Euskararen desafektua (I)

Asier Larrinaga Larrazabal

Adin batetik beherako euskaldun zaharrek ―zilegi bekit garai bateko deitura erabiltzea azalpenetan ez luzatzearren― euren hizkuntza-jokabidearen lekuko egiten nautenean, hitz bat etortzen zait burura: desafektua. Euskaldunok ez dira gustura ari euskaraz, ez gazteagoekin, ez zaharragoekin, ez ―bereziki― kideekin, eta gaztelaniara jauzteko gogotsu igartzen ditut. Konturatzerako, gaztelaniaz entzuten ditut, solaskidea euskaraz zuzenduta ere. Ni ez naiz gehiegi harritzen, iruditzen baitzait euskarak ez diela ―ez digula― gauza handirik eskaintzen. Zer eskaini behar lieke, ba? Hiru gauza, behintzat, bai: sinesgarritasuna, erabilgarritasuna eta adierazkortasuna.

Sinesgarritasuna esanda, badakit oso eremu subjektiboan menturatzen naizela, baina uste dut ados samar etor gaitezkeela denok adibide honetan.

nasa«Trena geldi dagoenean sartu». Hala dio Bilboko metroko nasetan. Noiz sartuko gara, ba? Trena martxan dagoenean?

Gaztelaniaz, «rebasar solo con tren parado» dio. Garbi ikusten da zein den arazoa: itzuli behar izatea. Itzuli beharra dagoenean, gaztelaniako (edo beste hizkuntza bateko) diskurtsoak, adierazpen-baliabideek, esamoldeek eta mundu-ikuspegiak harrapatzen gaituzte, eta euskarazko emaitza txurro hotz bat da. Ez dago nork irentsi. Ez da sinesgarria.

Ez al dago alternatiba sinesgarriagorik? Bai, itzulpenetik askatuz gero: «Itxaron marra atzean trena gelditu arte».

Jakina, liburu baten euskarapena ezin daiteke halako askatasunetik plantea. Sinesgarritasunaren arazoa, baina, ez dago liburuetan, baizik ―nagusiki― Euskal Herriko hizkuntza-paisaia osatzen duten idazkun, kartel, seinale, errotulu, iragarki, pankarta, abisu eta abarretan. Nik begiratu ere ez diet egiten. Ez nik, ez jende askok, bai baitakigu gehienetan disfuntzionalak, antikomunikatiboak, akatsez beteak eta euskara kapritxosoan idatziak direla. Sinesgaitzak.

Hizkuntza-profesionalok erronka garrantzitsua dugu arlo honetan, hizkuntza sinesgaitza abandonatu egiten baita. Beste barik. Hortxe dago egungo euskaldunen desafektuaren gakoetako bat.