Ergatibo-marka pertsona-izenen koordinazioan: bat ala bana?

Garikoitz Knörr

«Gramatikak, zentzu komunak eta are euskal idazle klasikoek adierazten digute izen-koordinazioan elementu guztiek daramatela kasu-marka. Gaur egun, ordea, anitzek jokatzen du bestela —gero eta gehiagok, eginen nuke— eta ez nuke jakinen erraten hiru hanka horietarik zeinek huts egiten dien.» (Ales Bengoetxea, 2002)

Aitor dezadan lehenbailehen: ordu askotxo eman, ematen eta, ziur aski, emango ditut Facebook euskaratzen. Bai, badakit: zergatik musutruk aritu, motel, itzulpen-lanak ordaintzeko sobera diru duen enpresa batentzat? Labur-labur adieraztearren (ez baita hori gaur ekarri nahi nuen gaia edo eztabaida): zerbitzua ingelesa ez den hizkuntzetan ere emateko aukera eskaintzen du Facebookek, ez baita gutxi. Komunitateak (edo erkidegoak: zergatik diogu beldur hitz horri politikaren alorretik kanpo?) euskaratzen ez badu, argi dago Zuckerberg-Eneak ez duela zeregin horretan zentimo bat ere inbertituko, epe laburrean ez behintzat.

Natorren harira: Facebooken interfazea itzultzeko orduan, mota guztietako zailtasunak aurkitzen dira bidean, terminologikoak asko, eta morfosintaktikoak ere ez gutxi. Bestalde, hitzak eta esaldi edo kateak itzultzeaz gain, aurretik bestek eginiko itzulpenak ikusi, bozkatu eta, behar izanez gero, itzulpen berriak proposatzeko aukera ere ematen du tresnak.

Hona hemen oso maiz azaltzen den kate mota bat, itxuraz erraz-erraza:

{name1}, {name2} and {number} others like this.

Nola jokatu horrelako zerbaiten aurrean? Gehienetan, itzulpen hau ikusten da —beste aukera batzuen artean— Facebook itzultzeko aplikazioan:

{name1}, {name2} eta beste {number}(e)k atsegin dute hau.

Hori horrela itzuliz gero, honako hau bistaratuko da Facebooken, besteak beste eta izenak izen:

Eneko, Iruri eta beste 5(e)k atsegin dute hau.

Baina zuzena da esaldi hori? Oker egon naiteke, eta atsegin handiz irakurriko nituzke zuen iritziak, baina niri ez zait euskara egokia iruditzen: ergatiboaren marka azken elementuan soilik irakur-entzuteak alarmak pizten dizkit begi-belarrietan.

Halakoetan, bide honetatik jotzea nahiago dut nik:

{name1}(e)k, {name2}(e)k eta beste {number}(e)k atsegin dute hau.

Kate horrek erabiltzailearen pantailara eramango duen esaldi parentesiz josia ez da noski oso estetikoa, ados, baina hori da senak eskatzen didana:

Eneko(e)k, Iruri(e)k eta beste 5(e)k atsegin dute hau.

Dena dela, horrenbeste itzulpen oker(?) ikusita, zalantza sortu zitzaidan, eta kontua zertxobait ikertzeari ekin nion. Zehazki, izen bereziak —batez ere pertsona-izenak— ergatiboan ageri ziren segidei begiratu nahi nien. Hiru iturri izan ditut abiapuntu (ikus, halaber, bukaerako 3. oharra, Sareko Euskal Gramatikari buruzkoa): batetik, Ales Bengoetxeak (2002) Senezen argitaratu zuen «Kasu-marken erabilera izen-koordinazioan» artikulu landu eta jakingarria; bestetik, Euskal Gramatika Osoa (2012), eta, azkenik, Euskaltzaindiaren 111. araua: «Izen sintagmen arteko juntadura dela eta». Hirugarren horri helduko diot lehenik.

Euskaltzaindiak zer dioen

Zoritxarrez, eskuartean dugun auzi honi dagokionean behintzat, ez da erabat lagungarria 111. araua. Hona hemen zer dioen, 3. atalean (1803. orr.):

Pertsona izenordeek berez izen sintagma mugatuak osatzen dituztenez gero, juntatzen direnean, hondarki osoa (hau da, kasu marka eta guztiko) izan behar dute (EGLU IV, 34-35). Gaizki eratuak dira ‘beraz’ [komatxo horiek jatorrizkoan daude, nik ez baitakit zergatik] ondoko formak, lehen juntagaiak, pertsona izenordea izanik, ez baitakar kasu markarik:

*Zu eta niri gertatu zaigu
*Ni eta zuk egingo dugu
*Gu eta zuetaz mintzatu ziren

Bada, izen bereziak ere (oso oker ez banago) izen-sintagma mugatuak direnez gero, horiek ere arauaren atal horretan sartzekoak direla pentsatu beharko genuke, baina eskertzekoa zatekeen adibide esplizituren bat eman izan balute.[1]

Hala ere, Jagoneteko galdera batean, honako esaldi hauek guztiak zuzenak ote ziren galdetu zuen erabiltzaile batek, eta erantzuleak baietz ihardetsi[2]:

Leirek eta Enekok garbitu dute autoa.
Leire eta Enekok garbitu dute autoa.
Leire eta Enekoren artean garbitu dute autoa.
Leireren eta Enekoren artean garbitu dute autoa.

Niri behintzat oso gogorra egiten zait bigarrena, «Leire eta Enekok garbitu dute autoa», alegia. Gainera (eta, berriro diot: oso oker ez banago), ez dator bat 111. arauarekin.

Euskal Gramatika Osoak zer dioen

Bestalde, Euskal Gramatika Osoan, «Emendiozko juntagailuak: ETA» atalean (697. orr.) ere bada gai honi buruzko argi( edo nahas-)biderik. Lan bestela bikain horretan, izan ere, ontzat jotzen dira honako adibide hauek (eta argi gera bedi neuk ere ez ditudala okertzat jotzen, eta ereabili ere erabiliko nituzkeela; arrazoiren bategatik, ergatiboan ikusten dut nik arazoa, ez horrenbeste datiboan edo bestelako postposizioetan):

Josuri eta Begori ez diegu ezer esan.
Josu eta Begori ez diegu ezer esan.
Jon, Miren, Itziar eta KoldoREKIN joango naiz. (701. orr.).

Tamalez, ez dut aurkitu pertsona-izenak ergatiboan darabiltzan adibiderik, baina balirudike[3] hau ere ontzat emango luketela egileek:

Josu eta Begok ez dute ezer esan.

Euskal Gramatika Osoan bai zehazten da, ordea, nola jokatu pertsona-izenordainekin: «Izen-sintagmaren ardatza pertsona-izenordaina denean, sintagma osorik esan behar da; hau da, bietan jarri behar da kasu-marka.» (699. orr.) Eta, besteak beste, bi adibide hauek ematen dira:

ZuK eta niK berdintsu pentsatzen dugu.
ZuEI eta guRI gauza bera gertatzen zaigu.

Lehenago esan bezala, ez dut uste arrazoirik dagoenik pertsona-izenordainak eta pertsona-izenak (eta izen bereziak, oro har) era desberdinean tratatzeko, biak baitira izen-sintagma mugatuak. Bestela esanda: barruak esaten dit «Zu eta nik berdintsu pentsatzen dugu» bezain desegokia dela «Mikel eta Mirenek berdintsu pentsatzen dute».

Tradizioari begira

Beraz, hori guztia ikusirik, ontzat eman behar dugu ergatiboaren kasu-marka azken elementuan baino ez agertzea? Bada, ematen du baietz. Dena dela, nahita utzi dut azkenerako Ales Bengoetxearen ikerlan gomendagarria (goi-goiko aipuarekin haren jarrera aurreratu badut ere): izan ere, bere artikuluan zenbait salbuespen ere aipatzen —eta behar bezala sailkatzen— baditu ere, egileak argi eta garbi erakusten eta ondorioztatzen du ezen «euskalki eta garai guztietako euskal idazleek idatzi dituztela enumerazioak elementu guztiei kasu-marka gaineratzen zietela», eta nik ez dut pisuzko ziorik ikusten bide horretatik aldentzeko, ezta Facebookeko parentesi itsusiak desagerrarazteko bada ere!

Oharrak:

1. Lerro hauek idazten ari nintzela, arauaren —edo, hobeki esan, arauaren neure interpretazioaren— kontra doan adibide bat etorri zitzaidan gogora. Jon Muñozen Loroaren teorema itzulpen ezin txukunagoaz ari naiz, zeinean hau aurkitzen baitugu, esate baterako:

«…eta zeinek berea bereganaturik zeuzkaten Jonathan-eta-Léak, bikiek». (16. orr.)
«Jonathan-eta-Léak elkarri erantzuten zioten». (19. orr.)

«Jonathan-eta-Léak», beraz, ezen ez «Jonathanek eta Léak». Hala ere, ohar bitez marratxoak: bikiak dira Jonathan eta Léa, eta biak bat balira bezala jokatzen dute, oro har, liburuan. Hortaz, lizentzia onargarria iruditzen zait, inondik ere, kasu horretan.

2. Morfosintaxi hutsari —formari eta eraketari— erreparatu diot azterketatxo honetan. Semantikaren edo are pragmatikaren ikuspegitik ere badagoke zer esanik, zalantzarik gabe. Esate baterako, iturri gehienek baliokidetzat —egokitzat ez ezik— jotzen dituzte, itxura denez, gisa honetako esaldiak:

(a) Mikelen eta Mirenen gurasoak.
(b) Mikel eta Mirenen gurasoak.

Bada, biak zuzenak izatekotan ere, susmoa dut interpretazioa desberdina izango litzatekeela edo izan lezaketela:

(a’) Mikelen eta Mirenen gurasoak (bi edo lau guraso)
(b’) Mikel eta Mirenen gurasoak (bi guraso)

3. Hau idazteari ekin nionean, Sareko Euskal Gramatikan ez nuen honi buruzko argibiderik aurkitu, edo ez nuelako behar bezala bilatu, edo oraindik atal hori osatu edo sareratu gabe zegoelako. Kontua da orain badela zerbait, «Juntadura» atalean, eta bereziki «Juntaduraren zenbait ezaugarri» Azterketa sakonik egingo ez badut ere, ez nuke hau amaitu nahi labur-labur Sareko Euskal Gramatikako zenbait pasarte eta adibide hona ekarri gabe. Oro har, ergatibo-marka banarekin ageri dira beti pertsona-izenak adibideetan:

Anek eta Mikelek irratia eta telebista erosi dituzte.
Maitek eta Monikak egin dute aurkezpena.

Bestalde, gure aztergaiaren gaineko argibide zehatzagoren bat ere ageri da:

a) bi IS [izen-sintagma] kasu marka edo postposizio bakarrarekin.

Aukera hau guztiz eragotzia dago erakusleekin, pluraleko artikuluekin eta izenordainekin:

*Auto hura eta kamioi hari isuna jarri diete.
*Ikasleak eta gurasoei egin zaie bilerarako deia.
*Zu eta niri ekarri dizkigute opariak.

Berriro ere, izenordainak ditugu hor debekuaren hartzaile, baina izen bereziak ez dira aipatzen. Eta, zertxobait beherago:

Baina IS-ak determinatzaile mugatzailearekin amaitzen ez direnean, horrelako kasuak ager daitezke, adibidez, izen bereziekin eta zenbait determinatzailerekin:

Ane eta Josuri deitu diezu?
[…]

Nolanahi ere, adibide osoak ohikoagoak dira, eta adieraren aldetik ere ez dirudi desberdintasunik dagoenik:

Nik Aneri eta Josuri deitu diet.
Nik Ane eta Josuri deitu diet.

Azken adibide horietan, badirudi aski —eta onargarria— dela datiboaren kasu-marka bakarra erabiltzea. «Ane eta Josuk deitu dute» ere ontzat eman daitekeela ulertu behar ote da?

* * *

  [1]       Bide batez, harrigarria iruditzen zait 111. arauaren 4. atalean ageri den «zure emazte eta alabek» adibidea, ontzat ematen baita, «zure emazteak eta alabek»en baliokide.

  [2]       Behin betiko bertsioan desagertu ziren arren, arauaren aurreneko idatzaldian bi adibide hauek (zer eta pertsona-izenekiko adibideak; lastima!) ageri zirela ere azaltzen du erantzuleak Jagoneten:

– Pelloz eta Maddiz mintzatu zara.
– Pantxika eta Urkori kantatu diet.

  [3]       http://sustatu.eus/1370962839879