“Noel bat Erregen egüneko”, frantsesetik euskaraturik


Gidor Bilbao Telletxea

Nire idatzi hau urtarrilaren 7an argitaratuko zela jakin nuenean, gaia berehala etorri zitzaidan burura. Lapurdiko edo Zuberoako kantika espiritualen eta noelen bildumetan, Erregenetan kantatzeko taxuturiko noel bat hautatuko nuen, eta horren jatorrizkoa frantsesezkoa dela erakutsi. Nire buruan ez dago, jakina, euskal kantika espiritual eta noel guztiak frantsesetik euskaratuak direnik, baina azken urteetan ikusi dut horietako askok egin dutela bide hori. Blog honetan bi aldiz jardun dut horren inguruan: 2023an lehenik, Bernart Gazteluzarrek euskaraturiko kantika bat dela eta, 2024an bigarrenik, “Munduko gauzen ez-deustasuna” kantika aztergai legez harturik.

Noela hautatzea zen hurrengo urratsa. XVIII. eta XIX. mendeetan argitaraturiko bildumak hartu eta Erregenetakoak bilatu nituenean, berehala hautatu nuen zubererazko hau:

Beste noel bat Erregen egüneko

Zer astre da hain argirik
gai ülhün handi huntan?
Ez izarrik hain ederrik, ederrik, ederrik
zelü orotan.

Haren argia hedatzen
lürraren bazter orotan,
Jinkuaren semia sorthü da, sorthü da, sorthü da
lür aphal huntan.

Belemeko ziotatia,
ala hik ditxa huna!
Hitan dik sorthü Mariak, Mariak, Mariak
Jesus maitia.

Amak Jesus beitadüka
hertsi besuen artian,
bat bederak baledüka, ailedüka, ailedüka
bihotz erdian.

Egün agertü dira huna,
argi hura ikhusirik,
Gazpar, Baltazar, Melkior, Melkior, Melkior,
errege hunik.

Izarrari jarraikirik
joan dira Belemera
eta presentzez betherik, betherik, betherik
adoratzera.

Gazparrek eman dü ürhia,
erregeri zor dela;
Baltazarrek aldiz mirha, bai mirha, bai mirha,
mortal bezala.

Melkiorrek bere büria
eztadüka aphalik,
ofrendatü dü intzentsia, intzentsia, intzentsia
Jinkuari emanik.

Gero dira repausatü
Jinkuareki alagerarik,
eta berak abertitü, abertitü, abertitü,
lo daudialarik:

Herodesen kargia[ri]
repostü eman gaberik,
joan ditean beste bidiaz, bidiaz, bidiaz,
hura ützirik.

Haur da doktrina saintia:
bide gaitzian daguena[k]
har beza beste bidia, bidia, bidia
Jinkuagana.

Egün agertü zi[r]ena,
a gure Jaun handia,
othoitzten zütügü: estrena, estrena, estrena
zure zelia!

Gaurko grafian editaturik eman dut hemen eta ez naiz luzatuko edizioari buruzko azalpenetan, baina esango dut noel hau hiru bildumatan aurkitu dudala. Aurkitu dudan zaharrena 1782koa bide da: Noelen lilia composaturic huscarez Jesusen incarnationiaren ouhouretan (10-11. or.). 1821ean “Barneix Alçabehetic arraimprimaeraciric” berrargitaratu zen liburu hori, eta hor ere agertzen da guk hautatu dugun gabon-kanta (9-10. or.), aldaketa gutxirekin (errataren bat gehituta). Hirugarrenik, datarik gabeko berrargitalpen batean agertzen da, errataren bat zuzenduta eta beste errataren bat gehituta; inprimatzailearen aktibitate-datak kontuan izanik, 1844 ingurukoa bide da (9-10. or.). Lapurterazko bildumetan ez dut aurkitu, baina bada azken edizio bat ere aipatu beharrekoa: Emmanuel Intxauspek (Zunharreta, 1815 – Onizegaine, 1902) 1897an argitaraturiko Kantika saintiak Zuberoko euskaraz (233-236. or.) bilduman. Baina Intxauspek “ahalaz hobekienik aphaintü eta xuxentü” (ix. or.) ditu, Axularren Gerorekin jokatu zuen erara: erratak zuzendu ditu, baina maileguzko hitzak “apaintzea” ere ezinbestekoa iruditu zaio (astre izar; ziotatia hiri txipia; presentzez → emaitzez…), besteak beste.

Zergatik hautatu nuen noel hau eta ez beste bat? Egitura metrikoa eta hirugarren bertso-lerroko errepikapena aski esanguratsuak iruditu zitzaizkidalako, jatorrizkoa bilatzeko. Ez lehenengo saioan, ez bigarrenean, ez nuen aurkitu jatorrizkoa, frantsesezko eta okzitanierazko kantika- eta noel-bilduma askotan bilatu arren. Baina azkenean agertu da.

Euskarazko noel horretako hamabi ahapaldietatik lehenengo laurak frantsesezko batetik euskaratuak eta egokituak dira, zalantzarik gabe:

Beste noel bat Erregen egüneko

Zer astre da hain argirik
gai ülhün handi huntan?
Ez izarrik hain ederrik, ederrik, ederrik
zelü orotan.

Haren argia hedatzen
lürraren baster orotan,
Jinkuaren semia sorthü da, sorthü da, sorthü da
lür aphal huntan.

Belemeko ziotatia,
ala hik ditxa huna!
Hitan dik sorthü Mariak, Mariak, Mariak
Jesus maitia.

Amak Jesus beitadüka
hertsi besuen artian,
bat bederak baledüka, ailedüka, ailedüka
bihotz erdian.

[…]
Cantique d’amour vers Jesus dans la créche.
Sur l’air : Quel bel astre nous éclaire.

Quel bel astre nous éclaire,
du milieu de cette nuit?
Quelle est l’aurore si claire, si claire, si claire
qui nous l’a produit?

Jamais clarté ne fut vue
comparable à celle-ci,
qui remplit d’aise et la vue, et la vue, et la vue,
et le coeur aussi.

C’est l’unique de Marie,
né dedans un pauvre lieu,
qui dans un suppôt Marie, Marie, Marie,
l’homme avec son Dieu.

[…]

La mère, d’aise ravie,
va serrant entre ses bras
celui qui donne la vie, la vie, la vie
aux hommes ingrats.

[…]

Frantsesezko gabon-kanta hori 1723ko La belle Bible des cantiques de la naissance et des autres mystères de notre seigneur bilduman (49-52. or.) aurkitu dut lehenengoz (eta berriz 1727ko arrainprimaketan), eta gero 1882ko Noëls anciens en l’honneur de N.-S. Jésus-Christ et de la sainte Vierge, avec les airs notés, par M. l’abbé L. Janel bilduman baino ez (124-126 or.). Hiru edizioetan dago testu bertsua (esaldiren bat gorabehera), eta bistan da guk ezagutu dugun frantsesezko gabon-kanta ez dela Errege egunerako idatzia, eguberrietarako baizik. Izan ere, bosgarren ahapaldian euskarazkoan hiru erregeak agertzen direnetik, euskarazkoa eta frantsesezkoa zein bere bidetik doaz, frantsesezkoak beste hemezortzi ahapaldi baititu, baina ez baita ez Gaspar, ez Meltxor, ez Baltasar aipatzen, ez eta Herodes ere. Euskarazko noelaren letra-egilea, hortaz, itzultzaile-lanetan hasi da, baina, ekindakoaren melodia eta neurriarekin, sortzaile-lanetan jarraitu du… guk aurkitu ez dugun frantsesezko aldaeraren bat izan ez badu aurrean.

Ez dakigu euskarazkoak zenbateko arrakasta izan zuen eta Zuberoako herrietan kantatu zen ala ez, baina 1882ko frantsesezko bildumari esker ezagutzen dugu melodiaren partitura, eta bistan da euskarazko itzulpena hartara egokitua dela:

Printzipioak

Maite Imaz Leunda

Orain dela urtebete pasatxo iritsi zen nire eskuetara Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburu interesgarria. Juan Irazusta Alkizalete (1688-1772) alkizarra erretore izan zen Hernialden (1716-1752) eta Alkizan (1752-1772), eta baita idazle ere: Gaspar de Astete jesuitaren Catecismo de la doctrina cristiana itzuli zuen gaztelaniatik euskarara.

Hernialde ondokoa eta hernialdetar baten alaba izan arren, eta Hernialdeko Santa Kruz Apaizaren plazan dagoen ostatura igande eguerdiko tragoa hartzera makina bat aldiz joandakoa izan arren, ez nuen nik XVIII. mendeko erretore horren berririk.

Jakin-minez hasi nintzen liburua irakurtzen. Juan Irazusta hil zela 250 urte bete zirenean, 2022an, Alkizako Udalak bertako idazlea omentzeko egin nahi izan zuen eta Olatz Leturiaga Angoitia Hizkuntzalaritzako eta Euskal Ikasketetako ikerlariak idatzi zuen. Gaspar Astetek 1599an Madrilen idatzitako dotrina itzuli zuen euskarara Juan Irazustak, Hernialden erretore zegoela: Doctrina Christiana eguinzuana erdaraz Aita Gaspar Astete, Jesuitac. Ipinidu Eusqueraz don Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac.

Ondorengo urteetan Irazustak erabilitako euskararen kalitatea eta garbitasuna zalantzan jarri izan zuten. 1855ean salaketa bat bideratu zen Errezilgo, Albizturko eta Bidania-Goiazko artzapez-barrutitik dotrina “euskara txar eta lotsagarrian” idatzita zegoela-eta. Hala ere, liburuak 50 edizio inguru izan zituen, 1939an Lazkaoko beneditarrek atzena egin arte; eta Gipuzkoako neska-mutikoen dotrina nagusia izan zen XX. mendearen erdira arte. Irazustaren garaikide izan zen Manuel Larramendi maisuak ere ontzat jo zuen lana; akats bakarra omen zuen erdarazko hitz gehiegi erabiltzen zituela.

Dotrinari buruzko iruzkinak irakurtzen ari nintzela erabat ezaguna egin zitzaidan pasarte bat ikusi nuen.

Nor da jaungoycoa?
Da gauza bat esan eta pensatu alditequean excelenteena ta admirableena; Jaun bat infinitamente poderosoa, sabioa, justoa, principioa eta fiña gauza guztiena.

Gure ama zenak askotan aipatzen zuen pasarte hori, horixe baitzen adibide gisa erabiltzen zuen esaldia, txikitan makina bat gauza tutik ere ulertu gabe buruz ikasi zituela adierazteko. Nik ez dut inoiz pasartea buruz ikasi, baina ikusi orduko gogoratu nintzen amarekin, eta irudikatu ere egin nuen umetan, 1940 inguruan, bere jaioterrian, Beizaman, dotrina ikasten. Urteak pasa eta seme-alabak helduarora iritsita zituenean ere ez zuen lotzen amak principio hasierarekin edo iturburuarekin; are gutxiago fiña amaierarekin. Izan ere, beste zerbait adierazteko erabiltzen dugu fina.

Espainiako Errege Akademiaren hiztegian begiratuz gero, principio hitzarentzat 9 adiera behintzat azaltzen dira. Horietatik bosgarrenarentzat badugu euskaraz printzipio hitza, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera.

principio (DRAE)
5. Cada una de la prímeras proposiciones o verdades fundamentales por donde se empiezan a estudiar las ciencias o las artes.
Sin.: fundamento, tesis, ley, norma, regla, postulado, razonamiento.
printzipio (EH)
1  iz. Oinarrizko edo funtsezko egia edo legea, frogatzen ez dena edo beste arau edo adigaien iturburu gertatzen dena. Ik. hastapen 2; oinarri 2. Arkimedesen printzipioa.
2  iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, printzipio-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ‘hasiera’ adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hasiera 1; haste; hastapen 1].

Dotrinak adierazi nahi zuenerako, beraz, ez digu balio printzipio hitzak euskaraz.

Elhuyar hiztegian ageri dira adiera gehiago: iturburu, (edanarekiko zaletasuna bere arazo guztien iturburua izan da) jatorri, sorburu / oinarri (filosofiaren oinarriak).

Gehiago ere kontatzen zigun amak printzipioa zela eta; hitza ezaguna zuten, erabiltzen zuten, baina ez Arkimedesen printzipioaz jarduteko, ez beste inorenaz ere. Ematen zioten adiera Espainiako Errege Akademiaren hiztegiko principio sarreraren zazpigarrena da:

principio
7. Alimento que se servía entre la olla o el cocido y los postres.

Gutxitan egokitu zait euskaraz printzipio adiera horretan entzutea, baina are gutxiago gaztelaniaz. Plácido Múgicaren hiztegian gaztelaniazko principio sarreraren seigarren adieran ageri da kontzeptu horren euskal ordaina:

principio
6. plato de carne, vianda = jaki; pr. de pescado = arraiki; de carne = araki

Dotrina irakatsi nahian zebilen apaizak galdetu omen zion mutiko bati zer zen printzipioa; mutikoak emandako erantzunarekin, ordea, ez omen zen gustura gelditu:

– “Printzipiyua da babarrunen eta gainean jaten dena”.