Gure euskararen esentziak

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengo azaroan, Alfontso Mujikaren argitalpena irakurtzen ari nintzela, kontzeptu bat gorpuztuz joan zitzaidan gogamenean: jatorrismoa. Jatorrismoa gaitz bat da, hizkuntzaren esentziak jagoteko ardurak eragiten duena. Berez, arreta hori ez da gauza txarra, baina, ‘hizkuntzaren esentziak’, ‘jagon’ edo ‘ardura’ okerretara hartzen ditugunean, jatorrismoan jausten gara. Gerta liteke ondorioak arinak izatea, adibidez, hizkuntza-mailak nahastea, albiste-testuetan ‘baleko’ edo ‘eskarmentu’ erabiltzen direnean bezala. Larriagoa da ideiak nahastea, esate baterako ‘dependentzia’ (Espainiako 36/2009 legeko adieran) eta ‘mendekotasun’ parekatuz, edo ‘kate’ eta ‘kanal’ kontzeptuekin morokil bat eginez (ez, Euskaltzaindiaren Hiztegia ere ez dago gaitz honetatik salbu). Eta zer esan Alfontsok blogera ekarritako itzulpenaz eta hura bezalako beste askoz? Euskara barregarri uzten dutela. Hona beste bat: ‘Donostiako Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotzigoa’, gaztelaniaz ‘Concejalía de Economía y Empleo Local de San Sebastián’. Harrigarri samar egin zitzaidan ‘local’-en ordaintzat batzuk ‘tokiko’ bultzatzen hasi zirenean, baina “irentsi” nuen. Ez dakit ‘bertako’ irentsi ahal izango dudan; ekonomia eta enplegua besarkatzen ez dituen artean, behintzat, ez.

Esan dezadan, edozelan ere, ardura apur bat handiagoa ipini beharko genukeela euskararen esentziak jagoten, guztiz antzaldatuta sentitzen baitut gure hizkuntza aspalditik publikoarentzat prestatzen diren testuetan. Ni triste ipintzen naiz etxeko txikiak aipatzeko ‘txikienak’ entzuten dudanean (cf. gazt. ‘los más pequeños’). Tristea da, bai, beti gaztelaniaren morrontzan ibiltzea. Hitz ederra zabaldu zen euskaraz Internet gure artera heldu zen garaian, ‘webgune’, ingelesezko ‘website’-ren ordain ezin egokiagoa, baina, egun, ‘web-orrialde’ zentzugabea lehiakide gogorra du, gaztelaniazko ‘página web’ inprobableak aupatuta. Apurka-apurka, hitz eta esamolde berriekin, gure mundu-ikuskera bera aldatuz doa. Orain, gure umeek ez dute lagun kutunik, edo lagun minik, edo, beste barik, lagun onik. Orain, gure umea eta auzokoarena lagun hoberenak dira, ingelesez ‘best friends’ direlako, inoiz bizipen edo esperientzia sakonik partekatu ez badute ere. «I love you» esaldiak berdin-berdin kolonizatu gaitu. Bikoizketan, garai batean, horren ordaintzat «musu bat» jartzeko gomendatzen zen, esate baterako, ama-semeen telefonozko elkarrizketa baten amaieran.

Antzaldatzea esan dut, baina. Ez da gehiegikeria. Orain, testuak ‘jada’-z beteta aurkitzen ditut: «Surfaren munduan girotua egotea jada berrikuntza bat da euskal fikzioaren panoraman». Esaldi hori zegoen testuak 286 hitz zituen, eta lau ‘jada’. Orain ez dago zortzietan hasten den partidarik, kontzerturik edo programarik. Orain, denak hasten dira zortzietatik aurrera. Orain ez du inork politikaz hitz egiten, ezta politikari buruz edo politikaren gainean ere. Orain, mundu guztia mintzo da politikaren inguruan. Batzuek hizkuntzaren eboluzio-joera naturalaren agerbidetzat hartuko dituzte halako berrikuntzak. Ez horixe. Euskaran izandako eboluzio horietan ez dago berezko bilakaerarik, baizik gaztelaniaren eragina; zehatzago esanda, denbora guztian, baita ustez euskaraz sortzen diren testuetan ere, gaztelaniatik itzultzen aritzeak eragiten duen kutsatzea. Kutsaketa horietako batzuek, gainera, gure hizkuntza barren-barrenetik ukitzen eta iraultzen dute, esate baterako, ‘izena1 de izena2-pl’ erako egituren euskarazko ordainei dagokiena. Hona adibide batzuk: día de puertas abiertas, banco de alimentos, periodismo de datos, comunidad de espectadores… Euskaraz, honela emanda aurkitu ditut: ate irekien eguna, elikagaien bankua, datuen kazetaritza, ikusleen komunitatea… Izugarria da. Dirudienez, pluralak hain du pisu handia ezen ahantzarazi baitigu euskaraz izen-elkarketa existitzen dela: elikagai-bankua, datu-kazetaritza, ikusle-komunitatea… Eta, harako hark esango lukeen bezala, -KO ez dela (inolaz ere) -EN: ate irekiko eguna.

Beste gauza izugarri bat hau da: «San Tomas Azoka 2023». Ez beti esaldi hori zehatz-mehatz: «Araba Euskaraz 2020», «Itzulia 2019», «Aste Santua 2005»… Gure inguruko hizkuntzetan, sintaxiak bide ematen die halako egiturei («Semana Santa (de) 2005»), baina euskarak beste ordena bat ezartzen du: «2005eko Aste Santua». Erabaki beharra dago: edo amore eman, edo euskararen berezkotasuna, jatortasuna zaindu. Nik garbi daukat, eta, beraz, sutara bidaltzen ditut «Korrika 2019», «Arte Ederren Bilbao Museoa», «Metro Bilbao» eta abar luze bat (bat edo suak ondo hartzeko behar beste).