Aukerak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Nafarroako administrazioak sortzen dituen testuetan erruz ugaritzen ari dira molde honetako esaldiak:

1) Los deseos como fuente de conflicto.

2) Se le entregó la fotografía como recuerdo de la estancia.

3) A través de planes de transformación de azoteas como espacios comunitarios.

4) a. La mediación escolar como clave de empoderamiento infantil;    

   b. El uso de la mediación escolar como empoderamiento infantil.

5) Es interesante considerar el comedor como un recurso educativo.

6) Es necesario entender la educación en su sentido amplio, más allá de su simple consideración como escolarización.

7) Las personas físicas o jurídicas que sean gestores de los vertederos, como sustitutos de los contribuyentes.

Euskaltzaindiak EBEn esana digu “ez dela egokia gaztelaniazko ‘como’ edo frantsesezko ‘comme’ guztiak bezalarekin ordezkatzea; euskarak baditu molde propio egokiak horretarako”. Akademiak bezala gramatikala dela oroitarazten digun arren, gisa eta moduan/modura erabiltzea proposatzen digu.

Euskaltzaindiaren gomendioarekin bat –eta presak eta lan-zamak hartaraturik, segur aski– aipatu esaldiak itsu-itsuan gisa postposizioa erabiliz itzultzen ditugu maiz, euskarazko beste bide batzuei ez ikusia eginez. Hala ere, horretaz ohartu eta beste molde batzuk ere erabiltzen saiatzen ari gara; izan ere, aspaldi, “Zuzenketa-lana: tipula zuritzen” ikastaroan, Irene Arrarats eta Maialen Berasategi irakasleei gauza jakingarri eta kontu zuhur aunitz ikasi genizkien, besteak beste, komeni dela espezie inbaditzaileei mugak paratzea, hala egin ezean baliabide horiek noranahiko bihurtzen baitira, beste hizkuntza-bitarteko batzuk desagertzeko zorian jartzeraino batzuetan.

Horiek horrela, hona hemen, esaterako, hasierako adibide horietarako gure itzulpen-atalean baliatu izan ditugun aukerak:

1) Desirak, gatazka-iturri.

2) Argazkia egonaldiaren oroigarri(tzat) eman zitzaion.

3) Eraldaketa planak eginez teilatu lauak espazio komunitarioak izan daitezen.

4) a. Eskola-bitartekotza haurren ahalduntzerako gako. / haurrak ahalduntzeko gako.

   b. Eskola-bitartekotza haurrak ahalduntzeko erabiltzea.

5) Interesgarria da jantokia hezkuntza-baliabide bat dela iriztea / baliabidetzat hartzea.

6) Beharrezkoa da hezkuntza bere zentzu zabalean ulertzea, eskolatze hutsetik haratago.

7) Zabortegiak kudeatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, zergadunen ordezko baitira /diren aldetik.

Bestetik, iruditzen zait gaztelaniazko como batzuk hizkuntza horretan ere espezie inbaditzailetzat har litezkeela (ingelesaren eraginez, agian?), eta, garai batean, ohikoagoa izanen zela “considerar el comedor un recurso educativo”, “trabajar de repartidora”… baina segurantziarik ez nik.

Esanak esan, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere baliabide gramatikalik baztertzea, baizik eta aukeren zabalaz gogoeta egitea, ariketa gisa.

One Reply to “”

  1. Arrazoi osoa duzu, Itziar, «como» hori orotarako komodin bihurtzen ari da (edo bihurtu da), gero eta esanahi eta adiera gehiago bereganaturik, hainbesteraino non, nola batzuetan ez baitakigu argi benetan zer adierazi nahi zuen idazleak, ekarri, inportatu egiten baitugu zenbaitetan euskarara jatorrizkoaren adierazpide-pobrezia, eta, horrenbestez, gurea ere lardaskatu. Eskerrik asko.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina