Patinetan ibiltzearen onurak (eta kalteak)

Isabel Etxeberria Ramírez

Duela hilabete batzuk, gure etxeko txiki handiak bost urte bete zituen. Markinako lehengusuek patin (irristailu) batzuk ekarri zizkioten opari, eta haiekin batera, Mickey Mouseren rodillera (belaun-babes) eta kodera (ukondo-babes) batzuk. Berehala nahi izan zituen probatu, noski, eta kalera abiatu ginen, lehen pausoak edo ematera. Etxeko atea itxi, eta oraindik igogailuaren zain geundela, punba, han joan zitzaigun gure txiki handia, ipurdiz gora, lurrera. Gogorra bera, nola edo hala zutik jarri, eta lasaitu nahi izan gintuen: «Ondo nago». Eta jarraian, ideia zoragarri baten berri eman zigun, irribarretsu: «Igual ipurdi-babesgarri bat erosi beharko dugu».

Ipurdi-babesgarri bat. Grazia egin zidan ateraldiak. Nire lehen erreakzioa umeari laguntzea izan zen. Berbatzar ponposo eta artifizial hori erabili behar izan gabe, hitz arrunt eta jatorrago bat ematea ahora. Baina zein? Kodera, rodillera, muñekerakulera?, kulero? Bigarren erreakzioa, noski, munduan edonork izango lukeen burutazio bat izan zen: «Hau 31 eskutik-en kontatu behar dut».

Harrezkero, izan dut aukera, behin baino gehiagotan izan ere, ipurdi-babesgarria gogoan hartu eta hitzaren deskubrimendu hartaz hausnarrean jarduteko. Gure etxeko txiki handiaren ipurdiari halako objektu bat existitzeak egiaz on egingo liokeela egiaztatu ahal izan dudan guztietan. Sarritan, alegia.

Eta konturatu naiz gure umearen ateraldia baino, hitz horren aurreko neure erreakzioa egin zitzaidala harrigarriagoa edo bitxiagoa.

Umeak, azken batean, espero bezala jokatu zuen. Bere elebitasun oraindik desorekatu horretan, ez zuen, noski, erdal mailegura joko. Eta gainera, zer mailegu hartu behar zuen, ba? Ba al da gazteleraz hitzik, existitzen ez den objektu horri deitzeko? Hortaz, eskura zituen baliabideekin sortu zuen adierazi nahi zuen horretarako adierazlea, eta horrela osatu zuen bi osagaiko izen-sintagma hura, eratorpena eta hitz-elkarketa, biak, baliatuta, zer-nola sortzen ari zen kontzienteki jakin gabe, hizkuntza-sen hutsez. Tatxarik gabe osatutako hitz bat, ulergarria eta funtzionala. (Oi, Guraso Harro Baboaren sindromea! Hilabete gutxiko kontua izango zela uste nuen, baina badira bost urte luze lehen sintomak agertu zirela, eta gaitz kronikoa ote den pentsatzen hasita nago dagoeneko).

Niri, ordea, artifiziala, irreala, zuzendu beharrekoa ia iruditu zitzaidan lehen kolpean. Nahiago nukeen hitz normalago bat erabili izan balu. Normalagoa, hau da, gizartean erabili ohi ditugunen antzekoagoa. Eta aurretik bizi izandako antzeko beste hamaika egoera etorri zitzaizkidan gogora. Euskara irakasten aritu, eta ikasleak beren bizitza arrunteko pasadizo arrunt bat kontatzen ari zirela hitz arrunt baten beharra zutenekoa, adibidez. «Eta orduan begiratu nuen… nola esaten da retrovisor euskaraz?». Eta nik, lotsa halako batez: «Atzerako ispilua». Eta jarraian: «Baina retrobisore esaten dugu denok». Eta horren moduan, xurgagailu/aspiradore, edo tximeleta-begizta/pajarita, edo arrautzesne/natillak… Berdin itzulpen-lanetan, hiztegian begiratu eta deseroso sentitzen garenean, edo puzka hasten garenean, edo, lankideak baldin baditugu inguruan, barretxo inozoak egiten ditugunean: «Hori erabili behar al dugu benetan?». (Esango nuke, dena den, azken jokamolde hori adinean gora egin ahala osatzen ari zaidan gaitza dela. Edo lanbidean esperientzia metatu ahala, bestela. Zorionez edo zoritxarrez).

Beharbada etxetik kanpo euskaldundu garenon konplexua baino ez da, edo neurea baino ez.

Gizarteratzeko halako ahalegin bat, besteak bezalakoa izateko (mintzatzeko) nahia. Kontua da gure txiki handiak, batere esfortzurik gabe, eskura zituen baliabideekin, hitz egoki, zuzen, ulergarri, funtzional eta dotore askoa sortu zuela boteprontoan. Hizkuntzak ematen zizkion tresnekin sorkari zoragarri bat osatua zuen. Eta hor nentorren ni, haren sormena eta asmamena kamustera. Gure umeak gizartean egin duen bere bost urteko ibilbidetxo horretan oraindik bereganatu ez dituen konplexuak, beldurrak, bizioak eta moztasunak kutsatu behar al dizkiot, ba? Zergatik nire beldur hori, umeari ukondo-babesa esateko? Zergatik eta zertarako ikasi du gure txiki handiak –nigandik, ikasi ere– objektu hori kodera deitzen dela, eta ez ukondo-babesa edo ukondo-babesgarria? Izan ere, ziur nago kodera horren jatorriaz eta osaeraz arrastorik ere ez duela. Harentzat ukondo izena duen gorputz-atala gazteleraz codo denik jakin ere ez du egingo oraindik agian. Zergatik, orduan, kodera erabili? Zer justifikazio du horrek? Eskolako patioan piztia arraro bati bezala begira ez diezaioten?

Eta damu naiz, nolabait. Zenbat eta zenbat aukera ez nituen galduko erdal alferrikako mailegua baztertu eta euskaraz sortutako hitza eskaintzeko umeari? Azken batean, harentzat maila berean dira arrotzak edo berriak kodera eta ukondo-babesa. Are gehiago, bigarrena, ukondo-babesa, ulertuz ikasiko duen hitz bat izango da harentzat. Kodera, aldiz, atzean zer ezkutatzen duen ulertu gabe buruz ikasiko du.

Pentsatzen jarrita, esango nuke horrexegatik hartzen dudala halako gozamena Koldo Izagirreren testuetan bere uztako hitzekin topo egiten dudanean. Lorea Gernika. Andrazko bat liburuan (Susa, 2015), adibidez. Pertsonaia tren-geltoki batean dago, ordutegi zerrenden alboan celloz atxikita dagoen afixa bati begira. Afixa gustuko izan ez, eta kendu nahi izan du: «Afixa kentzekotan egon da, baina segurmando bat hurbildu zaio norako trena hartu nahi duen galdezka, eta alde egin du». Segurmando bat, alajaina! Hain ederki sortuak dira, hizkuntzak eta bere buru argi eta jostalariak eskaintzen dizkioten baliabideak soilik erabilita, gizarteak (eta bestek) ezartzen dituzten ohikerietatik eta arauetatik bazter…! Gizarteratze-prozesuaren hasiera-hasieran dauden umeek bezala jokatzen du, azken batean. Eta hitza sortzen berak sentituko zuen plazer ludiko-estetiko bera sentitzen du irakurleak ere hitzarekin topo egiten duenean.

Amaitzeko, azken aldi honetan egin dudan beste irakurketa batekin beste lotura bat. Ez dakit zer pentsatuko duen Kepa Altonagak (Back to Leizarraga, Pamiela, 2015) honetaz guztiaz. Ipurdi-babesgarriak zehaztasun terminologikoa falta du, ziur aski. Ez dut uste itzulgarritasun biunibokorako bidea ematen duenik. Argi dago ez dela kanonikoa. Eta ez, ez du gure hizkuntza homologagarria egiten, inondik ere. Baina, a ze gozamena hura entzutean! Altonagaren liburuan sustut edo koiu irakurtzearen adinakoa. Eta, azken batean, zer axola du, ba, (zoritxarrez) existitzen ez den asmakizun baten izen asmatua baino ez da eta.

(Goian kontatu dudana irakurrita, balirudike gure umea isolaturik eta gizartearen eraginetik aske bizi dela guztiz. Ez, noski. Jasotzen ditu inguruko eraginak. Aurrekoan, autoan gindoazela, autokarabanentzako parking horietako bat ikusi genuen errepidetik hurbil. «Hara, zenbat arrulot!», bota zuen berak. Arrulot ez, rulot (roulotte) zela jakinarazi genion. Eta berak temati, ezetz. Tito Yayori entzuna ziola hitz hori eta arrulot zela. Tito Yayo Espainiako Boing telebista kateko marrazki bizidun batzuk dira. Alferrik izan ziren gure azalpenak: una-rulot entzun eta un-arrulot ulertu, eta abar. Berdin dio aitak edo amak zer argudiatzen duten; Tito Yayok esan badu…).

5 Replies to “Patinetan ibiltzearen onurak (eta kalteak)”

  1. Kaixo, Isabel: zure semeak euskaraz oso ondo dakiela erakutsi baino ez du egin, euskararen arauak guztiz barneratuak dituela ta natural darabiltzala. Orain harrituko zaitut: nire semeak ateraldi berdintsua izan zuen egoera berdintsuan adi beretsuan, baina “ipurdirako babesa” esanda, guk “babesak” esaten genizkielako (belaun babesak…). Ta kasualitatea: aste honetan bertan esan zidan (16 urte orain ): “euskara gozada bat da. Edozein tramankulutarako izena sor dezakezu -tzekoa gehituta”. Sortze bide kanonikoak, homologagarriak ta unibokoak.
    Bejondeiela euskararen sortze bideak Izagirrek eta zure semeak bezain ondo ezagutzen dituztenei, sorkari horiek xamu-xamur sartzen direlako diskurtsoan, oin biluziak etxeko zapatiletan nola zapatu goizetan.

    Atsegin dut

  2. Ene! 31eskutik-en idaztea bezalakorik ez dago munduaren berri izateko. Eskerrik asko, Peru!

    Eta eskerrik asko, Ana. Ezusteko polita, gure semeen arteko telepatia… 11 urte bitarte!

    Zuen iruzkunei esker askoz ere lasaiago nago, fisikoki eta intelektualki.

    Atsegin dut

  3. Euskaldunok, bai, oztopo gaindiezinak ditugu ukondo-babesa, ogitartekoa, arrautzesnea… bezalakoak ikasteko. Ezinezkoak ia… Ez ordea selfie, WahatsApp, bocata, outlet… tankerakoak. Gurea oso hizkuntza zaila da beti, maldan gorakoa; besteena (edozein dela) aski erraza, bide zelai erosokoa.
    Artikulu ederra!!!

    Atsegin dut

Utzi iruzkina