Iragana bihurtzea

Borja Ariztimuño López

Irulegiko Eskua jendaurrean aurkeztu zutenetik urte luzea igarota, oraindik ere argitu ezinik gabiltzala, egitekoaren konplexutasunak ageri-agerian uztea ezinbestekoa da, hasierako euforiak estalirik geratu ziren ohartarazpen eta zuhur-hitzak aldarrikatuz.

Gaurko sarreraren izenburua ez da nahikari edo eskari baten adierazpen traketsa, eta ez naiz “iragan denbora beti hobe” topikoaz arituko; ez eta iraganera bidaiatu ahal bai, baina hura aldatu ezinaren paradoxaz ere.

Blog honen testuinguruan uler bedi bihurtu aditza; ‘itzuli’, alegia, ‘translatatu’, ‘traduzitu’.

Izan ere, zer da testu zahar bat (areago idazkera [ia] ezezagunean idatzirikoa) ulertzea, geureagoa den hizkuntza-molde batera ekartzea baino?

Hala bada, zer behar du kontuan hartu itzultzaileak testu bat bihurtzerakoan? Lehenik eta behin, sorburu- eta helburu-hizkuntzak; hots, horiek ongi ezagutu behar ditu. Horrez gain, nork, norentzat eta zertarako idatzi duen ere jakitea komeni zaio (testuingurua), hitz, esapide eta molde guztiak egoki interpretatuko baditu. Orobatsu da, funtsean, epigrafista, filologo edo hizkuntzalari diakronikoek testu zahar eta antzinakoen aurrean beharko luketena.

Areago, sorburu-hizkuntza eta idazkera bera ezezagunak edo erabat identifikatu/dezifratu gabeak direnean, corpus zabala eta adibide elebidunak eskura izatea da desiragarriena; besteak beste, argudiaketa zirkularretan ez erortzeko.

Iberieraren kasuan, adibidez, ez dugu azpian dagoen hizkuntza egiazki ezagutzen, baina, halere, idazketa-sistema nahiko ongi (ez guztiz) ulertzera iritsi dira. Ez dago egiazko testu elebidunik, baina bai corpus nahiko zabala, zeinetan pertsona- eta leku-izen zenbaiten formak ziurtasunez identifikatu diren. Horiekin batera, zenbait atzizki posible eta, zalantza askoz handiagoz (ene ustez, bederen), aditz-formaren bat eta terminologia-kontu lauso batzuk.

Aldiz, historikoki ezagutzen dugun euskararen 1.500 urte lehenagoko ezaugarriez ezer gutxi dakigu (jakinen adiera hertsienean), harrietan zizelkaturiko elementu onomastikoetatik (zeharka, beraz) ondorioztatu ahal izan diren kontu batik bat fonetiko-fonologikoez gain. Zoritxarrez, barne-berreraiketak eta bestelako eraikuntza teorikoek ez digute esaten igarritako aitzin-hizkuntza hori noizkoa den.

Bestalde, Irulegiko Eskuaren azpian datzan hizkuntzaz hipotesiak besterik ezin genezake egin, idazkeraren berezitasunak eta bestelako ebidentzia negatiboek (“ez da/dirudi zeltiberiera edo iberiera”) uzten diguten heinean. Alabaina, hipotesi horiek baieztatzeko edo, gutxienez, argudio linguistikoez janzteko, corpus murritz eta bakanegia dugu lau lerro horietan. Ezagunak dira Rosetta harriaren eta B lineal delakoaren aurkikuntzak eta dezifratzeak, baina ez ohi da horrenbeste azpimarratzen horien atzeko historia eta kronologia. Ez zen magiarik jazo orduan, eta ez da halakorik gertatuko orain ere. Lan handia eta denbora nahikoa ezinbesteko osagaiak dira.

Horiek horrela, neure iritzia azaldu nahi nuke, dagoeneko idatzirik dagoen iraganaren iragarpen moduan: nago Irulegiko Eskuaren misterioa ez dela argituko harik eta lekukotasun gehiago agertu arte, gutxienez. Eta orduan ere, ziurrenik argitasuna ez da berehalakoan etorriko.

* * *

Iraganera itzultzeko motibo asko izan litzake pertsona batek; esaterako, eginiko hutsak ekiditea edo bidelagunez garaiz aldatzea. Hizkuntzalari gisa, bidelagun horiek izan daitezke ezagutzan oinarrituriko hipotesiak eta argudioak, hizkuntzak berak edota datuak ikusteko moduak (marko teorikoak). Horiek aldatzea errazagoa da, horretarako arrazoirik aurkituz gero, iraganerako itzulia erosoagoa eta emankorragoa izan dadin, iragana bihurtu (‘bihurritu’) gabe.