Forma eta edukia

Asier Larrinaga Larrazabal

Bilbao aldizkariaren urtarrileko alean, Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariak zioen euskarak une honetan erronka bakarra duela, irautea. Ez noa ni ezetz esatera, baina bai sinetsita nagoela euskarak bizirik jarrai dezan itzulpengintza nahitaezkoa dela, ezin utzizkoa.

Ez nuke nahi nire konbentzimendu hori derrotismoz interpreta ledin, alderantziz baizik. Oso gogobetegarri egiten zait itzulpenen bitartez eguneroko bizitzan zabaltzen zaidan mundua, esaterako ordenagailua edo mugikorra erabiltzen ditudanean. Nire eskerrik bihotzekoenak eman behar dizkiet IKTak euskaraz erabiltzea posible egiten didaten guztiei, batez ere musu truk ari direnei, bai baitakit Firefox, Zotero, LibreOffice eta beste lanabes asko euskaraz jartzea ez dela diruz ordaintzen den zeregina.

Soldatapean egiten diren lanek ere aitorpena merezi dute, ez baitugu gutxiago gozatzen euskarara ekarritako komikiekin, nobelekin, eta serie, film eta marrazki bizidunekin. Beste liburu, kartel, iragarki, buletin eta dena delako asko, gozamen-iturri barik, beharrezko erreferentzia zaizkigu egunerokoan, eta horiek ere euskaraz aurkitzea eskertzekoa da.

Zoritxarrez –orain dator brotxakada beltza–, itzuli beharraren itzuli beharraz, euskararen esentziak hondatuz eta galduz doaz. Horretaz, aurreko bidalketan mintzatu nintzen, baina ez nuen ezer esan arazo horren sorburuaz edo eragileez. Nire ustez, gakoa da itzulpenean zer lehenesten den, forma edo edukia.

Esku artean izaten ditudan testuetan –bat bera ez literarioa–, formari gehiegizko arreta ematen zaiola iruditzen zait. Errazegia litzateke esatea enpresa bateko txosten, memoria, akta eta kontratuetan, ikus-entzunezkoen gidoietan, makinen eta prozesuen eskuliburu teknikoetan eta, oro har, testu pragmatikoetan edukia ipini beharko litzatekeela beste edozeren aurretik itzultzeko orduan. Arazoa da testu horietako askok, ikus-entzunezkoetan behintzat, sormenetik ere badutela. Iragarkiak dira adibide oso ona. Iragarkien itzulpenek buruko min handiak ematen dizkigute, eta, gehienetan, irtenbidea formari desleial izatetik etortzen da.

Lehengoan, irratirako iragarki hau heldu zitzaigun: «Kultur Leioak “Gailurretan izan gaitun, mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak 1924-2024” Nafarroako Euskal Mendizale Federazioak bere mendeurrena ospatzeko antolatutako erakusketa hartzen du», alegia, «Kultur Leioa acoge la exposición “Nos queremos en las cimas, montañeras, alpinistas y escaladoras pioneras 1924-2024” organizada por la Federación Vasco-Navarra de Montaña con motivo de su centenario». Guk forma berri bat eman genion, mamia aldatu barik: «Kultur Leioak erakusketa berri bat dakar: “Gailurretan izan gaitun, mendizale […]». Gure bertsioak ondo funtzionatu zuen irratian.

“Maitearen erretratua egiteko” (Itzulpen desleial bat)

Itziar Otegi Aranburu

Ilobak eman zidan ideia. Edo, hobeto, haren euskara-irakasleak. Sukaldeko mahaian eserita aurkitu nuen behin iloba, etxeko lanak egiten. Poema ezagun bat hartu, eta, haren moldea baliatuz, beste bat sortu behar zuten. Oso interesgarria iruditu zitzaidan prozedura, hizkuntzarekin jolasteko bide emankorra, idazketa-lantegietan erabiltzeko aproposa.

Rodariren Fantasiaren gramatikan hizkuntzarekin jolasteko hainbat prozedura biltzen dira. Adibidez, alegiak kalkatzearena. Alegietatik urrun egon arren, Rodarik Joyceren Ulises jartzen du adibide, nola baliatzen duen Homeroren Odisea bere obra eraikitzeko koordinatu fantastikoen sistema konplexu gisa.

Laburragoan, egunotan irakurtzen ari naizen Gracias por la compañía ipuin-bilduman Lorrie Moore estatubatuar idazleak ezusteko atsegina eman dit, erreferentziakotzat daukadan –eta inoiz blog honetan aipatu izan dudan– Nabokov-en Signs and symbols ipuinarekin jolas egiten duen istorio batekin egin baitut topo ezustean: Referencial.

Beste adibide ezagun bat Joe Brainard-en I remember da, 1970ekoa. Molde horri jarraituz, Georges Pérec-ek Je me souviens ondu zuen 1978an. Gurean, Joseba Sarrionandiak Akordatzen sortu zuen 2004an, bide beretik. 2013an, Elearazi blogean, Danele Sarriugartek Akordatzen naiz (I) eta Garazi Arrulak Akordatzen naiz (II) sarrerak idatzi zituzten. Eta duela gutxi, 2022an, Aritz Galarragak Gogoan dut argitaratu du.

Atzera etxeko sukaldearen eskalara itzulita, Jacques Prévert-en poema bat hartu dut nik abiapuntu: “Pour faire le portrait d’un oiseau”, Paroles liburukoa. Susaren webgunean badaude Préverten zenbait poema, Mayak, Joseba Sarrionandiak, Julen Lekuonak edo Koldo Izagirrek euskaratuak, baina hura ez dut aurkitu, eta, behingoagatik, itzulpengintzan sakratua den jatorrizkoarekiko leialtasun-mandamentua bazter utzi eta aske aritzeko agindua eman diot neure buruari. Jolas honetan, jatorrizkoaren formari lotu natzaio, eta zenbait efektu gordetzen saiatu naiz, egokitzapena –edo ordezkapena– baliatuta; alegia, itzulpenetik guztiz urrundu gabe, nolabait.

Rodariren Gramatikan badago beste prozedura interesgarri bat: Zer gertatuko litzateke baldin eta…? Hortik ere joan liteke kontua. Izan ere, auskalo; Prévertek Artze irakurri izan balu, edo Laboa entzun, edo Istanbuleko txori-gizonak ezagutu, agian holako zerbait idatzi izango zukeen…

Maitearen erretratua egiteko
margotu lehenik ohe bat
goiko izara alde batean tolestuta
gonbidapen isilean
margotu gero
zerbait polita
zerbait soila
zerbait ederra
zerbait erakargarria maitearentzat
jarri hurrena oihala leku egokian
taberna batean
bulego batean
edo zinemarako ilaran
ezkuta zaitez atzean isilik
ezer esan gabe
zirkinik egin gabe
batzuetan maitea azkar azaltzen da
baina litekeena da urteak igarotzea
azaltzera deliberatu aurretik
ez etsi
itxaron
itxaron, behar bada, urte luzez
maitea arin edo astiro iristeak
ez baitu loturarik
margoaren azken emaitzarekin
 
maitea azaltzen denean
azaltzen bada
gorde isiltasun erabatekoa
itxaron ohean sartu arte
eta barruan denean
margotu artez izterrak oheari lotzen dizkion kate bat
eta gero
ezabatu banan-banan katebegi guztiak
kontu eginez maitearen larruazala ez ukitzeaz
margotu ondoren dekoratua
burdina forjatuzko oheburu eta guzti
zure maitearentzat
margotu baita ere zetazko izara berrien usain aratza
larruazal estreinakoz laztanduaren ikara
errai asetuek botatzen duten hasperena
itxaron gero ea maiteak lo hartzen duen
maiteak ez badu lo lasai hartzen
seinale txarra da
margoa txarra den seinale
baina lo hartzen badu seinale ona da
sina dezakezun seinale
orduan, poliki, egiozu maiteari zauri on bat
eta haren odol gorriaz
idatz ezazu zure izena margoaren bazter batean.

Gatazkaz gatazka

Amaia Astobiza Uriarte

Otsailaren 23ko osoko bilkuran, Amorebieta-Etxanoko Udalak (ustez) Palestinaren aldeko eta (ustez) Israelen aurkako adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez.

Hauxe dio testuak, besteak beste:

(…) Heriotzen kopuruak gora egiten du etengabe, eta argi-, ur- eta janari-mozketek zaurgarritasun-egoeran eta muturreko indarkeria-egoeran uzten dute Palestinako herritarren aurka.

Israelen okupazio militarrak Palestinako herritarren lurrak eta etxeak espoliatzen ari den kolonizazioa areagotu besterik ez du egiten geografia eta lurralde osoan, Israelen mesedetan.

(…)

Horregatik guztiagatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak:

1.- Armada sionistak gogor arbuiatzen du lurralde palestinarrean egindako eraso eta eraso bakoitza, eta Israeli eskatzen diogu berehala utz ditzala bertan behera Gazako zerrendako bonbardaketak eta Zisjordaniako eta Ekialdeko Jerusalemgo atxiloketa administratiboak, ausazko tiroketak, etxeratze-ukituak eta errepide-mozketak.

4.- Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari eskatzen die beren esku dauden mekanismo guztiak aktiba ditzatela, eskualdean gatazka areagotu ez dadin eta bizitza errugabe gehiago gal ez daitezen, eskualdeko bakearen, segurtasunaren eta egonkortasunaren aldeko konpromiso irmoan. Era berean, Israeli gerra-materiala saltzeari berehala utzi zitzaion, eta Kanpo Arazoetako Ministerioak erabateko inplikazioa izan zuen espainiarrak eta asilo-eskatzaileak Gazako zerrendatik ateratzeko.

Jakina, agerikoa da zer gertatu den: jatorrizko testua gaztelaniaz idatzi zuten, ez guztiz egoki eta zuzen, eta norbaitek itzultzaile automatiko baten bidez itzuli zuen (ez nekatu: Itzuli da, baina beste edozein izan zitekeen; jatorrizko testua orraztuz gero, emaitza txukunagoa emango zuketen denek; eta, edozelan ere, ondotxo dakigu zer egin behar den automatikoki itzuli ondoren). Gero, inork behin ere irakurri gabe, webgunera iritsi zen, eta halaxe zabaldu zuten, bai sare sozialetan, bai bestelako tokietan. Eta hantxe dago oraindik, osorik irakurri nahi duenarentzat.

Baina, ageriko horretaz gain, ekar dezagun informazio apur bat gehiago.

Osoko bilkuran, alderdi guztiek adostutako testua irakurri zuen [5:40tik aurrera] Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, gaztelaniaz (irakurtzen hasi aurretik azaldu zuenez, udaletxeko batzar-aretoan edo pantailaren bestaldean adierazpena entzuten egon litezkeen palestinarrek ere uler zezaten egin zuen erdaraz; zinegotziak harreman estua du Palestinarekin, eta bazekien bere lagun eta senide palestinar batzuk adi egongo zirela).

Biharamunean, larunbatarekin, adierazpena webgunean jarri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz. Nik hurrengo asteartean izan nuen horren berri, otsailaren 27ko arratsaldean. Udalaren albisteei begira ari nintzela, «Gatazka Gazako zerrendan» titularra ikusi nuen, eta gogoz sartu nintzen testua irakurtzera.

Sutan jarri nintzen. Ez da edozein testu, ez du edozer esaten. Sare sozialetan salatu nuen, eta, gauerako, herriko alkateak, EAJkoa bera, bazuen zabarkeriaren berri. Beraz, ziurtzat jo nuen hurrengo goizean arazoa konponduko zutela. Ez ba. Hantxe jarraitzen zuela ikusita, EH Bilduko zinegotzi bati ohartarazi nion: «Jakin daiteke zer demontre onartu duzuen osoko bilkuran?». Ez nion horrela esan, baina horixe ulertu zuen berak, arrazoiz. Ate batzuk jo zituzten udaletxean, eta bazirudien nahastea laster argitu eta konponduko zela.

Ez, baina. Gaur ere, 2024ko martxoaren 22an, Amorebieta-Etxanoko Udalak, alderdi guztien onespenarekin, adierazten du armada sionistak gogor arbuiatzen duela lurralde palestinarrean egindako eraso bakoitza eta Israeli gerra-materiala saltzeari berehala utzi zitzaiola.

Nik behin eta berriro salatu dut sare sozialetan, baita Udalaren webgunearen bidez ere, eta Euskararen Behatokiari ere jakinarazi diot, egin beharrekoak egin ditzan. Baina testuak hor jarraitzen du, eta badirudi ez diola inori ardura. Ez alkateari, ez alderdiei, ez herritarrei.

Euskararen ez-kontrako legeak bete ezean, zeri eman behar diogu su?

Gaur arratsaldean, Korrikak Zornotzako kaleak hartuko ditu. Harro, herri herren?

Zeharkakoa

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Joannes Jauregik eta Santi Leonék duela gutxi plaza honetan bertan idatziriko ekarpenak ditu abiapuntu gaurko honek. Zeharbidezko itzulpena izan zuten mintzagai bi-biek, abian duen liburu baten kasuan lehenak, eta amaitu berria duen lan baten kasuan bigarrenak. Itzulpen prozesuaren nondik norakoak deskribatu dizkigute biek ere, bai eta Amaia Apalauzak lehenengoari eginiko iruzkinean zein Karlos Zabalak eta Monika Etxebarriak Senez aldizkarian idatziriko artikuluetan ere. Hausnarketa aski interesgarriak topa litezke guztietan ere: jatorrizkoa baliatu ezean itzulpenerako zer zubi testu baliatu, zein ordenatan, zerekin edo norekin kontrastatu, eta abar. Planifikazio lan handia eskatzen du itzulpen molde honek, Joannesek bere ekarpenean aipatu moduan.

Itzultzaileok lehen eskuko esperientziari buruz mintzatu zaizkigu; nik, aldiz, zeharbidezko itzulpenari buruzko datu batzuk ekarri nahi izan ditut. 1980-2023 bitarteko itzulpenen azterketa egiten aritu naiz berriki, NorDaNor datu-basean bildutako informazioa oinarri hartuta, eta zeharbidezko itzulpenari dagozkionak aipatuko ditut jarraian. Euskaratutako literatur itzulpenetan, 7.011 itzulpenetatik 80tan besterik ez da zehazten zubi hizkuntza bat edo batzuk erabili izana, itzulpen guztien % 1,14tan alegia; aldiz, euskaratik erdaratutako literatur lanen artean, itzuli diren 1.545 liburuetatik 225 liburutan zehazten da zeharbidez itzuli izana, hau da, itzulpenen % 14,56tan. Datuotatik atera dezakegun ondorioa da aitortutako zeharkako itzulpenak nabarmen gehiago direla euskaratiko itzulpenetan, nahiz eta bi norabideetan datuak apalak izan. Baliatutako zubi hizkuntza kopurua, berriz, zabalagoa da euskararako norabidean: gaztelania 47 kasutan baliatu da eta ingelesa 19tan, frantsesa bitan, eta katalana eta errusiera behin. Horietaz gain, bi edo hiru zubi hizkuntza beste 10 kasutan baliatu dira. Erdaretarako norabidean, aldiz, gaztelania dugu zubi hizkuntza nagusi (216) eta bakanak dira ingelesetik (6) eta frantsesetik (1) eginiko itzulpenak. Horietaz gain, kasu bakarra topatu dugu hiru hizkuntza baliatu dituena (frantsesa, ingelesa eta gaztelania). Publiko motari erreparatuta ere alderik nabari daiteke: euskararako itzulpenetan proportzioan gehiago itzuli dira zeharbidez haur eta gazteentzako liburuak; kontrara, helduentzako liburu gehiago topa litezke euskaratik eginiko itzulpenetan. Azken datu hori ondo neurtzeko, baina, datu orokorrei begiratzea dagokigu. Izan ere, euskararako norabidean gehiago dira haur eta gazteei zuzenduriko liburuak oro har eta euskaratik erdaretarako itzulpenean, aldiz, helduei zuzenduriko liburuak.

Datuak datu, nabarmentzekoa da euskal literaturak erakusten duen irekitasuna zeharbidezko itzulpenak sortzeko. Joannesek zioen moduan, mesfidantzaz ikusten dira sarritan bigarren eskuko itzulpenak, saihestu beharreko jardunbidetzat jotzen da zeharbidezko itzulpena, betiere zuzenean itzultzeko aukerarik badago, hots, jatorrizko hizkuntzatik itzultzeko gai den itzultzaileren bat. Euskal literaturaren eremuan, dena den, badirudi, onargarritzat jotzen dela. Euskara xede duten itzulpenen kasuan, Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen-lehiaketako oinarriek esaten dute jatorrizkoa baliatzen ez bada bi zubi hizkuntza erabili beharko direla. Jokin Zaitegi lehiaketaren oinarrietan ere zehaztu izan da halako irizpiderik. Lehiaketek ez ezik, itzulpen sariek ere ez dute espresuki baztertzen zeharbidezko itzulpena. Zeharbidez itzuliriko libururik topa liteke, esaterako, Euskadi Literatur saria irabazi dutenen artean, gorago aipaturiko Karlos Zabala, konparazio batera, Zubi bat Drinaren gainean liburuagatik. Kontrako norabideari dagokionez, Etxepare Euskal Institutuak diruz laguntzen dituen itzulpenen artean badira euskaratik zuzenean itzuli ez diren liburu zenbait. Horietaz gain, Etxepare-Laboral Saria zeharbidez eginiko bi itzulpenek irabazi dute orain artean: Behi euskaldun baten memoriak liburuaren ukrainerarako itzulpenak, Yaroslav Gúbarevek itzulia eta Anetta Antonenko argitaletxeak argitaratua, eta Amek ez dute eleberriaren nederlanderarako itzulpenak, Mariolein Sabartek itzulia eta Zirimiri Pressek argitaratua.

Gorago aipatu ditudan datuek, dena den, ez dute zeharbidezko jarduera bere osotasunean islatzen. Izan ere, sarritan ez da itzulpenerako erabili den testuaren berri ematen liburuetan. Hortaz, zail da neurtzen zeharbidezko itzulpenaren lekua itzulpen trukeetan. Ezin zehatz esan zenbateraino aitortzen den. Ikusgarritasun arazoak ditu, hortaz, zeharbidezko itzulpenak, eta, hain zuzen ere, saihesteko moduko jarduntzat dugun heinean, ezkutatzeko joera erakusten du horrek.

Auzi legalei ere erreparatu beharko litzaieke zeharbidezko itzulpenaz aritzean. Liburuen kredituetan liburu hori itzultzeko erosi diren eskubideak dituen bertsioak agertu beharko luke. Bat etortzen al dira, zeharbidezko itzulpenetan, itzultzaileak baliaturiko bertsioa eta eskubideena? Eta iturri bat baino gehiago erabiltzea aitor liteke eskubideak testu bakarrari badagozkio? Ardura legalei eta egiletza eskubideei dagokienez, ez da beti erraza izango testu bakoitzaren erabilera maila zehazki islatzea.

Itzultzaileen ahotsetik edo eskutik ezagutzen dugu sarritan zeharbidezko itzulpenaren berri; goian aipaturiko adibideak ditugu horren lekuko. Harribitxiak dira, itzultzaileen jardunbidearen nondik norakoak xeheki ezagutzeko eta zubi hizkuntzen erabilerari buruzko inplikazioei buruz hausnartzeko ez ezik, zeharbidezko itzulpenak euskal itzulpengintzaren eremuan duen lekua zenbatekoa den ezagutzeko ere.

Ahozko hizkuntzaren lanketa erdigunera

Amaia Lersundi Pérez

Azken asteetan, herrialde desberdinetan, hainbat eskola eta unibertsitate bisitatzeko aukera izan dut. Duela egun gutxi iritsi naiz Belgikatik eta onartu behar dut inbidiaz josita bueltatu naizela. Bertan entzule bezala egon naiz bigarren hezkuntzako irakasle izateko ikasketetako saioetan, ikusi dut nola egiten duten lan, eta ikasle batzuk elkarrizketatzeko plazera ere izan dut. Egia esan, harrituta geratu naiz ikasleek klasean duten jarrerarekin eta parte-hartze aktiboarekin. Ikasle gehienek ekarpenak egiten dituzte, inor epaitu gabe, eta elkarri lagunduz askotan. Ikasleei nabaritzen zaie ohituta daudela jende aurrean hitz egitera, ondo hitz egitera gainera, eta hori urteetan ahozko hizkuntzaren lanketa eginez lortzen da.

Gelan parte hartzeko eta ibilbide akademikoa arrakastaz egiteko lagungarria izateaz gain, ahozko komunikazio-gaitasuna garatzeak onura ugari dakartza, bai eremu pertsonalean eta baita profesionalean ere. Izan ere, interakzio sozial eta profesional gehienek komunikazio eraginkorra eskatzen dute. Garrantzitsua da argitzea ahozko komunikazio-gaitasuna ondo hitz egiteaz harago doala, eta aktiboki entzutea, hizkuntza ez berbala erabiltzea eta interpretatzea, besteak ulertzea eta mezua eta hizkuntza testuinguruaren eta hartzailearen arabera egokitzea ere badela.

Gizarteak aurrera egin dezan, komunikatzaile onak behar ditugu. Politikariek eta saltzaileek ondo komunikatu behar dute, baina baita irakasleek, medikuek, gurasoek, lagunek… Tamalez, tradizionalki, bai eskolan eta bai unibertsitatean, arreta idatzizko hizkuntzan jarri izan da, eta alde batera utzi da ahozkoaren lanketa. Eta, ausartu egingo naiz esatera, hori akats larria da. Ahozko hizkuntza garatzeak ikasleen errendimendu akademikoa nabarmen hobetu dezake, ikasleek beren ezagutzak eta ulermena komunikatzeko estrategiak garatzen dituzte eta. Baina trebetasun horiek menderatzeak praktika eta lanketa sistematikoa eskatzen ditu. Izan ere, taldeko presioak, lotsak, besteen epaiketek eta gizarte-antsietateak oztopatu dezakete modu asertiboan adierazteko gaitasuna.

Hortaz, gelan ahozkoa lehenetsi eta testuinguru seguruak sortu behar dira ikasleak eroso sentitu daitezen galderak egiteko, erantzuteko, elkarri laguntzeko, eztabaidetan parte hartzeko eta feedback konstruktiboa emateko zein jasotzeko. Horrek berekin dakar ikasgelan ahozko hizkuntza sustatzen duten jarduera eta proiektu gehiago inplementatzea, eztabaidarako aukerak areagotzea, eta idatzizkoaz gain ahozko hizkuntza ere ebaluatzea. Hau da, testuinguru pertsonal eta profesional anitzetan modu egokian komunikatzeko behar diren trebetasunak garatzeko aukerak eskaintzea; eta noski, hori guztia nola egiten den esplizituki lantzea.

Amaitzeko, Paul J. Meyer-rek gizakien arteko lotura gisa definitzen du komunikazioa. Eta arrazoirik ez zaio falta. Modu eraginkorrean komunikatzen jakiteak laguntzen du, besteak beste, pertsonen arteko harreman osasuntsuak eraikitzen, gatazkak konpontzen, eta emozioak kudeatzen eta partekatzen. Hain zuzen ere, gaur egun, beste gaitasun eta jakintza guztien gainetik, munduan behar duguna.

Gauez euripean gidatzeaz (eta bi boutade txiki)

Santi Leoné

Arrunt interesgarria iduritu zitzaidan Joannes Jauregik duela egun batzuk blog honetan idatzi zuen sarrera, eta eskertuko nukeen lehenago idatzi izan balu, zeren zubi hizkuntzen bidezko itzulpen baten hondarreko esaldia euskaratu eta hamar minutura edo irakurri bainuen. Testu bat itzultzea gidatzea bezala bada –erran nahi baita, ezker-eskuin bidea zedarritzen duten marra jakin batzuk gainditu gabetanik zehatz eta doi egin beharreko ariketa bat–, iduritzen zait orduan gauez gidatzea bezala dela zubi-hizkuntzak erabiliz egiten den itzulpena: lurreko marrak ez dira kasik ageri, eta, maiz, ikusi baino gehiago, egiten dugu susmatu errepidea hor nonbait dagoela.

Ados nago Jauregiren lehen boutadearekin: zeharbidezko itzulpenak planifikazio handiagoa eskatzen du. Ados nago orain, alegia. Eta horregatik eskertuko nukeen artikulua lehenago irakurtzeko aukera izan banu. Ez dut planifikatzeko asti handirik izan, nolanahi ere, zeren, kontu batzuk tarteko, aski epe estua izan baitut itzulpena egiteko. Hasmentan espainolezko itzulpena hartuta, goizkara atera zitzaizkidan bidera lehendabiziko bandera gorriak, hala nola Manes –hots, Manak, erromatarren hilen arimak– eta manos –hots, eskuak– nahasi izana, eta, astiro-astiro, katalanezko itzulpenera lerratuz joan nintzen; aitzinera egin ahala, ordea, alemanezko itzulpenak hartu die gaina gainerakoei. Espainolezko itzulpena –baita, zenbaitetan, katalanezkoa ere– bigarren planoa uztera bulkatu ninduten arrazoiek Jauregiren bigarren boutadera naramate: itzultzaileak fidatzeko jendea dira oro har.

Horrekin ere, lehendabizikoarekin bezala, ados nago, baina salbuespen bat gehituko nioke: itzultzaileak fidatzeko jendea dira, fidatzekoak ez direlarik izan ezik. Izan ere, Frantziako Vosge mendiei –pluralean– sistematikoki Vogers edo Vosgo mendia –singularrean– deitzen dienak halako ezinegon puntu bat sortzen baitit. Gogora ekartzen dit Idoia Torregaraik Mikroipuinak liburuan bildu dituen txio horietarik bat: ni perfekizonista naiz. Xehetasunetan arretarik paratzen ez duenak neketan paratuko du lan orokorrean. Galdera da kontrakoa ere egia ote den.

Julen Gabiria izan dugu berriki Iruñeko Hizkuntza Eskolan Palestina komikiaren itzulpenaren kariaz. Berea egin ahala bertze itzulpen batzuetan harrapatu zuen hanka-sartzeren edo itsuskeriaren bat komentatu zigun, eta nabarmendu zigun zer-nolako poz maltzurra ematen duten horrelako aurkikuntzek. Nik ere horrelakoren bat harrapatu dut nire zeharbidezko itzulpena egin ahala, baina zalantza izan dut: Vosge mendiak –ez Vogers, ez Vosgo mendia– egoki itzultzeak bermatzen du itzulpen osoaren kalitatea? Edo poz maltzur horiek itzultzaileak bere buruari ematen dizkion goxokiak dira, ongi ari delako segurtasuna bilatu nahian?

Esku artean izan dudan liburua euskaratu bitartean, itzultzaile saritu batek euskarara ekarritako lan bat irakurri dut. Arrunt esperientzia gogorra izan da. Estilo gogorra, labirinto itxurako esaldi akaberarik gabeak –galdu nintzen behin baino gehiagotan, aterabidea ezin kausituz–, ulertzen ez nituen erlatibazioak… Liburua uztekotan egon nintzen; utziko nukeen, baldin eta ikasleekin komentatzeko hautatu izan ez banu –bidezkoa izateko, aipatu behar dut liburuaz galdegin nien inguruko irakurle gehienek gustura irakurri zutela liburua, eta bat baizik ez zela nire iritzi berekoa; nirekin ados zegoen hori, dena den, itzultzaile profesionala zen, eta badakigu itzultzaileak fidatzekoak direla–. Nire kritika hipergogorra egin bidenabarkoan, ohartu nintzen naski itzultzaile –nire ustez– trakets horrek pentsatuko zuela ongi egina zela bere itzulpena. Horrek, bistan dena, ikaragarri izutu ninduen, agian ni ere ikaragarri gaizki ari nintzen –balizko irakurleak liburua uzteko gogoa sortzeraino– hainbatean ari nintzen uste banuen ere…

Itzulpenaren hondarreko fasean nintzela, itzultzaile batzuekin –itzultzaile on batzuekin, erran nahi baita– suertatu nintzen beka bat emateko epaimahai batean. Haien profesionaltasun eta zorroztasuna ikusita, inpostorearen sindromeak joa bueltatu nintzen etxera.

Izan dudan esperientzia aintzat hartuta, bi boutade txiki botako nituzke. Bat: itzuli bitartean, batez ere zubi hizkuntzen bidezko itzulpena bada eta zure segurtasun falta areagotu nahi ez baduzu, ez zaitez poztu bertze itzultzaileekin hanka sartze txikiekin –zuk ere eginen dituzula pentsatuko baituzu–, ez ezazu itzulpen txarrik irakurri –zurea ere txarra dela pentsatuko baituzu–, ez zaitez itzultzaile onekin elkartu –zeure burua haien aldean paratuta, deprimituko baitzara. Bi: pentsatu egiten ari zaren itzulpen hori egitea gauez euripean parabris garbigailuak hautsiak dituzula gidatzea bezala, eta aunitzetan sena dela duzun ia tresna bakarra.

(Baz)kidetzea, bakardadearen kontrako antidotoa

Claudia Torralba Rubinos

«Gizakia animalia soziala da, eta pertenentziazko sentimendu bat izan beharra du. Askotan irudikatzen dugu gizartetik kanpo bizi ahal garela, baina ez da erreala. Gizarte batean ondo bizitzeko, talde baten parte garela sentitu behar dugu». Halaxe jaso zituen Itsaso Jauregik Maider Query Avaristo antropologoaren hitzak, eta inoiz baino zentzu handiagoa hartzen ari natzaie azkenaldian. Izan ere, talde baten parte sentitzeak –edo ez sentitzeak– pertsonalki eta profesionalki eragiten digu.

Euskara ardatz duen talde baten parte gara blog honen bueltan biltzen garen guztiok, eta pozik irakurtzen ditugu gure taldekideen hausnarketak, gogoetak eta ekarpenak. Batzuk gertuago sentitzen ditugu, beste batzuk urrunago, baina jakin badakigu denok partekatzen dugun errealitatearen aurpegi edo ertz ezberdinen islak direla blog honetara ekartzen ditugunak.

Profesionalki, itzulpengintzaren eta interpretazioaren sektorean aritzen naiz ni, eta ondo gogoratzen dut zein polita zen Gasteizen, Letren Fakultatean, lagunekin eskoletara eta eskola ondokoetara joatea. “Itzulpengintzakoak” izatea. Baina denborak aurrera egiten du, eta bagenekien hori ere bukatuko zela. Ondo gogoratzen dut, halaber, garai hartako “eta gero zer?” galdera, buruan bueltaka. Gero, lanera. Bakoitzak bere bidea egitera.

Itzulpengintza lanbide bakartia dela esaten da askotan, eta hori arriskutsua izan daiteke. Izan ere, Josu Zabaletak ondo azaldu zuen bezala «[…] behatza teklaren gainean jartzen denean, bakarrik aurkitzen da bat beti». Eta begirada pantailatik aldendu eta inguruan inor ez badago, are gehiago. Hori da, bada, norberaren kontura aritzen diren itzultzaile askoren eta askoren errealitatea: bakarrik egoten dira ordu luzez, fisikoki eta mentalki. Interpreteek ere maiz egin behar izaten dute lan bakarrik. Are gehiago, pandemiaz geroztik, gero eta ohikoagoak dira etxetik (edo lantokitik) mugitu gabe eta lankiderik gabe egiteko lanak.

Baina, hala ere, ezagutzen ditudan euskal itzultzaile eta interprete gehienak ez dira bakarrik sentitzen. Eta ez dira bakarrik sentitzen, hain zuzen, lanbide berean aritzen diren ezagun, kide eta lagunen sare bat daukatelako. Esango nuke, dena den, sare horrek laguntza eta babes profesionala ez ezik, laguntza eta babes emozionala ere ematen duela. Pozak, penak, beldurrak eta ziurgabetasunak partekatzeko aukera. Nire sare pertsonal/profesionalean “itzulpengintzakoak” taldeko batzuk daude, baina baita gerora ezagutu ditudan beste profesional eta lagun asko ere. Han eta hemen aurkitu ditut, bidean, egoera eta une ezberdinetan.

Sektore honetan sartu nahi dutenek edo hasiberriak direnek aholku bat onartzen badidate, “eta gero zer?” galderari eman dakiokeen erantzun errealistenetako bat da “(baz)kidetzea”. Kideak behar ditugu lanbidearen itxurazko (eta ez hain itxurazko) bakardadeari aurre egiteko. Talde baten parte sentitzeko. “Itzulpengintzakoak” izateari utzi eta “itzultzaileak” izateko. Edo “interpreteak”, edo “zuzentzaileak”, edo “ikus-entzunezkoetako itzultzaileak”, edo “konferentzietako interpreteak” edo “literatur zuzentzaileak”.

Elkarteek aukera ematen dute lanbide bereko kideekin lanak, kezkak eta buruhausteak partekatzeko. Elkarren berri izateko. Prestakuntza jasotzeko. Kontsultak egiteko. Lanbidearen kontrako erasoak daudenean, erantzunak modu bateratuan emateko. Laguntza jaso eta emateko. Besteen esperientzietatik ikasteko. Zalantzak argitzeko. Lan-eskaintzak aurkitzeko.

Ez da ezinbestekoa elkarte bateko kidea izatea lankideen sare bat osatzeko. Baina oso lagungarria da, eta ate asko irekitzen ditu. Hasieran, batez ere, zaila izan daiteke lehenengo enkarguak lortzea, tarifak ezagutzea, faktura-ereduak eskuratzea, fakturazio elektronikoa nola egin behar den ulertzea, eskarmentu handiagoko itzultzaile eta interpreteekin harremanetan jartzea… Eta gero, lan-merkatuan egonkortzea, merkaturatzen diren tresnak ezagutzea, prestakuntza eta lana uztartzea, beste hizkuntza-konbinazio batzuetan aritzen diren lankideak ezagutzea…

Horretan eta beste gauza askotan laguntzen dute elkarteek, baina, batez ere, esango nuke bakardadearen aurkako antidoto ere badirela.

Tolestu ditzagun liburuak!

Itziar Luri Ekiza

90eko hamarkadan Iruñeko institutu batean ikasten hasi eta ordura arte nire ametsik zoroenean ere tokirik ez zuen mundu berria ezagutu nuen. Ikastetxearen pasillo luzeetan ibiltzea oihana zeharkatzea bezalakoa zen, ordura arte ikastolan goxo-goxo egon ondoren bat-batean gu baino zaharragoak ziren gazte handi, arraro eta, batez ere, erdaldun kopuru ikaragarriaren artean ibiltzea muturreko esperientzia iruditzen zitzaigun. Edonola ere, behin ikasgelan sartuta oasi txiki batean sentitzen ginen, irakasleek goxoago hitz egiten ziguten, lagunen izenak ezagutzen genituen… etxean bezala geunden.

Lehen urte horretan natur zientzietako irakasle gazte bat etorri zen bere lehen klaseak gure institutuan ematera. Onartu beharra dut natur zientziak ez nituela sobera maite eta irakaslea hizketan hasten zenean nire pentsamenduak gai atseginagoetara hegan joaten zirela, maiz. Halako batean, irakasle hura plaken tektonikaren teoria azaltzen hasi zen, gelako bi liburu hartu eta eskuez bihurritu eta tolestu zituen liburu bakoitza plaka bat bailitzan. Irakaslea liburuak birrintzen ikustean harritu eta asaldatu egin ginen, eta ordutik, gure hamalau urtetako nerabekeriarekin, irakasle hori txiste eta antzeratzeen jomuga bilakatu zen. Barregarria iruditzen zitzaigun bi liburu erabilita honelako azalpen zientifikoak ematea.

Bada, 20 urte geroago gure semea ondoko auzoko institutuan ikasten hasi da eta gozagarria da bere begiez ikustea nola gauza batzuk ez diren batere aldatu. Formolean gordeak daude institutu garaiko lagunen arteko broma eta txisteak, irakasleei jarritako ezizenak, batzuk maitasunez eta beste batzuk nerabezaroko gaiztakeriaz, adin horretan edozein txikikeria handi egiteko joera…

Ta zer ez da berdin?, Hertzainak-ek galde egiten zuen moduan… Bada erabat desberdina den gauza bat. Gure semearen irakasleek ez dituzte jada liburuak tolesten; sarean topatutako material berri eta erakargarriak jartzen dizkiete historia, fisika edo teknologia bezalako ikasgaietan. YouTubeko bideo zein film horiek guztiak ikaragarriak dira, bai, soinu efektuak, emotikonoak, irudi ikusgarriak… eta, gainera, gaztelera jatorrean! Gure koadrilan oraindik gogoratzen dugu plaken tektonikaren azalpena, eta, noizean behin, afariren batean edo, bada txiste hori gogora ekartzen duen lagunen bat. Gure semeek, aldiz, longitud, volumen, mecanismos, visigodos eta imperio romanoa oroituko dituzte. Paula Kasares soziolinguistari entzun nion aurrekoan: “Zein inozoak izan ginen (aurreko belaunaldiez ari zen) pentsatuta eskolan euskaraz ikasita aski izanen zela hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko”. Bai, inozoak izan ginen, baina ez gaitezen gaur egun ere inozoak izan pentsatuz D ereduko murgiltzea apetaren fruitua dela (hori ere aurrekoan entzun nuen, esalearen izena aipatu nahi ez badut ere). Ikasleek eskolan ematen duten denbora akaso ez da euskaldun hazteko nahikoa, baina, zalantzarik gabe, geroko hiztun horiek hizkuntzaren ezagutzan trebatzeko ezinbesteko tresna da. Nire kasuan behintzat hala izan zen. Murgiltzerik gabe, nola hezi ume euskaldunak? Bada, toles ditzagun liburuak, eta hiztunek eta liburuek eskertuko digute, bai, liburuek ere bai, norbaitek erabiltzen dituen seinale izanen baita.

Bidaiatxo lexikografikoa Benita Gorostizurenean

Elixabete Perez Gaztelu

Ezagutu berri dudan Benita Gorostizu Imazek eta utzi duen altxor idatziak merezi duten arreta bidegabe murriztera noa (sarrera hau luzeegia izanik ere), baina blog honetako gaietara egokitzen saiatuko naiz eta batik bat hizkuntza kontu bat ekarriko dut. Zehatz esan, Gorostizuren lexikoian bidaiatxo bat egingo dut, tresna lexikografikoak lagun ditudala, harrigarria gertatu/gertatzen baitzait «beheko koartoan» eskuz idazten zuen hamabi seme-alabaren ama emakume baserritar honek emana. Emanaren tamainaz hobeki ohartzeko, aurretiaz Benita Gorostizu Imaz kokatuko dut.

Gipuzkoako Goierriko Altzagako Sarasola baserrian sortu (1915-2-12) eta hil zen (1981-9-1). Ez zitzaion oso biziera erraza egokitu: 16 urte zituela umezurztu zen, sei senide gazteago etxean zituela. Urtebete geroago (1932) Antonio Garmendia itsasondoarrarekin ezkondu zen. Benita eta bi seme etxean utzita, 1936ko gerratera joan behar izan zuen senarrak eta eri itzuli zen, bizi osorako eri, eta Benitak eta seme-alabek bizimodua aurrera atera behar izan zuten barazkiak, hurrak, etxean egiten zuten gurina… azokan saltzen.

«Baserri eskola» izendatzen duen herri txikiko eskolan ibili zen 12 urte bete arte, eta bertan gaztelaniaz ikasi zuen. 1971n, 56 urte zituela, euskarazko aldizkari batera, Zeruko Argia. Illeroko aldizkingi edergarridunera, «Emakumea dala-ta» iritzi artikulua, euskaraz idatzia, bidali zuen, «Goierriko emakume batek» sinatua. 1971ko ekainaren 6an argitaratu zuen Zeruko Argiak, 431. aleko 3. orrialdean. Honela dio Gorostizuk sarreran:

Etxekoa, etxeari lotua, beti gatibu dago gizonezkoaz konparatuta. Horregatik, ongi deritzat hemen jartzea, emakumearen bi­zitza nolakoa izan den; eta guzia doa nik nere senitarte, herriko eta inguruetan ikusi eta entzun eta ezagutu ditudanaz, gutxi gorabehera (SAGI, 208. or.).

Eta honela aurreraxeago:

Ikastolara ere pozik joango litzateke gure neskatxoa. Inoiz bidali izan dute baina ba­dakizue zer erantzun dioten: «Horrek, meza-liburua irakurtzen ikastea, aski du. Zer­tarako emakumeak eskola gehiago?» (SABGI, 209. or.).

Eusko Jaurlaritzak BERDINTZEN bilduman argitaratu berri du Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz «emakumeak lurralde ilunetik» irteten (SABGI) ikerlana. Ikertzaile-editoreon azterlana eta Benita Gorostizuren eskuizkribuak —eta aipatu artikulu argitaratua— biltzen ditu: hiru iritzi-testu, bi gutun, bertso sail bat eta elkarrizketa generoko solas luze bat (140 orrialdekoa).

Helburu pedagogikoa duen elkarrizketa klasikoa da —Duvoisinen Laborantzako liburua edo bi aita semeren so­lasak laborantzaren gaineanen ildokoa—. Ikertzaile-editoreok Amona-bilobak kontu-kontari: hiru aldeko ikasbidea izena eman diogu. Amonak 8 urteko bilobari ikastearen esperientziaren berri azaltzen dio autuan zehar, hiru iturburuko ezaupideen baturaren garrantzia erakusten diola: eskolan jorratutakoa, bere begi-belarriez errealitateari begira ikasten duena, eta zaharragoen ahotik jasotzen duena. Gorostizurentzat emakumeak «lurralde ilunetik» irteteko baitezpadako tresna da ikastea. Bere idazlanen bitartez horixe erakusten du, eta gu ere abiarazi gaitu (hiztegietan topatu ez dugun) ikasbidaian.

Ekin diezaiogun, bada, Gorostizuren lexikoiko bidaia lexikografikoari.

Galderagile, arotzola (tailerra). Ez ditugu topatu eskuztatu ditugun hiztegietan. Galderagile gardena da; ez dio Gorostizuk argibiderik erantsi. Bigarrenari, berriz, informazio lexikoa alboratu dio. Geroago mintzatuko gara baliabide honezaz:

Eta, amona, arotzola edo tailerrik ez al zen izaten haiei eginarazteko? (SABGI, 160. or.)

Ixilkari izena darabil ezkutuko gauza adierazteko. OEHk hitza jasotzen du, baina pertsona adierazteko. Gorostizuren ixilkari OEHko ixilkairen baliokidea da.

baina euren artean gordetzen omen zuten ixilkaria, alegia, noiz egiten zituzten gari eta beste haziak ez omen zioten inori agertu nahi izaten (SABGI, 98. or.).

Egunkari (kalendarioa, egutegia). Ez dugu topatu adiera honetako egunkaririk.

begiratu nuen hor daukagun egunkari edo kalendario horretan eta justu zeuden lau igande eguberri aurretik (SABG, 118. or.).

Erabilera handiko hitza da egunkaria euskal testuetan: Egungo testuen corpusak (ETC) 77.970 agerraldi jasotzen ditu. Lexikoaren behatokiaren corpusak (LBC) ere 21.322 agerraldi ditu. Kopuru handi hori, hala ere, hitzaren formari —lema horretako formei— dagokio.

Hizkuntzen arteko corpusean (HAC) egunkari hitza 125 liburutan eta 1.403 adibidetan dago. Egutegi + calendario itzulkideak batean 22 liburutan, 34 adibidetan daude, eta egunkari + calendarioren adibiderik ez dago bat ere.

Alegia, Larramendiren egunariren gertukoagoa da Gorostizuren egunkari denboraren poderioz erabat nagusitu den egutegi «neologismo»arena baino.

Esankai, esangai. Ipuina, istorioa, esaera adierazteko darabil Gorostizuk esankai.

—Ene, ene, amona, hori da adarra poliki jotzea, gizon bizkorra izango zen inondik ere.
—Bai, inolaz ere, hala dirudi esankai edo ipui (edo ez dakit nola deitu baino) horrek (SABGI, 100. or.).

Esangai[1], berriz, bi adiera horietarako ez ezik, ‘esanahia’ adierazteko ere badarabil. Azken adiera hau ere ez dago hiztegietan jasoa. Hona pasarte berean (SABGI, 173. or.) bi adieren erakusgarri bana:

—Hara eta, badauka gainera bere esangai [‘esaera’] kutsua horrek, e, amona? Ene! mutilak! ba­zutela horrelako gaiak konpontzeko edo antolatzeko, dohain berezia batzuen batzuek.
—Bai horixe, badira hamaika hala moduzko, edo antzeko.
—Eta… bestea zera, dirua patrikaran hartzeko hori, amona?
—Hori ere aurki ulertuko duzu ze esangai [‘esanahi’] daraman edo ze adierazi nahi duen. Esaera hau da kukuarena:
      Kukua etorri, gosea etorri.
      Kukua joan, gosea joan.

Zuzementu ere ez dut inon topatu. Konponketa edo adierazi nahi du testuinguru honetan:

Baina gizona, gizona, noiz hartu behar duzu ordubeteko astia bederen etxeko gauzak zuzentzeko? Uraren txorro edo kanil hori hor dago jarioarekin aspalditxoan eta orain berriz kristala puskatuta… hor zabiltza kale guziko etxekoandreei zuzementuak egiten, eta etxean hola egon behar (SABGI, 121. or.).

OEHk zuzemen jasotzen du, baina diligencia, preparativo, medida eta “Aderezo” Lar. adierak dituela.

Litekeena da zuzementua zuzendu (‘konpondu’) aditzetik eratorritako izena izatea.

Egurasketa. Izen eratorri hau ere ez dut topatu euskal hiztegietan, itzulgai moduan behinik behin.

eta badakizu honelakoei lehen ere udarako eguraldi onak ho­beki etorriko zitzaizkien euren joan-etorri eta egurasketan ibiltzeko (SABGI, 130. or.).

Egurastu aditza jasoa dago hiztegietan, aireztatzea, haizeberritzea adiera duela. Egurastu izena ere bai, paseoa adierazteko[2]. Gorostizuren egurasketa XX. mendeko corpus estatistikoan topatu dut, Administrazioko testu batean (1984ko “Kondaira-Lurraldeei Buruzko legea / Ley de Territorios Históricos), gaztelaniazko esparcimientoren baliokide[3]. HABEren aldizkarian (1988, 137 alea, 30. or.) ere ikusi dugu: “AIREZTAPEN. – Egurasketa, haizeberritzea”.

Baina ‘paseoa’ adiera duela Azkueren hiztegi batean besterik ez dut ikusi. Ez 1906ko Diccionario vasco-español-francés sonatuan, 1918ko Diccionario de bolsillo Vasco-Español y Español-Vascon baizik, baina, esan bezala, gaztelaniako paseo itzulgaiaren ordain moduan, ez euskal sarrerako lema moduan[4].

PASEO, 1º acción de pasear, egurasketa, ibilketa; 2º lugar para pasearse, egurastegi (neol. *). Paseo cubierto, egipe. (Azkue, 1918).

Gorostizuren lexikoian murgiltzeak euskal hiztegi-corpusetan bidaiatxoa egitera eraman nau. Ez dakit zein hiztegi izango zituen eskura idazten aritu zenean (1981ean hil zen), ezta hizketan zenbaterainoko etorria zuen, baina bere testuek erakusten dute baliabide lexikoak erabiltzen bazekiela. Horietako bat da euskal literaturan tradizio handia eta aspaldikoa (Mendiburu, Lizardi…) duen uztardura lexikoena: mailegu itxurakoa, landugabea, «garbia», ulergaitza… eta argiagoa (edo landuagoa…) bide dena juntatuta edo alboratuta eratua. Ahozko lexikoa testura eramateko bitartekoa ere bada, eta Gorostizuk bizi bide zuen kezka estilistikoaren seinalea. Eta oraingo hiztegietako elikagaia ere bai.

berogailu edo estufa; oroimenez (memoriz); akeita (kapea); opor edo bakazioak; egunkari edo kalendariorik; aldizkari edo rebistaren; agertzen, hau da, esplikatzen; agerpen edo esplikazio; gertatzen (preparatzen); erakusleku edo eskaparate; bazkal­gainerako, hau da postrerako; leka edo baina izeneko; tiñtiñgorri edo tomateei; arotzola edo tailer; zerga edo inpuesto biltzaile… Begirapen edo errespetu, aholku edo kontseju; armarri edo ezkutu…. eskursio eta txangoaldi; es­kursio edo egun pasa; kolonia edo udako atsedenleku; errespetu edo begi­runea… piszina edo putzu; eguraldiaren antzeman zale edo astronomoesanahia edo muina; adina edo garaia; gogo eraginarazi edo piztu; abere edo ganadu maitale…

Benita Gorostizuk desio zuen emakumeak «lurralde ilunetik lurralde argira» irtetea eta horretako ezinbestekoa iruditzen zitzaion hiru ardatzeko ezaupideaz jabetzea. Berak gauzatutakoaren lagin bat besterik ez dut ekarri erakusgarri. Bestela ere ekartzea merezi zuen, merezi du, baina emakumeen egunean argitaratzekoa zela jakinda, are egokiago iritzi diot Benita Gorostizu Imaz lurralde argi honetara gaur plazaratzeari.


[1] OEHk esangai hiztegi-sarreran jaso du errefrauaren, esaeraren adiera. «3. +esankai.
Refrán. Euskal esankai zarrak / diona, Mari Juan, / gure portunak nola / etorri ala juan. (1887). RArt Auspoa 227, 102. Orrezaz gañera ezarritakoa da, kuku etorrerari esankai ori […]. Ara ta badauka gañea bere esangai kutsua orrek, e? (ms. de Benita Gorostizu (1915-1981)». (Letra lodia gurea). Sukaldetik agorara… argitaratu baino lehen eskuetaratu genien adibidea.

[2] egurastu2 iz. Egurastea, airea edo haizea hartzea. Egurastu bat hartzeko aitzakiarekin (EH).

[3] Bidenabar, OEHko “definizioetan” esparcimiento galdetuta, egurastaldiegurastu-aldi dakar.

[4] Aditza bai: Egurastu. Orearse, paserse.

Abailaren kontra

Idoia Santamaría Urkaregi

Marta Rebón idazle eta itzultzailea, CTXT aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean (2018):

Kazetaria: Kiko Amatek dio Moby Dick luze eta aspergarria dela. Aspergarria iruditzen zaizu?

Marta Rebón: Ezin da horrela planteatu; alegia, ea klasiko bat aspergarria den ala ez. Askotan ez dugu irakurtzen ondo pasatzeko. Arrazoi askorengatik irakurtzen dugu, eta beharbada ondo pasatzea ez da beti arrazoi nagusia. Azken batean, irakurtzea eta itzultzea jarduera subertsiboak dira neurri batean, begirada erne eta zorrotza eskatzen baitute, eta hori ez da ohikoa gaur egun, guztiak azkar kontsumitzekoa izan behar duen garaiotan.

Carmen García Gómez, W. G. Sebalden lan batzuen gaztelaniazko itzultzailea, Revista de Libros aldizkarian argitaratutako «Traducir a Sebald, una cuestión de estilo» artikuluan (2005):

Sebalden testuek irakurraldi asko eskatzen dituzte, behin eta berriz irakurtzea, baita ahots goraz irakurtzea ere, egiaztatzeko ezerk ez duela hausten prosak markatutako erritmoa, ezerk ez duela eteten esaldi luze bihurrien segida hipnotikoa, egokia dela abiadura, prosaren erritmo-aldaketak jasotzen dituela.

Denbora hartzea, poliki idaztea, moteltasuna metodo gisa, nola baliabide linguistikoei hala edukiari dagokienez, zibilizazio zoro baten aurkako protesta gisa apika.

W. G. Sebald, Die Ausgewanderten (Emigratuak) liburuaren irakurketa baten ondoko solasaldi batean[1] (East Angliako Unibertsitatea, 1999), Michael Hulse bere ingelesezko itzultzaileetako batekin zuen harremanaz:

Itzulpen-prozesuak pazientzia handia behar du; eta pixkanaka jabetu nintzen horretaz, hasieran uste bainuen ezen, behin itzultzaile bat aurkituz gero, dena batek espero bezala joango zela eta itzulpen behin betiko bat eskuratuko nuela. Baina konturatu nintzen ezetz, prozesu korapilatsu bat zegoela atzean: alegia, itzultzaileak itzulpenaren lehen zirriborro bat idazten du; nik, gero, zehatz-mehatz aztertzen dut hori eta Beryl Ranwellekin[2] batera errepasatzen dut, zeren ingelesezko belarri ona duen norbait behar baitut horretarako —nik ez dut eta—. Xehetasun txiki asko dira kontuan hartu beharrekoak, eta horiek guztiak batera dira maiz itzulpen on eta ez hain on baten arteko aldea egiten dutenak. Horren ondoren, editoreari bidaltzen diot, eta, hark orraztu ondoren, itzultzailearengana itzultzen[3] da berriz itzulpena. Hark zuzenketa guztiei erreparatu, eta, zerbaitekin ados ez badago edo bestelako iradokizunik egiten badu, horiek ebatzi, eta beste bizpahiru aldiz irakurtzen dut. Beraz, fase asko dira, eta denbora asko behar du prozesu horrek. Baina uste dut hortik ondorioztatu beharreko ikasbidea zera dela, ez dela hain garrantzitsua liburu bat argitaratu bezain laster itzultzea, gaur egun maiz gertatzen den modura, batik bat ingelesez argitaratzen den guztia ia batera Europako gainerako hizkuntzetara itzuli beharra. […] Esate baterako, Die Ausgewanderten liburuaren frantsesezko itzulpena jatorrizkoa argitaratu eta zazpi bat urtera argitaratu zen, eta, pasatutako denbora gorabehera, harrera ona izan zuen liburuak. Beraz, ez dio axolarik zazpi edo hemezortzi urte behar diren horretarako. Hori baino garrantzitsuagoa da itzulpena ahal bezain ona izatea. Uste dut hori bera gertatzen dela beste alor askotan ere; gure bizitza abiadurak baldintzatzen du, abiadura gero eta azkarragoak, eta pazientzia kanpoan gelditu zaigu. Baina uste dut hobeto geundekeela zenbat eta pazientzia-dosi handiagoa erantsi bizitzan. Unibertsitatean ere gauza bera gertatzen zaigu, ezta?[4]

Azkenaldian, muturtuta nabil abailarekin, etekin azkar eta berehalakoekin. Teknologiaren eta «berrikuntza»ren dohain ustez txit paregabeekin (oi, berrikuntza, gaitz guztietarako azken edabe magiko hori). Ez pentsa, ez naiz teknofobo setatsu bat. Ondo dakit zenbateraino zaigun lagungarri teknologia itzultzaileoi eguneroko jardunean, nola erraztu digun dokumentazio-lana Internetek, zenbateko zama kentzen diguten itzulpen pragmatikoetan itzulpen-memoriek, glosarioek, Xuxenek!, terminologia egiaztatzeko eta inkoherentziak saihesteko kalitate-kontroleko programa informatikoek.

Badakit hori, eta egunero baliatzen dut teknologia itzulpenetan. Baita itzulpen automatikoa ere, nahiz zalantza asko eta askotarikoak eragiten dizkidan, teknologia hori erabiltzen hasi aurretik egiten ez genituen akatsak egiten ditugulako orain eta itzulpenaren norabidea (gehiegi) markatzen digulako askotan, eta «postedizio» izeneko eufemismoa agertu zaigulako —zer da hori benetan?; zer esan nahi du?; itzulpen narrasak are narrasago ordaintzea?; itzultzailearen profesionaltasunaren konfiantzan kalitate oneko itzulpen bat orain baino are eskasago ordaintzeko aitzakia izatea?—, eta itsumandoka gabiltzalako denok ezin asmaturik nola erantzun «merkatu»ak eskatzen (omen) duen «behar» horri.

Itzulpen pragmatikoak aipatu ditut, baina literatura-itzulpenetara ere iritsia da —hala diote behintzat— adimen artifiziala, hots, itzulpen automatikoa. Horretaz dihardu, esate baterako, José Francisco Ruiz Casanova Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak iaz argitaratutako ¿Sueñan los traductores con ovejas eléctricas? La IA y la traducción literaria[5] liburuak. Eta, teknologiaren abaila kontuan harturik, gai horri buruzko liburuak ia argitaratu bezain laster zahartzen dira, urtebetean hurrengo jauzi mortala egiten baitu teknologiak, eta hor gabiltza gu, galerna baten enbata batetik bestera, pentsatzeko tarte bat hartzeko beldurrez, ez baitago segundo bat galtzerik, merkatuak (oi, mamua berriz) ordaintzen digun huskeria (ere) galduko dugulako bestela.

Badira ahots eta luma optimistagoak ere. Nola esnatzen naizen, batzuek edo besteek diotena nahasten dut gosariko kafesnearekin. Gonzalo Torné idazle eta editorea, aurtengo martxoaren 1ean CTXT aldizkarian argitaratutako «La inteligencia artificial: preparativos para la batalla» artikuluan:

Prentsa kulturalak dioena irakurriz gero, badirudi hilabete gutxi batzuetako kontua baino ez dela: adimen artifiziala oldarka sartuko da etxe guztietan, eta haren «produktuek» idazle, marrazkilari, diseinatzaile eta itzultzaile guztiak ordeztuko dituzte. Paregabea da adimen artifizialaren sormena, programatzaileen kontrol eta aurreikuspenetik haragokoa. Ezin uka erakargarria dela narratiba hori, baina aurreko «ordezkapen teknologiko berehalako»aren porrotaren ondoren, fartsa itxura hartzen du albiste-olatu horrek guztiak. Zenbat baliabide eta orrialde ez ote ziren baliatu gu guztiok konbentzitzeko liburu elektronikoak bide bazterrean utziko zituela papera, argitaletxeak, liburu-dendak eta orain ez dut ongi gogoratzen baina akaso baita agenteak ere. Izugarria izan zen. Baina hara zertan gelditu den liburu elektronikoa: negozioaren aktore bazterreko bat.

Ez naiz aztia; beraz, auskalo zer dagoen eguraldi-alarmak bezain usu eta fite zabaltzen diren joera benetako zein apokalipsi-mehatxuen atzean. Baina ukaezina da diruaren txin-txin hotsak erraz suntsitzen dituela ezin utzizkoak ziruditen printzipio, xede, misio eta gainerakoak. Ez dut nik joko barrikadetarako deia, baina, gutxienez, estetikaren gela abegitsuan egin nahi dut habia, eta, ahal dudan neurrian, testu bat ibaiaren alde batean hartu eta beste aldera eramaten jarraitu, bidaia hori baita itzulpena —ez da nik asmatutako irudia; askok baliatu dute lehenago—, jakinik, Adam Zagajewskiren poema batek dioen moduan, nik ere, irakurle gisa, beste ahots batzuk entzun —irakurri— nahi ditudala, nirearekin nahastuta:

Ez ditut ezagutu
nire poetarik gogokoenak.
Beste herrialde batzuetan bizi dira,
beste garai batean[6].

Egungo «hotsa eta ardaila»ren artean, arretaz entzutea eskatzen du literatura-itzulpenak. Ez dakit baden hori baino ekintza iraultzaileagorik gaur egun. Hala adierazi zuen Marta Rebónek El País egunkarian argitaratutako «La necesidad de traducir(nos)» artikuluan (2020):

Mundu gero eta adigabetuago batean, arretaz entzutea eskatzen du itzulpenak. Edo, gutxienez, horretan saiatzea. Gaur, hurkoaren iritzia klik bakar batekin isilaraztea ohiko bihurtu den honetan, beste batek dioenari leku egitea haize kontra joatea esan nahi du.

Eguneroko abaila gorrian, ahaztu egiten dugu materia hauskorra direla hitzak, kontuz, mimoz, tratatzekoak. Irudi ezin gardenago batekin adierazi zuen hori Anne Sextonek, «Words» (Hitzak) poeman:

Hitzak eta arrautzak kontu handiz tratatu behar dira.
Hautsiz gero,
ez dute konponbiderik.

[1] «Lost in Translation? A conversation with Jon Cook» in Cattling, J. and Hibbit, R. (eds.), Saturns Moons, W. G Sebald. A Handbook, 357-363 or.

[2] East Angliako Unibertsitateko Literatura Itzulpeneko Britainiar Zentroko (British Centre for Literary Translation) langilea eta W. G. Sebalden kolaboratzailea.

[3] Itzuli aditzaren polisemia ez da broma euskaraz… Horixe dio Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak liburuko “Adieren pisatzailea” teselan: «Itzuli hitzak hogeita hamar adieratik gora ditu euskaraz, ez da txantxa!» (17. or.).

[4] Sebaldek alemanez idatzi zituen bere fikzio-lan guztiak, baina Ingalaterran bizi izan zen bizitza ia osoan; beraz, ingelesa menderatzen zuen, eta gertu-gertutik jarraitu zien beti bere lanen ingelesezko itzulpenei.

[5] Cátedra, 2023.

[6] Marta Rebónek aipatua CTXT aldizkarian argitaratutako «Veinte apuntes de amor a la traducción y una petición desesperada» (2020).