Tolestu ditzagun liburuak!

Itziar Luri Ekiza

90eko hamarkadan Iruñeko institutu batean ikasten hasi eta ordura arte nire ametsik zoroenean ere tokirik ez zuen mundu berria ezagutu nuen. Ikastetxearen pasillo luzeetan ibiltzea oihana zeharkatzea bezalakoa zen, ordura arte ikastolan goxo-goxo egon ondoren bat-batean gu baino zaharragoak ziren gazte handi, arraro eta, batez ere, erdaldun kopuru ikaragarriaren artean ibiltzea muturreko esperientzia iruditzen zitzaigun. Edonola ere, behin ikasgelan sartuta oasi txiki batean sentitzen ginen, irakasleek goxoago hitz egiten ziguten, lagunen izenak ezagutzen genituen… etxean bezala geunden.

Lehen urte horretan natur zientzietako irakasle gazte bat etorri zen bere lehen klaseak gure institutuan ematera. Onartu beharra dut natur zientziak ez nituela sobera maite eta irakaslea hizketan hasten zenean nire pentsamenduak gai atseginagoetara hegan joaten zirela, maiz. Halako batean, irakasle hura plaken tektonikaren teoria azaltzen hasi zen, gelako bi liburu hartu eta eskuez bihurritu eta tolestu zituen liburu bakoitza plaka bat bailitzan. Irakaslea liburuak birrintzen ikustean harritu eta asaldatu egin ginen, eta ordutik, gure hamalau urtetako nerabekeriarekin, irakasle hori txiste eta antzeratzeen jomuga bilakatu zen. Barregarria iruditzen zitzaigun bi liburu erabilita honelako azalpen zientifikoak ematea.

Bada, 20 urte geroago gure semea ondoko auzoko institutuan ikasten hasi da eta gozagarria da bere begiez ikustea nola gauza batzuk ez diren batere aldatu. Formolean gordeak daude institutu garaiko lagunen arteko broma eta txisteak, irakasleei jarritako ezizenak, batzuk maitasunez eta beste batzuk nerabezaroko gaiztakeriaz, adin horretan edozein txikikeria handi egiteko joera…

Ta zer ez da berdin?, Hertzainak-ek galde egiten zuen moduan… Bada erabat desberdina den gauza bat. Gure semearen irakasleek ez dituzte jada liburuak tolesten; sarean topatutako material berri eta erakargarriak jartzen dizkiete historia, fisika edo teknologia bezalako ikasgaietan. YouTubeko bideo zein film horiek guztiak ikaragarriak dira, bai, soinu efektuak, emotikonoak, irudi ikusgarriak… eta, gainera, gaztelera jatorrean! Gure koadrilan oraindik gogoratzen dugu plaken tektonikaren azalpena, eta, noizean behin, afariren batean edo, bada txiste hori gogora ekartzen duen lagunen bat. Gure semeek, aldiz, longitud, volumen, mecanismos, visigodos eta imperio romanoa oroituko dituzte. Paula Kasares soziolinguistari entzun nion aurrekoan: “Zein inozoak izan ginen (aurreko belaunaldiez ari zen) pentsatuta eskolan euskaraz ikasita aski izanen zela hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko”. Bai, inozoak izan ginen, baina ez gaitezen gaur egun ere inozoak izan pentsatuz D ereduko murgiltzea apetaren fruitua dela (hori ere aurrekoan entzun nuen, esalearen izena aipatu nahi ez badut ere). Ikasleek eskolan ematen duten denbora akaso ez da euskaldun hazteko nahikoa, baina, zalantzarik gabe, geroko hiztun horiek hizkuntzaren ezagutzan trebatzeko ezinbesteko tresna da. Nire kasuan behintzat hala izan zen. Murgiltzerik gabe, nola hezi ume euskaldunak? Bada, toles ditzagun liburuak, eta hiztunek eta liburuek eskertuko digute, bai, liburuek ere bai, norbaitek erabiltzen dituen seinale izanen baita.