Maiteminduta

Koro Garmendia Iartza

Beti gurekin izan ditugun hitzek, batzuetan, ezustekoak ematen dizkigute mamian pixka bat arakatzera ausartzean edo gogoetan gehixeago sakontzeko pausoa ematean. Halaxe gertatu zait niri maitemindu aditzarekin. Aski hitz arrunta da, ezta? Misterio handirik gabea, itxuraz. Baina ondo al dakigu zer adierazten nahi duen? Neurri batean, bai; baina neurriaren beste zatian ez, beharbada.

Aditzaren esanahietako batera mugatzeko joera daukagu; segur aski, besteaz jabetu ere egin ez garelako. Adiera zabalduenarekin identifikatzen dugu aditza; enamoratzearekin, alegia. «Irakaslea maitemindu egin da. Autobus-gidaria gustatzen zaio. Eta nola, gainera!». Bikain. Oso ondo erabilita dago. Baina bada besterik. Hain zuzen ere, maitasunak sarri askotan izaten duen beste alderdiarekin lotuta dagoena: minarekin. Hots, maitatu bai, baina trukean nahi edo desio den maitasuna jasotzen ez denean izaten den nahigabearekin (mal d’amour, mal de amores). Oinaze horrek ere maitemina du izena: «maiteminez zauritu da», «maiteminak jo dio bihotza»…

Beraz, hitz batek berak maitasunaren zirrara eta maitasunaren samina adierazten dizkigu euskaraz. Ez al da berezia? Arbasoak konturatuta zeuden, nonbait, maitemintzeak, askotan, maitatzea ez ezik, mintzea ere badakarrela, eta biak hitz bakarrean biltzea erabaki zuten. Haien jakintza!