Deurmekaar

Gotzon Egia Goienetxea

Munduaren beste muturrean ez izatera, berripaperetan maizago izango genuen haren aipu. Kasu berezia da berea, hemimeliaren gaitza zekarren jaiotzetik, umetan bi zangoak moztu behar izan zizkioten belaunetik behera, protesi ikusgarriekin lehiatzera behartu zen, lasterka. Ohore neurriz gaindikoa lortzera iritsi zen Oscar Pistorius hegoafrikarra: 2011ko Olinpiar Jokoetan atleta normalekin lehiatu zen, zilarrezko domina bat paparreratzera heldu zen, 400 m txandakako hegoafrikar taldearen partaide.

Hedabideen ospeak apartuta, beltzen nagusigoan zuri gutxi batzuentzat erreserbatutako bizitza zeraman Pretorian: Reeva Steenkamp modelo ezagunarekin bizi zen, gated community esklusibo batean, elkarrizketa, ekintza karitatetsu eta festa dotoreen gurpilean. Dena eten zen arte, 2013ko otsailaren 14eko gauean, Pistoriusek tiroz hil zuenean Steenkamp. Lapurren bat somatu zuela komunean, atea ireki gabe tiro egin zuela… gauza ziur bakarra hilotza.

Epaiketara auzoak deitu dituzte lekuko, gau hartan entzun zutenaz deklaratzera. Beltzik ez dago horien artean, segurki, bai ordea herbeheretar kolonoen oinordeko afrikaans hitz egiten duten zuri aberatsak. Epaiketan interpreteak ezarri dituzte, denek ingelesez jakin arren bakoitzak bere ama hizkuntzan mintzatzerik izan dezan. Hasi da deklaratzen Michelle Burger afrikaansez, etenka, irudiz interpretearen jardunagatik. Hitz batean trabatu dira gauzak. Tiroak entzun ziren gau hartan, deurmekaar zegoela esan du Burgerrek; confused itzuli du ingelesez. Pistoriusen abokatuak horri heldu dio, benetan nahasirik ote zegoen, entzun zuena ongi identifikatzeko gai ote zen une hartan. Ez, nahasirik ez, artega, kezkaturik, goganbehartuta; interpretearen akatsa, ñabardura ongi ez bereiztea.

Thokozile Masipa epaileak arazorik ote duen galdetuta, interpretearen gainetik jartzeko zalantzarik ez du izan:

She is interpreting what I am saying. Some of the words are not what I am saying and then I am correcting in English

Erabaki dezala erantzun dio emakume epaile beltzak: nahi badu, ingelesez egin dezala. Afrikaansez jarraitzea erabaki du Burguerrek.

Interpretearen akatsa haizatu dute Hegoafrikako hedabide ingeles guztiek, aho batez, enegarrengo lost in translation atal bat osatu nahirik.

Hizkuntza aniztasunaren errespetuzko ikuspen eder bat, esango nuke, 11 hizkuntza ofizial dituen Hegoafrika berrian.

One Reply to “”

  1. Hemen ere gertatzen zaigu, esan osteko interpretazioa egin behar izaten denean, dela auzi batean dela beste inon, euskaraz ari direnak, elebidunak izanda, askotan ez egotea ados egiten zaien itzulpenarekin eta, ondorioz, interpreteari zuzentzea. Egon daitezke -eta egoten dira, noski- akatsak, baina hori baino erabakigarriagoa izaten da, nik uste, hiztunak berak uste duela berak beste hitz batzuk esan “nahi” zituela. Euskararen kasuan, gainera, akatsak hiztunak berak egiten ditu, eta ez nolanahikoak: adibide bat ipiniko dut.
    Udal bateko osoko bilkuran zinegotzi batek esan zuen halako gai bati Udalak aurrekontuetan eskaintzen zion partida “mizkina” iruditzen zitzaiola. Pentsa ezazue nola itzuliko zenuketen hori segundo laurden batean, hiztegian kontsultatu gabe.
    Hiztegian (Orotarikoan) begiratuta, hauxe dator:
    1. Mezquino; rácano, tacaño. “Gueux, délabré, zirzilla” SP. “Gizon mizkiña emoteko orduan” Etxba Eib. Cf. VocNav s.v. misquiñoso y mizquino. Mizkina, una rega (1025). Arzam 343. Egiten dabe pekatu mortal arako guraso miskin eta zeken euren seme alabai ezer emoten ezteutsenak. Astar II 89. Zelan sinistu ginaike zeken eta miskin izango zala bere amagaz […]? Ib. 276. Ene Jaungoikoa, nere biotz au zurea dezu, baña badakit Zuretzako sobra mizkiña dala. Ant JesBi 132.

    “Niais, miskiña” Ht VocGr 389.
    “Llorón, miskin” Lar.
    (V-ger-m-gip, L-ain, B), mixkin (V-gip, G-to). Ref.: A; Iz UrrAnz y To (mixkiña), ArOñ (mixkiñ); Etxba Eib; Elexp Berg. “Goloso” A. “Mixkíña, el que es demasiado melindroso en comer” Iz UrrAnz. “Oso mizkiña maixan, jateko guztieri arpegi zimurra ipintzen detsala” Etxba Eib. “Ume mizkina, melindroso para comer” Vill (comunicación personal). “Mizkiñ demasa izandakua da umetan” Elexp Berg. Ohoin mota asko baditugu. Tipi mixkin hoitarik zonbaixka: magasinetan ebasten dute esku-menean dituzten xurruburruetarik bat edo bertze. Herr 20-8-1964, 2.

    Itzultzaileak “mezquino” itzuli zuen, ondo itzuli ere, hiztegiari begiratzen badiogu. Baina, ai amigo! Nolako iskanbila sortu zen orduan! Udal horretako talde nagusiak hautsi egin zuen, hitz horren eraginez, zinegotzi euskaldunaren taldearekin egina omen zuen akordioa, hitz hori iraingarria iruditu zitzaiolako. Zinegotziak, ordea, itzultzaileari bota zion errua, berak ez zuelako hori esan nahi, “insuficiente” baizik. Eta iskanbila guztia prentsaraino iritsi zen, pentsa! Itzultzailearen larria, orduan!

    Galdera da ea nola itzuli behar du interpreteak:hizkuntzak dioenaren arabera ala hiztunak esan “nahi” zuenaren arabera?

    Atsegin dut

Utzi iruzkina