Hizkuntza-simetriak

Asier Larrinaga Larrazabal

Gauza harrigarriak ditu hizkuntzak. Post honetan, jolas hutsagatik aztertuko ditut simetriak deitu diedanak, baina ganora handiagoko begiratu batek, ziurrenik, ondorio jakingarriak aterako lituzke itzulpengintzarako, giza adimenaren ezagutzarako, e. a.

Hizkuntza-simetrien adibide bat Igone Zabalak ekarri zuen lehengoan blog honetara I(ra)kasgaiak postarekin. Igonek zioenez, batzuetan, errealitate bera ikuspuntu osagarri bitatik kontzeptualizatzen da. Alderantzizkoa ere gerta daiteke beste batzuetan: errealitate osagarri bi ikuspuntu bakarretik kontzeptualizatzea.

Ikuspuntu osagarriak, errealitate bakarra

  • Botila erdi beteta edo erdi hutsik egon daiteke eta, hala ere, tanta baten aldea ere ez atzeman egoera batetik bestera.
  • Nire bila bazatoz, zazpietatik aurrera Iñakiren Tabernan aurkituko nauzu, eta zazpietatik atzera ere, Iñakiren Tabernan, ezin bainaiz aldi berean toki bitan egon.
  • Postaria, etxeko atean: «Din-don». Aita, egongelako sofatik: «Banoa!. Ama, egongela bereko sofa beretik: Banator!. Azkenean, bata dela, bestea dela, postariak bigarrenez deitu behar izan du[1].

Ikuspuntu bakarra, errealitate osagarriak

  • Ander kanpoan den bitartean, haurrak nire arduran daude, eta Yolanda, nire arduran, nik ere begi bat behar baitut gainean.
  • Goizean, gauza izugarri bat gertatu da, eta ikaraz eta jota utzi gaitu denok, baina, bazkalostean, Enekok berri izugarri bat eman digu, eta asko poztu eta animatu gara.
  • Etxea alokatu zuen nagusiak ez zekien etxea alokatu zuen maizterrak txakurra zeukala eta, orain, marraskatuta aurkitu ditu altxarietako hanka guztiak.
  • Gela ikusi baino ez, ostalariak aldaketa eskatu zuen, baina ostalariak erantzun zion ostatua beteta zeukala, eta hilerrira begirako hura baino ez zegoela libre.
  • Itsasoan sei hil eginda, etxera itzuli zen Luis. Bioleta ohean zegoen zain. Luis gelan sartu, eta jo zion. Bioletak beso artean estutu, eta jo zion[2]. Hitzak geroko utzi zituzten.
  • Karreran kimika eman nuen baina, orain, kimika eman behar diet hamasei urtekoei, eta ez naiz gogoratzen ezta sufrearen sinboloaz ere.
  • Herrian, oso harrera epela egin zioten, haien faboritoa beste pilotaria baitzen, baina neska-lagunak oso harrera epela egin zion biak bakarrik geratu zirenean.

Azken oharra

Adibideetako iruzkinetan agertu dudanez, beste hizkuntzetan ere gertatzen dira halako simetriak. Bada gaztelaniaz niri barregura handia ematen didan bat, absolutamente, ‘bai’ zein ‘ez’ esateko balio duena.

_________________________________________

[1] Gaztelaniak ikuspuntu bietako bata aukeratu du («¡Ya voy!»), eta ingelesak, bestea («Coming!»).

[2] Ez nago guztiz ziur euskaraz hala den. Gaztelaniaz eta ingelesez, behintzat, bai: «Él se la folló» = «Ella se lo folló». «He fucked her» = «She fucked him».