Metafora hilak

Maialen Berasategi Catalán

1967-1968ko ikasturtean, Borgesek poesiari buruzko zenbait hitzaldi[1] eman zituen Harvardeko Unibertsitatean. Besteak beste, metaforei buruz aritu zen, eta eman zituen adibide batzuk txit ederrak eta jakingarriak:

Gogora ekartzen saiatuko naizen metafora ugarietan lehena Ekialde Urrunetik dator, Txinatik. Oker ez banago, txinatarrek hamar mila gauzak deitzen diote munduari, edo –itzultzailearen gustuaren eta apetaren arabera– hamar mila izakiak.

Hizkuntza oro dago metaforaz betea. Baina, Borgesek hitzaldi hartan esan zuenez, batzuk bizirik daude, irudizko zentzuari argi eta garbi eutsita; beste batzuk, aldiz, hilik, irudizko zentzua galtzeraino ihartuta.

Ez dakit txinatarrek hamar mila gauza –edo izaki– irudikatzen ote dituzten munduaz mintzatzen direnean, baina susmoa dut hiztunok askotan ez garela askorik ohartzen zeinen metaforikoak diren barra-barra erabiltzen ditugun hitz batzuk. Niri neuri, beti gustatu izan zaizkit zurtu eta harritu, pare bat adibide aipatzearren. Ezustekorik ezustekoena izanda ere, inor ez da harrizko bihurtzen, Medusaren begirada hilgarriak jota, baina, hala ere, eder-ederra da metafora.

Eta, oharkabean joaten direnekin segituz, zer esan zabalkuntza semantikoaz. Iragan uztailean bertan jakin nuen, Berria-ren estilo-liburuaren txio bat irakurrita, nondik zetorren izerdi-patsetan egote hori. Orduan bai gelditu nintzela zur eta lur! Ez bakarrik pats horren jatorriaren berririk ez nuelako, baizik sekula ez niolako neure buruari galdetu ere egin zer esan nahi ote zuen hitz horrek benetan.

Hartzen dugu adiera jakin bat duen hitz bat, hasten gara erabiltzen beste zerbait ere izendatzeko, eta, ohartzerako, ahaztua dugu zer esan nahi zuen hasieran. Edo hartzen dugu zenbait esanahi zituen hitz bat, hasten gara adieretako batean bakarrik erabiltzen, eta ahazten zaizkigu beste esanahi guztiak. Hizkuntz prozesu natural askoak biak.

Eta ez dakit nola izango den beste hizkuntzetan, baina, euskaraz, euskaraz eta gaur, irudipena dut –nahiko seguru nago– bizimodu moderno kaletar honetan hazitako belaunaldioi etengabe gertatzen zaigula hori; bereziki –patsaren ildoan–, beste garai eta bizimodu ez hain urrunekoetako hitzen zabalkuntza semantikoekin. Burura datozkit, esate baterako, alor, jorratu, ardatz, ataka eta uztartu. Burura datozkit, halaber, eguzkiarenak ez diren printzak –egurrarenak, adibidez– eta izpiak –ile-izpiak…–. Orain dela ez hainbeste, batzuk hasi ziren telefono mugikorrari segapoto esaten ere –ez dakit azkenean bidea egin ote duen erabilera horrek, baina badakit askok orduan ikasi genuela zer zen segapoto bat–. Eta egongo dira beste hamaika adibide, sarri oharkabean joaten zaizkigunak.

Adi samar egon behar –edo memoria zorroztu behar–, metafora hilen poesia ezkutuari antzeman ahal izateko.

[1] Entzun nahi dituenak hementxe du aukera: http://www.openculture.com/2012/05/jorge_luis_borges_1967-8_norton_lectures_on_poetry_and_everything_else_literary.html

2 Replies to “Metafora hilak”

  1. Aipatzen dituzun hitzen ondoan, “ildo” ere sar daiteke: gaztelaniazko “surco” da; Bortzirietako euskalkian “ILLÚA” ahoskatua ikasi dut nik (<ildoa).
    Julian

    Atsegin dut

Utzi iruzkina