Hiztegiz hiztegi…

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

…ibiltzen naiz sarritan hitz edo esamolde jakin baten euskal ordain taxuzkoena aurkitu ezinik. Baita buruan dudan ordaina egiazki taxuzkoena —edo bederen zuzena— ote den argitu nahirik ere. Hiztegiz hiztegi, corpusetik corpusera, ereduzko prosatik ereduzko prosara. Hainbeste eta hainbestetan ibiltzen naiz han-hemenka kontsultan non iruditzen baitzait anitzez ere denbora gehiago iragaten dudala kontsulta etengabeko horietan ezen ez itzulpenak eskatzen dituen bestelako eragiketa mentaletan.

Egia da, egia denez, hiztegietarako joan-etorri horietan ibili bidenabar burua estutzen aritzen naizela maiz, gogoan alderrai dabilzkidan aukeren-maukeren gainean hauta-lanetan. Baina egia da, baita ere, nahiago ditudala ez zenbatu kontsulta-lanetan pasatzen ditudan denbora-tarte horiek, beldur bainaiz ileak lazteko moduko kontuak aterako litzaizkidakeela.

Nago ez ote den segurtasun falta ikaragarrizko baten seinale. Edo izan liteke estuegi lotzen natzaiola Itzulpengintza Masterreko irakasle haren aholkuari: hitzen batekin duda izpirik izanez gero, hiztegietara jotzeko beti (hala ez jokatzearen ondoriozko itzulpen trakets eta xelebreen antologia polit eta irri-emangarri batekin hornitu zigularik aholkua, jakina). Inoiz pentsatu dut Interneten errua ere badela, hain delako erraza eta erosoa, baita —batzuetan— entretenigarria ere, leihoz leiho jauzika orduak ematea.

Anitzetan galdetu diot neure buruari nola eginen nukeen baliabide horiek guztiak gabe, nola moldatuko nintzatekeen Internet gabe edo eskura hiztegirik bakar bat ere izan ezean. Uf! Izerdi eta guzti sumatzen dut bizkarrezurrean beheiti! Eta hara non aurreko batean Xabier Olarrak hausnarketa aski jakingarri hau bidali zidan mezu batean, hark itzulitako Historiarik goibelena irakurri ondoren igorri nion laudorio mezuari erantzuteko:

«Eta Historiarik goibelena, bai, niri ere liburu bikaina iruditu zait beti. Nik atxikimendu berezia diot, lehenbiziko ehun orriak papera eta lapitzarekin eta hiztegirik gabe egin nituelako Nepaleko trekin batean (zati bat) eta Kathmandun beste zati handi bat, han ere papera eta lapitzarekin (eta Internetik gabe). Gero, noski, hona iritsi nintzenean behar ziren hiztegi guztiekin bukatu nuen. […] Bestalde, uste dut norberak barruan dituen baliabide soilekin lan egin izanak —liburuetara, hiztegietara eta abar gehiegi jo gabe— nolabaiteko naturaltasuna ematen diola lanari (eta irakurketa erraztu ere bai agian). Hori da behintzat X-k esan zidana Durangon: historia ez zitzaiola batere interesatu, baizik eta testua bera, idazkera, eta abar, eta horrek euskaraz hartzen zuen taxua. Esplikatu nion nola egin nuen aspaldi hartan, eta beharbada horren ondorio izango zela […]».

Ni, nolanahi ere den, saiatu ere ez![1]


[1]Bide batez, bihoakie hemendik nire miresmenik handiena Internet gabeko antzinaroko itzultzaile guztiei!