Lokalizatzaileak eta community managerrak

Esti Lizaso

Hitzak, hizkuntzak bezala, izaki bizidunak direla esaten da: jaio, hazi, elikatu, estimuluen aurrean erreakzionatu, ugaldu eta hil egiten dira (bizitzaren definizio hori ikasi genuen ikastolan). Baina, azken urteotan, Internetek eta sare sozialek izugarrizko bultzada eman diote bizitza horien bilakaerari. Hitzak barra-barra sortzen dira, eta segituan zabaltzen dira hizkuntza arrotzetara.

Lehengo astean bertan pil-pilean izan genuen adibide garbi bat: selfie. Autoerretratuaren (edo autorretratuaren, darabilzuen hiztegiaren arabera) lehengusu moderno hau iaz jaio zen, baina mundu osoan zabaldu da hilabete gutxitan, zer esanik ez Oscar sarien ondoren:

1_irudia_selfie

Grafikoa zertxobait aldatzen da, ordea, mundu globalizatuak beretzat hartzen dituen hitzen jatorria ingelesa ez denean; beste behin, globalizazioan hizkuntza eragile nagusia ingelesa dela erakusteko besterik ez bada ere. Japoniar jatorriko “emoji” hitzarekin egin dut proba. Mezularitza-zerbitzuetan aurpegierez gain askotariko ikonoak gehitu zituztenean, “emotikono” herren geratu zela iruditu zitzaien ingelesei, eta hara zer gertatu zen japoniarrei hitz hau hartu zietenean:

2_irudia_emoji

Grafikoko D puntua emoji, phablet, selfie eta twerk Oxford hiztegian gehitu ziren uneari dagokio.

Aldiz, lehendik baziren hitzei erreparatzen badiegu, ingelesaren nagusitasunaren ordez, edo harekin batera, Interneten eta sare sozialen boterea da ageri-agerian geratzen dena. Joerak ia globalak bilakatu dira. Hona hemen “cupcake”ren grafikoa horren erakusgarri:

3_irudia_cupcake

Lokalizazioa ere azken multzo horretan sartuko litzateke. “Lokalizazio” hitza ez da berria, “kokatu” adiera orokorrarekin erabili izan da, eta zientzia alorrean ere erabilera espezializatu bat baino gehiago ditu. Guri hurbilagoak zaizkigun “globalizazio” eta, horrenbestez, “lokalizazio” kontzeptuak, berriz, 1990eko hamarkadan hasi ziren zabaltzen eta, hasiera batean, ekonomiari lotuta zeuden. Adiera berri haren loraldia ikusteko urte batzuk atzera egin behar denez gero, ez dugu horrelako gorakada ikusgarririk aurkituko haren erabilera-grafikoan, garai hartan sare sozialik ez zelako. Hala ere, jo zuen gailurra, eta itzulpengintza-prozesua izendatzeko “lokalizazio” hitza erabiltzearen egokitasunari buruzko eztabaida ere mundu osora zabaldu zen. Aspaldion, ordea, hitzaren eta prozesuaren adiera berriak ondo errotuta geratu dira, eta haiekiko interesak behera egin du:

4_irudia_localization

Kontuak kontu, hizkuntza hartzaileak abiada itogarri horri eutsi ezinik dabiltzala iruditzen zait batzuetan. Atzean geratu gabe komunikatu behar horretan, ez dutela maileguak hausnartzeko tarterik hartzen, eta gaizki irentsita hasten direla agertzen hizkuntza berrietan.

Lokalizazioaren kasuan ere izan dut kezka hori. Izan ere, lokalizazioa prozesu orokor bat da, produktuak (edozein motatakoak) tokian tokiko hizkuntza, kolore, forma, kultura, ohitura eta abarretara moldatzean datzana. Produktuak inolako testurik badu, itzultzaileak ere “lokalizatzaile” lana egingo du testu hura xede-hizkuntzara ekartzen, baina ez da irudi berriak sortuko dituena edo testuaren kolorea aldatuko duena baino lokalizatzaileago izango.

Inguru euskaldunetan “lokalizazio” hitzak sarrera isil samarra egin du eta, batez ere, nahiko berantiarra. Hala ere, badirudi geroz eta jende gehiagok erabiltzen duela gure artean. Horregatik, berandu gabiltzanez gero, berritasunak itsututa aise antzera erabiltzen hasi aurretik, hausnartzeko tartetxo bat hartu beharko genukeela iruditzen zait.

Euskaraz ikusi dudan gehienetan “lokalizazio” terminoa “software-itzulpenarekin” ordez zitekeen sinonimo ia oso gisa. Egia da itzulpengintzan lokalizazioa aipatzen denean webgune, software eta bideo-jokoei egiten zaiela batez ere erreferentzia. Baina, ez nuke esan gabe utzi nahi Euskal Herritik edo Espainiatik kanpo “lokalizazioan” diharduzuela edo “lokalizatzaileak” zaretela esaten baduzue, inor gutxik ulertuko dizuela itzultzaileak zaretela.

Lokalizazioa aipatzen edo irakurtzen duzuen hurrengoan, beraz, hartu tartetxo bat zertaz ari zareten aztertzeko: itzulpengintzaz ala globalizazio-prozesuaz.

Izan ere, itzultzaileok, beste hizkuntzetatik datozen hitzak erabiltzen lehenetakoak garen heinean, badugu mailegu zuzen, eratorpen eta neologismo horien hautuan nolabaiteko ardura.

Aukera guztiak zilegi direla uste dut, bere helburua betetzen badute. Baina aukera zergatik egin dugun edo hitza nondik datorren jakitea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Begira, bestela, community managerrei. Denok dakigu zer diren: erakunde baten komunikabideak eta haietako edukia kudeatzeaz arduratzen diren pertsonak. Bada, gure artean bolo-bolo dabilen termino hau, horren moderno eta amerikarra dirudiena, gure bizilagunen asmakizuna da. Espainolarengatik ez balitz, ez zen ia community managerrik izango:

5_irudia_communitymanager

Adi, beraz, inoiz community manager batentzat lokalizatzaile gisa aritu behar baduzue 😉