Konpentsatzen nau

Lierni Garmendia Arratibel

«Konpentsatzen nau» ala «konpentsatzen dit»? Nik bigarrena erabiltzen baitut ahozkoan, izan ere. Lehena da zuzena, ordea. Hark ni konpentsatzen nauelako, baina ez didalako ezer konpentsatzen.

Hain zuzen, ahozkotasuna eta naturaltasuna dira ikus-entzunezko itzulpenaren helburu nagusietako bat. Agian aurrekoa ez da adibiderik onena, baina bai idatzizkoaren eta ahozkoaren artean dauden ezberdintasunen isla, batean eta bestean, marko informalean behintzat, ezberdin erabiliko nukeen zerbait.

Euskararen eta zehazki euskarazko bikoizketaren kasuan, azpimarratzekoa da helburu ez ezik, erronka ere badirela ahozkotasuna eta naturaltasuna. Bikoizketaren kasua berezia da, idatzizko kanalean ezkutatzen den ahozko testua delako. Zentzuzkoa da pentsatzea, beraz, bikoizketa artifiziala izango dela ahozko testuaren ezaugarriak ezabatzen badira. Hain zuzen, hori da ikus-entzunezko itzultzaileari barkatu ezin zaion akatsetako bat. Halere, ezer gutxi barkatu beharko diogu euskal ikus-entzunezko itzultzaileari, hark ez baitu euskarazko bikoizketari askotan leporatzen zaion artifizialtasunaren errurik. Haren gaitasunetik harago doa hori. Aldiz, ohitura faltari egotzi beharko diogu errua.

Hasieratik, Euskal Telebistak bikoizketarekiko apustua egin zuen, haurrentzako saioen bikoizketaren bitartez euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko. Geroztik, asko izan dira euskarara ekarri diren marrazki bizidunak eta animaziozko filmak, bai Euskal Telebistarako eta bai zinemarako, bereziki azken hamarkadetan. Gazteei eta helduei dagokienez, oso gutxi izan dira bikoiztu diren saioak. Ondorioz, ez da harritzekoa euskarazko bikoizketa arrotz egitea. Hain zuzen, nahikoa produktu ez eta gazteak eta helduak euskarara ekarritako horiek kontsumitzen ohituta ez badaude, euskararen naturaltasuna ezinbestekoa izango da ohitura falta hori gainditzeko. Horregatik, elementu linguistikoei ez ezik, elementu pragmatikoei ere erreparatu beharko die itzultzaileak, horiek dira eta naturaltasunaren gakoa.

Ikus-entzunezko testuak zailtasunez josita daude: hitz-jokoak, umorea, erreferentzia kulturalak, etab. Umorearen kasua bereziki interesgarria iruditzen zait, zailtasun bat baino gehiagoren arteko konbinaketa konplexuaren ondorio baita maiz; badira hitz-jokoetan edo erreferentzia kulturaletan oinarritutako txisteak. Baita irudietan oinarritutakoak ere. Beraz, hitzez hitzezko itzulpenak ez du beti funtzionatuko. Orain arte, testu laburrak landu ditugu eskoletan, testu mota ezberdinak aztertzeko eta itzultzeko aukera eskaintzeaz gain, txikikeria guztiak komentatzen ditugulako eta irakasleak posible duelako itzulpen guztiak zuzentzea, besteak beste. Agian hori da konpentsazioa asko landu ez izanaren arrazoia. Aldiz, hiru filmen itzulpenak aztertu ondoren, hau da, hiru testu luzerekin lan egin ondoren, ikusi dut behin baino gehiagotan agertu dela espero nuen itzulpen-estrategia. Ikusi dut, baita ere, konpentsazioa ohikoagoa dela literatur eta ikus-entzunezko testuen itzulpenean, testu ekonomiko, juridiko, zientifiko, tekniko eta abarren itzulpenean baino.

Bigarren multzoan hitzez hitzezko itzulpena nagusitzen den bitartean, literatur eta ikus-entzunezko testuetan testua da garrantzitsuena; testua, eta bere funtzioa; horregatik, umorezko elementu bakoitzaren funtzioa ezagutzeaz gain, jatorri-testuan duten lehentasuna ezagutu beharko dugu.

Esaterako, Ice Age sagaren azterketan ikusi dut umorearen lehentasuna handia den ikus-entzunezko testu batean, hau da, ikus-entzuleari barre eragiteko helburua duen testu batean, txistearen alderdi pragmatikoak garrantzi handiagoa duela alderdi semantikoak baino. Zergatik itzuli hitz-joko batean oinarritutako txiste bat hitzez hitz, xede hizkuntzan barre eragitea lortzen ez badu?

Hemen adibide[1] batzuk:

DINOSAUR 1: So, where’s Eddie?
DINOSAUR 2: He said he was on the verge of an evolutionary breakthrough.
DINOSAUR 1: Really?
EDDIE: I’m flying!
DINOSAUR 2: Some breakthrough.

DINOSAUROA 1: Aizu, non da Eddie?
DINOSAUROA 2: Bilakaeraren zer edo zer aurkitzeko puntu-puntuan zegoela esan dit.
DINOSAUROA 1: Benetan?
EDDIE: Hegan ari naiz!
DINOSAUROA 2: Hori aurkikuntza!

1

Testuingurua: Eszenan, animaliak hegoaldera emigratzen ari dira. Animalia bat, Eddie, malkar baten izkinan dago bere bi lagunak bidean aurrera doazen bitartean, animalia hegalari bilakatu nahi duelako. Bere bi lagunak hizketan ari direla, malkarretik salto egin eta lurrera erortzen da

SID: Well, I’ll just go by myself.
SID: Oh! Sick! Hey, wide body! Kerb it next time!
SID: Oh, jeez! Oh, yuck! Oh!

SID: Ba ni nire kasa joango naiz.
SID: Ai! Kaka! Ei, potzolo! Bazterrean egiten da!
SID: Ai, hau nazka!

2

Testuingurua: Sid nagiak kaka bat zapaltzen du.

SID: My feet are sweating.
DIEGO: Do we need a news flash every time your body does something?
MANNY: Ignore him.
SID: Seriously, my feet are really hot.
MANNY: Tell me that was your stomach.
SID: I’m sure it was just thunder. From underground?
MANNY: Run!

SID: Oinak izerditan ditut.
DIEGO: Zerbait gertatzen zaizun bakoitzean albistea eman behar diguzu?
MANNY: Ez jaramonik egin.
SID: Benetan, oinak sutan ditut.
MANNY: Zure sabela da, ezta?
SID: Seguruenik trumoiak izango ziren, lurpean, ezta?
MANNY: Korri!

3

Testuingurua: Eszenan, Diego, Manny eta Sid bidean aurrera doaz, gizakiak aurkitzeko eta haurtxoa itzultzeko. Izoztutako sumendi baten gainetik pasatzen ari direla, sumendia pizten da eta sua botatzen hasten da.

Hain zuzen, konpentsazioaren bitartez, lehenengo adibidean galdu den umorea bigarren eta hirugarren adibideetan berreskuratu da, hau da, testuaren funtzioa eta umorearen lehentasuna kontuan hartu dira.

Laburbilduz, ezin dugu ahaztu ikus-entzunezko testuak ahozko testuak direla eta ahozkotasunaren ezaugarriak dituztela. Gainera, ikus-entzunezko testu bat itzultzeak dakartzan zailtasunak gehiago dira umorea tartean denean. Horregatik, garrantzitsua da umorezko elementuek testuan duten lehentasuna ezagutzea, horren arabera umorezko elementua modu batean edo bestean itzuliko baitugu, edo egokituko edo konpentsatuko. Hain zuzen, toki batean galdu dugun txiste bat beste toki batean konpentsatzeko aukera oso interesgarria da testuaren funtzioaren ikuspuntutik. Alderdi pragmatikoa alderdi semantikoa baino garrantzitsuagoa den testuetan testuak itzultzen baititugu, ez hitzak.

Bibliografia

BARAMBONES ZUBIRIA, Josu; ZABALONDO LOIDI, Beatriz: Ikus-entzunezko itzulpena, Udako Euskal Unibertsitatea, Bilbo, 2006.

MARTÍNEZ SIERRA, Juan José: Estudio descriptivo y discursivo de la traducción del humor en textos audiovisuales. El caso de Los Simpson, Universitat Jaume I, Castelló de la Plana, 2004.

ZABALBEASCOA TERRÁN, Patrick: “Translating Jokes for Dubbed Television Situation Comedies”, in The Translator, 2 (1996), 235-257.

ZABALBEASCOA TERRÁN, Patrick: “La traducción del humor en textos audiovisuales”, in Duro, Miguel: La traducción para el doblaje y la subtitulación, Cátedra, Madril, 2001, 251-263.

___________

[1] Adibideak azterketarako sortu dudan datu-basetik atera ditut, eta Ice Age sagako lehenengo filmari dagozkio. Hiru adibideak irudietan oinarritutako txisteak edo txiste paralinguistikoak dira.

Kalitateez eta ez kalitateaz

Lierni Garmendia Arratibel

Hizkuntzak eta hizkuntzak daude; baita euskarak eta euskarak ere. Nirea, zurea, harena; gurea, zuena, haiena. Hain zuzen, berean idatzitako ohar bat topatu dut gaur goizean. Auto-hotsak iratzarri nau, eta goseak sukalderaino gidatu. Han zegoen, etxera itzultzen naizen aldiro bezala, amaren oharra, amaren euskaran idatzitakoa; gure euskaran idatzitakoa.

Duela lau urte, Gasteiztik etxera itzultzen nintzenetan, ez nuen horrela jokatzen. Amaren oharra irakurri eta zuzendu egiten nuen, euskara batura itzuli. Orain, ordea, bestela jokatzen dut Bartzelonatik igotzen naizenetan. Ez dut zuzentzeko beharrik sentitzen. Ez baita zuzena egokia dena zuzentzea; ez kasu honetan. Halakoa baita kalitatea: kasuan kasukoa.

Lehenik eta behin, hizkuntzaren izaera komunikatiboa azpimarratu nahi nuke. Hizkuntza bakoitzaren ezaugarri zehatzak alde batera utzita, hizkuntza komunikazio-sistema bat da, gainerako animaliek darabiltzaten komunikazio-sistemekin alderagarria neurri batean edo bestean. Hizkuntza komunikazio-sistema mota bat, baina komunikazio-sistema guztiak ez dira hizkuntza. Bestela esanda, hizkuntzaren eta gainerako animalien komunikazio-sistemen ezaugarri batzuk bat badatoz ere, hizkuntzak baditu beste komunikazio-sistemetatik bereizten duten ezaugarriak.

Hizkuntzari, orokorrean, hamabost ezaugarri edo hamalau ezaugarri eta horietako batetik eratorritako azkena esleitzen zaizkio (Hockett). Halere, hiru dira hizkuntzaren bereizgarriak:

  1. Aldebikotasuna: Hots-sistema mugatu batekin konbinaketa mugagabeak egiteko gaitasuna.
  2. Emankortasuna: Aldebikotasunagatik, hizkuntzak konbinaketa berriak eginez esaldi berriak sortzeko aukera eskaintzen du etengabe; hots, hizkuntza emankorra da.
  3. Desplazamendua: Hizkuntzaz baliatuz, leku-denboran desplazatzeko gaitasuna du hiztunak; bestela esanda, une horretan eta leku horretan gertatu ez den zerbaitez hitz egiteko aukera eskaintzen digulako. Halabeharrez, gezurretan egiteko gaitasuna ere bada hizkuntzaren bereizgarri.

Ikusi besterik ez dago hizkuntza zeinen konplexua den, baina hizkuntzaren erabilerak ere badu berea. Hori da, hain zuzen, hizkuntzaren kalitatea neurtzeko interesatzen zaiguna: hizkuntzaren erabilera, komunikazioa bermatzeko (ez bedi ahatz hizkuntzaren helburua komunikazioa dela).

Iritzi asko dago kalitatezko hizkuntzaren definizioaren inguruan. Orokorrean, hizkuntza estandarra da ulertzeko bidea. Euskararen kasua berezia da, ordea, oraindik mende erdia ere ez baita igaro euskara estandarraren jaiotzatik. Aldiz, inguratzen gaituzten hizkuntza nagusien errealitatea honelakoa da: hizkuntza estandarrak horrenbeste urte daramatza bizirik, ezen haren erabilera dagoeneko ez baita arrotza. Aspaldi gainditu zituzten artifizialtasuna eta erregistro formalarekin lotzea.

Euskararen kasuan, estandarretik urrunekoak dira aldaera geografiko gehienak. Horrek estandarra formaltasunarekin lotzea dakar; esan nahi baita, euskara batua administrazio, instituzio eta komunikabideen eremuarekin lotzen den bitartean, dialektoen erabilera eremu pribatura mugatzea komeni dela iruditzen zaigu. Ondorioz, hiztun askok honela pentsatzen du: etxeko hizkera txarra da; aldiz, hizkera estandarra, ona. Oker.

Estandarraren erabilerak ez badu testu baten kalitatea bermatzen, zeintzuk dira kalitatezkoa zer den eta zer ez den erabakitzeko irizpideak?

Bada kalitatea bizitasunarekin alderatzen duenik (Izagirre); baita kalitatezko hizkuntzak hurbila eta beroa izan behar duela dioenik ere (Zuazo); edo erraza eta ulergarria (Zubimendi eta Esnal). Hiru hurbilketetan ez da gramatika edo hizkuntza estandarraren beste oinarririk aipatzen. Eta hori da lehengo aurreiritziaren akatsa: kalitatea gramatika hutsetik kontsideratzea. Izan ere, kalitatea neurtzeko parametro ugari hizkuntzaz kanpokoak dira, hau da, hizkuntzaren erabiltzen den uneko egoera hartu behar da kontuan: igorlea, hartzailea, bitartekoa, xedea, etab.

Gogora bedi hizkuntza, ezer baino gehiago, komunikazio-sistema bat dela, eta helburu bat duela: komunikazioa. Hortaz, hizkuntza kalitatezkoa da bere helburua lortzen badu (Sarasola). Eraginkortasunean oinarrituz, hiru parametro bereizten dira hizkuntzaren kalitatea neurtzeko:

  1. Zuzentasuna (ZUZENA): Hizkuntza estandarraren arau formalen araberakoa.
  2. Jatortasuna (JATORRA): Sen eta tradizioaren araberakoa, tokiko eta eguneroko hizkuntzan erabiltzen dena.
  3. Egokitasuna (EGOKIA): Eraginkorra dena, bere helburua lortzen duena.

Beraz, kalitatezko hizkuntza ZUZENA, JATORRA eta EGOKIA da. Kasuaren arabera, parametro bat bestea baino garrantzitsuagoa izango da. Ez bitez gauzak nahas. Amaren oharrak ez dira zuzenak; bai jatorrak eta egokiak, ordea. Kalitatezkoak.

Hizkuntzak eta hizkuntzak daude; baita kalitateak eta kalitateak ere.

Doitxerrira nahi

Lierni Garmendia Arratibel

Grimm anaien ipuinak 1990ean ekarri ziren euskarara azkeneko aldiz. Hala ere, bada Juan Mari Sarasolaren itzulpenaren aurrekaririk. Hipolito Larrakoetxea “Legoaldi” izan zen 1929an argitaratu zen lehen itzulpenaren egilea, Grimm anayen berrogetamar ume ipuin. Itzulpena ala egokitzapena den eztabaida baliteke ere, bildumatik kanpo aurkitutako bitxikeria bat izango dugu hizpide. Izan ere, honela dio itzultzaileak hitzaurrean:

Emen esango dautzuedazan ipuñak eztira, benetan neuk asmaukoak, Doitxerri’ko (Alemania’ko) umeai amaika gozaldi emoteko Grimm anai ospatsuak idatzitakoak baño. Nik doitxeratik euzkeraldu egin dautzuedaz, ez baña sarritan itzetik-itzera, nasaitxoago baño, onan euzkerea be azkatutxoago ibili eiten.

Doitxerri eta doitxera. Alemania eta aleman. Noiz ahaztu ote genituen forma eder horiek? Noiz geuretu ote genituen inguratzen gaituzten hizkuntzetako formak?

Zalantza horientzako erantzun baten bila abiatu nintzen. Hiztegi Batuak ez zidan berri onik eman Doitxerri bilatu nuenean; doitxera, ordea, alemanen sinonimo gisa ematen zuen. Halaber, Orotariko Euskal Hiztegiak ere jasotzen du doitxera:

Doitxera (Bera), dotxera (Bera). (Neol.). Creado por AG (la primera mención es de 1902), de dotx (de deutsch) y era ‘lengua’ (AG 2087).

Idioma alemán. v. doixtarrera. Doitxe-n doitxeraz / egiten dabe. Enb 141. Schiller-en Wilhelm Tell. Goenaga-tar Iñakik S.I. Doitxeratik euskeratua. Goen Y 1934, 89.

Nire susmoak egia ziren: bai Doitxerri eta bai doitxera oinarri beretik eratorritako neologismoak dira. Hain zuzen, oinarri hori alemanezko Deutsch (aleman) hitzaren egokitzapen fonetikoa da, doitx. Lehen kasuaren sarrerarik aurkitu ez izan arren, bigarrenarenean oinarritu gaitezke baieztatzeko alemanezko Deutschland (Alemania) hitz elkartuaren egitura errespetatu dela, Deutsch (aleman) eta Land (herrialde), eta bigarren osagaia zuzenean itzuli dela euskarara. Inoiz euskalerri erabili izan den bezala.

Erabilerari dagokionez, Egungo Testuen Corpusera jo nuen lehenengo, ezer aurkitzeko esperantza gutxirekin. Doitx, doitxera, doitxerri… Han ez zen ezer ageri. Ez ninduen gehiegi harritu corpusak forma horiek ez jasotzeak; alderantziz, espero nuen forma horien erabilera ez zela XXI. mendera arte luzatuko, antzinako formak direla, alegia. Hain zuzen, Euskal Klasikoen Korpusak hirurak jasotzen ditu: 8 agerraldi, 5 liburutan eta 3 egilerenak; guztiak ere XX. mende hasierakoak, 6 bizkaieran eta 2 gipuzkeran. Hauek dira agerraldi batzuk:

Batek bein esan eutson: – Zelan da ba? Etzenduan zuk esaten Bilbon etxean erderaz egiten zenduela, erdalerrian bizi ezkero, erderea bear-bearrekoa dala, ta zeuk eta sendiak erderea obeto erabiltearren alde batera itzi zenduela gure euskerea, onek kalterik ekarri ez egizuen zeuen erderea makalduta? Emen, Doitxerrian bardin egitekotan, etxean doitxeraz bakarrik itz egin bear zeunkie, Gaztelako erderea itzita, emen ez dozu bere bearrik eta.

(Ebaristo Bustuntza “Krikikiño”, Edo geuk edo iñok ez)

Orreik eta ango olerkaririk onenak Italieraz, Prantzeraz, Doitxeraz eta agertu dira.

(Estepan Urkiaga “Lauaxeta”, Azalpenak)

Españak Catalunya-n ezer gutxi egin omen du – zer esango guk! -; Barcelona añako uri batean, Cuenca-n ala Soria-n bezelaxe ” Instituto ” bakarra, Doitxerria-n berrogei ta Prantzia-n amalau legozkiolarik Ta, irakaskintzari buruz bezela, gañontzeko gaietaz esan omen liteke.

(Xabier Lizardi, Itz-lauz)

Adibide guztiak XX. mende hasierakoak dira, bai eta Legoaldiren itzulpena ere. Horrenbestez, argi dago bi formak antzinakoak direla eta XX. mendearen erditik aurrera erabilerak behera egin duela, Alemania eta aleman formen mesedetan. Zerk eragin du hori, baina? Zergatik lehenetsi atzerriko forma neologismoaren aurrean?

Euskara: Alemania
Gaztelania: Alemania
Frantsesa: Allemagne

Doitxerri eta doitxera. Adiera baten aldaera ederrak. Aholku ere badira, ordea. Euskara jator erabiltzeko oihukatzen digute. Garrantzitsu eta besteri ehun urteko lehortea opa ez badiegu, inportante eta bestek ur guztia edan dutelako.

Bando, bando! Meikuk esan do!

Lierni Garmendia Arratibel

Itzultzaileak bere ama-hizkuntzara itzuli behar du beti. Ondo barneratuta daukagu itzulpengintza-ikasleok lege hori, behin eta berriro entzuten baitugu irakasleen ahotik. Lege hori betetzeko, ordea, legea bera baino gehiago, nork bere ama-hizkuntza ezagutu behar du lehenik eta behin. Zentzuzkoa da. Bai eta beharrezkoa ere. Hanka eta buru ez ezik, zilborrik ere badu.

Zentzuzkoa delako aitzakian, ordea, ziurtzat jotzen da itzultzailea bere ama-hizkuntzara itzultzeko gai dela, eta horrekin batera, atzerriko hizkuntzak ikasteari eskaintzen zaizkion lau ikasturteek jan egiten dute ama-hizkuntza ezagutzeari eskaintzen zaion bakarra. Atzerriko hizkuntzen goseak itsutzen du ikaslea. Itzulpengintza profesionalaren munduak begiak zabaldu arte.

Horren harira, joan den astean gogoeta egitera behartu ninduen galdera bat egin zidan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan hasi berri den ikasle euskaldun batek. Dei diezaiogun Ander. Ama-hizkuntza euskara du, baina prestakuntzan zehar alemanetik eta txineratik gaztelaniara itzuliko du, katalana tarteko. Ama-hizkuntza euskara izanda ere, etorkizunean euskarara itzultzeko gai izango da? Eta ingelesetik itzultzeko, ingeles-maila altua izanda ere? Anderrek berak erantzun zion galderari, nik emango niokeen erantzuna hori zela jakin gabe: «Prestaketarik gabe ez, ezta?».

Prestakuntza akademikoa, profesionala zein nork bere kabuzkoa izan, hori gabe ezin da hizkuntza batetik bestera itzultzeko gaitasuna garatu. Medikuak janaria irentsi aurretik ondo mastekatzea gomendatu, eta kasu egiten diogu. Ohiko 15 minutuak luzatu eta 30 eskaintzen dizkiogu otordu bakoitzari, pusketa bakoitza bost, hamar eta hogei aldiz ere mastekatzearren. Osasunaren onerako ei da. Orduan, zergatik ez luzatu ama-hizkuntza ezagutzeari eskaintzen zaion denbora? Gure itzulpenen onerako izango da. Egin kasu medikuari: hizkuntza bat irensteko, ondo mastekatu behar da estreina.

Hizkuntza bat ez da beste bat baino garrantzitsuagoa, baina atzerriko lanak etxera ekartzeaz ari bagara, etxekoak izan behar luke lehentasuna. Euskararen kasuan bereziki, gure etxea ez baita eraiki zaharra. Euskara batuaren bidean aurrerapen handia egin bada ere, arau, gomendio eta irizpideak ezagutu behar genituzke euskara lan-tresna dugunok, baita baliabideak ere.

Horregatik, itzultzaileak hasiera-hasieratik sailkatu behar lituzke lanerako erabili nahi dituen hizkuntzak eta konbinazioak. Hizkuntza-gaitasuna ez baita itzultzeko gaitasunaren berme. Baina hori beste auzi bat da.