Kameleoien gisara

Itziar Diez de Ultzurrun

Fernando Rey lankideak Marta Merajver itzultzailearen hitzak eta iritziak ekarri zizkigun aurrekoan eztabaidagai, gogoetarako balia genitzan. Proposamenari heldu nik, eta hari horretatik tiraka hegaldatu zaizkidan gogoeta-krispetez mintzatu nahiko nuke gaurkoan. Merajverek esaten digu itzultzaileak gordean behar duela, eta zubi ikusezin bat sortu beharra duela egilearen eta irakurleen artean. Uste horretakoak izan dira berriki arteko itzulpen teoriak, Bakartxo Arrizabalagak 2007an idatzitako Itzulpena eta feminismoa artikuluan azaltzen zuen bezala:

Orain arteko itzulpen teoriak jatorrizko testuarekiko leial eta baliokide izango den itzulpen biribil bakarra lortzeko ereduaren bila ibili dira. Azken teoria postkolonial eta feministek, berriz, birkodetze prozesua baino areago komunikazio prozesua dute itzulpenean ikusten, eta prozesu horretan itzultzailea ez da jadanik bitartekari neutro eta ikusezina. Ardura berria hartzen du bere gain, bi erkidegoen arteko bitartekari lanetan, non bere hautuen erantzule agertzen baita”.

Ederra litzateke pentsatzea ikusezinak garela, ikusezin izan gaitezkeela, itzulpen biribil hori lortzerik badela eta posible dugula -bi gehi bi lau direla esaten dugun segurantzia berberaz- testu bat hartu, itzuli eta irakurleari esatea: “Tori, hemen duzu ITZULPENA”. Nire iritziz, ordea, xede ezinezko horretan indarrak xahutu beharrean, hobe da apalago agertzea eta irakurleari aitortzea: “Tori, hemen duzu nire ahaleginaren emaitza, nire hurbilpena; hauxe da hemen eta orain proposatu dezakedan bertsiorik onena”.

Azken batean, ezin uka gurea sormen-lana dela, eta, sormen-lan orotan bezala, itzultzaileon egitekoaren puskarik handiena bururatzen zaizkigun aukera posible guztien artean gure ustez aproposena den hori hautatzea dela. Etengabe hautatu behar horrek berak erakusten digu, nire ustez, hainbat bertsio proposa daitezkeela beti, eta norberaren ezagutzaren eta gaitasunen, eta gabezien eta nahikundeen, eta filia eta fobien menean hartzen ditugula gure hautuak. Baztertzea baita, segur aski, sormen-prozesu guztietan egitekorik zailenetako bat (lana bukatuta dagoela erabakitzea bezain nekeza batzuetan), eta gure erabaki eta baztertze horietan bihurtzen da ezinbestean ikusgarri gure eskua, Bakartxok dioen bezala gure “hautuen erantzule” garelako. Onerako zein txarrerako, gurutzegunez, bide okerrez eta joan-jinez beteriko zeregina da itzulpena, eta ez, nire esperientzian behinik behin, barneko ahots irmo miresgarri bati jarraikiz egin daitekeen ibilbide zelaia. Eta ez al du, bada, aukeren ugariak kitzikagarriago bihurtzen gure lana?

Nire aburuz, beraz, interesgarria litzateke leialtasuna birdefinitzea gure lanbidean, ikusezintasuna aldarrikatu beharrean emankorragoa iruditzen baitzait nork bere eskuaren kontzientzia hartzea, gure erabakiak ohartuki hartzea (ahal dugun heinean, gutxienez; horretan saiatzea behintzat), gure aztarnen jakitun izatea eta haien gainean hausnartzea (nork bere buruarekin, gutxienez): gure lan moldeak -lan bideak- ikusgarri egitea eta, gehienez, nahi izanez gero, kameleoien estrategiez balia gaitezkeela pentsatzea, haien gisara azalaren kolorea aldatzen jakitea gure itzulpenaren mintza gardena izan daitekeela sinestea baino.