Irakurminak

Amaia Lasheras Perez

Blog honetan berriki argitaratutako Itzulminak artikulua ekarri nahi nuke hona gaurkoan. Han, Amaia Astobizak gogoeta egin zuen itzulpenek profesionalongan uzten duten arrastoaz eta lan batzuek gu transformatzeko izan dezaketen gaitasunaz. Eta horri bueltaka ibili naiz egun hauetan, Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak itzulitako eleberri bat irakurtzen ari nintzela: Jakobian eraikina (Alaa Al Aswani). Izan ere, hura irakurtzeak aztarna sakona utzi dit barrenetan.

Aitortu behar dut guraso naizenetik, oso sentikor bihurtu naizela zenbait afera direla eta. Batez ere, haurrekin lotutako gertaera latzak suertatzen zaizkit jasanezin, eta erraz hasten naiz negarrez film batean haur bati zorigaitz bat gertatzen bazaio. Umeek jasandako abusuen berri badut, burutik ezin kenduz ibiltzen naiz egun batzuez. Horrelako gaietan, eragin bertsua sortzen didate gertaera errealek nahiz fikziozkoek.

Bada, gustura murgiltzen ari nintzen 1980ko hamarkadako Kairoko giroan; istorio itxuraz xumeen bidez, orduko gizartearen erradiografiaz gozatzen. Harrituta gelditzen ari nintzen zenbait gauzarekin; ez nuen espero gehiengo musulmaneko herrialde batean sexu-kontuak hain agerikoak izatea (40 urte joan direnez, beharbada gauzak aldatuko ziren): amoranteak, lanari eusteko nolabait ere prostituitu beharra, harreman homosexualak… Eta ia oharkabean ailegatu zen haurraren kontrako erasoa. Ez nuen espero. Bortxaketaren irudia bereziki asaldagarri suertatu zitzaidan. Izan ere, kontatuta dagoen bezala, amodioz eta erotismo finez betetako eszena bat da; ia kitzikagarria. Nola liteke horrelako munstrokeria ederra suertatzea? Idazleak maisutasunez eta itzultzaileek bikaintasunez lortu dute maitasunez egindako bortxaketa-segida gisa islatzea.

Hamaika gauza etorri zitzaizkidan burura pasartea irakurritakoan. Nola izan zitezkeen hain axolagabeak haur horren gurasoak? Eta nire semeari ere horrelako zerbait gertatu bazaio eta ni ohartu ez? Nola kudeatuko ote zuen mutiko horrek urte luzeetako esperientzia hura? (Liburuak aurrerago erantzun zion nire azken galderari). Munduan zenbait umeri gertatuko zitzaion horrelako zerbait? Biktimek gertatutakoa isilpean gordetzen badute, milaka, milioika izan daitezke. Nola sentitu ziren Royo eta Olarra hain gertaera lazgarriak edertasunez jantzi behar izan zituztenean? Fisikoki ere eragiten zidan eszena horretan pentsatzeak: goragalea, nazka, higuina. Beharbada, bortxatzailea ez delako gaizkiletzat hartzen suertatzen zitzaidan hain jasangaitza.

Eleberria baztertu behar izan dut bolada batez. Irakurtzen segitzen saiatu nintzen, baina bortxaketa “eder” hori eta geroko abusuak han barruan zeudela jakiteak ez zidan bakea ematen. Behatz artean sentitzen nuen bortizkeria hura liburua bera ukitzean, eta irudi horiek behin eta berriz etortzen zitzaizkidan burura. Ezin nuen jasan. Uste dut oraindik egun batzuk beharko ditudala barrenak lasaitu eta berriz liburuari ekiteko.

Zoritxarrez, gaurkotasun handiko gaia da haurren kontrako erasoena, “Epsteinen uhartea”ren aferak berriki erakutsi digun bezala. Gizaki helduon doilorkeria erakusten digute berriz ere gertaera horiek. Eta, bai, lehengoan Care Santos idazlearen artikulu batean irakurri nuen bezala, liburuek jakin behar dugun guztia eskaintzen digute; gauza on eta txar guzien berri ematen digute. Horixe omen da literaturaren handitasuna. Baina, ikusten denez, ni une honetan ez nago edozein gauza jasateko prest. Amaia Astobizak aipatutakoaren ildo beretik, “irakurmin”ek ez didate uzten.

Diglosiaren ajeak, lagunok!

Amaia Lasheras Perez

Irudika dezagun familia euskaldun bat, UEMAk arnasgunetzat hartzen duen herri horietako batean bizi dena. Familia horretan, neskato bat jaio zen mende hasieran. Ainara deituko diogu. Inguru euskaldunean hazi zen Ainara. D ereduko ikastetxe txiki batean ikasi zuen, eta, klasekide guziekin, euskaraz aritzen zen, ikasgelan nahiz kanpoan, beti. Haurtzaroko eta nerabezaroko lagun-taldea ikastetxe horretako gazteek osatu zuten; eta euskaraz aritzen ziren, beti. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa herritik kanpo egin zuen, baina, han ere, euskaraz ikasi zuen, eta ikaskide haiekin ere euskaraz mintzatzen zen beti.

Noizbait asaldatuta etorri zen etxera, ikastetxe berriko lagun batzuek akats larriak egiten zituztelako euskaraz solastatzean.

 –Ama, Obabako klasekide batzuek “ni egin dut” eta “nik joan naiz” esaten dute.

DBHko 1. ikasmailako irakasleak eskainitako liburuek Ainararen irakurzaletasuna piztu zuten. “Jara” irakurri eta gero, sail bereko gainerako liburuak eskatu zizkion amari. Gauza bera gertatu zen “Eskularru beltzak” bukatu eta gero. Durangoko azokara joaten zen urtero, eta, urte batean, ilusio handiz erosi zuen “Eta ez zen alerik ere gelditu”, baita gustura irakurri ere.

Batxilergoa ikasteko, hiri batera joan behar izan zuen. Han ere, jakina, D eredua aukeratu zuen, baina harrituta eta tristetuta itzultzen zen etxera, klasekide gehienak gaztelaniaz mintzatzen zirelako.

–Ama, batzuek ez dakite euskaraz solas egiten ere!

Urte horietan, gero eta gehiago irakurtzen hasi zen, eta euskarazko literaturarekin segitu bazuen ere, gaztelaniazko eskaintza zabalarekin txundituta, gaztelaniaz ere ikaragarri gustura leitzen hasi zen.

Batxilergoko 1. ikasturtea bukatu eta gero, euskarazko C1 titulua lortu zuen, inolako arazorik gabe.

Euskal kulturan ere, interes handia zuen. Bertso-eskolan ibili zen txikitatik eta, adibidez, azken Bertsolari Txapelketa Nagusian, saio gehienetara joan zen.

Unibertsitatera joateko orduan ailegatu zenean erabaki zuen euskaraz ikasten jarraitu nahi zuela. Espainiako unibertsitate batzuetan eskainitako ikasketak oso interesgarriak iruditu zitzaizkion, eta, nota onak zituenez, aukera zuen horietan izena emateko, baina euskaraz ikastea lehenetsi zuen.

Han ere, etsitu samar hasi zen lagun euskaldunen bila.

–Ama, gaur, ikasgelan, Lezoko mutil baten ondoan eseri naiz, eta hura bai, hura euskaraz aritzen da.

Edo

–Bai, Hondarribiko neska oso jatorra da eta euskaraz solastatzen da.

Ainararen etxean, euskaraz mintzatzeaz gain, euskararekiko kezka transmititu nahi izan zioten gurasoek, eta euskal kultura oso presente egon zen han. Aita bertsolaria eta idazlea zen (afizioz), eta ama, hizkuntzalaria.

Gure protagonista adinez nagusia zenez, gidabaimena ateratzea erabaki zuen. Herriko autoeskolara hurbildu zen, eta, han, azterketa teorikoa prestatzeko materiala eman zioten. Lehenbiziko testak egin eta gero, honela esan zion amari:

–Ama, ez dut ezer ulertzen. Zer “kristo” da errei bat? Igual, hobe nuke gidabaimena gaztelaniaz atera.

Egiazko istorio batean oinarrituta dago aurreko kontakizuna, eta, horretan pentsatzen dudanean, behin eta berriz galdetzen diot neure buruari: Non egin dugu huts? Pentsa genezake ikasketa guztiak euskaraz egitearekin nahikoa dela eremu formalean euskara lehenesteko. Denok izango ditugu burutan garai batean gaztelaniaz ikasi behar izan zuten lagun euskaldun-euskaldun horiek. Eta bai, kasu horietan, ulertzen dugu idatzizko hizkuntzara hurbiltzean, gaztelaniaren edo frantsesaren alde egitea. Baina bizitza guztian euskaraz bizi eta ikasi duen pertsona batek zergatik hautatuko du gaztelania arlo formalerako?

Errei, biribilgune, bide-marra, galtzada, zeharbide, bazterbide, sestra, erdibitzaile, segurtasun-uhal, galga… Horrelako hitzekin topo egin zuen gure protagonistak autoeskolako liburua ireki zuenean.

Horietan pentsatuta, ohartu naiz termino horiek gaztelaniaz erabiltzen ditugula gehienok gure egunerokoan, pedante samarrak ez badugu izan nahi, behintzat. Autoan joaten naizenean, behin ere ez dut honelakorik esango: “Mikel, hartu ezkerreko erreia eta, hurrengo biribilgunean, joan ezkerretara”, “seme, lotu segurtasun-uhala” edo “auto honetako galga gogor samarra da”. Horren ordez, nik eta nire ingurukoek (eta ez dakit zuek), ezkerreko karrila hartuko dugu, rotondan ezkerretara joango gara, zinturona (zinturoia) lotuko dugu eta frenoa zapalduko dugu.

Aitortuko dizuet ezen, Ainararen istorioa entzunda ere, euskara salbatzeko ez naizela bat-batean hitz horiek erabiltzen hasiko (lotsa emango lidake), itzulpen bat edo testu formal bat egiteko ez bada, behintzat. Beraz, beharbada, nire ardura ere bada Ainara bezalako neskato batek gidabaimena ateratzeko gaztelania aukeratzea.

Neurri handi batean, gure subkontzientean, oraindik ere uste dugu gauza serioak, teknikoak eta zientifikoak adierazteko erdararen beharra dugula (gaztelaniarena, nire kasuan). Euskara hankamotz gelditzen zaigu horrelakoetan eta artifizialtzat jotzen dugu eskaintzen zaiguna. Horrek, jakina, ekartzen du gure gazteek ere horiek arrotz sentitzea. Egia da ikasketa guziak euskaraz egin ahal izanda gure hizkuntzak eremu batzuk konkistatu dituela, baina, ikusten denez, oraindik badago zereginik. Diglosiaren ajeak, lagunok!