Zubi-hizkuntzak, trilogia bat eta bi “boutade” ondorio gisa

Joannes Jauregi Benavides

Jon Fosse idazle norvegiarraren Trilogia euskaratzeko lana (eta suertea) egokitu zaidan honetan, eta norvegieraz ez dakidanez gero, bat-batean eta ustekabez zubi-hizkuntzen gaiarekin egin dut tupust. Orain artean ez zidan aparteko interesik piztu, baina, beharrak hartaratuta han-hemenka bila hasirik, Senez aldizkariko bi artikulu lagungarri aurkitu ditut: Karlos Zabalarena bata, Ivo Andritxen ‘Zubi bat Drinaren gainean’ eta zeharbidezko itzulpena, eta Monika Etxebarriarena bestea, Itzulpen baten penak eta nekeak, Danilo Kisen Hildakoen entziklopedia-ren itzulpenaz. Bi itzultzaileak nekatu ziren Zabalak zeharbidezko itzulpen gisa bataiatu zuen horretan, eta neke haien biharamunetan idatzi zituzten artikuluak. Nago, eta zorionekoa ni, haien lan-osteko gogoetek nabarmen erraztu dutela nire itzulpen-lanaren hasiera.

Jatorrizko hizkuntza ez beste batzuetatik egindako itzulpenak ia berez sortzen duen mesfidantzaren kontra, Zabalak testuinguru zabal batean kokatzen du zeharbidezko itzulpena, esanez ezen “hizkuntza guztietan eta garai guztietan” egin dela: Mila gau eta bat gehiago klasikoa, adibidez, frantsesezko itzulpenaren bidez zabaldu zen Mendebaldean (XIX. mendeko nobelagile errusiarrak bezala, bidenabar esanda), eta, kontrako bidean, Mendebaldeko literatura ugari japonieraren zeharbidez iritsi bide da koreerara.

Hizkuntza txikiek, bestalde, sarritan ez dute itzultzaile nahikorik izaten zenbait hizkuntzatatik itzultzeko. Esango nuke kinka horretan suertatu garela Jon Fosseren Trilogia eta ni neu. Nik dakidala, Juan Mari Mendizabal dugu literatura hizkuntza nordikoetatik zuzenean euskaratu duen itzultzaile bakarra (Hamsun, Sjón eta Kierkegaard, besteak beste), eta, nahiz eta lan bikaina eta estimagarria egin inondik ere, ez dirudi bidezkoa denik itzultzaile bakar bati bizkarreratzea hizkuntza nordikoen zaku osoa.

Edozein kasutan, eta zeharbidezko itzulpena nonahikoa eta batzuetan ezin saihestuzkoa izanagatik ere, mesfidantza-urrin temoso batek segitzen dio noranahi; ez beharbada propio erdeinatzen edo gutxiesten direlako era horretako itzulpenak (nahiz eta akaso bai propio ekiditen), baizik eta, kontrara, neurrigabe samar prezatzen delako hizkuntza ezohiko edo urrun baten itzulpena “zuzenean” egitea. Zeharbidezko itzulpenak ale bikain ugari eman ez balizkigu bezala, Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean bera adibide (Hildakoen entziklopedia, zoritxarrez, ez dut irakurria), edo Karel Capeken Arrabioen gerra, berriki argitaratua Koro Navarroren itzulpenean.

Egia da mesfidantza-punttu hori naturala dela, eta itzultzaileak ere sentitzen duela (nik neuk bai bederen). Itzulpen badaezpadako bat hartuta nekez eman ahalko da taxuzko lanik, eta, denik eta itzulpen bikainena izanda ere, jatorrizko itzultzaileak dagikeen giza akats mendreena ere ia saihetsezin suertatuko zaio bigarren eskuko itzultzaileari. Horregatik, konbentzio onartuxea da bi zubi-hizkuntza erabiltzea, eta hala eskatzen du EIZIEk ere bere Literatura Unibertsala bildumarako. Alabaina, eta hilabete eskas honetan Fosserekin lortu dudan esperientzia-apurra aintzat harturik, elkarteari proposatuko nioke Monika Etxebarriak bere artikuluan ematen duen gomendioa erants diezaiela lehiaketaren oinarriei. Izan ere, Etxebarriak dio bere ustez bi hizkuntzak ez liratekeela batera erabili behar; bataren gainean egin beharko litzatekeela lehen zirriborroa, eta berrikusketan erabili beharko litzatekeela bigarrena. Karlos Zabalak ere harekin bat egiten du, nahiz eta aitortu ez ziola aholkuari segitu: “Erotzekoa izan zen bertsio-saltsa horretan igeri egitea. Eta okerrena da, erotuz gero, benetan ez dakizula zein puntutaraino ari zaren asmatzen hartzen dituzun erabakietan”.

Halaxe hasi nintzen ni Fosserekin, aldi berean erabiliz eskura nituen bertsio guztiak (ingelesa eta gaztelania nagusiki, eta alemana puntualki, maila oso kaskarra dudanez gero). Konturatu naiz, baina, hainbeste jatorri-testu izateak ikaragarri trakesten duela itzulpen-jarduna. Fosseren idazkerak ere izango du zerikusirik horretan, gehienbat komaz banatutako paragrafo luzeak eta elkarrizketa bizi eta biluziak tartekatzen baititu narrazio osoan. Paragrafook itzultzean, bereziki, erritmoa hartu ezinda ibili naiz, bi bertsioen eta nire testuaren artean salto-etenka eta eten-saltoka; testua segmentatzea ere bururatu zitzaidan, baina, bataren zein bestearen puntuazioa beti bat ez zetozenez, aurreikusten nuen horrek kendu baino buruko min gehiago emango zizkidala.

Beste zailtasun bat: bi bertsio (edo gehiago) izanik, neurrigabe erreparatzen zaie bi testuen arteko alderik ezdeusenei ere, eta, aise obsesionatzeko joera duen itzultzaile erdi-neurotiko gisa, aldarteka bazirudien gehiago ari nintzela bi itzulpen konparatzen testu bat itzultzen baino. Egin kasu, beraz, Monika Etxebarriari, eta erabili hizkuntzak banaka.

Horiek horrela, zeharbidezko itzulpenari buruzko bi ondorio koskorrekin bukatuko dut ale hau, akaso boutade hutsak, nabarmenak eta alferrikakoak irudituko zaizkienak sarearen paraje hauek populatzen dituzten aditu eta arituen tamainakoei, baina niri neuri lagungarri izan zaizkidanak, buruhausteon ondotik, hemendik aurrerako lanari hobeto ekiteko.

Lehen boutadea: Zeharbidezko itzulpenak planifikazio handiagoa eskatzen du. Zubi-testuak tentuz aukeratu beharra dago, eta lan handiegirik egin baino lehen finkatu behar da modus operandi-a, ez arian-arian aldatu behar izateko. Hasieran, inertzia hutsez, ingelesezko bertsioa lehenetsi nuen, baina gerora konturatu naiz ezen May-Brit Akerholt itzultzaileak Fosseren tonua eta atmosfera harrapatze aldera egindako zenbait hautu estilistikok ilundu egiten zidatela testua, eta ez argitu. Kontrara, gaztelaniazko bertsioak, Cristina Gómez-Baggethun eta Kirsti Baggethun itzultzaileenak, testu lakarxeagoa dirudi lehen irakurraldian, baina itzultzeko orduan gardenagoa egin zait. (Esan beharrik ez dago inpresiook erabat subjektiboak direla, eta ez dudala itzulpen-kritikarik egiteko asmorik). Beraz, irakurketa hutserako akaso ingelesezkoa lehenetsiko nukeen arren, lehen itzulpen-zirriborrorako gaztelaniazkoa hartu dut, ingelesezkoa orrazketa-faserako gordeta.

Bigarren boutadea: Langai dugun zubi-testua itzultzaile baten eskuetatik pasatu da. Ez hori bakarrik: itzultzaile batek idatzia da. Eta horrek lasaitasun adina urduritasun ematen du: lasaitasuna, itzultzaileak fidatzeko jendea direlako oro har, lanean arretatsuak eta xehetasunetan puntalakurloak, nor bere erara; eta urduritasuna (ezen ez mesfidantza), berriz, itzultzaile batek dakielako ondoen zer-nolako erabakiak hartzen diren itzulpen batean, jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko tirabiran, eta zer-nolakoak geratzen (uzten) diren, bestela ezinda, itzulpenaren bide-bazterrean. Hori dena txit ondo dakienez gero, itzultzaileak berak irudika lezake ondoen pantailan duen bertsioa noraino izango den jatorrizkoaren berdina edo desberdina.

Finean, zubi-hizkuntzen auziak testuaren izaeraz, idazketaz eta itzulpen-lanaz ditugun iritzi-usteak islatzen ditu, baita kordokatzen ere, eta are gehiago bat ustekabean harrapatzen badu, Fossek ni bezala.