Bakarrik

Esti Lizaso

Gaztelaniak aspaldi finkatu zituen bere idazketa-arauak. Gaztelaniaz alfabetatua izan den orok argi izan du beti zer zegoen ongi eta zer ez; eta, inoiz zalantzarik izanez gero, bazekien nora jo erantzun bila. Ziurtasun horrek, batetik, segurtasuna eta babesa eskaini izan ditu hizkuntza idatzia erabiltzean eta, bestetik, bateratu egin ditu joerak, uniformetasuna erraztu du.

Euskaltzaindiaren gaztetasuna kontu, denbora gutxian arauak sortu, berritu, aldatu eta gehitu egin behar izan ditugu euskaran. Alfabetatze-prozesuan etengabe aritu gara, eta ari gara oraindik, arauak ikasten, desikasten eta berrikasten. Horrek, esan beharrik ez da, ezinegona eta segurtasun falta pizten ditu gugan.

Hala ere, beldur, zalantza eta ziurtasun gabeziok eramangarriagoak egin zaizkigu, inguruko hizkuntzei erreparatuta jakin baitugu azkenean gu ere hizkuntza biziek eskain dezaketena besteko egonkortasunera iritsiko garela.

Baina, batzuentzat segurtasuna izan zitekeena besteentzat zurruntasuna izango zelakoan edo, 2010eko ortografiaren eguneratzeaz geroztik, gaztelania ere zanbuluka hasi zaigu. Izan ere, guk ezagutzen genituen “arauez” gain, orain “gomendioak” gehitu dizkigute RAEkoek.

“Solo” hitza izan da adibide sonatuenetako bat. Ortografia berriak gomendatzen duenez, aurrerantzean “solo” hitzari ez zaio inoiz azentu-marka diakritikorik jarri behar. Aldaketaren zergatia ere azaldu dute, baina ez dira ausartu arautzat ematera, eta “gomendio” bezala utzi dute.

Tolerantziaren eta aniztasunaren garaian bizi garelako izango da agian, edo zuriak eta beltzak modaz pasa direlako gris-aukera zabalaren mesedetan, edo lehen jende gutxiegik eta orain gehiegik iritzia ematen dutelako, edo batek daki zergatik. Kontuak kontu, badirudi erakunde araugileak arauak zehazteko beldur direla, orain nahiago dutela “hobespenak” eta “gomendioak” bakarrik eman.

“Solo” azenturik gabe idazteko gomendatu zutenetik lau urte luze pasa dira eta emaitzak ikusi besterik ez dago: bakoitzak sudurraren puntan jartzen zaiona egin dezake, eta dena dago ondo. Eskola-liburuetan eta joera normatiboeneko idazle, zuzentzaile eta argitaletxeen artean guztiz desagertu da azentua. Baina beste askok nahiago izan dute bereizketa egiten jarraitu, eta ortografia berria indarrean sartu ondoren argitaratutako liburuetan nahiz bestelako euskarrietan “sólo” barra-barra agertu da oraindik.

Gomendioen arazo nagusia hori da: zaildu egiten duela guztiok bide beretik egin ahal izatea. Orain alfabetatzen ari direnei zer erakusten diete eskolan gomendioetara iristean? Estilo-liburu bana sortu behar al dugu eskola, argitaletxe, enpresa edo marka bereko langileen artean denek irizpide bera jarraituko dutela ziurtatzeko? Eta zer itxura emango du horrek edukia talde horretatik kanpokoa den eta irizpideon berri ez duen norbaitek irakurtzen duenean? Eta zer pentsatuko du idazketarekin harreman esturik ez duen jendeak azentu, marratxo, puntuazio eta abarren sikulu-saltsa hori ikusten duenean?

Zein da arauen ordez gomendio hutsak ematearen abantaila?

Auzi honen inguruan, itzultzaile edo zuzentzaileak ez du gomendio eta irizpide desberdinen artean dantzan ibili beste erremediorik. Gainean bezero edo nagusiren bat badu, hari men eginez. Eta bestela:

Sólo con su conciencia.

Solo con su conciencia.

Bere kontzientziarekin bakarrik.