Kultur, literatur, natur…

Martin Rezola Clemente

Duela zenbait urte, Berria egunkariak modu bitxi batez eman zuen Donostia 2016ko kultur hiriburu izendatzeari buruzko albistea. Bitxia diot, testu berean lau modutan agertzen zelako artikuluaren mamia: kultur hiriburua, kultura-hiriburua, kultura hiriburua eta hiriburu kulturala. Halako aukeraren maukera gehiegizkoa ez ote zen hizpide erabili genuen lankide batzuen artean, eta batek hala esan zuen: «Erne Donostiarekin aurrerantzean. Berak emango ahal digu tradiziotxo bat markatzeko aukera!».

Gauza jakina da Euskaltzaindiak aukeran utzi zuela elkarketan –a organikoa galtzea edo ez galtzea, -ia amaierako hitzetan eta beste sei hauetan: kultura, natura, literatura, hizkuntza, eliza eta burdina. Eta aukera hori zabalik utzi bazuen, pentsatzekoa da Euskaltzaindia gerora begira jarri zela nolabait, erabilerak argitu eta finkatuko zuelakoan horien arteko formarik gomendagarriena.

Hasieran aipaturiko prentsako artikulu hartatik sei urte igaro direnean, eta Donostiakoa begi aurrean dugun honetan, uste dut balorazio eta gogoeta txukun bat —edo ez hain txukuna— egiteko moduan gaudela. Niri hauxe atera zait:

Bat. Hiztegi arau-emaileetan, hiztegi terminologikoetan eta, nolabait esanda, erabilera formala duten inguramenduetan, argiro nagusitzen dira -a organikoari atxikitzen dioten elkarketak (marra eta guzti idatzita), sei horietatik lehenengo hiruretan, gutxienez (kultura, literatura eta natura).

Bi. Eguneroko erabilera apalagoan, ordea, prentsan, irratian… -a organikoa galtzen duten elkarketak gailentzen dira, alde handiz gainera. Ematen du kultura(-)eragile ez zaigula «ateratzen», eta askoz ere ohikoagoa da kultur eragile irakurtzea eta entzutea. Zalantza egiten duenak hortxe ditu eskura corpusak eta Interneteko bilatzaileak, konparatzeko: natura(-)zientziak / natur zientziak; literatura(-)kritika / literatur kritika; kultura(-)etxea / kultur etxea…

Hiru. Espontaneismoa gidaririk onena ez den arren, uste dut joera arau-emaileari ez ikusiarena eginez dabilen irizpide horrek baduela bere funtsa. Niri neuri, forma laburrak abantailatsuak iruditzen zaizkit. Gramatika kontuetan aditua ez naizenez gero, adibide pare batez baliatuko naiz zer esan nahi dudan azaltzeko. Zer dago, esaterako, idazpuru hauen azpian? (benetakoak dira):

  • Kultura politikaren oinarria
  • Kultura kontsentsua eta dudak

Beste adibide korapilatsuago bat. Zer dio esaldi honek?:

  • «Hizkuntza komunitatea kultura politika baterako unibertsotzat hartzea izendatu gabeko tabu txiki bat izan da hemen»

Lau. Baten batek esango du kasu ilunetan marrak laguntzen duela elkarketa antzematen, baina ahozkoan marrak «ikusezin» direnez, aukera horrek arazoaren erdia baino ez liguke konponduko. (Bide batez, elkarketa laburraren alde esango nuke gainetik kenduko genukeela marra bai / marra ez marrazaleen eta marrafoboen arteko gerra.)

Bost eta fini. Nire kezka da bi bideon arteko lubakia ez al den gero eta zabalagoa egingo. Orain corpusen eta araugintza terminologikoaren artean dagoen arrakala fin hori ez al den, denborarekin, sakan sakon bilakatuko. Edo, galdera zuzen eginda: Euskaltzaindiak elkarketarako hiru aukerak ontzat ematen baditu, eta erabilerak -a organikorik gabeko formak sendesten baditu, zergatik ari dira hiztegietan kultura-mugimendu gisako formak bakarrik proposatzen?

Azkenondoko. Kultura, natura eta literatura lehen osagai duten hitz elkartuei begira esandakoa berdin-berdin errepikatuko nuke hizkuntza / hizkuntz kasuan ere (eta burdina eta eliza hitzekin ere bai), baina ez naiz ausartzen, ez baitakit horretan corpusak-eta guztiz nire alde ditudan. (Hitzok idazten ari nintzela, Irten hizkuntzaren armairutik liburua etorri zait eskuetara, eta hor bai, hizkuntz lehenetsi dute Emun-ekoek[i].)

Azkenondo bis. Izenondo erreferentzial deiturikoez (hiriburu kulturala) ez dut ezer esan. Horiei ere tokia egitea behar-beharrezkoa iruditzen zait, jakina, batez ere testu teknikoetan.

________

[i] hizkuntz kontu (2 aldiz), hizkuntz kontzientzia (2), hizkuntz erabilera (2), hizkuntz portaera (7), hizkuntz pribilegioak (1), hizkuntz gaitasuna (1), hizkuntz akats (1), hizkuntz jarrera (4), hizkuntz izaera (1), hizkuntz konbergentzia (1), hizkuntz aukerak (1), hizkuntz eskubideak (2), hizkuntz dinamizatzailea (1), hizkuntz paisaia (1), hizkuntz ordezkapena, hizkuntz ohiturak (6), hizkuntz mendekotasuna (4), hizkuntz aldaketa (1), hizkuntz anormalizazioa (1), hizkuntz jokabidea (1), hizkuntz nagusikeria (1), hizkuntz sumisioa (1), hizkuntz asertibotasuna (1).

hizkuntza kontuak (2), hizkuntza portaera (5), hizkuntza nagusikeria (1), hizkuntza arazo (1), hizkuntza asertibitatea (1).