Lehengoaiarenak II: izen(k)izunak

Borja Ariztimuño

Itziar Diezek, duela hilabete gutxi gorabehera, ekarritako “toponimo itzulezinen” kontuak[1] gogorarazi zidan askotan aipatzen den (eta Koro Garmendiak bestelako adibide interesgarriekin hornitu zigun)[2] Nafarroako Dos Hermanas leku-izenaren afera. Zilegi bekit bestetan adierazitakoa laburbiltzea: gaztelaniazko izena euskarazkoaren interpretazio oker baten ondorioz sortu zen, Bi haizpe (< *bi haitz-be(he)) → **Bi ahizpe = Dos Hermanas. Noski, nahaste hori aski (edo erlatiboki) berria dateke, orduko euskararen ahoskeraz ondoriozta dezakegunez: alde batetik, ez bide zen hasperenik ahoskatzen (eta areago /ai/ bokalek diptongoa osatzen zuketen) eta, bestetik, are berriagoa dirudien a > e / i(C)_ (hau da, i ondoko a bokala e bihurtzea) gertatua zatekeen, horrela ahizpa > aizpe bilakaturik, beste (h)aizpe-ren erabateko homofono.

Baina badira mota honetako edo antzeko aldaketa gehiago Euskal Herrian zehar, bitxikeria moduan aipatu nahi nituzkeenak (ezagunak dira oro, baina menturaz ez duzue guztien gaineko hausnarketarik egin eta hortaz ez zaituztet berriketa honekin gogaituko!).

Nafarroako Foru Erkidegotik atera gabe, famatua da (nahiz eta ez dakidan zenbateraino dagoen garbi) Estella izena Lizarra-ren sasi-itzulpena delako ideia, L’izarra zelakoan erromantzez emana. Nahiz egia, nahiz ipuin, istorio polita dela ukatu ezin.

Ipar-ekialderago joaz, duela urte t’erdi pasatxo Eneko Bidegainen arrazoizko arranguren[3] eragileetako bat topatuko dugu: Donibane Lohizune. Lekukotasun zaharrenetarik ageri omen zaigu azken zatia desitxuraturik, Luis, Luk, Lux, Luce eta abarren azpian, baina, edonola ere, jatorrizkoa euskarazkoa dela pentsatzea logikoa da, kontuan harturik Zuberoan ere badela beste Lohitzüne aski zahar bat.

Badira beste batzuk euskaldunek eraldatuak zirela uste izaki eta ustezko aldaketa horiek “deseginik” sortu zirenak, Recalde eta Retolaza, esate baterako, erreka alde eta erret ola-tza sintagmetatikoak, hurrenez hurren.

Bukatzeko, ordea, ez dut itzulpen edo egokitzapen bat aipatuko, baizik eta izen konposatu bat, Vitoria-Gasteiz ereduaren aurrekaria izan baitzitekeen, auskalo!

Euskaraz Iruñ(e)a denaren erdal ordainaz ari naiz: Pamplona, Pampelune… eta, azken batean, horien jatorrian den Pomp(a)elo(n). Aspaldiko kontua da azken horrek euskarazko izena bera daukala barnean, Estrabonek Pompeios polis gisa “itzuli” baitzuen (hortik hiri hitzarekin lotu izana). Hizkuntzalaritza master amaierarako prestatu nuen tesinan, besteak beste, izen hauen jatorriaz aritu nintzenez, hona ekarriko dut ondorioetako pasarte bat (zertxobait zuzendu/moldatua), Iruñea izenaren jatorriaz eta, beraz, Pamplona-ren eraketaz dudan iritzia argi geratuko delakoan:

«Irun- hasiera duten toponimoak (antzinateko Ilun- lekukotasunekin lotuak badira, bederen) ez lirateke jatorrian *hiri (h)on, ez *ili (h)on, baizik eta *ilun, osorik, azken horren euskal jatorria eta sorburuko etimologia gorabehera. Iruñ(e)a-ra, esaterako, bilakaera luze xamar baina azalerraz honen bidez irits gintezke:[4] *Ilun → [non?] *Ilun-en → [mozketa okerraz, cf. Uztarroze, Akize, Parise…] *Ilune(-n) > *Ilũ(h)ẽ > *Irũ(h)ẽ > *Irũĩ(n) > Iruin [deitura ezagunean eta iruinxeme-n gordea, zeinek artikuluarekin Iruña eman duen] → [berriro: non?] Iruñ-en → [berriz ere mozketa okerraz] Iruñe-n[artikuluarekin] Iruñea. Iruña forma, beraz, bigarren -e paragogikorik gabea izango litzateke, eta Irun, argi da, jatorrizkotik gertuen dagoena, VlV > VrV aldaketa bakarrik pairatu duena (cf. Irunberri ere). Besterik da izenok antzinako Ilun-ekin lotzen ez baditugu proposa litekeen etimologia: *hiri-hon edo *hiri-(g/h?)un(e)? Hala ere, Ilumberri- zaharrak eta Pomp(a)elo(n)-go akabuko zatiak iradokitzen digutenari kasu eginez, *ilun-en alde egingo nuke.[5]»

[1]    http://31eskutik.com/2014/11/21/25-de-noviembre/
[2]    http://31eskutik.com/2013/06/18/toponimiarekin-lotutako-hainbat-bitxikeria/
[3]    http://31eskutik.com/2013/05/22/luzerako-bidaia-san-juanera/
[4]    Irakur Mitxelenaren oharrak izen hauez, hemen.
[5]    Jakina, ilun horrek ez du zerikusirik euskara historikoko il(h)un hitzarekin; orain azalduko ez ditudan zenbait arrazoik eragozten dute lotura hori egitea.