Azentu grafikorik? Bai, eskerrik asko

Alfontso Mujika Etxeberria

Lagun —eta lankide— batek eragin dit gaurko idazpidea, eta badu zerikusia otsailaren 26an blog honetan bertan Santi Leonék idatzitakoarekin (Heinrich Böll eta Uwe Boll ez dira familia berekoak):

Zer egin behar dugu, euskaraz idaztean, leku-izenetako azentu grafikoekin eta, oro har, zeinu diakritikoekin?

Eta —laguna arretatsua baita, oso, baita hizkuntzaren alderdi formal txikietan ere— galdera ez da hutsala. Uste baino nahasiagoa da gaia, arauak eta desarauak barne. Etxekoekin hasiko gara, etxean baitugu lehen auzia.

Euskaltzaindiak, 155. arauan (Nafarroako udal-izendegia), tiletarekin arautu zuen Nafarroako erdal eremuko 10 udalerriren grafia: Cárcar, Castejón, Cintruénigo, Lapoblación, Marañón, Mélida, San Adrián, Torralba del Río, Torres del Río eta Villamayor de Monjardín.

Kontua da haietako bakoitzean ohar bat erantsi zuela, honela:

Deklinatzean, azentu grafikorik gabeko forma erabiliko da: Carcarko udaletxea berritu dute.

Hor hasten dira komeriak. Ohar horri men egitera —esanekoak baikara—, honela idatziko dugu:

Tutera eta Mélida oso herri politak dira.

Baina:

Tuterako eta Melidako alkateek bilera egin dute.

Zein dira ondorioak ahoskeran? Euskaltzaindiak ez digu esan, baina, oharra ikusita, pentsa liteke Mélida hitz proparoxitono gisa (azentua azken aurreko silabaren aurrekoan duena; alegia, gaztelaniazko “palabra esdrújula”) ahoskatu behar genukeela lehen esaldian, eta bigarren esaldian, berriz, euskal intonazioaren arabera dagokion/legokiokeen moduan.

Orain, egin dezagun proba bat: zuk nola intonatuko zenuke leku-izena esaldi honetan?:

Tuteraraino iritsi dira korrikalariak.

Nik, gutxi gorabehera, honela: [tutérarainó].

Eta beste hau, nola?

Melidaraino iritsi dira korrikalariak.

Nik, badakidanez Mélida proparoxitonoa dela, honela: [mélidarainó].

Baina, Euskaltzaindiak esan digunez deklinatzean azentu grafikoaz ahazteko, badirudi iradoki duela Tutera bezala intonatu beharko nukeela, ezta?: [melídarainó]. Ba, ez zait ateratzen.

Eta oraindik zalantzan bazaude, egin proba hauekin: Longida (euskaraz paroxitonoa da) eta Mélida (proparoxitonoa da):

Longidaraino iritsi dira korrikalariak eta Melidaraino iritsi dira korrikalariak.

Bi leku-izenak berdin intonatuko zenituzke? Ziur?

Edo ergatiboan, kasurako, biak berdin intonatuko zenituzke?:

[tutérak] 35.000 biztanle inguru ditu eta [melídak] 723.

Ez, niri ez zait ateratzen.

Korolarioa: arazo bat gutxiago izango genuke ohar hori jarri ez balute. Benetan bitxia iruditzen zait hitz batek azentu grafikoa izatea absolutiboan eta gainerako kasuetan ez izatea.

Goazen Euskal Herritik kanpora. Gertuenekoak Espainia eta Frantzia ditugu. 32. arauan (Espainiako erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak), grafia-aldaketarik ez duten leku-izenetan, sistematikoki jarri dira azentu grafikoak: Almería, Ávila, Cáceres, Cádiz, Jaén, León, Málaga (adibidez, Andaluzia leku-izenean ez, jakina, grafia egokitu delako).

Eta ohar hau agertzen da:

Gaztelaniaz azentu grafikoa duten hitzak azentuarekin nahiz azenturik gabe idatz daitezke: León / Leon.

Hala arautu zen 1995ean; 2006an, araua osatu eta eguneratu zenean, ohar hori, badaezpada, ez ukitzea hobetsi zen.

Beraz, hor ditugu lehenengo bi kontraesanak:

1- Absolutiboan Mélida (azentu grafikoarekin) idatzi behar dugula esaten digu Euskaltzaindiak, eta Almería, berriz, azentu grafikoaren zein gabe.

2- Gainerako kasuetan, Melida (azentu grafikorik gabe) idatzi behar dugula esaten digu Euskaltzaindiak, eta Almería, berriz, azentu grafikoarekin zein gabe.

Nik, sistematikoki, Espainiako leku-izenetan, baldin tileta badute, tileta erabiltzen dut euskaraz. Tiletak informazioa ematen du, eta informazio hori ezabatzeak ez dakar ondorio onik. Adibide erreal bat, neroni gertatua: duela bi urte, Elhuyarrek ETBrako egiten duen Teknopolis programarako testu bat gainbegiratzeko bidali zidaten. Gaztelan, Bierzo eskualdean, erromatarren garaian urre-meategia izandako leku bati buruzkoa zen erreportajea. Nik ez nuen tokia ezagutzen. Testua egin zuen kazetariari honela galdetu nion: Orduan, Medulasen izan zarete grabatzen? (testuan halaxe agertzen baitzen idatzita lekua: Medulas) Eta berak erantzun: Medulasen ez, Médulasen (alegia, [medúlasén ez, médulasén]), Las Médulas baita leku horren izena. Tileta kentzea informazioa kentzea da.

Goazen orain Frantziara. 36. arauan ere (Frantziako errepublikako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenak), grafia-aldaketarik ez duten leku-izenetan, sistematikoki jarri dira azentu grafikoak: Ardèche, Ariège, Corrèze, Côte-d’Or, Drôme, Hérault, Vendée… Eta ohar hau:

32. Arauan esandakoaren ildotik, zeinu diakritikorik gabeko aldaerak ere onartzen dira: Orléans zein Orleans, Périgueux zein Perigueux, Saint-Lô zein Saint-Lo

Gaztelaniaz baino are larriagoa izan daiteke azentu grafikoak kentzea frantsesez (frantsesak 5 diakritiko ditu) , zeren eta, gaztelaniaz ez bezala (dieresia kenduta), balio fonetikoa baitute batzuek; hau da, ahoskera aldatu egiten da. Adibidez, e, è eta é ez dira beti berdin ahoskatzen. Horregatik, adibidez, ez dut uste inork Besançon eta Alençon hiri-izenak Besancon eta Alencon idatziko duenik euskaraz.

Goazen orain, Espainiaren eta Frantziaren gainetik jauzi eginda, urrutiagora. Euskaltzaindiaren 159. arauan (Europako toponimia fisikoa) aurkituko dugu azalpen esplizitua:

Diakritikoak. Euskaraz grafia-aldaketa ez duten leku-izenak jatorrizkoan bezala idazten dira. Leku-izen horietako batzuek zeinu diakritikoak dituzte, eta zeinu horiek beharrezkoak dira leku-izenaren ahoskera edo azentuazio zuzena ziurtatzeko. Arau honetan, zeinu diakritiko horiek agertzen dira euskarazko izendapenean ere (adibidez, Canigó, Göta, Soča, Júcar, Mälaren, Mureş, Öland, Øresund, Sûre, Vištytis…), eta hala idaztea komeni da idazkera jaso zainduan. Nolanahi ere, diakritikorik gabe idatz daitezke maila apalagoko testuetan.

Eta “idazkera jaso zaindua” zein den azaldu beharrik ez da izango, baina, badaezpada: hedabideak, entziklopediak, hezkuntzarako materialak, Administrazioaren idazkiak, literatura eta, oro har, komunikazio formal guztiak (blog hau, adibidez).

Hala ere, Euskaltzaindian ohartuta zeuden diakritiko guztiak ez direla maila berekoak, eta batzuk oso arrotzak gertatzen zaizkigula. Gainera, badira arazo praktikoak ere, zeinu horietako batzuk ez baitaude (hain) eskura. Horregatik, halakoetan diakritikorik gabe idaztea ontzat hartzen da. Hala ageri da, adibidez, 154. arauan (Europako eskualde historiko-politiko nagusiak):

Zeinu diakritikoarekin ( Åland ) nahiz gabe ( Aland ) idatz daiteke. Euskarazko testu arruntetan, ohikoa da diakritiko bereziak (gure ingurunean ohikoak ez direnak) ez idaztea. (…) Zeinu diakritikoarekin (Crişana) nahiz gabe (Crisana) (…) Zeinu diakritikoarekin (Dzūkija) nahiz gabe (Dzukija) (…) (Maramureş) nahiz gabe (Maramures)…

Antzera gertatzen da 157. arauan ere (Europako hiriak), kontrara adierazia:

Gdansk. Zilegi da euskaraz ere jatorrizko grafian duen diakritikoa idaztea: Gdańsk.

Wroclaw. Zilegi da euskaraz ere jatorrizko grafian duen letraz idaztea: Wrocław.

Ez da ohar hori agertzen, jakina, diakritiko ”ezagunen” kasuan, hala nola Zürich, Gijón, Neuchâtel, Göteborg eta abar.

Amaitzeko —gaurkoa luzeegi doa eta—, gogoan izan zer dioen Euskaltzaindiaren 158. arauak —ez da araua, gomendioa baizik— (Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak Euskaltzaindiaren gomendioa):

Euskaraz ere jatorrizkoan bezala idazten diren leku-izenak jatorrizkoan bezala (ahalik eta gertuen) ahoskatzekoak dira.

Eta nola ahoskatu jakiteko, behar-beharrezkoak dira zeinu diakritikoak.

Nik, behintzat, ez dut zalantza-izpirik: kanpoko izenen (grafia aldatzen ez zaien izenen) zeinu diakritikoak (ohikoak, “ezagunak”) bere horretan idatzi behar genituzke euskaraz ere, gainerako hizkuntzetan idaztean egiten dugun bezalaxe. Eta “ezagun” ez direnak, testu-motaren arabera. Adibidez, entziklopedia batean nahitaezkoa litzateke Gdańsk eta Maramureş idaztea. Berria egunkarian, berriz, ez nintzateke harrituko Gdansk eta Maramures ikusita, baina harrituko nintzateke Besancon (eta ez Besançon) edo Tubingen (eta ez Tübingen) ikusita.