Belarriko kilkerra

Amelia Pérez Conde

Aurreko artikuluan ahozko istorioak literatura idatzira ekartzeari buruz idatzi nuen. Artikulu honetan gai berari helduko diot berriro, baina kasu honetan Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzitako Belarriko kilkerra izeneko liburua aipatuko dut.

Itxialdian, denboraldi berezi hartan, Uxueren aitak audioak bidali zizkion Uxueri, egun berezi horiek sormenez edertzeko. Itxialdia amaituta, Uxue beste liburu bat idazten ari zela, bat-batean, istorio horiekin gogoratu zen, eta hauxe bururatu zitzaion: aitari, lagunei eta hurbileko pertsonei eskatzea istorioak berari ahoz kontatzea eta, gero, ahozko istorio horiek idatziz jasotzen saiatzea. Ez da ariketa erraza!

Uxuek azaldu du ariketa horretan bereziki zaindu duela istorio idatziek ere ahozkotasunaren xarma eta ñabardurak izatea. Izan ere, ahozko istorioetan kontalarien ahotsa, begirada eta gorputz-hizkuntza, besteak beste, oso garrantzitsuak dira, eta batzuetan kontalariek gauza ugari esaten dituzte hitzik gabe. Baina literatura idatziak ere baditu bere baliabideak, eta haietako batzuk, adibidez, ilustrazioak dira. Belarriko kilkerra liburuaren ilustrazioak Begoña Durruty-k egin ditu, beraz, badugu aukera ilustrazioekin ere gozatzeko.

Mende beteko istorioak zabaldu ditu liburuan, eta, agian, horixe da inportanteena, istorio horiek gaur egun aukera handiagoa dutela bizirik jarraitzeko. Izan ere, bidaian hasi dira jada, eta transmisio-katea zabaltzen ari da, istorioak Belarriko kilkerra liburutik irakurleen ahora jauzi egiten ari baitira. Hona hemen adibide bat (amaierara arte adi egotea gomendatzen dizuet!): Polloeko Burezurra.

Uxueren hitzetan, ahozkotasuna, transmisioa eta memoria dira liburuaren hiru zutabeak. Gaiak gizaki guztioi kezkatzen gaituztenak dira, besteak beste, ausardia, lotsa, beldurra eta gosea; nork ez du halakorik sentitu! Eta nork ez du horri buruz gehiago ikasi nahi! Liburua lau ataletan banatuta dago. Lehenengo atalean bihurrikeriak kontatzen dira; bigarrenean, heriotza eta galerak (Zerurako eskailera du izena); hirugarrenean pertsonen arteko harremanak jorratzen dira, baita batzuetan sortzen diguten mina ere; eta laugarrenean gorputza da hari nagusia, nahiz eta gorputza eta gorputz-atalak liburu osoan gai garrantzitsua izan.

Uxuek azaldu duen bezala, istorioak aitak, lagunek eta kontalari askok kontatu zizkioten, baina beste batzuk, ordea, Ahotsak proiektuaren bidez ezagutu zituen. Ahotsak proiektuaren helburua Euskal Herriko ahozko ondarea zaintzea da, hain zuzen ere, eta urte asko eman ditu ahozko istorioak babesten. Proiektuko istorioak herrika eta gaika antolatuta daude, eta istorioekin batera, tradizioak eta beste garai batzuetako bizimoduak ere ezagutzen ditugu. Hona hemen adibide bat: Laboreak ikasten.

Batzuetan guk aukeratzen ditugu istorioak, beste batzuetan istorioek gu aukeratzen gaituzte, baina istorio bat partekatzen denean, zerbait ikasten dugu beti, edo, are garrantzitsuagoa, zerbait sentitzen dugu beti. Bestalde, Uxuek liburuaren harira beste gai garrantzitsu bat aipatu du: «jolasean heldu ziola erronkari»; izan ere, helduok maizago jolastu beharko genuke!