Olentzerori*

Maialen Berasategi Catalán

Esaten dute eskatzea libre dela, baina, egun hauetan, egutegia hezur eta azal, ematen du libre ez baizik nahitaezkoa dela eskean eta elkarri opaka aritzea. Beraz, txintxo-txintxo, hona hemen aurtengo zaparrada:

Lan pixka bat, arren, denbora gehiegi eta lanik batere ez dutenentzat, eta denbora pixka bat, jakina, lan gehiegi eta denbora gutxiegi dutenentzat, eta, zer arraio, erretiro oparoa ere bai erretiratzeko parada eta gogoa dutenentzat; ez dakit guk halakorik izango dugun –parada, esan nahi dut–.

Irria franko, arren. Eta poza –poxarekin ere, agian, aski–: hitz bat euskaraz sekula erabili ote den duda egin eta Orotarikoan aurkitzean pizten den poztxo ia euforiko hori, eta esaldi luze txorixoz beteak txukuntzea eta jostea lortzen denean pizten dena, eta herriko kartelak txukun demonio ele biz daudela ikustean izaten den gogoberotasuna, eta hizkuntza estandarizatzen diharduten eragileak hitz edo esamolde baten inguruan ados jartzen direnekoa…

Ez dut eskatuko euskal literatur itzulpenak best-seller izan daitezen –azken batean, barkatu, baina, aitor dezagun, nahiko gustura ibiltzen gara gure ñimiñotasunean, masibokerietatik aparte–, baina, tira, amesten hasita, hobe ametsetan ere xuhur ez izatea, eta eskatu nahi diet munduko asmatzaileei sor dezatela txerto edo ukendu edo dena delako bat irakurleek euskal itzulpenei dieten alergiatxo hori sendatzeko.

Betoz txoko birtual honetara eta beste guztietara baieztapen adina galdera, erantzun-saio, eztabaida –konstruktibo–, eta, batez ere, ahots, mihi eta esku gehiago, baita beti isil-isilik gelditzen diren horienak ere…

________________________________

*Olentzero hautatu dut, baina, askoz ere originalago izateko arriskurik gabe, izan zitezkeen Errege Magoak, edo Mari Domingi, edo Bizarzuri, edo Befana sorgina, edo izarren hauts urruna, edo norberari probetxuzkoago zaion izaki erreal edo alegiazko hori.