Oharrei eta orratzei buruz

Izaskun Gracia Quintana

Orain dela sei hilabete inguru, karteltxo batzuek eskatzen zuten autobus batean beste bidaiariei gogait ez egiteko eta entzungailuak erabiltzeko, Ez eman oharra / No des la nota esanez. Ufff. Argazki bat atera eta sare sozialetan komentatu nuen, Bizkaian bizi diren beste batzuek egin zuten bezala. Adolfo Arejitak berak ere aipatu zuen irratian, eta hori euskaraz zuzen esateko zenbait aukera eman zituen.

Badirudi garraio-konpainiako inork ez zuela euskaltzainak esandakoa entzun, baina aste pare bat igaro ondoren, karteltxoetan Jaitsi bolumena / Baja el volumen agertzen zen. Gaitz erdi. Goiburua aldatu zuten bederen. Beste batzuei ez zaie batere axola horrelako akatsak egitea.

Oraindik (bihotzeko minez) gogoratzen dut duela urte batzuk, saltoki handi batzuetako kartel batean X. landarea / Xª planta jartzen zela, eta supermerkatuan orratza (hau da, lepoaldea, gaztelaniaz aguja dena) merkeago zegoela esaten zela.

Arazoa, hemen, ez da akats bat egitea. Edo, hobeto esanda, hori ez da arazo bakarra. Guztiok egin dezakegu akats bat. Hain zuzen ere, denok egin, egiten eta egingo ditugu akatsak. Arazoa ez da, ezta ere, euskaraz ez egitea, ikasi ahal baita. Arazoa da euskara ez dela nahikoa itzulpen on bat egiteko (itzulpena egiteko dirurik eza ezin da arazoa izan, lerro/hitz bat itzultzeko dirua baitago beti).

Izan ere, enpresa horietan ez al dago euskaraz egiten duen edo esaldi/lerro/hitz bat irakurri eta zuzendu ahal duen inor? Benetan? Ez dut uste. Uste dut, besteak beste, utzikeria dela arazoa. Euskara, oraindik ere, ez da gaztelania bezain garrantzitsua, eta ez da kontuan hartzen derrigorrezkoa ez bada.

Hamaika lege, ekimen eta gauza desberdin egin ditzakegu euskararen alde, baina ez dugu asko lortuko hizkuntza-kontzientziarik ez badago, zabarkeriari aurre egiteko ere zerbait egiten ez bada.

Elebitasun-simulakroa

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Idazki hau idazten ari naizelarik, urriak 12 ditu. Gaur bukatuko dira Iruñeko Topaketak, kultura, arte eta pentsamenduaren nazioarteko bienala. Hamaika eguneko egitarau zinez oparoa ekarri digute Topaketek, eta nazioarteko makina bat pentsalari, artista eta idazle ikus-entzuteko parada izan dugu haiei esker. Nahi baino saio gutxiagotara joan naizen arren, Inperialismoak setiatuta gaitu (berriro) ibilbideko bi elkarrizketatan izan naiz, besteak beste.

Topaketak hasi aitzin, eskuorria eskuratu nuenean, pozgarria iruditu zitzaidan liburuxkan den-dena ele bitan egotea, baina, halakoetan ohi denez, ezin izan nuen jakin euskarazko saiorik egonen ote zen. Eskuorria goitik behera irakurrita ere, ez zen inon zehazten zer hizkuntzatan izanen ziren antzerkiak, emanaldiak, elkarrizketak, tailerrak, solasaldiak… Ohar linguistiko bakarra aurkitu nuen: “Gaztelaniaz egiten ez diren saioek aldibereko itzulpena izango dute”. Gero, susmatu bezala, jakin dut topaketetan euskarak oso toki txikia izan duela, eskuorriko itzulpenez haratago.

Itzulpena tresna baliagarria da hizkuntza gutxituen aldeko hizkuntza-politiketan. Ezin ukatuzkoa da hori. Administrazioek eta erakundeek sortu testuak euskaraz jaso ahal izateak berebiziko garrantzia du gure hizkuntzaren aldeko normalizazio-politiketan. Eskubidezkoa da. Hizkuntza gutxituaren prestigioa goititzen du. Hizkuntzaren bizindarra handitzen. Baina hala ote da itzulpena itxuratarako bakarrik erabiltzen denean ere? Zertarako balio du eskuorri bateko informazio osoa (saio eta hitzaldien izenburuak eta guzti) euskaraz ere emateak bertan iragartzen diren ekitaldietan euskarak tokirik ez badu? Erakundeak, Nafarroan bederen, ekimenei-eta “basque friendly” gisako geruza hutsal bat emateko baliatzen ari dira euskarazko itzulpena: itzulpena mari-bistako bat da, apaingarri huts bat, Orotariko Euskal Hiztegian hitz horretarako ematen den adibidearen zentzuan (“Unek eztu balio, au maribisteko bat da”). Nahiz eta, ongi pentsatuz gero, ez den egia itzulpen kosmetikoak ez duela ezertarako balio, ukaezina baita berdintasunaren irudipena sortzeko eta hizkuntza-gatazka estaltzeko balio duela.

Hasieran aipatu moduan, Topaketetako zenbait hitzalditan izan naiz egunotan. Horietako bitan, hizlariak italieraz aritu dira, eta, eskuorriko oharrean gaztigatu bezala, aldibereko itzulpena egon da gaztelaniara: Gaztelaniazko itzulpena aditzeko, 1. kanala aukeratu behar duzu, ohartarazi dio Baluarteko langileak nire aldamenekoari hargailua eman dionean. Eta euskarazkoa aditzeko?, sartu naiz tartean ni. Oi, euskarazko itzulpenik ez dago, gaztelaniazkoa eta ingelesezkoa besterik ez.

Fundación Baluarte Fundazioak antolatu ditu topaketak, Nafarroako Gobernuak bultzaturik eta Iruñeko Udalak lagundurik. Geroa Bai dugu gobernukide Nafarroan, eta EH Bilduko alkatea dugu Iruñean. Topaketetan, halere, aldibereko euskarazko itzulpenik ez. Zergatia jakin nahi nuke. Jakin nahi nuke antolatzaileei aukera hori bururatu zitzaien ere, gaia mahai gainean izan zuten ere. Jakin nahi nuke ea, norbaiti bururatu arren, dirua aurrezteko erabaki ote zuten euskarazko interpreterik ez kontratatzea. Jakin nahi nuke norbaiti bururatu bai, baina gero pentsatu ote zuten jende gutxik erabiliko zuela zerbitzu hori eta ez zuela merezi. Jakin nahi nuke, jakin-min hutsez.

Urriaren 2an, Topaketak hasi ziren egun berean, Beñat Erezumaren euskarazko hitzaldira joan nintzen Euskarabidera. Bi interprete aritu ziren saioa aldi berean gaztelaniaratzen. Areto osoan, bizpahiruk baizik ez zuten zerbitzua baliatu. Bi interprete, soinu-teknikari bat, bizpahiru hartzaile. Jakin nahi nuke ea antolatzaileei bururatu ote zitzaien gaztelaniazko interpretazio-zerbitzurik ez eskaintzea. Aukera mahai gainean izan ote zuten ere. Kostu ekonomikoaz solastatu ote ziren. Jakin nahi nuke, jakin-min hutsez.

Topaketen bigarren egunean, Maja Haderlap idazleak “Hizkuntza eta bizitza” izeneko elkarrizketan parte hartu zuen. Topaketen webgunean azpimarratzen denez, Haderlapek hizkuntzaren eta identitatearen arteko elkarreragina lantzen du bere obran, eta gutxiengo kultural bateko kide izatearen esanahia aztertzen du[1]. Ezin izan nintzen solasaldira bertaratu, baina han izaniko lagun batek kontatu dit oso harrigarria egin zitzaiola nola ibili zen saioaren gidaria, idazle espainiar bat bera, Karintia goiti eta Karintia beheiti, mugaldeko herriak eta hizkuntzak ahotan harturik, aipatu ere egin gabe hemen ere badela bi estatuk zatitutako hizkuntza-komunitate bat; eta nola, bukaeran, ikusle batek mikrofonoa hartu, eta Euskal Herriko egoera hizpidera ekarri zuenean, inguruko batzuk eserlekuan inarrosten hasi ziren. Lagunak kontatu dit gaitzespen-kutsuko marmarrak ere aditu zituela eta iruditu zitzaiola gidariak berak ez ziola ongietorririk egin ikuslearen hausnarketari.

Uste dut Topaketetan euskarak izan duen tokiak eta pasadizo horrek ongi irudikatzen dutela askok euskarari eman nahi lioketen eginkizuna: izan dadila apaingarri pollit bat, baina inola ere ez kulturari, arteari eta pentsamenduari eragiteko balio duen hizkuntza bat.


[1] Webgunean bada detaile xume eta esanguratsu bat (milesker, Amaia!). Maja Haderlapen euskarazko aurkezpen-orrialdean, haren El ángel del olvido (Periférica, 2019) aipatzen da, gaztelaniaz, euskarazko itzulpena aipatu ere egin gabe: Ahanzturaren aingerua, Idoia Santamariak 2025ean itzulia, Pamiela argitaletxean.

Itzultzailea ez da interpretea: profil profesionalak bereizteko beharra

Maitane Uriarte Atxikallende

Itzultzaile eta interpreteok badakigu zer esan nahi duen gure lanbideak sarritan kategoria bakar batean sartuta ikusteak. Lanpostuen izenetan, administrazio publikoetako deialdietan edo hautaketa-prozesuetako ariketetan, itzultzaile-interpretea formulak ohikoa izaten jarraitzen du. Izendapenak badu bere logika administratiboa: bi jarduerak hizkuntza-lanaren esparruan kokatzen dira, eta zenbait erakundek biak behar dituzte. Baina izendapen bateratuak ez luke ekarri behar profil profesionalak, konpetentziak eta ebaluazio-irizpideak ere nahastea.

Itzulpena eta interpretazioa ez dira jarduera beraren bi modalitate. Bi diziplinek oinarri komun batzuk partekatzen badituzte ere, prozesu kognitiboak, lan-baldintzak, estrategia profesionalak eta, ondorioz, gaitasun espezifikoak ez dira berdinak. Itzultzaileak testu idatzi baten aurrean lan egiten du, eta, oro har, dokumentazioa, terminologia, corpusak, tresna informatikoak eta berrikuspena erabiltzeko aukera du. Interpretea, aldiz, denbora errealean ari da hizketa ulertzen, prozesatzen eta birformulatzen; ezin du prozesua eten terminologia egiaztatzeko edo esaldi bat berriro irakurtzeko. Aldea ez da ñabardura metodologikoa: lan egiteko modua bera da desberdina.

Horregatik, bi profilak lanpostu berean biltzen direnean ere, hautaketa-prozesuak ez luke desberdintasun hori lausotu beharko. Are gutxiago administrazio publikoan, non oposizio edo lehiaketa-oposizio batek ez duen soilik hautagai baten hizkuntza-gaitasun orokorra neurtu behar, baizik eta lanpostuaren eginkizunak behar bezala betetzeko gaitasuna.

Arazoa ez da profil mistoa izatea

Ez dago ezer berez okerrik itzulpen eta interpretazio lanak uztartzen dituen lanpostu batean. Izan ere, administrazio batean bi jarduerak behar izatea guztiz zentzuzkoa izan daiteke. Arazoa beste nonbait dago: profil mistoa izateak ez luke esan behar bi profilak hautaketa-prozesuan modu berean ebaluatu gabe uztea.

Deialdietan maiz aurkitzen dugun egoera da itzulpen-ariketak eta interpretazio-ariketak proba multzo berean sartzea, baina haien arteko proportzioa, konplexutasuna edo zuzenketa-irizpideak ez egotea behar bezain argi definituta. Beste batzuetan, hizkuntza-gaitasun orokorrari ematen zaio nagusitasuna, itzulpen- edo interpretazio-konpetentzia profesionalaren kaltetan. Eta, halaber, badira kasuak non itzulpen idatziaren proba batek hautaketa-prozesuaren emaitzan duen pisua interpretazio-gaitasunaren ebaluazioarena baino askoz handiagoa den.

Horrelakoetan, galdera ez da soilik ea azterketa zaila den edo proba bat bestea baino zorrotzagoa den. Zer ari gara benetan neurtzen? Eta, batez ere, neurtzen ari garena bat al dator lanpostuaren benetako eginkizunekin?

Itzulpen-proba batek itzultzailearen gaitasuna ebaluatzeko balio dezake, baina ezin du, berez, interpretazio-gaitasuna ordezkatu. Era berean, ahozko interpretazio-proba batek ezin du automatikoki frogatu hautagaiak testu juridiko edo administratibo konplexuak idatziz itzultzeko behar den konpetentzia duenik. Bi jardueren artean badago transferigarritasuna, noski, baina transferigarritasuna ez da baliokidetasuna.

Profil bakoitzaren pisua arazo

Hor dago, beharbada, eztabaidaren alderdirik interesgarriena: profilak bereiztea ez da nahikoa; profil bakoitzari hautaketa-prozesuan ematen zaion pisua ere justifikatu beharra dago.

Lanpostu batek eguneroko jardunean itzulpenetik gehiago eskatzen badu interpretaziotik baino, arrazoizkoa izan daiteke bi ariketek pisu bera ez izatea. Baina proportzio hori lanpostuaren benetako eginkizunetatik ondorioztatu beharko litzateke, ez administrazio-izendapenetik edo inertziatik. Alderantziz ere bai: interpretazioa funtsezko eginkizuna bada, ez dirudi nahikoa denik hautagaiaren idatzizko itzulpen-gaitasunak modu zabalean egiaztatzea eta ahozko jarduna bigarren mailako proba baten bidez konpontzea.

Horregatik, deialdi baten kalitatea ez litzateke neurtu behar soilik proben kopuruagatik edo zailtasunagatik. Ebaluazioaren eta lanpostuaren arteko koherentzia ere aztertu beharko litzateke.

Eta horrek badu beste ondorio bat: hautaketa-prozesuak ez luke hautagaiaren profil profesionala bera aldatzeko mekanismoa izan behar. Hau da, ezin da espero interpretazioan espezializatutako profesional batek itzulpen-proba baten bidez frogatzea bere lanbide-gaitasun nagusia, eta ondoren ondorioztatu bi diziplinetan gaitasun bera duela. Ezta alderantziz ere.

Bi profilak aitortzea ez da bereiztea soilik

Azken batean, eztabaida ez da terminologikoa. Itzultzailea, interpretea edo itzultzaile-interpretea esateak baino garrantzi handiagoa du deialdiaren atzean dagoen lanpostuaren profil profesionala nola definitzen den eta nola ebaluatzen den.

Bi jarduerak eskatzen badira, biak ebaluatu beharko dira. Baina ez nahitaez modu berean, ezta pisu berarekin ere: lanpostuaren benetako beharren arabera baizik. Eta bi jardueretako bat nagusi bada, nagusitasun horrek hautaketa-prozesuan ere isla izan beharko luke, modu arrazoitu eta gardenean.

Profesionalok ondo dakigu itzultzea eta interpretatzea ez direla gauza bera. Orduan, zergatik ez luke administrazioak ere bere hautaketa-prozesuetan bereizketa hori behar bezala islatu behar?

Profil profesionalak nahasteak ez gaitu polibalenteago bihurtzen; batzuetan, besterik gabe, ebaluazioa lausotu egiten du. Eta hautaketa-prozesu baten helburua ez litzateke izan behar hizkuntza-gaitasun orokorra duen pertsona bat aurkitzea, baizik eta lanpostuak benetan eskatzen dituen konpetentziak dituen profesionala identifikatzea.

Kontzientziaren krisia

Iker Zaldua Zabalua

Joan den astean bilkuratxoa egin genuen, itzulpengintzaren egoerarekin kezkatuta, sektore horretan gabiltzan zortzi lagunek. Hainbat gai jorratu genituen, ertz ezberdinak ukitu genituen, eta astindu genituen, zertxobait, erraiak. Patrikara gauza asko eraman nituen, baina hitz batekin nago kezkatuta, eta mahai atsegin hartan, kafe beroaren eta ur freskoaren aldamenean, atera zen: kontzientzia.

Eta uste dut ardatz eragilea dela hainbat esparrutan, uste dut edozein motor martxan jartzeko ezinbesteko erregaia dela, guztiak funtzionatu dezan, ezinbestekoa. Gizartea, oro har, kontzientzia-krisiak jota dago, ez bada norberaren onurarekin lotua, indibidualtasunarekin besarkatua. Baina, kontzientzia kolektiborik gabe, nekez egingo dugu norbanako modura aurrera, gure garapena inguruak, testuinguruak, kolektiboak baldintzatzen baitu erabat, nahi eta nahi ez. Gizarte bateko kide gara, eta gizarte horri besteak egiten dion ekarpenak, edo lapurretak, eragin agerikoa du gugan.

Aipatu genuen itzulpenak eskatzen dituzten askok kontzientziarik gabe egiten dutela eskaera, eta, horrenbestez, erantzunean ere ez dutela kontzientziarik espero. Berdin zaie itzulpenaren kalitatea, berdin zaie bikaina edo balekoa; beraientzat balekoa den bakarra garaiz jasotzea da, ziurrenera nonbait justifikatu egin beharko baitute. Itzulpena jasotzean, arnasa hartuko dute, irakurri ere ez agian testua, kontzientziarik ez egiten ari diren horrekin. Jaso eta birbidali, ireki ere egin gabe.

Hori kezkagarria da, baina are kezkagarriagoa da kontzientziarik eza noraino iritsi den ikustea, gaixotasunak zer agerraldi izan dituen, eta zer sektore kutsatu dituen. Administraziora ere iritsi baita, euskara sailean ari diren pertsona batzuk ere harrapatu ditu gaitzak, eta hori, kezkagarria ez ezik, arriskutsua ere bada, ez gara itzulpen batekin jolasten ari, hizkuntza baten etorkizuna dugu jokoan, gure nortasunaren oso zati esanguratsua ari gara arriskatzen.

Ez dakit zer eragin duen kontzientzia-krisiak. Bakoitzaren zilborrari begiratzeko gonbidapenek eta besteari zer garen erakusteko akuiluak badute, noski, eragina, baina, uste dut atxikimendurik ezak ere baduela zerikusi handi samarra.

Euskara debekatua izan da (eta da), euskaraz hitz egitea debekatuta egon zen (eta dago, horren modu agerikoan izan ez arren), zigortua egon zen (eta dago), eta horrek euskarari sekulako kaltea eragin zion (eta dio), baina onura ere ekarri zion, atxikimenduaren labea piztu baitzuen egoerak. Grina, sentimendua, gogoa, zaindu beharra, defendatu beharra… Mugimendu kolektiboak sortu ziren, ikastola klandestinoak sortu ziren, euskararen aldeko hamaika ekimen plazaratu zen. Han ibili zirenek atxikimendua banatu zuten han-hemenka, eta haien ondorengoak atxikimendu hori barnean genuela hazi gara, eta min ematen digu euskarak eztula egiten duenean, min ematen digu euskara zurbil ikusten dugunean, kontzientzia dugu euskararekin, eta kezkatu gara euskara zer den jakiten, zer historia duen, eta zirrarak gain hartzen digu Irulegin esku bat agertzen denean, euskarazko esaldi pare batekin, zer esan nahi duen jakin ez arren; euskara da, bizirik zen orduan, bizirik da oraindik, eta bizirik nahi dugu, eta ondo nahi dugu, osasuntsu.

Uste dut atxikimendua eta kontzientzia estu lotuta daudela, eta agian, atxikimendua suspertzeko, kontzientzia berpiztu behar dugu, eta, horretarako, pedagogia egin behar dugu, esfera guztietan erakutsi behar dugu zer garrantzitsua den euskaraz egitea, eta euskaraz ondo egitea, kalitatez. Esfera horiei ikusarazi behar diegu zer galduko duten euskara idortzen badute, zer galera izango duten kolektiboki, baina baita pertsonalki ere, eta agian, gordinagoa izan arren, ikusarazi beharko diegu, batez ere ardura bat duten horiei, eskumena duten horiei, beren axolagabekeriarekin, beren kontzientziarik ezarekin, euskara larriki zauritzen ari direla, kolpatzen, akabatzeraino ia, eta beraz, nolabait, horren konplize izango direla. Eta euskara ez da folklorea, euskara hizkuntza bat da, euskara kultura bat da, euskara herri bat da, euskara bizitzeko modu bat da, bakana, berezia, bitxia, gure arbasoek, mendez mende, honaino ekarri dutena. Ez gaitezen gu izan, axolagabekeria eta kontzientziarik ezagatik, komunetik behera botatzearen protagonistak.

Azken bat oporren aurretik

Iñigo Satrustegi Andrés

Azken bat idazteko indarra bildu behar izan dut ―ideiak ere bai― zuoi azken gogoetaren bat edo partekatzeko.

Azken egunetako sentsazio sorta bat jasotzea besterik ez zait okurritu, denak ere euskaldun izatearen albo kalte gisako.

  1. Tesien ekarpenez aritu ginen eztabaidatzen koadrilakoak. Ea letretako tesiek balio ote zuten benetan zerbaitetarako. Adibidera ekarri zituzten (ez kasualitatez) euskal literaturako zenbait ikerlan: emakumeen errepresentazioak, idazleen arteko loturak…  Lagun batek nahiko hasieratik (sic.): “Ez dut ulertzen zertarako. Ondorioztatzeko zapalduak garela, hori badakigu”. Plantxatuta geratu nintzen.
  2. Beste lagun batek Iruñeko euskarazko kultur eskaintzaren harira galdetu dit egunotan. Susmoa du gero eta gehiago dagoela. Badagoela zer aukeratu, eta, are, batzuetan aukeratu bakarrik egin daitekeela. Hots, lehen euskarazko kontzertu bat zegoela, eta orain biren arteko barne gatazka izaten duela. Joerak pozgarria irudi lezakeen arren, nago hau ez ote den 2008ko burbuilaren antzeko zerbait: gure gaitasunen gainetik ari gara programatzen euskaraz, hitzaldiak, aurkezpenak, kontzertuak, emanaldiak, etab. Eta metafora horretan inbertsoreak ginatekeenok (euskaldunok) “Hiriburuzagiaren” eskaintzari eusteaz nekatzen ari gara: zama handiegia da euskara kulturatik ERE horrela salbatu behar izatea.
  3. Miresten ditut liburuzainak. Duela ez asko ikusi nuen Xn baten batek jarrita honelako zerbait: “Liburutegien kontzeptua gaur sortu izan balitz, ordainpekoak lirateke”. Hainbeste maite ditugu eredu publiko-pribatuak. Gaur-gaurkoz oraindik doakoak dira, baina euskal irakurlearentzat hain desesperantea. Liburu batzuetatik (nobedadeenak ere bai) bi-hiru-lau ale baino ez daude erkidego osoan…

Baina tira, bizitzan gauza inportanteak ez dira horiek. Zeren berdin zait zuen tesiek balio duten edo ez, baizik eta ongi pagatzen dizueten zuen lanaren truke, eta euskaraz egiteko aukerarik eskaintzen ote dizueten, hala nahi duzuelako. Berdin zait inoiz pentsatu izan baduzue ezetz, ez duzuela gogorik, “eske gaur tokatzen da joatea X ikustera, ze klaro zerbait antolatuko dute euskaraz… ba joan beharko”, zeren euskaraz bizitzea ere bada lanetik etxera joatea eta lagunari bost minutuko audio bat bidaltzea (euskaraz). Eta berdin zait zuen herri eta auzoetako liburutegietan nahi beste titulu baldin badituzue euskaraz, zeren biblioteka batek ez du herri bat euskaldunduko, inork ez duelako irakurtzen gaur egun, baina, literaturarekin euskaldundu nahi duenik baldin bada, ez du aurkituko behar-nahi duen guztia.

Zubitik zubira

Sarai Robles Vitas

Taupa Mugimenduak berriki antolatu duen Eusfera ekimenaren harira, Nora Salbotxek bideo batean adierazi zuen zeinen beharrezkoa den haurren ingurunea euskalduntzea; batez ere, haurrak edota haien familiak kanpotik etorri direnean eta, beraz, umeek etxean beste hizkuntza bat jaso eta jasotzen dutenean, gaztelera ez dadin izan haien etxeko hizkuntzaren eta euskararen arteko ezinbesteko zubia. Ideia aski indartsua iruditu zitzaidan, eta ez nuke gogoeta haurren ingurunera mugatuko.

Hitzok segituan burura ekarri zidaten Larraitz Ugarte Zubizarreta abokatuak naiz.eus egunkarian argitaratutako “Benetako ipuina” artikulua. Gauza serioak gertatzen eta jende boteretsua gotortzen diren tokietan (epaitegietan, kasu) euskaraz hitz egitea apeta kontua dela sinetsarazi digute, euskaraz mintzatzeko gai den oro gazteleraz edo frantsesez ere moldatu daitekeelakoan. Hizkuntzen arteko zubi hori erortzean, ordea, estatuaren zalditeria nondik igaro jakin ezinik geratzen da, Ugartek kontatutako kasuan bezalaxe: epaile gehien-gehienek ez dute euskaraz tutik ulertzen, eta epaitegi gehien-gehienak ez daude egoera horri erantzuteko prest.

Epaitegien egunerokoan hizkuntzei ematen zaien trataeraz luze hitz egin behar genukeela iruditzen zait (epaietan euskarari ematen zaionaz ere bai, noski, baina hori beste baterako utziko dut). Zuzenbide gradua eta Abokatutza masterra ikasi nituen (erdi ezkutuan mantendu dudan nire alde bat den arren), eta bataren zein bestearen praktikaldietan ikusitakoak buruan bueltaka ditut oraindik ere. Euskaraz mintzatu nahi eta gazteleraz aritu behar izan zuten pare bat epaiketa iltzatuta geratu zitzaizkidan, bereziki. Izan ere, norbaitek interpretea behar duen ala ez, pertsonaren gaitasunaren arabera neurtzen da: normalean, abokatuak epaileari jakinaraziko dio dena delako lagunak (akusatuak, biktimak, lekukoak…) interpretea beharko duela, X hizkuntzan mintzatuko baita. Epaileak, (ia) beti, zera erantzunen du: ¿No sabe castellano? ¿No? Entonces sí, que llamen a un intérprete. Baina gazteleraz jakin badakienean, orduan bestelakoa da kontua.

Beti, beti, beti, gazteleraz (ala frantsesez) mintzatzeko gaitasun eza izaten da interpretea eskatzeko ezinbesteko premisa. Ekonomia prozesala aipatu ohi da horretarako arrazoi gisa, hots: prozesua ahalik eta azkarrena izan dadin, beharrezkoak ez diren tramiteak ekiditea komeni dela. Eta indarra behar da gero, zure dibortzioaz, ustezko delituaz, helegiteaz… erabakiak hartuko dituen epaileari kontra egiteko. Indarra behar da gero, “nik ederki dakit gazteleraz, euskaraz ez dakiena, ordea, zeu zara” esateko, “eta nik euskaraz azaldu nahi ditut nire dibortzioaz, ustezko delituaz, helegiteaz… esateko ditudanak”.

Honekin adierazi nahi dudana zera da: epaitegietan euskaraz aritzeko eskubidea erdaraz mintzatzeko gaitasunaren araberakoa izatea izugarrizko tranpa dela.

Horregatik dira hain beharrezkoak Euskal Herrian Euskaraz taldeko Baionako auzipetuen edo Oier Araolazaren hitzak eta ekintzak. Gaztelera ezinbesteko zubi bilakatzen diguten honetan, haren beharrik gabe beste aldera igarotzeko moduak asmatu daitezkeela erakusten digutelako. Izan zubiaren azpitik igerian, izan gainetik salto handi bat emanda.

Bidenabar: gora zubiak eraikiz bestelako zubiak gainditzen dituzten itzultzaile eta interpreteak!

Korrika. Urrutiko intxaurrak

Amaia Lasheras Perez

Badira ia bi hilabete Korrika bukatu zela, eta oraindik dauzkat burutan aurtengo edizioaren irudi zirraragarriak. Hirietako kaleak jendez gainezka. Euskararen aldeko aldarriak kale eta hiribideetako paretetan oihartzun ozena sortzen. Euskal Herriko errepideetan zehar, 11 egunez, 24 orduz, jendea lasterka. Milioi bat pertsonak parte hartu omen zuen lasterraldi osoan zehar. Gure ikastetxean, adibidez, telebista erraldoi bat paratu zuten atarian, Korrika zuzenean ikusteko. Ikasleak zein irakasleak sartzen ginenean, hipnotizatuta begiratzen genion pantailari, eta nik neuk emozio-zimiko bat sumatzen nuen urdailean handik pasatzen nintzen bakoitzean. Fisikoki posible izan zuten ikasle guziak atera ziren ikastetxeak erositako kilometroan parte hartzera, eta talde handi batek, familiaren baimenarekin, segitu zuen lasterka hainbat kilometroz, gure eskualdean barrena. Gure familian, adibidez, kilometro bat erosi genuen denon artean. Goizean izan zenez, gosari eder batekin burutu genuen gure ekinaldia. 60 lagunetik goiti elkartu ginen. Denak, bizipen hunkigarriak, ikaragarriak. Ez dakit munduan bertze horrelako ekimenik bat ote dagoen. Hain arrakastatsua izan zen, non euskararen kontrakoek ez baitzekiten zer aitzakia bilatu haren kontra jotzeko. Betiko erretolika erabili zuten: ez dakit zer pankarta ageri zela, ez dakit nork irakurri zuela azken mezua… 

Baina, Korrika bukatu eta hurrengo egunean, zer? Urrutiko intxaurrak hogeita hamalau, gerturatu eta lau. Astelehenean, institutura joan nintzen, eta, atsedenaldian, Korrikan sutsu parte hartu zuen neska kuadrilla hura berriz ere gaztelaniaz ari zen, jo eta su. Unibertsitateko lagunekin lasterketan eta haren inguruko ospakizunetan parte hartu eta hurrengo egunean, gaztelaniaz mintzatzen segitu zuten euskal ereduko ikasleek euskaraz jasotako saioen ondoren. Hiri eta herri kozkor gehienetako kaleetan, eskolako jolastokietan, parkeetan, dendetan, gaztelania erabat nagusi zen egun horretan ere.

Badakit Korrikan parte hartu zutenen artean bazirela euskaraz ez dakitenak edo euskara ongi-ongi menderatzen ez dutenak baina aldeko jarrera dutenak, baina gaur ez naiz horietaz ari; gaur, euskaraz dakiten eta erabiltzen ez duten horietaz ari naiz, bai. Badirudi horiek ere ohartzen direla garrantzitsua dela euskararen alde kalera ateratzea. Baina zergatik suertatzen zaie hain zail gure hizkuntza erabiltzea? Ohiturari egozten diote batzuek errua; prestigioari, bertze batzuek: gazteek beharrezkoa duten “modernotasuna” falta omen zaio euskarari… Ez dakit zer esan eta zer pentsatu, baina etsigarria eta sumingarria suertatzen zait egoera.

Zer dago fenomeno horren gibelean? Hipokresia hutsa? Egoera “eskizofreniko” samarrean gaude, nire ustez. Izan ere, datu anitzek erabileraren beherakada erakusten dute; ematen du hiztunen kopuruak goia jo duela eta ez dela gehiago haziko; proiekzioek diote 10 urte barru ez dela “arnasgune”rik egonen. Eta, hala ere, aurtengo Korrika inoiz baino jendetsuagoa izan da.

Azterketa soziologiko konplexu eta sakonak egin litezke fenomenoa ulertzeko, baina nik uste dut arrazoia sinple-sinplea dela. Euskaldun gehienak errazago moldatzen dira gaztelaniaz euskaraz baino; beraz, erosoenera jotzen dute. Kito. Ez dut uste bertze azalpenik dagoenik.

P:D.: Artikulutxoa bukatu eta gero, Leire Azkargortak hilaren 6an argitaratukoa irakurri nuen. Azken batean, fenomeno berari buruz ari gara biok. Ea hor aipatzen dituen eztabaida horiek gizarte osora zabaltzerik dugun, hausnarketa denok egin ahal izan dezagun.

Gero bat gaurdanik

Alaitz Zabaleta Sarobe

24/2026 Foru Agindua, martxoaren 25ekoa, itzultzaile batek emana, zeinaren bidez ari bainaiz pentsatzen inork euskaraz irakurriko ote duen arau hau. Itzultzailearen ikusezintasunaz hitz egiten da. Zer esan, ordea, euskal irakurlearen ikusezintasunaz?

Hor ari naiz ahalik eta txukunen itzultzen, natural samar eta ulergarri utzi nahian testua… Hala ere, euskarazkoa apaingarri tipografiko hutsa izanen bada… akaso ez ote nuke hobe, lehenbailehen Itzulpen Ataleko zerrendan testua bukatutzat markatzeko, korrika egin, eta kitto?

Korrika… Euskal Herriko zer txoko zoragarritan barrena ote dabiltza? Ikus dezadan unetxo batez… Kolore eta musika eztanda sartu da bulegoan: han da, ikusgarri, jende andana, lekukoa eskuz esku, euskararen aldeko aldarriak, umore bikaina eta bandera koloretsuak. Herri bat. Herri bat osorik, bizirik, hizkuntzari eusteko gogoz, gure kontraesanekin, baina pozik eta irmo. Huts ederra sumatuko dugu bukatzen denean.

Itzulpenera itzuli naiz. Foru agindua hor dago oraindik.

Horrenbestez, ikusirik… Bai, ikusirik Korrikaren edizio honen arrakasta, gogora datorkit gure aitak halakoetan esaten duena: “Joasuuus, batzuk ez dira pozik egonen oraintxe!”. Bai, edizioaren hasieratik saiatu ziren batzuk giroa mikazten, eta bukaeran ere ahaleginduko da bat baino gehiago bazterrak nahasten. Baina ez da malefiziorik, herri hau ikusezin bihurtuko duenik.

Pantailatik mahai gainean dudan liburuaren azalera joan zait begirada. Korrikaren lekukoa ageri da, pipiak erdi-jana, Esnatu ala hil liburuaren azalean. Aurreko hamarkadetan euskararen alde lan erraldoia egin badugu ere, Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak esan diguten bezala, orain ditugun erronkak ez dira samurrak batere.

Baina erasoak eraso eta erronkak erronka, bada euskaraz bizi nahi duen jendea. Irakurle hezur-haragizkoak. Ez dira ―ez gara― itzal ikusezinak. Bakoitzak geuretik, egunero dihardugu euskararen alde, gero bat gaurdanik eraikitzen.

Lekukoa hartu eta itzultzeari ekin diot, testu hau euskaraz lan egiteko tresna erabilgarri bihurtzera. 41.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta, AGINTZEN DUT…

Leun aditzen da, ordenagailuaren bozgorailuetatik, Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak 13. Korrikarako idatzi zuten abesti hunkigarria:

Ez dok hamahiru,
ez da malefiziorik;
herri bat,
herri bat osorik,
gero bat,
gero bat gaurdanik…

Euskarari zer zor diot nik?

Iker Zaldua Zabalua

Lagun zahar eta oso euskaltzale batekin hitz egin nuen behin euskara defendatzeak, euskara babesteak, norberari dakarkion zamari buruz. Gure politikariek, euskara biziberritzeko, euskarari hauspoa emateko eta abiarazteko aulki egokian daudenek, ez dutela ahalbidetzen guk herritarrok atseden har dezagun, eta gure eskuetan uzten dutela borroka, lehen lerrora bidaltzen gaituztela.

Egia da euskararen aldeko politika irmoagoak ezar daitezkeela, egia da kutxa publikoetan dauden txanpon batzuk, edo gehixeago, bideratu daitezkeela euskararen ziora, euskararen zakura. Egia da, horrek lagunduko luke, eta horrek gainkarga hau arinduko liguke herritar xumeoi, eta Euskal Herrira iristen den orori nora iristen den behin eta berriz azaldu beharraren zama aski arinduko ligukeela, hemen beste hizkuntza ofizial bat dagoela, hau herri txiki bat dela, betiereko hizkuntza bat dagoela, mintzatu egin behar dela…

Bai, hainbat urteren ondoren, nekea pilatu daiteke, baina, zer geratzen zaigu? Bi mila eta hogeita seian gaude, eta Irulegin esku hura atean zintzilikatu zuenak nekez egingo zukeen apustu, gaur, hemen, blog honetan, norbaitek euskaraz idatziko zukeenik, blog hau egongo zatekeenik, eta euskara, oraindik, kalez kale entzuteko modua izango zatekeenik. Eta hori ez da babes politikoen ondare, hori herritarron ondare da.

Hemen gaude oraindik, “Europako azken indioak” dio abestiak, eta hor diraugu, Mendebaldeko bizimodua zeharo baitaratuta, baina indio. Eta lerro hauek idazten ari naizen honetan, Korrika amaitu berria dugu, eta arbizuar xume batek baigorriar batekin eta goizuetar batekin diosku “Zer gara, euskara bera ez bagara?”.

Hortxe bat-egite perfektua, herritarron ekimena, oldea, kalez kale, errepidez errepide, urratsez urrats, euskara defendatuz eta erraietatik datorkigun oihua deiadarka atereaz: “Zer gara, euskara ez bagara?”.

Agian galdera, alderantziz egin behar baitugu: Nork defendatzen du nor? Nork babestu du nor? Euskara ez al da, bada, euskaldun egiten gaituena? Kendu diezaiogun euskara gure bizitzari, eta pentsa dezagun gure egunerokotasuna zer zatekeen, ahaztu Zetaken kontzertu batera joatearekin, ahaztu Handia filma ikustearekin, ahaztu bertsolaritza bere osotasunean, ahaztu gure lagunarteko hitz-jokoak, txantxak eta gure izaera, euskarak egin, eraiki, eratu, moldatu egin gaituelako, garen horren zatitxo bat zor diogu euskarari, gure izaeran txertatuta dugu, konturatzen ez garen arren. Gure etxea da euskara, gure erroa, eta kentzen badigute, atzerrian biziko gara beti; hori ematen digu euskarak, aterpea, sutondoa, eta bere gabezian, leku segururik ez, territorio librerik ez.

Nire kasuan, zer esan, bizimodua ez ezik, bizibidea, ogibidea, kontu-korronteko zenbakiak zor dizkiot euskarari. Hogeita lau urte inguru daramatzat lan-munduan, lehendabizi euskara-irakasle eta, gero, ia bi hamarkada oso bat betetzear, itzultzaile lanetan. Beti euskara testuinguru, beti euskararekin solasean, euskara alboan, altzoan.

Lehendabizi euskararen transmisio eder horretan, euskaradun berriei bide itzel eta gogor horretan laguntzen, nire ahaleginak egiten haien baitan barnera dadin euskara. Gerora, euskararen transmisio hori beste era batean eginez, milaka paperetan iltzatuz, euskararen arrastoa txosten, memoria, dokumentu, plan, programa edota eskuliburuetan utziz. Trukean, ogia eman dit euskarak, sutondorako egurra eman dit euskarak, seme-alabentzako gutiziak eman dizkit euskarak, mendian lasterka aritzeko zapatila berriak eman dizkit euskarak, eta lagunartean sagardotegian afaltzeko parada eman dit euskarak. Eta nola ez dut, bada, berriro defendatuko euskara, kupelaren aldamenean, sagardo freskoa edalontzian dudala! Eta noski, politikariekin oroituko naiz hor ere, eta eskatuko diet ogerleko gehiago bideratzea guri bidea errazteko, herritarrei zama arintzeko, eta ez gure eskuetan uzteko dena.

Baina, “bitartean heldu eskutik”, zioen Kirmenek, eta diot nik, goazen, heldu eskutik. Korrikaren zalapartan murgilduta egon gara egunotan, baina goazen orain oinez, lasai, bare, patxadan, euskararen defentsan, eta gogoratu zuk ere, itzultzaile, irakasle eta euskaltzale, euskarari guk zor diogula gehiago, hark guri baino; izan ere, “Zer gara, euskara ez bagara?”.

Hic (non) sunt dracones

Santi Leoné

Euskaldunok ez dugu Erdi Arorik. Edo bai, nondik begiratzen zaion. Ez, ez naiz kontua ongi azaltzen ari; has dezagun berriz artikulua. Euskaldunok badugu Erdi Aro historikoa, bere errege-erreginekin, bere oinaztar eta ganboarrekin, agramontar eta beaumontarrekin, bere garaipen epikoekin ―Orreagakoa, kasu― eta bere porrot gogoangarriekin ―Amaiurkoa, konparazio baterako―. Badugu, dudarik gabe, irudimenaren Erdi Aro historiko bat, zein aspalditik borrokagune bihurtu baitzen ―nafartasun-espainiartasun esentzialaren jatorria ote, edota euskal estatuaren oinarri atzendu gabea―, baina euskaldunok, Textos arcaicos vascosen baimenarekin, salbatu eta guregana ailegatu diren zati eta pasarteei zor zaien begirune guziarekin, ez dugu Erdi Aro literariorik.

Izan dugu sona handiko faltsifikazio bat ―Altabizkarko kantua―, baditugu nobela historiko batzuk ―hala nola Anjel Lertxundiren Otto Pette―, baita Arturoren legendaren berrinterpretazioren bat ere Joseba Sarrionandiaren eskutik. Baina Euskal Herrian ez dugu izan ez Chaucerrik, ez Boccacciorik, ez Chrétien de Troyesik. Baina makurrena da inor guti saiatu dela eskasia horri konponbidea ematen. Edo, saiatzekotan, ttanttaka, dekamerone ttipika.

Borgesek erran zuen behin ezen, hungarieraz ―edo txekiera zen?― ez bazekien ere, segur zela hungarierak bazuela behar adina lan edonoren literaturzaletasuna asetzeko. Gauza bera erran liteke euskarari buruz? Ez dakit, bada. Bertzeak bertze, Erdi Aroa dugu falta, eta, norbait hutsune hori konpontzen saiatu zelarik, Garay de Monglavek Altabizkarko kantuarekin egin zuen bezala, zer eta genero aspergarrienera jo zuen, epikara alegia.

Aspaldi honetan, noiz ekarri dute azken aldiz euskara 19. mendekoa baino lehenagoko egile baten liburu bat, salbuespen homeriko-egeriarrak salbuespen? Noiz, ordea, bart arratsean publikaturiko eta ez dakit non arrakasta handia erdietsitako liburu bat?

Euskal Herrian ez dugu legenda arturikorik izan; ez dugu ez trobadorerik, ez Minnesängerrik izan; ez dugu sagarik izan; are larriagoa, Euskal Herrian ez dugu herensugerik izan. Bi izan dira ―J.R.R. Tolkien dixit― Ipar Europako literaturaren dragoiak, Fafnir ―volsungarren sagakoa― eta Beowulfena. Bietariko edozein ezagutu nahi izatera, euskara ez bertze hizkuntza batera jo beharko dugu, hutsune horrek antza inori ez baitio minik ematen. Antzinako mapetan, esploratu gabeko eremu ustez arriskutsuetan, hic sunt dracones idazten omen zen; gure literaturaren eremu zabal batean, berriz, hic non sunt dracones paratu beharko dugu.