Aldaerak eta aldakiak

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntzaz ari garenean, aldatu aditzaren eratorri ugari erabiltzen ditugu. Hizkuntzak denboran zehar aldatu egiten direla esaten dugu eta, beraz, hizkuntza-aldaketaz hitz egiten dugu. Iñaki Caminoren[1] hitzak hona ekarriz, «esan ohi da, gainera, hizkuntza batek aldaketak jasatea, eguneroko bere ohiko eginkizunak asetzearen ondorioa baizik ez dela; aldaketarik eza, hizkuntza bat itzaltzeko bidean den adierazgarri izan ohi da gehienetan».

Halaber, hizkuntzaren erabileraz ari garenean, hizkuntza homogeneoa ez dela esaten dugu: hiztunez hiztun, hiztunen jatorri geografikoaren eta sozialaren arabera, eta komunikazio-egoeretara egokitzeko aldatzen dugu hizkuntzaren erabilera, alegia, hizkuntza-baliabide batzuk edo beste batzuk aukeratzen ditugu. Hori dela eta, hizkuntzaren aldakortasuna soziolinguisten eta, oro har, hizkuntzalarien interesa biziki erakartzen duen fenomenoa da. Gramatika- edo hiztegi-baliabide batzuen erabilera-maiztasuna aldatu egiten da eremu geografikoen, gizarte-taldeen edota komunikazio-egoeren arabera. Abstrakzioa eginez, edota aldagai anitzeko analisi estatistikoak eginez, aldaera dialektalez eta aldaera funtzionalez hitz egin dezakegu edo, beste termino batzuk erabiliz, hizkuntza baten hizkerez, dialektoez eta erregistroez. Hizkuntza-unitate batek dituen askotariko gauzatzeetako bakoitzari, aldaki esaten diogu, eta aldaki ortografiko, fonetiko-fonologiko edota morfologikoez hitz egiten dugu. Terminologiaz ari garenean, adibidez, terminoen bi alderdiak, alegia, forma eta esanahia aldakorrak direnez, termino bakar baten forma-aldakiak eta kontzeptu-aldakiak bereizten ditugu.

Bistan da goiko bi paragrafo horietan nire eta nire inguruko batzuen erabilera laburbiltzen saiatu naizela baina, euskararen komunitate osoa kontuan hartzen badugu, auzia zirriborratu dudana baino askoz ere korapilatsuagoa dela. Izan ere, aldaera eta aldaki izenen erabilera antzemateko corpusetara jotzen badugu, deskribatu dudan erabilerarekin bat datozen adibideak aurki ditzakegu bai, baina baita banaketa horrekin bat ez datozen adibide ugari ere. Adibide bakan batzuk atera ditut ETC corpusetik eta Web-corpusen ataritik. Espero izatekoa denez, hemen jorratzen ari naizen gaitik urruntzen diren adibide ugari daude, adibidez, biologiarekin, administrazioarekin edota askotariko gai orokorrekin zerikusia dutenak. Horiek ez ditut kontuan hartuko, gehiegi luzatzeko arriskua saihesteagatik.

Zirriborratutako erabilerarekin bat datozen zenbait adibide eskainiko ditut lehenengoz:

  • Horiek guztiek, normalean, kontaktu zuzena izan dute hizkuntzaren aldaera jaso, formal, idatziarekin. Eta kontaktu hori, hamarretik bederatzietan, euskara batuaren bidez edo euskara batua kontuan hartuz gertatu da.
  • -te euskal morfoa, zenbait adizki pertsonaletan pluraltasuna markatzen duena eta ia ziur txistukari ahoskabeen ondorengo -de pluralaren –te aldakiaren hedapena dena, aditzetan hirugarren objektu plurala markatzen duen -ten atzizki berberearekin konparatzen du.
  • Ñabardurak, esakuneak, lokuzioak, sinonimoak zein aldakiak, horiek guztiak euskararen osasunaren adierazgarri badira, hemendik aurrera baliabide bat gehiago daukagu guztiok.

Aipatu erabilerarekin bat ez datozenak emango ditut ondoren:

  • Aldaketa diakroniko guztiak aldakortasun sinkroniko gisa hasten dira, dialekto batek aldaki edo erregistro estilistikoak baldin baditu, esaterako.
  • Grafian egon daitezkeen aldaerak ere hartu ditu kontuan (etxe, etche, adibidez).
  • Lehenik ikusi behar da ea ezaugarri edo aldaera bat dialekto jakin batean nahitaezkoa den ala ez: dialekto horretan beste aldaera zentzukiderik erabiltzen ez bada, baitezpada erabiltzekoa da.

Ingelesez eta gaztelaniaz, guk aldaera esaten diogun kontzepturako nagusiki variety / variedad erabiltzen dela esango nuke,  baina zenbaitetan  variant / variante ere ikus daiteke testuetan. Guk aldaki esan diogunerako, aldiz, sistematikoki variant / variante erabiltzen dela esango nuke. Azpimarratu beharrekoa da euskarazko corpusetan aurkitu ditudan adibideetan asistematikotasun handiagoa antzeman daitekeela gaztelaniaz eta ingelesez baino, bi terminoak (aldaera eta aldaki) azaltzen baitira kontzeptu biei lotuta. Esanahi konposizionala kontuan hartuta, bi hitz horien harmonizazioari nolabaiteko ekarpena egin nahi bagenio, logikoena litzateke aldaera hitza ‘aldatzeko moduarekin’ lotzea, morfologia hori duten hitzen antzera (pentsaera, ikuskera, idazkera, portaera, jokaera, janzkera, ibilera, egoera…) eta, hizkuntzalaritzaren alorrean, variety / variedad  horren ordaintzat hartzea. Aldaki, aldiz, ‘aldatzen den edo besteetatik bereizten den unitatea’ (variant / variante) izatea litzateke logikoena, atzizki bera duten hitzen antzera (inprimaki, zatiki, hizki, gizaki, liburuki, euskalki).  Baina bide horretatik al doaz euskal hiztegiak?

Hasteko, Orotariko Euskal Hiztegian aldaki sarrerak bi azpisarrera ditu: 1 Variante. 2 Copia. Ejemplar de una publicación. Hiztegi berean, aldaera sarrerak sei azpisarrera ditu: 1 Cambio. 2 Traslado. 3 Modo de mutación 4 Ajuar. 5 Variante 6 (Aldeera) Momento de marcharse. Bi sarreretan ageri da, beraz, variante ordaina, baina batean ere ez variedad ordaina. Orotariko Euskal Hiztegian islatzen den aldaera hitzaren polisemia handia bat dator bi sarrerek corpusetan ematen dituzten agerraldi kopuruekin: ETC corpusa (aldaki 214; aldaera 6.424); Web-corpusen ataria (aldaki 828; aldaera 5.609).

Harrigarria bada ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da jaso aldaki izenaren lehen adiera, eta aldaera sarreraren barruan definitu dira variedad / variety eta variante / variant izenen esanahiak:

aldaki iz. Kopia. Eskutitzaren aldaki bat bidali. Salmenta agiriaren hiru aldaki egin ziren.

Aldaera 1 iz. Aldatzea, aldaketa. Toki aldaera

2 iz. Oinarritzat edo eredutzat hartzen denarekiko desberdintasunen bat duen beste era bat. Hitz baten, bertso baten aldaerak. Barri, berri-ren aldaera da. Bigarren argitaraldirako aldaerak.

3 iz. Oinarritzat edo eredutzat hartzen denarekiko desberdintasunen bat duen azpisaila. Euskalki baten aldaerak eta hizkerak. Landare mota baten aldaerak. Zurtoin malguak dituen arrosa aldaera.

Hiztegi eleanitzetan, Zehazki hiztegian variedad zein variante bilatuta, aldaera ordaina aurkituko dugu, eta copia bilatu beharko dugu aldaki ordaina aurkitzeko. Elhuyar Hiztegietan, aldiz, variante/ variant bilatuta, aldaera eta aldaki ordainak aurkituko ditugu eta, variedad / variety bilatuta, aldiz, aldaera baino ez. Aldaki ordaina aurkituko dugu copia bilatuta ere. Nolanahi ere, Elhuyar hiztegietan aldaki sarrera bilatuz gero, copia, reproducción / copy, reproduction baino ez dugu aurkituko: variante/ variant ordainen arrastorik ez. Aldaera bilatuta, aldiz, variante / variant baino ez dugu aurkituko: variedad / variety ordainik ez. Euskalterm datu-base terminologikoan aldaera ageri da hainbat terminotan, baina batean ere ez dugu aurkituko aldaki elementua.

Ondorio modura esan daiteke euskal hiztegiek ez dituztela osorik islatzen aldaki eta aldaera hitzen gaurko erabilerak eta adierak. Arriskutsu deritzot hutsune horri, gerta baitaiteke (sozio)linguistikaren alorrean hizpide ditugun terminoak zehaztasun handiagoaz adierazteko erabil daitezkeen euskal bi hitz horien arteko bereizketa oztopatzea. Izan ere, lekuko izan nintzen behin, lehiaketa batean, epaimahaiburuak aurkezpena egiten ari zen irakasle bati aldaki terminoaren erabilera zuzendu zionean argudiatuz aldaki hitzak kopia esan nahi duela eta ez bariante. Nire iritziz, hiztegiek aldaki eta aldaera hitzen banaketa harmonizatzen lagundu beharko lukete, osterantzean, bereizketa horretarako oztopo izan litezke eta.


[1] Camino, Iñaki (2009) Dialektologiatik euskalkietara tradizioan gaindi. Donostia: Elkar