Mundu mailan

Xabier Aristegieta Okiñena

Joan den urriaren 5ean, honako mezu hau argitaratu zuen Twitter-en Elhuyar Hizkuntza kontuak:

Batzuetan, MAILA gehiegi…
? : Oso ezaguna da mundu mailan
✓ : Oso ezaguna da mundu (oso)an

Lehen hausnarketa bat egitera bultzatzen nauena oharraren formulazioa bera da. Alegia, erabilera jakin bat gehiegizkotzat jotzea. Definizioz, edozein gehiegikeria da-eta baztertzekoa –baita espresio jatorrenarena ere–. Horrela, ba, pentsa daiteke Elhuyar Hizkuntza-ren ohar horren helburua ez dela izan halako gauza nabaria azpimarratzea, eta guztiaren funtsean espresio horri buruzko gaitziritzia datzala –gaitziritzi lausoa bada ere–. Gure artean aski hedatua dagoen ohitura baten aski erakusgarria da: hitz edo espresio jakin bat okerra dela bipil esan gabe, okertasun frogatuaren efektu bera –erabilera hori baztertzea, alegia– sorrarazten da.

Antzera gertatzen da, esango nuke, Euskaltzaindiak hitz batzuk hobestearekin –eta, hobespenaren ifrentzu, besteak gaitzestearekin–. Emaitza, kasu batzuetan, testugilearen ziurgabetasuna izan daiteke: hitz edo espresio bat hobesten denean, haren aldean hobetsi ez dena onargarria da berez, bai ala ez? Beste batzuetan testugileak, oldarraldi batean, beharbada auzitan jarriko du ea araugintzako erakundeen zeregina ote den debekatuta ez dagoen hitz baten egokitasunaren nondik norakoak juzgatzea. Ala ez ote den estilo-liburu baten (eta berorren eragineremu mugatuaren) arloko kontua izango. Ala, zuzen-zuzenean, norberaren hautamen burujabeari dagokion askatasunaren eta erantzukizunaren esparruari dagokiona.

Baina ez nuke gogoeta-ildo orokor horretan barrena desbideratu nahi, artikulu honen aztergaia mundu mailan (eta, oro har, X mailan) espresio ustez desegoki hori baita. Desegokitasun-irizpen arras zabaldua, eta inola ere ez Elhuyar-ek soilik aldeztua: esku artean dut, adibidez, HAEEk argitaraturiko Zalantza-dantza izenburudun liburuxka bat (horren argitalpen-dataren zantzu bakarra, salneurria pezetatan egotea; beraz, euroaren 2002ko urtarrilaren 1etik aurrerako ezarpen erabatekoa baino lehenagokoa). Bada, 43. orrian, hauxe dio hitz-multzo bati buruz (horien artean, maila): «Hitz hauek gehiegi erabiltzen dira inolako beharrik gabe, gauza bera adierazten baita hitzok erabili gabe». Ikusten denez, berriro ere gaitzespen lauso edo zeharbidezko hori: okerreko espresioa dela esatera ausartu gabe (eta, hori horrela, espresioa zuzena dela besterik ezin dugu ondorioztatu), praktikan izurritsu bat balitz bezala tratatzen du, «beste erremediorik geratzen ez denean» soilik erabiltzekoa. Eta adibide esanguratsu hau eskaintzen du, gure aztergaiari gagozkiola:

*Zuzendari-mailako bilera izan zen ostegunean.
Zuzendarien bilera izan zen ostegunean.

Atea ez zaio euskararen kasuan bakarrik ixten espresioari. Gaztelaniaz ere, hedatuak dira a nivel de espresioarentzako muzinak eta gaitzespenak. Esate baterako, Lázaro Carreter-ek dio, El dardo en la palabra-n, hirurogeiko hamarkadan hartutako anglizismoa dela. Espresioaren erabilera egozten die sarkastikoki deritzen elegancias expresivas de los tecnócratas batzuei. «Tan peregrino y exquisito lenguaje ha calado hondo», husten ditu barrenak. Eta gaitzeszigilua tintan bustirik, gehitzen du, gure artean ere jarraitzailerik izan duen arbuiakortasun horrekin: «Y es especialmente ridículo el encantador anglicismo cuando no se establece con él rango alguno: a nivel de presencia, a nivel de influencia, a nivel de novios (que no es rango, sino feliz accidente)». Kontuz: «especialmente ridículo». Gainerako kasuetan ere badela baztertzekoa, alegia. Kasu batean, baina, justifikatutzat jotzen du espresioa: «solo se halla justificado, por la dificultad de expresarlo de otra manera, a alto nivel».

Le Petit Robert hiztegiak ere, bertan au niveau de begiraturik, emploi critiqué oharrarekin batera jasotzen du honako esanahia: «En ce qui concerne (ce qui est). Au niveau national. Problèmes au niveau des finances».

Gaitzespen hedatua, beraz, bai euskaragintzako bai gure inguruko hizkuntzetako intelligentsia-n zehar.

Espresioaren jatorria ingeles hizkuntzan dagoela dioen azalpenarekin koherente, Longman Dictionary of Contemporary English hiztegiak inolako espanturik gabe dizkio ateak irekita:

levelDRAEk ez du a nivel de jasotzen. Alabaina, erabilerari bizkar ez ematea erabakita, horra zer dioen Diccionario panhispánico de dudas-ek (Fundéu-ren webgunetik kopiatuta):

nivel. a(l) nivel de. (…) Hoy se ha extendido enormemente el uso figurado de a nivel de + sustantivo, así como el de a nivel + adjetivo. Ambas construcciones son admisibles siempre que en ellas la palabra nivel conserve de algún modo la noción de ‘altura’ o de ‘categoría u orden jerárquico’: «Han decidido establecer relaciones diplomáticas a nivel de embajada» (HdzPadilla Política [Méx. 1988]); «No existía un programa de rehabilitación a nivel nacional» (Cibeira Bioética [Arg. 1997]). Por el contrario, la lengua cuidada rechaza su empleo cuando no está presente ninguna de estas nociones y se emplea, indebidamente, con los sentidos de ‘con respecto a’, ‘en el ámbito de’, ‘entre’ o, simplemente, ‘en’: *«A nivel de mucosas digestivas también hay gran irritación» (Arranbide/Talamoni Plaguicidas [Arg. 1992]).

Beraz, nolabaiteko ikuspegi hierarkiko bat ametitzen den kasu guztietarako behintzat, a nivel de espresioaren erabilera zilegituta dago gaztelaniaz.

**********

Galdera potoloa egiteko unea iritsi zaigu: sinonimotzat har al ditzakegu oso ezaguna da mundu-mailan eta oso ezaguna da munduan/mundu osoan?

Aitortzen dut dena delako hitz edo espresio batek hiztunen artean hedapen ohargarri bat lortzen duenetan joera handiagoa izaten dudala pentsatzerantz hitz edo espresio horrek ñabardura berri edo desberdinen bat eskaintzeagatik lortu duela hiztunen onarpena, hitz edo espresio hori berrikeria edo modakeria funsgabetzat baztertzerantz baino.

Mundu maila ez da toki bat, nazioartea ere –beste adibide bat jartzearren– toki irudikagarri bat ez den bezalaxe. Eta esango nuke mundu mailan-ek ez diola NON?-i erantzuten, NON kasuan deklinatzen dugun arren. Bestela, posible izango litzateke non bizi zara? galderari mundu mailan bizi naiz erantzutea, ez?

Munduko-k NONGO?-ri erantzuten dion ez bezala, mundu mailako hurbilago dago NOLAKO?-ri erantzutetik (edo kideko bati, hala nola ZENBATERAINOKO?-ri). Horregatik, esate baterako, munduko lankidetzak ez du zertan, inola ere, mundu mailako lankidetza izan. Eta edonork konpreni dezake Estatuko loteria guztiak ez izatea Estatu mailako loteriak. Edo eskualdeko zerbitzuak ez nahitaez izatea eskualde mailako zerbitzuak.

Euskaltzaindiaren Hiztegia-k maila hitzari ematen dion bosgarren adiera hauxe da: «hierarkia edo balio sistema batean, egonguneetako bakoitza».

Izan ere, mundu mailan (eta, oro har, X mailan) dioenak aditzera ematen du argi-izpi zorrozki analitiko bat isurtzen duela errealitatearen gainean: hizpide hartu duen horren kokaleku gisa testuinguru hierarkizatu bat eraikitzen du (Euskaltzaindiaren Hiztegia-n erabilitako hitza hierarkia da), eta hain zuzen testuinguru horrekiko loturadun gisa ulertu behar da X mailan espresioa. Halatan, maila pertsonalean dioenak, kasuko afera beste geruza batzuetatik ere kontsidera daitekeela aditzera ematen du. Zelula mailan dioen zientzialariak, berdin. Horregatik, baliokide huts-hutsa balitz bezala mundu mailan-en ordez munduan baldar bat jartzeak ez luke ase utzi beharko itzultzaile fin bat.

Bestalde, horrelako hierarkia bat eraikitzea estuki lotuta dago ikuspegi metaforiko bat aplikatzearekin, eta metaforak aurkitzeko gaitasunaren edo sentiberatasunaren zabala nekez da bateragarria X mailan espresioari esanahi-muga zorrotzak ezartzearekin.

Kontzeptuzko kontsiderazioak alde batera utzita, ezin ahaztuzkoa da aztergai dugun espresioari lekukotasunek ematen dioten zilegitasuna. Orotariko Euskal Hiztegia-n, adibidez, maila-ren adiera hau jasotzen da, besteak beste:

Campo, materia; dimensión, esencia. v. alor (2). (…) Senaren edo susmoaren maillatik irten ezinda, igarian zebillen egia bat. Vill Jaink 101. [Emandako urratsak,] lehenbizi “nebulosa” delako ortatik, bizitzaren maillaraiño. Ib. 47. Eliza-mailean ere herri-mailean bezala. Larre ArtzainE 298. Ekonomiaren aldakuntzek berehalako ondoriorik izaten ez dutelako beste zenbait mailatan. MIH 380. [Sinkronia eta diakronia] ez dira hizkuntzaren mailako bereizkuntzak, metoduaren mailakoak baizik. MEIG VII 174. Fonologi mailan mugitu. MEIG VI 132. Berak izpiritu-mailan egon behar du. “Poseer una dimensión […] espiritual”. MEIG IX 135 (en colab. con NEtx).

Alegia, mundu mailan-en tankerakoak ez daude euskaldun «arrunten» artean bakarrik hedatuta: aitzitik, espresioaren erabiltzaileen artean Luis Villasante eta Koldo Mitxelena bezalakoak ere aurki daitezke. Edo Juan Mari Lekuona, Uztapideren Lengo egunak gogoan-i eginiko Atari gisa sarrera-testuak erakusten digun bezala:

  • Iñork pentsatu ere gabea zan Uztapidek, kontu esaleen maillan, orrelako liburu mardul eta aberatsa egingo zigunik.
  • Joera berri bat asi da: aoz aozko literatura maillan oroitzapenak eta kondairak argitaratzea.
  • Ao-literatura maillako beste zenbait azterketa interesgarri ere egin daiteke liburuaren bigarren zati au oiñarri artuta.
  • Or daude gure bertsolaritza baldintzatu duten lege eta oiturak, batez ere azken aldi ontan; or gure erri maillako olerkarien sikolojia…
  • Erri maillako korografia baten antzera, or uzten digu erriaren estrato bat nola zan agiri zeatza.

Azken batean, esango nuke X mailan espresioa gaitzestea zera dela, errealitateari begiratzeko modu metaforiko bat ukatzea. Euskararentzat aberasgarria izan arren eta gure inguruko hizkuntzek konplexurik gabe erabili arren, askotariko beste adibide hauetan ikusten denez:

  • en el plano internacional / auf europäischer Ebene / sur le plan de la logique
  • esfera pública, esfera privada / public sphere, private sphere / sphére publique, privée
  • desde el prisma de la igualdad / through the prism of / à travers le prisme de
  • círculo de amigos / circle of friends / cercle d’amis / Freundeskreis
  • Una evolución intelectual paralela a la experimentada por su padre (DRAEtik hartutako adibidea) / “Vies parallèles”, de Plutarque (Le Petit Robert-etik hartutako adibidea) / Social changes in Britain are matched by parallel trends in some other countries (Longman Dictionary of Contemporary English hiztegitik hartua)

«Errealitatearen gaineko begirada geometriko» dei geniezaioke? Agian bai.