Itzultzaileak testu elebidunen (edo eleaniztunen) parean (I)

Inma Errea Cleix

Euskaldunok beti jakin izan dugu zer-nolakoa den gure jokalekua hizkuntzez bezainbatean, oharturik bizi izan gara aspaldidanik geure egoera linguistikoaz, hala historikoki nola orain.

Arean ere, Euskal Herriko baldintza soziolinguistikoak saihetsezinak dira, eta historian barna euskaraz idatzi dutenen ororen kezka etengabea izan da frogatzea euskara badela inguruko hizkuntza nagusiak beste, eta, halatan, maila berean erabiltzen ahal dela. Idazle eta itzultzaile klasikoen ahaleginetatik hasi eta gaurdaino.

Euskal itzultzaileok ere parte izan gara beti euskararen gaineko ardura horretan. Edozein itzultzaileren balizko lanaz โ€•hots, sorburu-hizkuntzan dagoen zerbait (esaldi, esamolde, testuโ€ฆ) xede-hizkuntzan emateazโ€• harago, ohartuki jokatzen dugu: badakigu euskaratik edo, batik bat, euskarara itzultzerakoan inguruko hizkuntzek ez dituzten berezitasun batzuk hartu behar ditugula kontuan.

Kontzientzia eta arta horien adibide da SENEZ aldizkaria, non hasiera-hasieratik jorratu baitira hizkuntza-normalizazioaren eta elebitasunaren inplikazioa eta eragina itzultzaileen lantegian. Artetik erran dezadan gomendatzeko modukoa iruditzen zaidala begiratu bat egitea artikulu โ€œzaharreneiโ€, Josu Zabaletaren โ€œItzulpena eta hizkuntz normalkuntzaโ€ izenekoari kasu (SENEZ 3, 1985), azken berrogei urteetan zer aldatu den eta zer ez jakiteko bada ere.

Aldaketak aldaketa, eta behin ageriko bilakaera aitortuta, euskara normalizatzeko ahaleginek eta eleaniztasunak hor diraute, euskal itzultzaileen lana baldintzatzen (ez beti txarrerakoโ€ฆ).

Testuinguru horretan, inportantea iruditzen zait arreta pitin bat ematea maiz bigarren mailan gelditzen den gai bati: eduki bat itzultzean (arruntean, euskaratzean), eduki hori euskarri berean bi (edo hiru) hizkuntzetan eman beharrak nola eragiten duen edukia itzultzeko maneran.

Alde batera utzita baldintza eta muga legalak, ondorio soziolinguistikoak eta haien guztien inguruko gorabeherak eta eztabaidak, nire asmoa da ohartaraztea eduki elebidunek ukan beharreko baldintza komunikatibo egokiez, eta horrek itzultzaileei eskatzen dien gainetiko ahaleginaz.

Hasteko, dela formulario batean, dela kartel batean, edo beste edozein euskarritan, hartzaile batek ez du berdin prozesatzen informazioa hizkuntza bakar batean ematen zaionean edo hizkuntza batean baino gehiagotan jasotzen duenean.

Are, hartzaileek ez dute berdin prozesatuko, elebidun, eleaniztun edo elebakarrak diren.

Areago: hartzaile elebakar batzuengan nahasmendua agertuko da eduki elebidun bat ikusi ahala, ideologiak edo aurreiritziek bultzatuta batzuetan (ikusi izan ditut hartzaile elebakar batzuk tematurik ziurtatzen bi hizkuntzatan emandako edukiak โ€œeuskaraz baino ez zeudela!โ€). Eta, aldi berean, bi hizkuntzak ezagutzen dituzten hartzaileek astun jo dezakete, neketsu, eduki bera bietan ikusi beharra.

Halako eduki elebidunak osatzen aritu behar duten euskal itzultzaileei komeniko zaie jakitun izatea halako โ€œzailtasunezโ€: ahalik eta errazen eta hobekien aritzeko, eta, posible badute (uzten badiete), jatorrizko edukian ere eragiten jakiteko.

Blog honek emandako aukera baliatu nahi dut gai hauetaz ikasitakoaren zerbait azaltzen saiatzeko, komunikazioaren eta estilistikaren ausazko ur gorabeheratsuetan murgilduta… Esan gabe doa, esperientzia pertsonalean oinarriturik eta bistatik galdu gabe Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa askotarikoa dela, eta toki batean balekoa denak kale egin dezakeela beste batean.

Habeak eta maileguak

Alaitz Zabaleta Sarobe

Gure aitaren sortetxean iaz izan ginen azkenekoz, saldu aurretik. Ganbarara sartzean, teilatuari eusten dioten habeen izenak esan zizkigun aitak: โ€œErdiko zutabeen gainean, zabaleran jarritako habe horiei astazaldia deitzen zaie; goiko horri, teilatuaren gailurrean luzetara dagoenari, goiera esaten zaio; eta aldeetan, bi isurien erdian daudenei, gezur-goieraโ€.

Inondik ere, euskara bizi-bizirik zegoenean sortutako izenak dira. Astaritzagako pareta zahar maiteei agur esatearen malenkoniaren erdian, ezin izan nion deformazio profesionalari eutsi, eta galdera bat etorri zitzaidan: nola izendatuko genituzke habe nagusi horiek gaur egun?

Segur aski honelatsu: โ€œErdiko zutabeen gainean tiranteak daude; teilatuaren gailurrean, kunbrera; eta bi isurien erdian, korreakโ€.

Askotan esaten da maileguak aberastasunerako bide direla. Eta hala izan daitezke, zalantzarik gabe. Baina bi adibideak alderatuta, esanen nuke bigarrenean nabarmenagoa dela hizkuntzaren ahuldadea. Eta ez hitzen jatorriagatik bakarrik: gezur-goiera hitzak berak esaten du zer den (goieraren antzekoa, baina ez hura bera), eta euskarazko beste hitz batzuekin lotzen da; korrea hitzak, berriz, ez du euskararen barrenean ezerekin loturarik.

Ganbarako adibide hura ez da nostalgia hutsa, soziolinguistikak askotan aztertu duen prozesu baten argazkia baizik. Hitz batzuk mailegatzea bere horretan ez da kezkatzekoa, baina hizkuntza gutxituen kasuan, hitz berriak sortzeko bide nagusia mailegatzea denean โ€•eta horri kalko semantikoak zein sintaktikoak gehitzen zaizkioneanโ€•, mendekotasun lexikalaren zantzua izan liteke.

Auzi horrek kezkatuta, euskaltzaleek hitz berriak sortzeari ekin zioten XX. mendearen hasieran, sutsuki, eta zenbaitetan muturreraino eraman zuten garbizaletasuna; neologismo haietako asko baztertu egin dira egun, eta agian hitz berriak sortzeko erreparo pixka bat gelditu zaigu. Ondoren, 60ko hamarkadatik aurrera euskara normalizatzeko ahaleginean, lexikoari dagokionez lan itzela egin da, euskararen berezko egiturak eta esapideak zaintzeko borondatearekin.

Gerora, ordea, kritika batzuk egin dira, bide hori ere zurrunegia izan litekeela eta euskararen adierazkortasuna mugatu lezakeela. Esaterako, Kepa Altonagak, Back to Leizarraga liburuan, garbizaletasunaren mugak kritikatu eta prosa naturalago baten alde egin zuen. Xabier Amurizak, bestalde, euskarak adjektibo erreferentzialak falta dituela esan izan du, eta horiek lagungarri izan litezkeela. Egia da, batzuetan, gizarte zerbitzuak esan beharrean zerbitzu sozialak erabiltzeak esaldiaren sintaxia arintzen duela. Baina ez dakit azken boladan sozialak eta antzekoak ez ote diren udazkeneko onddoak bezala hedatzen ari.

Horrekin batera, globalizazioak teknologia eta kontzeptu berrien hedapen azkarra ekarri du, batez ere ingelesaren bidez; hala, euskarazko termino berri bat erabakitzerakoan, antzeko formak erabiltzen badira gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, euskarara zuzenean mailegatu egiten da askotan.

Ondorioz, azken urteotan kezka piztu zait, ez ote garen beste muturrera hurbiltzen hasi: adibidez, gaur egun sortu behar bagenu errenta aitorpena kontzeptua, aitortu aditzaren bidetik saiatuko ginateke, edo errenta deklarazioa izanen litzateke?

Ez dezagun ahaztu, ordea, gure inguruko erdarak hizkuntza indartsuak badira ere, oso erne dabiltzala ingelesetik mailegatzen dituzten hitz eta kalko kopuruarekin, kezkatzekoa iruditzen zaielako. Gaztelaniaren hiztegi ofizialean, Diccionario de la lengua espaรฑola delakoan, nabarmena da arreta berezia jartzen diotela auzi horri, eta frantsesaren kasuan, berriz, hor ditugu Toubon Legea eta Frantses Akademiaren lana, frantsesaren erabilera sustatzeko eta zenbait anglizismoren hedapenari aurre egiteko.

Haiek kezkatuak, eta gu, dena likidoa omen den garai hauetan, lasai samar, exilioa erbestea bezain euskara delako?

Baserriko atea tarteka ireki egin behar da, jakina. Baina beti parez pare zabalik badago, nork asmatuko du hurrengo gezur-goiera?

Etorkizuna

Jaime Altuna Ramรญrez

ยซPentsatuko dugun etorkizunak eleanitza izan behar duยป. Yรกsnaya Aguilar Gilek udazkenean Madrilen eman zuen hitzaldi batetik ateratako hitzak dira. Duela gutxi Reina Sofia Museoko irratian entzun dut solasaldia, baita Bartzelonako MACBA museoko irratian abenduan esan zituenak ere[1].

Yรกsnaya Aguilar Gil Mexiko hegoaldeko Mixe herriko idazle eta linguista da, eta Madrilgo hitzaldian hizkuntza gutxituen egoera azaltzeko arrazakeriaz, diskriminazioaz eta egiturazko presioaz hitz egin zuen; hizkuntza desberdinkeria ulertzeko hizkuntza eskubideak urratuak izan dituzten pertsonak daudela, zapalkuntza estrukturala pairatu duten pertsonak. Aguilar Gilen ustez hizkuntzak ez baitira espazio abstraktuan existitzen, gorputzetan existitzen dira. Horregatik honako hau dio: ยซez dago hizkuntzarik, hizkuntza garaยป.

Beti bezala, oso interesgarriak suertatzen zaizkit Aguilar Gilek planteatzen dituen hausnarketa guztiak, baina oraingoan hitz hauek geratu zaizkit pentsamenduan (eta gorputzean) bueltaka:

Denborari buruz hitz egiteko espazio-metaforak erabiltzen ditugu, eta hori unibertsala dela dirudi. Ez dut aurkitu hori egiten ez duen hizkuntzarik; asko harrituko nintzateke. Orduan, metaforak erabiltzen ditugu diskurtsoan. Eta gaztelanian eta hainbat hizkuntza indoeuroparretan denbora lerro bat bezala pentsatzen da. Denboraren lerroaz ari gara, non etorkizuna aurrean dagoen eta iragana atzean. Honelako esaldiak esaten ditugu: ยซEz kezkatu, etorkizun bat duzu aurretikยป edo ยซUtzi iragana atzeanยป. ยซAtzeraยป eta ยซaurreraยป espazio-terminoak dira. Aimara bezalako beste hizkuntza batzuetan, etorkizuna atzean pentsatzen da, ez duzulako ikusi; ezagutzen dugun eta esperimentatu dugun iragana aurrean dago.

Ez dakit euskarak denbora pentsatzeko beste erarik izan ote duen noizbait, baina argi dago egun euskaratik eta euskaraz inguruko hizkuntzen modukoa dela: lerro bat, iragana atzean, etorkizuna aurrean.

Ideia hori buruan, Eibarrera joan nintzen maiatzaren 12an. Urtero bezala, bertan egin zen โ€ฆeta kitto! elkarteak antolatutako euskararen sozializazio eta transmisioari buruzko mintegia. Eta, hara!, hortxe nuen hizkuntzaren geroari lotutako espazio-metafora bat lehen hitzaldiaren izenburuan: โ€œNorantz doa euskara?โ€. Siadeco Ikerketa Taldeko Juanjo Allurrek eta Unai Oiartzunek eta UEMAko Miren Segurolak 2025ean egin zuten โ€œNorantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036โ€ proiekzio demolinguistikoaren ondorio nagusienak azaldu zizkiguten. Nire apunte koadernoan datu eta gogoeta interesgarri askoren artean, hizlarien esaldi hau idatzi nuen:

Ikerketa hau ez da iragarpena. Proiekzio bat da. Erabilitako hipotesiak beteko balira, eta hizkuntza-egoeran eragin dezaketen gainerako faktoreak kontuan hartu gabe, 2036an izango genukeen egoera demolinguistikoa irudikatzeko ariketa bat.

Esaldia azpimarratu nuen, ikerketa horren emaitzak argitaratu direnetik deserosotasuna sortu didan joera bat nabaritu dudalako: proiekzio-ariketa horren emaitzak ezinbestean gertatuko diren egitatetzat hartzea. Hau da, euskararen biziberritzearekin kezka duten batzuk ez ote diren pasa ikerketan planteatzen den โ€œhau gerta daitekeโ€ esatetik โ€œhau gertatuko daโ€ ziurtatzera: haur eta gazteen artean euskararen ezagutza-maila apalagoa izango da, gero eta gehiago izango dira nagusiki erdaraz inguratuta bizi diren euskal hiztunak, arnasguneak desagertuko diraโ€ฆ

Iragarpen autobeteak bihur daitezkeen horien ordez, nahiago nuke etorkizun anitzak pentsatzea. Yรกsnaya Aguilar Gilek etorkizuna pentsatzera dei egiten digulako, edo, hobe esanda, etorkizun anitzak eta eleanitzak pentsatzera:

Gure etorkizuna planteatzen ari garen etorkizun anitzak dira, eta kolonizazio-prozesua zeharkatu ondoren โ€•oraindik zeharkatzen ari garenaโ€•, hain bortitza izan dena (Mixe herriko hamar pertsonatik bederatzi hil ziren), denek adierazten zuten ez ginela XXI. mendera iritsiko: epidemien, gerren, bortxazko lanen, kolonizazioak eragindako goseteen artean. Desagertzera kondenatuta geunden eta, hala ere, hemen gaude. Etorkizunen eraikuntzan nolabaiteko eskarmentua dugula uste dut. Nire ustez, pentsatzen dugun etorkizun horrek eleaniztuna izan behar du, hizkuntza asko dituen etorkizuna.

Arraunaren metafora paradoxa gisa erabili izan da maiz: aurrera egiteko, atzerantz begira arraun egin behar da. Aimara kulturari jarraituz gero, ordea, arraunean ikusten ez den etorkizunerantz goaz, ezagutzen dugun eta bizi izan dugun iragana begi bistan dugula. Olatuek, ur-lasterrek, haizeek eta eguraldiak zer joera izango duten ziur jakin gabe, baina argi izanda norabidean eta norantzan (espazio-metaforak berriro ere!) eragiteko ahalmena dugula. Etorkizun eleanitzak pentsatzeko gaitasuna dugula.

Etorkizunen eraikuntzan adituak garelako. Euskara ere desagertzera kondenatuta zegoelako eta, hala ere, hemen gaudelako. Hemen gaude euskaraz hitz egiten dugunak. Hemen gaude euskaraz hitz egingo dugunak.


[1] Euskal Herrian urtarrilean egon zen, eta Urtzi Urrutikoetxeak elkarrizketa egin zion Gaur8 astekarirako.

Korrika. Urrutiko intxaurrak

Amaia Lasheras Perez

Badira ia bi hilabete Korrika bukatu zela, eta oraindik dauzkat burutan aurtengo edizioaren irudi zirraragarriak. Hirietako kaleak jendez gainezka. Euskararen aldeko aldarriak kale eta hiribideetako paretetan oihartzun ozena sortzen. Euskal Herriko errepideetan zehar, 11 egunez, 24 orduz, jendea lasterka. Milioi bat pertsonak parte hartu omen zuen lasterraldi osoan zehar. Gure ikastetxean, adibidez, telebista erraldoi bat paratu zuten atarian, Korrika zuzenean ikusteko. Ikasleak zein irakasleak sartzen ginenean, hipnotizatuta begiratzen genion pantailari, eta nik neuk emozio-zimiko bat sumatzen nuen urdailean handik pasatzen nintzen bakoitzean. Fisikoki posible izan zuten ikasle guziak atera ziren ikastetxeak erositako kilometroan parte hartzera, eta talde handi batek, familiaren baimenarekin, segitu zuen lasterka hainbat kilometroz, gure eskualdean barrena. Gure familian, adibidez, kilometro bat erosi genuen denon artean. Goizean izan zenez, gosari eder batekin burutu genuen gure ekinaldia. 60 lagunetik goiti elkartu ginen. Denak, bizipen hunkigarriak, ikaragarriak. Ez dakit munduan bertze horrelako ekimenik bat ote dagoen. Hain arrakastatsua izan zen, non euskararen kontrakoek ez baitzekiten zer aitzakia bilatu haren kontra jotzeko. Betiko erretolika erabili zuten: ez dakit zer pankarta ageri zela, ez dakit nork irakurri zuela azken mezuaโ€ฆ 

Baina, Korrika bukatu eta hurrengo egunean, zer? Urrutiko intxaurrak hogeita hamalau, gerturatu eta lau. Astelehenean, institutura joan nintzen, eta, atsedenaldian, Korrikan sutsu parte hartu zuen neska kuadrilla hura berriz ere gaztelaniaz ari zen, jo eta su. Unibertsitateko lagunekin lasterketan eta haren inguruko ospakizunetan parte hartu eta hurrengo egunean, gaztelaniaz mintzatzen segitu zuten euskal ereduko ikasleek euskaraz jasotako saioen ondoren. Hiri eta herri kozkor gehienetako kaleetan, eskolako jolastokietan, parkeetan, dendetan, gaztelania erabat nagusi zen egun horretan ere.

Badakit Korrikan parte hartu zutenen artean bazirela euskaraz ez dakitenak edo euskara ongi-ongi menderatzen ez dutenak baina aldeko jarrera dutenak, baina gaur ez naiz horietaz ari; gaur, euskaraz dakiten eta erabiltzen ez duten horietaz ari naiz, bai. Badirudi horiek ere ohartzen direla garrantzitsua dela euskararen alde kalera ateratzea. Baina zergatik suertatzen zaie hain zail gure hizkuntza erabiltzea? Ohiturari egozten diote batzuek errua; prestigioari, bertze batzuek: gazteek beharrezkoa duten โ€œmodernotasunaโ€ falta omen zaio euskarariโ€ฆ Ez dakit zer esan eta zer pentsatu, baina etsigarria eta sumingarria suertatzen zait egoera.

Zer dago fenomeno horren gibelean? Hipokresia hutsa? Egoera โ€œeskizofrenikoโ€ samarrean gaude, nire ustez. Izan ere, datu anitzek erabileraren beherakada erakusten dute; ematen du hiztunen kopuruak goia jo duela eta ez dela gehiago haziko; proiekzioek diote 10 urte barru ez dela โ€œarnasguneโ€rik egonen. Eta, hala ere, aurtengo Korrika inoiz baino jendetsuagoa izan da.

Azterketa soziologiko konplexu eta sakonak egin litezke fenomenoa ulertzeko, baina nik uste dut arrazoia sinple-sinplea dela. Euskaldun gehienak errazago moldatzen dira gaztelaniaz euskaraz baino; beraz, erosoenera jotzen dute. Kito. Ez dut uste bertze azalpenik dagoenik.

P:D.: Artikulutxoa bukatu eta gero, Leire Azkargortak hilaren 6an argitaratukoa irakurri nuen. Azken batean, fenomeno berari buruz ari gara biok. Ea hor aipatzen dituen eztabaida horiek gizarte osora zabaltzerik dugun, hausnarketa denok egin ahal izan dezagun.

Kontzientzia linguistikoa unibertsitateko ikasgeletan

Leire Azkargorta Mintegi

Gauza jakina da gune erdaldun ugaritan euskara eskolako hizkuntza besterik ez dela gazte askorentzat, eta eskolatik atera eta berehala (eta sarritan aurretik ere) gaztelaniara jotzen dutela elkarren artean hitz egiteko. Gune erdaldun samar batean bizi naiz ni (Bilboaldean), eta nahi baino sarriago entzuten ditut mota honetako elkarrizketak:

โ€•ยฟAl final quรฉ ha mandado de etxerako lanas?
โ€•Creo que hay que hacer la ariketa 5 del lan-koaderno y estudiar para la azterketa.

Esnatu ala hil liburuan Iรฑaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak oso argi azaldu dute euskaldun izatea oso kontzeptu heterogeneoa dela, eta zaku berean sartu ohi diren arren, ez dela gauza bera euskaraz erdaraz baino hobeto egitea, elebidun osoa izatea edota, elebiduna izanik, erdaraz nabarmen erosoago aritzea euskarazbaino.

Estatistiketan bi errealitateak sartu ohi dira euskaldunen multzoan, baina euskaldun elebidunen artean erdararako joera handiagoa da: erdaraz erosoago aritzen diren elebidunak biztanleen % 14 inguru dira, bietan berdin aritzen direnak % 9 inguru, eta euskaraz erosoago aritzen direnak % 8 inguru (guztira biztanleen % 30 inguru osatzen dugu, beraz, euskaldunok)[1].

Gasteizen Itzulpengintza ikasi nuenean, nire habitat naturaletik atera eta Euskal Herriko hainbat txokotako jendea ezagutzeko aukera izan nuen. Oso giro euskalduna bizi izan nuen fakultatean, eta โ€•euskalkirik ez edukitzeak batzuetan ematen zidan gutxiagotasun konplexua gorabeheraโ€• euskal komunitatearen parte sentitzeko aukera izan nuen.

Irakasle modura itzuli nintzen fakultatera orain dela hiru urte, eta aurten lehen aldiz ezusteko handia hartu dut ikusi dudanean gaztelania dela nagusi euskaraz ikasten duten ikasle askoren arteko harremanetan (ez guztien artean, zorionez). Eta belaunaldi batean baino gehiagotan gertatzen ari da, lankideren batek esan didanez.

Ez dut fenomeno horren inguruko datu zehatzik, sentsazioez ari naiz, ez besterik, baina arduratuta nago. Aurreko batean Itzulpengintza karrera hautatzeko zalantzatan zebilen gazte batek galdetu zidan ea lan-aukera gehienak euskara eta gaztelaniarekin lotuta dauden. Aukera gehiago ere badagoela esan nion, baina euskara eta gaztelaniaren arteko itzulpen eta interpretazioak merkatuaren zati handia hartzen duela, eta kasu horretan beste karrera bat hautatuko zuela erantzun zidan.

Imajinatzen nuen jende askorentzat Itzulpengintza ikasteko pisuzko arrazoi bat atzerriko hizkuntzak ikastea izango zela, nik neuk ere hori bilatzen nuen unibertsitatean sartu nintzenean eta egia da atzerriko hizkuntzek oso erakargarri egiten dutela gure karrera. Baina euskararekiko ardura handiagoa ere espero nuen etorkizunean euskara lanbide izango duten profesionalen aldetik.

Hala ere, ez da zilegi arazoaren ardura osoa ikasleen gain jartzea: seguruenik haien joerak gizarte oso baten isla besterik ez dira, neurri handi batean helduek hartutako hainbat erabakiren ondorio, eta oso zaila da inertzia erraldoiak aldatzea. Inertzia horiek, gainera, hezkuntzako aurreko mailetatik etortzen dira askotan (DBH eta Batxilergotik, ziur asko). Bestalde, ikasle horietako asko ez datoz bereziki inguru euskaldunetatik, eta askok etxean ez dute euskaraz egiten[2].

Iurrebasok eta Goikoetxeak Gotzon Garateren metafora bat aipatzen dute liburuan: โ€œpilotariak esku onarekin jotzeko joera duen bezala, hala egiten [dute] elebidunek, errazen mintzo diren hizkuntzara jotzen [dute]โ€.

Euskararen indargune nagusia haren aldeko atxikimendua dela ere azaltzen dute liburuaren egileek (gaitasunaren eta erabileraren gainetik), eta neure burua zera pentsatzera behartzen hasi naiz, beharbada erdaraz aritzeko erraztasun handiagoa duten ikasleek ere itzulpengintza euskaraz ikastea hautatzea mehatxu bat baino gehiago, aukera ere izan daitekeela.

Baina aukera gisa ikusteak irakasle gisa dudan jarrera eta ardura nolabait aldatzen ditu. Itzultzaile eta interprete lanetan aritzen irakatsi behar da karreran, bai, baina, era berean, euskararen profesional (itzultzaile, interprete, zuzentzaile, editore, euskara irakasle, euskara teknikari, hiztegigile…) izateak nolako ardura suposatzen duen, zenbaterainoko erantzukizuna dugun, hori ere transmititu beharra dagoela iruditzen zait.

Beraz, gaia klasera eraman eta oso eztabaida politak izaten hasi gara euskararen soziolinguistikaz, erraztasunez, zailtasunez, inertziez, erantzukizunaz… Tabua alde batera utzi eta gaiari aurrez aurre begiratu diogu, eta tira, batek daki gazte horiek zein hautu egingo duten unibertsitatetik ateratzean, baina behintzat gaiaz hausnartzeko aukera izan dute.


[1] Iurrebaso, I. eta Goikoetxea, G. (2025). Esnatu ala hil. Elkar.

[2] Baina, era berean, haien gurasoen erabakiagatik ikasi dute D ereduan, eta unibertsitatera iritsi eta euskaraz ikasten jarraitzea ere inertzia baten parte izango da seguru asko.

Teresa del Valleren lekukoa

Jaime Altuna Ramรญrez

Atharratze. 1985eko maiatzaren 31. Inauteri aroa aspaldi joana da, baina, hala ere, maskaradaren doinuek herriko plaza hartu dute eta dantzariak euren trebetasuna eta dotorezia erakusten ari dira. Kauterak ez dira ageri, baina haien ordez, bitxi samar suertatzen den pertsonaia azaldu da. Aurpegia ile luzez estalia du, gorputza larruz. Egurrezko lantza bat darama eta haren mugimenduek ehizean ari dela erakusten dute. Horretan dabilela, plazaren albo batetik trajez jantzitako gizon bat agertu da. Hizkuntzalaria da eta pozez txoratzen dago euskara hitz egin zuen lehen gizakia topatu duelako.

Antzezpen horren bidez abiatu zen, duela 40 urte, Korrikaren laugarren edizioa eta antropologo talde baten ikerketa etnografikoak jaso zuen Atharratzeko plazan gertatutakoa. Hiru urte geroago, 1988an, Anthropos argitaletxeak Korrika. Rituales de la lengua en el espacio liburua argitaratu zuen. Ikerketak eta liburuak Korrika ekimenaren azterketa antropologiko ederra eskaintzen digute: euskararen alde hamar egunez herriz herri geratu gabe burutzen den errelebo lasterketa bitxi horren analisi sakona.

Baina, antropologian ohikoa den bezala, liburua ez da festa edo aldarrikapen giroko jardueraren deskribapen huts bat. Euskal Herriko errealitate ekonomiko, politiko, sozial eta linguistikoan barneratzeko aukera eskaintzen digu. Hau da, XX. mendeko 80ko hamarkadan euskal kulturak bizi zuen gizartean eta kulturan agertzen ziren kontraesanetan sakontzeko bidea ematen digu.

Izan ere, Korrika lasterketa festa eta hizkuntzaren gaineko aldarrikapen erraldoia da. Baina hori baino askoz gehiago ere bada, Korrikak dimentsio anitzak biltzen baititu: sozio-ekonomikoa, politiko-ideologikoa, kulturala eta errituala. Leihoa eta erakusleihoa da: euskararekin lotutako errealitateari begiratzeko leihoa eta Euskal Herriko konplexutasun kultural eta sozialaren erakusleihoa.

Teresa Del Vallek oso ondo ulertu zuen Korrikaren dimentsio bikoitz hori eta Korrika. Rituales de la lengua en el espazio monografiak antropologo horrek hizkuntzaren gainean zuen sentsibilitate antropologikoa erakusten du. Besteak beste, ekimenaren oinarrian jarraitutasuna dagoela azpimarratu zuen: jarraitutasuna espazioan eta denboran. Korrika ez da geratzen, euskararen geografia osoa zeharkatzen du. Lekukoa herriz herri eta eskuz esku dabil bidea eginez eta, era berean, euskara ahoz aho dabil errepikatzen diren leloen bidez, entzuten eta kantatzen diren abestien bidez, mugimenduan dauden hiztunen bidez. Horren guztiaren atzean Del Vallek erritualizazioaren indarra ikusten du, Korrikak errealitatearen hainbat adierazpenen agerpenerako aukera ematen baitu:

Badira momentuak zeinetan iragana gaurkotzen den testuinguru garaikidean. Atharrazeko plazan eman zen antzerki emanaldiaren bidez, esaterako, iragana plazako espazio publikoan presente egitea lortu zen, historiaurreko gizonez mozorrotutako pertsonaiaren agerpenarekin. Beste batzuetan, oraina arbuiatzen da, Frantziaren eta Espainiaren arteko mugaren pasabidean gertatzen den bezala, bere izaera zatitzailea adieraziz eta edukiz eta interpretazio politikoz betez. Hori egitean, kontrakoa baieztatzen da, hau da, banalerroak egon arren batasuna existitzen dela, batasun etniko eta historia partekatu batean oinarrituta dagoen batasuna. Korrikak arkaikoa, tradizionalena, aspaldikoa, idilikoa den hori gogora ekartzen du eta, aldi berean, hori guztia etorkizunera proiektatzen du eta hizkuntzaren biziraupenerako eta jarraipenerako aukeren justifikaziotzat hartzen da.

Ez da zaila hitz horiek egungo Korrikaren errealitatera ekartzea. Hamar egun barru hasiko den edizioan, monografikoan aipatzen diren jarduera eta irudi ugari topatuko ditugu. Baina hasi aurretik ere, aurtengo abestiaren hitzen azterketa azkar bat eginez gero ere, elementu horiek guztiak topatuko ditugu:

Jarraikortasuna denboran: Junkeraren fandango berri bat bezala / Artzai gazte bat kontu zaharretan / Arranoaren hegaldia lumadi berriaz / Irrintzi zahar bat aho gazteetan.
Iragan mitikoa eta espazioari lotutako jarraikortasuna lotzen dutenak: Herensugearen itzala Santa-Grazitikan Zarrakaztelura / Sorgin baten azken kanta Itoizko kaletan / Basurdearen aztarna gara Elorretatikan Agurainaldera.
Baita espazioari lotutako jarraikortasuna auzolan edo komunitatearekin batera azaltzen dutenak ere: Eta Errigoraren auzolan eredua Eskutik eskura / Ezkerraldeko AEK Saretuz lurra.
Eta identitatearen batasuna hizkuntzaren bidez gauzatzeari aipamenak egiten zaizkio, aurtengo Korrikaren leloari jarraituz eta etorkizunera proiektatuz euskararen jarraipena: Zer gara euskara bera ez bagara / lauburu bat gรขteau batean baino euskara gara.

Teresa Del Valle, bidegile eta gidari liburuan azpimarratu genuen moduan, 1985ean egindako etnografian euskararen sozializazioarekin lotutako elementu material eta sinboliko asko agertzen dira. Del Vallek euskara transmititu eta garatu beharreko elementu gisa aurkezten digu. Korrika ekimenean hizkuntzak Euskal Herriaren jarraikortasun kulturala irudikatzen duela erakusten digu. Denbora historikoarekin lotura dago, baina, batez ere, Del Vallek jarraitutasuna belaunaldi ezberdinen parte hartzearekin lotzen du: adin guztietakoek baldintza berberetan parte hartzeko aukera dute eta parte hartzen dute. Euskararen aldeko ekimen askoren joeraren kontra, ez da haur ekitaldi bat; espazio publikoan garatzen den ekimen kolektiboa da, eta ekintza forma horrek haur eta nerabeei hizkuntzan, kulturan eta aldarrikapenean sozializatzeko aukera berezia ematen die. Modu horretan, transmisioaren erreprodukzio ideiaren kutsu mekanikoaren aurrean, hizkuntza-sozializazioaren izaera elkarreragilea azpimarratzen da: ikasketa edo sozializazio prozesua ez da goitik beherakoa soilik, baita pareen edo adinkideen artekoa ere, eta baita behetik gorakoa ere. Ez da haurtzarora mugatzen den zerbait, bizitza osoan irauten duen prozesu jarraitu eta amaigabea da.

Atharratze. 2026ko martxoaren 19a. Hamar egun barru, duela 40 urte bezala, Zuberoako herri bera izango da 24. Korrikaren abiaburua. Zoritxarrez, Euskal Herriko antropologia garaikidearen aitzindariak ez du aurtengo ekitaldia ikusteko eta aztertzeko aukerarik izango, iazko apirilean zendu baitzen. Urrian Donostiako San Telmo Museoan egin zen Teresa Del Valle oroituz omenaldi ekitaldian Igor Elordui eta Ane Elordi AEKko kideek Korrika. Rituales de la lengua en el espacio monografia euskaratuko dela aurreratu zuten, baita aurtengo Korrikan bere omenezko lekuko-hartze bat izango zela ere. Martxoaren 25ean izango da, Donostian, goizeko 11:30ean. Bertan elkartuko gara Teresaren lekukoak eskuz esku eta ahoz aho jarraipena izango duela aldarrikatzeko.

Ingelesa Haur Hezkuntzan? Aukeran, nahiago ez

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Aspaldi-aspaldi ohartu ginen D ereduak ez zuela euskalduntzea bermatzen. Baina hori jakin arren (eta gure egoera soziolinguistikoa eta euskararen gizarte-estatusa zein den jakinda), batzuei, aspaldi, ideia ona iruditu zitzaien euskarazko murgiltze ereduetako umeak Haur Hezkuntzan has zitezen ingelesa ikasten. ย Bizirauteko ingelesa jakitea ura bezain ezinbestekoa dela sinetsarazi digutenez, gurasoek pozik hartu zuten neurria. Ezin bestela izan. Gaur egun, Hego Euskal Herriko hizkuntza eredu guztietako haurrak 4 urterekin hasten dira ingelesa ikasten. Are gehiago, Nafarroan โ€•ederki kostataโ€• zabaltzen diren D ereduak PAI-D ereduak dira, derrigor, eta EAEn euskarazko murgiltze-eredu eleaniztunak bultzatzen ari dira.

Hainbesteko karrez eta indarrez esan digute gure haurrek, bizitzan galtzaile izanen ez badira, Oxforden jaio eta han biziko balira bezain ongi mintzatu behar dutela ingelesez, non haur ingelesdun petoak heztea bihurtu baita familia askoren xede, euskaltzaleen artean ere bai: alaba txikia zenean, euskarazko jolas talde batera eraman genuen, baina, guraso gehienen eskariz, zeinek seme-alabak euskaraz eskolatuak baitzituzten, talde hura ingelesezko jolasgune bihurtu zen.

D ereduaren ezinaren datuak oso gordinak dira. Mikel Basabek aspaldiko artikulu batean azaldu zuen zein kezkagarriak ziren EAEko ikastetxe guztietan 2019an egindako ebaluazio diagnostikoaren datuak, adierazten baitzuten D ereduak ez duela inolaz ere bermatzen elebitasunaren helburua.

Badakit eskolak bakarrik ezin duela, hertsatzen gaituen diglosiak bihurtzen duela haurren euskalduntzea hain nekeza inguru askotan, eta badakit ikastetxe batzuetan hasiak direla egoera iraultzeko neurriak hartzen. Horregatik iruditzen zait ingelesak hartzen dituen orduak ere jarri behar direla mahai gainean, haur txikiek HHko ikasturteetan zehar ingelesa ikasten ematen dituzten orduak oso baliotsuak izan daitezkeelako etxetik erdaldun eskolatzen diren umeek euskaraz hobeki (egiaz?) ikasteko.

EAEn, D eta B ereduetako ikasleei B1 maila aitortzen zaie DBH bukatutakoan, baina datuek (eta gure belarriek) besterik esaten digute. Erabilerak gaitu kezkatzen, baina euskaraz ozta-ozta dakitenak nekez arituko dira eroso eta gustura hizkuntza horretan. Nire ustez, gazte tituluz euskaldunek euskararen aldeko hautua eginen badute, ezagutza da indartu beharrekoa. Ez dakienak ezin-eta hautatu. D ereduetan ikasitako gazte euskaldunen taldetxo batekin suertatu nintzen aurrekoan: solasean ginela, hizkuntza ohituren gaiaz aritu ginen, eta garbi eta ahoan bilorik gabe aipatu zuten ikastola-/institutu-garaian beren ikaskide askok ez zekitela euskaraz bizpahiru esaldi josten.

Ez gara halakoez harritzen, baina ez ikusia egiten diegu. Ostrukarenak egiteak, ordea, ez digu lagunduko. Burua goititu, begiak zabaldu, eta belarriak zorroztu beste aukerarik ez dugu. Min ematen digun egoeraren neurriaz eta larriaz jabetu behar dugula iruditzen zait, eta egoera iraultzen lagunduko digun erraminta-kutxa hornitu, eta D ereduetan ingelesak hartzen dituen ordu mordoak kimatzen hasi ere bai.

Nolanahi ere, ez dut ezkorra izan nahi, itsasoak badu-eta esperantzarik: lankide batek kontatu berri digu 11 urteko alabak etxean esan diela ez duela ikastetxeak Lekarozen (bai, Lekarozen) antolatuko duen English Weekera joan nahi. Neskak honela azaldu die erabakia: โ€œzertarako joanen naiz herri euskaldun batera ingelesez mintzatzera?โ€. Tutoreari ez zaio erabakia askorik gustatu, baina gure lankideak, ingelesaren matrakarekin ni bezain gogaitua bera, pozez eta harro kontatu digu gertatutakoa. Alaba ez da Lekarozera joanen.

Neskato horren erabakia buruan, otu zait hor egon litekeela ingelesak ikastetxeetan hartu duen garrantziaz kokoteraino gauden gurasoen aukera: beharbada gure desadostasuna erakusten hasi behar dugu, edo, gutxienez, ingelesa hautazkoa izan dadila eskatzen, HHko urteetan behinik behin. Leloetan ere pentsatzen hasi naiz: โ€œHH: ingelesaren inposiziorik ezโ€, โ€œHH: ingelesa askatasuneanโ€; โ€œIngelesa HHn? Ez, eskerrik askoโ€; โ€œIngelesa HHn? Aukeran, nahiago ezโ€โ€ฆ[1]


[1] Hau ez da gaiari buruz idazten dudan lehen aldia. Blog honetan bertan testu hau argitaratu nuen orain dela ia 10 urte. Eta, Euskalerria Irratian, beste hau 2024an. Bestetik, testua idatzi ondoren, honat ekartzeko hagitz aproposa iruditu zaidan aspaldiko artikulu honen berri izan dut. Joxe Manuel Odriozolarena da eta bikain aletzen ditu ingelesaren sarrera goiztiarrak eragindako ohar kritiko zenbait.

Gasteizko errealitateak

Josu Barambones Zubiria

Goiz batez, Gasteizko X lineako autobusean nindoala, bidaiari gazte eta heldu batzuen arteko solasek inguru-minguruan bizi dudan euskararen paisaiari buruz idazteko ideia eman zidaten. Uste dut euskaldunok oso kontzienteak garela euskarak bizi duen egoeraz, eta halaber oso kontzienteak garela hitz egiten dugun euskaraz edota entzuten dugun euskaraz ere. Kontzientzia horren erruz, hala nola jasandako hezkuntza linguistiko ezinago kaltegarri eta aurreiritziz mukuru beterikoari esker, beti belarriak prest daude entzuten duguna linguistikoki deskodifikatzeko. Baina hori beste ezpal bateko zura da, eta ez da hona ekarri nauen gaia. Kontua da autobuseko abagune hori egokia iruditu zitzaidala nire jaioterrian bizi ditudan errealitate linguistikoez hitz egiteko. Hortaz, ez si eta ez no, koadernoa eta bolaluma hartu, eta hara non nire burua topatu dudan Gasteizen hitz egiten diren hizkuntzekin bizi ditudan errealitate linguistikoez idazten. Deskribatuko ditudan errealitate guztiak elkarrekin nahasten dira eta sarritan osagarriak ere badira, izan ere inongo errealitate ez da gainerakoetatik aparte bizi.

Lehen errealitatea. Ikasle talde bat, 16 bat urtekoa, autobusean eskolaz kanpoko jardueraren bat egitera zihoana. Denak gaztelaniaz ari ziren. Egia esan, denak ez: bazen heroi baten itxura hartu nion neska bat euskaraz bakarrik egiten zuena. Ez dakit nondik aterako zuen barruko indarra, baina gainerako ikaskide guztiak erdaraz ari ziren bitartean, berak euskara batu estandarrean tinko egonarria galdu gabe:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Astebukaeran mendian egon naiz.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€ยฟCon el frรญo que hace? Yo no voy ni de palo.

Hamar bat minutu iraun zuen bidaian berak euskaraz jo eta fuego, ikaskideek gaztelaniaz erantzun arren. Halere, noizean behin, mirari moduko bat gertatzen zen eta ikaskideren bati edo besteri โ€œbaiโ€ edo โ€œezโ€ bat itzurtzen zitzaion euskaraz egiten zuen neskak egiten zituen galderen edo iruzkinen aurrean.

Bigarren errealitatea. Talde bereko irakasle bat euskara batuan bi ikaslerekin. Ikasleek euskara ulertzen zuten arren (ezagutzan aurrera egin dugun seinale), beti gaztelaniaz erantzuten zioten:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Ze, zure etxean ez duzue arrainik jaten ala? โ”€irakasleak.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€No, a mi madre no le gusta el pescado โ”€ikasle batek.

Lehen errealitatearekin aldatzen den bakarra botere-erlazioa da: kasu honetan, irakaslearen eta ikasleen artekoa da. Aurrekoan, ordea, berdinetik berdinera zen. Pentsatzen jarrita, niri ere antzeko kasu bat gertatu zitzaidan Itzulpengintza euskaraz ikasten zuen ikasle batekin. Nahiz eta hasieran nirekin euskaraz egiten saiatzen zen, beti bukatzen zuen gaztelaniaz hitz egiten.

Hirugarren errealitatea. Handik bi ordura, bueltako autobusean, bi andereรฑo elkarrekin euskaraz. Andereรฑoen arteko solasaldian euskara (batua) eta erdara, erdara eta euskara, zein baino zein, nahastu egiten dira:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Los Herrรกn kalea oso ondo utzi dute egin dituzten obrekin.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Bai, estรก muy chula. Pasiatzeko eta bizikletan ibiltzeko superondo.

Esango nuke halako errealitatean euskara gailentzen zaiola erdarari, baina erdararen hanka gabe, zangomotz gelditzen dela eta euskal hiztunek erdararen beharra dutela elkarrizketak herren ez egitearren. Eta errealitate hau hurrengoarekin oso lotua dago, baina badago desberdintasun bat: hirugarren errealitateko euskaldunek euskara batuan egiten dute; aitzitik, laugarren errealitatekoek nork bere euskalkian.

Laugarren errealitatea. Errealitate hau gazte jendearen artean gertatzen da (ez bakarrik ordea). Fenomeno hau guztiz zabaldua dago eta oso modu naturala da gazteen arteko elkarrizketak garatzeko. Euskaรฑola du izena, argot-tzat har daiteke eta hizkuntza baliabide gisa erabiltzen da, bizi-bizi erabili ere. Beste euskara mota bat da, euskararen diglosia erakusten duena eta diglosiaz harago doana: gazteen arteko harremanen adierazpide indartsu eta ezinbestekoa bilakatu da. Adibide pare bat baino ez entzundako bi elkarrizketatatik:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€A ver Gasteiz toketan jatzun, Gasteiz mola mogollรณn.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย  โ”€Bai, gogoratzen det que Leire se lo comentรณ.

Argot honetako ezaugarri nagusia esapide gatzdun edo xelebre gehienak espainolez esatea da. Argi dago euskarazko esapideak galduan irteten direla (erabiltzaileek ez dakitelako horiek euskaraz esaten edo euskarak falta dituelako), baina norberaren bizipenak lagun-ezagunei helarazteko oso modu zuzen eta eraginkorra dela ezin uka. Aldeak alde eta mugak muga, niri ingeles txikanoa, hau da, Spanglish delakoa gogorarazten dit. Azken finean, ingeles txikanoarekin gertatzen den bezala, gure kasuan euskara eta espainola nahasten dira, modu pragmatikoan nahastu ere: biak elkarren osagarri dira, ez arerio.

Bosgarren errealitatea. Euskara hutsean aritzen direnena: euskara landua erabiltzen da, dela batu estandarrean, dela norberaren euskalkian edo dela batuan baina norberaren euskalkiko zipriztinekin. Errealitate hau oso ondo ezagutzen dut egunero bizi eta praktikatzen dudalako, ahoz zein idatziz: familiakoekin (ez beti), lankideekin eta lagun eta ezagun batzuekin (nire lagun eta ezagun gehienak erdaldunak dira). Kasu askotan, gainera, euskara lan-hizkuntza ere da, nire kasuan bezala.

Seigarren errealitatea. Beste errealitate batzuk, nik ezagutzen ez ditudanak, baina entzun eta ikusten ditudanak Gasteizko kaleetan pasieran nabilenean: beste hizkuntza batzuetan mintzatzen diren errealitateak. Gasteizko udaleko web orrian irakurri dudanaren arabera, Gasteizko kaleetan 50 hizkuntza baino gehiago erabiltzen omen dira, besteak beste hauek: hassania (Sahara), wolofera (Senegal), bulgariera, paular hizkuntza (Gineako Errepublika), tamazigh hizkuntza (bereber hizkuntzak), arabiera (ziur asko dialektoren bat baino gehiago) eta txinera (ziur asko dialektoren bat baino gehiago). Errealitate horiek gogorarazten digute gaur egungo mundu globalizatuan gizarte elebakarrak espejismo hutsak direla.

Zazpigarren errealitatea. Hizkuntza hegemonikoari dagokiona, hots, gaztelania hutsean bizi direnen errealitatea. Egunero errealitate honekin gurutzatzen naizen arren, datu bakan batzuk ezagutu nahi izan ditut. Eustatek eskaintzen dituen datuei kasu eginez, 2021ean (azken erregistroko datuak) Gasteizko biztanleen % 70,17 da erdaldun elebakarra eta euskaldunak eta ia-euskaldunak % 29,83. Haur eta gazte gehienek ulertzen duten arren (ulermen mailak zehaztu beharko lirateke), gutxi dira erabiltzen dutenak. Guztiarekin ere, gutxi horiek duela berrogeita hamar urte baino gehiago dira.

Urriaren hasieran Blanca Urgellek Berria egunkarian esaten zuen gasteiztarrok harro egon behar dugula euskararen ezagutzan eta erabileran egin dugun jauziagatik. Eta bat nator iritzi horrekin. Ni Gasteizko Adurtza auzokoa naiz: bertan jaio eta koxkortu nintzen, lehen ikasketak hor egin nituen, eta orain hor bizi eta lan egiten dut. Nire txikitako unibertsoan euskara ez zen existitzen. 14 bat urte bete nituen arte euskarazko hitzik entzun gabe nengoen, eta entzun nituen euskarazko lehen hitzak eskolarekin Gernika, Lekeitio eta Ondarrura egin nuen bidaia batean izan zen. Hazi nintzen auzoan gaztelaniak betetzen zituen espazio guztiak. Orain, ia berrogeita hamar urte igaro direlarik bidaia hartatik, nire auzoan euskara egunero entzuten dut: kalean, dendetan, tabernetan, tranbian, autobuseanโ€ฆ Euskara larrialdian omen dago, ez horrenbeste ezagutzari dagokionez, baizik eta erabilerari dagokionez, eta bereziki orain arte euskararen arnasguneak izan diren eremuetan. Edozelan ere, baikortasunez begiratu nahi diot euskararen etorkizunari, eta aitortu azken mende erdian denon artean eman ditugun urratsak erabakigarriak izan direla euskararen erabilera, ezagutza eta garapena, agian ez nahi genukeen neurrian, baina hein batean bederen, hedatu eta ziurtatzeko.

Eguberri on.

Lore Jokoetatik Herri Olinpiadetara

Jaime Altuna Ramรญrez

Atxis!

Aitorpen txiki batekin hasiko naiz: euskal jaia izendapenarekiko alergia moduko bat garatu dut. Edozein herritako jaietako programan euskal jaia irakurri orduko doministiku egiten dut. Atxis bakarra izaten da, ezer larririk ez. Galdera bati lotutako usin bakar bat: nolakoak izango dira herri edo auzo horretan euskal ez diren jaiak?

Eta hala ere, blog honetan idatziko dudan nire lehenengo artikulua alergia handirik sortu ez didan euskal jai izenekoospakizun bati buruz izango da. Aurten ehun urte bete batira Hondarribian Euskal Jaiak ospatu zirenetik. 1925eko irailean hamar eguneko egitaraua prestatu zuten eta Francisco Sagarzazu alkateak honako deia egin zien herritarrei:

Datorren jayak ekarriko digute gure erri maite ontara jende asko eta ospetsua. Beti bezala datorren jendeari egiten ba-diogu ongi etorri bero bat, eta gure artean dagozten bitartean atsegiรฑez edukitzen ba-digute, eramango dute beuren errietara oroitz on eta luze bat. Beragatik eskatzen dizutet len-bai-len asteko zeuden etxeak apaintzen eta leyo-balkoyak lorez betetzen, erriontako etxezar, politak, agertu ditezen ederki jantziyak (Hondarribia Aldizkaria, 408)

Loreak leiho eta balkoietan. Egungo begiekin alkatearen eskaera bitxi samarra izan zitekeena erabat logikoa zen duela ehun urte, 1925eko Euskal Jaiak XIX. mendearen erdialdean Anton Abadiaren ekimenez sortu ziren Lore Jokoetan oinarrituta zeudelako.

1851n Abadia, erromantizismoaren espirituaz blai, euskal musika, dantza eta poesiari buruzko jardunaldiak antolatu zituen Urruรฑan. Gustura geratu omen ziren, ondorengo urteetan Lapurdiko zenbait herritan ospatzen jarraitu zutelako. 1879tik aurrera beste lurraldeetako herri batzuetan ere Lore Jokoak antolatu ziren: Begoรฑan, Beran, Donostian, Maulen, Irunen, Aramaion, Urnietan, Kanbonโ€ฆ Euskal Pizkundea abian zen. Hondarribian, Lore Jokoak 1883an ospatu ziren lehen aldiz, eta Lehen Mundu Gerra amaituta, 1925ean berriro antolatu zituzten Euskal Jaiak izenarekin. Auรฑamendi Entziklopediak jasotakoaren arabera, urte hartako jai programak oso ekimen anitzak jaso zituen: musika kontzertuak eta arte ederren erakusketa; bertsolari saioak eta lehiaketa; literatura festa eta olerki lehiaketa; aizkolariak eta futbol partida; prozesioak eta mezak; baita zinema kalean ere (pantailek hitz egiten ez zuten garaia zen).

Ehun urte geroago, Hondarribian ez da Euskal Jai edo Lore Jokorik antolatzen; garaiak aldatu dira. Baina festa giroan elkartzeko gogoa bizirik dago eta, azken urteetan, gazteek XX. mendearen azken hamarkadan sortu ziren Herri Olinpiadak berreskuratu dituzte. Neguko hilabeteetan, herriko koadrilen arteko hartu-emanak sustatzea helburu, joko ugari antolatzen dituzte.

Saioa Zabala Aristizabal antropologo gazteak 2023ko Hondarribiko Herri Olinpiadei buruzko ikerketa egin zuen eta, besteak beste, bertan parte hartzen dutenen hizkuntza praktikei erreparatu zien. Olinpiadak euskaraz antolatzen direla ikusi zuen: koordinazio bilerak euskaraz dira, jokoak euskaraz antolatzen dira eta mikrofonotik esaten den guztia euskaraz da. Gainera, Olinpiadetan parte hartzen dutenek ez dute ekimen hau beste hizkuntza batean imajinatzen. Arrotza egiten zaie Olinpiadak erdaraz irudikatzea; oso garbi dute euskaraz direla eta horrela izan behar dutela.

Hala ere, horrek ez du bermatzen Olinpiada egunetan euskara izatea gehien entzuten den hizkuntza. Zabalak azaltzen duenez, jokoetan parte hartzaileen arteko elkarrizketa informalak gehienak gaztelaniaz dira. Joera hori ulertu nahian, zenbait gazte elkarrizketatu zituen. Lagunarteko hizkera kolokialaren falta aipatu zuten horietako askok eta herriko hizkeraren galerarekin lotzen zuten. Hala zioen ikerlariak udaberrian Blagan Euskara Elkarteak antolatutako mahai-inguruan:

Argi eta garbi ikusi nuen badagoela nahi bat, Olinpiaden kontestuan batez ere, Hondarribiko euskara erabiltzeko. Taldeen izenetan ikusten da, talde gehienen izenak Hondarribiko hitzekin edo bertako esaerekin sortuak dira: Guazemizia, Faki ta faki, Ur karruxaโ€ฆ Izen asko dira horrelakoak, nahiz eta gero jende askok ez dakien zer esan nahi duen beste taldeen izenak. Baina hitz horiek erabiltzeko saiakera bat dago. Karteletan ere ikusten da. Adibidez, lehenengo proba egin zenean kartelean argi eta garbi jartzen zuen: โ€œOlinpiadak. Lemixiko egunaโ€. Hori nahita egindako gauza bat da.

Zabalak urte hartako Herri Olinpiadei lotutako sare sozial digitalak ere aztertu zituen ondorio interesgarriak erakutsiz. Talde edo koadrila bakoitzak Instagram kontu bana zuen eta sare sozial horretan mugimendu handia sortzen zen, bai joko egunean, baita hurrengo egunetan ere. Ikerlariak jasotakoaren arabera, testuinguru digitalean euskara nagusitzen zen eta Hondarribiko hizkera erabiltzea kode moduko bat zen. Egindako elkarrizketa batean honela azaldu zioten online ta offlinen arteko ezberdintasuna: ยซEske nik ez dakit zurekin hitz egiten horrela, bat-batean, pentsatu gabe, ez daukat solturarik, baina nik hartzen badut mugikorra eta daukat munduko denbora guztia pentsatzeko, nik badakit Hondarbiko euskaran idaztenยป. Antropologoak ondorioztatu zuen Herri Olinpiadek euskarazko burbuila moduko bat sortzen dutela:

Nahiz eta gazteleraz egin, egia da Olinpiadak lotuta daudela euskal mundu batekin. Herritik sortu den zerbait da, herrigintza mugimendu bat da, euskalgintzarekin lotua dago, nahiz eta inportanteena ez den Olinpiadak euskaraz direla, inportanteena da Hondarribikoak direla. Orduan, euskaraz egingo dugu, baina Hondarribiko hizkuntzan, hondarribitarrak garela erakusteko.

Azken asteetan Euskal Jaien mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dira Hondarribian eta bihar liburuak eta euskal sortzaileak izango dira protagonistak, Euskal Azoka egingo baita. Itsas Etxea Auditoriumean salmenta postuak ipiniko dira eta zenbait idazleren aurkezpenekin batera โ€œEuskal Jaiak: iragana eta etorkizunaโ€ izenburua duen mahai-ingurua programatu dute. Handik gertu, herriko gazteak Olinpiadetako jokoetan arituko dira, egun berezi honetarako โ€œeuskara probaโ€ antolatu baitute.

Bihar, beraz, aspaldiko Euskal Jaiek, biziberritutako Euskal Azokak eta egungo Herri Olinpiadek bat egingo dute eta, bistan denez, euskal izendapena erabiltzen jarraitu behar dugu ohikoa ez dena izendatzeko: euskaraz egiten den liburu azoka edo euskarari buruzko proba olinpikoak. Nik dagoeneko etxeko balkoi guztiak lorez apaindu ditut etorriko zareten guztiok zeuen errietara oroitz on eta luze bat eraman dezazuen!

Hausnarketa bat Euskararen Egunaren harira

Garazi Goldarazena Sanchez eta Leire Lakasta Mugeta

50 urte bete berri dira Franco hil zenetik. Ohean hil zen diktadorea, dena lotuta eta ongi lotuta utzi zuela. Hain zuzen ere, 78ko erregimenak eta ustezko trantsizioak ez zuten frankismoarekin erabateko hausturarik ekarri, eta horren adibide dugu Euskal Herriko langileriaren autodeterminaziorako eskubidearen ukatzea, baita berekin dakarren euskararen kontrako oldarraldia ere. Horrekin lotura estuan, hamaika dira azkenaldian indartzen ari den gorakada erreakzionarioaren adibideak, eta ezin dugu ahaztu halakoek, beste gauza askoren artean, euskara bera ere jopuntuan jartzen dutela.

50 urte dira, halaber, Gabriel Aresti hil zela. Horren karietara, hainbat ekimen antolatu dira urtean zehar. Guk gaurkoan Arteka aldizkariak Gabriel Arestiren omenez egindako alean argitaratutako artikulu bat ekarri nahiko genuke, Aitor Bizkarraren โ€œBakeak euskarari kalte egiten baitioโ€[1], hain zuzen ere. Bertan, euskararen auziaz ondutako zenbait ideia aurkeztu zituen, eta ideia horietako batzuk ekarriko ditugu lerrootara, hark azaldutako hainbat kezka konpartitzen baititugu geuk ere.

Hori esanda, hasieratik argi utzi nahiko genuke ez garela ez soziolinguistak, ezta hizkuntzalariak ere. Finean, ez gara gaian adituak. Jarraian idatzitakoa hausnarketa xume eta zintzo baten emaitza besterik ez da, bizi dugun garaian euskararen alde egiteko eskuartean izan dezakegun horretatik tiraka. Kulturgintzan, itzulpengintzan jarduten dugu guk (nolabait), baina argi dugu euskararen auzia politikoki pentsatzea ere dagokigula, gure esparrutik ere ekarpena egitea. Hain zuzen ere, gaur Euskararen Eguna dugunez, euskararen auziari heltzea erabaki dugu gure lehen artikuluan.

Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren aipu ezagunenetarikoa da euskararen misterioa ez dela haren jatorria, haren iraupena baizik. Bizkarrak abiapuntu egokitzat jo zuen, askoz interesgarriagoa baitzaio jatorri historikoa baino gehiago arrazoi historikoa bilatzea, euskarak iraun izanaren kausak eta hura biziberritzearen posibilitate baldintzak aztertu nahi badira behintzat.

Ekologia linguistikoaren ikuspegitik, hizkuntzen balioa ez da soilik komunikazio-tresnak izatera mugatzen, badago hizkuntzetan zerbait baliotsua dena berez. Euskal Herriaren kasuan, euskara hizkuntza gutxitua dugu, ofizialtasun- eta sustraitze-gradu aldakorrekoa eta diglosia-egoeran dagoena. Bizkarraren hitzetan, baina, euskara ere bada elementu zentrala giza talde oso esanguratsu baten identifikazio-prozesu soziokultural eta, are, politikoetan; hau da, ez da komunikazio-tresna soila, nortasun kultural eta politiko kolektiboen osagai garrantzitsua ere bada. Hizkuntza-komunitate horren partaideak askotarikoak dira, hau da, hiztunak izateaz gain, beste determinazio batzuek ere ezaugarritzen dituzte: klase-kondizioak, esaterako. Ildo beretik, Bizkarrak dio hizkuntza-komunitate horretako langile-sektoreak izan direla Euskal Herriko aktore politiko eta sozial dinamikoena eta hala izaten jarraitzen dutela, bizitasun hori apaldu bada ere.

Iรฑaki Iurrebaso soziolinguistak ere ziklo linguistikoen periodizazioari buruz idatzi zuen[2], eta ordezkapen-, biziberritze- eta geldotze-aroak zerrendatu zituen. Geldotze aroan gauden honetan, azken bi hamarkadetan, hain zuzen ere, 1960tik aurrera izandako hazkundea moteltzen ari da, eta zenbait arlotan atzera egiten. Alegia, indarberritzea gelditu da, eta ez aurrera ez atzera gaude. Bizkarrak, bere aldetik, Iurrebasok proposatutako ziklo linguistikoek ziklo politiko, ekonomiko eta kulturalekin lotura dutela iradokitzen du, eta Euskal Herriaren eta euskararen bilakaera historikoaren errepasoa egiten du ikuspegi hori aintzat hartuta. Guk, luzera mugak tarteko, ez dugu horretan sakonduko, baina esanguratsua iruditzen zaigu euskararen aldeko borroka askatasunaren aldeko borrokarekin lotu izana.

Joera demografikoek, halaber, eragin handia izan dezakete hizkuntzen bilakaeran. Azken datuek alarma piztu dute, joera horiek zedarritutako geroa akaso meharregia izan daitekeelako euskararen etorkizunarentzat. Ikerketa batzuen arabera[3], 2036rako euskal hiztunak zaharragoak izanen dira, inguru erdaldunagoa izanen dute gehienek, etxean nagusiki gero eta gutxiagok erabiliko dute euskara, ezagutza maila apalagoa izanen dute, eta erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko dira.

Datuen arabera, Euskal Herriko zenbait tokitan euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera altuagoa da euskararena baino; eta datozen urteetan, atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen eginen du gora. Bistan denez, horrek eragina izanen du egoera soziolinguistikoan.

Aldaketa demografiko horrekin batera, migratzaileen kontrako diskurtso erreakzionarioak hedatzen hasiak dira, baita zenbait euskaldunen artean ere. Baina, izanen duen eragina eta ekarriko dituen erronkak errealak izanagatik ere, Bizkarraren iritziz, ustez euskara babestu nahian, euskararen diglosia-egoera indartu baizik ez du egiten jarrera atzerakoi horrek. Iurrebasoren ziklo linguistikoen periodizazioari jarraikiz, argigarria da arestian aipatutako biziberritze aroa hain justu Euskal Herriak sekula jaso duen immigrazio olaturik handienaren ondoren etorri zela. Bizkarrak argi dio, ez dira migratuak euskararen aurkako mehatxua, haiek bigarren mailako subjektu izatera kondenatzen dituen dinamika soziala baizik. Areago, immigrazioa eta euskararen ordezkapena korrelatiboak izan litezke baldintza jakinetan, baina ezin dugu ondorioztatu bataren eta bestearen artean kausa-efektu erlazio erabatekoa dagoenik; eta egiazki, Bizkarraren ustez, immigrazioa eta hizkuntz ordezkapena korrelatibo egiten dituen faktoreetako bat izan daiteke, hain justu, diskurtso erreakzionarioa, langile euskaldunen eta migratuen arteko segregazio soziala, politikoa eta kulturala indartzen baititu. Beraz, uste dugu ideia erreakzionarioak baztertu eta euskararen auzia politikoki pentsatu beharra dugula, zehatzago esateko, klase ikuspegi batetik.

Horiek horrela, eta artikuluari bukaera emateko, berriro argitu nahi dugu kezka eta intuizio zintzo batzuetatik abiatutako hausnarketa dela honakoa. Euskararen erabilerari buruz hitz egiteko blog honetara ekarri nahi izan ditugu ideiok, uste baitugu itzulpengintzan eta, orokorrago, kulturgintzan dihardugunok ere badugula zer pentsatua euskararen aldeko borrokari ekarpena egiteko. Gure ustez, borroka horrek askapenaren aldeko mugimendu batekin lotuta egon behar du.


[1] Bizkarra, Aitor (2025). โ€œBakeak euskarari kalte egiten baitioโ€. Arteka, (61), 31-45.

[2] Iurrebaso, Iรฑaki (2023). Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. [Doktore-tesia] UPV/EHU.

[3] Siadeco eta UEMA (2025). Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa. https://www.2022.uema.eus/wp-content/uploads/2025/07/Norantz-doa-euskara_Hego-Euskal-Herria-2036-proiekzio-demolinguistikoa_202…artxoa.pdf