Hau traizioa bada

Karlos del Olmo Serna

«Traduttore, traditore» salaketa aurrenekoz erabili ei zuten Danteren Divina Commedia frantsesera eroandako itzultzaileen lana epaitzean, jatorrizkoari leial ez izatearen ondorioz literatur lan handi-handi bat txikitu bide zutelako. Harrezkero, itzulpengintzaren gainean diharduen edonork bere buruari aski eta eskubide osoko juje deritzo lanbidea nahiz edozein itzultzaile judikatu eta damnatzeko, aipabide hori berbara ekartze hutsaren indarrez edo lizentziaz.

Gregory Rabassa itzultzaile omentsuak argi ebatzi du esaera horren gainean: «itzultzea traizioa bada, traizio egin dezagun ahalik eta ondoen». Eta ondo baino hobeto ei daki zertaz ari den, boomeko idazle latinoamerikarren lanak ingelesezko merkatuetan aditzera eman baitzituen eta ospetsu bihurtu: Jorge Amado, M.A. Asturias, Julio Cortázar, García Márquez, Vargas Llosa… Haren gainean García Márquezek esana du Rabassa ingelesezko idazle latinoamerikarrik onena dela. Itzultzailea eta irakaslea ez eze, poeta ere delako Gregory Rabassa (1922) jatorri kubatarreko amerikarra.

If This Be Treason: Translation and Its Dyscontents, A Memoir liburuan, besteak beste, traizioaz eta traizio moduez dihardu. Izenburuan omenaldi egiten dio liburu portadatxoko aipuetako bati, (bestea italierazko esaldi ospetsu hura da) Virginiako lehen gobernari izandako Patrick Henry politikariaren esanari: «If this be treason, make the most of it», pentsaeraz Ingalaterratik independente izatearen alde agertzeagatik traidore izatea aurpegiratu ziotenean arrapostu hori bota zuelako. Bestalde, izenburuak badu beste joko bat: dyscontent horrela idaztean, kontenturik eza eta disfuntzioaren kontzeptua berba bakarrera ekarri gura ditu Gregoryk, Freudek Das Unbehagen in der Kultur liburuan jorratutako bakartasunaren esanguraz bat.

Aurreneko kapituluan itzultzailearen metafora bikain-bikaina eskaintzen du, Calderónen La vida es sueño laneko pasarte bat erabilita: «ez baitut traidorerik nahi / amaiturik traizioa». Izan ere, halaxe jazotzen da gizartean: traizioa egin ostean, nork du gogoan traidorea? Ez ote du gizarteak itzultzailea gurago ziega ilun batean giltzapetu, edo, bederen, hala balitz legez jokatzen?

Gregoryk dioenez, itzultzaileak saldukeria egin diezaioke hitzari, lehenik eta behin. Eta elea tradituz gero, hizkuntzari egiten diogu traizio, hitza delako berbetaren muina, ikusi, sentitu eta irudikatzen ditugun gauza guztien metafora. Bigarrenik, berbari eta, hortaz, mintzoari etoikeria eginez gero, abiaburuko nahiz helmugako kulturei ere traidorekeria egingo diegu, hizkuntza kultura jakin baten ekoizkina delako.

Tradituen beste sail bati gagozkiola, traizio egin diezaieke itzultzaileak itzulpengintzaren inguruan dabiltzan gizaki guztiei ere. Aurreneko biktima, zertan esanik ez, egilea bera da. Eta egilea traditzean, irakurleei nahiz geure buruari egingo die jukutria.

Harri, stone, pierre, piedra… berbek objektu bera irudikatzen (omen) dute, dena dela, elkartrukagarri dira horregatik, besterik gabe? Soinu aldetik, esaterako, elkarren erabat ezberdinak dira. Flaubertek pierre idaztean buruan zuena ez dute inoiz emango harri, stone edo piedra berbek den-dentxoan. Traizioa, hortaz. Kontua da Flauberten garaiko irakurle frantsesak ere ez zuela buruan izango idazlearen irudi bera inondik inora (ezinezkoa delako, izatez). Azken buruan idazlea compendium bat da, osagai askoren multzoa: hizkuntza, kultura eta hitz pertsonal-pertsonalak, eta alderdi horietako batzuk helezinak gerta dakizkioke itzultzaileari.

Guztiarekin ere, itzultzailearentzat traiziorik tristeena da bere buruari egiten diona, itzultzailea ere idazle eta irakurle delako. Idazle ideala esan geniezaiokeela dio Rabassak. Eta irakurlea ere badenez —gogoan izanda irakurle bakoitzak jatorrizkoaren irakurketa berezi eta ezberdin bat egiten duela—, itzultzaile-idazle-irakurlea testu itzuliaren irakurleen irakurraldien bideratzailea izango da, eta horrek irakurleen jainko ahalguztidun bihurtzen du, noiz apetatsu noiz zintzo.

Itzultzaileak, hortaz, traizioa ezinbestekoa dela ikusita, alebosia hori ahal denik eta ondoen egiten saiatu beharko du, jakitun ere jakitun dagoela itzultzea inoiz amaitzen ez den prozesu edo ariketa dela, urte batzuk igarota testuari berriro oratzeko aukera izanez gero noraezean aldaketak egingo dizkiola, alegia, traizioa bikaintzen ahaleginduko dela, noraezean.

Traiziorik «onena», hau da, itzulpenik taxuzkoena, «oinarri-oinarrian, irakurketa egoki bat» besterik ez delako Rabassaren aburuz: «Itzulpengintza hurbiltze bat da. Birkreatzea ezinezkoa da. Itzulia egiaren beste bertsio bat da».

Bibliografia

RABASSA, Gregory. If This Be Treason: Translation and Its Dyscontents, A Memoir. New York: New Directions Books, 2005.