Dabilen harria eta gezur zuriak

Jose Ignacio Hualde

Itzuli baino lehen testua interpretatu, ulertu behar duzu. Testuaren egilea bizirik badago, beharbada mezu elektroniko bat bidal diezaiokezu argitasun bila, zerbait ulertzen ez duzunean. Aldiz, testua beste garai batekoa bada, edo ahozko tradizioaren bidez ailegatu bada guregana, askotan lan gehiago egin behar dugu puntu ilunak argitzeko. Beste artikulu batean aipatu nuen adibide batekin hasteko, ziur asko San Mateoren garaikide greko-judutarrentzat pylai hadou ‘hadeseko/infernuko ateak’ esapideak esanahi gardena zuen; baina denbora iragan ahala, esanahia ilundu zen. Prudenek, nire artikuluari egindako iruzkin batean esaten digunez, Bibliaren itzulpen batzuetan esapide hau ‘herioaren indarra’ bezala itzuli bada ad sensum, hau interpretazio edo exegesi baten ondorioa izan da (ikus adibidez hemen azalpen baterako). Horrelako gauza asko aurkitzen ditugu Biblian eta beste testu zaharretan, noski.

Gauzak are ilunagoak izan daitezke. 1596ko Refranes y Sentencias liburuko “Gatzean, gatzean, ta ez Ibarguengorean” errefrauaren esanahia ezin da ulertu gertakari historiko jakin bat ezagutu gabe —eta gaztelania jakin gabe (ikus Urkixo 1919).

Ikus dezagun hirugarren adibide bat. Juan San Martinek (1966) hurrengo kopla jaso zuen Izaban, eta alboan agertzen den bezala itzuli zuen gaztelaniara, hasiera batean:

Bar baduk erosi túpla                     Si necesitas comprar cebolla
ene bartzian baratxuri                    en mi huerto hay ajos.
Paskalantonion eztieusa                 la negativa de Pascual Antonio
erkintzala gezur zuri                         que le saque mentira blanca (falsedad)

                                                                                  (San Martin 1966: 378)

Hemen badira hain ongi ulertzen ez diren hiru gauza, hirurak azken bi lerroetan: eztieusa, erkintzala eta gezur zuri. Aldizkariaren ale berean Mitxelenak (1966) beste itzulpen bat proposatzen du azken bi lerroetarako eta, San Martinek (1976) —Mitxelenaren zuzenketak onartuz— beranduagoko lan batean, honelaxe zuzendu zuen bere lehen itzulpena:

Paskolantonion ez dieusa,              El inútil de Pascual Antonio
Erkintzala gezur-txuri                      me ha salido falso.

                                   (San Martin 1976: 8, Mitxelenaren zuzenketak onartuz)

OEH-k eztieus hitzerako (s.v. ezdeus) ‘negativa, rechazo’ esanahia ematen du, Izabako jota honetan oinarrituta. Iturri bezala, Mariano Estornés Lasaren Oro del Ezka eleberria ematen du Orotarikoak; baina Estornesén liburuan aurkitzen dugun bertsioa apur bat desberdina da:

Paskual Antonio enez dieusa         Paskual Antonio ya no te quiero,
Erkin zitan gezur xuri                       porque me has salido falso
Si quieres comer tomate
En mi huerta hay baratxuri

                                                                    (Estornés Lasa 1958: 268)

Badirudi, beraz, OEH-ko sarreraren benetako iturria ez dela Estornés (1958), San Martin (1966) baizik. Edozein kasutan, Mitxelenaren (eta San Martinen 1976ko) irakurketa zuzena bada, OEH-ko eztieus hitzaren itzulpena ez da zuzena (beste adibiderik ez badago). Iruditzen zait Mitxelenak arrazoia duela. Kopla honetan, Mitxelenak esaten duenez, badirudi eztieusa ez dela ‘negativa, rechazo’ baizik eta ‘ezer eza; ezer balio ez duena’: Paskalantonion eztieusa = ‘el inútil/nada de Paskal-Antonio’. Modu honetan interpretatuta (eta ez ‘ezetza’ bezala), jotaren bigarren kopla elebiduna ere hobeki ulertzen da:

Paskolantonion ez dieusa               El inútil de Pascual Antonio
eltu dun ire bortára.                          ha llegado a tu puerta
Mecauen tu descendencia,
Grandísima descarada                                (San Martin 1976)

Hau da: ‘Paskal-Antonio funsgabea hire atera zatorren’.

Bestalde, lehen koplaren azken lerroa dela-ta, beharbada San Martinen hasierako irakurketa zuzenagoa da. Litekeena da erkintzala ez dela ‘erkin zaidala’, baizik eta ‘erkin dezala, atera dezala’, koplaren transmisioan eztieusak ergatiboa galdu duelarik. Ziur asko Mitxelenak Estornések ematen duen beste bertsioa (erkin zitan) zuen buruan, ‘me ha salido’ proposatzeko.

Azkenik, gezur zuri dugu. San Martinen lehen itzulpenean, ‘falsedad’ da, izen bat; bigarrenean, aldiz, adjektibo bat, ‘falso’. Hiztegi Batuak honakoa dakar: gezur-zuri izond. g[utxi] er[abilia] ‘faltsua’. Entzun dudan 1958ko grabaketa batean, Jacques Allières-ek galdetuta (‘zer da gezur zuri?’), gure koplaren bertsio bat kantatu berri zuen emakumeak honelaxe erantzun zion euskalari frantziarrari: ‘mentira blanca’. Ez oso argigarria. OEHan aipu hauxe aurkitzen dugu: “Zer da zurikeria? Beti sinistu nai genduken gezur polit bat”. (ArgEgut [Pierre d’Argaignarats, Argia’ren Egutegia] 1934:195). Bide batez, ingelesez ere ‘gezur zuria’ (a white lie) gezur ttikia da, kalterik egiten ez duena edo inori kalterik ez egiteko esaten dena. Gutti gora behera, zentzu honekin erabili nahi dut hemen.

Gure jota sortu zuen koblalari anonimoa aspalditik joan zitzaigunez mundu honetatik eta garai eta leku horretako testuinguru kulturalari buruz behar bezainbeste informazioa ez dugunez (beste gauzen artean bertako uskara galdu delako), ez dago biderik ziurtasun osoz jakiteko koplaren interpretazio zuzena zein den.

Dena den, testu bat ahozko tradizioaren bidez hedatzen denean, interpretazio bat baino gehiago izan dezakegu; baita kontrako interpretazioak ere. Honelakoetan ez dago hain garbi inork erabaki dezakeen interpretazio zuzena zein den. Hiztun bakoitzak bere interpretazioa egin dezake eta egiten du. Interpretazio desberdinak izan ditzakegu, inork gezur zuririk esan gabe.

Blog honetan Iratxe Goikoetxeak “bola dabilen artean ez dago txorrarik” errefraua azaldu ondoren, esaten digu, testu-azpiko ohar batean, Gotzon Garatek “dabillen bolie, ondo dabil txorra eiñ arte” atsotitza jasotzen duela eta gaztelaniazko baliokide bezala beste hau ematen duela: “piedra movediza no coge musgo”. Beharbada baliokideak dira, edo beharbada ez; edo bai eta ez. Kontua da bigarren esaera honen esanahiaz ez dagoela adostasunik. Dabilen bola, ondo dabil, bai, esaerak esaten duenez, baina dabilen harria? ondo ala gaizki dabil?

Atsotitzaren interpretazio batean, goroldioa gauza itsusia da. Beraz, gauza ona da mugitzea, goroldiorik ez atxikitzeko, ez herdoiltzeko: Mugi zaitez! Honela interpretatzen du Axularrek (Gero, II. kap: 24; 38 or.):

Dabilan harriari etzaikan goroldiorik lotzen. Ur irakinean eztu uliak pausatzen. Ardurako arropari, etzaika zerrenik egiten. Zuhaitz bethakorra, eztu nehork ebakitzen. Baina alferra, fauna, hutsa, bere sasoinean jasaiten eztuena, zertako da?

Aldiz, Urkixok erakutsi bezala, kontrako interpretazioa ematen zaio atsotitzari RS errefrau bilduman:

Arri ebil okiak oroldiorik ez, erle uzatuak abaarik ez
No tiene moho la piedra movediza ni haze panal la aveja espantadiza.

Goroldioa, beraz, aberastasuna da, interpretazio honetan, ondasunak. Asko mugitzen bazara, maiz aldatzen bazara lekuz, ez zara sekula aberastuko: Ez zaitez mugi!

Nork du arrazoia, Axularrek ala RS liburuaren autore anonimoak? Badirudi jatorrizko esanahia (latinez) RS liburukoa dela: ez mugi, ipin erroak zauden lekuan! Baina errefraua bizirik dagoenez, euskaraz eta Europako beste hizkuntza askotan, jatorrizko esanahia ez da nahitaez orain duena. Nori galdetu? Era demokratiko batean erabaki al daiteke auzi hau? jendeari galdetuz? Hau da B. Kirshenbatt-Gimblett-ek (1973) egin zuena. Ingelesez esaera zahar hau oso ezaguna da, eta beti modu berean esaten da gaur egun: “A rolling stone gathers no moss”. Kirshenbatt-Gimblettek, bere Texasko ikasleei galdetuz, aurkitu zuen bakoitzak bere filosofiaren eta ideien arabera interpretatzen duela. Are gehiago, modu batean interpretatzen duenak gehienetan ez daki beste interpretaziorik posible denik. Hau da, atsotitzak erabiltzen ditugu gure ideiak eta aurreiritziak baieztatzeko.

Badirudi Bob Dylan-entzat dabilen harriaren izaera ez dela guztiz positiboa: “how does it feel, to be without a home, like a complete unknown, like a rolling stone?” Goroldiorik ez edukitzea etxerik gabeko ezezagun bat izatea da Dylanek atsotitzaren egiten duen irakurketan. Hala ere, The Rolling Stones musika taldeak eta Rolling Stone aldizkariak izen hau hartu badute, modu positiboan interpretatu bide dute atsotitza, Axularrek bezala. Ziur asko, Ruper Ordorikarentzat ere ona da dabilen harria izatea edo nahi izatea. Zer esan nahi du, bada, dabilen harriari buruzko atsotitzak? Zeuk erabaki, gezur zuririk esateko beldurrik gabe. Tipula erosi nahi baduzu, ene baratzean baratxuri.

Aipamenak

Estornés Lasa, Mariano (1958) Oro del Ezka. Zarautz: Icharopena (Auñamendi saila, 1)

Kirshenbatt-Gimblett, Barbara (1973). “Toward a theory of proverb meaning”. Proverbium 22: 821-827.

Mitxelena, Koldo (1966) “Acotaciones de un lector”. BRSVAP 22: 260-263

San Martin, Juan (1966). “Fragmentos de canciones populares roncalesas”. BRSVAP 22: 375-388.

San Martin, Juan (1976) “Fragmentos de canciones del uskára roncalés”. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 8. urte, 22: 5-20.

Urquijo e Ibarra, Julio de (1911–1933). “Los Refranes y Sentencias de 1596: Estudio comparativo”. Revista Internacional de Estudios Vascos, 5-24, zatika argitaratuta.