Bi mundutako ertzetatik barreka

Josu Barambones Zubiria

Egun batez, blog honetarako ideiarik gabe nengoela, ideiez antzu eta agor, eta Karlos Linazasororen azken liburuko pasarte bat irakurtzen ari nintzela (espero dut poztu egingo dela hau irakurtzen badu, bere ustez ez bide du-eta irakurlerik), otu zitzaidan, bururatu zitzaidan, txit egokia zatekeela plajioa baliatzea hilabete honetako artikuluarekin aurrera egiteko. Plajioak “inoren esklaboak lapurtu” esan nahi zuen antzinako Erroman, baina nik ez dut gaurkoan halakorik egingo, egon lasai, eta horren ordez urliaren eta berendiaren esaldiak ekarriko ditut hona nire gaia nik neurez egin ahalko nukeena baino eleganteago beztitzearren.

Linazasorok diosku oso modan jarri dela “esango nuke” zartailutxoa (sic). Orobat esaten digu Orixek ez zuela inoiz erabili. Nik ere esango nuke Orixek ez zuela sekula santan erabili, baina ausardia nahikoa izan zuen Tormesko itsu-mutilaren hainbat pasarte eta zazpigarren kapitulu osoa gazteleraz berridazteko gogoak eman zion bezala, eta gero euskarara ekartzeko autoitzulpenaren adibide ezin bitxiagoan. Gainera, konbentzimendu osoz aitortu zuen: “Erdel yaubearen idazti yatorretik yardun au osoa kendu dot, eta neure buruz ordaindu, edonoren eskuetarako iruditu etxatalako. Kendu dodaz ganera, esan zantar bat lelengo yardunean amazortzi lerro irugarrenean eta bi koma-tarte lau garrenean. Kritikuak begirapena zor ei deutsoe yaubearen idazti yatorrari; nik ostera begirapena zor deutsot neure buruari ta irakurle euskaldunari”. Zalantza barik, beste garai batzuk ziren, erlijiosoagoak, dogmatikoagoak, nahi baduzue, non jatorrizkoa desleial baitzitzaion itzulpenari.

Baina ez nadin desbidera eta saia nadin gaur hona ekarri nauen hizpideari ostera ere lotzen. “Esango nuke” bezalako esapide betegarriez edo makulu-hitzez ari nintzen goiko digresioak halako batean harrapatu nauenean. Esango nuke “en plan” dela beste makulu-hitz bat, bereziki gazteek erabiltzen dutena, hitzetik hortzera erabili ere, gogaitzerainoko puntuan. Nik esango nuke duela hamar bat urte jaio zela. Gomutan daukadanez, artean gazte eta berde nintzela, inork ere ez zuen halakorik esaten. Uste dut Axularrek ere ez zuela Geron inoiz erabili, baina inongo corpusetan begiratu gabe botatako ustea da eta agian ustea ustela izan liteke. Aipatu makulua, makulu ia guztiak bezala, espainoletik mailegatua da, jakina, eta gazte euskaldunei oso baliagarria zaie euren diskurtsoa biziagoa eta adierazgarriagoa egitearren. Indar aurreratzailea du, eta euskarak, dena atzeratzeko duen mania absurdo bezain ulergaitz horrekin, ez du balio gure entzulearengan sorpresa moduko zerbait sorrarazteko, rollo zu orain pentsatzen ari zarena bezala.

Eta ondo iruditzen zait horrelako makuluak erabiltzea, inork ez dezala pentsa horren kontrako aurrejuzgurik dudanik, inondik inora ez baitut nire burua hizkuntzalari fundamentalistatzat hartzen. Aitzitik, norberaren hizkuntza aberasteko mailegua eta kalkoa oso tresna baliagarriak dira. Ez dut defendatzen a saco erabiltzea, en plan gure lagun urliak egiten duen legez, baina aitor dut baduela grazia apur bat horrela aritzeak, makulurik makulu, euskaratik espainolera eta espainoletik euskarara, jauzirik jauzi.

Eta orain, azkenik, hel diezaiodan zuekin partekatu nahi nuen gai nagusiari. Ez dakit kezka den edo kezka bainoago harridura. Izan ere harrigarria begitantzen zait gazte hizkera (bakarrik?) horren isla euskal literaturan ez ikustea. Ez dut euskaraz argitaratzen den oro irakurtzeko denborarik, baina nire begiek leitzen dituzten liburuetako orrietan elkarrizketetako hizkera Gasteizko Olarizuko zelaia bezain ordokia da. Ez al dago hor aukera bat benetako hizkera islatzeko, ingelesez egin ohi den bezala (bai, badakit, ez dugu zertan ingelesak kalkatu, gu desberdinak gara). Gaztelaniaz antzeko zerbait gertatzen da, elkarrizketak eta, zer esanik ez, narrazioak lauak izaten dira, salbuespenak salbuespen (Andrea Abreu idazle kanariarraren Panza de Burro liburua datorkit burura, non egileak aitortzen baitu errealitatearekin zintzoa izateko hizkuntzaren ofizialtasunetik aldendu behar izan zuela eta bere auzoko hizkera erabiltzea erabaki zuela hiztegi guztietan okerrak diren hitzak liburuan sartuz). Gure literaturan lagunarteko hizkera erabat neutralizaturik ageri da, errealitatetik guztiz aldendua. Ni ez naiz idazlea, baina euskañol hori zergatik ezin da erabili literaturan edo ikus-entzunezkoetan inoren sentiberatasun linguistikoa mindu gabe? Jatorrizko film nahiz serietan bai erabiltzen da, ikus-entzunezko produktuak sinisgarritasunez janzteko, baina ez ordea bikoizturiko produkzioan. Literatura nahiz zinema fikzioa dira, baina errealitateari atxikiak behar dute izan, errealitatetik urrundu nahi badute ere. Mugak muga, literatura txikanoa datorkit burura, bi hizkuntzaren, bi kulturaren eta bi identitateren artean datzan espazioa betetzen duten idazle elebidunek sortua. Nago oraindik oso urrun gaudela euskañol horren isla fikzioan ikustetik. Bitartean, euskaldun gizartearen zati handi batek lasai asko jarraituko du en plan, rollo, eske… bezalako makuluak erabiltzen, norbaitek espantu egiten badu ere.

Eta plajioa aipatuz hasi naizen bezala, Pat Mora idazle txikanoaren poema bat plajiatuz bukatu nahi dut nire blog honetarako ekarpena:

Bi-eledun, bi-kultura,
Zer moduz-etik “Cómo estás”-era lerratzeko gai,
bulego dotore batean
euskara lau eta lehor batean idatziz,
lagunartean pattarra edaten euskara txolindu samar batean,
jatetxeko menua euskaraz nahiz erdaraz eskatuz,
edo biak nahasi-mahasian,
bai, guk erdaraz ere hitz egiten dugu,
baina ezberdinak gara,
alde batetik bestera igarotzeko abilezia dugu,
bi mundutako ertzetatik barreka,
aurrejuzguaren deserotasuna mozorrotuz bi aldetako talaiatik.

2 Replies to “Bi mundutako ertzetatik barreka”

  1. Datu bat eta gogoeta bi ekarri nahi nituzke Josu Barambonesek euskañolaz ireki duen debatera.

    Barambonesek honela dio: «Jatorrizko film nahiz serietan bai erabiltzen da [euskañola], ikus-entzunezko produktuak sinisgarritasunez janzteko, baina ez ordea bikoizturiko produkzioan».

    Hona datua: nire sektorearen ezagutzaren arabera, aspaldi luzean ez da existitzen euskarazko jatorrizko filmik ez serierik. Urteak eta urteak dira euskaraz grabatzen diren film eta serieetan gidoia gaztelaniaz idazten dela, eta, geroago, hobekuntza, orraztu eta gainerako doitze guztiak eginda, euskaratu egiten da.

    Lehen gogoeta, galdera erretoriko gisa enuntziatuta: euskañola, zertarako?

    Bigarren gogoeta, lehenengoaren arrazoibide beretik datorrena: zergatik ez da erreibindikatzen euskañola gaztelaniazko produktuetarako, euskarazkoetarako erreibindikatzen den bezala? Ala sinesgarritasuna asimetrikoa da?

    Bide batez esanda, “Hardball” (2021) bikoiztu zenetik erabiltzen da “enplan” esamoldea euskarazko bikoizketan.

    Atsegin dut

  2. Egun on. Eskerrik asko, Asier, argibideengatik. Bai, arrazoi duzu, gehienetan gidoiak gaztelaniaz idatzi eta gero euskaraz doitzen dira. Salbuespenak egon, badaude, ordea. Gogora datozkit Paul Urkijoren Errementari eta Irati filmak, baina hor beste bide batzuk hautatu zituen zuzendariak, eta asmaturiko euskara bat erabili zuten kutsu arkaiko edota misteriotsu halako bat ematearren.

    Galdera ona mahaigaineratu duzu, alegia, zergatik ez den euskañol hori gaztelaniazko produktuetan ere erreibindikatzen. Izan ere, nik gaztelaniazko filmetan (gehienetan) ikusten dudan bakarra euskararen erabilera folklorikoa eta askotan irrigarri samarra (iraingarri ez esatearren). Gogora datorkit 8 apellidos vascos film patetikoa.

    Ondo-ondo segi.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina