ETBko kameraria

Mikel Taberna Irazoki

Bertso-saio batean aurkezle lanean ari nintzen egun hartan (aspaldi samarreko kontuak dira), Beran (irakur bedi Berán), eta Hitzetik Hortzera programarako grabatzen ari ziren ETBko langileak. Mutil bat hantxe zebilen oholtza gainean, kamera bizkarrean, irudiak postura guzietatik hartzeko ideian. Bertsolariei azkeneko gaia emateko tenorea ailegatu zelarik, mikrofonora hurbildu eta solasean hastearekin (“Saioa akabatzeko…”), niregandik metro pare batera zegoen kamerariaren marmarra aditu nuen: “Akabatu! Hori re euskera izango dek, ba!”. Ezin nuen sinetsi aditu nuena, zer uste zuen txoro hark! Duda egin nuen burua jiratu eta merezi zuen kontestaren bat ez ote nion emanen, baina ez nuen halakorik egin, bertsolari ez nintzelakoz (ez naizelakoz) segur aski, eta aitzinera segitu nuen deus gertatu ez balitz bezala. Ikusle zorrotzena ohartu izanen zen hitz egitetik gelditu nintzela istant batez, baina bertzerik ez.

Akabaturen gisako makina bat hitz ditugu gure eskualdean, gure mingainaren puntan airoso dantzatzen direnak, irudi-hartzaile haren alarma-argia biztuko luketenak, zenbaitek kondenatuko lituzkeenak maileguak direlakoz eta ustez haien ordezko garbiagoak baditugulakoz: bueltatu (<itzuli), kanbi(a)tu edo ganbi(a)tu (<aldatu), estrain(a)tu (<harritu)… Euskalki edo tokiko hizkera guzietan badira halakoak. Mutil haren erreakzio bertsua izaten dugu gure eskualdekook, konparazio batera, bizkaieradun bati zapatu (<larunbat) edo bentana (<leiho) aditzean.

Nolanahi ere, ez gara arrazistak baina arrotzaren aitzinean maizegi erne jartzen gara, gurean sartzeko behar diren paperen jabe ote den, ez ote dion bertakoari lanpostua eta zernahi gehiago kenduko. Kanpokoa, mailegua alegia, batzuentzat beti susmagarri. Ez da izanen kopla zaharrik ez dugulakoz aditu: “Alabatua, bedeinkatua / da sakramentu santua / pekatuaren mantxarik gabe / birjina kontzebitua” kantatzen dugu etxez etxe (tokian tokiko aldaerekin) hainbat herritan Urtezahar egunean.

Euskararen Akademia arduratzen da hitzak legeztatzeaz, nolabait errateko, behar diren baldintzak betetzen dituztenak Hiztegi Batuan sartzen ditu. Uste baldin badu bakarren batek ez lukeela Hiztegian egon beharko, izarño bat gehitzen dio (*), marka horren bidez jakin dezagun gaitzetsia dagoela. Oholtza gaineko mutil haren purrustaren antzeko balioa du zeinuak, baina finxeago adierazita. Halako kasuetan, bertze hitz bat edo batzuk proposatzen dizkigu, baztertutakoaren ordez erabiltzeko. Ez beti, baina frankotan mailegu bat izaten da zerrendatik aparte uzten dena, nahiz eta jendeak erabiltzen duen (horregatik aipatzen da), euskarak haren beharrik ez duela uste izateagatik edo (adibidez: abioneta* e. hegazkin txiki).

Ez du lan erraza Euskaltzaindiak, ez horixe, baina norbaitek egin behar hori ere. Eta hartzen dituen erabakiak ez dira behin ere denon gustukoak izaten. Nik neronek ere ez ditut beti gogo onez onartzen. Hain zuzen ere, Hiztegi Baturako hitzak ametitu edo errefusatzeari dagokionez, oraindik ere kostatzen zait entenditzea nola ukatzen diguten hitz batzuk baliatzeko aukera, haien ordez eskaintzen dizkigutenak ez zaizkidalakoz iruditzen jakinarazi nahi dudana adierazteko aski. Nik ez dakidan arrazoirik ez dute faltako, baina, konparaziora, exigitu* eta deskubritu* galaraztea gogorra iruditzen zait. Haien ordez erabiltzeko ematen dizkigutenek (e. eskatu; behartu; x-tu beharra izan, kasu batean; e. aurkitu, bertzean) ez naute asetzen gehienetan.

Dena dela, euskaltzainek marrazten diguten joko-zelaia onarturik, haren barrenean erabiltzaileok erabakitzen dugu hondarrean zer baliabiderekin jokatu. Itzultzaileon artean, esparru jakin baterako terminoa edo ordain egokia hautatzeko garaian, ez da eztabaidarik falta izaten. Hautagaien artean mailegua izatearen mantxa agerian samar duen hitza baldin badago, Hiztegi Batuan sartua egonagatik, iduripena dut gehienetan zailxeago izanen duela kasuan kasuko lehian gailentzea: gogobetetze<>satisfazio; helegite<>errekurtso; arduraldi<>dedikazio… Halako eztabaidak sortzen direlarik, gure lantokietako bilera-gelak eta gure pantailetako zelaiak bertso-saioko oholtza bihurtzen dira, proposamena egiteko hitza hartzen duena, aurkezle, eta bazterretik zelataka egon eta marmarka ari diren-garen guziak, ETBko kamerari.