Hitanoa harridurazkoetan?

Xabier Olarra

Aurreko artikuluan aipatu nuen agian heldua izan zitekeela alokutiboa galderetan ez erabiltzeko debeku zorrotza pixka bat lasaitzeko garaia, eta arauak ematen dituztenek aukeran uztekoa. Edo bestela, tradiziozkoa lehenetsi arren, joera “berria” ere ontzat ematekoa.

Dena dela, orduan esan bezala, Euskaltzaindiak ezer gutxi arautu du hitanoaren erabilerari dagokionez. Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan, bada zerbait arautua:

e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).

Eskuliburu horretan beste debeku batzuk ere aipatzen dira, aurreko artikuluan aipatu nituenak. Baina ez dut uste ezer esaten denik harridurazko perpausei buruz. Dena dela, erabileraren kontua finkatzeko irizpideak ematen saiatu direnetan Ritxi Lizartza da aipagarriena, eta hark egindako lana beste eskuliburu batean bildua zen lehenagotik: Hitanoa. Mintza hadi lagun[1].

Ritxi Lizartzak hainbat debeku aipatzen ditu hitanoaren “muga morfosintaktikoak” atalean. Ia denak oso zentzuzkoak, nire ustez, baina bada “mandamentu” bat, gaur eztabaidagai jarri nahiko nukeena.

Honela dio Muga morfosintaktikoak izenburua duen 7. atalean:

2. Galderazko eta harridurazko perpausetan ezin da erabili.
Itauna ez da sekula izan hitanoaren esparrua. Bide horretatik, badirudi ipar-ekialdeko euskalkietan sekula ez dela galderetan hitanoa erabili.

Eta gero hainbat adibide ematen ditu erabilera “okerraren” lekuko.

Gaur, harridurazko perpausetan erabili ezinari buruzko iruzkin bat edo beste egingo dut artikulu honetan. Honela dio eskuliburuak:

Harridurazkoetan ere ez dago alokutiboa erabiltzerik. Harridura perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (zer dakit nik!) edota harridurazkoen berezko egitura fosilizatuetan (izango ahal gara zoriotsuak!) eutsi egingo diogu debeku horri. Gainera, askotan mendeko perpausen egiturapean daude osaturik.

Eta adibide hauek ematen ditu gero:

Dabilena badabil! (Ba- hori aditzaren baiezkotasuna adierazteko da)
Bazen gauzak ondo ateratzeko garaia!
Eskerrak garaiz samar iritsi nintzen bart!
Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!
Nik ahal dakit ba!
Horixe behar genuen!
Zer izango da luzea, gizona!
Ezagutuko ez dut ba!

(azpimarrak nireak dira)

Ez dut dudarik egiten harridurazko perpausetan alokutiboa erabiltzea debeku dela perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (adizki neutroa erabili behar da, beraz).

Zer ederra den!
Zeinen ederra den!
Zenbat denbora alferrik galtzen dugun!

Baina ez nuke esango gaitzestekoa denik harridurazko berezko esaldi fosilizatuak deitzen dituen batzuetan alokutiboa erabiltzea. Esate baterako, har dezagun hor goiko adibideetatik honako hau:

Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!

Horren parean, niri, eta uste dut ez naizela bakarra, erabat onartzekoak iruditzen zaizkit, esate baterako, beste hauek:

Hau dek, hau dek, hau dek umoria! ♩♩ ♩♩ ♩♫♫♩♩
Hau dek sasoia, hau! Hau den mauka, hau!
Hau dun astapotroa, hau!
Marka duk gero!

Hala ere, eskuliburu benetan gomendagarri horren egileak berak, trapuan pupua jarriz edo, honela dio hasierako zorroztasuna leunduta:

Hala eta guztiz ere, oso eremu zehatzetan erabiltzearen alde egin dugu, ez baita erraza jakitea adierazpen-perpaus arruntaren —baiezkoa /ezezkoa/ zalantzazkoa— eta harridurazkoaren arteko aldea, hizketan ari garenean, intonazioaz eta beste ahozko hizkeraren ezaugarri batzuetaz aparte.

Nire ustez, hor egon daiteke gakoa, hain zuzen ere harridurazko perpausak ez direla denak berdinak, eta horietako batzuk “adierazpen perpaus arruntak” direla, enfasi pixka bat edo asko gehituta: Ederra zegok! Benetan ederra zegon! Mundiala zegoan! Eta kasu horietan, nire ustez, hitanoa erabiltzea (oso arrunta izateaz aparte) zilegi da.

Espero dut, “muga morfosintaktikoak” direla medio, inor ez saiatzea “zuzentzen” goian aipatutako kanta.


[1] Hitanoa. Mintza hadi lagun. Mara-mara taldearen hitzkuntza zerbitzuak, Donostia, 2009.

One Reply to “”

  1. Ados. Herrian hamaika aldiz adituak ditut “hoixe duk, hoixe!”; “behazak horri!” (“hara!”, edo halako zerbait adierazteko); “etzakela erran!” (batzuetan bigarren pertsona, zuzenean, baina beste batzuetan aski inpertsonala).

    Galderetan, Erratzun bildu ipuin batean: “Etxe batian bizi zen familie bat, eta bertxe etxe batian gizon bat bakarrik. Ai zirelarik afaltzen gustora, sorgin bat tximiniain gañetik asi zen erraten auxe: Erorikote nauk, edo ez ote nauk?” (lelo hori, erorikote nauk edo ez ote nauk, dozena erdi bat aldiz)

    Atsegin dut

Utzi iruzkina