Zergatik esaten dute «el aita» baina ez «la alaba»?

Iñaki Segurola

Esan genezake, Hegoaldean behintzat, gehiengo batek esaten dituela aspalditxotik holakoak erdaraz mintzatzean. Eta, alde batera, normala da: euskara izugarri maite du jendeak, ahaide hurbilekoenak ere asko maite ditugu, eta orduan, bi maitasun horiek bat egiten dutelarik, erdaraz jardunda ere hitz horiek euskaraz esatea da egoki eta bidezkoena.

Gure moduko hondar-jendeak –herri erdi-euskaldunetakoak, esan nahi nuke– ez du hola mintzatzeko ohiturarik sekula izan, baina jabetzen gara erakutsi-behar batek daramatzala gure hurkoak erdarazko jarduna euskarazko edergarriz jaztera, eta erakutsi beharreko hori da, nere ustez, euskaldun direla izatez, zeren mundu zabaleko erdaldun huts puruek ez baitute beren hizketarik holako hitzez apaintzen.

Baina gatozen tituluko galderara, eta egin dezagun galde zergatik dioten gure hurko euskoerdaldunek el aita, la ama, el aitite/aitona/aitatxi[1], la izeba/izeko, baina ez el seme, la alaba, el/la iloba/loba eta abar. Goragokoak izendatzeko erabiltzen ote dituzte euskarazko hitzak? Zeren beti baitira graduz goragoko ahaideak izen horiekin izendatzen direnak. Parekoak edo hein berekoak ere ez dituzte euskal hitzez adierazten: oso oker ez banago, ez dute esaten la arreba, el lehengusu eta holakorik (eta ezta, ezkontzazko loturei gagozkiela, el senar edo antzekorik ere).

Badute beste ezaugarri bat «goragoko» ahaidetasun izen horiek, eta da eskuarki artikulurik gabe erabiltzen direla euskaraz: aitatxi etorri da baina semea joan da. Eta zer gertatzen da -a berezkoa dutenekin? Ba, besteak beste, -a + –a > –ea egiten duten hizkerei esker dakigu artikulurik gabe erabiltzen ditugula horiek gehienbat: aita/amama etorri da, eta ez *aitea/*amamea, baina bai, adibidez, alabea[2].

Zenbaitek uste izan du hitz horiek «izen propio gisa» erabiltzen direla, eta, beraz, artikulurik gabe. Gauza bertsua gertatuko litzateke errege eta beste hitz batzuekin[3]. Izen propioen gisako erabilera horri lagundu egiten omen dio, gainera, «erreferentzia bakarreko» izateak. Biak dira okerreko baieztapenak: batetik, amaren, aitaren edo erregearen izen propioa ama, aita edo errege izatea duda egin liteke ezinkizuna den, absurdoa den edo biak batera den[4]; bestetik, horietako batere ez da «erreferentzia bakarrekoa»: munduan ama, aita edo errege asko dira, denok dakigunez, eta gehienez ere esan daitekeena da norberak dituela ama, aita edo errege bakarra, baina hori bera gertatzen da bihotz, jaioterri, senar eta beste ezin konta ahalekin, eta inork ez du esan oraindik horiek erreferentzia bakarrekoak direnik. Eguzki, ilargi, jainko edo itsaso-k erreferentzia bakarrekoak izateko tankera gehitxoago dute, baina, euskaraz adibidez, laurak erabil daitezke artikuluarekin. Bi ondoriotxo behin-behineko: aurrenik, jakintza psiko-sozio-semiotikoek hizkuntzalaritzatik gauzak oker hartzen dituzten bezala, hizkuntzalaritzak ere badakiela logikaren barruti eta aldirietatik gauzak okerreko bidetik hartzen eta ulertzen; bigarrenik, oso gauza dudakoa dela hizkuntzako hitzen erabilera eta joskeretan ba ote duen inongo eraginik hitz horien errealitateko adierazkizunak zenbat izan daitezkeen.

Aita, amatxi edo errege ez dira izen propioak sekula, eta ez dira erreferentzia bakarreko hitzak. Beste zerbaitek batu behar ditu, inondik ere, eta zerbait hori da, nere ustez, ez direla beren izenez –izen propioz– deitzen diren gizakien izenak; zehazkiago esanda: aitatzat, amatxitzat edo erregetzat dituztenek, hots, seme-alaba, iloba edo azpikoek ez dituztela eskuarki beren izen propioz izendatzen eta are gutxiago zuzenean deitzen. Beren izenez ez: beren izanez izendatzen eta deitzen dira nagusiki; izaera, titulu, gradu edo aginpidea hartzen da aintzakotzat (ama izatea, errege izatea…), eta deiki moduan edo izen propioaren aurretik titulu moduan (errege Karlos, amatxi Kattalin[5]) maizenik erabili izanak erantsi bide die artikulurik gabe erabiliak izateko usadioa.

Eta hala eta guztiz ere, gehienbat artikulu eta guzti erabiltzen dira hitz horiek hemengo erdaran[6], baina, tituluko galderaren erantzuna osatuz, beren izenez ez baina eskuarki beren izanez deitzen diren horiexek dira euskaratik erdarazko jardun euskojatorrera iragan direnak; eta horregatik dira izan-titulu-gradu-aginpidean gehiago edo goragokoak direnak betiere. Eta aitatu beharra dago, esandakoaren lagungarri, hala izendatzen eta deitzen den norberaren hori dela maizenik euskal izenez izendatzen dena, oso oker ez banago; hots, errazago esaten dela ha dicho la amá, ezen ez ha venido su amá, edo hay reunión de amás baino, eta, zer esanik ez, la amá del cordero edo de puta amá baino.

Euskoerdaldunen erabilera honi buruz esan beharra daukat, azkenik, entzunaren poderioz jarriak ditugula belarriak esan-modu horietara. Oraindik ohitu ez garena da los aitas eta holakoak aditzera, baina iruditzen zait homosexualen arteko ezkontzaren zabalkundeak lagunduko digula horiek ere irensten.

___

[1] Gurasoen gurasoak izendatzerakoan kontuan hartzen da izendatuaren nongotasuna. Konparazio batera, aitaren edo amaren ama azpeitiarra baldin bada la amama izango da iloba donostiar euskoerdaldunarentzat, baina inguru hartakoa bertakoa bada la amona izango da, eta kastillana purua bada, berriz, abuela/yaya.

[2] Azpeiti-Azkoitiko kasua hein bat anomaloa da: mug. semie baina alaba, ez *alabie (eta ezta *arrebie, *aizpie edo *illobie ere, mendebalderago bezala). Litekeena da ama edo amama-rekiko analogia moduren bat egotea -a bukaera duten ahaidetasun izen horietan.

[3] Oraindik ere badira, nonbaiteko minez daudelarik, honako esaldi hau botatzen dutenak: min hau erregek baleuka! Ez naiz aditu zaharra.

[4] Bestela esanda: izen propioaren izaerarik ezin izan lezake bere esanahi arruntarekin erabiltzen den hitz batek. Bestelago: izen propioa esanahirik edo adierazkizunik gabe erabiltzen da, seinalagarri huts moduan; Argia izen propioa izan daiteke (Oihenarten olerkietako maite batena, adibidez), eta hitzak badu «berez» esanahi bat, baina izen propio moduan erabili izanak erauzi bezala egiten dio esanahi edo adierazkizuna.

[5] Gurasoen aita-ama edo anai-arrebak izendatzeko dira ohizkoenak holako egiturak, baina aita Patxi edo ama Karmen modukoak ere erabiliak izan dira eta gaur egunean ere entzun daitezke (nahiz gehienei erlijiozko zentzu bat ekarriko dien gogora halabeharrez). Hein berekoak edo beheragokoak (senide, lehengusu, seme-alaba, iloba) izendatzeko ez da holako egiturarik erabiltzen, jakina, edo ez behintzat goragokoekin bezain modu naturalean.

[6] Araban eta Bizkaian áma ha venido modukoak aski zabalduak daude: artikulurik gabe eta, bidenabar esanda, beste azentu modu batekin.

4 Replies to “Zergatik esaten dute «el aita» baina ez «la alaba»?”

  1. Zergatik esaten duten “el aita” baina ez “el alaba” galdetzen dio bere buruari gure Zegurolak. Eta, beti bezala, erantzun sasi-filologiko poetiko bat ematen digu katedratiko urgazleak (euskaltzainei ura gazitzen dienak edo), baina ihes eta iskin egiten dio arrapostu logikoenari eta zentzuzkoenari: zergatik esaten duten “el aita” eta ez “el alaba”, bada, horrelakoak batik bat umeek esaten dituztelako eta umeek[1] eskuarki ez dutelako seme-alabarik izaten; izatekotan, aitona-amonak izaten dituzte, eta, hain zuzen ere, horregatik egiten dira haiei buruzko aipamenak ere euskañolez (“la amona”, eta abar).

    [1] Umeek edo ume horien guraso eta bestelako ahaideek. Haurrik gabeko testuinguruetan nekez entzungo duzu horrelako familia-aipamenik.

    Atsegin dut

  2. Gabon, Iñaki,
    Iruñean behintzat, el aita, la ama, la amatxi, el aitatxi eta gisakoak oso arruntak izan dira euskararekiko atxikimendu askorik ez zutenen artean ere, halakoei holakoak gero eta urriago entzuten dizkiegun arren. Nire ustez, ez zen/da (soilik) euskararekiko maitasuna agerrarazi nahi zena/dena hor, baizik eta nork bere familiarekiko/genealogiarekiko lotura nolabaiteko bat (eta, bide batez, nafar eskualde jakin batzuekikoa); izan ere, Iruñeko jende aunitzen familia gaur egun erdaldun petoetan, gibelerat hasiz gero, ez da oso atzera joan behar arbaso euskaldunengana iristeko.

    Atsegin dut

    1. Bai, Itziar: arrazoi eta egoera desberdinak daude hah-hemenka holako hitzen erabilera azaltzeko, baina nik harrotu nahi nuen puntua zen zergatik esan lezakeen pertsona batek hagitz naturalki “ésta es mi ama”, baina ez “yo soy su alaba”, eta zerikusirik ba ote duen horrek euskarazko zenbait erabil-modurekin. Ez dakit deus argitu dudan; ez da errex-errexa ere.

      Atsegin dut

  3. Oso interesgarria iruditzen zait gaia, baina nik ere uste dut ohitura kontua dela. Guk gure etxeko nagusiei: aita, ama, amama eta aitita esan diegu eta seme-alabei edo lobei ez zaie deitu: semea, alaba…ez baitago horrelako ohiturarik. Espainiako hainbat lekutan gurasoek seme-alabei: hijo, hijo mío edo hija,esango die baina hemen ez dut uste semea edo alaba esaten izan dienik eta gaur egun, behintzat, izenez deitzen diegu eta niri neuri eta ingurukoei ere bai izenez deitu izan digute beti. Eta ez naiz atzo goizean jaioa!

    Atsegin dut

Utzi iruzkina