Sotanak eta bestelako gonak

Bego Montorio Uribarren

Lanbide zaharra da itzulpengintza; zaharrenetako bat seguruen, ahozko jardunari erreparatzen badiogu. Gaur egungo aldibereko itzulpenaren edo interpretazioaren hastapenak 1945-46an kokatzen dituzte liburuek, Nurenbergeko prozesuan hain zuzen, baina auskalo zenbat gizon eta emakume arituko zen, hori baino lehen, ahozko mezuak hizkuntza batetik bestera pasatzen, trujaman zereginetan. Baita euskaraz ere; dokumentaturik dago, esaterako, Pierre de Lancrek sustatu sorginkeriaepaiketetan –XVII. mende hasieran– euskara-frantseseko interpreteak egon zirela, alabaina, lepoa egingo nuke haiek ez zirela izan lehendabizikoak.

Noizbait, beharbada, jakingo dugu nortzuek egiten zuten hizkuntza-bitartekotza urruneko herrietatik etorritako merkatariekin (sosaren hizkera toki guztietan bat bera izan arren, hiztun eleanitzen beharra izango zutelakoan nago). Edota nola ikusten zituen jendeak gure aitzindariak: traidore?, laguntzaile? Ba ote zen, lehenagoko garaietan, bizimodua jardun horretatik ateratzen zuenik?

Galderak ez dira falta, idazteke eta idazteko dugun historia luze horretarako; ez naiz, ordea, hain atzera joango, iragan hurbilean geratuko naiz.

Nor da Nor datu-baseak[1] EIZIEko ohorezko bazkideen bio-bibliografiak jarri berri ditu sarean, eta horiei begira ibili naiz egunotan, XX. mende hasierako euskal itzultzaile aipagarrienak nor ziren-edo jakin guran. Eta begiratzen hastearekin batera, datu batek egin dit kosk: EIZIEk izendatu dituen 51 ohorezko bazkideetatik bi baino ez dira emakumezkoak, Maria Dolores Agirre eta Maritxu Urreta, biak antzerki itzulpenetan aritutakoak. (Esker bereziak zuei, Maritxu eta Maria Dolores).

Datu berriagoek gizon-emakumeen proportzio guztiz bestelakoa agertzen dute: 2006an SIADECOk egin zuen ikerketan, galdetegiari erantzun zioten 220 itzultzaileetatik %50,5 emakumezkoak ziren; EIZIEko bazkideen artean (ohorezkoak salbu), %56 gara emakumeak, eta EHUko itzulpengintza ikasleen gehiengo erabatekoa neskak dira.

Oso irudi desberdina, beraz, azken estatistikek eta ohorezko bazkideen zerrendak erakusten digutena: batean, erdia baino gehiago emakumeak, bestean berriz, bi emakume eta 49 gizonezko; horietatik 26, apaiz edo fraide. Bitxia koadroa: 26 sotana, 23 praka eta bi gona.

Egia da mendebaldeko emakumeon egoera ikaragarri aldatu dela azken hamarkadetan. Egia da, halaber, Biblia dela Europa-Ameriketan gehien itzuli den liburua (batzuek diote mundu osoko itzuliena dela), eta ukaezina da horrek itzulpengintzan oro har izan duen eragina; gurean, Elizen Arteko Biblia eta liturgia euskaratzeko egin duten lan handia errekonozitzeko izendatu zituen ohorezko zenbait bazkide EIZIEk 2002an. Eta gogoan hartzekoa da eliz gizonek XX. mendeko (lehen erdian gehienbat) euskal kulturan izan duten garrantzia. Nolanahi ere, zeharo harritzen nau itzulpengintzaren estanpa horrek, non sotanak diren nagusi.

Esango nuke begiratzeko moduek ere badutela zerikusirik. Eta hori diodanean ez naiz ari jasotako informazio horren irakurketaz (nik neuk generoaren elementua baino ez dut kontuan hartu, nahiz beste irakurketa ugari egin ahal eta behar diren, denak baititugu beharrezko: zer testu mota itzuli zituzten, norentzat, noren eraginez…). Errealitateari begiratzeko moduaz ari naiz. Kontziente izan ala ez, nork bere heziketa, kultura, interes eta abarren arabera bideratzen dugu begiratua, eta hala, aurrean mundu bera izan arren, ez dugu denok gauza bera ikusten: batentzat figura nagusi agertzen den hori, fokoz kanpo gera daiteke beste batentzat; batek orban lausoa baino ikusten ez duen tokian, zehaztasun handiko irudia antzeman dezake ondokoak.

Argiago esanda: ondo legoke euskal itzulpengintzaren garai horri berari beste begi batzuekin ere begiratzea; seguru nago oraingo argazkian azaltzen ez diren asko agertuko litzaizkigukeela.

A! Eta soinu apur bat jarri nahi badiozue testuari, hemen duzue Imanol, Koldo Izagirreren testua kantatzen: …Nire euskaltasuna liburu bat da, eta ez du sotanarik

[1] Asteartean, irailak 16, aurkeztuko da webgunea jendaurrean, Donostiako KM Kulturunean.

Utzi iruzkina