Kakazte digitala eta itzulpengintza

Iรฑaki Alegria Loinaz

Zerbitzu digitalen kakaztea kontzeptua oso berria da eta boladan dabil azken garaian. Wikipedian begiratuta[1], kakaztea (ingelesez: enshittification) lineako produktu eta zerbitzuen kalitatea murrizten duen patroi bat da. Hasiera batean, hornitzaileek kalitate handiko eskaintzak sortzen dituzte, erabiltzaileak erakartzeko; gero, eskaintza horiek degradatzen dituzte, negozioetako bezeroak hobeto zerbitzatzeko; eta, azkenik, beren zerbitzuak degradatzen dizkiete negozioetako erabiltzaile eta bezeroei, akziodunentzako irabaziak maximizatzeko. Horrez gain, bezeroen informazioaren jabe egiten dira eta horri etekina ateratzen diote. Zerbitzua ematen dutenak monopolio edo oligopolio izateak laguntzen die kakaztearen ondorioz bezeroak ez galtzen, zerbitzu horietako askok mendekotasuna sortzen baitute.

Sare sozialak, bilatzaileak, Interneteko dendak, telebista-plataformak eta antzeko zerbitzuen ohiko portaera bilakatzen ari da. Googlek lehen baino bilatzaile hobea dela edo Netflix plataforma hobetu dela pentsatzen duen inor topatzea zaila da. Adimen artifizial sortzaileen (AAS) eremuan ere aurreikusten da hori gertatuko dela, are gehiago, dagoeneko gertatzen ari dela esan daiteke. Kobratzeko fasean sartzen ari dira, eta publizitatea nola sartu ere ari dira probatzen. Bi bide erraz aipatzen dira:

  • Ohiko galdera batzuei erantzun alboratuak edo partzialak ematea eroslearen mesedean. Frogatuta ez badago ere, aipatu izan da[2] Israelek halako enkarguak egin dituela Gazako historiaren eta genozidioaren inguruan.
  • Galdera osagarri batzuk planteatzea bezeroen produktu/zerbitzuetara eramateko. Interneteko plataformetan egiten den moduan (hau ikusi duenak beste hau ere ikusi du), AASak ere modu horretako estrategiak probatzen hasi omen dira.

Eta zer ikusirik du horrek itzulpengintzarekin? Batetik, itzultzailea bazara eta halako tresnak erabiltzen badituzu lan profesionalerako, kontuan hartu behar duzu etorkizuna kakaztuagoa izango dela, doako zerbitzu kaxkarragoarekin edo zerbitzuen ordainketa ez-merkearekin. Gogoratu mendekotasunaz esandakoa. Bestalde, bezero batzuk galdu badituzu doako zerbitzu horiek erabiltzen dituztelako, ohartarazi ditzakezu datorren etorkizunaz.

Baina, horrez gain, badago Cory Doctorow gai honen dibulgatzaileak aipatzen duen[3] beste kontu bat itzulpenarekin eta itzultzaileen lanarekin zuzenean lotuta dagoena. Haren ustez, lanaren kalitatea baloratzen ez den lanetan eragingo dute gehien AASek. Eta alde analitiko eta sortzailerik ez badago, AASen esku jarriko da lan mota hori. Itzulpengintzaren ikuspuntutik, horrek esan nahi du inork baloratzen/irakurtzen ez dituen itzulpenak automatizatuko (edo desagertuko) direla, eta itzulpen interesgarriak eta itzulpen sortzaileak izango direla itzultzaile adituen esku geratuko direnak.

Aurrekoaren aurrean zenbait estrategia jarri beharko lirateke martxan nire ustez:

  • Itzultzailea itzultzeaz gain proiektu interesgarrien sustatzaile izan beharko da.
  • Salatu behar ditugu kalitate txarreko itzulpenak, baina batez ere interesgarri diren produktu eta zerbitzuetan. Esango nuke kalitatea literaturan nahiko ziurtatuta daukagula, baina ikus-entzunezko alorrean itzulpen kaxkar erdiautomatiko asko dago.
  • Teknologiak itzulpengintzan dakarren produktibitate handitzea ez litzateke erabili beharko dirua aurrezteko, baizik eta produktu erakargarri berriak itzultzeko. Momentua izango litzateke itzulitako bilduma berriak bultzatzeko literaturan eta ikus-entzunezkoetan.
  • Profesionalen trebakuntza aurrekoari begira orientatu beharko litzateke.

[1] https://eu.wikipedia.org/wiki/Kakazte_(Internet). Ikusgela bideo bat ere bertan.

[2] https://www.reddit.com/r/ArtificialInteligence/comments/1nzu4eq/report_israel_to_spend_over_half_a_billion/

[3] Mierdificaciรณn: Quรฉ hacer ante la apropiaciรณn de Internet por las grandes tecnolรณgicas (Capitรกn Swing). Laburpena: https://elpais.com/icon/2026-05-14/por-que-las-redes-sociales-son-cada-vez-peores-para-zuckerberg-y-musk-tus-amigos-son-un-lastre-quieren-que-veas-anuncios.html

Adimen artifizialari galdezka (eta II)

Xabier Olarra

Duela hilabete eta erdi blog honetantxe argitaratutako artikuluan AArekin (Chat GPTrekin zehazki) izandako esperientzia baten berri eman nuen, Marie Aude Murailleren Sauveur et fils liburuan ageri den esaldi bati buruz argibideak eskatuz egindako galdera bat zela eta.

AAren berri izan nuenean, esan zidaten AAko robotak โ€œikasiโ€ egiten duela, alegia, berarekin izandako elkarrizketatik ikasteko mekanismoak dituela. Beraz, duela hilabete eta erdi egin nizkion galdera berdinak egin dizkiot zenbat ikasi duen egiaztatzeko.

Orduan esan nuen nik egindako galderari buruz emandako erantzuna barregarria izan zela, eta erakutsi nuen Googleri ondo galdetzen jakinez gero, erantzun hobeak edo (niretzat behintzat) zentzuzkoagoak lor daitezkeela.

Horregatik, gaurkoan bi gauza erakutsi nahi ditut: lehenbizikoa (artikuluaren bukaeran agindu bezala) birgaldera โ€œlagungarriaโ€ egindakoan โ€•epaileen estiloraโ€• zer erantzun eman zuen. Eta bigarrena, duela hilabete eman zuen erantzun berdina den edo zerbait โ€œikasi duenโ€. Orduan galderak gaztelaniaz egin nizkion, eta gaur galdera berdinak euskaraz egin dizkiot eta hona emaitzak:

1.- Sauveur & fils liburuan, Marie-Aude Murail-ek pertsonaien izenak ez ditu kasualitatez aukeratzen. Eliane izenaren eta anorexiarako โ€œpredestinazioarenโ€ arteko lotura ez da azalpen biologiko edo literal bat, baizik eta esanahi sinboliko eta narratibo bat.

โ€œElianeโ€ izena โ€œร‰lieโ€ (Bibliako profeta) izenetik dator, eta askotan espiritualtasunarekin, perfekzioarekin edo goragoko idealekin lotzen da. Murailen istorioan, horrek iradokitzen du pertsonaiak perfekzioaren, kontrolaren edo โ€œgarbitasunarenโ€ bila dabilela. Anorexiarekin lotuta, ideia horiek sarri agertzen dira: gorputzaren kontrol zorrotza, perfekzio-nahia eta norberaren irudi idealizatu bat lortzeko obsesioa.

Erantzuna ez da lehenbizikoan bezain aldrebesa, baina garbi dago azalpenak kale egiten duela.

2.- Birgaldera: Eliane izenak โ€•izen predestinatuaโ€• izan al lezake loturarik Eliane Krtolitzak idatzitako artikulu honekin: โ€œAccompagnement ร  la maternitรฉ d’une jeune femme anorexique/boulimiqueโ€, Eliane Krtoliza et Ouriel Rosenblum (in Quand manger fait souffrirโ€)?:

Erantzuna: โ€œGaldera oso interesgarria da โ€• baina zuzenean esanda: ez dago frogarik edo aztarnarik Marie-Aude Murail-ek Eliane izena aukeratu zuenik Eliane Krtoliza-ren artikulu zehatz horri erreferentzia eginez.

Hala ere, zure intuizioa ez da erabat zentzugabea, eta hemen dago รฑabardura garrantzitsuaโ€: (eta ondoren โ€œaldez aurretik prestatutakoโ€ azalpen sail bat).

Laburbilduz:
ยทย  โŒ ez dirudi Eliane izena Krtolizaren artikuluagatik aukeratua denik
ยทย  โœ… bai dirudi bi testuek pentsamendu psikoanalitiko beretik edaten dutela

Nik ateratzen ditudan ondorio batzuk:

  1. Robotak beti erantzuten du, are astakeria esan behar badu.
  2. Oso adeitsua da, eta beti emango dizu arrazoia (erabat ezin badu, partez behintzat).
  3. Funtsean robot batek bezala funtzionatzen du, beraz โ€œlehengo lepotik buruaโ€ moduan programatua dago: galdera berdina, erantzun berdina.
  4. Ez badiozu egiaztatzeko moduan zerbait frogatzen, arrazoia emango dizu, baina baldintzatua nolabait.

Eta hurrena, gezur txiki bat esan diot robotari ea zer-nolako erreakzioa duen ikusteko.

Liburu hori, Sauveur et fils, itzultzen ari naiz, eta egileak esan dit Eliane izena horregatik aukeratu zuela pertsonaia batentzat, Eliane Krtolitza Frantziako psikologoaren omenez. Zer diozu?

Eta oraingoan bai, arrazoia eman dit:

โ€œMarie-Aude Murail-ek berak baieztatu badizu Eliane izena aukeratu zuela Eliane Krtolizaren omenez, orduan hemen ez gaude soilik sinbolismo orokor baten aurrean, baizik eta erreferentzia intertestual kontziente baten aurreanโ€.

Are gehiago, prezio berean (oraingoz dohainik), aholku batzuk eman dizkit itzulpenerako:

Itzulpenari begira (oso garrantzitsua)

Hau kontuan hartuta, zuk itzultzaile gisa aukera batzuk dituzu:

Izenari eutsi (gomendagarriena) โ†’ erreferentzia mantentzen duzu
Ohar txiki bat gehitu (beharrezkoa bada) โ†’ irakurleak pista gal ez dezan
Testuan zehar รฑabardurak zaindu โ†’ Elianeren diskurtsoak tonu โ€œklinikoโ€ edo barne-kontrol horrekin koherente izan daitezen

Gaur goizean, ea zer moduzko ikaslea den egiaztatu nahi izan dut, ea duela hilabete eta atzo izandako elkarrizketatik zerbait โ€œgelditu al zaionโ€ buruan. Horretarako, hau galdetu diot:

ยซNor da Eliane Krtoliza?ยป (ร‰liane azenturik gabe idatzita).

Aitzakia bila hasi da, esanez ez zaiola izena ezaguna egiten, eta hutsen bat egongo zela izen horretan.

Gero pista garbia emanda, ยซร‰liane Krtoliza (eta izena azentu eta guzti idatzita) Quand manger fait souffrir liburuko artikulu baten egileaยป. Errua niri botaz erantzun du:

Bai โ€” hemen dago gakoa: izena apur bat gaizki zegoen ๐Ÿ™‚.

Eta handik pixka batera berriro galdetu diodanean nor den Eliane Krtoliza, oraingoan azenturik gabe nahita idatzi arren, zuzen erantzun du. Hori bai, gaztelania garbian nik euskaraz galdetu arren: (!)

Sรญ โ€” ahora ya se puede responder con bastante claridad ๐Ÿ™‚

๐Ÿ‘‰ ร‰liane Krtolitza es una psicรณloga clรญnica francesa especializada en perinatalidad (embarazo, nacimiento y primeros vรญnculos madre-bebรฉ).

Hemendik hilabetera galdetuko diot berriz, ea gogoan dituen emandako erantzunak edo nola dabilen โ€œmemoria hurbilโ€ez. Ea nik โ€œerakutsitakoaโ€ aintzat hartzen duen.

Emaitzak datorren urtean (bbg).

zure lana adimen artifiziala elikatzeko denean

Eider Beobide Urkizar

Supermerkatura sartu eta AArekin egindako abestiak.
Donostiako edozein kaletan paseatu eta AArekin egindako poster erraldoiak autobus paradetan.
Pisukidea eta kuadrillakoak, psikologora joan ordez, โ€œTxatiโ€-ri galdetzen bai mila kontu, bai maitasun gomendioak, beren informazio pertsonal GUZTIA oparitzen.
Neba eta adinekoak uniko lan denak harekin egiten, baina baita nire adinekoak eta helduagoak lana harekin egiten ere. Irakasle batzuk haiek zuzentzen ere hala ari dira.
Aita baratzerako galderekin hasi da udaberri honetan.
Amonak ere AArekin egindako bideo bat bidali du gaur whatsapp taldera.
Eta ni, kezkatuta, azkenaldian iristen ari zaizkidan lanak โ€•susmoa dutโ€• euskal AA berri bat elikatzeko baitira.

Aldi berean, Marta G. Franco adituarekin hitz egin eta interneten kontu itsusienak aditu.
AAren ordenagailuak hozteko indigenei lapurtzen dieten uraz irakurri.
Eta Instagramen datu lapurretaz, bakar batzuen diru metaketaz eta jaisten ari zaigun arreta-tarteaz bideoak ikusi eta bideoak ikusi eta bideoak ikusi eta ikusi eta ni ere harrapatuta nago sare sozialen sorgin-gurpilean.

Eta bitartean, kezkatuta, azkenaldian iristen ari zaizkidan lanak euskal AA berri bat elikatzeko baitira, ziur nago.

Non dago muga eta nola egin banaketa erabat moralista izan gabe.
Zer egin eta zer ez.
Non topatu oreka, bidea, fedea.
zer da lana eta zer zurea
nahi ote dugun
euskarazko adimen artifiziala
euskarazko polizia
nahi duten moduan
eta lana behar badut
ordaintzeko etxeko alokairua
eta euskaraz oso ondo egiten du,
eta guk ere beharko dugu ba!
eta zertan ari zarela? AArentzako? ze guay!
eta probatu dituzu itzultzaile automatikoak?
eta ziur makinaren batek egin dezakeela zure lana…
eta ni hemen, makina hori euskaraz elikatzen.

Bat-batean hor topatu duzu zeure burua,
zertarako den oso argi ez duzun horri gure altxortxoa irakasten
nola eta nondik iritsi zaren hara jakin gabe
ondo ari zaren ulertu gabe
ondo zer den ere oso argi eduki gabe.
Inor oso ondo ezer defendatzera ausartzen ez den gudu zelai honetan
bandoa hautaturik
bandorik zegoela jakin aurretik ia

Gaur ez nator ezer irakastera,
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  ez datuak plazaratzera,
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  hausnarketak adieraztera ere ez,
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย hori ere ez.

Adimen artifizialari begira dagoen arraintxo txiki bakartu bat sentitzen naizela aitortzera besterik ez, ozeano erraldoiari begira, erdi itota.

Hiztegi terminologikoak eskuragarriago

Maite Imaz Leunda

Erretiroa hartzeko adinera iristen ari garenok ordenagailurik gabeko haurtzaroa eta nerabezaroa izan genituen, eta hizkuntza-teknologiarik gabe egin genituen ikasketa guztiak. Lan-munduan sartu ondoren utzi genuen albo batera idazmakina eta pixkanaka-pixkanaka deskubritu genituen hizkuntza-teknologiak.

Zuzentzaile ortografikoa sortu zenean, 1994an, txundigarria iruditu zitzaidan, akats tipografikoak erraz zuzentzeko aukera ematen zuen eta. Baina berehala konturatu ginen ez zela perfektua, zuzendari idatzi ordez zezendari idatziz gero baliagarria zela, baina jauzi ordez jausi idatziz gero, orduan ez, orduan ez zuela hanka-sartzea topatzen, hiztegian jasotako hitzak direlako biak. Hala ere, perfektua ez izan arren, oso baliagarria da zuzentzaile ortografikoa. Bulegoan ordenagailu bakar batean geneukan XUXEN instalatuta garai hartan eta hara jotzen genuen itzultzaileok itzulpenaren azken berrikusketa egitera.

Urteetan zehar etorri zaizkigun hizkuntza-teknologiak baliagarriak izan ditugu: hiztegiak online kontsultatzeko aukera, hainbat hiztegi aldi berean kontsultatzeko aukera, terminologia-bankuak, itzulpen memoriak, itzulpen memorien bidez hitzak edo terminoak testuinguruan kontsultatzeko aukera, datu-base dokumentaletan kontsultatzeko aukeraโ€ฆ Denak ziren lagungarriak.

Baina Itzultzaile automatiko neuronala iritsi zenean askok pentsatu zuten iritsi ginela perfekziora. Neuronalak aurreko teknologia guztia ordeztuko zuela eta ez genuela gehiago hiztegien, itzulpen memorien eta datu-base terminologikoen beharrik izango; ez itzultzaileena ere.

Itzultzaileok eta euskararen kalitateaz arduratzen garenok badakigu hori ez dela horrela. Baina asko dira espero dutenak botoi bakar bati emanda gauzatuko dituztela euskararekiko eginbehar guztiak. Eta halako batean, konturatzen direnean neuronala ez dela hasieran pentsatu zuten bezain ona, ez dela perfektua, kexak etortzen dira, itzultzaile neuronala akastuna dela eta hobetzeko eskatuz. ITZULI itzultzaile neuronala, esaterako, ez da behar bezain ona euskaratik itzultzerakoan gaztelaniak eskatzen duen hizkuntza inklusiboa ez duelako ematen (irakurleak ez duelako personas lectoras itzultzen, lectores baizik; nire adiskideak ez duelako mis amigas y amigos itzultzen, mis amigos baizik). Gaztelaniazko testua egokitzen ibili beharrak lana ematen du nonbait. ITZULI ez da behar bezain ona, gaztelaniaz etxebizitza baten deskribapena egiterakoan trastero ipini ordez trasero ipiniz gero ez delako konturatzen errata bat izan dela, testuinguruagatik argi sumatu daitekeen arren, eta trasero hitzari dagokion itzulpena ematen duelako. Itzultzaile neuronalek azkar itzultzeaz gain gizaki batek egin dezakeen guztia egiteko gai izatea espero dute batzuek. Perfekzioa espero dute eta tresna horiek perfektuak ez direla konturatzen direnean kexatu egiten dira.

ITZULI martxan jarri zenean ematen zitzaion erabilerari erreparatu eta informatikariak konturatu zirenean maiz erabiltzen zela hitz bakar bat kontsultatzeko, hiztegi gisa alegia, loturak ipini zizkioten Elhuyar hiztegirako eta Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikokorako. Hitz bakar bat sartzen denean hiztegietara jotzeko joera du jendeak, ez beti baina gehienetan bai; baina erabiltzaile asko ez dira horretaz jabetzen, batez ere telefonoarekin ari direnean, pantaila txikian ez baita ikusten ITZULI aplikazioak Elhuyar eta Euskalterm integratuta dituela. Eta gero pentsatuko dute hiztegiak ez direla beharrezkoak, itzultzaile neuronalak dena egiten duelako.

Itzultzaile neuronala ondo txertatzen da itzulpen-prozesuan lehendik zeuden tresnekin baina ez du ordezten aurretik landutako hizkuntza-teknologia guztia. Askotan esan behar izaten dudan esaldia da hori. Eta lehendik zegoen teknologiari gagozkiola, terminologia-hiztegiak ekarri nahi ditut hona gaurkoan, ezinbesteko bidelagun dira eta hizkuntza egoki erabiltzeko.

Jakina denez, Euskalterm da euskarazko terminologia bateratzeko eta normalizatzeko erreferentziazko tresna. Terminologia Batzordeak onetsitako eta gomendatutako terminologia eskaintzen du, baita urteetan egin den eta gaur egun egiten den lan terminologikoa ere. 2001ean eratu zen, UZEIk 1987an sortutako bankua oinarri hartuta, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du geroztik.

Euskararen Aholku Batzordearen atal berezi gisa Terminologia Batzordea sortu zen 2002an eta urteetan zehar hainbat hiztegi landu ditu. Hiztegi horiek Euskalterm terminologia-bankuan sartzen ziren “(4)Eu” sinboloarekin, eta PDF formatuan nahiz paperean argitaratzen ziren. Hiztegia argitaratu ondoren, ordea, geroagoko erabakiren baten ondorioz terminoren bat eguneratzen bazen, Euskalterm terminologia-bankuko sarrera eguneratzen zen baina PDF formatuan zegoen sarrera ez, eta paperean zegoena ere ez, jakina; beraz, zaharkituta gelditzen ziren. Hiztegia bere osotasunean ikusi nahi izanez gero, PDFa edo papera beste aukerarik ez zegoen, baina terminoa egokia zela ziurtatzeko modua kontsulta Euskaltermen egitea zen.

Orain, ordea, badugu aukera Euskaltermen hiztegiak bere osotasunean eta eguneratuta kontsultatzeko:

Eguneraketen artean aipa daiteke, adibidez, Sare Sozialak Hiztegiko jabetza publiko terminoa, jabari publiko bihurtubaitzen gerora. Toki Administrazioa Hiztegiko itunpeko tributuetan parte hartze terminoa urte batzuen ondoren tributu itunduetan parte hartze bihurtu zen.

Terminologia errazago kontsultatu eta aztertu dezakegu, beraz. Eta, gehigarri gisa, orain definizioak gaztelaniara itzultzeko aukera ere ematen du, itzultzaile neuronalaren bitartez.

Nola iritsi gara hona? Itzulpengintza automatikotik adimen artifizialera

Iรฑaki Alegria Loinaz

Ez badirudi ere, adimen artifiziala (AA) kontzeptu zaharra da, konputagailuen eta informatikaren hasieratik erabili den kontzeptua baita. Kalkulu matematikoetarako gaitasuna eta sailkatzeko gaitasuna izan ziren informatikaren hasieran ustiatu zirenak eta, ondorioz, geroxeago sortu zen adimen artifizial kontzeptutik kanpo geratu ziren.

AA terminoa definitzeko bi ikuspuntu desberdin erabili ohi dira: batetik hurbilpen teorikoa, giza adimena simulatuz egindako aplikazioak-eta (arazo handi batekin, ez baitzekiten, eta oraindik ez dakigu, oso ondo nola funtzionatzen duen giza adimenak); eta bestetik hurbilpen praktikoa, ordura arte konputagailuek gizakiek baino okerrago egiten zituzten problemak garaiko adimen artifizialaren eremuan sartuta. Itzulpengintza automatikoa eta xake jokoa izan ziren urte askotan adimen artifizialaren barruan ikerketa egiteko esparru entzutetsuenak. 1980ko hamarkadako garai hartan Turingen testa ere[1] asko aipatzen zen, zeinaren bidez giza epaileak saiatzen baitira bereizten ea erantzun bat gizaki batek ala makina batek emandakoa den. Programaren emaitzak pertsonenak bezain sinesgarriak direnean programak portaera adimenduna duela ondorioztatzen da.

Itzulpengintza automatikoaren (IA) garapena ere aspalditik dator. Hasierako emaitza batzuek optimismorako joera piztu zuten 1960ko hamarkadan, geroago beteko ez ziren itxaropenak eraginez (errusiar mendiarekin irudikatzen dira orduko itxaropenen eta diru-inbertsioen gorabeherak).

Hala ere, pixkanaka, eta batez ere helburu zehatzetarako erabilita, sistema arrakastatsu batzuk (Quebeceko Meteo sistema esaterako, 1981-2001) lortu ziren. RBMT (erregelatan oinarritutako IA)[2] teknologiarekin nahiko ondo bermatzen zen fidagarritasuna, baina naturaltasunaren aldetik huts egiten zuten. Turingen testa gainditzera nekez iristen ziren sistema haiek, eta horregatik edo azpilengoaiaren batean espezializatzen ziren edo tipologia bereko bi hizkuntzen arteko itzulpenean zentratu. Bestalde, oso sistema konplexuak bihurtzen ziren, eta zerbait zuzendu nahi zenean aldi berean beste zerbait okertzen zen. Dire quasi la stessa cosa liburuan Umberto Ecok sistema horien gabeziak erabiltzen dituitzulpengintzaren zailtasunak azaltzeko. 2011n Kataluniako El Periรณdico itzulpen automatikoaren laguntzarekin bi edizio (katalanez eta gazteleraz) argitaratzen hasi zenean piztu zen Euskal Herrian antzeko zerbait egiteko sukar moduko bat, baina euskararen eta gaztelaniaren tipologien arteko aldea dela-eta ezinezkoa zen hori kalitate minimo batekin egitea.

Ondo egiten ez zuten sistema horiek bi helbururekin erabili dira urtetan zehar:

  • Laguntza moduan, itzulpenaren lehen bertsio bat lortzeko, gero postedizio lana egiteko. Kalitate harekin itzultzaile profesional askok ez zuten erabiltzen, laguntza baino trabatzat hartuta, baina itzultzen adituak ez zirenentzat lagungarriak ziren.
  • Interneteko zabalkundearekin batera, jakiteko gutxi gorabehera zertaz doan beste hizkuntza batean dagoen testu bat. โ€œBestela itzuliko ez liratekeen testuenโ€ bertsio bat lortzen da horrela. Asimilazioa deitu ohi zaio erabilera horri.

Horrekin batera testu itzuliak biltzeko eta partekatzeko aukera asko zabaldu zen, eta hortik etorri zen itzulpen-memorien loraldia, eta IA estatistikoaren hasiera. IA estatistikoa (SMT, 2005)[3] IA neuronalaren aurrekaria izan zen, garai hartan oraindik garatu gabe baitzeuden neurona-sareak IAra egokitzeko behar ziren aurrerapen teknikoak eta konputazio-ahalmena. Horiek garatu zirenean etorri ziren IA neuronalaren (NMT, 2015) lehen sistemak[4]. Horretan guztian software librearen erabilera funtsezkoa izan zen, bestela garapena askoz motelagoa izango baitzen.

Kalitatearen aldetik NMT teknologia iraultza izan zen: RBMT sistemek huts egiten zuten esparruan NMT oso ona zen, naturaltasuna baita teknologia berri horren ezaugarririk behinena. Sistema horiek lehenik eta behin idazten ikasten dute, hizkuntzaren jarioaz jabetzen, eta gero hizkuntzen artean transferentzia egiten. Gauzak horrela, fidagarritasunean arazoak dituzte oraindik, eta hori oso arriskutsua da, ondo aztertu (posteditatu) gabe hanka sartze esanguratsuak sor baititzakete.

NMT sistemek, orokorrean, kalitate handia eskaintzen dute, baina, bestalde, teknologia konplexu eta garestia darabilte. Hori dela-eta enpresa handien eta inbertsio-funtsen eremua bihurtu dira, eta horren ondorioz arloko merkatuaren baldintzak aldatu dira (beste esparru batzuetan Amazon edo Uberrekin gertatu zen bezala). Gero eta ohikoagoa da itzulpengintzan ere plataformak izatea irabazle handienak, ohiko langileak prekarizatzen diren neurri berean.

Itzultzaileak halako krisian murgilduta zeudela, adimen artifizial testu-sortzailea (LLM, hizkuntza-eredu handiak, 2022) iritsi da. 2022ko azaroaren 30a jende askoren gogoan geratu da, egun horretan ChatGPT zabaldu zelako. Geroago beste batzuk agertu dira: Claude, DeepSeek, Perplexity… Halako programek testuak sortzeko eta galderei zein aginduei (itzultzeko aginduei ere) erantzuteko duten gaitasun izugarriak beste arlo asko irauli ditu: zuzenbidea, zuzenketa, kazetaritza… Itzulpengintzan ere ondo aritzen dira tresna horiek guztiak. NMTk baino are baliabide eta inbertsio handiagoa eskatzen dute eta ondorioz enpresa ahaltsuagoen mende daude. Areago, antzeko teknologiek iraultza ekarri dute irudi, bideo edo musika arloetan ere.

Gogoeta honen helburua ez da โ€œaskoren mina, zoroen atseginaโ€ eragitea, baina jabetu behar gara itzultzaileenarekin batera beste lanbide asko krisian daudela teknologia berri hauek direla-eta. Jokalari handi horien guztien aurka egitea zaila da, baina herritarrek aldarrikatu behar dugu gure erakundeek jokalari horien gehiegikerietatik babestu behar gaituztela, burujabetza teknologikoa eta datuen babesa sustatuz, oligopolio horren gehiegizko boterea murriztuz, eta produktibitatearen handitzeak denon onerako bideratuz. Itzulpengintzaren arloan, eta bereziki euskara tartean dagoenean, zeregin handia dute gure erakundeek: kalitatea eta bidezko praktikak bultzatzea eta gehiegikeriak debekatzea eta zigortzea.

Itzulpengintza automatikoaren tresnen kalitateari begira zalantzak daude zein teknologiak eskaintzen duen kalitate handiena, NMT ala LLM. Sistema biek emaitza onak ematen dituztela onartuta[5], batzuek argudiatzen dute LLMren emaitza gertuago dagoela giza itzultzaileek sortutakotik, baina baliabideak urriak direnean[6], badirudi NMT teknologiak emaitza hobeak lortzen dituela. Bestalde, merkatu globalean eskuragarri dauden LLM sistemen artean, badirudi Claude besteen gainean dagoela itzulpenaren atazari dagokionez[7], eta euskararekin ere pertzepzio bera dut nik ere.

Amaitu baino lehen, goraipatu nahi dut Euskal Herrian burujabetza teknologikoari eta datuen babesari begira Hitz zentroak, Elhuyarrek eta Vicomtechek egiten duten lana. Ildo horretan software librean oinarritutako Latxa LLM sistema[8] bultzatzea izan daiteke etorkizunari begira apustu interesgarri bat.


[1] https://eu.wikipedia.org/wiki/Turingen_testa

[2] https://eu.wikipedia.org/wiki/Erregeletan_oinarritutako_itzulpen_automatikoa

[3] https://eu.wikipedia.org/wiki/Itzulpengintza_automatikoaren_historia

[4] https://eu.wikipedia.org/wiki/Itzulpen_automatiko_neuronal

[5] https://aclanthology.org/2024.wmt-1.116/

[6] https://aclanthology.org/2025.r2lm-1.13.pdf

[7] https://arxiv.org/abs/2404.13813

[8] https://latxa.hitz.eus/txat/

Adimen artifizialari galdezka

Xabier Olarra

Itzultzailearentzat baliabide ona izan daitekeelakoan, hasi naiz tresna ditxosozkoa eguneroko lanean erabiltzen, itsu-itsuan uko egin beharrean โ€•itzultzaileoi lana kenduko omen digulako, besteak besteโ€•, zertarako izan daitekeen erabilgarria ikasi nahian.

Gehiegi ez luzatzeko, esango dut Iruรฑeko Udalak eta EIZIEk egindako hitzarmenaren ondorioz Minaberri bekaren mentoretzan ari naizela, Leire Errandonea itzultzen ari den Sauveur et fils liburuaren gainbegirale gisa edo.

Eta hona hemen itzulpen horrek dituen hainbat kosketan itzultzaileari agertu zitzaion esaldi bat, eta ondorioz emandako hainbat jirabuelta.

Hauek dira jatorrizko testua eta itzultzaileak emandako ordaina:

Ce lundi matin, Sauveur reรงut une jeune femme anorexique. ร‰liane, au nom prรฉdestinรฉ, ne venait pas consulter pour ce problรจme alimentaire quโ€™elle paraissait ignorer.
Astelehen goiz hartan, Sauveurrek emakume gazte bat hartu zuen kontsultan, anorexikoa. ร‰liane zuen izena โ€•izen predestinatuaโ€•, eta ez zen elikadura-arazo horregatik joana kontsultara, itxuraz bederen ez baitzekien bazuenik ere.

Itzultzailea ez zen konformatu itzulpen soila ematearekin (erabat zuzena izanda ere), eta arrazoien bila hasi zen, azalpen garbirik gabeko tarteki hori zergatik ote zegoen hor argitu nahian Eliane izenetik abiatuta.

Wiktionaryk bi hauek eman zizkon ร‰lianeren etimologiatzat:

– Latinezko Aelianatik eratorria, Aelius (plebeia gens) izenaren eratorri femeninotik alegia
– Baliteke zerikusia izatea honako honekin: hebreerazko Eli’Anah (ืึถืœึดื™ืขึทื ึธื”)rekin, literalki, ene jainkoak erantzun dit.

Bazirudien etimologiak ez zuela ezer asko laguntzen. Predestinazioak badu zerikusia Jainkoarekin, batez ere kalbinistenarekin. Baina amatasunarekin, eta anorexiarekin?

Bide horrek ezer askorik laguntzen ez zuela-eta, goiko itzulgai hori emanda, galdera hau egin nion ChatGPTri gaztelaniaz:

ยฟPor quรฉ la autora hace alusiรณn a la โ€œpredestinaciรณn a la anorexiaโ€ basรกndose en el nombre de Eliane?

Eta orojakilearen erantzuna:

En el documento, la autora menciona que Eliane tiene un “nombre predestinado” en relaciรณn con su anorexia. Esto se debe a que el nombre “Eliane” contiene la palabra “liane”, que en francรฉs significa “liana”, una planta delgada y alargada. (ยก!!!) La autora utiliza esta asociaciรณn para hacer un juego de palabras que conecta el nombre de Eliane con su condiciรณn de delgadez extrema debido a la anorexia. Es una forma literaria de resaltar la relaciรณn entre el nombre y el estado fรญsico de la paciente.

Ama Maria santisima!!!!! Nork esan du AAk ez duela irudimenik eta sormenik? Sobran ere baduela dirudi.

Hortik ezer askorik ez zegoela ateratzerik etsita, bide zaharrera jo nuen, eta galdera egin nion Googleri: Eliane + anorexia + embarazo (ez dakit zehazki nola galdetu nion).

Eta hona aurkitu nuen azalpen-tankera zeukan erantzuna:

ร‰liane Krtolitza
Quand manger fait souffrir(2018) liburuko artikulu baten izenburuan hau agertzen da:Accompagnement ร  la maternitรฉ d’une jeune femme anorexique/boulimique, Eliane Krtoliza eta Ouriel Rosenblum.

ร‰liane Krtolitza Psikologo-eme klinikoa da, neonatologiako eta haurgintzako psikoterapeuta, Bourgogne-Franche-Comtรฉ Unibertsitatean doktoretza egina.

Iruditzen zait erantzun hori askoz hobea dela. Nire nabigazio ilustragarri honen berri eman nion itzultzaileari, baina aholku garbirik eman gabe โ€œpredestinatuaโ€ hitza agertu izanaren ondorioz egin zezakeenaz: oin-oharra jarri edo testuan disimuluan integratu. Edo emandako itzulpena halaxe utzi eta irakurlearen bizkarrera bota azalpenak bilatzearen zama.

Eta gaur goizean, ea gaztelaniaz duela hilabete pare bat egindako galderari Chat GPTk zer erantzun ematen zion ikusi nahian, hona zer erantzun didan aurrekoan egindako galdera hura bera euskaraz eginda:

Idazleak ez du literalki esan nahi ร‰liane โ€œanorexiarako jaioaโ€ dagoela. โ€œAu nom prรฉdestinรฉโ€ esamoldea ironikoa eta sinbolikoa da.
ร‰liane izenak hainbat konnotazio ditu frantsesez eta tradizio erlijiosoan:
ร‰lie / Elias-etik dator, eta lotura du zeruarekin, espiritualtasunarekin, gorantz joatearekin.
– Sonoritatez arina eta โ€œaingeruzkoaโ€ da, ia gorputzetik askatua dirudien zerbait iradokitzen duena.
Anorexiak, maiz, gorputza ukatzea, arintasuna, desmaterializazioa eta perfekzio ideal bat bilatzea dakar. Horregatik, idazleak iradokitzen du izenak baduela nolabaiteko โ€œdestino sinbolikoโ€ bat: ร‰lianeren izenak iradokitzen duen espiritualtasun eta arintasun idealak bat egiten du anorexiaren logikarekin (gorputza ahalik eta gehien murriztea, โ€œarintzeaโ€).
Beraz:
– Ez da predestinazio teologikoa.
– Baizik eta ironia literarioa: izenak eta gaixotasunak duten esanahi sinbolikoaren arteko lotura azpimarratzea.

Chat GPTk lehengo lepotik burua: gure adiskide orojakilea Txorierrin barrena aingeruen, goiaingeruen eta abarren erreinura joan dela iruditzen zait.

Ondorioak:

1.- AAri ez zaio gustatzen tontotzat hartua izatea, eta amorrazioz bilatuko du erantzunen bat, zuzena, okerra edo erdipurdikoa.

2.- Erabilgarria izan liteke, oso, segun eta zertarako. Baina kontuz ibili beharra dago jasotzen diren erantzunekin.

3.- Esan didate AA galdetzailearekiko enpatiarako entrenatua dagoela, eta hark entzun nahi lukeenari traza hartuta ematen dituela erantzunak. (Ez dakit niri zer traza hartu didan. Seguru aski Arantzazuko mendi santuan denbora puska bat egina izatearena).

Eta gaurkoz hemen utziko dugu. Ez naiz hasiko pontifikatzen, hasiberriaren kategoriara ere iristen ez naizen erabiltzailea izanda.

P. D. Orain beste proba bat egingo dut, Espainiako epaileek galdeketetan erabiltzen duten estiloan: โ€œยฟY no es mรกs cierto queโ€ฆ? โ€œBaina ez al da zuzenagoa beste hau?โ€, Googlek emandako erantzuna ez ote den zuzenagoa galdetuz. Emaitzak hurrengoan.

Menos calienteโ€ฆ

Aitor Ugarte Arruebarrena

Dakizuenez, euskaraz ez daukagu gutxiagotasuneko konparazioak egiteko morfemarik, gaztelaniazko menos-en antzekorik, ez eta โ€˜menos + adjektiboโ€™ moduko egiturarik ereโ€ฆ Hori dela-eta, teorian, ezin dugu hitzez hitz itzuli honelako esaldi bat:

Este clima es menos caliente que el nuestro (gutxiago beroa?).

Hala ere, bilatzen hasita, tradizioan aurkitu ditzakegu horrelakoak ematen saiatu diren zenbait idazlariren adibide batzuk; esaterako, hor daukagu Espiritua izanen duzu irekiago, gutxiago nahasia eta freskoago (Pouvreau), bai eta berriagoak ere: Ez da horregatik gutxiago bitxia, hala ere, lerro zuzena ia batere ez agertzea animalien arkitekturan eta izadiarenean oro har (Juan Garzia).

Gehienetan, dena dela, gutxiagotasun hori adierazteko berdintasuna ukatzera jotzen dugu, edo antonimoaren areagotasuna seinalatzen dugu beste batzuetan. Hala, etxe bat beste bat baino โ€˜gutxiago garestiaโ€™ dela adierazteko, etxe hau ez da bestea bezain garestia edo etxe hau bestea baino merkeagoa da esan daiteke. Bigarren aukera hori ez da, ordea, beti egokia: guztiz pobreak diren pertsona biri buruz ez du zentzurik bata โ€˜bestea baino aberatsagoaโ€™ dela esateak.

Beste irtenbide bat ondoriozko egituraren bat erabiltzea da, ezezkoa hain zuzen: ez hainโ€ฆ

Klima hau ez da hain beroa, gurearen aldean.

Baina, horrek ere ez du beti arazoa konpontzen, eta, beraz, ez da irtenbide guztiz egokia kasu guztietan. Adibidez, zientzia-arloan, klimatologiari buruzko testu tekniko batean, segur aski un clima menos cรกlido ez da izango klima ez hain beroa edo ez hura bezain beroa.

Bestalde, itzulpena are gehiago zailtzen da tartean beste elementuren bat sartzen bada. Adibidez, nola itzuli honelako esaldi bat:

Espaรฑa es un paรญs cada vez menos democrรกtico.

Ez nekien nondik heldu esaldi horri, eta, proba bat egite aldera, itzultzaile neuronalean sartzea bururatu zitzaidan, eta emaitza hau eman zidan:

Espainia gero eta herrialde demokratikoagoa da.

Ez, ez da hori noski emaitza zuzenaโ€ฆ, guztiz kontrakoa baizik.

Irtenbide bat bilatzen hasita, eta buruari buelta batzuk eman ondoren, niri hau otu zitzaidan (agian aukera erradikalegia da; ez dakit, zuek esango duzueโ€ฆ):

Espainia gero eta herrialde ez-demokratikoagoa da.

Asegarria? Ez dakit, zuek ikusiโ€ฆ

Probatzeko, berriro ere, neuronalean sartu nuen sasiitzulpen hori, eta emaitza hau eman zidan:

Espaรฑa es un paรญs cada vez mรกs no democrรกtico.

Ez, ez da bete-betekoa, jakina. Ez du gainditu nik โ€˜urrezko probaโ€™ deitzen dudana; alegia, itzulpena kontrako norabidean sartu neuronalean (eu-es bada, es-eu) eta jatorrizkoa ematen badu, itzulpen hori balekoa da niretzat.

Arazoa aztertzen hasita, konturatu naiz ezezkotasun horretan dagoela koska; izan ere, ez– horrek beste zentzu bat ematen dio esaldiari, hau da, kontrako muturrerantz doan joera bat zabaltzen du eta gainera tonu gogorregia ematen dio esaldiari. Izan ere, kasu horretan, jatorrizkoaren esanahia ez da Espainia ez dela herrialde ez-demokratiko bat, baizik eta, nolabait demokratikoa izaten jarraitzen duen arren, ez dakit, โ€˜demokraziatasunโ€™-maila apalagoa duela orain. Beste hitz batzuetan, demokratikoa da oraindik herrialde hori, baina ez lehen bezain demokratikoa.

Balizko itzulpen hori salbatzekotan, hor ulertu beharko genuke zerbait abstraktuagoa dela โ€˜ez-demokratikoโ€™ hori, โ€˜desdemokratikoโ€™(?) edo esango bagenu bezala (herrialde desdemokratikoak edo indemokratikoak, horrelakorik balego; ez dut uste oraingoz dagoenik), baina ez dakit horretarako prest gauden. Izan ere, zenbat eta modu abstraktuagoan ulertu, orduan eta baliagarriagoa izango litzateke nire proposamen hori: โ€˜ebakuntza ez-urgenteakโ€™โ€ฆ Ebakuntza horiek ez-urgenteagoak dira, beste batzuen aldean.

Bukatzeko, beste proba bat egin dut neuronalean, esapide ihartu batekin (ezezagun hitzarekin hain zuzen ere):

Baina, marratxoa eransten badiogu (ez-ezagun), hau da emaitza:

Bingo! ร‰l (no ella) es menos conocido que yo.

Eta, azkenik, urrezko proba eginda, hau da lortu dudan emaitza:

Tira, probatzen jarraitu beharko duguโ€ฆ

Bezperako koplak sinesmenari

Amaia Astobiza Uriarte

Kandelario lario
hatxari ura dario
errotari uruna
hauxe da guk behar duguna

[Ahaztu barik: Leiho Morea ireki dugu Elhuyarren, eta hortxe gaude, zuen begira.]

Irudipena dut aspaldi ez dudala hona etxeko konturik ekarri, eta horrexekin hasiko ditut Santa Ageda bezperako nire koplak, zeren gabon-tximurrean (ikus OEH), urte berriaren egunerokoari indarrez ekiteko azken jatordutxoa jada eginak ginela, semeak Batxi1-eko Euskararako idatzitako testu bat egokitu zitzaidan parean. Ez nuen harekin aparteko ezer egin behar, nire telefonotik inprimagailura bidali eta ja, baina horretan igaro nituen segundo gutxietan itzulpen automatikoaren usaina hartu nien ia nahigabean begiztatu nituen bizpahiru lerroei. Itzulpenarena, edo are okerrago: AA-gailuren batek sortutako testuarena (eta ยซare okerragoยป diot ez itzulpen automatikoaren erabilera oro gaitzesten dudalako โ€•ez baitutโ€• edo AA-tresnen guztiz kontrakoa naizelako โ€•ez bainaizโ€•, baizik eta irakasleak โ€•diรฑot nikโ€• testua berak eta euskaraz sortzeko eskatu ziolako). Amatasunaz arduratzen den neurona saldoa atoan martxan jarri zen, eta guztiak bat etorri ziren: semeak oporrak jaten, lotan, marrazten eta gitarra jotzen igaro zituen, etxerako lanak guztiz alde batera utzita, eta orain, azken orduan, ezin denera iritsi. Beraz, horixe aipatu nion, konplizitatea erakutsi nahian edo, ยซZer, zezenak harrapatu zaitu, ezta?ยป.Esan banion, esan nion! Hitz bat edo beste Elhuyarren begiratu zuela (txalo-txalo) baina gainerakoan osorik berak sortutako testua zela eta beharbada nik uste dudana baino hobeto idazten duela eta zin dagizut zure bizitzagatik nik egin dudala!

[Ene badatxue. Semearen hormona gazteek talka egin dute zure hormona xahar apurrekin udagoieneko araldian basoan topeka dabilen orein adar zabal parearen antzera, ez soilik azpimarra gorriek itsututa, baizik eta baita zure bizitzak harentzat nerabezaro gorri honetan zer balio gutxi duen ohartuta.]

Enpin, oraindik ere jarraitzen duela zin egiten eta hori berak idatzi duela berresten. Eta hara, beharbada egia da eta ni naiz errealitatea ikusi nahi ez duena; alegia, agian nik uste baino maila handiagoan โ€•eta duda barik AHTaren erabateko ezarpena baino askoz lasterragoโ€• ari dira gure burmuinak AAren sorkuntza bitxietara egokitzen eta nominalizazio-segida amaigabe horiek berezkotasunez sortzeko eta irensteko gaitasuna garatzen (arazoa ez baita soilik lexikoaren galera), ez beharbada nirea lako garun zahartzen hasietan eta zaharxeagoetan, jada oliorik-eta birjinenak ere nekez leunduko dituenetan, baina bai, bistan-edo da, neska-mutil kintopekoen neurona-sare bizi-bizietan. Zeren ez, ez da semea halako idazkeraren aurrean muturra okertzen ez duen bakarra; batetik eta bestetik iristen zaizkigun albiste, komunikatu eta jakinarazpen kolore orotako eta askotarikoetan ere gero eta sarriago irakurtzen ditugu antzekoak, eta hemen โ€• ez du inork โ€• zirkinik egiten.

Eta azken horrek etxetik apur bat ateratzeko eta bigarren koplara jauzi egiteko bidea eman dit. Nire inguruko herri-mugimenduetan, oraintsu arte pertsona bat edo bi arduratzen ziren besteek idatzitako testuak txukuntzeaz edo denen artean mahai gainean jarritako ideiekin idatzi polit bat taxutzeaz. Oso denbora gutxian, baina, aurretik testugintzari jaramonik egin ez dion jendea ere idatziak sortzen-edo hasi da (honaino bikain), hau da, handik eta hemendik bildutako gaztelaniazko testu-zatiak elkarren ondoan jartzen eta gero botoi honi edo hari emanda automatikoki itzultzen eta azken emaitza hori taldera bidaltzen eta esaten ยซHau idatzi dut, begiratu nahi baduzu ereยป. Begiratu nahi baduzue ere. Begiratu. Nahi baduzue. E!

Hirugarren kopla, eta honekin despedidea. Sinesten hasita nago sinesmen-kontua dela. Alegia, sinetsi egin nahi dugula botoi dontsu horrek mirariak egingo dituela eta lehen arazotzat jotzen ez genituen kontuak ere berak konponduko dizkigula (eta ez da arraroa, hedabideak ere mezu hori zabaltzen ari baitira lau haizeetara, dela aurretik kontatutako izugarrikerien ondoren ikus-entzuleen arimak nolabait goxatzeko, dela sareetan beita-xerkan gabiltzan tripazorritsuon gosea asetzeko). Arestian ez zuen inork zalantzan jartzen testuak norbaitek txukundu behar zituela (ez begiratu, baizik eta zuzendu, orraztu, apaindu), eta zeregin hori ez zen arazo bat, ezpada โ€•beti arineketan eta azken orduanโ€• egin beharreko urrats bat. Orain, ordea, ba omen dugu lehen arazo ez zen zera hori konponduko digun botoitxo bat, eta, beraz, denok aitortzen diogu geure buruari itzulpenak egiteko gaitasun berezkoa. Etxean punta-puntako labe bat jartzeak automatikoki okin edo gozogile edo chef aparteko bihurtuko bagintu bezala. Eta bai, beharbada hasieran horixe pentsatuko dugu, ยซze ondo, aurrerantzean ogi egin berria gosalduko dut eta opil gluten bako samurrak prestatuko ditutยป, baina gero zer, zenbat irauten digu poz horrek, sinesmen horrek? Alabaina, kontua da jatekoa geuk ahoratzen dugula eta berehala ohartzen garela argazkiko opil bi dimentsiokoaren zaporea eta gure hirukoarena ez direla berdinak eta hobe dugula pizzak beharbada bai gerok egitea baina gozo-kontuak adituen esku uztea edo gutxienik ere haien babespean egitea, eta guk itzulitakoa, berriz, besteek sufritzen dutela, non eta ez dugun jendaurrean irakurri behar, eta ai-ai-ai, orduan komeriak zenbanahi.

[Maitemintzea bezala ere bada pixka bat, ezta? Maitemin ero hori, badakizue, hormona guztiak dantzan eta neurona bizkorrenak ere lotan jartzen dituena. Zu artean ere ondo bizi zinen, ez zeneukan inorekin maitemintzeko beharrik, baina hara, beste hori parean azaldu zaizu eta matx egin duzue eta orain ez duzu bera bako bizitzarik irudikatzen; are gehiago, nola bizi ote zinen zu lehen bera gabe, orain hain ezinbesteko eta hain zeurezko sentitzen duzun huraxe gabe? Dena du ona, guztiz da akatsik gabea. Eta bakarren batek aitzakiaren bat seinalatuta ere, horixe eta ez besterik da zure egia, zure sinestea; mauka ederra aurkitu duzula, alegia.]

Badator azken eupada, Santa Agedako kopla-kantuan ohikoa den legez. Lehengoan Kike Amonarrizek azaldu zigunez, Souleymane Bachir Diagne filosofo senegaldarrak dio ยซItzulpen-lana hizkuntza-menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako batยป dela. Bada, automatizazio gaizki erabilia dela-eta ยซitzulpen-lana [emaitza] hizkuntza-menpekotasunaren ondorio DAยป esan behar genuke orain maiz, eta nahiz eta guk gure borroketan ยซelkarbizitzaren eta aniztasunaren alde eta supremazismoen aurkaยป erabili nahi dugun, susmoa dut ez ote dugun dena txarto ulertu โ€•edo esplikatuโ€• eta ez ote garen ari lehenaren aurka eta bigarrenaren alde erabiltzen.

Eup!

Euskara eremu digitalean

Asier Larrinaga Larrazabal

Aurtengo Euskararen Egunean, aro digitalean bizi garela gogorarazi nahi izan dugu EITB barruan aurrera eraman dugun ekimenean. Gure egungo bizimoduan, nahitaezkoak zaizkigu baliabide digitalak, eta euskaldunok baliabide horiek euskaraz behar ditugu. Albiste ona da baliabide horiek baditugula: mugikorretako eta ordenagailuetako sistema-eragileak, era guztietako hiztegi eta terminologi banku elektronikoak, zuzentzaile ortografikoak, itzultzaile neuronalak, adimen artifizialak, jokoak… Ezagutu eta ezagutarazi itzazu.

Mezu hori bera Instagramen zabaldu dute EITBko Euskara Zerbitzuko Maria Gamboa eta Leire Yue Ortubay lankideek.

Euskaltzaindia hizketan

Iker Zaldua Zabalua

Sentsorearen parabola asko erabiltzen ari naiz aspaldion. Norbanako bakoitzak ditu bere sentsoreak, berezkoak, eta zenbaitetan belarriko mina jartzen zaigu sentsoreak zerbait hauteman, eta barnean durundi zorabiagarria entzuten dugulako. Eta, gehienetan, zarata hori besteek ez dute entzuten, hain justu, bestelako sentsoreak dituztelako, eta gureak hauteman duena berean ez delako arduragarri.

Itzultzaileok, uste dut, hizkuntza balioanitzeko habetzat dugula: hizkuntza, niretzat, gehienbat jolasa da. Oso gogoko dut hizkuntzarekin jolasean aritzea, baina hizkuntza kultura da, hizkuntza lana da, hizkuntza harremana da, hizkuntza haserrea da, bizimodua da. Nire kasuan, sentsorea arras finduta dago euskarari dagokionez, milimetro txikienean kalibratuta. Eta azkenaldian nahi baino gehiagotan entzun dezaket soinua barrunbeetan.

Ataunen bizi naiz, Goierriren sakonean, Sakanaren eta Tolosaldearen artean, ustez, euskara osasuntsu eta bizi dagoen lurraldean. Eta kalera irten, eta bai, euskara nagusi da han-hemen, baina hegemonia hori galtzen ari da, eta dagoeneko ez da arraroa azpiko tabernan norbait gaztelaniaz edo beste erdara batzuetan entzutea. Eta hori ez da gaitz, aberasgarri ere izan liteke, bi baldintza betetzen badira: euskara bera oraindik plazan lasai eta alai ibiltzea, eta euskara hori ongi zaindua izatea. Bigarren horretan ari zait nire sentsorea jo eta jo. Semeak 9 urte ditu, alabak 14 urte ditu, eta bi belaunaldi horietan, tartekoetan, eta datozenetan sentsorea urduritzen dizkidaten gauzak entzuten ditut.

โ€œAita, ahal det jun parkea?โ€. Esaldi hori normal-normala da Ataungo nerabe eta haurren artean. Niri sentsorea martxan jartzen zait, eta berehala zuzentzen dut: โ€œAita, jun deiket (naike) parkea?โ€. Duela dagoeneko aste zenbait horixe esan nion semeari eskola-atarian, eta nire semearen ikaskide baten amak berehala ihardetsi zidan, txantxetan edo: โ€œEuskaltzaindia hizketan, kar, karโ€. Hor ohartu nintzen: haren sentsoreak ez du hauteman nireak hauteman duena, bereak akaso bestelako kalibrazioa duelako, eta agian semea une jakin horretan jaten ari denarekin piztuko zaio argi gorria. Baina, esaldi hori oharkabean igaroko da, eta horrenbestez, 9 urteko mutiko horrek naturaltasunez erabiltzen jarraituko du.

Gogoeta egin, eta ohartzen zara kalibrazio hau gutxiengo batek dugula, eta ziurrenera dugun lanbideagatik izango dela hein handi samar batean. Eta horrekin, dugun arriskuarekin ohartu naiz.

Euskararen ezagutza-maila igo egin omen da, hau da, gero eta gehiagok omen daki euskaraz. Baina, zer da euskaraz jakitea? Aski da diosal eta agur egiten jakitearekin? Aski da elkarrizketa bat ulertzeko moduan jarraitzearekin? Euskararen etorkizuna oso ilun ikusten dut, etxean ezkorra naizela esaten didate, baina, berriro diot, Ataunen bizi naiz, gure etxean euskaraz egiten da, ama-hizkuntza, aita-hizkuntza, euskara dute seme-alabek. Itzultzailea dute aita, euskal filologoa eta euskararen kontuekin berehala erresumintzen omen dena, eta halere, โ€œAhal det jan jogurre?โ€ esaten dute. Eta adi! Eskola-atarian, sei-zazpi elkarrekin jolasean ari direnean, zenbaitetan, gaztelaniaz hitz egiten dute, horietako batek euskara ez duelako ongi menderatzen, etxean ama-hizkuntza, edo aita-hizkuntza (edo biak), beste bat delako. Eta berriro diot, Ataunen bizi naiz. Baina, hor ez noa sartzera orain, ate handi samarra baita testu xume baterako.

Sentsorea ez da isiltzen, eta itzulpengintzan, lanean, sentsorea jo eta jo. Adimen Artifizialak egindako testuak zuzentzea egokitzen ari zait aspaldi, eta dagoeneko normalizatu egin ditugu euskarari ez dagozkion zenbait formula. Duela hilabete eskas, Euskaltzaindiak Donostian duen txoko zoragarrian hitz-aspertua egin genuen, Idoia Santamarรญak gidatuta, eta ohartu ginen geronek ere irentsi ditugula formula horietako zenbait eta sentsoreak jadanik ez digula abisu ematen. Adimen Artifizialaren harira sortzen ari den corpusa euskara eskasten ari da. Hainbat zenbatzailea joker-karta bilakatu zaigu karta-sortaren barruan, eta masiboki erabiltzen (eta onartzen, baitaratzen) hasi gara, zenbait, batzuk eta bestelakoak alboratuz, gure hiztegietatik baztertuz. Gauzatu aditza ere beste joker-karta bat da, eta masiboki erabiltzen (eta onartzen, baitaratzen) dugu, egin aditza bezain aditz sano eta jatorra alboratuz sarri. Lazkao Txikik berak esan zigun โ€œMartxa honetan aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoanโ€. Eta esango nuke dagoeneko ari garela erdaraz euskaraz ari garelakoan.

Adimen Artifiziala ari da euskara-eredu bat sortzen, ari gara euskara-eredu bat sortzen, eta aberastasuna lapurtzen ari gatzaizkio, lautzen ari gara erabat euskara, eta beti izan duen bizitasun hori lausotzen ari da, goizeko behe-lainoa desagertzen den moduan, konturatzerako. Nerabeek eta haurrek hori jasoko dute, eta errua leporatuko diegu, baina krimena gu ari gara egiten (baimentzen).

Duela zenbait urte, blog bat eratu nuen, โ€œGure hitz galduen bilaโ€ izenekoa. Aspalditxo, han utzi dut nonbait, alboratuta, eta egia esaten badizuet, pasahitza ere ahaztu dut (beste bat jasotzeko eskaera ere egin nuen, baina ez nuen lortu), baina uste dut hura berriro martxan jartzea ideia ona dela, eta, zoritxarrez, gero eta hitz gehiago sartuko ditut zakuan. Orduan, pentsatu egin behar izaten nuen, โ€œzein ote da haur nintzela maiz entzun eta orain batere erabiltzen ez den hitza?โ€.

Konpromisoa hartuko dut blogari berrekiteko, baina konpromisoa hartu dezagun guztiok hitz galdu gehiago ez sortzeko. Izan dadila zaila hitza hautatzea, pasa dezadala denboratxo bat hitz jakin bat bilatu arte.

Gure sentsorera iristen dena jakinarazi dezagun, ezin ditugu besteak behartu beren sentsoreak gure zenbakiekin kalibratzera, baina egin dezagun pedagogia โ€œEuskaltzaindia hizketanโ€ ez diezaguten esan haurrari zuzenketa txiki bat egin diogulako.

Bide batez, aipatu dudanaren lekuko testu hau bera izango da ziur aski: baietz hemen ere normalizatu ditugun (ditudan) formulak agertu, euskarari berez ez dagozkionak (eta ez da nahita egindakoa izan, halakorik badago)!