Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta itzulpengintza

Kike Amonarriz Gorria

CIEMEN eta PEN Catalร  erakundeek 1996. urtean Bartzelonan onarturiko Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala gaurkotzeko prozesu bati ekin diote, eta apirilaren 15ean aurkeztu zuten Bartzelonan. Prozesua 2028. urtean amaituko da, proposamena Nazio Batuen Erakundearen aurrean ezagutzera ematen dutenean. Lanketa honek helburu argi bat baitu: NBEk Deklarazioa onartu eta bere egitea, eta hizkuntza eskubideen defentsan inplikatzea, egokien ikusten dituen mekanismoen bidez, Vicenta Tasa Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle, Hizkuntza Eskubideen katedraren zuzendari eta datorren Udaltopen hizlari izango dugunak egitasmoaren aurkezpenean azaldu duenez.

Bi erakunde horiek sustaturiko egitasmoa babesten duten entitateen artean Euskal Herriko hiru daude: Garabide, Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Erakunde sustatzaileen iritziz, Deklarazioa guztiz baliagarria da gaur egun ere, baina, erronka berriak direla-eta, eguneratu eta egokitu beharra dago, ezin baita ahaztu munduko hizkuntzen erdiak desager daitezkeela mende honetan, eta planetako hizkuntza aniztasuna eta dibertsitatea arriskuan daudela, besteak beste, ingurune digitalaren eta adimen artifizialaren eraginagatik, derrigortutako desplazamendu eta gatazka armatuengatik edo migrazioengatik.

Urte hauetako balantzea egiterakoan, azpimarra daitekeen beste aspektu positibo bat da Deklarazioa oso lagungarria gertatu dela estatuen aurrean presioa egiteko eta politika linguistiko asimilatzaileei galga jartzeko, nahiz eta loteslea ez izan.

Vicenta Tasak berak koordinatuta, 2024ko abenduan El dret a la llengua. Per una nova Declaraciรณ Universal de Drets Lingรผรญstics amb perspectiva de futur liburua kaleratu zuen PEN Catalร k, Deklarazioa egungo errealitatera egokitzeko hainbat adituren proposamenak bilduz. Hauek dira liburuan jorraturiko eremuak: ikuspegi orokorra eta testuinguruaren irakurketa, administrazioa eta erakunde ofizialak, hezkuntza, teknologia berriak, hedabideak, migrazioak, kultura eta onomastika.

Liburuak, bestalde, badu itzulpengintza ardatz duen hitzaurre interesgarri bat, 2014tik 2020ra bitartean Nazioarteko PENeko Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen Batzordearen presidente izan zen Simona Skrabec esloveniarrarena. Bertan nabarmentzen du isolamendu sistematikoarekin kultura ahulak iraganetik datozen behaztopak bilakatzen direla, eta gaur egungo mundutik kanpo uzten direla. Eta testuinguru hauetan, eta hizkuntza ahulei dagokienez, itzulpena bakarrik modu โ€œestraktiboanโ€ erabiltzen dela, hizkuntza ahulei bueltan ezer eman gabe. Horregatik dio XXI. mendearen hasiera honetan hizkuntza eskubideak batez ere harreman simetrikoen eta elkarrekiko errekonozimenduaren aldeko apustua direla, eta itzulpena bakarrik dela itzulpen hartu-emanean parte hartzen duten bi espazioak berdintzat jotzen dituenean.

Era berean, bizi dugun garaia nortasun hibridoen eta desplazamenduen garaia dela dio Skrabecek. Diasporak markatzen duela gure mundua, eta aitortu behar dugula zein nekeza den beste hizkuntza bat ikastea eta jatorrizko kulturarekiko harremana mantentzea.

Hizkuntza eskubideen gaia puri-purian dugun honetan, irakurketa gomendagarria. Eta Deklarazioaren inguruko prozesua zertan den eta gaiaren inguruko informazio gaurkotua nahi baduzue, dudling.org helbidean aurkituko duzue.

Berandu bada ere

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Ez nuen Edorta Matauko ezagutu, baina, haren Gizadiaren oren gorenak itzulpena irakurri nuenetik, noizbait ezagutu nahiko nituzkeen pertsonen nire zerrenda imajinarioan zegoen. Haren heriotzaren berri izan, eta itzulpen hura gainbegiratzen aritu naiz egunotan; miraz, lehen aldiz irakurri nuenean bezala, eta arretatsu, Matauko nire begietan eredugarri zerk bilakatu zuen zehaztu nahian.

Mataukok berak gauza gutxi azaldu zuen Stefan Zweigen liburuaren itzulpen-prozesuaz, edo gutxi dira behintzat komunikabideetan jaso zirenak; aurkezpen-egunean aipatutako hiruzpalau zertzelada baino ez, baina garrantzia zeri ematen zion antzemateko lain. Lehenengo eta behin, asmo-adierazpen orokor bat, Ortzadar gehigarriko elkarrizketa batean Andoni Lopez kazetariari kontatua:

Nik hasieratik neukan garbi. Liburu hau liburu jasoa zen, hizkera jasoa zeukan, eta horri ezin zaio iskin egin itzulpen batean, hizkera jaso hori, prosa kultua itzuli egin behar da. Hori ez dago errazterikโ€ฆ Euskal itzulpengintzak ere badu maila bat edozein hizkuntzaren prosa, prosa jasoa ere, itzultzeko, zalantzarik gabe. Azken mende erdian izugarrizko aurrerapenak eman dira.

Eta Zweigen hizkera kultua itzultzeko bide horretan, bi makulu baliatu zituen Mataukok: lexiko hautaketa oso zaindua eta era berean askea, batetik, eta hitzen soinuarekin jolasteko gustua, bestetik. Lehenengoari dagokionez, honela jaso zuen Xalba Ramirezek Irutxuloko Hitza agerkarian Mataukok liburuaren aurkezpenean esandakoa: โ€œModu โ€˜eklektikoanโ€™ aritu dela onartu du itzultzaileak, eta euskara batuak onartzen dituen sinonimo kopuruetan libreki mugitu dela, bere estilo propioa garatuzโ€. Hitzen soinuari ematen zion garrantziaren erakusgarri, Berria egunkarian Amaia Jimenez Larrea kazetariak jasotako Mataukoren hitz hauek: โ€œBegiez gain, belarriak ere erabili behar dira itzultzeko orduan, hitzak hotsak baitiraโ€.

Modu eklektikoan eta euskara batuaren sinonimoetan libre mugituz aritu zela zioen Mataukok. Bada, haren liburua edozein orrialdetan ireki, eta erraz topatuko ditugu jokamolde horren erakusgarriak. Kontzeptu bat izendatzeko gehienoi burura etorriko litzaigukeen lehen proposamenarekin konformatu ez, eta euskararen ondarean arakatuta bestelako aukerak berreskuratzen eta proposatzen ditu maiz: iturri edo iturburu adierazteko, iturbegi (17. or.); gorroto edo ezinikusi adierazteko, gibelmin (17. or.); pisu edo zama adierazteko, hazta (42. or.); talde adierazteko, aralde (45. or.); olatu adierazteko, baga (102. or.); oturuntza adierazteko, tripa-festa (102. or.); maitasun adierazteko, maitazarre (103. or.); askatzaile adierazteko, jaregile (144. or.)…

โ€œEuskara batuak onartzen dituen sinonimoakโ€ zioenean, gainera, euskara batu orohartzaile bat bide zuen buruan. Ekialdean orain, mendebaldean gero, Mataukok handik eta hemendik aukeratzen ditu hitzak, dena da batua premisapean. Hiztegietan iparraldeko marka duten utzietsi (16. or.), erroteria (19. or.), oraino (20. or.), nehoiz (102. or.), lotseria (103. or.), kausitu (144. or.) eta beste hainbat baliatzen ditu, esate baterako, baina baita bizkaiera markadun maraztasun (16. or.), gura (19. or.) eta beilegi (140. or.) ere, adibidez. Dotore, oparo, orekatu.

Lexiko hautaketa aberats hori, dena den, ez da apeta berekoi eta bakarzale batek bultzatua. Mataukok oso gogoan du irakurlea, eta ondo neurtzen du zer non sartu, ulermenari traba ez egiteko moduan. Titakatu eta guda-oin hitzak, adibidez, ezezagun samarrak izango zaizkigu askori bakarturik irakurriz gero, baina ez dira batere eragozpen pasarte honetan:

Baso ilunezko olatu eztietan, muinoek titakatzen dute landa zabala. Iturbegiei pol-polka darien oihartzun zilarra hedatzen da gelditasun bakartuan. Pentsalari sortzaileari, urte horietan guztietan azokan, foroan, guda-oineko kanpadenda barruan edo hainbat bidaiatan ibili eta gero, azkenik arima zabal-zabal egin zaio hemen. (17. or.)

Batzuetan irudimen handiz zukutzen du hizkuntza, mezua oso modu bisualean helarazteko. Zer da hots-tutua? Eta zer eskuak uztaitzea? Bada, begira zeinen erraz irudikatzen dugun hemen nola ari den sultana eskuak jartzen bere gudariei oihu egiten dien bitartean:

[Sultana], bere paxaek inguratua, zaldi gainean ur sakonean sartu, tunika busti egin, eta, hots-tutu moduan eskuak uztaiturik, ahots suminean oihuka agindu die beretarrei kristauen itsasontziak kosta ahala kosta hartzeko. (45. or.)

Hiztegi joria ez ezik, hitzen soinua ere garrantzi handikotzat jotzen zuela adierazi zuen Mataukok, gorago ikusi dugun bezala. Itzulpenaren aurkezpen-egunean kontatu zuen ezen, liburuaren izenburua hitzez hitz itzuli izan balu, Gizadiaren izar uneak aterako zitzaiola. Jatorrizko alemanezkoak hoskidetasun bat gordetzen omen du, ordea, eta berak ere gauza bera bilatu nahi izan omen zuen euskarazkoan: Gizadiaren oren gorenak. Izenburuan bakarrik ez; liburuan barna askotan igartzen zaio hitzen soinuarekin jolasteko asmoa. Hemen zerrendatzen ditudan bikote hauek kasualitatearen ondorio izan litezke, noski, baina Mataukoren iritzia ezagututa, litekeena da berariaz bilatutakoak izatea:

Beraz, kanoi sendoagoak lortu behar! Luzeagoak, helmen eta ahalmen handiagokoak, orain arte gerra-lanetan ezaguturikoak baino. (41. or.)
Astiro, temaz, baina eutsi ezinekoak, alimaleko kanoiek birrin eta irin egiten dituzte รฑirรฑirazko hozkadekin Bizantzioko harresiak. (42. or.)
Egia da gauean setiatuek zulo horiek adabatzen dituztela gero eta beharrezkoagoak diren oholesiz eta mihise-kanaz, baina, hala ere, ez da gehiago lehengo harresi sendo, ukigabea. (42.-43. or.)

Pasarte honetan, bestalde, nabarmena da r-aren aliterazioa, zer eta kanoi baten probaldia deskribatzen duenean:

Izugarrizko burrunba-hotsez su-orratzak gorrituriko ahoak tu egin duenean harrizko bola ahaltsua eta murrua porrokatu tiro-proba bakar batez, Mehmedek manua eman du laster artilleria oso bat egiteko neurri erraldoi horietan. (41. or.)

Ortzadar gehigarriko elkarrizketan, Mataukok esan zuen euskal itzulpengintzak bazuela edozein hizkuntzaren prosa jasoa emateko maila. Ados nago. Eta horren adibide ezin hobea Matauko bera da. Imajina ezazue itsas borroka indartsu bat, film bateko eszena zirraragarri bat, euskara bizi, zehatz eta adierazkorrean deskribatua. Orain, irakurri eta gozatu:

Orduan zerbait ikaragarria gertatu da. Haizea behingoan gelditu da. Iman batek atxikiak iduri, lau belaontziak guztiz hilik geratu dira itsasoaren erdian, salbabide duketen kaitik harrikada pare batera, eta, bozkariozko basa-garrasi batean, etsaien arraunontzi aldra guztiak erasoari ekin dio lau galeoi herbalduen gainera, lau dorreren antzera higige baitaude uraren gainean iltzatuta. Orein batekin ankerrak izaten diren artzain-txakurrak nola, ontzi txikiak abordatze-kakoez zintzilikatu dira handien alboetan, zurerian aizkora-ukaldi zorrotzak emanez hondorarazteko, talde beti berrituekin katuka igoz aingura-kateetatik, haize-oihalen aurka zuziak eta ilintiak jaurtikiz, irazekitzeko asmoz. Armada turkoaren kapitainak, bipil, beraren bandera-ontzia aurrerarazi du garraio-ontziaren kontra, erasoan hartzeko; dagoeneko bi itsasontziak bata bestearen barruan ahokaturik daude eraztunen gisan. Genoar marinelak, euren karelaren garaiak eta kota-mailek babestuta, hasieran oraindik atzera botatzen ahal dituzte gorantz igotzen direnak, oraindik oldartzaileak uxatzen dituzte kako eta harriekin eta su grekoaz. Baina laster hesialdiari amaiera eman behar zaio. Gehiegi dira gutxi-gutxi batzuen aurka. Genoar itsasontziak galduta daude. (44. or.)

Berandu bada ere, bihoakio hemendik Edorta Mataukori nire miresmenaren aitortza.

Sagarra manzana

Anjel Lertxundi

I

Angel Erroren azken liburuaren tituluak (Itzulpena-Traducciรณn) itzulpengintzari buruzko saiakera bat iradoki dio liburu-dendan sartu berri den bezeroari. Liburua zabaldu du. Hitzaurre labur baten ostean, hiru aipu. Lehendabizikoa, euskal tradizioko pieza bat: ยซSagarra, manzana; ikatza, carbรณn; mujer, andria; hombre, gizonยป. Ume kanta erritmiko bat da, bi hizkuntzetako hitzekin osatutako itzulpen xalo, sinple, primitiboa. Hitz arrunten itzulpen-jolas bat.

Bigarren aipua, luzea, W.H. Auden poeta britainiarrarena da; neketsua egin zaio bezeroari, urruti dago sagarra manzanen jostakaritik:

ยซIt is conceivable that a genuine bilingual poet might write what, to him, was the same lyric in two languages, but if someone else were then to make a literal translation of each version into the language of the other, no reader would be able to recognize their connectionยป.

Liburu-dendako bezeroak ez badu Audenen aipua gaizki ulertu: pentsatzekoa da poeta elebidun bat badela gai poema bat bi hizkuntzetan emateko. Baina hirugarren batek bertsio bakoitza itzuliko balu hitzez hitz, ezein irakurle ez litzateke gai izango bien arteko lotura hautemateko.

Liburuaren atariko hirugarren aipua Antonio Casado da Rocha errenteriar filosofo eta poetaren Esku ezkerraz liburutik hartua da (Utriusque Vasconiae, 2011). Aratza da, ez du glosa baten premiarik.

ยซZorionekoak laugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
poesia zer den ikasi baituzue.
Zorionekoak hirugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
elebidunak baitzarete.
Zorionekoak elebidunok,
mundua izendatzeko bi maneretan partaide baitzarete.
Baina zorigaitza zuei, elebakarrak; zuentzako kalteยป.

Liburuaren izenburuak โ€•Itzulpena-Traducciรณnโ€• itzulpenari buruzko tratatu baten aurrean gaudela ematen du bete-betean. Baina Errok atarian emandako hiru aipuetako poesiari buruzko erreferentziak dira muina. Eta liburuaren egilea poeta bat da, bezeroak ezagutzen du haren poetika, ezagutzen ditu Erroren esperimentu poetiko batzuk: bi urte eskas dira bezeroak Erroren Poema liburu bat โ€•irakurtzeko jarraibideakโ€• azpimarrez eta oharrez bete zuela. Beste hiruzpalau urte dira Antonio Casado da Rocharen Ezker eskuaz poema liburua irakurri zuela, eta ganoraz bezain gustuz irakurri zuela Errok idatzitako hitzaurrea ere.

Bezeroak liburua erosi du.

II

Liburuaren izenburuak eta atariko hiru aipuek Angel Erroren lanaren nondik norakoa iradokitzen dute, baita pista lanbrotuak barreiatu ere. Irakurlearen arreta erakartzeko baliabideak dira: Itzulpena-Traducciรณn ez da inondik ere itzulpengintzari buruzko tesi edo ikerlanakademiko bat, ezta kale-baleko saiakera bat ere. Angel Erroren Itzulpena-Traducciรณn testua idazle elebidun baten tractatus poetiko bat da bete-betean, hausnarketa eta aktibitate artistiko bat bi hizkuntzen edo gehiagoren arteko harreman eta zurrunbilo beti berrituen igeriketan, garrantzi betea emanez poesiaren eta itzulpenaren arteko harremanari. Elebitasunari etekin estetikoa atera dion hizkuntza bat izan da euskara tradizionalki (sagarra-manzana da adibiderik xume bitxiena), eta, hortik abiaturik, formula desberdinak baliatuta, oso da interesgarria elebitasunaren kontzientziak estetikan eragin ditzakeen planteamenduez, bide-gurutzeez, lorpenez eta bide berriez hausnartzea.

Demagun lehendabiziko poema; ezker orrialdekoak Ispilua du izena, Espejo du eskuinekoak. Bi poemen abiapuntua eta muina โ€•argia eta irudiak islatzen dituen kristal-klasearen efektu bisualaโ€• berdinak dira bi hizkuntzetan, baina desberdina da poetak atera dien etekina hizkuntza batean zein bestean. Ispilua gaztelaniaz emana dago; Espejo, euskaraz. Gaztelaniazko testua zorrotz trinkoa da; euskarazkoa, aldiz, konkretuagoa. Irakurleak gai berari buruzko bi poema desberdin irakurri ditu, euskaraz bata, gaztelaniaz bestea. Gozamen poetikoa jasotzeaz gainera, ondorio bat baino gehiago atera dezake elebitasunaren talaiatik, itzulpengintzaren errealitate desberdinetatik, hizkuntza ahulenaren flakietatik, hizkuntza nagusiaren estetikak hizkuntza menostuetan eragiten duen diglosiatik, Errok hainbat poemetan jariatzen duen ironiatik. Bi poemek berdina zuten muina, baina desberdina da emaitza, bi poemen arteko antza ez dago sortutako testuetan, haien abiapuntuan baizik: poetaren intuizio bakarra bi testu desberdinetan emantzipatu da.

Hurrengo bi orrialdeetan ere, halatsu: ezker orriko poemak Caos personal du izena, Kaosaren eragina eskuinekoak. Humus beretik sortuak eta giro berdintsukoak dira bi hizkuntzetan emandako bi poemak. Hurbil daude elkarrengandik.

Gainerako poema bikoitzak ere ezker-eskuin doaz parez pare, gai interesgarri bat ardatz hartuta โ€•bakardadea, heriotza, sufrimendua, maitasuna, galera, ustekabeaโ€ฆโ€•, baina bi hizkuntzetan eta garapen desberdinekin. Bi orri, bi poema. Salbuespen bat kenduta, ordea, liburuaren nahiko hasieran: ezkerreko orrian Nada izenburua daraman poema Patria, verdad, arte, poesรญa hitzekin hasten da eta lau lerro ditu; euskarazko bertsioak, ordea, bi orri oso hartzen ditu eta hamalau silabako berrogeita lau bertso-lerro, eta Aberria, egia, ertia, poesia du izena. Luzeran oso desberdinak izateaz gainera โ€•liburuaren diseinu beti bera eteterainoโ€•, edukiek ez dute elkarren ageriko antzik. Erroren bapateko sorpresa horietako bat da ironiaren eskutik, irakurlea errutinatik ateratzera beharturik izenburuetatik hasita: Nada dio batek, Aberria, egia, ertia, poesia besteak.

Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, ezker-eskuineko orrialdeetan dauden bi poemak urruntzen joango dira, ez beti eta ez erabat, elkarrengandik; urrundu edo desberdindu egingo dira izenburuak, urrundu edukiak ere, eta luzerak, eta keinuak, baina askotan dago elkarren arteko loturaren bat: gaia, tonua, giroa, ironia, memoria literarioarekin lotutako espresioren batโ€ฆ

Eta III

Material guztia hiru atal nagusitan banatua dago. Itzulpena izenekoan, euskaraz daude ezkerreko orrian, gaztelaniaz eskuinekoan. Traducciรณn izenekoan, alderantziz: gaztelaniaz lehendabizi, euskaraz gero. Hirugarren atalean, berriro euskaraz lehendabizi eta gazteleraz gero, baina izenburuak beste hizkuntza batzuetan daude, elebitasunetik aniztasunera garamatzate italierak, latinak, frantsesak, portugesak, ingelesak, beste kultura batzuetako leihoak zabalduzโ€ฆ

Nekez imajina daiteke itzulpenik gabeko mundurik. Nekez imajina daiteke poeta euskaldun berrien esperientzia estetikorik gabeko (Gabriel Aresti, Mari Luz Esteban, Angel Erro, Antonio Casado da Rochaโ€ฆ) euskal lurralde poetikorik.

Zoritxar moderatua (edo, euskara zaila ote da?)

Santi Leonรฉ

Joseba Zulaikaren Aberriaren inpaseak ari naiz irakurtzen egun hauetan, aski gustura gainera, zeren, nire bizipen pertsonal batzuk direla eta โ€“hemen kontatuko ez ditudanak; euskal prentsa arrosa sortu artio esperatu beharko duzueโ€“, xarmanki ulertzen baitut zer den inpase egoera bat, alegia egoera bat, zeinean edozein aterabide hartuta ere ondorioak mingarriak izanen baitira. Irakurri ez ezik, ikusi ere ikusi dut berriki Zulaika solasean, Mikel Reparazekin batera abenduaren 10ean etorri baitzen Iruรฑeko Hizkuntza Eskola Ofizialera mintzaldi bat ematera. Solasaldian, batez ere liburuaren lehen atalaz aritu zen antropologoa, euskarari buruzkoaz, eta hori primeran heldu zait, nik ere oraingoz lehen atala baizik ez baitut irakurri. Beraz, beheitiko lerroek atal hori dute mintzagai, ez liburu osoa.

Euskararen egoera dela-eta, baikorrak izateko deia egiten du Joseba Zulaikak; euskara putzura doan diskurtso agonikoa errepikatuz neketan erakarriko dugula inor gure kausara, eta, ondorioz, diskurtso hori autobetetzen den profezia bihurtzeko arriskua badela, alegia euskara putzura doala errepikatuaren errepikatuaz hondarrean putzura eramanen dugula guk geronek. Datuei begiratuta, euskararen ezagutzak eta erabilerak azken urteetan nola egin duten goiti ikusita, Zulaikaren arabera badira baikortasuna defendatzeko motiboak. Paradisuaren zorion perfektua โ€“Euskal Herri arruntean euskalduna?โ€“ bazter utzita, onar dezagun zorion errealista โ€“aitzinera egiten ari gara, hemendik urte batzuetara euskararen ezagutza unibertsala izanen da EAEko haurren arteanโ€“.

Zorion horri, nahi izanez gero, zoritxar moderatua ere deitzen ahal zaio, baina ikusten dut, helburua baldin bada inpasetik aterako gaituzten diskurtso eta jarrera sortzaile irudimentsuak bulkatzea, hobe dugula baikortasunaz mintzatu, zoritxarraz โ€“moderatua ala mugagabeaโ€“ mintzatu baino. Erran nahi baita ados nagoela baikortasuna erakutsi beharrarekin eta segur aski arrazoi zuela Andoni Egaรฑak erran zuelarik ezkortasuna antzua dela.

Diagnostikoa eta erremedioa โ€“tira, lekutu ditzagun behingoz metafora medikoakโ€“, analisia eta proposamena egoki samarrak iduritzen bazaizkit ere, susmoa dut โ€“liburua irakurriz baino gehiago, abenduaren 10eko mintzaldia adituzโ€“ ez ote dagoen neurri batean airean egina, ez ote dituen Zulaikak material kaskarrak โ€“topiko zaharkituakโ€“ erabili bere etxea eraikitzeko; eta, ondorioz, nahiz eta etxea ederra izan, bidean dauden gogoeta batzuk ez ote diren aski desegokiak. Ruper Ordorikaren lerro ezaguna ekarri du gogora Zulaikak bere saiakeran: โ€œeuskaldun izatea zein nekeza denโ€ (39. or.). Eta mintzaldian zehaztu zuen, nola izanen da jendea euskalduna โ€œzortzi abizen euskaldun eta Rh negatiboa eskaka hasten bagaraโ€. Nor ari da hori eskatzen gaur egun?

Ezkortasuna datuen gainean osaturiko fikzio bat da, euskarak โ€œminbiziaโ€ duela eta horren inguruko trama agoniko guzia fikzio bat dira, ondorio errealak izaten dituztenak. Estrategikoki, baikortasuna erakustea da komeni zaiguna, etsipenak ez baikaitu inorat eramanen, hilobira ez bada. Ados. Gauza batek, halere, atentzioa eman dit bai liburuan bai aipatu mintzaldian: euskararen ezagutzaren eta erabileraren gaineko datuak โ€“zifrakโ€“ baikor edo ezkor interpretatzen ahal dira, eta zein ikuspuntu komeni zaigun gehien erabaki beharko genuke; euskara zaila delako ideia, berriz, egia borobil berdadero ukiezina da, harria bezain sendoa, grabitatearen legea bezain zientifikoa, erlatibotasun orotarik haratagoko dogma. Horren ondorioz, โ€œeuskararen malgutasun eta sinplifikazioaren aldekoโ€ dela aitortzen digu Zulaikak; โ€œezagunak dira euskal erlatiboak eta genitiboak eta subjuntiboak sortzen dituzten labirintoak sintaxianโ€; ez hori bakarrik, โ€œaditza azkenean jartzearen arauari derrigor makurtu behar badiozu zure esaldia, laster ezin duzu errekonozitu zeure estiloaโ€ (40.-41. or.). Nola ikasiko du jendeak aditz taula konplikatu hori?, erran zuen behin baino gehiagotan 10eko mintzaldian. Nik, berriz, hauxe galdeginen nuke: zer irakasle joaten da gaur egun klasera ditxosozko taula hori eskuan? Nor tematzen da aditz trinko arraroenekin, ikasleak bide horretarik lerraizkiokeelakoan? Barkatu, ezin izan diot eutsi tentaldiari.

Euskara zaila da โ€“are zailagoa, jakina, existitzen ez diren arauak inposatzen badizkioguโ€“. Nonbait, baikortasuna komeni zaigu estrategikoki, baina, dirudienez, euskara zaila delako topikoa behin eta berriz errepikatzeak mesede handia egiten digu. Diskurtso horretan ez da deus aldatu beharrik, antza. Jakitera, ez nintzen etorriko โ€“ Si lo hubiera sabido, no habrรญa venido. Zein da hizkuntzarik zailena, baldintza irreala adierazteko forma jokatugabe sinple bat eskuar duena, edo forma jokatu konplikatu samar eta izenordain bat eskatzen dituena? Kabituz gero, sartuko nintzateke โ€“ Si cupiera, entrarรญa. Gaztelaniazko caber aditza erraza da? Bada caber aditza sinplifikatzeko proposamenik? Nola egiten du jendeak aditz horren traba gaindiezina, bada, horixe, gainditzeko? Zertan dabil Pรฉrez-Reverte?

Badira โ€“hara, hasmentan paratu dut aditza! (eta orain, objektuaren aitzinean!)โ€“ ingelesaren gaineko bi topiko, elkarrekin aski eroso bizi direnak, elkarren baztergarri izan arren. Lehendabizikoa da ingelesa erraza dela; bigarrena, bizi osoa ingelesa ikasten eman ondotik, ez zarela halere ongi moldatuko eta ez duzula ongi ahoskatzea lortuko. Nolanahi den ere, lehendabizikoa da eraginkorrena: ingelesaren puntu zailen bat aipatuz gero โ€“eta nik proba egin dut nire ikasleekin (aditza erdian berriz ere; bide-urratzaile nabil gaur)โ€“, hala nola phrasal verbs direlakoak, erraza delako teoria orokorraren salbuespen gisa interpretatzen dute; euskararen puntu errazen bat โ€“generorik eza, adibidezโ€“ aipatuz gero, berriz, zaila delako teoriaren salbuespendako jotzen dute. Abiapuntuan dagoen ideiak du pisu handiena, bistan dena, eta adibide praktikoek ideia hori berresteko balio dute, baita salbuespenak direlarik ere.

Baina guk segi dezagun tematuak euskara zaila delako horretan: Fermin Etxegoienekin hasi, Xabier Amurizarekin segitu, eta orain Joseba Zulaika batu zaio zerrendari. Erabileran aitzinera egin dugu, baina Larramendiren El imposible vencido hartarik hona iduri luke ez dugula pauso bat bera eman; tira, ematekotan, gibelera, hark uste baitzuen posible zela inposiblea garaitzea. Euskara perfektua eskatu behar dugu?, galdegin zuen Zulaikak mintzaldian. Ez dakit inor euskara perfektua eskatzen ote dabilen. Badakit, ordea, Gasteiz eta Vladivostok artean eremu zabal-zabala dagoela, eta euskara perfektua ez eskatzetik trakeskeria guziak onartzera โ€“zenbait onartzen ari duten bezala, ni apuntatutak ditut-etaโ€“ tarte ederra dagoela. Pentsa dezagun, nahi baldin badugu, zailtasuna dela euskararen problema nagusia. Nik ez dut hain argi. Diotenez, Alemania aldean haurrek ere โ€“baita franko txikiak direnek ereโ€“ alemanez badakite. Horrek pistaren bat eman beharko liguke, alemanak ere zaila izatearen ospea badu eta.

Anekdota batekin akituko dut. Joseba Zulaika eta Mikel Reparazen ondotik, abenduaren 11n, Fermin Erbiti eta Iรฑaki Perurena izan genituen Iruรฑeko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Errepasoa egin zioten Perurenaren ibilbideari, eta harri-jasotzaileak gogora ekarri zuen โ€“mikaztasunik gabe ekarri ereโ€“ Espainiako iragarki batean gaztelaniaz bota zuen funtziona eta horrek eragin zituen irriak. Inork ez du gaztelania perfekturik eskatzen, baina irri horiek, ulergarritasunari trabarik egiten ez dion ahoskera diferente batek sorturiko irri horiek hierarkiak zein diren oroitarazteko ere balio izan zuten. Hor, antza, malgutasunik ez. Izan gaitezen baikorrak, ados, baina geure burua engainatu gabe.

Ezagutzen ez nuen feminismo bat deskubritu nuenekoa

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Bihotzez poztu nintzen Literatura Unibertsala bildumari esker Fatema Mernissik euskaraz ahotsa izango duela jakin nuenean.

Mernissi etxean topatu nuen gaztetxoa nintzenean, egongelako mahai gainean, liburu baten azalean: Sueรฑos en el umbral. Memorias de una niรฑa del harรฉn (ingelesezko jatorrizkoan Dreams of Trespass. Tales of a Harem Girlhood). Hori da LU bildumarako hautatu den Mernissiren lana, eta nik gogo biziz irakurri nuela oroitzen dut. Handik denbora batera, etxeko haren liburuak goitik behera irenstearekin konforme ez, eta beste batzuen bila aritu nintzen. Orduan irakurri nuen Scheherezade goes West (2001), gaztelaniazko itzulpenean (El harรฉn en Occidente).

Liburuaren abiapuntua Europan Dreams of Trespass atera zueneko promozio-bira da. Mernissik elkarrizketa horietan zelan sentitu zen kontatu zuen, zelan (gizonezko) elkarrizketatzaileen aurpegietan irribarre edo begirada bitxiak โˆ’lizunakโˆ’ agertzen ziren. Galdera-sortei deserosotasunez erantzuten bukatzen omen zuen. Deserosotasuna, Europako iruditerian harem hitzak duen esanahiagatik: emakumeak biluzik gela batean, gizon bati plazera emateko prest, hainbat eta hainbat margolan erromantikotan irudikatu zen bezala.

Fatemarentzat, berriz, familia antolatzeko modu bat zen harema, familia-kide ugariko etxe handi bat, zeinetatik emakumeak nekez ateratzen baitziren. Bestelako konnotazioak hitzari Mediterraneoa zeharkatzean erantsi zitzaizkiola dirudi, Xerezade mututu eta desitxuratu zuen bidaia hartan bezala; egun ere hainbat eta hainbat lagun mututu eta desitxuratzen dituen itsaso hura zeharkatzean. Aurreko postean Irati Bakaikoa Garcรญak esan zuen bezala, ยซhitzak ez dira bakarrik hitzak, errealitateak baizikยป. Izan ere, autoreak kontatu zuenez, Xerezadek zenbait muga gurutzatu ahala ahotsa galdu zuen pixkanaka. Ahozko tradiziotik idatzizkora igarotzean lehenik, eta Ekialdea deitzen den horretatik Europako margolan eta kontakizunetara pasatzean, ondoren. Izenburuaren gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenetan ondo asko ikus daiteke: Mernissik Xerezaderi emandako zentraltasuna kendu eta harem exotikoari eman zitzaion.

Hortik aurrerakoa Europak mundu arabiar-musulmanarekiko duen orientalismo likatsua ikuspegi feminista batetik deseraikitzeko lan miresgarria da. Mernissi, izatez, unibertsitate mundukoa zen, baina ohikoa zitzaion beste estilo bat ere erabiltzea, familiako emakumeek transmititu zioten ahozko tradiziotik hurbilagoko bat, sinplea bezain eraginkorra. Modu bertsuan, iruditzen zait sufismoak Fez hirian duen substratua ikusgai uzten duen idazkera erabili zuela.

Pasadizoz beteriko saiakera arin bat da, beraz, ez lan akademiko puru bat Simone de Beauvoirren Le Deuxiรจme Sexen gisan, edo Edward Saiden Orientalismen moduan. Baina autore haiek inauguraturiko bidean harritxo bat jarri zuela uste dut, eta saiakera horren bidez nahiz bere ibilbide osoan zehar ahalegina egin zuela egun naturalizatuta ditugun hainbat ideia historizatzeko, ikusteko nondik datozen eta zergatik ditugun.

The substance filma bolo-bolo dabilen honetan, aipagarria da Mernissik bertan salatzen den ideiaz egin zuela gogoeta, Mendebaldean ere harem groteskoak daudela esanez. Hori bai, bi hamarkada luze pasa dira โ€“1940an jaio zen pertsona batek idatzia da liburuaโ€“, eta nire ustez akatsa litzateke egungo ikuspegitik epaitzea. Noski, kritikak ere ugari jaso ahal ditu bere posizioak; heteroarau naturalizatua dirudiena izan daiteke, agian, kritikagarriena.

Edozein kasutan, euskarazko LU bilduman Marokoko ahotsen aniztasuna eta รฑabardurak islatzen saiatzen zen norbait egongo da, bertako sustrai erlijioso eta historiko-kulturalen ezagutza sakonetik hitz egiten zuen norbait. Pozik nago, bai. Ni neskatxa nintzenean erdaraz jaso nituen bere hausnarketak, eta laster euskaraz irakurri ahalko dugu Mernissiren ahotsa. Soilik espero dut irakurleak mesanotxean uztea iruditeria orientalista indartsu hori, eta Dreams of Trespass betaurreko gardenago batzuk jantzita irakurtzea. Adibidez, hemen aipatu dudan Xerezaderen bidaia Mendebaldera irakurrita, datorrenaren zain gauden bitartean. Iruzkinetan kontatu ahal didazue zer iruditu zaizuen!

Zorterik onena Mernissi itzuliko duen Edurne Lazkano Ibarbiari ๐Ÿ˜Š.

Irakurminak

Amaia Lasheras Perez

Blog honetan berriki argitaratutako Itzulminak artikulua ekarri nahi nuke hona gaurkoan. Han, Amaia Astobizak gogoeta egin zuen itzulpenek profesionalongan uzten duten arrastoaz eta lan batzuek gu transformatzeko izan dezaketen gaitasunaz. Eta horri bueltaka ibili naiz egun hauetan, Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak itzulitako eleberri bat irakurtzen ari nintzela: Jakobian eraikina (Alaa Al Aswani). Izan ere, hura irakurtzeak aztarna sakona utzi dit barrenetan.

Aitortu behar dut guraso naizenetik, oso sentikor bihurtu naizela zenbait afera direla eta. Batez ere, haurrekin lotutako gertaera latzak suertatzen zaizkit jasanezin, eta erraz hasten naiz negarrez film batean haur bati zorigaitz bat gertatzen bazaio. Umeek jasandako abusuen berri badut, burutik ezin kenduz ibiltzen naiz egun batzuez. Horrelako gaietan, eragin bertsua sortzen didate gertaera errealek nahiz fikziozkoek.

Bada, gustura murgiltzen ari nintzen 1980ko hamarkadako Kairoko giroan; istorio itxuraz xumeen bidez, orduko gizartearen erradiografiaz gozatzen. Harrituta gelditzen ari nintzen zenbait gauzarekin; ez nuen espero gehiengo musulmaneko herrialde batean sexu-kontuak hain agerikoak izatea (40 urte joan direnez, beharbada gauzak aldatuko ziren): amoranteak, lanari eusteko nolabait ere prostituitu beharra, harreman homosexualakโ€ฆ Eta ia oharkabean ailegatu zen haurraren kontrako erasoa. Ez nuen espero. Bortxaketaren irudia bereziki asaldagarri suertatu zitzaidan. Izan ere, kontatuta dagoen bezala, amodioz eta erotismo finez betetako eszena bat da; ia kitzikagarria. Nola liteke horrelako munstrokeria ederra suertatzea? Idazleak maisutasunez eta itzultzaileek bikaintasunez lortu dute maitasunez egindako bortxaketa-segida gisa islatzea.

Hamaika gauza etorri zitzaizkidan burura pasartea irakurritakoan. Nola izan zitezkeen hain axolagabeak haur horren gurasoak? Eta nire semeari ere horrelako zerbait gertatu bazaio eta ni ohartu ez? Nola kudeatuko ote zuen mutiko horrek urte luzeetako esperientzia hura? (Liburuak aurrerago erantzun zion nire azken galderari). Munduan zenbait umeri gertatuko zitzaion horrelako zerbait? Biktimek gertatutakoa isilpean gordetzen badute, milaka, milioika izan daitezke. Nola sentitu ziren Royo eta Olarra hain gertaera lazgarriak edertasunez jantzi behar izan zituztenean? Fisikoki ere eragiten zidan eszena horretan pentsatzeak: goragalea, nazka, higuina. Beharbada, bortxatzailea ez delako gaizkiletzat hartzen suertatzen zitzaidan hain jasangaitza.

Eleberria baztertu behar izan dut bolada batez. Irakurtzen segitzen saiatu nintzen, baina bortxaketa โ€œederโ€ hori eta geroko abusuak han barruan zeudela jakiteak ez zidan bakea ematen. Behatz artean sentitzen nuen bortizkeria hura liburua bera ukitzean, eta irudi horiek behin eta berriz etortzen zitzaizkidan burura. Ezin nuen jasan. Uste dut oraindik egun batzuk beharko ditudala barrenak lasaitu eta berriz liburuari ekiteko.

Zoritxarrez, gaurkotasun handiko gaia da haurren kontrako erasoena, โ€œEpsteinen uharteaโ€ren aferak berriki erakutsi digun bezala. Gizaki helduon doilorkeria erakusten digute berriz ere gertaera horiek. Eta, bai, lehengoan Care Santos idazlearen artikulu batean irakurri nuen bezala, liburuek jakin behar dugun guztia eskaintzen digute; gauza on eta txar guzien berri ematen digute. Horixe omen da literaturaren handitasuna. Baina, ikusten denez, ni une honetan ez nago edozein gauza jasateko prest. Amaia Astobizak aipatutakoaren ildo beretik, โ€œirakurminโ€ek ez didate uzten.

Belarriko kilkerra

Amelia Pรฉrez Conde

Aurreko artikuluan ahozko istorioak literatura idatzira ekartzeari buruz idatzi nuen. Artikulu honetan gai berari helduko diot berriro, baina kasu honetan Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzitako Belarriko kilkerra izeneko liburua aipatuko dut.

Itxialdian, denboraldi berezi hartan, Uxueren aitak audioak bidali zizkion Uxueri, egun berezi horiek sormenez edertzeko. Itxialdia amaituta, Uxue beste liburu bat idazten ari zela, bat-batean, istorio horiekin gogoratu zen, eta hauxe bururatu zitzaion: aitari, lagunei eta hurbileko pertsonei eskatzea istorioak berari ahoz kontatzea eta, gero, ahozko istorio horiek idatziz jasotzen saiatzea. Ez da ariketa erraza!

Uxuek azaldu du ariketa horretan bereziki zaindu duela istorio idatziek ere ahozkotasunaren xarma eta รฑabardurak izatea. Izan ere, ahozko istorioetan kontalarien ahotsa, begirada eta gorputz-hizkuntza, besteak beste, oso garrantzitsuak dira, eta batzuetan kontalariek gauza ugari esaten dituzte hitzik gabe. Baina literatura idatziak ere baditu bere baliabideak, eta haietako batzuk, adibidez, ilustrazioak dira. Belarriko kilkerra liburuaren ilustrazioak Begoรฑa Durruty-k egin ditu, beraz, badugu aukera ilustrazioekin ere gozatzeko.

Mende beteko istorioak zabaldu ditu liburuan, eta, agian, horixe da inportanteena, istorio horiek gaur egun aukera handiagoa dutela bizirik jarraitzeko. Izan ere, bidaian hasi dira jada, eta transmisio-katea zabaltzen ari da, istorioak Belarriko kilkerra liburutik irakurleen ahora jauzi egiten ari baitira. Hona hemen adibide bat (amaierara arte adi egotea gomendatzen dizuet!): Polloeko Burezurra.

Uxueren hitzetan, ahozkotasuna, transmisioa eta memoria dira liburuaren hiru zutabeak. Gaiak gizaki guztioi kezkatzen gaituztenak dira, besteak beste, ausardia, lotsa, beldurra eta gosea; nork ez du halakorik sentitu! Eta nork ez du horri buruz gehiago ikasi nahi! Liburua lau ataletan banatuta dago. Lehenengo atalean bihurrikeriak kontatzen dira; bigarrenean, heriotza eta galerak (Zerurako eskailera du izena); hirugarrenean pertsonen arteko harremanak jorratzen dira, baita batzuetan sortzen diguten mina ere; eta laugarrenean gorputza da hari nagusia, nahiz eta gorputza eta gorputz-atalak liburu osoan gai garrantzitsua izan.

Uxuek azaldu duen bezala, istorioak aitak, lagunek eta kontalari askok kontatu zizkioten, baina beste batzuk, ordea, Ahotsak proiektuaren bidez ezagutu zituen. Ahotsak proiektuaren helburua Euskal Herriko ahozko ondarea zaintzea da, hain zuzen ere, eta urte asko eman ditu ahozko istorioak babesten. Proiektuko istorioak herrika eta gaika antolatuta daude, eta istorioekin batera, tradizioak eta beste garai batzuetako bizimoduak ere ezagutzen ditugu. Hona hemen adibide bat: Laboreak ikasten.

Batzuetan guk aukeratzen ditugu istorioak, beste batzuetan istorioek gu aukeratzen gaituzte, baina istorio bat partekatzen denean, zerbait ikasten dugu beti, edo, are garrantzitsuagoa, zerbait sentitzen dugu beti. Bestalde, Uxuek liburuaren harira beste gai garrantzitsu bat aipatu du: ยซjolasean heldu ziola erronkariยป; izan ere, helduok maizago jolastu beharko genuke!

Dibulgazio historikoa

Santi Leonรฉ

Dibulgazio historikoa eta, batez ere, dibulgazio historiko ona eskuar izatea luxua da beti. Mintzatzeko manera bat da, bistan dena, baina bada erramoldea aski modu literalean ulertu duena, luxuzko dibulgazioa kontzeptu oximoroniko samarra โ€“baliteke oximoroniko solasa lerro hauek idatzi ahala asmatu izanaโ€“ sortzeraino. Berriki, Amaiurko gaztelua defendatzen aritu zirenen 51 gutunen edizioa aurkeztu zuen Mintzoa argitaletxeak, eta editorea harro eta hunkiturik agertu zen โ€œpubliko orokorrak ezagutzen ez dituen testu hauek argitara atera izanazโ€; eta zera gaineratu zuen: โ€œHaiek sinaturiko gutun hauek edukitzea, dena lehen pertsonan kontatzen baitute, luxu bat daโ€. Egoera ezin da hobeki laburbildu: hain zuzen ere, egin duten edizioa edukitzea luxu bat delako segituko du publiko orokorrak gutun horiek ezagutu gabe.

Wilhelm Gottlieb Soldan historialariarekin, berriz, haizea alde izan dugu, eta etxea hipotekatu gabe erosten ahal den edizioa prestatu digute. 1849an, Nafarroako konkistari buruzko testu labur bat argitaratu zuen Soldanek, eta XX. mendean Iruรฑeko intelektual euskaltzale batek gaztelaniara itzuli zuen โ€“sarreran, Alexander Tapia edo Angel Irigarai proposatzen du testuaren balizko itzultzaile gisa Peio J. Monteanokโ€“. Itzulpena Nafarroako artxiboan aurkitu dute, eta horixe da Mintzoak prestatu duen edizioak eskaintzen duena: Monteanoren sarrera eta gaztelaniazko itzulpena, gehi jatorrizko testu alemana.

Gaizki-ulertuak saiheste aldera, testua bera eta testua XX. mendeko lehen hamarkadetan Iruรฑeko euskaltzale batek itzuli izana, bi gauzak arrunt interesgarriak iduritzen zaizkit. Baina, dibulgazioa txukun egitearen alde nagoenez, nahiago nuke edizioa gehixeago zaindu izan balute. Orain artio sekulan hutsik egin ez didan teoria โ€“hain zuzen ere, espainolezko testu batean alemanez egindako edozein aiputan gutienez akats bat izanen dela dioen teoriaโ€“ bertze behin berresteko balio izan dit liburu honek. Monteanoren sarreran Johhan aurkitzen dugu Johann-en ordez; Fiedrich, Friedrich-en partez; Jhare, Jahre-ren hatxea aldatuta; eta von Groiman, von Grolman behar zukeen tokian.

Itzulpena egin zen tenorean nafar historialari gehienendako alemana aski eskuraezina zela gaztigatzen zaigu sarreran. Uste izatekoa denez gauzak dezente aldatu direla, eskertzekoa izanen zatekeen norbaitek itzulpena eta jatorrizkoa konparatzeko lana hartu izan balu, zeren testuaren edukia interesgarria izanda ere, itzultzaileak ez du beti behar bezain fin jokatu. Gaztelaniazko testuak, zenbaitetan, alemanezko testuak erraten ez dituen gauzak erraten ditu, baina desbideratze ttiki edo handi horiek inork seinalatzen ez baditu, irakurleak arrunt bertsio fidela irakurtzen ari dela sinesten ahal du. Izan ere, izenburuak berak pistaren bat ematen digu pentsatzeko balitekeela itzultzaileak lizentziaren bat hartu izana: Wie Navarra spanisch ward und blieb โ€“Nafarroa nola bihurtu zen eta iraun zuen espainolโ€“ titulutik De cรณmo Espaรฑa conquistรณ a Navarra y la retuvo titulura igaro gara. Bien artean salto ttiki bat bada, nire ustez.

Itzulitako testuan, badira hanka-sartzeak: errege-erregina katolikoen Juan printzea lau urtekoa da alemanez (vierjรคhrig), baina hamalau urtekoa gaztelaniaz. Badira haurkeriak: Soldanek dio Nafarroak ez duela Aragoirekin eta Gaztelarekin muga naturalik, baina Pirinioetako adar batek bereizten duela euskal probintzietarik โ€“nur gegen die baskischen Provinzen hin hat es eine Pyrinรคenast zur Seiteโ€“; hondarreko esaldi hori desagertu egin da itzulpenean.

Badira jatorrizko testua gaizki ulertzetik egindako pasarte traketsak: Soldanek kontatzen du kardinal espainol eta frantses batzuk aita sainduarekin etsaitu zirela eta, haren atsekaberako, lanean hasi ziren kontzilio orokor bat deitzeko โ€“Etliche spanische und franzรถsische Cardinale waren mit dem Papste zerfallen und gingen damit um, ihm zum Verdrusse ein allgemeines Concilium zu berufenโ€“; espainolez, berriz, algunos cardenales franceses y espaรฑoles estaban seriamente disgustados con el Papa por no convocar el concilio ecumรฉnico que habรญa prometido โ€“kardinal frantses eta espainol batzuk arrunt atsekabetuak zeuden aita sainduarekin, agindutako kontzilio ekumenikoa ez deitzeagatikโ€“.

Badira alemanez ez dauden izen nahiz izenondoak paratzeko joera ere: anakronismo larri bat โ€“Ein arger Anachronismus!โ€“ ยกOh anacronismos traicioneros! โ€“O anakronismo traidoreak!โ€“ bihurtu da; Karlos V.ak gatazkari konponbide arbitrala emateko harturiko konpromisoa โ€“die schiedsrichterliche Beendigung des Streitesโ€“ honela dago gaztelaniara ekarria: Carlos […] se habรญa comprometido con Francisco I a procurar por todos los medios el que se diera satisfacciรณn a los monarcas destronados โ€“Karlosek Franzisko I.arekin tronugabeturiko monarkei kosta ahala kosta erreparazio emateko konpromisoa hartua zuenโ€“.

Hiztegi politikoan ere, ez da zaila irristada batzuk harrapatzea, aski mamitsuak gainera. Alemanez Die Politik der Nachbarn auf beiden Seiten โ€“bi aldeetako auzoen politikaโ€“ dioen tokian, gaztelaniaz la polรญtica de ambos estados โ€“bi estatuen politikaโ€“ dugu. Gaztela eta Frantziaren arteko talkan, dio Boldanek, Navarra […] erfuhr das Schicksal, das in politischen Verwickelungen den Kleinen gewรถhnlich wird, und wurde auf immer untergesteckt โ€“gatazka politikoetan txikiei egokitzen zaien patua izan zuen Nafarroak, eta baztertua gelditu zen betikoโ€“; itzultzailea ez dago guziz ados: Navarra sufriรณ la suerte reservada a los pueblos pequeรฑos en toda conflagraciรณn internacional: fue borrada del nรบmero de las naciones โ€“nazioarteko gatazketan herri txikiei egokitzen zaien patua izan zuen Nafarroak: nazioen multzotik desagerrarazi zutenโ€“.

Beharbada makur nabil, baina erranen nuke Soldanen testu osoan ez direla agertzen Staat, Nation edo Volk solasak. Gaztelaniaz, berriz, estado, naciรณn eta pueblo ditugu. Ez dela hain larria? Ez dakit, bada. Peio J. Monteanok aipatu dudan hondarreko esaldia erabili du sarreran Soldanen mezua laburbiltzeko. Alegia, jatorrizko testuan ez dagoen โ€“ez, behinik behin, horrelaโ€“ esaldi bat.

Interesgarria izanen zatekeen, berriz diot, itzulpen honen edizio txukun bat egin izana: itzulpena zergatik ez den beti jatorrizkoari fidela, nola islatzen dituen horrek itzultzailearen asmo eta ideologia, zergatik merezi duen halere itzulpen horrek irakur dezagunโ€ฆ Alta bada, editoreek bertze bide bat hartu dute: Soldan historialari neutroa da, zientzia alemanaren sendotasun guziarekin โ€“eta bada mundu honetan zientzia alemana baino gauza sendoagorik?โ€“ arrazoi dugula erakutsi zuena, eta guk itzulpena ekarri dizuegu. Ederki. Pena bakarra da itzulpenak ez duela beti Soldanek dioena erraten.

Nolanahi ere den, hagitz kontu interesgarri bat utzi du agerian liburu honek. Segur aski, orduko itzultzailea Soldanen testua itzultzera eta oraingo editoreek itzulpena argitaratzera eraman dituen motibazioa berbera da: deusek ez digu hainbertzeko poza ematen, kanpoko norbaitek arrazoia emateak nola. Gogora ekarri dit Pedro Vallรญnek ezkertiarrak izanda ere zinema popularra gustuko izateko baimena eman zigunekoa: arras ongi dago, baldin eta baimena behar badugu. Historia kontuetan konplexu gutiago eta segurtasun handiagoak izanen bagenitu, lasaiago aztertuko genituzke iraganeko testuak. Eta dibulgazio hobea eginen genuke.

Dakitenengandik ikasten

Idoia Santamarรญa Urkaregi

Liburu txiki bezain interesgarri bat gomendatzera nator gaur hona:

Traducciรณn: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias.

Ez da berria, 2013koa baizik. Miguel Sรกenz da egilea, gaztelaniazko itzultzaile handia (handia? erraldoia).

Itzulpen batekin ezin aurrera egin nenbilela, gogoratu dut ezen, duela urte asko Luxenburgon gaztelaniazko itzultzaile gisa ari nintzelarik, Miguel Sรกenz etorri zitzaigula behin hitzaldi bat ematera, eta, haren orduko irudia buruan, apalera jo dut aipaturiko liburuaren bila (gauza ederra da, alafede, prokrastinazioa). Lehenengo egiaztapena: liburua ez da batere zahartu; bizi-bizirik dago.

Izenburuak garbi dioen moduan, Sรกenzek han-hemen emandako hitzaldiak eta diskurtsoak biltzen ditu, denak itzulpengintzaren ingurukoak, zein baino zein interesgarriagoa, eta horietako bat, gainera, โ€œAutor y traductorโ€ izenburukoa, Donostian emana, 1993an (liburuan jasotako lehenengo hitzaldia da). Itzuli diren hizkuntzaren literaturaren osagarri direla itzulpenak defendatzen du hor Sรกenzek, eta, are, hizkuntzen literaturaren hastapenetan itzulpenak egon ohi direla askotan:

Premisa hori onartuz gero, euskal literatura, adibidez, jatorriz euskaraz idatzitako lanek eta euskarara itzulitako lan guztiek osatuko lukete.

Pellokeria dirudi, baina, tamalez, esan beharreko esaldia da oraindik ere.

Liburuko hurrengo hamazazpi hitzaldietan, itzulpengintzarekin eta literaturarekin lotutako hainbat kontu jorratzen ditu[1]:

  • hitzak itzultzen ditugun edo hitz horiek diotena;
  • egileen eta itzultzaileen arteko harremana;
  • โ€œklasikoenโ€ itzulpena, literatura-itzulpena (โ€œitzultzailea poetaren poeta da, nobelagilearen nobelagileaโ€);
  • literatura-itzulpenaz bizi daitekeen ala ez (spoilerra: EZ);
  • zertaz jabetu behar duen itzultzaile orok (โ€œitzulpengintza hurbilketa-arte bat da infinitura arte hobetu daitekeenaโ€);
  • itzulpenen kritika eskasa edo kritika falta (Espainian eta herrialde gehienetan);
  • itzultzaileen akatsak;
  • zer esan nahi den hizkuntza โ€œneutroโ€ batera itzuli behar dela esatean;
  • itzultzailearen eta musika-interpretatzailearen arteko paralelismoa (โ€œtestu baten aurrean esertzen naizenean โ€”testua atril batean paratzen dut nik gehienetanโ€”, musikari sentitzen naiz, beste batek ondutako musika deszifratzen, neureganatzen eta adierazten saiatzeko prestโ€);
  • zer den literatura-itzulpena: kopia? jatorrizkoa? bertsioa? interpretazioa? berridazketa? faltsifikazioa? manipulazioa?;
  • zer den literatura unibertsala, halakorik baldin bada;
  • zenbaterainoko garrantzia duen arretaz irakurtzeak (โ€œitzultzean nabarmendu beharrekoa ez da irakurketaren intentsitatea, arreta baizik; itzuli beharrak baldintzatutako irakurketa da itzultzailearena, baina horrek ez du eragozten irakurtzeko plazera; aitzitik, areagotu egiten duโ€);
  • zer irakats daitekeen eta zer ez itzulpengintzako fakultateetan.

Liburuaren bukaera aldera, bi diskurtsoren testua dator: bata, Alemaniako Hizkuntza eta Poesia Akademian 2000. urtean emandakoa, eta bestea, 2002koa, Salamancako Unibertsitatean emandakoa, honoris causa doktore izendatu zutenean. Lehenengoan, itzulpengintzaren definizio eder bat ematen du:

Norbaitek esana da itzultzea dela pertsona apartak diren lagunak izatea eta lagun horiek artean ezezagun zaizkigun beste lagun batzuei โ€”irakurleeiโ€” aurkeztu nahi izatea.

Edozein kikiltzeko modukoa da Miguel Sรกenzek itzultzaile gisa egin duen ibilbidea. Ingelesetik eta, batik bat, alemanetik itzultzen du gaztelaniara, eta zerrenda luze bezain ikusgarria osatzen dute berak โ€œinterpretatutakoโ€ autoreek: Rushdie, Conrad, Faulkner, Goethe, Kafka, Bernhard, Grass, Schnitzler, Brecht, Sebaldโ€ฆ Berak hainbeste maite dituen austriar autoreek bezala, Sรกenzen itzulpenak irakurtzean badirudi bakoitzarentzako doinu egokia interpretatzen dakiela beti; maisuki menderatzen du esaldi eta paragrafo bakoitzaren erritmoa, belarriz itzultzen duela ematen du, partiturarik gabe ia, musikari handienek bezala.

Hemen aipatutako saiakeran jasotako artikuluetan ere nabarmena da musikari itzultzailearen (edo itzultzaile musikariaren) sena. Maisu handien patxadaz eta zehaztasunez mamurtzen du itzulpengintza, eta Sรกenzen erudizioak eskutik darama irakurlea, batere ikaratu gabe.

BIBLIOGRAFIA

SรENZ, M. (2013), Traducciรณn: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias, Ediciones Universidad de Salamanca, 2013.


[1] Komatxoen arteko aipu guztiak M. Sรกenzen liburutik hartuak dira, eta nik itzuli ditut.

Okerreko atea jotzea

Angel Erro

Umberto Ecok itzulpenari (itzulpenari bere zentzu zabalenean) eskainitako liburuaren izena edukiaren sintesi perfektua zen, eta definizio ez txarra ere, itzultzea zertan datzan: Dire quasi la stessa cosa; โ€˜ia gauza bera esateaโ€™. Gogoak huts egiten ez badit, barruan batez ere ia horren, quasi horren, nolakoa eta norainokoa zehazteari ekiten zion nagusiki.

Erakargarria (eta itzulpenaren zereginaren sintesi ona) suertatu zaidan itzulpenari buruzko beste liburu baten izena aurkitu dut orain gutxi Nafarroako Liburutegi Nagusiko apalen artean: Hablo todas las lenguas, pero en รกrabe. Arabieraz eta frantsesez idazten duen Abdelfattah Kilito idazle marokoarrarena da. Izenburua gorabehera, frantsesez argitaratu du, itzulpena eta bere herrialdeko literaturaren egoera diglosikoa gai dituzten lehenagoko artikuluak bilduta. Berehala aitortzen du izenburua Kafkaren egunkarietatik hartu duela, non Pragako artista batek horixe esaten zuela idatzita utzi baitzuen: munduko hizkuntza guztietan mintzo zela bera, baina yiddishean.

Interesez irakurri badut ere, gutxitan iruditu zait Kilitok bertan dioena gurera aplikagarria, besteak beste, arabieraren eta frantsesaren arteko harremana ez baita euskararen eta erdararen artekoaren parekoa. Nolabait esateko, hor literario/kulturalki subalternoa den arabiera hegemonikoa da kalean eta egunerokoan, eta frantsesari kontrakoa gertatzen zaio.

Halere, gogoeta iradokitzaileak daude tarteka. Abdelkebir Khatibi idazleaz eta bere Amour bilingue liburuaz ari denean, esaterako, non bi hizkuntzetan bizi beharra eta bere bizitzatik pasatutako hainbat emakumeren istorioak txirikordatzen baititu, galdera egiten du: โ€œEta Abdelkebir Khatibi hizkuntza hautatzean okertu izan balitz? Galdera ezohikoa, agian errespetu gutxikoa, dudarik gabe deserosoa. Halako galderarik egiten ahal da, edonola? Eta nork du egiteko gaitasuna? Irakurleek? [โ€ฆ] Bada damutu dela aitortu duen idazlerik?โ€. Idazle bat, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu โ€œaukeratzenโ€ ari denean bezala, baina โ€œidaztea berez hizkuntzaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?โ€.

โ€œAl-Jahiz-ek, bere Animalien liburua-n, antzeko iritzia azaltzen du elebiduntasunaren inguruan (bitxia da idazle honek elebiduntasunaz hitz egiteko zer eta animaliei buruzko liburu bat aukeratu izana; izaki ez elebidun eta imitatzeko ezgauzak). Zeren elebiduna, Al-Jahizek iradokitzen duenez, bigamoa da: bi hizkuntzak, bi emazte bezala, suhar lehiatuko dira eta, eginahalak eginahal, senarrak ez du lortuko biak guztiz asetzeaโ€.

Elebiduntasuna eta bigamia parekatzea, nik uste, barkakizun zaio IX. mendeko idazle bati. Niri, aldeak alde, konparazioak gogora ekarri dit duela hilabete pare bat irakurle klub baterako berriz irakurritako Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa. Dagoeneko behin baino gehiagotan irakurria duzun liburu bati ekitean, traman baino, arreta jar dezakezulako alderdi teknikoetan edo sinbolikoetan. Eleberrian, euskal idazlea den Juan Martin protagonistak bi emakume, bata madrildarra, bestea donostiarra, seduzitu nahi ditu testu bera erabilita. Ez al da hori, itzulpena tartean, edozein idazleren nahia? Bi publiko ezberdin erakartzea, geureganatzea? Victoria eta Eugenia ez dira, neurri batean, euskal eta erdal irakurlegoaren ikur?

Irakurketa hori egitea posible egiten duten pista batzuk egon daitezke. Eugenia madrildarrak Babelia bezalako literatur gehigarriek agintzen duten guztia leitzen du, irakurle midcult-agoa da, prototipikoagoa; bera limurtzeko bide onena, literatura ona baino, literatura onaren prestigioa izatearen lerro kurtsi batzuk aski dira. Victoria donostiarra elebiduna da, hobeki moldatzen da gaztelaniaz, baina protagonistarekin ahaleginduko da euskaraz egiten. Exijenteagoa da, kritikoagoa, baina euskararekiko duen lotura afektiboagoa da, kulturazkoa baino. Euskal irakurlegoa hala da edo hala irudikatzen du Saizarbitoriak? Edonola, testu berak eragin berdina izan ahal du bi emakumeengan, bi literatur sistemetan?

Irakurketa hori hankaz gora jartzen didaten gauza asko ere badaude eleberrian, agian, egileak nirea bezalako irakurketa errazak saihesteko asmatuak. Testua, bi emakumeekin erabili beharreko ohartxoa, lehenago idatzi eta erabili du gaztelaniaz Eugeniarekin eta Victoriarekin nahi du berrerabili, eta azken honi zer hizkuntzatan eskainiko dion ez du argi:

โ€œEgiaz duda bakarra zen Eugeniaren testua Victoriari bere hartan bidaliko nion ala euskaratu egingo nuen. Ez zen, ordea, zalantza hala-moduzkoa; zenbat eta gehiago pentsatu, arrazoi gehiago aurkitzen bainuen aukera bakoitzaren alde.

[โ€ฆ] Victoriari gaztelaniaz eta frantsesez mintzo zitzaion bere background kulturala, eta, nolanahi ere, oso gutxi euskaraz; eta horrek garrantzi erabatekoa zuen testu batez gozatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Josu Zabaletak dioenez, background kulturala erdaraz osaturik izatea da euskaldun gehienok klasiko unibertsalak euskaraz irakurtzeko dugun zailtasunaren funtsaโ€.

Idazle bat, beraz, pentsarazi dit Ramon Saizarbitoriak bere eleberri horrekin, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu aukeratzen ari denean bezala, baina idaztea/maitatzea berez hizkuntzaz/pertsonaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?