bai, sarri, mordoilo korapilatsu, trakets eta antikomunikatiboa.

Azken batean, testuen eraginkortasuna ez datza hizkuntzaren ezaugarrietan, baizik hiztunaren dohainetan. Hiztun batzuk trebeago dira testu komunikatiboagoak (prozesatzen errazagoak) ekoizten, eta beste batzuk baldarragoak. Baldarrago garenok asko eskertzen ditugu eraginkortasun komunikatiboari buruz egiten diren ikerketak eta, batez ere, lantzen diren jarraibideak eta gidak. Mundu anglosaxoian urrats handiak egin dira plain English deritzon ereduan. Berari jarraituta, EITBk hizkera laua erabiltzeko gida bat dauka aspalditik.

“Ez naiz ni, hura da”. Ohar laburrak hirugarren ez-pertsonez eta egitura inpertsonalen historiaz

Borja Ariztimuño López

Ahots (aktibo, pasibo, erdi-pasibo), argumentu-egitura, balentzia, diatesi, ez-akusatibo, ez-ergatibo… Termino ugari dago aditzek beren morfologian eta beren inguruko elementuetan erakusten dituzten ezaugarri jakin batzuk eta eragin dakizkiekeen aldaketak deskribatzeko eta aditzok horren arabera sailkatzeko. Hemen, egitura inpertsonalak aipatuko ditut, adierazpide morfosintaktikoa edozein dela ere.

Euskal aditz jokatuen eta jokatugabeen arteko desberdintasun nabarmenetako bat pertsona-komunztadurak dira; alegia, dena delako egoera, prozesu edo egintzan nork parte hartzen duen adierazten duten markak. Denbora edo aspektua ere aipa litezke, baina, joko analitikoan ere badu halako marka aditz nagusiak, jokatugabetzat hartu ohi den arren (ikusi, ikusten, ikusiko).

Era berean, hizkuntzalaritzako kontu ezaguna da 3. pertsona, hizkuntza askotan, ez dela egiazko partaidea; ez bederen besteak bezalakoa, hizketa-ekintzatik kanpokoa baita (gogoan izan euskaraz 3. pertsonak benetako izenordainik ere ez duela, berez).

Hala, euskaraz egitura inpertsonalak (alegia, partaide orokor edo zehaztugabeko aditz predikatuak) eratzeko bide bat baino gehiago dugu, maiz 3. pertsonari lotuak. Hauek izan litezke nagusiak, zein bere helburu eta ñabardurekin: aditz iragankorraren iragangaiztea, pluraleko 3. pertsonaren komunztadura, eta singularreko 2. pertsonaren komunztadura.

Azken horretatik hasita, kontakizun bati balio orokorra eman nahi diogunean, baina, era berean, gertutasunez-edo aritu nahi dugula (dela geuri gertaturiko zerbaitetaz ari garelako, dela solaskidearen interesa biltzeko), 2. pertsona erabiltzen dugu:

– Eta zer egin ote dezakezu holako egoera batean?
– Zeken horrek ez dizu inoiz ezer musu-truk emango!

Bigarren estrategia, aditz iragankorrekin bakarrik, subjektu orokorra edo zehaztu ezin/nahi ez dena pluraleko 3. pertsonaz adieraztea da:

– Atea jo dutela iruditu zait.
– Babarrunak bezperatik beratzen uztea gomendatzen dute.

Azkenik, jatorrizko subjektua guztiz ezabatu eta aditz laguntzaile iragangaitza (ergatiborik gabea) erabil dezakegu:

– Zarata honekin ez zaizu ondo ulertzen.
– Gailur hartatik itsasoa ikus daiteke.

Horrelakoak testu zaharretan arakaturik, Milia Lasturkoren eresi ezaguneko hau izan liteke adibide garbi bat, pluraleko 3. pertsonarena:

– Bidaldu dogu zeruetara kartea: arren, diguela [‘itzul diezagutela’] gure andrea.

Alabaina, badira egun ezinezkoak diren ale batzuk ere: iragangaizterik gabeko inpertsonal adierako adizkiak, trinkoak zein laguntzaileak.

Jakina da, izan ere, forma sintetikoetan ez dela ergatiboa kentzeko aukerarik (esaterako, darama-tik, daramakio eratu dezakegu, baina, egun ez dugu ‘eramaten da’ moduko inpertsonalak adierazteko modu trinkorik). Ez bide zen hala antzina, eta horren arrastoak ditugu XVI-XVII. mendeko testuetan. Honatx adibide batzuk:

– O, jaun ona, gogo dizit garizuma denian
egiazki egiteko neure konfesionia.
Bai eta’re konplitzeko didan [= ematen didan {‘ematen zaidan’}] penitenzia,
othoi, jauna, zuk konfirma ene borondatia (Etxepareren LVP, I: 194)

Gatza lora ditean artean beste gauza lekuske [‘ikus liteke’]. En tanto la sal floreciese otra cosa se vería (Refranes y Sentencias, 145)

Ezi[n]egina harria baino gogorrago. Harriari mailuaz ere baledeko [‘edeki lekioke, edekitzen zaio’]. El no poder, más duro que la piedra: a la piedra se puede quitar con el martillo (Isastiren errefrauak, 26)

Aditz perifrastikoetan ere, egun aditz laguntzailearen alternantziaz baliatuko ginatekeen kasu batzuetan, inolako aldaketa lexiko-morfologikorik gabe izan dezake egiturak balio inpertsonala:

– Kuidadua eduki begie, ikasi dezaen etseko persona guziak doktrinea, eztakianari irakasten diagola [= diola {‘zaiola’}] (Azkoitiko ordenantzen “sumario brebea”, I: 12-6)

– Gauza gaizki egina da, eta itsusia, adiskideari deiez dagotzunean, ez ihardestea, athean iguriki arazitzea ; eta berehala eman ahal diazaion [‘dakiokeen’] errepuestaren eta egin ahal diazaion [‘dakiokeen’] zerbitzuaren geroko luzatzea (Axularren Gero, 304-5/6)

Adibide horietan guztietan, aditzaren ohiko konfigurazioko argumentuetako bat orokorra edo zehaztugabea da, eta hala interpretatu behar da, adizkiaren morfologia gorabehera. Kontuan hartuta, baina, 3. pertsonako subjektuak ez duela inolako markarik euskaraz, ez zaigu horren harrigarri gertatu behar hura isiltzeko aukera morfologikoki anbiguoa.

Izan ere, horixe bide da iritzi ‘izena ukan’ aditzaren sorburua: ‘etsi, -tzat eduki’-tik (deritzo ‘irizten dio’), ‘deitu’ adiera iragankorrera (deritzo ‘deitzen dio’) eta, hirugarren pertsonako subjektudun formak inpertsonaltzat interpretaturik (deritzo ‘deitzen zaio’), iragangaitz gisa berrinterpretatzera igaro zatekeen (deritzo ‘deitzen da’). Hala bada, testu zaharrek gaur egun ezinezkoak diren bideak lehen posible zirela erakusten digute, eta egungo zenbait formaren sorburu eta bilakaera argitzen laguntzen.

***

Azken asteotan, zoritxarrez, egitura inpertsonal ugari gabiltza irakurtzen, pasibo-antzekoekin batera, zenbaitek ez-pertsonatzat dituztenez (Gazako bonbardaketan auskalo zenbat haur hil direla, Zisjordanian ugari izan direla zaurituak, eta abar). Halakoetan, sarraskigileak ez aipatzeko eta haien ardura eta erantzukizuna estaltzeko erabiltzen da inpertsonala. Ezen, esan ohi den bezala, pertsonala politikoa da; hizkuntza-kontuetan, ordea, inpertsonala ere bada politikoa.

Argi esan dezagun: Palestinakoari genozidio deritzo.