Jon Casenave adiskideak gonbidaturik, “Zertarako irakurri behar ditugu euskal klasikoak?” izeneko mahai-inguruan parte hartu nuen oraintsu, Baionako Euskal Museoan. Bereziki 1545-1800 bitartean idatzitakoak zertarako irakurri behar ditugun argudiatzea zegokidan niri.
Munduko klasikoen aldean euskal klasikoek duten balio erantsiaren irudi gisa, bost-kantoi barietateko sagarra erakutsi nuen, amaginarrebari omen eginez. “Hau etxekua da, ama” esaten diot, eta hark inongo entziklopediatan eta inongo webgune espezializatutan aurkitu ez ditudan azalpen zehatzak ematen ditu: “hori bost-kantoia…”. Eta supermerkatuko beste edozein sagar koloretsuago eta zaporetsuago baino gozoago jaten dugu biok, etxekoa delako. Eta hor ez dago, jakina, kanpoko sagar bikainekiko mespretxurik, baina bai etxekoa geurea delako estimatzea.
Mahai-inguruan ere iradoki nuen zerbait nik etxeko eta kanpoko sagarrekin izan dudan erlazioaz, baina mahai-ingurua ez da toki egokia norberaren bizitza zehaztasunez azaltzeko, eta 31 eskutikeko txokoa baliatuko dut zabalago aritzeko. Hemezortzi urterekin, erabaki behar nuen euskal filologia ala filologia klasikoa ikasi nahi nuen, eta pentsatu nuen hobe nuela lehenbizi filologia klasikoa ikastea, eta gero euskal filologia, banekielako autore grekolatindarrak ikasketek beharturik ezagutuz gero nire barruko harrak gero ere eramango ninduela euskal autoreak ezagutzera.
Horrela, Bermeotik Gasteizerako trenak eta autobusak hartu, eta Oihenart, Etxeberri Sarakoa, Bizenta Mogel, Lauaxeta edo Lizardi bazenik ere ez zekiten irakasle jakintsuekin ikasi nuen, Euskal Herriko Unibertsitatean, Ovidio eta Katulo, Martzial eta Horazio, Tibulo eta Zizeron, Tazito eta Virgilio, Safo eta Homero maitatzen. Fakultatean ikasi nuen Homeroren Odisea grekotik gaztelaniara itzultzen, askotan José Manuel Pabónen gaztelaniazko itzulpena makulu gisa hartuta, baina neure kabuz ezagutu eta irakurri nuen Gaizka Barandiaranen Iliasena (Gasteiz, 1956), Rafael Moneo arkitekto ospetsuak gaztetan eginiko ilustrazioekin apaindua, eta argitaratu bezain laster erosi eta irakurri nuen Santi Onaindiaren Odisea (Bilbo, 1985).
Eta orain ere argitaratu bezain laster eskuratu eta irakurri nuen Matías Múgicak euskaraturiko Odisea (Balea Zuria argitaletxea, 2025). Noizbait hemen aipatzeko hautatua nuen (epiteto homerikoen itzulpenaz jardun nahi nuke noizbait), eta hara non ezin hobeto etorri zaidan orain hori egiteko parada. “Zertarako irakurri behar ditugu euskal klasikoak?”. Euskarazko Literatur Itzulpeneko Euskadi Saria irabazteko.
Azalduko dut nire baieztapena. Matías Múgicak 2017an irabazi zuen lehenengoz sari hori, François Villonen Testamentua euskaraturik. Itzulpenaren hitzaurrean azaldu zuen Villonen ahapaldiak euskaratzeko erabiliriko eredua:
Modutu dut, nere burutik asmatuz, zortzi lerroko kopla bat, euskal eredu tradizional bat oinarri harturik: zortziko txikia, hain zuzen, neurri txit usatua eta gozoa gure belarrirako, haren bi bertso zatiak (7/6) lerro bakarrean jarrita, batzuetan halakoak argitaratu ohi diren bezala. […] Halako bi elkarri erantsita modutu dut, beraz, nire zortzi lerroko kopla, eskema horrek Villonen zortzikuneak (Huitains) euskaratzeko behar adina leku eta zabalera ematen zidalako hizkuntzari eta testuari bortxa gehiegi egin gabe.
Eta koplagintza horretan trebatzeko erabili zuen bidea ere zehaztu zuen:
Asko leitu ditut xviii. eta xix. mendeko bertsolari eta koplariak itzulpena modutzen ari nintzela.
Oraintsu jakin dugu 2026ko Literatur Itzulpeneko Euskadi Saria ere irabazi duela Matías Múgicak, Odisearen itzulpenarekin. Kasu honetan ere, itzulpenaren sarrera gisakoan azaldu du zein ezaugarri dituen Homeroren hexametro-segidaren jarioa euskaratzeko hautaturiko moldeak:
Hautatu dut […] 15 silabako euskarazko bertso luze tradizionala, 8 + 7 silabako bi hemistikiotan zatitua, euskal literaturaren bidea urratu zuen bertsoa, hain zuzen, Detxepareren bertsoa eta Euskal Herriko hainbat balada eta kantore tradizionalen bertsoa, euskarazko konta-bertsorik ibiliena eta egokiena. […] Erabilera tradizionalean, 15 silabako bertso horiek errimaz binaka loturik etortzen dira, distikotan, alegia. Puntu honetan, ordea, tradiziotik aldaratu naiz.
Eta oraingoan ere, estilo jakin bateko bertsogintzan trebatzeko, itzultzaileak tradizioa irakurri du:
Horrelako hizkuntza eredu baten bila nenbilela, estilo klasiko batekin antzik handiena zuen gauza, nere ustez, Joannes Etcheberri Çiburucoa Doctor Theologoaren lanak ziren, Manual devotionezcoa, hain zuzen, zeina, gainera, nere bertso neurri berean egina zen, 8 + 7 hamabost silabako bertso luzean.
Enpo egin arte irakurri nuen, beraz, Etxeberriren Manuala, eta harengandik, bertso neurria ez ezik, beste makina bat gauza ikasi, mailegatu eta imitatu ditut.
Jean Duvoisinen (Ainhoa, 1810 – Ziburu, 1891) itzulpen-lan jakin baten bila hasi eta berehala konturatu naiz zein gutxi dakigun Mitxelenaren esanetan “euskal itzultzaileen buruzagi eta errege” dukegunaz (Mitxelena 1986 [Berrargit. OC 10, 577]).
Pierra Hariztoi abadeak 1892an “Le Capitaine Duvoisin et ses travaux” artikuluan Ezpeletan hobiraturik dagoen idazlearen lanak aski zehazki aipatu zituenetik, beste inork ez du eskaini Jean Duvoisin idazle emankorraren lan guztien berri zehatzagorik, eta, euskal itzulpengintzaren historiaren ikuspegitik, bereziki larria iruditzen zait 2026. urtean ez edukitzea Duvoisinen itzulpen-lanen zerrenda fidagarririk. Aitortuko dut nire idatzi honen lehenengo asmoan hain zuzen hori eskaintzea zegoela, baina lanaren tamainak oraingoan ere gainditu nauela. Beste nonbait argitaratu nahi nuke, Demostenes Duvoisinek euskaratuaren edizioarekin batera, Duvoisinen itzulpen-lanen errebisio bibliografiko eguneratua, eta hemen, bitartean, Duvoisinen itzulpen-lan txiki bat hartuko dut, ikusteko zenbat alderditatik izan daitekeen interesgarri haren lanen azterketa.
Har dezagun Urruñan 1858an Anton Abadiaren babespean antolaturiko Koplarien Guduetan banaturiko hamalau aipamen-sarietako bat lortu zuen “Super flumina Babylonis” itzulpena. “Oihancelhay” ezizenarekin aurkeztu zen idazlea, baina badakigu Jean Duvoisinen eskuz idatzia dela Anton Abadiaren paperen artean gorde den eskuizkribua (BnF Celtique et basque 164, 151.-152. fotogramak). Euskaraz sorturiko lanak aurkeztea zen ohikoena koplari-gudu horietan, baina latinezko izenburuak erakusten du Duvoisinek ez zuela ezkutatu nahi berak bidalitako lana itzulpena zela. Sarituen zerrendan ere hala agertzen da, “Mentions honorables” sailean: “traduction en vers du psaume Super flumina Babylonis” (BnF Celtique et basque 164, 230. fotograma). Izan ere 137. salmo ezagunaren itzulpena da (Vulgatako 136.a) hemen grafia eta puntuazioa gaurko erara egokiturik emango duguna:
1 Super flumina Babylonis, illic sedimus et flevimus, cum recordaremur Sion.
2 In salicibus in medio eius suspendimus citharas nostras. 3 Quia illic rogaverunt nos, qui captivos duxerunt nos, verba cantionum, et, qui affligebant nos, laetitiam: “Cantate nobis de canticis Sion”. 4 Quomodo cantabimus canticum Domini in terra aliena?
5 Si oblitus fuero tui, Ierusalem, oblivioni detur dextera mea; 6 adhaereat lingua mea faucibus meis, si non meminero tui, si non praeposuero Ierusalem in capite laetitiae meae.
7 Memor esto, Domine, adversus filios Edom diei Ierusalem; qui dicebant: “Exinanite, exinanite usque ad fundamentum in ea”.
8 Filia Babylonis devastans, beatus, qui retribuet tibi retributionem tuam, quam retribuisti nobis; 9 beatus, qui tenebit et allidet parvulos tuos ad petram.
Babiloniako uren bazterrean, minez gare jarri iphuru gainean. Eta han, oi Zion, zutaz orhoitzean, oro eman gare nigar uharretan.
Gure arrabitak zumeliketarik dilindan hor daude… Beude hor ixilik! Ilkhi gaituztenek gure herritarik galdetzen daukute gure kantetarik.
Hunat gaituztenek ekharri gathibu entzun nahi dute hango zenbait kantu. Oi bainan guk nola… zer himno sakratu atze-herri hunetan kanta dezakegu?
Ahanzten bazaitut, Zion onhetsia, hemen ihar bekit eskuin alderdia! Orhoitzen ez banaiz zutaz, oi herria, aho-gainari loth daidala mihia!
Zutaz, bethi, zutaz nere asmuetan… zurekin gogoa… bihotza zu baithan…! Zutaz kanpo banu irri bat hortzetan, nihon bozten banaiz, hil benedi bertan!
Orhoit zaite, Jauna, Edomen semeaz, Zion herrausteko egun gogor hartaz, Edom nola zagon izkola-marrumaz: “Xahu! Xahu dena, burdin eta suaz!”
Babilondar andre gaixtagina, hiri, neri egin gaitza bekian itzuli! Haurra bekiaten bota harriari! Ez hazala nihork izan urrikari!
1. […] Babilonako hibaien bazterretan, han jarri gare eta nigarrari eman, Sionez orhoitzean. 2. Haren erdian sahatsetarik dilindan ezarri ditugu gure musikako tresnak, 3. zeren han, gu gathibu eraman gaituztenek galdegin baitarozkigute gure kantuetako hitzak. Eta gu erakharri gaituztenek erran darokute: kanta dizaguzue Siongo kantiketarik himno bat. 4. Lur atzean nola kantatuko dugu Jaunaren kantika? 5. Ahanzten bazaitut, oi Jerusaleme, ene eskuina ahantzia izan bedi. 6. Ene mihia ene aho-gainari josia geldi bedi, zutaz ez banaiz orhoitzen, ez balin badut Jerusaleme ezartzen ene bozkarioaren hastapentzat. 7. Orhoit zaite, Jauna, Edomen semeez, Jerusalemen xahutzeko egunean. Hekiek zioten: “Ezezta, ezezta zazue hortan azken asenturaino”. 8. Babilonako alaba zorigaixtokoa, dohatsu hiri bihurturen dainana hik guri egin gaizkiak! 9. Dohatsu hartuko dituena hire haur xeheak eta harriaren gainean phorroskatuko dituena!
Bistan da latinezko jatorrizkoari lotuagoa dela bigarrena, baina badirudi koplari-guduetakoa hamabi silabako (sei gehi sei) bertso-lerro errimadunetan sartu beharrak eragin dituela diferentzia nagusiak, “lapurtera hertsia” versus “eredu supradialektala” binomioak (Kepa Altonagak 2018ko Duvoisin kapitainaren malura liburuan baliaturiko hitzak erabilita) ez baititu azaltzen musikako tresnak / arrabitak, sahatsak / zumelikak, semeez / semeaz… alternantziak. Demostenes Duvoisinek euskaratua editatu dezagunean, ordea, ahaleginduko gara erakusten Altonagaren proposamenak ondo azaltzen duela Bonapartek ezarritako baldintzek zelan kamustu zuten “Duvoisin kapitainaren literatur ezpataren ahalmena” (Altonaga, 2018: 17).
Baina zergatik hautatu zuen Duvoisinek “Super flumina Babylonis” salmoa poesia-lehiaketarako? Erbestea eta erbesteratzeak sorturiko herrimina gai bizi-biziak zirelako urte haietako Ipar Euskal Herrian, eta hain zuzen 137(136). salmoa zelako erbesteak sorturiko nahigabearen kantu paradigmatiko ospetsuenetarikoa, mendebalde osoko poeten (San Juan de la Cruz, Lord Byron…) eta garai guztietako musika-sortzaileen (Giovanni P. da Palestrina, Boney M…) inspirazio iturri. Izan ere, Israelgo herriak Babilonian pairaturiko erbestealdi eta gatibualdia dago salmoaren oinarrian, herriminez eta zigor eske.
Urruñako 1853ko Koplarien Guduaren oinarriak egunkarietan argitaratu zirenez, badakigu gai bakarraren inguruan aurkeztu behar zirela bertsoak: “Les regrets d’un Basque en partance pour Montevideo ‘Montevideora doan euskaldunaren nahigabea’” (Le Mémorial des Pyrénées, 1853-06-11). Izan ere, 19. mendean, eta gehienbat 1835etik aurrera, milaka gazte joan ziren Euskal Herritik Ameriketara, bereziki Uruguaira eta Argentinara, eta bertso sail aberatsa sortu zen emigrazioaren gaiaren inguruan (ikusi, adibidez, Antonio Zavalak Ameriketako bertsoak liburuan eginiko bilduma). Anton Abadiaren babespean antolaturiko lehiaketetan ere urtero aurkeztu ziren gai horren ingurukoak, Angel Goikoetxea Markaidak (1998) “Montebideoko kantuak” etiketarekin aurkeztu dituenak.
1858ko Koplarien Guduan, Duvoisinen idazlanarekin batera aurkezturiko bertso-sortetako beste bik ere erbesteratuen herri-mina dute mintzagai. Ahapaldi bat baino ez dut hona ekarriko, Joseph Palassie ezpeletarrak aurkezturiko “Montevideoko eskaldunen dolamenak” sortatik hautatua (gero, 1884-11-16ko Le Pays Basque. Organe catholique et conservateur aldizkarian argitaratua, Jean Duvoisinen kantu-kaieretako baten bidez ezagutzen dugun frantsesezko itzulpenarekin), ondo erakusten duelako “super flumina” salmoaren paradigmatikotasuna erbesteratuaren samina eta herrimina iradokitzeko:
Bethi auhenka, oi, hau dolore samina! Urthua nago, dena hezur egina. Bortz aldiz egin dut zina, kantatuz super flumina, sekulan ez ahanzteko Eskal Herriko mina.
Baina saminaren eta herriminaren ondoren, salmoko azken bi bertsikuluek zigorraren eta mendekuaren gogoa ere agertzen dute:
Babilondar andre gaixtagina, hiri, neri egin gaitza bekian itzuli! Haurra bekiaten bota harriari! Ez hazala nihork izan urrikari!
Seguruenik errazago ulertzen da Bible Sainduan prosan emaniko bertsioa:
8. Babilonako alaba zorigaixtokoa, dohatsu hiri bihurturen dainana hik guri egin gaizkiak! 9. Dohatsu hartuko dituena hire haur xeheak eta harriaren gainean phorroskatuko dituena!
Joel M. LeMon ikertzailearen 2016ko “Violence against children and girls in the reception history of Psam 137” artikuluan irakurri dugu interpretazio askotan bukaera hori mozorrotu dutela, edo are kendu (halaxe kantatzen da gaur Ipar Euskal Herriko elizetan, B zikloko urteetan, garizumako laugarren igandean, Jean Marie Diharce “Iratzeder” itzultzaile eta poeta bikainaren bertsio neurtu eta errimatua, azken lauko biak kenduta), salmoaren mezua samurtzeko, baina irakurri dugu orobat, beste muturrean, salmo hau erabili dela neska gazteen aurkako indarkeria zilegitzat aurkezteko ere, “Babiloniako alaba zorigaiztokoa” neskatila ororen irudi legez hartuta.
Niri, nahi gabe, atsekabez eta ezintasunez, Israelgo armadak 21. mendean Gazan porroskatu, xehatu eta leherrarazitako etxeen eta haurren irudiak datozkit burura.
Nire idatzi hau urtarrilaren 7an argitaratuko zela jakin nuenean, gaia berehala etorri zitzaidan burura. Lapurdiko edo Zuberoako kantika espiritualen eta noelen bildumetan, Erregenetan kantatzeko taxuturiko noel bat hautatuko nuen, eta horren jatorrizkoa frantsesezkoa dela erakutsi. Nire buruan ez dago, jakina, euskal kantika espiritual eta noel guztiak frantsesetik euskaratuak direnik, baina azken urteetan ikusi dut horietako askok egin dutela bide hori. Blog honetan bi aldiz jardun dut horren inguruan: 2023an lehenik, Bernart Gazteluzarrek euskaraturiko kantika bat dela eta, 2024an bigarrenik, “Munduko gauzen ez-deustasuna” kantika aztergai legez harturik.
Noela hautatzea zen hurrengo urratsa. XVIII. eta XIX. mendeetan argitaraturiko bildumak hartu eta Erregenetakoak bilatu nituenean, berehala hautatu nuen zubererazko hau:
Beste noel bat Erregen egüneko
Zer astre da hain argirik gai ülhün handi huntan? Ez izarrik hain ederrik, ederrik, ederrik zelü orotan.
Haren argia hedatzen lürraren bazter orotan, Jinkuaren semia sorthü da, sorthü da, sorthü da lür aphal huntan.
Belemeko ziotatia, ala hik ditxa huna! Hitan dik sorthü Mariak, Mariak, Mariak Jesus maitia.
Amak Jesus beitadüka hertsi besuen artian, bat bederak baledüka, ailedüka, ailedüka bihotz erdian.
Egün agertü dira huna, argi hura ikhusirik, Gazpar, Baltazar, Melkior, Melkior, Melkior, errege hunik.
Izarrari jarraikirik joan dira Belemera eta presentzez betherik, betherik, betherik adoratzera.
Gazparrek eman dü ürhia, erregeri zor dela; Baltazarrek aldiz mirha, bai mirha, bai mirha, mortal bezala.
Gero dira repausatü Jinkuareki alagerarik, eta berak abertitü, abertitü, abertitü, lo daudialarik:
Herodesen kargia[ri] repostü eman gaberik, joan ditean beste bidiaz, bidiaz, bidiaz, hura ützirik.
Haur da doktrina saintia: bide gaitzian daguena[k] har beza beste bidia, bidia, bidia Jinkuagana.
Egün agertü zi[r]ena, a gure Jaun handia, othoitzten zütügü: estrena, estrena, estrena zure zelia!
Gaurko grafian editaturik eman dut hemen eta ez naiz luzatuko edizioari buruzko azalpenetan, baina esango dut noel hau hiru bildumatan aurkitu dudala. Aurkitu dudan zaharrena 1782koa bide da: Noelen lilia composaturic huscarez Jesusen incarnationiaren ouhouretan (10-11. or.). 1821ean “Barneix Alçabehetic arraimprimaeraciric” berrargitaratu zen liburu hori, eta hor ere agertzen da guk hautatu dugun gabon-kanta (9-10. or.), aldaketa gutxirekin (errataren bat gehituta). Hirugarrenik, datarik gabeko berrargitalpen batean agertzen da, errataren bat zuzenduta eta beste errataren bat gehituta; inprimatzailearen aktibitate-datak kontuan izanik, 1844 ingurukoa bide da (9-10. or.). Lapurterazko bildumetan ez dut aurkitu, baina bada azken edizio bat ere aipatu beharrekoa: Emmanuel Intxauspek (Zunharreta, 1815 – Onizegaine, 1902) 1897an argitaraturiko Kantika saintiak Zuberoko euskaraz (233-236. or.) bilduman. Baina Intxauspek “ahalaz hobekienik aphaintü eta xuxentü” (ix. or.) ditu, Axularren Gerorekin jokatu zuen erara: erratak zuzendu ditu, baina maileguzko hitzak “apaintzea” ere ezinbestekoa iruditu zaio (astre→izar; ziotatia→hiri txipia; presentzez →emaitzez…), besteak beste.
Zergatik hautatu nuen noel hau eta ez beste bat? Egitura metrikoa eta hirugarren bertso-lerroko errepikapena aski esanguratsuak iruditu zitzaizkidalako, jatorrizkoa bilatzeko. Ez lehenengo saioan, ez bigarrenean, ez nuen aurkitu jatorrizkoa, frantsesezko eta okzitanierazko kantika- eta noel-bilduma askotan bilatu arren. Baina azkenean agertu da.
Euskarazko noel horretako hamabi ahapaldietatik lehenengo laurak frantsesezko batetik euskaratuak eta egokituak dira, zalantzarik gabe:
Beste noel bat Erregen egüneko
Zer astre da hain argirik gai ülhün handi huntan? Ez izarrik hain ederrik, ederrik, ederrik zelü orotan.
Haren argia hedatzen lürraren baster orotan, Jinkuaren semia sorthü da, sorthü da, sorthü da lür aphal huntan.
Belemeko ziotatia, ala hik ditxa huna! Hitan dik sorthü Mariak, Mariak, Mariak Jesus maitia.
Amak Jesus beitadüka hertsi besuen artian, bat bederak baledüka, ailedüka, ailedüka bihotz erdian.
[…]
Cantique d’amour versJesusdans la créche. Sur l’air : Quel bel astre nous éclaire.
Quel bel astre nous éclaire, du milieu de cette nuit? Quelle est l’aurore si claire, si claire, si claire qui nous l’a produit?
Jamais clarté ne fut vue comparable à celle-ci, qui remplit d’aise et la vue, et la vue, et la vue, et le coeur aussi.
C’est l’unique de Marie, né dedans un pauvre lieu, qui dans un suppôt Marie, Marie, Marie, l’homme avec son Dieu.
[…]
La mère, d’aise ravie, va serrant entre ses bras celui qui donne la vie, la vie, la vie aux hommes ingrats.
[…]
Frantsesezko gabon-kanta hori 1723ko La belle Bible des cantiques de la naissance et des autres mystères de notre seigneur bilduman (49-52. or.) aurkitu dut lehenengoz (eta berriz 1727ko arrainprimaketan), eta gero 1882ko Noëls anciens en l’honneur de N.-S. Jésus-Christ et de la sainte Vierge, avec les airs notés, par M. l’abbé L. Janel bilduman baino ez (124-126 or.). Hiru edizioetan dago testu bertsua (esaldiren bat gorabehera), eta bistan da guk ezagutu dugun frantsesezko gabon-kanta ez dela Errege egunerako idatzia, eguberrietarako baizik. Izan ere, bosgarren ahapaldian euskarazkoan hiru erregeak agertzen direnetik, euskarazkoa eta frantsesezkoa zein bere bidetik doaz, frantsesezkoak beste hemezortzi ahapaldi baititu, baina ez baita ez Gaspar, ez Meltxor, ez Baltasar aipatzen, ez eta Herodes ere. Euskarazko noelaren letra-egilea, hortaz, itzultzaile-lanetan hasi da, baina, ekindakoaren melodia eta neurriarekin, sortzaile-lanetan jarraitu du… guk aurkitu ez dugun frantsesezko aldaeraren bat izan ez badu aurrean.
Ez dakigu euskarazkoak zenbateko arrakasta izan zuen eta Zuberoako herrietan kantatu zen ala ez, baina 1882ko frantsesezko bildumari esker ezagutzen dugu melodiaren partitura, eta bistan da euskarazko itzulpena hartara egokitua dela:
Georges Hérelle (1848-1935) ikertzailearen lanarekiko miresmenak ilunpean izan du nire bibliotekan, oraintsura arte, Wentworth Webster (1828-1907) euskalariak Zuberoako pastoralei buruz idatzitakoaren argia.
Baina orain Maider Bedaxagar ikertzailea Astiaga (Astyage frantsesezko izenburuan) pastoralaren inguruan idazten ari den doktore-tesian bidelagun izateak lagundu dit eskuizkribuetako testutik agertokira eta antzezpenera dagoen bideaz gogoeta egin beharraz jabetzen, eta pastoral-antzezpenen deskripzio ahalik eta zaharrenak bilatzean berriz ere Websterrengana iritsi naiz.
1864ko ekainaren 20an, Larrainen, Rixart Normandiako Dukia (Richard Sans Peur, Duc de Normandie frantsesezko izenburuan) pastorala taularatu zuen hango gazteriak, eta ikusleen artean izan zen Wentworth Webster.
Websterrek Macmillan’s Magazine aldizkariaren 1865eko urtarrileko zenbakian argitaratu zuen kronika zehatza. Literatura-aldizkari hori hilero argitaratu zen 1859tik 1907ra, eta hala fikzioa nola ez-fikzioa argitaratzen zuen; bai autoreak eta bai irakurleak britainiarrak ziren gehienbat, eta, Websterrek bere lana argitaratu zuen garaian, David Masson eskoziarra zen editorea (1859-1869 tartean). Patri Urkizuk Websterren biografiaren 2. orrialdean dio Websterrek artikulu hori Hurt anderearekin batera sinatu zuela, baina guk ez dugu halakorik ikusi (egia da guk ez dugula aldizkariaren zenbaki soltea aurkitu, eta hainbat zenbaki biltzen dituen liburuki enkoadernatua baino ez dugula kontsultatu ahal izan), eta ez dakigu nor izan litekeen Hurt andere hori (Websterren emaztea Thekla Laura Knipping renaniarra zen).
Kronikaren arabera, antzezpenak zortzi ordu iraun zuen. Websterrek nasai azaltzen du non dagoen Larraine, zer den pastorala, eta pastoral-egunean Larrainen ikusi duen guztia. Eta pastoralaren lehenengo laurdenean agertzen den istorioa kontatzen du, zati batzuk bere hitzetan laburturik, eta beste batzuk hitzez hitz ingelesera itzulirik.
Badakigu, zalantzarik gabe, Websterrek erabili zuen jatorrizkoa orain Baionako Mediatekan dagoen B641026201_Ms. 016 eskuizkribua dela. Euskarazko eskuizkribu horren testu nagusiak 79 bertset ditu Lehen Pheredikian (gogoan izan bertset bakoitzak lau bertso-lerro dituela), 1258 bertset trajeriaren testuan eta 20 bertset Azkhen Pheredikian.
Ingeles-irakurleentzat argitaraturiko artikuluan, Websterrek 33-45, 131-150, 155-175, 193-206, 221-227, 239-248, 257-286 eta 304-317 bertsetak argitaratu zituen ingelesez (guztira 129 bertset), erakusgarri gisa.
Baionako Mediatekan badago, bestalde, artikuluaren eskuzko bertsio bat (Ms. 052_2), Wentworth Websterrek berak idatzia, Hérelleren arabera Macmillan’s Magazine aldizkarian argitaraturikoaren kopia. Zehaztu beharko genuke ez dela kopia zehatza, bertsio bat baizik, gehienean berdina, baina hain zuzen itzulitako testuei dagokionez aski desberdina, literatur aldizkarian argitaraturiko bertset batzuk (33-45) bildu baitira eskuizkribuan, baina baita argitaratu gabeko bertset batzuk ere (46-52 eta 109-129).
Nolanahi ere, itzulpenaren historiarako inportanteagoa da Baionako Mediatekan bertan dagoen beste eskuizkribu bat, hura ere Websterren eskuz idatzia (B641026201_Ms052_1): Pastorale. Richard the Fearless, Duke of Normandy. Eskuizkribu horretan, euskarazko eskuizkribuko 1-52, 84-338 eta 360-384 bertsetak euskaratu dira. Badirudi Webster pastoral osoaren ingelesezko itzulpena egiten edo kopiatzen hasi zela, baina lehenengo laurdena baino ez da iritsi guregana. Gainera, berak interlude deitzen duen Petit-Jean eta Sebadinaren istorioari zegozkion zatiak (53-83 eta 339-359) alboratu eta itzuli gabe utzi zituen: «… a broad and not very refined farce, by way of interlude, in mingled Basque and Béarnois patois, which is utterly untranslateable; so exceedingly free-spoken is the genius of the Basque tongue» (243. or.).
Hortaz, Baionako Mediatekako Rixart Normandiako Dukia(Ms. 016) eskuizkribuko bertset hauen ingelesezko itzulpenak iritsi dira guregana:
Baionako Mediatekako Ms 052_01: 1-52, 84-338, 360-384.
Hartüren deretzüt nik zure haurra, eta haziren segürki behar den bezela.
Richard. Eman haurra eta RICHARD mintza. Atxiki ezadan, arren, haur hori besuetan, eta ahal oroz untsa otoi haz ezan.
Gaizto izaiten bada haur hori naturaz, untsa gaztiga ezadan oro egin ahalaz.
ÜNHIDIA mintza. Monseigneur, ene adiskidia, hauxe da haur ederra; iduri dizü ez diela hirur egun sortü dela.
Ez düt ikusi sekula nik holako haurrik, hunen larria bezen xuri eta trende denik.
Paseia.
Enter Nurse. RICH. List here to me, my worthy woman; to bring up this child perchance, would you be nurse?
NURSE. Yes, my lord, certainly, I am now nursing, I will bring up the child if that be your good pleasure.
I will take the child if you entrust it to me, and I will tend it with all fidelity.
RICH. (giving the child). Take then the child tenderly in your arms, and bestow, I pray you, on it your tender care.
If the child’s disposition should unhappily be bad, to chastise it severely I give you all authority.
NURSE. Well, beloved lord, ‘tis a fine infant, and one would say ‘twere scarce three days old.
Never have I seen an infant like it, so very white a skin and withal so tender.
.
Websterrek berak ez du azalpen handirik eman bere itzultze-lanari buruz. Hau da 1865eko artikuluan aurkitu dugun aipu bakarra: «… our translation […] merely aims at giving the meaning, as near as may be, line by line» (250. or.).
Azalean, 5. Udako Euskal Unibertsitatearen logotipoa dauka, eta egile-editore gisa edo, “Filosofia Saila”. Barruan, 12 orrialde mekanografiaturen kopia (bistan da Gestetner kopia-paperaren ur-marka), 1977 hartako UEUren beste jakintza-alor batzuetako argitalpenetan ikusi dugun moduan. Lehenengo orrialde mekanografiatuan, berriz ere izenburua: HERAKLITOren “Izadiari buruz”. Eta ondoren, beste aurkezpenik gabe, Heraklitoren 126 testu-zatiren euskarazko itzulpenak, bakoitza bere zenbakiarekin, Heraklitoren testu-zatien edizio modernoetan argitaratu ohi diren erara, esan behar baita Izadiari buruz (περὶ φύσεως) Heraklitoren liburu osoaren izenburua litzatekeela, baina zatiak baino ez ditugula ezagutzen, hain zuzen UEUk 1977an euskaraz argitaratu zituen horiek. Edizioen arabera gorabeherak izaten diren arren, hala kopuruan nola zenbakitzean, UEUk edizio horietakoren bat oso-osorik euskaraturik argitaratu zuen.
Itzulpena nolakoa den ikusteko, hona hemen lehenengo zatia, lehenengo grekoz, gero 1977ko itzulpenean, eta azkenik Javier Aguirre Santosek eta Felipe Juaristik 2004an Pentsamenduaren Klasikoak bildumarako eginiko itzulpenean (Filosofo presokratikoak liburukian).
UEU, 1977 1 Lógos hau, izan, beti delarik ere, gizonek ez dute ulertzen ez (hartaz) entzun aurretik, ez entzunda gero ere. Gauza guztiak lógos honen arabera direlarik ere, ba dirudi zenbait jende ez dela hartaz ohartzen, nahiz eta jende berau halako hitzak eta egintzak esperimentatuz bizi, holakoak baitira nik neure gogaketan darabiltzadanak, bakoitza bere izaeraz berezirik eta nola den adieraziz. Gainerako jendea esnai dabiltzala egindakoez ere ez da ohartzen, lotan egindakoez oroitzen ez diren bezala.
Pentsamenduaren Klasikoak, 2004 1 Beti indarrean bada ere, arrazoi hau ulertzeko ezgai azaltzen dira gizakiak, bai entzun aurretik bai entzundakoan. Izan ere, den-dena arrazoi horren arabera gertatzen bada ere, ezjakinak dirudite, hitzetan eta ekintzetan adituak diren arren, nik horrelako hitz bakoitza eta ekintza bakoitza zehatz-mehatz eta haren izaeraren arabera nolakoa den adierazten dudanean. Baina gainerako gizakiak ez dira ohartzen esna egonik egindakoaz, lo egonik egindakoaz ahazten diren moduan.
Heraklitoren estilo aforistikoa ez da erraza eta, nire ustez, 1977ko itzultzaileak oso ondo asmatu zuen gehienetan. Hona hemen adibide batzuk:
84a Aldatuz hartzen da atseden.
85 Latza, nor bere buruari oldartu beharra; zeure arimaren trruke erosiko baituzu gura duzuna.
87 Gizon kamutsa hitz oroz ohi da txunditzen.
90 Gauza guztiak su bilakatzen dira eta sua gauza oro bilakatzen da: urrea salgai-truke eta salgaia urre-truke bezala.
98 Hades-usaina darie izpirituei.
103 Obuaren zirkunferentziak puntu bera du buru-buztan.
119 Patu gizonarentzat bere izaera. (Patu du gizonak bere izaera).
Gutxi batzuetan, esango nuke itzultzailea hiztegiaren zokoren batean ibili dela ordain egokiaren bila. Nik behintzat hiztegia behar izan dut 125. testu-zatiko zadura-badura ulertzeko:
125 Zadura-badura bera ere mindu egiten da, nahastu ezean.
Grekozko jatorrizkoan ὁ κυκεὼν da, gaztelaniazko itzulpenetan brebaje, eta, euskarazkoan zadura-badura, OEHren arabera, soilik Larramendiren, Harrieten eta Azkueren hiztegietan eta Orixeren testu batean erabilia.
Baina nor izan zen itzultzailea? Dirudienez, Anton Artamendi Mugerza, dokumentuan bertan haren izenik agertzen ez bada ere. Zorionez, UEUren artxiboan ondo gorde da 1977ko ikastaroei buruzko txostena: ikasleei buruzko estatistikak, irakasle guztien izen-abizenak, jardunaldi guztietako parte-hartzearen datuak, diru-sarrerak eta irteerak, babesle guztien diru-laguntzen kopuruak… eta “VI. Apuntes – Argitalpenak” atala.
Atal horretan, UEU harro agertzen da bere aitzindari-lanarekin (eta ez da gutxiagorako, 1977an!):
Udako Euskal Unibertsitateak aurrera pausu garrantzitsua eman du bostgarren saio honetan. Irakasleek eman zitzakeen ikastaldi borobilak baino zerbait gehiago egin nahi izan dugu. Horrexetarako, hain zuzen, urtean zehar prestatu ziren gaiak, eta udako ikastaldietarako, Apunte gisa, argitaratuta eman. Euskara hutsean hezurmamitu eta idatzitako 1438 horrialdeok Udako Euskal Unibertsitatearen textugintzaren hasikin ditugu.
Eta berriz ere zorioneko gara, ondoren hau dakarrelako:
Honatx Apunte eta egileen zerrenda:
[…] FILOSOFIA (DIALECTICA) – HERACLITO: Antton Artamendi. 12 horrialde – HEGEL: J. Antonio Amutxategi. 8 horrialde – MAO: Jon Sodupe. 15 horrialde
Amutxategi dakarren lekuan, Amutxastegi irakurri behar da (Jose Antonio Amutxastegi Etxabe), jakina, Sodupe dakarren lekuan, Sudupe (Jon Sudupe Martija), eta Antton dakarren lekuan, Anton (Anton ―edo Jose Antonio― Artamendi Mugerza). 1977 hartako UEUko Filosofiako ikastaroaren egitarau osoa ere gorde da UEUren artxiboan, eta dokumentu honetan akatsik gabe bildu dira izen guztiak:
V. UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA
FILOSOFIA SAILBURU: ANTON ARTAMENDI
PROGRAMA
DIALEKTIKA 1.− Heraklito (I) 2.− Heraklito (II) Hizlari: ANTON ARTAMENDI
3.− Platon (I) 4.− Platon (II) Hizlari: ANTON ARTAMENDI
5.− Descartes – Leibniz (I) 6.− Descartes – Leibniz (II) Hizlari: JESUS MARI LARRAZABAL
7.− Hegel (I) 8.− Hegel (II) Hizlari: J.A. AMUTXASTEGI
9.− Lenin (I) 10.− Lenin (II) Hizlari: P. GARMENDIA
11.− Mao (I) 12.− Mao (II) Hizlari: J. SUDUPE
Ez da nolanahiko egitaraua! Mirestekoa da halako egitaraua apailatu izana, halako izenekin.
Filosofia Sailak 1977ko ikastarorako prestaturiko ikasmaterialetara itzulita, ez dut ezagutzen Jose Antonio Amutxastegik Hegeli buruz idatzitako zortzi orrialdeko liburuxkaren alerik. Jon Sudupek Maori buruz idatzitako hamabost orrialdeak UEUren liburutegian ikus daitezke, Mao: kontradizkzioaren teoria izenburuarekin. Eta Anton Artamendik Heraklitori buruz paraturiko hamabi orrialdeak… Heraklitoren Izadiari buruz izeneko liburuxka izan behar dira, hain zuzen Heraklitoren testu-zati guztien euskarazko itzulpena.
Anton Artamendiren biografia osoena Eibarko Udalaren webgunean aurkitu dut, baina nago euskalgintzan (UEUn, adibidez), euskal unibertsitateari buruzko eztabaidan, edo Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak antolatzean eginiko ekarpenak ahaztuta ez ote diren geratu. Egia da Inguman bilduriko Artamendiren aztarnak ia-ia soilik 1975-1979 tartean pilatzen direla, eta, iruzkintzen ari garen Heraklitoren itzulpenaz gain, hark idatziriko lan bakarra aurkitu dudala euskaraz, hain zuzen Jakin aldizkarian 1977an “Unibertsitatea dela eta” argitaraturiko 15 orrialdeko artikulua (Eta kitto Eibarko astekarian 2005-12-16an argitaraturiko elkarrizketaz landa).
Egongo da Anton Artamendik euskalgintzan (eta euskal itzulpengintzan?) egin bide zuen ekarpenaz nik baino gehiago dakienik, nik egunotan ikasi dudana baino ez baitakit… blog honetako iruzkinen txokoa leku egokia izan liteke ekarpenak jasotzeko.
Koldo Eleizalde bergararrak Piarres Broussain hazpandarrari 1916-10-14an idatziriko gutun batek (Charritton 1986: 347) eraman nau 1916an Londresen euskaraz argitaraturiko liburu baten itzultzailearen aztarnak miatzera. Gutun horretan, ”Raemaekers’en idaztia” aipatzen da:
Agur, ene yauna: Bidali didazun Raemaekers’en idaztia atsegiñik bizienaz artu izan dut, eta beratzaz eskarrik aunitz bai-damazkizut. Ezaguna nuen Raemaekers’en egipen eder ori, ta maitasunez begiratua, Alkartuen aldekoa naizelako, gudu ikarakor untan, eta batez ere, Belgika gaxo ta goitiarraren alde-aldekoa. Nire ustez beintzat (eta uste zuzena dela deritzat) euzkeldun zintzo guziok Аlkartuen aldekoak izateko bearpe estuan gaude, errien azkatasuna Alkartuok aldezten dutelako. Orregatik bada, gudua asi zanetik una, gure periodiku «Euzkadi»n Alkartuen aldez aunitz gauza ipiñi bai-ditugu, ta Kaiser gaiztoaren arrokeri ta ankertasuna adierazten.
Atsegin aundia izan zait Raemaekers’en idazkunak euskeraz ikustea: aunegatik ere txalo ta eskar aunitz irabazi dizkizute.
Betor bai, lenbaitlen bakea: ez baña bake errena, zuzendasunean ezarritako bakea baizik, eta Kaiser gaiztoaren anduste ta almena ausi ondoren! Eta gora Alkartuak eta euren aldez diraden gogo zintzo guziak!
Yainkoak onetsi bizaitza, ta agindu nai dezakezun ainbat zure aizkide ta zerbitzari den
…………..Eleizalde’tar Koldobika’ri
Ikusten denez, Hego Euskal Herriko Eleizaldek (gogoratu Espainia neutrala zela Lehen Mundu Gerran) konplizitate kutsuz aipatzen dio Hazparneko alkate Broussaini (198 hazpandar hil bide ziren Gerra Handian, horietatik 120 lehenengo hiru urteetan, 1914-1915-1916an, gutunaren data baino lehen) aliatuen aldeko hautu garbia, eta “zuzentasunean ezarritako bakea” desio duela jakinarazten dio.
Manterolaren liburuan ikasi genuen Louis Raemaekers (1869-1956) holandarrak gerrari buruzko 1.300 lan marraztu zituela, eta ordura arte marrazkilari batek inoiz izandako arrakastarik handiena lortu zuela.
1915-1916-1917an, hainbat erakusketa antolatu ziren Estatu Batuetan Raemaekersen marrazkiak erakusteko publiko zabalari eta, jakina, iritzi publikoan eragiteko. Erakusketetan, katalogoak eta marrazki-bildumak saldu ziren, eta azkenik, 1916-1917an, The “Land & Water” edition of Raemaekers’ cartoonsargitaratu zen, atalka (Manterola 2012: 116-124). Bilduma horretan, koloretan zeuden Raemaekersen marrazkiak, eta bakoitzaren ezkerreko orrialdean orrialde bateko testua zegoen, idazle ezagunen bati eskatua; marrazki bakoitzaren azpian, testu laburtxo bat (hitz batzuk, lerro bat, lerro batzuk…).
1916an, Hodder & Stoughton argitaletxeak Raemaekers cartoons liburuxka merkea argitaratu zuen ingelesez (Manterola 2012: 100). Orrialde bakoitzean marrazki bakarra zegoen, zuri-beltzean, eta azpian testu labur bana (beti “Land & Water” ediziokoan marrazki bakoitzari zegokionaren oso antzekoa, baina ez beti berdin-berdina) eta hori izan zen, hain zuzen, munduan zehar hainbat hizkuntzatara itzultzeko erabili zen jatorrizkoa, besteak beste gaztelaniazko Cartones de Raemaekers (bigarren edizioan, izenburuan, el célebre artista holandés gehituta), katalanezko Cartrons de Raemaekers, famós artista holandès eta euskarazko Raemaekers Olandi’ar margolari antzetsu erostiaren Marku-ostoak bertsioen oinarria. Denak argitaratu ziren Londresen, National Press Agency Limited argitaldarian, Wellington House gerrako propagandarako bulego britainiarrak eta Foreign Office kanpo-arazoetako ministerioak sustaturik.
Ismael Manterolaren liburuaren bidez jakin dugu (Manterola 2012: 126-127) gaztelaniazko testuaren itzultzailea Fernando Arteaga Pereira (1851-1934) izan zela, hain zuzen Oxfordeko Unibertsitateko espainiera-irakaslea, idazlea eta ikertzaile katedraduna.
Euskarazko itzulpena ere ez dago sinaturik, baina Ismael Manterolak (2012: 148-153) aurkitu ditu garai hartako Wellington Houseko eta Foreign Officeko gutunak zeinetan argi esaten baita “Reverend Father Echalar of the Colegio de Lecároz, Navarre” izan zela itzultzailea eta hark berak zuzendu zituela inprentako probak. Itzulpen-akatsen batek iradokitzen duenez, oso litekeena da euskal itzulpenarentzat zubi-testua gaztelaniazko itzulpena izatea (Manterola 2012: 151).
Eusebio Eltzaurdia Zubieta (Etxalar 1874 – Lekaroz 1956) fraide kaputxinoa, Eusebio Etxalarkoa (berak, euskaraz, “fr. Eusebi Etxelarkoa” erabiltzen zuen), idazle, irakasle eta euskalari moduan agertzen da Santi Onaindiaren Euskal Literatura IIn (Onaindia 1974: 399-401). Pello Apezetxeak, 2007ko artikulu batean, haren gaztelaniazko euskalaritza-lanen zerrenda osoagoa eskaintzen du, eta azpimarratzen du 1919an hautatu zutela euskaltzain urgazle, hain zuzen Euskaltzaindiaren sorreran. Ez du aipatzen Nafarroako eta Lapurdiko herrietako gutxienez 23 berriemailerekin egin zituela elkarrizketak Erizkizundi Irukoitzaren galdetegi dialektologikoa betetzeko. Euskaraz argitaraturiko lanik ez da agertzen, baina bai Julio Urkixori euskaraz idatziriko hamar gutunen berri zehatza. Euskaltzaindiaren Artxiboan beste bi gutun ere badira Eusebio Etxalarkoak euskaraz idatziak: batean euskaltzain urgazle izateko izendapena onartzen du (1919ko azaroan), eta bestean Resurreccion Maria Azkueri idazten dio -aizun / -izun eta -tegi atzizkiez (1925-12-20an).
Ez Onaindiak ez Apezetxeak ezin zuten aipatu Eusebio Etxalarkoak britainiarrentzat eginiko itzulpen-lana, artean egiletza ezkutukoa zelako… edo ia-ia ezkutukoa. Ismael Manterolak erakutsi duenez (2012: 151-60), Edward Spencer Dodgson euskalariak, jakinminez eta neurri batean miresmenez, zuzenean galdetu zion Foreign Officeko Stephen Gaseleeri zein zen itzultzailea, itzulpena “good but not quite classical” iruditzen baitzitzaion. Dogdsonek, nonbait, War Officeko zerbitzuekin kolaboratzen zuen, behar zutenean euskarazko testu susmagarriak ingelesera itzuliz (“… the suspicious letters which I was called up twice from Oxford to the War Office to interpret in June 1915”), eta ez zioten ukatu itzultzailea zein zen jakitea.
Julio Urkixok, ordea, “Estado actual de los estudios relativos a la lengua vasca” hitzaldia eman zuenean Oñatin, Euskal Ikasketen Lehen Biltzarrean, 1918-09-03an, eta 1919an argitaratu zuenean, ez zekien nork egin zuen Raemaekersen liburuaren euskal bertsioa, hain zuzen euskararen arazo bere ustez larrienaren adibide moduan hautaturikoa (Urkixo 1919: 420-421):
Entre estos problemas de orden práctico, los que parecen más urgentes son el de la unificación ortográfica y el de los neologismos. (…) Más difícil es conseguir un acuerdo en lo que se refiere al segundo problema, o sea el del léxico.
En esta materia se observan dos tendencias: la de los que siguen a Arana Goiri (uno de los vascos que más se han preocupado por el resurgimiento de la lengua), el cual preconiza en sus escritos el abandono de todos los vocablos que el euskera ha tomado del latín o de las lenguas neo-latinas, y la de los que pretendemos que deben respetarse, a falta de vocablos genuinamente vascos, aquellos que se han asimilado a nuestra lengua mediante una evolución fonética o semántica.
Los escritos de algunos vizcainos no los entendemos más que dos docenas de iniciados, y algún folleto existe (Raemaekers Olandi’ar margolari antzetsu erostiaren Marku-ostoak, Londres, National Press Agency Limited, 1916) que, a pesar de ser de propaganda, no lo comprende, sin previa explicación, más que su propio autor.
Hortaz, Urkixok salatzen duen akatsa neologismoen gehiegikeria da, testu ulertezinak sorrarazten dituelakoan. Izenburua bera aski esanguratsua da Eusebio Etxalarkoaren jokabidea erakusteko: marku-osto hitz berriak ez dakit ‘marko-hosto, markodun orria, bineta’ ala beste zerbait adierazi nahi duen, eta ez dut beste inon aurkitu; edo erosti oso bakan erabili da, beti herosti forman, pentsatzeko moduan Eusebio Etxalarkoak berak sortu duela, erots izenari (zeina Erroman Berakoaren 1909ko Euzkel-iztegitxuan ageri baita, ‘ruido que produce el pedrisco’ esanahiarekin) -ti atzizkia erantsita.
Izan ere, euskal ondareko hitzei atzizkiak erantsiz hitz berriak sortzea da Eusebio Etxalarkoak berak defendatzen duen bidea, Julio Urkixori 1918-12-02an idatziriko gutunean. Aipaturiko mintzaldiaren argitalpena irakurri ondoren idatzi zion, esan gabe bera zela Raemaekersen liburua euskaratu zuena, baina itzultzailearen jokamoldea defendatuz:
… maiteago zaizkigu euskal iriña erdal zaiakin nasten eztituzten irazkiak (idazkiak). (…) Nola egin erdal nazkagarrira itzuli gabe? Ateka txar orretan naski ibilli zen Raemaekers’en bigurkina (el traductor) [Oin oharrean: Erdaratik uskarara bigurtu erraiten dute nire errian, orratik bigurtzaile, bigurkina ez guziz berriak.], baño oroitzak lagundu ziolarik, ateri zen nolerebait ala ala, euskal itzak atzekien bidez orniturik. (…) Egin ote zuen ongi? Gogoz bedere baietz uste dut; egiña ez ain errazki gelditurik ere. (…) Orrelaxe ein zuen naski arek, eta atsein eman zioten gudurako mugan zeuden eskualdun gazte gaixoei. Zioten bi bider argitara ateri zutela liburuxka ori.
Neologismoen erabilera bada Eusebio Etxalarkoaren itzulpenaren ezaugarri bat, baina aipatu beharrekoa da orobat nafar euskalkiaren kolorea. Hona hemen pasarte batzuk:
THE SHIELDS OF RÖSSELAERE “It is proved that the rules and usuages of war were frequently broken. Particularly by the using of curtains, including women and children, as a shield for advancing forces exposed to fire”. Report of Lord Bryce’s Committee on German outrages.
LOS ESCUDOS DE RÖSSELAERE “Está probado que las reglas y los usos de la guerra fueron frecuentemente quebrantados. Particularmente por el empleo de paisanos, inclusos mujeres y niños, como escudo de las fuerzas que avanzaban expuestas al fuego”. Informe de la Comisión de Lord Bryce acerca de las atrocidades alemanas.
ROSSELAERE’KO GERIZAPETAN “Ageri da gudurako eredu eta oiturak autsiak izan zirela maiz-maiz, ipiñirik sarri nekazariak, baita ere emakumeak eta aurrak, oldarkiñen gerizaperako, zioazilarik aitziñera suarontz”. Lord Bryce’ren Biltzarreko agerkizuna alemaniarren sarraski izigarriaz. [3. or.] .
SEDUCTION Germany to Belgium: “Aren’t I a lovable fellow?”. .
SEDUCCIÓN Alemania a Bélgica: “¿No es verdad que soy un muchacho muy digno de ser amado?”. [5. or.]
SIYMPATHY “If I catch you looking so sad again, I’ll send you to Germany after your father”.
SIMPATÍA “Si te cojo otra vez con una cara tan triste, te mandaré a Alemania como a tu padre”.
MAITAGARRIKI “Arpatzen baaut olako aurpegi illuñez, igorriko aut Alemaniara ire aita bezalaxe”. [11. or.] .
GERMANY’S VICTIMS “We find many well-established cases of the slaughter of … quite small children”. Report of Lord Bryce’s Committee on German atrocities. .
LAS VÍCTIMAS DE ALEMANIA “Encontramos muchos casos bien probados de asesinatos de … niños muy pequeños”. Informe de la Comisión de Lord Bryce acerca de las atrocidades alemanas.
Duela mende bat idatzi eta bihurturiko hitzak irakurtzean, ezin naiz geratu Israelgo estatua Palestinan egiten ari den sarraski izugarria salatu gabe, eta ezin dut aurkitu Koldo Eleizalde bergarar bermeotartuarenak baino esaldi egokiagorik amaitzeko: “Betor bai, lenbaitlen bakea: ez baña bake errena, zuzendasunean ezarritako bakea baizik”.
Duela urtebeteko Arimen Gauaren inguruan, Bernart Gazteluzarren [Dialoga] ifernuko tromenten gainean aztertu genuen blog honetan, eta erakutsi genuen bizien eta arima kondenatuen arteko elkarrizketa hura frantsesetik euskaratu zuela Gazteluzarrek, frantsesezko XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batetik hartuta. Esan genuen testuak arrakasta handia izan zuela, eta, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, behin eta berriro berrargitaratu zela XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako (eta Zuberoa herriko) kantika espiritualen bildumetan. Azkenik, aipatu genuen lan polita litzatekeela testu-aldaerak eta doinu-aldaerak aztertzea, Salvat Monhoren bertsioa barne.
Aurten ere Domu Santu egunaren inguruan suertatu zaigu 31 eskutik blogerako idaztea, eta, heriotzari buruzko kantu euskaratuen bila, berriz ere Salvat Monhoren poema-bildumara jotzea deliberatu dugu.
Piarres Lafitteri zor diogu Monhoren eskuizkribuaren argitalpena, 1972an argitaratu baitzuen, Baionako Euskal Museoaren Editions Ikas argitaletxearen zigiluarekin, Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821) liburua, eta, euskarazko itzulpenaren historiaz interesaturik dagoenaren betaurrekoekin irakurtzen baditugu Monhoren bildumako testuak, laster ikusiko dugu, iaz aipaturiko Kreatura damnatua kantikaren bidetik (eta hemen ezin azaldu ditugun Monhoren bildumako beste batzuen bidetik), Omiasaindu egunaren inguruan aipatzeko hautatu dugun Munduko gauzen ez-deustasuna euskarazko kantikaren frantsesezko jatorrizkoa ere XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batean bilatu behar dela. Monhoren eskuizkribuak ohar oso lagungarria dakar bilaketarako: “Aire huntan: Tout n’est que vanité”.
Vanité des choses du monde kantika Lyonen 1805ean argitaraturiko Recueil de cantiques spirituels avec les airs notés, a l’usage des Maisons d’Éducation Chrétienne liburuan (39.-43. or.) aurkitu dugu lehenengoz (eta gero, etengabe, XXI. mendera arte), baina ziur guk eskura ez dauzkagun bildumetan ere agertua zela lehenago, eta lehenagotik kantatzen zutela eliztarrek. Gainera, Lyongo 1805eko aipatu edizioan 11 ahapaldi daude, baina Marseillan 1806an argitaraturiko Recueil de cantiques spirituels (350.-354. or.) bilduman, ordea, 13 ahapaldi daude, Monhoren sortan bezala.
Kantikaren 13 ahapaldietako lehenengo laurak ikusiko ditugu hemen, gosegarri gisa. Ezkerreko zutabean, Monhoren bildumako testua eman dugu, Lafitteren ediziotik hartuta; baina kontsonante hasperendunak ere markatu ditugu (XIX. mendeko eskuizkribuan dauden moduan), eta puntuazioa aldatu dugu. Frantsesezko testuan, puntuazioa bakarrik aldatu dugu.
Monhoren bilduma c. 1819-1838
Recueil de cantiques… 1805
MUNDUKO GAUZEN EZ-DEUSTASUNA
(Aire huntan: Tout n’est que vanité)
VANITÉ DES CHOSES DU MONDE.
Air Nº 20.
1 Munduko gauzetan, ez hunen agintzetan, ez du nihork aurkhitzen zorion faltsorik baizen. Beti da gezurti atheratzen. Halere, bethi edireiten ditu gizonak fidatu nahi zaizkonak.
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d
1 Tout n’est que vanité, mensonge, fragilité, dans tous ces objets divers qu’offre à nos regards l’univers. Tous ces brillans dehors, cette pompe, ces biens, ces trésors, tout nous trompe, tout nous éblouit; mais tout nous échappe et tout fuit.
2 Kanpotan liliak nola tu iguzkiak goixtirian zabaltzen, arratsalderakotz histen; hala da gizona ganbiatzen, haren adina iragaiten: sorthu deneko, han du arrasta hiltzeko.
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d
2 Telles qu’on voit les fleurs avec leurs vives couleurs, éclore, s’épanouir, se faner, tomber et périr; tel est des vains attraits le partage, tel l’éclat, les traits du bel âge: après quelques jours, perdent leur beauté pour toujours.
3 Mundutar arinek, ez gazte libertinek, ez darotet ofritzen atsegin-jokorik baizen. Ordean, atsegin gozo hetan, pulunpa nadin guzietan, ene bihotza bethi gelditzen da hutsa.
6a 7a 7b 8b 6c 4d 5c 4d 5e 8e
3 En vain, pour être heureux, le jeune voluptueux se plonge dans les douceurs qu’offrent les mondains séducteurs. Plus il suit les plaisirs qui l’enchantent, et moins ses désirs se contentent, le bonheur le fuit à mesure qu’il le poursuit.
4 Hiltzerat dohanak zertako tu izanak? Dire nekez bilduak, urhe eta zilhar multzoak. Mundu hunen jabe beher huntan izanik ere, haren tonban ez da kausitzen gorphutz ustelkor bat baizen.
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d
4 Que doivent devenir, pour l’homme qui doit mourir, ces biens long-temps ramassés, cet argent, cet or entassés? Fût -il du genre humain seul le maître; pour lui, tout enfin cesse d’être; au jour de son deuil, il n’a plus à lui qu’un cercueil.
Euskarazkoaren eta frantsesezkoaren artean silaba-kopuruak eta errimak tartekatu ditugu, erakusteko horretan ere itzulpena jatorrizkoaren zordun dela, eta horrek baldintzatzen duela, zalantzarik gabe, itzulpenaren zehaztasuna. Jean Haritxelharrek aztertu zuen Monhoren bildumako metrika, eta, Lauda Sion kantikaz ziharduelarik, hau idatzi zuen: “Salvat Monhok segitzen du latinezko kantua, bai hitzetan eta bai metrikan” (Haritxelhar 2004: 139). Ondo ikusi zuen euskarazkoa latinezko kantika ezagunaren itzulpena dela; aztertzen ari garen kantikaren kasuan, ordea, guk dakigula Monhoren bildumako kantuak aztertu dituzten guztiek bezala, euskaraz sortua balitz bezala aztertu zuen, eta ez itzulpen bezala.
Hortaz, aurrekoa ikusita, esan behar dugu Salvat Monho itzultzaile-lanetan ari zela? Orain, itzulpena dastatu ondoren, filologoaren betaurrekoak janzten baditugu, esan beharko dugu erantzuna ez dela hain erraza. Uste dut Katixa Dolharek arrazoi handia zuela ondoko hau idatzi zuenean: “Lafittek eskaini edizioa tronpagarria da, ustearaz bailiezaguke Monhok obra bat sortu zuela, borobila, koherentea” (Dolhare 2023: 120).
XIX. mendeko kaiera, nonbait 1819-1838 urteen artean osatua, Lafittek edizioa apailatzeko baliatu zuena, Lafitte Funtsean dago orain (LAF-402-017) eta, haren argazkiak aztertu ondoren, Katixaren uste bereko gara: ez dago batere argi zer den Monhorena eta zer ez. Eskuizkribuko hiru kaierek (zeinetarik bi argitaratu baitzituen Lafittek) askotariko bilduma osatzen dute, jatorri bat baino gehiagotarik kopiaturiko poema eta kantuz ondua. Hau ez da toki egokia eskuizkribuan agertzen diren atal guztiak aztertzeko, baina aztertzen ari garen kantika bilatu dugu XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako eta Zuberoa herriko kantika espiritualen bildumetan, eta baita aurkitu ere. Baionako diozesakoetan, 1804ko Cantica izpiritualac bilduman (9.-14. or.) aurkitu dugu lehenengoz. Ez dugu aurkitu lehenagoko 1751, 1775, 1780, 1783 eta 1786koetan, baina XIX. mendean 1820, 1824, 1826, 1827, 1834… eta hogeigarren mendera arteko bildumetan agertu zaigu, izan duen arrakastaren seinale. Zuberoa herriko bildumetan, 1846ko Cantica espiritualac bilduman (37.-40. or.) bakarrik aurkitu dugu.
Hona hemen hiru bertsioak:
Monhoren bilduma c. 1819-1838
Baionako diozesako Cantica izpiritualac Baiona, 1804
Zuberoa herriko Cantica espiritualac Baiona, 1846
MUNDUKO GAUZEN EZ-DEUSTASUNA
(Aire huntan: Tout n’est que vanité)
MUNDUKO GAUZEN FUNTS-GABETASUNA
(Aire huntan: Tout n’est que vanité)
MUNDUKO VANITATEZ
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d
1 Munduko gauzetan, ez hunen agintzetan, ez du nihork aurkhitzen zorion faltsorik baizen. Beti da gezurti atheratzen. Halere, bethi edireiten ditu gizonak fidatu nahi zaizkonak.
1 Ez da mundu huntan, ez hunen agintzetan, behin ere aurkhitzen zorion faltsorik baizen. Beti da gezurti atzematen. Halere, bethi edireten ditu gizonak fidatu nahi zaizkonak.
1 Ezta mündü huntan, ez hunen xarma orotan, egiazko plazerik, inganio faltsü baizik. Bethi da gezürti suertatzen. Halere, bethi edireiten dütü gizonak fidatü nahi zaitzonak.
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d
2 Kanpotan liliak nola tu iguzkiak goixtirian zabaltzen, arratsalderakotz histen; hala da gizona ganbiatzen, haren adina iragaiten: sorthu deneko, han du arrasta hiltzeko.
2 Lore eta liliak nola tu iguzkiak goiz-aldean zabaltzen, arrats berean mudatzen; hala da gizona ganbiatzen, haren adina da suntsitzen: jaio deneko, han du arrasta hiltzeko.
2 Nula beitütü ekhiak goizan sorthü liliak goiz berartan zabaltzen, arrats bereko fanitzen; hala da gizona khanbiatzen, haren adina igareiten: sorthü deneko, han dü mezia hiltzeko.
6a 7a 7b 8b 6c 4d 5c 4d 5e 8e
3 Mundutar arinek, ez gazte libertinek, ez darotet ofritzen atsegin-jokorik baizen. Ordean, atsegin gozo hetan, pulunpa nadin guzietan, ene bihotza bethi gelditzen da hutsa.
3 Mundutar arinek, ez gazte libertinek, ez darotet agintzen atsegin gozorik baizen. Bainan pulunpatu banaiz hetan, ez dut aurkhitu guzietan deus funtsezkorik, deus atsekabez bertzerik.
3 Eztero mündütarrak, ez liberti gaztiak, ikhusten mündü huni hun, plazer, xarma baizi. Bena behin hetan bada heltzen, ez dü güzietan edireiten deuz plazer hunik, deuz phena baizik besterik.
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d
4 Hiltzerat dohanak zertako tu izanak? Dire nekez bilduak, urhe eta zilhar multzoak. Mundu hunen jabe beher huntan izanik ere, haren tonban ez da kausitzen gorphutz ustelkor bat baizen.
4 Hil behar gizonak alfer tu ontasunak, diru nekez bilduak, urre eta zilhar multzuak. Liteken nihoren behar gabe mundu beraren balitz jabe, hil eta zaio gathabut bat geldituko.
4 Hil behar dianak auher tü huntarzünak, ürhe eta zilharrak, eta beste müble ederrak. Mündia osorik balü ere, deuz abantaillarik hark elüke, arima gaxua sekülakoz gal baleza.
Zuberoako herriarentzat moldaturiko bertsioan, badirudi lapurterazkoa izan dela oinarri eta zubererara aldatzean beste moldaketa batzuk ere egin direla (batzuetan errima berria bilatu beharrak eragin du moldaketa, baina beste batzuetan hautu desberdinak egin dira lexikoan, ez ezinbestean euskalkiarekin lotuak). Baina Monhoren bildumako testua eta Baionako diozesako bildumakoa konparatuta, bistan da testu beraren aldaerak direla, aldaketa txiki-txikiekin, eta ez dut ikusten ezer bat bestea baino lehenagokoa edo bat bestearen zordun dela erakusten duenik.
Hortaz, jakintzaren gaurko egoeran, bi hipotesi hauek, behintzat, posible dira:
Salvat Monhok euskaratu zuen frantsesezko kantika, eta horregatik dago Monhoren bilduma deitu dugun eskuizkribuan. Monhoren itzulpena Baionako diozesako kantika-liburuetan bildu zen.
Itzultzaile ezezagun batek euskaratu zuen frantsesezko kantika Baionako diozesako kantika-liburuetarako, eta horietakoren batetik kopiatu zuen Monhok edo Monhoren bilduma deitu dugun eskuizkribuaren kopiatzaileak.
Gaur-gaurkoz, kantu honi dagokionez, izen-abizenekin ezagutzen dugun itzultzaile bakarra Piarres Lafitte bera da, euskaratik frantsesera itzuli baitzituen Monhoren poematzat argitaraturiko guztiak, 1972ko libururako. Hona hemen bigarren ahapaldiaren atzeraitzulpena, frantsesezko jatorrizkoaren eta Monhoren bildumako euskal itzulpenaren ondoan:
Monhoren bilduma c. 1819-1838
Recueil de cantiques… 1805
Lafitte 1972
2 Kanpotan liliak nola tu iguzkiak goixtirian zabaltzen, arratsalderakotz histen; hala da gizona ganbiatzen, haren adina iragaiten: sorthu deneko, han du arrasta hiltzeko.
2 Telles qu’on voit les fleurs avec leurs vives couleurs, éclore, s’épanouir, se faner, tomber et périr; tel est des vains attraits le partage, tel l’éclat, les traits du bel âge: après quelques jours, perdent leur beauté pour toujours.
2 Comme les fleurs à la campagne sous l’effet du soleil s’ouvrent le matin et sont faneés pour le soir, ainsi l’homme change, son âge passe; à peine est-il né qu’il reçoit son arrêt de mort.
Baten bati kantatzeko gogoa biztu bazaio, hemen entzun dezake frantsesezko kantika, eta gero, horren antzera, organoaren doinuarekin kanta dezake euskarazkoa. Gabriel Lertxundi ikertzaile eta musikariak, Kantikak. Cantiques basques liburuan (1948: 22-23), berak sorturiko melodia berriaren partiturak eman zituen, baina ez dut aurkitu horren grabaziorik eta ez dakit arrakastarik izan ote zuen.
Euskalari orok daki Julien Vinsonek euskal bibliografiari buruzko lan erraldoi oraindik erabili beharrekoa idatzi zuela, hain zuzen Essai d’une bibliographie de la langue basque (1891, 1898) ospetsua. Wikipedian hizkuntzalari moduan aurkezten da (ez bakarrik euskarazkoan, baita frantsesezkoan, katalanezkoan eta ingelesezkoan ere), eta zehazten da Indiako hizkuntzak (bereziki tamilera) eta euskara landu zituela. Eta esango nuke antropologiaren eta etnografiaren alorrean eginiko lana ere aitortzen zaiola (Julio Urkixok 1927an argitaraturiko ohar nekrologikoan eta Auñamendi Entziklopedian, behintzat). Georges Lacombek, 1927an Gure Herria aldizkarian argitaraturiko ohar nekrologikoan, azpimarratzen du Julien Vinsonek askotariko lanak idatzi zituela, askotariko alorretan: historia, folklorea, literatura, antropologia, bibliografia, filologia eta linguistika zerrendatzen ditu, askotarikotasunaren berri emateko.
Baina ez dut inon ikusi haren itzultzaile-lana aintzat hartu denik, hark eginiko itzulpen-lan batzuk aipatzen diren arren. Frantsesezko Wikipedian dagokion sarreran, bada Traductions atala, eta hiru itzulpen-lan aipatzen dira:
Ferenc Ribary hungariarraren Essai sur la langue Basque, 1877an argitaratua, Vinsonek hungarieratik frantsesera itzulia. Euskalarien lanetan ere aipatu ohi da liburu hau, baina arreta gehiago jarri da Vinsonek erantsitako oharretan, hark eginiko itzulpen-lanean baino.
Budisten eta djainisten elezaharren bilduma, Vinsonek berak paratu, oharrez hornitu eta tamilerarik frantsesera itzulirikoa: Légendes bouddhistes et djaïnas, 1900.ean argitaratua, bi liburukitan.
Hemen, euskaratik frantsesera eginiko itzulpenak aipatu nahi ditut: Le folk-lore du Pays Basque(1883) izen laburrarekin ezagutu ohi den liburuaz ari naiz, izan ere, funtsean, budisten eta djainisten elezaharrez osaturiko bilduman tamilerarekin bezalatsu, liburu honetan ere euskaraz bilduriko elezaharren, ipuinen, kantuen, asmakizunen, atsotitzen, koplen, pastoral-zatien… eta oro har ahozko literaturako adierazpen orotarikoen itzulpenak dauzkagu.
Julien Vinsonek ere, bere hitzaurrean, beste ezertaz baino lehen, eta beste kontu batzuei buruz baino suhartasun kartsuagoz, itzulpenaz dihardu: “J’ai naturellement traduit directement sur le texte basque” (XIV. orr.). Zuzenean jatorrizkotik (kasu honetan euskaratik) itzuli ahal izatea ezinbestekoa dela uste du, eta funtsezkoa iruditzen zaio zehaztasuna. Ez ditu onartzen ez parafrasiak ―“les traductions fournies à M. Cerquand par ses collecteurs sont trop souvent de déporables paraphrases” (XIV. orr.)―, ez moldaketa edo egokitzapenak ―“Une traduction, pour être exacte, ne saurait être une adaptation, un arrangement” (XXXIV. orr.)―.
Pasarte luzetxoago bat ekarriko dut osorik:
J’ai traduit en effet, suivant mon habitude, aussi littéralement que possible; j’ai cherché à serrer le texte de près et, dans les poésies, à conserver les divisions originales. Je n’ai jamais admis le systéme qui consiste à habiller d’un français académique et guindé des pensées exprimées dans des langues étrangeres; à jeter sur le lit de Procuste du beau langage les productions nées au delà du Rhin, Des Alpes, ou des Pyrénées (XXXIII. orr.).
Ahalik eta modurik literalenean itzuli duela dio, jatorrizko testuari gertutik jarraitu diola, eta poemetan jatorrizko zatiketak gordetzen saiatu dela. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio uko egitea frantses apain eta akademikoari, ahozko literaturako testuen itzulpenetan frantses hori erabiltzea Prokrustesen ohea erabiltzea bezalatsu baita: luzeegia behar gabe laburtzea. Prokrustesen mitoaren Antzinateko bertsioetan, Gaio Julio Higinorenean (K.a. 64 – K.o. 17) adibidez, Prokrustesek bi ohe zituen:
Procrusten Neptuni filium. Ad hunc hospes cum venisset, si longior esset, minori lecto proposito reliquam corporis partem praecidebat; sin autem brevior statura erat, lecto longiori dato incudibus suppositis extendebat eum, usque dum lecti longitudinem aequaret. Hunc interfecit. (Hyg. Fabulae, XVIII, 3)
Prokrustes Neptunoren semea hil zuen [Teseok]. Prokrustesengana ostatu-hartzaileren bat iristen zenean, handia bazen, ohe laburra eskaintzen zion, eta kanpoan geratzen zitzaion gorputz-zatia mozten zion; altuera txikikoa bazen, ordea, ohe luzea eskaintzen zion eta ingudeen pisuaz tiraka eginda luzatzen zuen, ohearen luzera berdindu arte.
Dirudienez, zehaztasunaren izenean, Julien Vinson gehiago amorratzen zuen luzea laburtzeak laburregia behar gabe luzatzeak baino. Nolanahi ere, gure ustez, bildumaren helburuetarako, itzulpen onak egin zituen. Hona hemen bat, ia-ia ausaz hautatua (Vinson 1883: 209-210):
Kuku! miku! Chorijak sasian umiak ditu! Sagusarrak jango al ditu! Sagusarra alkate: Marijak bai gura leuke!
Coucou! Couvée! L’oiseau a ses petits dans le buison! La chauve-souris pourra les manger! La chauve-souris est alcalde: Maria le voudrait bien, oui!
Eta beste hau ez da ausaz hautatua, nik gaztetan (ikasle-garaian, o tempora!, o mores!) irakurritako Vinsonen lehenengo itzulpena baita. Jean Mekol Garindainekoak idatziriko Edipa pastoralaren 1793ko eskuizkribuaren edizioa prestatzen ari nintzen, eta hara non aurkitu nuen Azken Pheredikia Vinsonek frantsesera itzulia. Lehenengo bost bertsetak kopiatuko ditut hemen, euskarazko jatorrizkoak nire ediziotik hartuta, eta frantsesezkoak Vinsonen itzulpenetik (Vinson 1883: 338):
Haur duciela, populia, goure trageria finitcen, ceren eta niq beiteriot coroua eçarten.
Badugu eçagutcia etciratela satisfactu eta suget miraculous haur eztugula ounxa representatu.
Ni baino festazaleagoak hasi dira inauterietako mozorroak prestatzen. Niri, Zuberoako pastoral zaharren eskuizkribuen artean nenbilela, Phantzart, ihauteetako trajikomedia etorri zait esku artera, Iñaki Mozos miretsiak 1982an editatua. Aguretxoaren irribarre txikiarekin ikusi dut 1989ko abuztuaren 10ean erosi nuela Mauleko Belatxa liburudendan, eta ezin izan naiz geratu begiratu gabe zein pastoral ikustera joan ote ginen Zuberoara 1989ko abuztuan (Googleren erantzuna: Zumalakarregi trajeria, agorrilaren 5ean, Altzai-Lakarrin).
D’avoir, samedi dernier, au port d’Orhy, enlevé toutes les huiles qu’apportaient sept Espagnols.
Igaran neskanegünian, Orhiko portian, bost españuli oliuak oro idoki zütian.
En outre, toutes les filles, depuis l’âge de dix ans jusqu’à l’âge de quarante ans, il les a dépucelées, quoiqu’elles ne fussent pas toutes vierges.
Hamar urthetarik berrogei urthetarako neskatilak oro despuntzelatü dütü, virjina etziradianak oro.
Est-il possible que dans ce paisible pays de Soule nous ayons un individu comme celui-là? Il faut le faire périr, à tout prix.
Ziberu herri plasent huntan zer süjet dügü hura, arren? Galerazi behar dügü zernahi den khostaren.
[…]
[…]
Aujourd hui, son tour est venu d’être lardé. Pour voir ce qu’il a dans le ventre, il n’y a qu’à lui ouvrir la panse.
Behar dü arren Phantzartek oraiko aldian lardatü eta barneko tripataren ikhusteko bear zaio phantzoila ürratü,
On installera Messire Cendres à sa place: de tout temps, j’ai ouï dire que c’est un honnête homme.
eta Mus de Hauste jauna haren plazan ezarri, gizun galant dela badüt entzütia sekülaz geroztik.
Georges Hérellek ez bazekien euskaraz (eta badirudi askorik ez zuela ikasi), nork egin zizkion frantsesezko itzulpenak? Liburuan ez dut aurkitu hori inon aipatzen duenik, baina gauza ezaguna da Leopold Irigarai zela Hérelleren informatzaile eta laguntzaile nagusia. Itzultzailea ere bai?
Gutxi dakigu Leopold Irigarairi buruz. Ez dut aurkitu hari dagokion sarrerarik ez Wikipedian ez Auñamendi Eusko Entziklopedian. Irakurri dugu Pauen jaio zela 1875ean, Ligi-Atherein bizi izan zela eta Garindainen hil zela. Ez dut irakurri Baionako Euskal Museoan dagoen orrialde bateko haren biografia, baina Baionako Mediatekan gorde diren gutunak (Hérelleri 1899tik 1928ra bitartean bidaliak) irakurrita, datu interesgarriak ikusten dira.
1899ko gutunak Ligitik bidaltzen ditu, eta ikusten da Hérellerentzat lanean ari dela (eskuizkribuak kopiatzen, besteak beste). 1900-1901 eta 1902ko maiatzera artekoak Atharratzetik bidali zituen. 1902ko uztailean Bordelen dago, hango Udal Bibliotekan, Baudrimont Funtsetako dokumentuak aztertzen Hérellerentzat. Baina 1902ko urrian Bilbotik idazten du, esanez gaztelania ikasteko gogoarekin joan dela “chez ce Monsieur dont je crois vous avoir parlé, qui faisait un dictionnaire basque a Licq”. Bistan da Resurreccion Maria Azkuez ari dela, Azkuek Pierre Broussaini bidalitako gutunetan ikusten baita Azkue Ligin izan zela 1902ko uztail-abuztuetan, bere hiztegirako informazioa biltzen; dirudienez, Azkuek lan-baldintza onak eskaini zizkion, berak basozain-lanpostua nahiago zuen arren (1902-10-01eko gutuna). 1902-12-04ko gutunean, bere Bilboko lana zein zen zehazten du, iseka-doinuan: “il [Azkue] a formé une reúnion de 8 personnes des différents dialectes basques, qu’il a baptisée du titre pompeux d’Accadémie, dont je suis le secrétaire en même temps qu’accadémicien souletin”. Bestalde, Azkueri frantsesez hitz egitera behartua zegoen (Azkueri frantsesa lantzen laguntzeko, nonbait). Horrez gain, Azkuek Broussaini 1902ko urriaren 25ean idatziriko gutunean, zehazki aipatzen du Irigarairen beste egiteko bat: “La Diputación ha aprobado la impresión gratis de mi Diccionario Vasco-Castellano-Francés. La traducción al franchute la haré yo, bien ayudado de Irigaray el de Ligui”. Bilbotik bidalitako azken gutuna 1903ko apirilaren 17koa da, eta 1903-05-13koa Ligin sinaturik da; hortaz, zazpi hilabete egin zituen Azkueren ondoan, gutunetan ageri denaren arabera ez oso gustura: “diable d’abbé” eta “irascible patron” (1903-01-05), edo “un Monsieur qui sait le latin: primo mihi” (1903-04-17) dira hura aipatzeko erabilitako hitzak.
Geroztiko gutunetan ikusten denez, merkataritzan egin zuen lan gehienbat. Hasieran, norbaiten janari-dendako enplegatu gisa (Maulen, 1903ko irailetik 1907ko maiatzera); gero, salgaien ordezkari gisa (représentant de commerce), 1915eko otsailera arte; ordurako Garindainen bizi zen (1913ko urritik), Anna Barcelonne eskola-maistrarekin ezkonduta; bi urte inguru egin zituen Mauleko txikixkari baten negozioan kontulari-lanak eginez (1915eko otsailetik 1916ko irailera), eta ondoren berriz hasi zen bere kabuz, salgaien ordezkari gisa; urte bete iraun zuen horrela eta 1917ko abuztuan janari-denda bat hartu zuen Bordelen, bere kontura, hiru langilerekin; emazteak eta hiru umeek Garindainen segitzen zuten, eta 1919ko azken eguneko gutun baten arabera, hurrengo Maulen ireki zuen janari-denda bat, bazkide batekin batera, familia osoarekin Garindainen bizi zelarik; 1922ko apirileko gutun batean, aseguru-etxe baten ordezkari gisa agertzen da (Représentant de commerce. Agent Général). Dirudienez, Garindainen bizi izan ziren geroztik ere, 1951n zendu arte.
Gutunetako edukian, kenduta kortesiazko hitzak, batez ere Hérelleren informatzaile-laguntzaile lanetan agertzen da, pastoralen inguruan eta oro har Zuberoako antzerkiaren (astolasterrak, maskaradak…), dantzaren (brailia…) eta ahozko literaturaren (albadak, kantuak…) inguruan. Askotan idazten dio esanez halako egunean, halako lekuan, halako pastorala edo halako maskarada antzeztuko dela edo antzeztu dela, edo antzezkizun horiei buruzko ohar zehatzak emanez. Beste gutun askotan, eskuizkribuen bila eginiko kudeaketen berri ematen dio (halakorekin egon dela, besteari buruz galdetu duela, saltzeko honenbeste diru eskatu diotela…); edo jakinarazten dio horietakoren bat kopiatzen ari dela. Bakar batean aipatzen du euskara-eskolak ematen ari dela Maulen (1908-06-03an, salgaien ordezkari zen garaian). Noizean behin, Hérellek Irigarairi diru-kopururen bat helarazten dio (1911-04-28an 50 libera, 1915-01-13an 100 libera…); badirudi soldata osagarria ateratzen zuela Irigaraik, Hérellerentzat lantxoak eginez.
Irigaraik gutun bakar batean aipatzen ditu, berariaz, itzulpen-arazoak. 1915-01-14ko gutunean, Aimunen lau semik pastorala itzultzean harturiko erabakiak defendatzen ditu: “Dans ma traduction du 1er vers […] j’ai supposé que la copiste a mis […], a moins que […] ne soit indépendant du reste de la phrase, ce qui je traduirait par […]. Vous voyez que ces vers ne son pas clairs et peuvent prêter à différents traductions, mais pour moi, je m’en tiens à celle que j’ai donnée […]. Vous pourrez donner une autre des interpretations, si vous le jugez plus plausible”.
Zergatik esan dugu izenburuan Irigarai itzultzailea informatzaile-laguntzailearen mozorropean ezagutu dugula? Argitalpen batean ere ez dugulako aurkitu itzultzaile gisa berariaz aitortuta. Kasurik deigarriena 1908ko Kaniko eta Beltxitina astolasterraren argitalpena da. Izenburu luze eta zehatz hau dauka Parisko H. Daragon argitaletxean argitaraturiko lanak: Canico et Beltchitine. Farce Charivarique. Traduite pour la première fois du basque en français d’après le manuscrit unique de la Bibliothèque de Bordeaux et accompagnée d’une Notice sur le Théatre Basque, et d’un Commentaire, par G. Hérelle, Membre du Comité des Travaux historiques et scientifiques. Liburu osoan ez dut aurkitu Leopold Irigarairen izenik, eta, gorago esan dugun moduan, Hérellek ez zekien euskaraz. Baina, Leopoldek alea etxean jaso zuenean, esker ona baino ez zeukan Hérellerentzat: “Jamais je n’aurais cru que de ce petit cahier on aurait pu extraire un joli volume comme ça. Je vous en remercie infiniment”.
Zalantzaren bat daukagu itzulpena nork egin ote zuen? Bat ere ez.
Baionako Mediatekako langileen katalogazio-lan zehatzari esker dakigu bilioteka horretako Ms. 54 zer den: “Ce manuscrit est la transcription et la traduction en français du manuscrit 1695.24 conservé à la bibliothèque de Bordeaux, par Léopold Irigaray et sur commande de Georges Hérelle. Sur le manuscrit de Léopold Irigaray, G. Hérelle a effectué un grand nombre d’annotations, notamment sur l’ordre des scènes, intercale des listes de personnages. Ce travail a donné lieu à la publication en français de cette pièce par Georges Hérelle en 1908”. Hortaz, zalantza izpirik ere ez, ezta?
Baina kontua da biblioteka horretan Léopold Irigaraik eginiko beste hainbat itzulpen ere badaudela. Baionako Mediatekako Ms. 108_1, Ms. 116, Ms. 117, Ms. 109_1_9, Ms. 120, Ms. 122 eta Ms. 124 dokumentuetan, ehundaka orrialde daude Leopold Irigaraik Georges Hérellerentzat eginiko euskara-frantsesa itzulpenekin. Baionako Euskal Museoko Fonds basque. MS 71 ere horietakoa da (Roland pastoralaren frantsesezko itzulpena).
Horiek guztiak erabili zituen Hérellek bere lanak osatzeko, eta askotan pasarte osoak transkribatu zituen. Besteak beste, Baionako Mediatekako Ms. 122n dago testu honen hasieran aipatu dugun Phantzart osorik frantsesera itzulita. Nork itzulita? Leopold Irigaraik, jakina. Inauteriak baino lehen kenduko diogu mozorroa?
XVIII. mendeko Zuberoa herriko eta Baionako diozesako kantika espiritualen harrobiak, iturriak eta jatorrizkoak bilatzean iritsi nintzen Bernart Gazteluzarren Egia katolikak (1686) liburuko “Ifernua” atalera, zehazkiago bizien eta arimen arteko elkarrizketara: Dialoga tromenta beren gainean, hain zuzen [Dialoga] ifernuko tromenten gainean, edo, beste era batean esanik, infernuko tormentu, tortura eta estirei buruzko elkarrizketara.
Elkarrizketa horretan, bizirik dagoen batek infernuan diren bekatari kondenatuei galdetzen die zer zigor ari diren pairatzen. Lehenengo ahalpaldian galdera generikoa dago, eta bigarren ahapaldian bekatari kondenatu guztien erantzun generikoa. Gero, bekatari bakoitzari banan-banan galdetzen dio: mundanoari, plazeretarat emanari, arnegariari, mendekatzaileari, gaizki-erraileari, abariziosari, gormantari, bonaxeretan (oturuntza-orritsetan) dabilanari, konpainia goxoetan ibili denari, penitentzia egin gabe heriotzeraino luzatu duenari eta koleratsuari. Errepika bera da galdegite guztien amaiera (“Erraguk, erraguk: / zer pena sofritzen duk?”), eta arrapostuetan, bekatari bakoitzak bere zigorra deskribatu ondoren, denek amaitzen dute aholku berarekin: “Hela! Hela! / Segi ez gaitzatzula!”.
Testuak arrakasta handia izan zuen, eta, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, behin eta berriro berrargitaratu zen XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako (eta Zuberoa herriko) kantika espiritualen bildumetan, kantatu ere eten gabe kantatu den seinale. Lehenengo lerroaren bidez ezagutzen da (Kreatura damnatua) eta are XX. mende-hasierako euskal kantutegi nagusietan ere agertzen da (Aita Donostiaren kantutegian, adibidez, 1918an Arnegiko lekaimeei entzuna), edo Bertsolaritzaren Doinutegian, partiturekin eta doinuen grabazioarekin. Lan polita da testu-aldaerak eta doinu-aldaerak aztertzea (Salvat Monhoren bertsioa barne).
Baina, zergatik aipatu dugu Bernart Gazteluzar itzultzailea? Guk dakigula, Piarres Lafittek (1974ko “Notes sur la poésie chez Bernard Gasteluçar” artikuluan) aztertu zituen nolabaiteko zehaztasunez Gazteluzarrek latinetik euskaraturiko testuak, baina frantsesezko iturri posibleez Julien Vinsonen bibliografia handiko ohartxo hau baino ez dugu aurkitu:
… un autre Noël avec le refrain erraguçu, Maria qui rappelle le fameux cantique or, nous dites, Maria. (Vinson 1888, 39. sarrera).
Vinsonek dioenean frantsesezko kantika gogorarazten diola, ez zaio arrazorik falta, izan ere Gazteluzarren Kanta zagun guziok (Erraguzu, Maria) testua frantsesezko Or, nous dites, Marie kantika ezagunaren euskarazko itzulpena baita. Kasu honetan ere, XVIII. eta XIX. mendeetako kantika espiritualen bildumetan ikusten dugu urteetan zehar iraun duela eta, airea aipatzen denean, honela aipatzen dela: “Aire hunen gainean: Or nous dites Marie… edo ô ma tendre musette, etc.” (ikusi, adibidez, Kantiko izpiritualak, 1783ko argitaraldian, 67. orrialdean). Grabazio berrietan ere entzun dezakegu, hala frantsesez nola euskaraz.
Bizien eta arima kondenatuen arteko elkarrizketa ere frantsesetik euskaratu zuen Gazteluzarrek eta, dirudienez, harrobi bertsutik hartu zuen, hain zuzen frantsesezko XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batetik. Bernard Dompnier ikertzaileak “Les cantiques dans la pastorale missionaire en France au XVIIe siècle” artikuluan dioenez, gutxienez 1676tik ezagutzen da Soupirs des âmes damnées kantika arrakastatsua, gero Malheureuses créatures kantika-hasiera edo incipitaren bidez ezagutua. Generoak berak eskatzen du hala frantsesezkoan nola euskarazkoan hainbat aldaera sortzea urteen joan-etorrian, hala testuetan nola doinuetan, eta ez dugu aurkitu oso-osorik Gazteluzarren testuaren parez pare ipintzeko moduko frantsesezko bertsiorik; baina XVIII. eta XIX. mendeetako hiru kantika-bildumatako bertsioekin (1760ko bilduma bat, beste bat 1867koa, eta hirugarrena 1829koa), 28 ahapalditatik 20ren parean ipintzeko moduko testu frantsesak aurkitu ditugu. Hemen luzeegi geratuko litzateke testu osoa eta soilik 10 estrofa aukeratu ditugu:
LES VIVANTS. Malheureuses créatures, esprits réprouvés de Dieu ! Que d’éternelles tortures, puniront en ces bas lieux ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea. Kreatura damnatua, Jainkoak ahantzia! Zer da hire ifernua? Zer dolore handia? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk?
LES DAMNÉS. Pourquoi nous faire répondre ? C’est augmenter nos douleurs, c’est nous-mêmes nous confondre de raconter nos malheurs. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta. Zer aiphatuko darotzut? Erratez naiz penatzen. Berriz erraten baditut, berriz naiz tromentatzen. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula!
LES VIVANTS. Vains adorateurs du monde ! Où sont toutes vos grandeurs, et la gloire que l’on fonde sur l’éclat des faux honneurs ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea. Mundanoari. Mundano liluratua! Non da hire gloria? Non ponpa haizez hantua? Non ohore handia? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk?
LES DAMNÉS. Ah ! Cette gloire est passée, comme un songe de la nuit, qui trompant notre pensée à notre réveil s’enfuit. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta. Ah! Joan da gloria hura, xizmizta bat bezala, arriberan nola hura, eta nola itzala. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula!
[…]
[…]
DEMANDE. Que vous reste-t-il, avares, de cet argent, de cet or, et de tous ces meubles rares qui faisaient votre trésor ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea. Abariziosari. Aberats gaxto gosea! Non da hire zilharra? Non tresora? Non urrea? Non da muble ederra? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk?
RÉPONSE. Une éternelle indigence est le déplorable fruit que notre avare opulence pour jamais nous a produit. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta. Ah! Kharrezko leze huntan dire gustiak urthu, eta ni su-elementan hekin balsan funditu. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula!
[…]
[…]
A tous les Damnés. Dans ce gouffre épouvantable, dans ce séjour plein d’horreur, des tourments dont vous accable le courroux d’ un Dieu vengeur, dites-nous, dites-nous : quel est le plus grand de tous ?
Galdegitea. Damnatu gustiei kolpe batez. Finean, hor ifernuan, zein da min handiena? Pena horien lekhuan, zein pena kruelena? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk?
Réponse. Le tourment le plus horrible n’est pas le tourment du feu ; Il en est un plus terrible : c’ est de ne voir jamais Dieu !
Errepusta. Esparantza ez izaten hemendik ilkhitzekotz; bethi suak berreturen, supean bizitzekotz!
Plazer labur batengatik, harturik bihotzean, khea bezala zelarik, erre behar supean. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula!
Esan dugun moduan, Gazteluzarren ahapaldi guztiek ez dute ondoan frantsesezko iturri posiblea; hori izan daiteke Gazteluzarrek berak asmatu duelako euskaraz, edo guk ez dugulako aurkitu frantsesezko iturri egokia. Nolanahi ere, uste dut zalantzarik ez uzteko moduan erakutsi dugula Gazteluzar frantsesezko testua euskaratzen ari dela, izan itzulpen zehatza edo izan parafrasi laxoa.
Testuari begira jardun dugu orain arte, baina bistan da orain badakigula zerbait gehiago Gazteluzarrek hitzaurrean doinuari buruz idatzirikoa behar bezala ulertzeko:
Ezen nola plazer hartzen baitute itsasoan latinez Elizako himnoen kantatzeaz, atsegin gehiago izanen dutela himno beren ezkaraz errateaz, aire berean ezkaraz ematen tut; eta gainerako bersuen airea komunzki gustiek badakite (Gazteluzar 1686: 12).
Esango nuke batetik latinetik euskaratuak eta bestetik frantsesetik euskaratuak bereizten ari dela; latinezkoak latinezkoaren aireaz kantatzeko moldatu ditu, eta “gainerako bersuen airea”, komunzki guztiek badakitena, frantsesezko kantiken bidez ikasitakoa izango da, ezta? Gazteluzarrek uste du irakurleak identifikatuko duela Kreatura damnatua berria Malheureuses créatures arrakastatsuaren bertsio gisa. Irakurle-kantariak nola jakingo luke, bestela, zein aire dagokion 8a / 7b / 8a / 7b / 6c (4c) / 7c egiturako estrofa bati? Orain badakigu egitura metriko hori ez dela, Lafittek (1974: 258) iradoki zuenaren kontra, erabat berria eta Gazteluzarrek asmatua, baizik eta frantsesetik euskarari ekarria.
Bide batez: goian aipatu ditudan kantutegietako partituretatik abiatuta, askotan grabatu da euskarazko Kreatura damnatua, baina ez dut aurkitu grabaziorik online, arimen gauean entzun dezazuen. Frantsesezkoa entzuten ari zaretela euskarazkoaren letra irakurri eta zeuek kantatu nahi baduzue, hemen duzue frantsesezko L’enfer, entzuteko moduan; bestela, Bertsolaritzaren Doinutegiko ereduaz baliatuta ere kantatu dezakezue, jakina.