Irakurminak

Amaia Lasheras Perez

Blog honetan berriki argitaratutako Itzulminak artikulua ekarri nahi nuke hona gaurkoan. Han, Amaia Astobizak gogoeta egin zuen itzulpenek profesionalongan uzten duten arrastoaz eta lan batzuek gu transformatzeko izan dezaketen gaitasunaz. Eta horri bueltaka ibili naiz egun hauetan, Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak itzulitako eleberri bat irakurtzen ari nintzela: Jakobian eraikina (Alaa Al Aswani). Izan ere, hura irakurtzeak aztarna sakona utzi dit barrenetan.

Aitortu behar dut guraso naizenetik, oso sentikor bihurtu naizela zenbait afera direla eta. Batez ere, haurrekin lotutako gertaera latzak suertatzen zaizkit jasanezin, eta erraz hasten naiz negarrez film batean haur bati zorigaitz bat gertatzen bazaio. Umeek jasandako abusuen berri badut, burutik ezin kenduz ibiltzen naiz egun batzuez. Horrelako gaietan, eragin bertsua sortzen didate gertaera errealek nahiz fikziozkoek.

Bada, gustura murgiltzen ari nintzen 1980ko hamarkadako Kairoko giroan; istorio itxuraz xumeen bidez, orduko gizartearen erradiografiaz gozatzen. Harrituta gelditzen ari nintzen zenbait gauzarekin; ez nuen espero gehiengo musulmaneko herrialde batean sexu-kontuak hain agerikoak izatea (40 urte joan direnez, beharbada gauzak aldatuko ziren): amoranteak, lanari eusteko nolabait ere prostituitu beharra, harreman homosexualak… Eta ia oharkabean ailegatu zen haurraren kontrako erasoa. Ez nuen espero. Bortxaketaren irudia bereziki asaldagarri suertatu zitzaidan. Izan ere, kontatuta dagoen bezala, amodioz eta erotismo finez betetako eszena bat da; ia kitzikagarria. Nola liteke horrelako munstrokeria ederra suertatzea? Idazleak maisutasunez eta itzultzaileek bikaintasunez lortu dute maitasunez egindako bortxaketa-segida gisa islatzea.

Hamaika gauza etorri zitzaizkidan burura pasartea irakurritakoan. Nola izan zitezkeen hain axolagabeak haur horren gurasoak? Eta nire semeari ere horrelako zerbait gertatu bazaio eta ni ohartu ez? Nola kudeatuko ote zuen mutiko horrek urte luzeetako esperientzia hura? (Liburuak aurrerago erantzun zion nire azken galderari). Munduan zenbait umeri gertatuko zitzaion horrelako zerbait? Biktimek gertatutakoa isilpean gordetzen badute, milaka, milioika izan daitezke. Nola sentitu ziren Royo eta Olarra hain gertaera lazgarriak edertasunez jantzi behar izan zituztenean? Fisikoki ere eragiten zidan eszena horretan pentsatzeak: goragalea, nazka, higuina. Beharbada, bortxatzailea ez delako gaizkiletzat hartzen suertatzen zitzaidan hain jasangaitza.

Eleberria baztertu behar izan dut bolada batez. Irakurtzen segitzen saiatu nintzen, baina bortxaketa “eder” hori eta geroko abusuak han barruan zeudela jakiteak ez zidan bakea ematen. Behatz artean sentitzen nuen bortizkeria hura liburua bera ukitzean, eta irudi horiek behin eta berriz etortzen zitzaizkidan burura. Ezin nuen jasan. Uste dut oraindik egun batzuk beharko ditudala barrenak lasaitu eta berriz liburuari ekiteko.

Zoritxarrez, gaurkotasun handiko gaia da haurren kontrako erasoena, “Epsteinen uhartea”ren aferak berriki erakutsi digun bezala. Gizaki helduon doilorkeria erakusten digute berriz ere gertaera horiek. Eta, bai, lehengoan Care Santos idazlearen artikulu batean irakurri nuen bezala, liburuek jakin behar dugun guztia eskaintzen digute; gauza on eta txar guzien berri ematen digute. Horixe omen da literaturaren handitasuna. Baina, ikusten denez, ni une honetan ez nago edozein gauza jasateko prest. Amaia Astobizak aipatutakoaren ildo beretik, “irakurmin”ek ez didate uzten.