Euskaldun desjabetuen ahalduntzea

Igone Zabala Unzalu

Aspaldian gai posibleen kutxan gordeta nuen horietako bati hautsa kentzeko aukera paregabea eman dit apirilaren 20an Enkarterrietako euskalduntze prozesuaren eragileei egindako omenaldiak. Miresgarria da 60ko hamarkadatik hona eskualdea euskalduntzeko eragile horiek inbertitutako lana eta kemena. Nire ustez, Sodupen egin zen “Enkarterri Harro” ekitaldi horrek merezi zuen Berriaren irakurle guztien arreta, baina Bizkaiko hitza lurralde-atalean argitaratu zen Ia hutsetik euskaldundu dutenak erreportaje interesgarria. Erreportajearen abiapuntua dira Enkarterrietako euskaldunen portzentajeak: % 1,02 1981eko inkestaren arabera, eta % 31,58 Eustaten 2021eko estatistiken arabera. Eskualde euskaldunenekin alderatuta, kopuru txikia dela pentsa genezake, baina berrogei urtean 30 puntuko igoera lortu izana harro egoteko modukoa da, zalantzarik gabe. Berriako erreportajean ematen dituzten datuen arabera, Bizkaiko eskualde euskaldunena den Lea-Artibaik denbora-tarte berean puntu bat baino gehiago galdu du (% 81,88 > % 80,23). Atera kontuak! Enkarterrietako euskalduntze prozesu horren hasieran nik ere hartu nuen parte, lehenengoz, ikasle modura eta, ondoren, irakasle modura, eta garbi izan dut beti aldaketa bultzatu zuen indar garrantzitsuetako bat izan zela euskaraz ez jakiteak eragiten zigun min handia. Ideia bera irakurri nuen duela zenbait hilabete Berrian Nafarroako gazte bati egindako elkarrizketan, eta pentsatu nuen min horretan bat egiten dugula muturretako eskualdeetako euskaldunok.

Borroka eta ahalegin handia egin da berrogei urte hauetan, baina azpimarratu beharrekoa iruditzen zait 80ko hamarkadan eskola publikoetako gurasoek D eredua ezartzeko egin zuten borroka. Izan ere, eremu erdalduna zenez, Hezkuntza Sailak Enkarterrietako herrietako eskola publikoei ez zien onartu nahi D ereduko gelarik. Gurasoen borrokak bere fruitua eman zuen eta, horrezkero, ume asko eta asko euskaldundu dira eskola publikoetan, eta gau-eskoletan eta euskaltegietan euskara ikasi duten guraso askok eta askok etxeko lanak egiten lagundu ahal izan diete ume horiei. Areago, horietako askok euskara transmititu diete beren seme-alabei. Gau-eskola eta euskaltegietako lanak ere etenik gabe iraun du orain arte. Eta, horrela, iturri bateko eta besteko emariak batzen joan dira euskararen itsasoan. Hartara, Enkarterrietako edozein herritan albistegien arreta merezi duen zerbait gertatzen denean, hara doaz EiTBkoak, eta euskaraz elkarrizketatzeko norbait aurkitzen dute. Ez al da harro egoteko modukoa?

Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala ere aipatu zen omenaldian, nola ez? Baina hona ekartzea merezi du horren harira gazte batek aipatu zuen leloa: “Ez dago euskara txarrik”. Lelo hori etengabe errepikatzen omen zuen Lourdes Gaunak. Lourdesi, berrogei urte AEKn lanean aritu ondoren, erretiratzeko unea iritsi zaio, eta omenaldi berezia egin zioten ekitaldian. Lelo paregabea iruditzen zait Enkarterrietako, Meatzaldeko eta antzeko eskualdeetako euskaldunak ahalduntzeko, eta euskaldunen komunitatetik baztertuta ez sentitzeko. Izan ere, oso maiz euskaldun horiek egin duten ahalegina balioetsi beharrean, beren hizkuntza-gaitasuna mugatua dela iritzi, eta euskararen erabileraren gabezia eta hutsuneen erruduntzat ere hartzen dira. Nago euskararen biziberritzearen etsaietako bat dela euskaldunen artean klaseak eta kastak bereizteko joera nabarmena: ikastoletakoak vs eskola publikoetakoak, D eredukoak vs B eredukoak, etxean euskaldundutakoak vs eskolan euskaldundutakoak, herri euskaldunetakoak vs herri ez-euskaldunetakoak, euskaldun berriak vs euskaldun zaharrak, euskalkidunak vs euskalkirik gabeak, euskaldun ele-erasanak vs euskaldun peto-petoak eta abar eta abar. Bereizkeria horiek guztiak oso sustraituta daude umeen eta gazteen artean ere, eta oso arriskutsuak iruditzen zaizkit gauden puntura heltzeko egin behar izan den ahalegina ezagutu ez dutenen eskuetan, edo hobe esan, bihotz, garun, aho eta belarrietan.

Gizarte berdinzale eta justu baten ardatzetako bat izan nahiko lukeen euskararen aldeko hizkuntza-politikak bereziki zaindu beharko lituzke hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak euskaraz garatzeko oztopo eta zailtasun gehien dituzten hiztunak eta eskualdeak. Adibide bat emateagatik, eskola eta institutuetako ikasleei atzerriko hizkuntzen garapenean laguntzeko trukeak egiten dira beste herrialde batzuetako ikasleekin, baina, nik dakidala, ez da trukerik egiten, adibidez, Enkarterrietako edo Meatzaldeko eskoletako eta Lea-Artibaiko edo Goierriko eskoletako umeen artean, nahiz eta hezkuntza-sistema beraren barruko truke horiek askoz ere errazagoak liratekeen atzerriko herrialdeetakoak baino. Horrelako trukeak biziki aberasgarriak lirateke ume-nerabe guztientzat, beraiena ez bezalako eremu soziolinguistiko batean murgiltzeko aukera emango lieketelako, eta mota bateko eta besteko euskaldunen arteko sareak sortzen lagunduko luketelako. Zer esan etorkinei buruz, edo guraso euskaldunak ez dituzten bertako umeei buruz. Laguntza berezia eskaini beharko litzaieke eskoletan eta udaletan, etxeko lanak egiten laguntzeko eta, jakina, eskolatik kanpoko jardueren eskaintza oparoa euskaraz. Euskarak gure gizartean integratzeko tresna beharko luke, eta ez oztopo, betiere guzti-guztien hizkuntzak eta kulturak begirunez tratatzen direla bermatuta, jakina.

Nik neuk zorte handia izan nuen unibertsitatean hasi behar nintzenean (1979. urtean) lehen kurtsoa euskaraz ematea lortu zutelako orduko Zientzi Fakultateko zenbait irakaslek eta, nire euskara oso mugatua bazen ere, euskaraz matrikulatzeko konbentzitu nindutelako. Unibertsitateak aukera paregabea eman zidan herri eta eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunekin ikasteko, hitz egiteko edota aisialdia partekatzeko. Gaur egun ere aukera hori eskaintzen die UPV/EHUk ikasleei, baina geletan eta korridoreetan ikusten dudana da jatorri bateko eta besteko hiztunak ez direla askorik nahasten, eta eremu batzuetako ikasleek, ikasketa guztiak euskaraz egin badituzte ere, oso autoestimu linguistiko baxua dutela. Inoiz gertatu zait klasean ahozko aurkezpena egin behar zuen ikasle batek barkamena eskatzea aurkezpena egiten hasi aurretik Gasteizkoa izanda ez zuelako behar bezain ondo egingo. Hartara, gure irakasgaien helburu garrantzitsuetako bat da ikasleek euskararen biziberritzearen historia apur bat ezagut dezaten, biziberritze horri egin dizkioten ekarpenen kontzientzia har dezaten, eta etorkizunean aditu euskaldun modura euskararen garapenean eta biziberritzean izango duten erantzukizunaz gogoeta egin dezaten.

One Reply to “”

  1. Ezkorra naiz, baina noizbait heldu beharko genioke funtsezkoa iruditzen zaidan auzi bati: maila psikosozialean, euskara-azterketak (batez ere lan helburuetarako) gainditu behar izateak dituen eraginak. Hor kokatzen ditut nik, Igone, testuan ipini dituzun kontraposizioetako batzuk. Gogoratu behar genuke azterketa eta maila horiek Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua delakoan oinarrituta daudela, eta Esparru hori nagusiki atzerriko hizkuntzen ikas-irakaskuntzarako dagoela pentsatuta; hau da, euskara-azterketak atzerriko hizkuntzetarako azterketak bezalaxe daude diseinatuta, gure gizartearentzat euskal hiztun berri guzti-guztiak funtsezkoak ez balira bezala: ingeles hiztunei bost axola die atzerritarrek ingelesa ondo ala erdi ondo hitz egiten badute ere, “ingeles-berri” gehiago egoteko interes handirik ez dute, horrek ez duelako inolako eraginik gizarte ingelesdunen bizitzan edo iraupenean. Euskal gizarteari, aldiz, bai axola beharko lioke euskara ikasten duten guzti-guztiak aintzat hartzeak euskaldunen komunitateko kide gisa, maila guztietako hiztun guzti-guztiak direlako funtsezkoak euskararen biziraupenerako. Oso tristea baita etsipenez jota ikustea -zuek ez duzue inoiz ikusi?- jende euskaldun berria, ditxosozko azterketa gainditu ezin dutelako, behin eta berriro, are okerrago maila hori gainditu beharra lanerako behar dutenean. Niretzat, behintzat, ezinbestekoa da euskararen ezagutza erakutsi beharra beste era batera antolatzea. Baina, esan bezala, ezkorra naiz.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina