Mimetikoak? Lexikalizatuak? Defektiboak?

Xabier Aristegieta Okiñena

Gaurkoan hitz egin nahi nuke euskararen hitz-altxorrean bereziki maiz –hala iruditzen zait niri behintzat, beste hizkuntza batzuekin alderatuta– gertatzen den fenomeno bati buruz: kasuko aditz-oina, edo adjektiboa, edo adberbioa… aldiaren, pertsonaren edo numeroaren arabera aldatu beharrari buruz. Hain zuzen ere, aditz bat jokatzen dugunean bezalatsu.

Edo, agian, aipaturiko horiek aldatu behar ez izateari buruz.

Eta hortxe dago koska.

Onena, adibide bati heltzea, zertaz ari naizen argi ikus dadin.

Hiztegi Batuak honako sarrera hau jasotzen du (azpimarrak nireak dira):

delako [aditzaren aldiaren eta numeroaren arabera aldatzen da]: Crimée delako aurkintzan soldadu zaurituen artatzen ari da; fakir zelako batek bere lanean nolako gauzak egiten zituen ikusteko; short direlako galtzamotzak; “Zazpigarren…” zirelako film gehiegi ikusia nintzen

Alegia: delako hori ez da hitz finko bat, lexikalizatua, edozein esalditan beti-bateko forma duena, baizik eta Hiztegi Batuak aipatzen dizkigun faktoreen arabera aldatu egiten da eta aldatu behar da. Nolabait esatearren, faktore horiekin mimetizatu egiten da –zilegi bekit biologiako metafora–.

Ekarri dudan adibidean Hiztegi Batuak erantsitako ohar hori biziki eskergarria da duda-mudak uxatzeko. Hasieran esan bezala euskaraz tankera horretakoak diren –edo behintzat itxura hori duten– beste hitz asko dauzkagunez, horien zerrendatxo bat apailatu dut, batzuetan erabilerarekin sortzen zaizkigun zalantzak argitzen saiatzeko:

  • Oraindik. Hitz honen kasua «klasiko» bat dela esango nuke. Osagai nagusia «orain» elementua duenez, zalantza sortzen da ea iraganaldiko esaldietan erabil daitekeen ala ez. Alegia, oraindik ez dut bazkaldu esaldia iraganaldira pasatzen badugu, zuzena al da oraindik ez nuen bazkaldu esatea? Sarritan ikusi izan dut kasu horretan artean ez nuen bazkaldu esaldira jotzen duela askok, baina horrekin zalantzari (oraindik iraganaldian erabiltzearen zuzentasunari) itzuri egiten zaio, ez zaio erantzuten. Bada, Euskaltzaindiaren Hiztegiak auzia argi uzten du, oraindiki ematen dion 2. adiera hauxe baita: “(Lehenaldiko testuinguruetan). Ik. artean”. Beraz, bai: oraindik lexikalizatuta dago, eta zuzena da oraindik ez nuen bazkaldu.
  • Agidanez. Euskaltzaindiaren Hiztegiak orainaldia erabiliz adierazten du esanahia: «Dirudienez, itxura denez». Baina, ematen duen adibideak argi uzten duenez, lehenaldian ere erabil omen daiteke: Ez ziren denak gogaide minak, agidanez, ezta hizkuntza auzietan ere.
  • Dagoeneko. Beste zalantza-eragile klasiko bat. Baina, Euskaltzaindiaren arabera, argi dago lexikalizatuta dagoela eta lehenaldian lasai asko erabil daitekeela. Hona Hiztegi Batuko adibide bat: hori, urte haietan, dagoeneko aldarrikatua zuten Altubek eta. Eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak beste hau ere badakar: Iluntzeko bederatziak ziren dagoeneko.
  • Gaurkotu. Ez dut murriztapen-oharrik aurkitu aditz honen erabilerari buruz. Horrela, ba, pentsa liteke webgunea iaz/urtarrilean/atzo gaurkotu zuten teorikoki zuzena dela. Nolanahi ere, eta horrexegatik, alde handiz nahiago izaten dut kasu guztietan eguneratu.
  • Beregain. Euskaltzaindiaren Hiztegiak hauxe dio horri buruz: «Bereiz; bere kontura, inoren mende egon gabe. (Subjektua hirugarren pertsonan doa)». Beraz, kasu honetan hitza ez dago lexikalizatuta, eta argi dago, eskaintzen dituen adibideetako bati heldurik, beregain jartzea erabaki nuen edo beregain bizi nintzelako okerreko esaldiak direla. Sortzen zaidan zalantza da ea beregain hori mimetikoa den eta, beraz, neregain/neuregain erabili ahalko ote genituzkeen adibide horietan, ala beregain hitz defektibo bat den –aditz batzuei buruz esan ohi den bezala–, beste subjektuen araberako moldaketarik onartzen ez duena.
  • Berekoi. Antza du beregainekin, baina ez da kasu bera, Euskaltzaindiaren Hiztegiak berariaz ohartarazten baitu honakoa: «Hirugarren pertsonan aipatzen direnekin soilik erabil daiteke. Ik. zeurekoi». Alegia, izenondo mimetikoa litzateke, pertsona ezberdinekiko egokitzapena onartzen duena.
  • Bereganatu: Hiztegi Batuak neureganatu, zeureganatu, geureganatu eta abar jasotzen dituenez, argi dago aditz mimetikoa dela.
  • Hartaratu. Euskaltzaindiaren Hiztegiak esanahi hau ematen dio: «Hartara heldu, eraman edo behartu». Aditz honekin gauza bitxi bat gertatzen da: Hiztegi Batuak horretaratu ere jasotzen du, baina ez honetaratu. Beraz, ez guztiz mimetikoa, ez lexikalizatua eta ez defektiboa. Sui generis. Tira, pentsatzen dut Euskaltzaindiak ez duela problema berezirik ikusiko hurrengo batean Hiztegi Batua honetaraturekin aberasteko.
  • Azken kasu bat aipatu nahi dut. Behin batean Interneten[1] esaldi honekin egin nuen topo: Oso garbi genuen ez dakit nongo aitona-amonari behin edo behin entzundako hitzak edo esakerek ez dutela tokirik liburuxka honetan. Jakina, galdera da ea ez dakit zer/ez dakit nola/ez dakit nongo… motako espresioetako ez dakit hori mimetikoa, lexikalizatua ala defektiboa den; eta, horren arabera, adibideko esaldia zuzena den ala ez. Gogoetarako uzten dizuet.

[1] http://www.badihardugu.com/argitalpenak/berbeta_berua