Bi berba…

…herriko berbetan belaunaldi batetik besterako urratsean galtzen ari direnak

Oskar Arana Ibabe

Batek ez daki zergatik, baina beharrezkoak eta arruntak diruditen hitzek ere desagertzera egiten dute, are hizkuntza egunero-egunero lantzen dugunon artean ere, eta beharrezkoa izaten dugu aurreko belaunaldiko norbaitekin jardunean ibiltzea, berriro gure burmuinera agertuko badira, hain arruntak izanik ere. Bitik bat: edo erdarazko beste berbaren batek hartu du haien lekua, eta hartara txirotu egin da gure lexikoa, edo beste euskalki batzuetan erabiliagoak diren beste hitz batzuek hartu dute haien lekua, eta, hartara euskalkia bera (eta euskara bera ere bai, hitz horiek ez baitzeukaten inongo debekurik euskara estandarrera igotzeko) txirotu da. Edo, hirugarrena, ez bata eta ez bestea, euskararen hitz arruntagoek hartu dute haien lekua, behar ez zirelakoan, edo berezitasunik ekartzen ez zutelakoan. Noizbait, ordea, izan zuten berezitasunen bat, ez baitziren ondoren haien lekua hartu zutenen sinonimo bete-beteak, baizik eta adiera berezituagoetarako hitzak.

Bada berba bat misteriotsua, niri hala iruditzen zait, ez ingurukoen artean galdetuta ez hiztegietan begiratuta arrasto handirik bilatu ezin izan diodana. Jakin, ez dakit ezta, aditza izanik, aditz-oina zein duen ere. «IRAN = subir», dio Mujikaren hiztegiak. Baina, adieraz, hori baino zabalagoa du Aramaioko euskaran. «Halako basotik egurrek iraten ibiltzea» egurrok baso hartatik ekartzea da, garraiatzea; edo «patatak kamarara iratea» patatak kamarara jasotzea da. «Bedarrak iraten ibiltzea» ere, halaxe, belarrak kamarara jasotzen ibiltzea… eta, gaur egungo jarduera arruntagoren batekin lotuta, «maletak autora iraten ibiltzea»… Baina, zalantzan nago, ez dut beste inon aurkitu aditz-oin hori jasota. Labayru hiztegian, ordea, adiera hori, bigarrena izan arren, bete-betean dagokion aditz bat dator:

irago (bizk.) 2 dau transportar, acarrear. Bedarra etxera iragoten emon dogu goiz osoa.

Beste arrastorik ez… ezin jakin, idatzian, zein forma dagokion, eta galdu egingo da, beste hitz asko baino merezimendu handiagoarekin galdu ere, agian, baina beste asko baino merezimendu gutxiagorekin, seguru…

Eta, beste berba bat, adjektiboa orain, gure inguruetan oso erabilia, arrunta, ez nahitaez erregistro jasokoa, baina, neurtzera jarrita, gure belaunaldian oharkabean galtzen dabilena, adinekoagoen berbetan bizi-bizirik egon dena: erako. Jasoa dute hiztegiek, baina egunotan suertatu zait niri hitz hori emakume baten ahotan entzutea, eta, pentsatzea, zenbat denbora ez nuela berba hori entzuten, eta are gutxiago erabiltzen… Jakina, nire adineko eskolatuen artean, egoki adjektiboak hartu du berba horren lekua, baina ito eta desagerrarazteraino ia. Eta altzari baten gainean galdetu niolako erabili zuen hitza, fruta gordetzeko armairu txiki bat ikusi niola balkoian, eta ideia ona bururatu zitzaidala, ea nondik zuzendua ote zuen. Halako dendatan, bila eta bila aritu ondoren, «hauxe da erakoa», pentsatu zuela. Lankide bati esan eta hitz horren oparoaz ibili gara, «erara eduki», «era batean bizi»… eta zenbat eta zenbat esapidetan ez ote den erabiltzen. Ahalegina egin beharra orain ez asko hain arruntak eta egunerokoak ziren berbei eusteko, edo erabiltzeko parada izateko. Horixe.